140. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

39/2022 FORU AGINDUA, ekainaren 22koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, Nafarroako Errepideen Katalogoa, Nafarroako Errepideen Mapa Ofiziala eta Nafarroako Zeharbideen Inbentarioa onesten dituena.

Garapen Ekonomikorako kontseilariaren azaroaren 3ko 220/2016 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Errepideen Katalogoa, Nafarroako Zeharbideen Inbentarioa eta Nafarroako Errepideen Mapa Ofiziala onetsi ziren.

Errepideen Katalogoa onetsi zenetik, zenbait aldaketa egin dira Nafarroako errepide-sarean; izan ere, bide tarte batzuk berrantolatu dira edo beste batzuk kendu edo berriak sartu dira; hori guztia, sarea argiagoa eta antolatuagoa izan dadin.

Zeharbideen Inbentarioari dagokionez, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren martxoaren 15eko 261/2022 Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Nafarroako Zeharbideen Inbentarioaren proiektua, eta entzutea eman zitzaien zeharbide horiek dauden toki erakundeei.

Jendaurreko aldia bukaturik, alegazio hauek jaso dira:

1. alegazioa.–Rubén Medrano Romero jauna, Azagrako Udaleko alkate-udalburua, Udalaren ordezkari gisa.

Eskatzen du Azagrako zeharbidea luzatzea 49+205 k.p.-raino NA-134 Foru Komunitateko intereseko errepidean (Ebroko ardatza), eremu hori erabat urbanoa delako.

Erantzuna:

Gaur egungo Azagrako zeharbidea 47+150 eta 49+000 k.p.-en artean dago, NA-134 errepidean.

Kontuan hartu behar da zeharbidearen kontzeptua, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 66. artikuluan jasotzen dena, non adierazten baita hiriko errepide-zati bat halakotzat hartzeko beharrezkoa dela gutxienez bi ertzetako batean herriko hiri-egitura osatzen duten eraikin finkatuak egotea.

Irizpide hau erabili du Zainketa Zerbitzuak eraikin bat herriko hiri-egituraren parte den baloratzeko:

Ikusiko da zein den errepidetik hurbil dagoen lehenengo eraikina, hiri-lurzoruaren barnean.

Eraikin bat herriko hiri-egituraren parte den baloratzeko orduan, halakotzat hartuko da, soilik, gutxienez hiru bizitegiren eta/edo zerbitzu-eraikinen multzo baten parte dena, baldin eta elkarren mugakide badira edo erabilera publikoko bide-lurzatiekin soilik bereizita badaude.

Dagokigun kasuan, 49+000 k.p.-aren ondoan dago NA-134 errepidearen mugakide den lurzatiko lehen eraikina, hau da, gaur egun zeharbidea hasten den puntuan.

Azaldutakoan oinarrituta, ulertzen da ez direla betetzen beharrezko baldintzak, eta, beraz, EZ da onartzen Azagrako Udalak alegatutakoa.

2. alegazioa.–José Domingo Huarte Baleztena jauna, Uharte Arakilgo alkate-udalburua, Udalaren ordezkari gisa.

Eskatzen du NA-7517 tokiko errepidea, Uharte Arakilgo sarbidea, Nafarroako Zeharbideen Inbentarioan sartzea, halaxe jasota baitzegoen Sustapeneko kontseilariaren abuztuaren 31ko 38/2012 Foru Aginduan, zeinaren bidez Nafarroako Errepideen Katalogoa, Nafarroako Errepideen Inbentarioa eta Nafarroako Errepideen Mapa Ofiziala onetsi baitziren.

Erantzuna:

Egungo Nafarroako Zeharbideen Inbentarioan (2016an onetsi zen, Garapen Ekonomikorako kontseilariaren azaroaren 3ko 220/2016 Foru Aginduaren bidez) ez zen zeharbiderik ageri Uharte Arakilgo herrian, ez eta, beraz, NA-7517 errepidean ere.

Zeharbide hori aurrekoan bai ageri zen, hau da, 2012an onetsitako Zeharbideen Inbentarioan (eskabidean aipatzen dena). Zeharbide hori 2016ko inbentariotik kendu zen, ulertu baitzen NA-7517 errepideak jarraipenik ez zuela, eta horrela Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 66. artikuluaren 2. paragrafoa aplikatu zen:

“Herrira sartzeko errepide batek jarraipenik ez badu, ulertuko da errepide hori hirigunearen sarreran amaitzen dela. Kasu horretan, herriak ez du zeharbiderik izanen”.

Azaldutakoan oinarrituta, ulertzen da EZ dela onartzen Uharte Arakilgo Udalak alegatutakoa.

3. alegazioa.–Olorizko Udala.

Eskatzen du Oloriztik pasatzen den NA-5010 tokiko errepidearen hiri-zatia Nafarroako Zeharbideen Inbentarioan sartzea.

Erantzuna:

Gaur egun, Oloritzek ez du zeharbiderik herria zeharkatzen duen NA-5010 errepidean.

Kontuan hartu behar da zeharbidearen kontzeptua, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 66. artikuluan jasotzen dena, non adierazten baita hiriko errepide-zati bat halakotzat hartzeko beharrezkoa dela gutxienez bi ertzetako batean herriko hiri-egitura osatzen duten eraikin finkatuak egotea.

Irizpide hau erabili du Zainketa Zerbitzuak eraikin bat herriko hiri-egituraren parte den baloratzeko:

Ikusiko da zein den errepidetik hurbil dagoen lehenengo eraikina, hiri-lurzoruaren barnean.

Eraikin bat herriko hiri-egituraren parte den baloratzeko orduan, halakotzat hartuko da, soilik, gutxienez hiru bizitegiren eta/edo zerbitzu-eraikinen multzo baten parte dena, baldin eta elkarren mugakide badira edo erabilera publikoko bide-lurzatiekin soilik bereizita badaude.

Gaur egun ez dago NA-5010 errepidetik hurbil dagoen eraikinik hiri-lurzoruaren barnean, goian aipatutako baldintzetan herriaren hiri-egituraren parte denik.

Azaldutakoan oinarrituta, ulertzen da EZ dela onartzen Olorizko Udalak alegatutakoa.

4. alegazioa.–Fernando Sierra Estoduto jauna, Cortesko Udaleko alkatea, Udal horren ordezkari gisa.

Eskatzen du Cortesko zeharbidea luzatzea gutxienez 15+140 k.p.-raino NA-5200 tokiko errepidean, hor hasten baita hiri-lurzorua.

Erantzuna:

Gaur egungo Cortesko zeharbidea 15+250 eta 17+130 k.p.-en artean dago, NA-5200 errepidean.

Kontuan hartu behar da zeharbidearen kontzeptua, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 66. artikuluan jasotzen dena, non adierazten baita hiriko errepide-zati bat halakotzat hartzeko beharrezkoa dela gutxienez bi ertzetako batean herriko hiri-egitura osatzen duten eraikin finkatuak egotea.

Irizpide hau erabili du Zainketa Zerbitzuak eraikin bat herriko hiri-egituraren parte den baloratzeko:

Ikusiko da zein den errepidetik hurbil dagoen lehenengo eraikina, hiri-lurzoruaren barnean.

Eraikin bat herriko hiri-egituraren parte den baloratzeko orduan, halakotzat hartuko da, soilik, gutxienez hiru bizitegiren eta/edo zerbitzu-eraikinen multzo baten parte dena, baldin eta elkarren mugakide badira edo erabilera publikoko bide-lurzatiekin soilik bereizita badaude.

15+200 k.p.-an dago NA-5200 errepidearen mugakide den lurzatiko lehen eraikina, egungo zeharbidea hasten den tokia (15+250) baino lehentxeago, eta, aldi berean, herrira sartzeko biribilgunearen ondoan. Biribilgune horrek sarbidea emanen dio, halaber, NA-5221 errepiderako (Cortes-Novillas) aurreikusitako trazadura berriari, hor hasiko baita. Antolaketa horregatik, eta biribilgunean bertan espaloi urbanizatu bat dagoenez, komeni da NA-5200 errepidearen zeharbidea hastea biribilgunean sartu baino lehen, hau da, 15+140 k.p.-an; hori ez da hirigunearen hasiera, eskaeran aipatzen den bezala, baina bai aipatzen den kilometro puntua.

Azaldutakoan oinarrituta, ulertzen da ONARTZEN DELA Cortesko Udalak alegatutakoa.

Zainketa Zerbitzuak Nafarroako Errepideen Katalogoa eta Nafarroako Zeharbideen Inbentarioa eguneratu ditu, eta Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak Nafarroako Errepideen Mapa Ofiziala prestatu du.

Hori horrela, Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 4.3. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Azalpen zatian adierazitakoari jarraituz ebaztea Nafarroako Zeharbideen Inbentarioaren proiektua jendaurrean jartzeko tramitea.

2. Foru agindu honen eranskinean ageri den Nafarroako Errepideen Katalogoa eta Nafarroako Errepideen Mapa Ofiziala onestea.

3. Foru agindu honi eranskin gisa gehitutako Nafarroako Zeharbideen Inbentarioa onestea.

4. Indarrik gabe uztea Garapen Ekonomikorako kontseilariaren azaroaren 3ko 220/2016 Foru Agindua.

5. Foru agindu hau Zainketa Zerbitzuari, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari eta alegazioak egin dituzten udalei jakinaraztea, eta adieraztea foru agindu honek administrazio publikoentzako administrazio bidea amaitzen duela. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko ekainaren 22an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

ERANSKINA

Nafarroako Errepideen Katalogoa. Nafarroako Zeharbideen Inbentarioa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2209187