144. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

574E/2022 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen-eraginaren adierazpena ematen duena proiektu honetarako: Cabanillaseko udal-mugartean oilasko ustiategia 37.600 plazatik 112.800 plazara handitzeko proiektua. Chicken Rodri SL da haren sustatzailea.

Proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean [1. taldeko a) 2 epigrafean] sartzen direnetakoa da. Beraz, aipatu xedapenean ezarritakoarekin bat, ingurumen-eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Bidenabar, proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2B eranskinaren 9.1b) epigrafean sartuta dago, Ingurumen baimen integratuaren eta ingurumen-eraginaren ebaluazioaren menpe dauden jardueren artean (dekretu horren bidez Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zen). Beraz, erregelamenduan xedatutakoaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioa behar du.

2019ko maiatzaren 25ean, sustatzaileak ingurumeneko baimen bateratuaren eskaera aurkeztu zuen, eta eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera, ingurumen-eraginaren azterlana aurkeztu zuen, ingurumen-baimen integratua lortzeko eta ingurumen-eraginaren ebaluazioa izapidetzen hasteko, abenduaren 28ko 93/2006 Legearen 11. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. 2018ko uztailaren 31n eta abuztuaren 7an (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 147. zk., eta Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 152. zk., hutsen zuzenketa), Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ingurumen-eraginaren azterlana egin zuen, ingurumen-baimen integratua eskatzeko dokumentazioarekin batera, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei jendaurrean jartzeko eta kontsultatzeko izapidearen barruan.

Ukitutako administrazio publiko gisa, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Animalien Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Kultura Zuzendaritza Nagusia-IPV) eta Cabanillaseko Udalari. Aldi horretan, Ingurumen Eraginaren Atalaren, Lurralde Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren, Animalien Ekoizpenaren Atalaren eta Cabanillaseko Udalaren alegazioak eta txostenak jaso dira.

Bidenabar, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni, eta ez da haien erantzunik jaso. Informazio publikoaren inguruko kontsulta-izapidean eman diren erantzunen laburpena ebazpen honen II. eranskinean bildu da.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, ordezko organo gisa, espedientea igorri zuen, espedientearen azterketa teknikoa egiteko eta ingurumen-eraginaren adierazpena egin zedin, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 19. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2019ko azaroaren 29an, titularrak dokumentazio gehigarria aurkeztu zuen errekerimenduaren erantzunean, eta informazio berria eman zuen instalazioaren eraikuntza- eta urbanizazio-soluzioaren xehetasunei buruz, baita bertan dauden eta aurreikusitako zerbitzuen zuzkidurari buruz ere.

Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen-eraginaren ebaluazioa.

Instalazio horren deskribapena txosten honen I. eranskinean laburbiltzen da, eta terraza batean dago, Cabanillas herritik 1.250 metro ipar-mendebaldera, Bardearen mailaren eta Ebroko lautada alubialaren arteko erliebe batean. Terrazak ezponda sendoa du, pinudi batek okupatzen duena.

Proiektatutako handitzearen xede den lautada bankalez bereizitako ureztatze-tauletan egituratuta dago (% 0,5eko luzetarako malda txikia du ekialde-mendebalde norabidean); horrela, nabeak mailakatuta jarriko dira, eta nabe sortu berrien artean bi zati utziko dira, eta horiei landareztatze-tratamendua eginen zaie.

Balio berezi gisa, terrazako ezponda osoan zehar zabaltzen den pinudia nabarmentzen da azterketan. Proiektuak okupatu gabeko zerrenda bat utziko du ezpondaren gainaldean, pinudiaren babesa errazteko, korridore biologiko eta paisaia-pantaila gisa duen eginkizuna indartze aldera, ibai-sakonunerantz eta NA-126 Tutera-Tauste errepiderantz. Beste elementu aipagarria Sacaculos sakana da. Harantz, planoa mailaka jaisten da zenbait ureztatze-taulatan. Sakanean habitat naturalak daude, eta Bardeara sartzeko korridore gisa funtzionatzen du, ureztatze tradizionala eta Cabanillas industrialderako lurzoru-erreserba bereizita.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak, III. eranskinean laburbiltzen denak, balio garrantzitsutzat jotzen ditu estepaz azpiko habitatei lotutako landaredia eta fauna, zeinak presenta baitaude ezpondetan, urtaroko ibilguen hondoetan eta Bardeako lautadaren eta Ebro ibaiaren lautada alubialaren bitarteko ebakietan. Instalazioa Errege Bardeako kontserbazio bereziko eremutik (ES2200037 KBE) 1250 metro pasatxora dago, Bardeako habitaten eta erregimen klimatikoaren eraginpean. Ebro Ibaia kontserbazio bereziko eremuko (ES220004 KBE) ibai-habitaten garrantzia ere azpimarratzen da, batez ere bi eremuetako ekotonoaz baliatzen diren hegaztien erabilera potentzialagatik. Anfibioen eta narrastien multzoa ere nabarmentzen da, baita harrapariena eta estepako hegaztiena ere, kontuan hartuta instalazioa Nafarroako Estepako Hegazti-faunaren kontserbaziorako interes eremutik (AICAENA) gertu dagoela, hots, Cabanillas mendia hurbil (garrantzi handia).

Faunari eragindako kalteei dagokienez, adierazi behar da ustiategia hegoaldetik eta mendebaldetik inguratzen duen pinudiaren presentziak, hegoaldean abeltzaintza-gune batetik hurbil egoteak eta ustiategia Tausteko kanaleko ureztatze-eremu tradizionalaren barruan kokatzeak murriztu egiten dutela habitatak AICAENAko estepako hegaztientzako egokia izateko duen gaitasuna, azalera zabalak eta garbiak lehenetsita.

Espedientearen ingurumen-ebaluazioan, kontuan hartu da, kokalekuaren iparraldean, Cabanillas II parke eolikoko hainbat haize-sorgailu instalatu direla duela gutxi, eta hurbilen dauden fusteak instalaziotik 1.110 eta 860 metrora daudela.

Era berean, kontuan hartu behar da instalazioaren tamaina adierazgarria; izan ere, 1,7 ha-tik gorako azalera baten gainean zabalduko da. Azalera horretatik 0,79 ha estalki eta azalera iragazgaiztuak izanen dira, horien hirigune hurbilena (250 metro inguru) industrialde bateko lurzorua erreserbatzea da.

Uren kalitatean izan dezakeen eraginari eta habitat naturaletan zeharka izan dezakeen eraginari dagokionez, simaurrak kudeatzen ditu ustiategiak; Cabanillas E-cogeneración hondakinen kudeatzaileari ematen dio, digestio anaerobikoa eta nekazaritza-banaketaren bidezko balorizazio materiala egin dezan, Errege Bardeetako banaketa-eremua eta Ebro ibaiaren alubialaren ureztatze-eremua kontuan hartuta. Ildo horretan, ebaluazioan kontuan hartu da Ebroko Konfederazio Hidrografikoak abeltzaintzako garapen intentsiboak baimentzeko eta simaurrak eremu kalteberetan banatzeko arazoari buruz egindako txostena, 2021eko abuztuaren 2koa.

Ingurumen-inpaktuaren azterketa eta txosten hau berrikusita, baliabideen kontsumoari eta usainen sorreraren eta airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrolari lotutako ondorioez gain –ingurumen-baimen integratuaren espedientean ebaluatzen dira alderdi horiek–, honako hauek dira kontuan izan beharreko ingurumen-alderdiak: faunaren eta habitat naturalen gaineko eragina, eta paisaiaren eraldaketa.

Espedientearen ingurumen-eraginaren azterketa teknikoaren ondoren (bertan ebaluatu dira proiektuaren ingurumen ondorioak), jakinarazi da ingurumen-eragina ebaluatzeko prozedura zuzen gauzatu dela eta obrek ez dutela inpaktu larririk sortuko ingurumenean, Ezta Natura 2000 Sarean ere, behin ingurumen-eraginaren azterketako neurri zuzentzaileak eta ebaluaziotik eratortzen diren neurri osagarriak aplikatu ondoren.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren aldeko adierazpena egitea proiektu honetarako: Cabanillaseko udal-mugartean oilasko ustiategia 37.600 plazatik 112.800 plazara handitzeko proiektua, Chicken Rodri SL enpresak sustatutakoa.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, baita honako baldintza hauek betez ere:

Ingurumenaren babesa.

–Errepideetako korridoretik instalazioaren paisaia-pantaila gisa funtzionatzen duen mendebaldeko ezpondaren ertzean dagoen landarediari eragitea saihestuko da. Horretarako, gaur egun baso-erabilera duten eremuko azpipartzelei beren horretan eutsi beharko zaie, zuhaiztia izan ala ez.

–Horrez gain, gutxienez 4 metroko banda bat utziko da jarduerarik gabe ezpondaren gailurrean, eta jatorrizko lurzoruarekin mantenduko da, hesia atzeraemanez eta lurzorua birjarriz, eraikitako zabalgunearen ondorioak jasan baditu, landareztatzeari euste eta/edo ahalbidetze aldera.

–Ustiapena maneiatzeko sisteman, eta bereziki garbitasunari, elikadurari eta abere hilen kudeaketari dagokienez, aukeren bila dabiltzan animaliak (hegaztiak, karraskariak, azeriak…) ugaritzea saihestuko da, inguruetako basa hegaztiak harrapatzen aritu baitaitezke. Horrela, animalien hondarrak edo elikagaiak behar bezala estali gabe egotea saihestuko da. Hildako animalien biltegiratzea hilotzentzako edukiontzi espezifikoetan eginen da, estalki itxietan edo bestelako gailu baliokideak erabiliz.

–Kargatzeko eta deskargatzeko eragiketetarako ezinbestekoa den denboran baino ez da egonen piztuta kanpoko argiteria.

–Ustiategiaren ingurumen-integrazioa errazteko, zuhaixka-landaketa eginen da taldetan. Horretarako, tarayal-espezieak proposatzen dira (Tamarix gallica edo T. canariensis), eta bidera edo eremuaren hegoaldera begira dagoen partzelaren ertzeko talde batean edo gehiagotan ureztatu eginen da, haztea errazteko.

–Era berean, nabeen artean aurreikusitako eremuei landareztatze-tratamendua emanen zaie. Alde bat edo biren tratamendua nahikotzat jotzen da ustiategia lurzatiaren morfologian integratzeko.

–Handitzearen zerbitzuan jartzeko, Administrazioak onartu eta onetsi egin beharko du hondakinak E-Cogeneración Cabanillas hondakin-kudeatzailearen lurralde plana, proiektuak hondakinak hari entregatzea aurreikusi baitu, eta abeltegietako minden, digestatoaren eta/edo simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokolora eguneratu beharko da.

–Titularrak irtenbide alternatibo bat hartzen badu (hau da, hondakinak kudeatzaileari ematen ez badizkio), eta, horren ondorioz, simaurra edo animalia-gorozkietatik eraldatutako beste produktu batzuk nekazaritzako lurzatiak ongarritzeko banatzeak horien balio materiala handitzen badu, partzela hartzaileak gune babestu baten barruan badaude, edo Estepako Hegaztientzako Intereseko Eremu baten barruan (AICAENA), abeltegietako minden, digestatoaren eta/edo simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa bete beharko da, zeina ebazpen honen eranskinean jasota baitago.

–Era berean, banaketa nitratoek kutsa dezaketen gune batean ezartzen bada, “2. gunea: Ebro - Aragoi” (Sektorea: 9105220; Ebroren alubiala: Tutera-Alagon [goi-gunea]), jarduketa-programan aurreikusitako neurriez gain, honako hauek hartu beharko dira kontuan eremu kaltebera horretarako:

  • Banaketa-dosia ezartzerakoan (hektareako nitrogeno kg), bermatu eginen da gehiegizko nitrogenoaren gehieneko balioak bateragarriak izanen direla nekazaritza-jatorriko nitratoak kutsatzeagatik arriskuan dauden ur-masak berreskuratzearekin. Balioak Ebroko mugape hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren 14. gehigarrian jasota daude (2021-2027), baita jarraian adierazita ere:

SEKTOREA

GEHIEGIZKO NITROGENOA, LEHENGORATZEAREKIN BATERAGARRIA DENA (kg ha/urtean)

Ureztalurrak

Lehorreko lurrak

Belarkarak

Zurkarak

Belarkarak

Zurkarak

9105220

EBROREN ALUBIALA: TUTERA - ALAGON (goi-gunea)

24

15

8

7

Obrak egitean hartu beharreko neurriak.

–Obrak hasten direnean, landare-lurra aterako da (lurzoruaren azaleko geruza emankorra) lurraren iraultzeak eragindako azaleretan, eta bereiz pilatuko da, gerora lanek eragindako azaleren lehengoratzean erabiltzeko.

–Itxitura gainditzen duen zabalgunearen gainazaleko legarrak kendu eta lurra lehengoratu beharko da, landare-lurra emanez eta birprofilatuz, terrazaren gainaldean moteltze-eremu eta lotura-zerrenda funtzioa bete dezan.

–Zabalguneko soberako hondeaketa-lurrak, landare-lurrak ez direnak, baita gainerako materialak eta obra hondarrak ere, hondakinen kudeatzaile baimendu baten esku utziko dira, haien izaeraren arabera.

Landare lurra lanek ukitutako zonak eta ezpondak lehengoratzeko erabiliko da lehentasunez; soberakinak egonez gero, lurzatiaren azalera produktiboaren gainerako zatietan hedatzen ahalko dira, landarediari eta drainatze naturalari eragin gabe eta bertan eten topografikorik sortu gabe.

Jardueraren gaineko ingurumen zaintza.

–Instalazioaren aldaketa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu titularrak:

  • Laburpen bat, memoria eta dokumentu grafikoak bilduko dituena, frogatzeko gauzatu direla proiektu osorako (gauzatutako zatia eta handitzeko baimendutako zatia) aurreikusitako landaketak.
  • Fauna nekrofagoa gorpuak biltegiratzen eta kudeatzen diren eremura ez sartzeko hartutako neurriari buruzko azalpena, memoria eta dokumentazio grafiko eta guzti.

3. Ingurumen eraginaren ebaluazioko baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta Tuterako mugapeko Ingurumena Zaintzeko Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

2. poligonoko 1.298 partzelan oilasko ustiategia 37.600 plazatik 112.800 plazara handitzea proiektatu da (lehengo 419, 420, 421 eta 422 lursailak gehitzearen emaitza) Cabanillaseko Corraliza de la Carne inguruan. Horretarako, bi nabe gehigarri (berdin-berdinak) eraikiko dira egun dagoenaren hegoaldean, eta zuzkidura zein hornidura elektrikoko zerbitzuak zabalduko dira instalazioaren zati berrira.

Hala, jarduerak oinplano angeluzuzeneko hiru nabe izanen ditu, 125,5 x 16,5 metrokoak (2.070 m² habearte bakoitzeko) eta 5,3 metroko altuera izanen dutenak. Teknologia-tipologia modernoa dute: aireztapen behartua, eguraste-panelen bidezko klimatizazioa, gas naturaleko erregailuak, argiztapena eta pentsu- zein ur-hornidura automatizatua. Gainera, aurrealdean lokal tekniko bat dauka (sorgailua eta kontrol elektrikoko koadroak, komuna, gela eta aldagelak barne).

Nabeak kokatzeko 17.130 m²-ko azalera berdindu da; bertan, nabeak lerrokatuta jarriko dira, luzetarako ardatzean, ekialdean dagoen zerbitzu-bidera begira, eta dagoen nabearen eta beste bien artean metro bateko altuerako barne-koska bat utziko da. Urbanizazioari nabeen atzealderako sarbidea gehituko zaio (okupatutako eremuaren hegoaldeko eta mendebaldeko mugak zeharkatzen ditu), eta zolatutako bi gune ezarriko dira (aurrealdean eta atzealdean); horiek kontuan hartuta (estalkiak eta alboko espaloia barne) 7.900 m² inguruko azalera iragazgaitza izanen du eremuak. Itxituratik kanpo geratuko dira mendebaldean dagoen pinudiaren baso-azalera eta larreek okupatzen duten nibelazio perimetraleko ezpondak. Espazioaren gainerakoa, 9.230 m² inguru, nabeek edo zoladurek hartzen ez dutena, zagorretan finkatuta dago.

Instalazioak Cabanillaseko sare orokorreko ur-hornidura eta hornidura elektrikoa ditu, bao batez osatutako aire-linearen bitartez, horretarako jada lortu baitzen ingurumen-afekzioen baimena. Gainera, instalazioak gas propanoaren biltegi bat du, nabeak berotzeko, baita 300 m³-ko ur-tanga orokor bat ere. Eremuaren ekialdean muga egiten duen kontzentrazio-bidetik sartzen da ustiategian.

Ustiategiaren jarduera oilaskoak 50 gramotik 2,5 kg-ra gizentzean datza; hiltegian sartu eta handik irteteko bidea dago, eta 45 eguneko gizentze-ziklo bakoitzaren ondoren, nabeen huste sanitarioa eta garbiketa egiten da. Orduan, simaurra hondakinen kudeatzaile bati ematen zaio, ondoren nekazaritza-banaketa bidez balioa eman diezaion. Urtean 5,75 ziklo inguru daude.

II. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen laburpena - Jendaurreko informazioa

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, organo eskudunaren eginkizunak betez, kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Horretarako, titularrak aurkeztutako proiektua eta ingurumen-eraginaren azterketa bidali zizkien.

Hona hemen izapide horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen gaineko laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.

Cabanillasko Udala

X

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Ekologistak Martxan

Ecologistas en Acción

Gurelur

Sustrai Erakuntza fundazioa

Greenpeace Espainia

SEO/BirdLife

Cabanillasko Udalak bere garaian jarduera sailkatuaren proiektuari ezarri zizkion izapidetze-betekizunei buruzko txostena erantsi du. Txosten horren alderdirik garrantzitsuena da jarduera bateragarria dela udalaren hirigintza-plangintzarekin, eta aldez aurretik udal-titulartasun komunaleko lurzoruaren desafektazioa lortzeko emandako baldintzarekin. Hornidurari dagokionez, bere garaian izapidetzean sartu ez bazen ere, udal-saretik ura lortzeko balizko lotuneak eskaintzen ditu.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak adierazten duenez, azterlanak paisaiaren analisiari buruzko kapitulu bat izan beharko du, eta bereziki kontuan hartu beharko da instalazioak komunikabideetatik ikusteko aukera eta atzealdeko ingurumen-integraziorako tratamendua, gune horretan urbanizazioak baso-ezpondaren pinudiarekin muga egiten baitu. Pinudiaren ondoan, itxituratik kanpo eta urbanizaziorik gabe, korridore biologiko funtzioa eginen duen lau metroko zerrenda uztea eskatzen da, eta bertan landaketa egitea.

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion sektore mailako araudiaren berri eman dio titularrari eta kontsulta ezarri den izapidetze fasean aldeko txostena eman du.

III. ERANSKINA

Ingurumen-eraginaren azterketaren laburpena eta zaintza-plana

Tramitazioan jaso da ingurumen-eraginaren azterketa bat, ingurumen baimen integratuaren eskabidean aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea dena, eta horretatik ondorioztatzen da alternatibarik egokiena, ingurumenaren ikuspegitik, egun dauden instalazioak handitzea dela.

Azterlanean alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak ezartzean eta funtzionamenduan jartzean izan ditzakeen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen ditu, ingurumen-integrazioa bermatzeko neurriak ezarriz. Neurriok, alde batetik, prebentziozkoak dira, obren ukipena proiektuaren esparru hertsira mugatzeko, eta abian egon bitartean ingurumen-eragina txikiagotzeko teknika erabilgarri onenen (TEOen) aplikazioa ere jasotzen da; besteak beste, simaurrak kudeatzeko plana barne hartzen da, simaurra hondakin-kudeatzaile bati ematea proiektatzen duena.

Azterketan, era berean, ingurumen-zaintzako plan bat dago, eta hor daude jasota proiektuaren eragin nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, nagusiki jardueraren funtzionamendu faseari eragiten diotenak.

IV. ERANSKINA

Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako ezarritako protokoloa

Abeltegi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak eragina badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatuta dagoen lurzatiren batean (esaterako, ibaien ibilguak edo Natura 2000 Sarean edo Nafarroako Estepako Hegazti-fauna Kontserbatzeko Garrantzizko Eremuetan sartutako guneak), bermatu beharko da nekazaritza jarduera eta lehorreko laboreen txandaketa mantentzen direla, faunaren kontserbazio egokirako, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsatzeko edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekartzen ahal duten hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko laboreetan, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatze aldera.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea.

–Leku horietan minda zabaltzeko, banaketa lokalizatua soilik baimentzen da, eta hodi esekiekiko tangen bidez egin behar da, lehen aipatutako oharrak kontuan hartuta: dosifikazioak errespetatu beharko du estepako hegaztien babes egutegia, eta bermatu beharko du ez dela sortuko intereseko habitatak kaltetzen ahal dituen ur idoirik edo isuririk.

–Eremu alfer iraunkorretan ez da simaur, minda edo haien deribaturik banatzen ahalko (ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuaren 8.5 artikulua aplikatuz; haren bidez ezartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko abeltegien ingurumen baldintza teknikoak). Mindak edo eratorritako produktuak aplikatzen diren laborantzatik sortutako istiltze edo jariatzeek ez diete kalterik eginen otalur edo etze horiei, bereziki intereseko habitatak badira (KBE barruan zein kanpoan).

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa ur masa iraunkorretatik gutxieneko 50 metroko distantziara erabiltzea, kontuan hartuz ibilgu nagusiak zein bigarren mailako sarea. Ur masak babesteari begira, banaketaren baldintzak ezartzean kontuan hartuko dira estatu mailan sektorerako ezarritako berariazko araudian ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian deskribatutako TEOak - Abeltzaintza Sektorea).

–Ur-ibilguen eta hezeguneen kutsapena saihestuko da, sasoian sasoikoak izan nahiz iraunkorrak izan. Erreka-zuloak eta haien adarrak ur-ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, bazkalekuak, landaredi higrofiloa edo landare mehatxatuen multzoak), habitat horiek KBEaren barnean sartuta egon nahiz ez. Nolanahi ere, ez da hustubide edo drainatzeetara doan azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.

–Gatz hezegune eta sakanetako arro hidrografikoan, Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak beteko dira. Kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Iragarkiaren kodea: F2209225