142. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

272E/2022 EBAZPENA, ekainaren 13koa, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdia egiten baita “5G Sariak 2022” sariketaren 1. ediziorako, eta haren oinarri arautzaileak onesten baitira.

Nafarroako industria eremuan 5G teknologia erabiltzen duten proiektu berriak bultzatu eta sustatzeko asmoz, kultura berritzaileari bultzada eman nahian eta 5G teknologiak berrikuntzari begira ematen dituen aukera eta gaitasunei buruz sentsibilizatzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak egoki jo du “5G Sariak 2022” sariketaren 1. ediziorako deia egitea, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez.

Aurrekontuan bada dirua sariketa hori finantzatzeko, zehazki “Industria sektoreko 5G proiektuetarako sariak” izeneko G30005 G3500 2268 491100 aurrekontu-partidan.

Horrenbestez, indarreko legedian ezarritakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluaren bidez ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. “5G Sariak 2022” sariketaren 1. ediziorako deia egitea eta haren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

2. 79.000,00 euroko gastua onestea aipatu deialdiaren barruan eman beharreko sariak finantzatzeko, “Industria sektoreko 5G proiektuetarako sariak” izeneko G30005 G3500 2268 491100 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzura igortzea.

4. Ebazpen hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Iruñean, 2022ko ekainaren 13an.–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusia, Guzmán Miguel Garmendia Pérez.

ERANSKINA

“5G Sariak 2022” sariketaren oinarriak

1.–5G sarien xedea eta zuzkidura.

1.1. 5G sarien helburua da 5G teknologia erabiltzen duten proiektu berriak sustatu eta bultzatzea Nafarroako industria eremuan, kultura berritzaileari bultzada ematea eta 5G teknologiak berrikuntzari begira ematen dituen aukera eta gaitasunei buruz sentsibilizatzea.

1.2. Bi kategoria bereiziko dira, eta horietako bakoitzean aurkeztutako hiru proiekturik onenek diruzko sari hauek jasoko dituzte:

a) Enpresen kategorian:

  • 1. sari bat, 50.000 eurokoa.
  • 2. sari bat, 15.000 eurokoa.
  • 3. sari bat, 5.000 eurokoa.

b) Partikularren kategorian:

  • 1. sari bat, 5.000 eurokoa.
  • 2. sari bat, 3.000 eurokoa.
  • 3. sari bat, 1.000 eurokoa.

2.–Hautagaitzak aurkezteko baldintzak.

2.1. Deialdi honetan parte har dezakete pertsona fisikoek, pertsona juridikoek eta entitate publiko zein pribatuek, irabazi-asmoa eduki edo ez.

2.2. Pertsona fisikoek partikularren kategorian parte hartuko dute, eta aurreko puntuan aipatutako gainerako parte-hartzaileek, aldiz, enpresen kategorian.

2.3. Hautagaitzak banaka edo beste batzuekin elkarturik aurkezten ahalko dira. Hautagaitza batean parte hartzen duten guztiak pertsona fisikoak direnean, soilik halakoetan, partikularren kategorian lehiatuko dira, eta gainerako kasuetan, enpresen kategorian.

2.4. Saria eskatzen duten pertsonek beren buruarentzat edo legez ordezkatzen dituzten entitateentzat aurkez ditzakete hautagaitzak.

2.5. Sarirako hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

3.–Hautagaitzak eta eskatzen den dokumentazioa.

3.1. Hautagaitza aurkezteko, saritzeko moduko proiektuak izanen dira honako hauek:

a) Entitateak Foru Komunitatean gauzatu dituen proiektuak, aldi mugatu batean epe, aurrekontu eta giza talde bat esleiturik izan dutenak, baldin eta deialdi honen aurreko bi urteetan abiatu badira.

b) Oraindik abiatu gabeko proiektu berritzaileak, Nafarroako Foru Komunitatean garapenerako bidea eman dezaketen proiektu edo zerbitzuak dakartzatenak.

3.2. Proiektuek mota hauetako batekoak izan behar dute:

a) 5G sareak erabiltzea industria instalazioetako datuen prozesamenduan, hari gabeko komunikazioan eta sentsoreen-eremuan.

b) 5G sarea erabiltzea 4.0 Industriaren teknologiekin (zibersegurtasuna, ikuspen artifiziala, robotika kolaboratiboa eta abar) lotutako proiektuetan.

c) 5G sareak erabiltzea mugikortasun proiektuetan, ibilgailu autonomo konektatuan, garraio adimentsuaren sareetan, hornidura-katearen logistika-optimizazioan eta abar.

d) 5G sareak erabiltzea energia- eta ingurumen-trantsizioarekin loturiko proiektuetan (sareen monitorizazioa, kontsumoen murrizketa, energia-efizientzia, ingurumen kudeaketa eta abar).

e) 5G sarea erabiltzea trantsizio soziosanitarioarekin loturiko proiektuetan (anbulantzia konektatua, urruneko ebakuntza kirurgikoak eta abar).

f) 5G sarea erabiltzea segurtasun publikoko esparruan (larrialdietako zerbitzuak eta komunikazio kritikoak, jendetza zaindu eta kontrolatzeko zerbitzuak eta abar).

g) 5G sareak erabiltzea hiri adimentsuekin loturiko proiektuetan.

3.3. 2. oinarrian aipatutako entitate edo pertsonek, hautagaitza aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten datuak, edo kasua bada, proposamena egiten duten pertsonenak, honako hauek adierazita: izena, helbidea, telefonoa, web-orria (baldin badu), IFZ edo antzekoa, eta epaimahaiak gehiago jakin dezan egokitzat jotzen diren beste dokumentu batzuk.

b) 5G teknologian oinarritutako proiektuaren memoria teknikoa, PDF formatuan eta 50 orrialdetan gehienez ere; honakoak bilduko ditu:

–Egikaritze-laburpena.

–Erabilera kasua.

–Bideragarritasun teknikoa eta negozio-plana.

–Antolamendua eta giza baliabideak.

–Sektorea eta merkatua.

–Produktuaren indarguneak eta ahulguneak.

4.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.

4.1. Proiektuak aurkezteko, men eginen zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoari, administrazio publikoekiko harremanak elektronikoki izateko eskubideari eta betebeharrari dagokienez. Aipatu lege horren 14.2 artikuluan aipatzen diren subjektuek telematikoki aurkeztu beharko dute, nahitaez, baloratu beharreko proiektuaren dokumentazio guztia, bai eta betekizunak eta merezimenduak frogatzeko gainerakoa ere. Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiari zuzenduko zaizkie eskaerak eta proiektuak, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa).

4.2. Administrazio publikoekiko harremanak elektronikoki izatera behartuta ez daudenek, ahal dela, telematikoki aurkeztuko dituzte hautagaitzak eta lanak, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektrikoaren bitartez; hala ere, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiaren Erregistroa ere erabiltzen ahalko dute (Cabárceno k. 6, behea-31621 Sarriguren), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 36/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusten dituen beste edozein erregistro edo bulego, gutunazalean helbide hori jarrita.

4.3. Hautagaitzak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunetik hilabetera amaituko.

5.–Balorazio irizpideak.

Oro har, balorazio irizpide hauek aplikatuko dira:

5.1. 5G teknologiak dituen ahalmenak erabiltzea: erabilera kasuak, eragile guztiak –erabiltzaileak barne– inplikaturik, zeinen bidez frogatuko baita 5Gak dakartzan hobekuntza handiak:

–Abiadura eta ahalmen oso handiko banda zabal mugikorra (Enhanced Mobile Broadband, eMBB).

–Komunikazio ultra fidagarriak eta latentzia gutxikoak (Ultra-Reliable and Low Latency Communications, URLLC).

–Makinaz makinako komunikazio masiboak (Massive Machine Type Communications, mMTC).

–Gailuen dentsitate handiko komunikazioak.

–Energia-efizientzia.

5.2. Berrikuntza: proiektuaren originaltasuna eta daukan balio erantsia, bai teknologia berriak 5Garen ahalmenekin batera aplikatzean, bai atzemandako arazoari irtenbidea emateari begira.

5.3. Eragin potentziala, xedeko hartzaile onuradunak eta eskalagarritasun-gaitasuna oinarri harturik.

5.4. 3.1.b apartatuko proiektuen kasuan, abiatzea bideragarria den eta proiektuaren negozio-plana.

6.–Instrukzio organoa.

Sariak emateko prozeduraren instrukzioa Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzuari dagokio; hark egiaztatuko du betekizunak betetzen direla eta dokumentazioa epaimahaiari igorriko dio, balorazioa egin dezan.

7.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

7.1. Sariketako epaimahaia honako kide hauek, edo kasua bada, eskuordez arituko direnek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Guzmán Garmendia Pérez jauna, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusia.

–Epaimahaikidea: Agurtzane Martínez Ortigosa andrea, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Berrikuntzako zuzendari nagusia.

–Epaimahaikidea: Leandro Pérez Manzanera jauna, AUTELSI-Telekomunikazioetako eta Informazioaren Gizarteko Erabiltzaileen Espainiako Elkarteko lehendakaria.

–Epaimahaikidea: Ainhoa Remírez Mayayo andrea, Telekomunikazioetako Ingeniarien Nafarroako Elkarteko lehendakaria.

–Epaimahaikidea: Cristina García López andrea, ATANA Nafarroako IKTen Klusterreko kudeatzailea.

–Epaimahaikidea: Ramón Gonzalo García jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea.

–Idazkaria: Juan Jesús Jaurrieta Galdiano jauna, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

–Ordezko idazkaria: María Gabriela Freire Dueñas andrea, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

7.2. Epaimahaiari hark beharrezko jotzen dituen teknikari aholkulariek laguntzen ahalko diote.

7.3. Epaimahaiaren funtzionamendua bat etorriko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean jasotako arauekin. Foru araudian xedatzen ez den orotan, berriz, aplikatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

7.4. Erabakia iragartzeko, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak behin betiko ebazpena emanen du, deialdia ebatzita.

7.5. Sari-banaketa jendaurreko ekitaldi batean izanen da, 2022ko azaroaren 10ean, eta saridunek saritutako proiektua aurkeztu beharko dute.

7.6. Epaimahaiak beretzat gordetzen du 2 kategorietako edozeinetan sari guztiak edo batzuk eman gabe uzteko eskubidea, uste badu aurkeztutako proiektuak ez dituztela asebetetzen ebaluazio irizpideak.

8.–Sariak emateko ebazpena eta argitalpena.

Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak emanen du saria, aurreko oinarrian ezarritako epaimahaiak proposaturik. Deialdiaren behin betiko ebazpena Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusiak emanen du. Ebazpen hori www.nafarroa.eus webgunean eta sare sozialetan argitaratuko da.

9.–Oinarrien onarpena.

Deialdian parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea. Halaber, parte hartzeak berekin dakar onartzea Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak edozein bitarteko bidez zabaltzen, erreproduzitzen edo komunikatzen ahalko duela saritutako proiektua, jabetza intelektualari buruzko arauetan ezarritakoaren arabera, salbu eta parte-hartzaileek konfidentzialtzat deklaratu dituzten zatiak.

10.–Bateragarritasuna.

Sariak bateragarriak dira proiektuek administrazio beretik, beste administrazio publikoetatik edo estatuko zein nazioarteko beste entitate publiko edo pribatuetatik jasotako beste sari edo dirulaguntzekin.

11.–Datuen babesa.

Eskaeran ageri diren datu pertsonalak Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak tratatuko ditu, eta deialdiko saria emateko bildu diren datuen tratamendurako erabili; deialdiaren interes publikoa eta parte hartzeko eskaera oinarri harturik, tratamenduaren helburua deialdia kudeatzea eta ebaztea da.

Sarien irabazleei buruzko datuak www.nafarroa.eus webgunean eta sare sozialetan argitaratuko dira. Saridunen datuak banku entitateei jakinaraziko zaizkie, sariak ordain ditzaten, eta Nafarroako Foru Ogasunari eta Kontu-hartzailetako Zuzendaritza Nagusiari.

Saria emateko prozedura eta egin litezkeen erreklamazioak tramitatu bitartean gordeko dira datuak. Saridunen datuak Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen arabera gordeko dira.

Datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, ezabatzeko eta eramateko eta haien tratamendua mugatu edo ukatzeko eskubidea erabil daiteke, eta, kasua denean, datuen tratamendu automatizatuaren ondorioz bakarrik hartzen diren erabakien xede ez izateko eskubidea ere, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusian (Cabarceno k. 6, 31231-Sarriguren) edo dgtd@navarra.es helbide elektronikoan.

12.–Errekurtsoak.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

13.–Tramitazioa.

13.1. Sariketa honen inguruko edozein argibidetarako organo kudeatzailearengana jo daiteke, helbide elektroniko honen bidez: dgtd@navarra.es.

13.2. Deialdia egiten duen entitatearen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren auzi guztiak ebaztea.

Iragarkiaren kodea: F2208747