135. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

64E/2022 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera batez onesten baitira Determinazio Libreko Programaren onuradun diren udalerri eta kontzejuen zerrenda eta haietako bakoitzari 2022ko ekitaldian dagozkion zenbatekoak.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz onetsi zen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legea –Toki Inbertsioen Plana arautzen duena eta 2022ko apirilaren 1ean indarrean hasi zena–, toki-erakundeekiko lankidetza ekonomikorako tresna izan dadin. Haren helburu nagusia da bermatzea nahitaezkoak diren udal zerbitzuak Foru Komunitate osoan ematen direla.

Foru lege honen 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Toki Inbertsioen Plana azpiegiturak eta zuzkidurak instalatzeko, hobetzeko eta berritzeko inbertsioen multzoa da; honako apartatu hauetan daude horiek sailkatuta: Inbertsio Programak, Toki Programazioa eta Determinazio Libreko Programa.

Foru legearen III. tituluan arautzen da Determinazio Libreko Programa. 30. artikuluan zehazten da nor izanen diren onuradunak eta zenbatekoak nola banatuko diren:

1. Determinazio Libreko Programaren onuradunak Nafarroako udalerri guztiak izanen dira, bakoitzak diru kopuru bat jasoko baitu, dagokiona biztanle kopurua eta biztanleguneen sakabanaketa geografikoa kontuan hartuz eta urte bakoitzean funtsak duen zuzkiduraren arabera, foru lege honen IV. eranskinean ezarritako banaketa irizpideak aplikatuta.

2. Udalerri konposatuetan, kontzejuak dagozkien ekarpenen zuzeneko onuradunak izanen dira. Horretarako, udalerri konposatuei esleitutako zenbateko osoaren zati bat kenduko da, IV. eranskinean ezarritakoarekin bat, salbu eta kontzejuek adosten badute beren udalerriarekin udalerria izatea diru-kopuru horien jasotzaile eta onuradun.

Azken kasu horretan, toki-erakunde interesdunek horren berri eman beharko diote toki administrazioaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiari, hilabeteko epean, artikulu honen 3. apartatuan aipatutako ebazpena argitaratzen denetik hasita.

3. Ekitaldi bakoitzaren lehen hiruhilekoan, toki administrazioaren arloko zuzendaritza nagusiaren ebazpen baten bidez, udal eta kontzeju onuradunen eta jaso behar dituzten zenbatekoen zerrenda onetsiko da.

2022ko ekitaldian, ebazpen hori onetsi beharko da 2 hilabeteko epean foru legeak indarra hartu eta biharamunetik hasita.

4. Zenbatekoak ekitaldi bakoitzaren bigarren hiruhilekoan ordainduko dira.

Bestetik, foru lege horren IV. eranskinean ematen dira aditzera Determinazio Libreko Programaren banaketa irizpideak.

Determinazio Libreko Programako zenbatekoa bi aldagairen arabera banatzen da:

–Biztanleria-aldagaia: udalerri bakoitzak zenbateko finko bat jasoko du, biztanle kopurua dela-eta dagokion tartearen arabera. Horretarako, toki-erakundeak 2021eko abenduaren 31n zuen biztanleriaren zifra ofiziala kontuan hartuko da.

–Sakabanaketa-aldagaia: udalerri konposatuek eta biztanlegune atxikiak dituzten udalerri bakunek zenbateko gehigarri bat jasoko dute, populazioaren sakabanaketa geografikoan oinarrituta.

Kontzejuei eman beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, ordea, IV. eranskinak honako hau ezartzen du:

Udalerri konposatu bakoitzari esleitutako ekarpenetik zati bat kenduko da kontzejuen artean banatzeko. Udalerri konposatu bakoitzeko kontzejuei dagokien zenbatekoa kalkulatzeko, kasuko udalerriari dagokion zenbatekoaren %50 biderkatuko da udalerriko biztanleria osoaren gainean kontzejuetako bizilagunen kopuruak egiten duen proportzioarekin. Kontzejuei dagokien zenbatekoaren %50 zati berdinetan banatuko da, udalerri konposatuko kontzeju guztien artean. Gainerako %50a kontzeju bakoitzeko populazioaren proportzioan banatuko da.

2022an, kontzeju bakoitzak 3.000 euroko zenbatekoa jasoko du, gutxienez.

Espedientean jasota dago Toki Azpiegituren Zerbitzuak 2022ko maiatzaren 16an emandako txostena, non proposatzen baita, batetik, 2022ko ekitaldiko Determinazio Libreko Programaren onuradunen eta zenbatekoen hasierako zerrenda, eta, bestetik, nola aplikatu behar zaien banaketa-formula udalerrietarako zenbatekoei eta udalerri konposatu eta kontzejuetarako zenbatekoei, hurrenez hurren, ebazpen honen 1., 2.eta 3. eranskinekin bat.

Txosten horretan aditzera ematen da sakabanaketari buruzko kalkulua egiteko kontuan hartzen direla populazio-entitateen kategoriak eta egotzitako biztanle kopuruak, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Estatistika Institutuak –(na)stat)– emandako izendegian (4. eranskina).

Halaber, Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren 2022ko maiatzaren 17ko txostena eta Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren 2022ko maiatzaren 17ko txostena ere jasota daude.

Horiek horrela, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batez onestea Determinazio Libreko Programaren onuradun diren udalerri eta kontzejuen zerrenda eta haietako bakoitzari 2022ko ekitaldian dagozkion zenbatekoak, 1., 2., 3. eta 4. eranskinekin bat.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jendaurreko aldia bete dadin, eta hilabeteko epea ezartzea, argitaratu eta biharamunetik aitzina, udalerri konposatuek eta haien kontzejuek jakinaraz dezaten, kasua bada, haien arteko akordioa dagoela udalerria izan dadin Determinazio Libreko Programaren zenbatekoen hartzaile eta onuradun.

Iruñean, 2022ko ekainaren 6an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

Deskargatu eranskinak (XLSX).

Iragarkiaren kodea: F2208651