134. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4774E/2022 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira dirulaguntzak emateko deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonak tratatzeko 2021eko urritik 2022ko irailera bitarte, bi hilabete horiek barne. DDBN identifikazioa: 631948.

2022ko Nafarroako Gastuen Aurrekontuan, “Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonak tratatzeko laguntzak” izeneko 511004 51100 4809 311103 aurrekontuko partida dago.

2022ko aurrekontuen kargura, zehazki, “Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonak tratatzeko laguntzak” izeneko 511004 51100 4809 311103 partidaren kargura, 7.224,17 euro egotzi dira. Zenbateko hori autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonak tratatzeko aurreko deialdian emandako dirulaguntzen erregularizazioen ondorioz sortu da (2020ko urritik 2021eko irailera bitarteko deialdia). Hortaz, 143.775,83 euro daude deialdi honetarako.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatutako 11/2005 Foru Legearekin bat, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da dirulaguntzak ematea autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonek tratamendua jasotzeko 2021eko urritik 2022ko irailera bitartean, bi hilabete horiek barne.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago Ogasunak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuaren adostasuna.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza-deialdi bat onestea autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonek 2021eko urritik 2022ko irailera bitartean, bi hilabete horiek barne, jasotzen duten tratamendua ordaintzeko, osorik edo hein batean, eranskin gisa gehitu diren oinarri arautzaileekin bat etorriz.

2. Gehienez 143.775,83 euroko gastua baimentzea, 2022ko gastu-aurrekontuaren “Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonak tratatzeko laguntzak” izeneko 511004 51100 4809 311103 partidari egotziko zaiona.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Dirulaguntzen deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

Iruñean, 2022ko ekainaren 7an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei 2021eko urritik 2022ko irailera bitarte, bi hilabete horiek barne, ematen zaien tratamendua osorik edo zati batean ordaintzeko dirulaguntzen deialdiari dagozkionak

1. Dirulaguntzaren helburua eta xedea.

Dirulaguntza hauek erabiliko dira osorik edo zati batean estaltzeko autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei tratamendua emateko egindako gastua, 2021eko urritik 2022ko irailera bitartekoa (biak barne).

Tratamendu horrek homologatua beharko du izan, haren eraginkortasuna frogaturik egonen da, eta tratamendua eman dutenek behar bezalako akreditazioa edo prestakuntza izanen dute tratamendu hori emateko, eta profesional tituludunak izan beharko dute, hain zuzen ere arlo hauetakoak: psikologia, psikiatria, irakasle-ikasketak, pedagogia, logopedia, terapia okupazionala, Haur Hezkuntzako goi mailako teknikaria, erizaintza edo gizarte lana.

Tratamendua emanen da horretarako baimena duten zentroetan.

Dirulaguntza honek onura publikoa du komeni delako autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoa duten pertsonei tratamendua osatzea.

2. Deialdiaren zenbatekoa.

Deialdi honetara 143.775,83 euro bideratuko dira, 2022ko gastu-aurrekontuaren “Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonak tratatzeko laguntzak” izeneko 511004 51100 4809 311103 partidaren kargura.

3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Betebehar hauek betetzen dituztenak izan daitezke onuradun:

–Autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoa izatea, autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoan aditua den psikologo kliniko batek edo mediku fakultatibo batek emana. Halaber, onuradun izaten ahalko dira nahasmendu hori berresteko edo baztertzeko balorazio prozesu diagnostiko batean daudenak, baldin sintomak bateragarriak badira eta prozesuaren iraupena urtebetetik beherakoa bada.

–Onuradunak ohiko bizilekua Nafarroan izatea; hau da, 2022ko irailaren 30erako urtebete edo gehiago eramatea Nafarroako Foru Komunitatean egiazki bizitzen. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da. Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia zabaltzeagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Tratamenduaren komenentzia horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

4. Eskaerak nola, non eta noiz aurkeztu.

4.1. Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonek deialdi honetan ezarritako laguntzak eska ditzakete, baita haien aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak ere, onuradunaren izenean, baldin hura adingabea bada edo ezintasuna badu.

4.2. Eskaerak onuradunaren izenean egon behar du beti. Adingabea edo tutoretzapeko adinez nagusia baldin bada, eskaera aurkezten duena ordezkari gisa agertuko da.

4.3. Eskaerak aurkezteko epea 2022ko irailaren 1ean hasiko da, eta urte bereko irailaren 30ean bukatuko.

4.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoko fitxa egokiaren bidez aurkeztuko dira, eskaera izapidetzeko botoia sakatuta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31003, Iruña), Osasuneko zuzendari nagusiari zuzendutako eskabide baten bidez, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaera-idazkiari deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak erantsi beharko zaizkio.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun azal ireki batean aurkeztuko dira, igorri aurretik aurkezpen datuak jaso daitezen lehen orrialdearen idazpuruan, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

4.5. Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

4.6. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Onuradunaren NANaren fotokopia.

b) Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasuna adierazita, edo, kasua bada, asilo-eskubidea emateko ebazpena.

c) Txosten klinikoa, autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoan aditua den psikologo kliniko batek edo mediku fakultatibo batek emana. Hartan jasoko da irizpen klinikoa edo susmo diagnostikoa. Txosten hori aurretik eman bada dirulaguntza bererako, txosten berriak baino ez dira aurkeztu beharko, horrelakorik baldin badago.

d) Txosten bat, behar bezala akreditatua dagoen eta pertsonaren arretan inplikatua dagoen profesional batek egina, tratamendua komenigarria dela dioena eta haren helburuak adierazten dituena.

e) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, adierazten dituena tratamenduaren azalpena eta lortutako emaitzen ebaluazioa, eskatutako laguntzaren aldikoa. Tratamendua agindu duena eta eman duena pertsona bera bada, txosten bakarra egiten ahalko da.

6.2 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

f) Adingabea bada edo ezintasuna badu, pertsona horren legezko ordezkaria izatearen frogagiriak. Aita edo ama baldin bada, familia liburua eta guraso baten NANa. Dibortzio kasuetan eta zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia eta/edo dibortzioaren hitzarmena eta gurasoaren NANa. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

g) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera. Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada, transferentzia bidezko ordainketa eskatzeko inprimakia bete beharko da; Nafarroako Gobernuaren webguneko Diruzaintza Inprimakien atalean egonen da eskuragarri:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

h) Egindako gastuaren justifikazioa, fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Onuradunaren izena.

–Tratamendua eman duen entitatea edo pertsona.

–Jasotako tratamendua, honako hau adierazita, gutxienez: tratamendua jaso duen pertsonaren izena, emandako saioen kopurua, aldizkakotasuna, iraupena, eta saio horiek banakakoak ala taldekoak izan diren.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

i) Egindako ordainketaren frogagiria.

j) 6.3 oinarrian adierazitako hainbanaketatik salbuesten ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta/errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana.

k) Beste laguntza batzuei buruzko adierazpena, 9. oinarrian xedatutakoaren arabera.

l) Eskatzailearen adierazpena, adostasuna emateko datu pertsonalen tratamenduari, deialdi honen 13. oinarrian xedatutakoarekin bat.

m) Eskatzailearen adierazpena, zehazten duena konplituak dituela zerga arloko betebeharrak, laguntzak itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta baimena ematen duela Osasun Departamentuak Ogasun Publikoari eta Estatuko Administrazio Orokorrari eska diezaien egoki den informazioa.

Baldin eta kontsulta-baimen hori sinatu nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

Ez da beharrezkoa izanen a), b), c), f) eta g) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, baldin aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta haietan zehaztutako datuak aldatu ez badira. Kasu horretan, onuradunaren edo haren legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, adierazten duena datuak ez direla aldatu.

6. Emateko modua, zenbatekoa eta irizpideak.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, hots, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak balorazio loteslea eginik.

6.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Elena Antoñanzas Baztán andrea, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko burua, batzordeko burua izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezkoa Geno Ochando Ortiz andrea izanen da, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko burua.

–Ana Guinea Hidalgo andrea, Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroko psikologo klinikoa. Beharrezkoa izanez gero, ordezkoa Javier Díaz Leiva jauna izanen da, Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroko psikologo klinikoa.

–José María Rodríguez Gregori jauna, Osasun arloko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Ataleko teknikaria, Batzordeko idazkaria izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezkoa María Fé Idoate Cervantes andrea izanen da, Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko burua.

6.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu dirulaguntzen zenbatekoak:

–Honako zenbateko hauek ezarri dira diruz laguntzen ahal diren gehieneko tarifa gisa, tratamendu moten arabera:

  • Banakako terapia saioa: 40 euro.
  • Taldeko terapia saioa: 16 euro.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren tratamenduaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

–Eskatutako zenbateko guztien baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua onuradun guztien artean hainbanatuko da, bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren gainean. Onuradunei ez zaie hainbanaketa hori aplikatuko baldin eta haien familia unitatean 2021ean eta/edo 2022an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze-errentaren/errenta bermatuaren hartzaile den kiderik badago.

–Eskaera guztiak baloratu ondoren aurrekontuko partidan soberakinik badago, banatu eginen da ezarritako mugetatik gorako gastua egin dutela frogatu duten onuradunen artean, norberak egin duen gastuarekiko proportzioan.

–Dirulaguntza ez da inola ere izanen jasotako tratamenduaren kostu osoa baino handiagoa.

7. Ebazpena.

7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, aurretik proposamena eginda Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuak.

7.2. Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena espresuki ematera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da (nortasun-agiri nazionalaren edo dokumentu baliokidearen zenbakiarekin identifikatuak), eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsiak. Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.nafarroa.eus), deialdi horretan.

8. Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko guztira ordaindutako tratamenduaren kostua.

9. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten edo ez. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin bezain laster komunikatu beharko da, eta, betiere, 2023ko abuztuaren 31 baino lehen.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

10. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean pagatuko da, laguntza emateari buruzko ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren, eskaera egiten den unean adierazten den ordainketa-kontuan.

11. Laguntza itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.

12. Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

13. Datuen babesa.

Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Tratamenduari buruzko informazioa webgune honetan dago:

https://www.navarra.es/home_es/Temas/Portal+de+la+Salud/Ciudadania/Participacion/Proteccion+de+datos/

14. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15. Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Iragarkiaren kodea: F2208527