131. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

69E/2022 EBAZPENA, ekainaren 8koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki entitateetan administrazio elektronikoa ezartzeko eta/edo hobetzeko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 632457.

Gaur egun, gastu publikoaren zati handi bat dirulaguntzetan egiten da, hau da, administrazio publikoak inolako ordainik jaso gabe egiten dituen diru ekarpenetan. Funts publikoak ematen dituen entitateak aintzat hartutako interesek justifikatu behar dituzte halako transferentziak.

Hala, bada, administrazio publikoen aurrekontuetan dirulaguntzek leku nabarmena izan ohi dute, eta ezaugarri hori agerikoa da gure foru komunitatean.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago. Lege horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko dituela. Horrela, dirulaguntzen helburua den egoeran daudenek eskuratzen ahalko dituzte, eta segurtatuko da publizitatearen, gardentasunaren, konkurrentziaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak betetzen direla.

Herritarrentzako zerbitzu egokiagoak eskaini ahal izateko, sektore publikoak bere funtzionamendua errealitate sozial berriari egokitu behar izan dio; izan ere, gaur egun Administrazioaren eta herritarren arteko harremanak ezin dira jada ez ulertu ez eta garatu ere bilakaera teknologikoari bizkarra emanda. Zerbitzuak ematen dituzten erakundeek diharduten testuinguruaren eraldaketa eta hartako aldaketa sozialak ikusirik, behar-beharrezkoa da administrazioa berritzea.

Testuinguru horretan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ez dute izapidetze elektronikoa prozedurak kudeatzeko era berezitzat hartzen, baizik eta administrazioen ohiko jarduketatzat. Hori dela eta, legeok ezarri dute administrazioak beharrezkoak diren bitarteko eta sistemez hornitu behar direla elkarren artean bitarteko elektronikoak baliatuz erlazionatu ahal izateko. Halaber, pertsonei administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez erlazionatzeko eskubidea ematen diete, horietarako sarbidea erraztuz, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabilera indartzen dute administrazio publikoetan, dela kudeaketaren efizientzia hobetzeko dela administrazioen arteko lankidetza eta kooperazio harremanak bultzatu eta laguntzeko. Bi legeek administrazio publikoek elektronikoki funtzionatzeko esparru juridikoa eratzen duten elementuak jasotzen dituzte.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrenak, nahiz eta xedatzen duen araua indarrean jarriko dela hura argitaratu eta urtebetera, 2021eko apirilaren 2tik aurrera ezartzen du honako gai hauei buruzko xedapenak indarrean jartzea: ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, gaitutako administrazio publikoko langileen erregistroa, administrazioaren sarbide elektroniko orokorra eta artxibo elektroniko bakarra. Administrazio prozedura digitalizatuago baterako dauden arauen ondorearen atzerapen horren arrazoia da administrazio guztiek egokitu eta beharrezkoak diren bitartekoak erabili behar dituztela eskubide/betebehar hori garatzeko, eta horrela bermatu ahal izateko bai herritarrek administrazioarekin harremanak izateko bitarteko elektronikoak erabiltzeko duten eskubidea, bai legeak hala ezartzen duelako harremanak elektronikoki izatera behartuta daudenen betebeharra.

Ildo horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak administrazio elektronikoak ezarritako eskakizun berrietara egokitzen du egun dagoen administrazio antolaketa.

2021eko apirilaren 2an jarri zen indarrean, halaber, martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretua (Sektore publikoaren bitarteko elektronikoen bidezko jardunaren eta funtzionamenduaren erregelamendua onesten duena), Estatuko Aldizkari Ofizialean urte bereko martxoaren 31n argitaratu zena. Erregelamendu horren xedea da urriaren 1eko 39/2015 Legea (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) eta urriaren 1eko 40/2015 Legea (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena) garatzea sektore publikoaren jardunari eta funtzionamenduari dagokionez, eta arestian aipatutako bi arauen bigarren artikuluetan ezartzen da haren aplikazio eremua. Oinarrizkoak direnez, lege horiek gure Administrazioaren antolamenduari eta funtzionamenduari eta hark herritarrekin dituen harremanei eragiten diete.

2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek (abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen bidez onetsiak), Lurralde Kohesiorako Departamentuari dagokion partidan (“210001 21100 7609 942302 Toki entitateen inbertsioetarako dirulaguntzak, administrazio elektronikoaren ezarpena bultzatzeko”) 290.000 euroko kreditua jasotzen dute, Nafarroako toki entitateei administrazio elektronikoa ezartzen laguntzeko eta/edo administrazio elektronikoa hobetzeko dirulaguntzak finantzatzeko, indarrean dagoen araudia betetzeko beharrari kasu eginez.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluaren eta azken xedapenetako lehenengoaren bidez (Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin lotuta) eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 8.n) artikuluaren bidez ematen dizkidaten ahalmenak baliatuz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako toki entitateei administrazio elektronikoa ezartzen laguntzeko eta/edo administrazio elektronikoa hobetzeko dirulaguntzak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia arautzeko oinarriak ezartzea eta onestea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Arauan ezarritako esparruan.

2. Dirulaguntzen deialdi hau onestea: “Nafarroako toki entitateetan 2022. urtean administrazio elektronikoa ezartzeko eta/edo hobetzeko dirulaguntzak”.

3. 290.000 euroko gastua baimentzea, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 210001 21100 7609 942302 partidaren kargura (“Toki entitateen inbertsioetarako dirulaguntzak, administrazio elektronikoaren ezarpena bultzatzeko”) deialdi honen ondoriozko betebeharrei erantzuteko.

4. Ebazpen honen eta eranskinen berri ematea Nafarroako Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari, Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Atalari eta Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari.

5. Ebazpen honen eta eranskinen berri ematea Nafarroako Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Ogasuneko Kontu-hartzailetzako ordezkariari.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, dirulaguntzen datu-base nazionalean erregistratu ondoren, dagozkion ondoreetarako.

7. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Atarian argitaratzea (www.nafarroa.eus).

8. Interesdunek ebazpen honen eta eranskinen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute, Lurralde Kohesiorako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluko 1.b) apartatuarekin.

Iruñean, 2022ko ekainaren 8an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

NAFARROAKO TOKI ENTITATEETAN ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA EZARTZEKO ETA/EDO HOBETZEKO DIRULAGUNTZEN 2022KO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea administrazio elektronikoa ezartzeko eta/edo hobetzeko gastuetarako dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko. Deialdia Nafarroako toki entitate hauentzat da: udalerriak, mankomunitateak eta ohiturazko elkarteak.

Deialdiaren xedea da sustatzea toki entitateek, modu mailakatuan, administrazio elektronikoa ezartzea haien jarduketa eremuetan, herritar guztien mesederako. Modu horretan sustatuko da administrazio elektronikoaren arloan dagozkien lege betebeharrak betetzea, Administrazio Prozedurari eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoen Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Halaber, bereziki udal konposatuen kasuan, sustatu nahi da udal horiek bere mugarteko kontzejuei dagozkien betebeharrak betetzen laguntzea administrazio elektronikoaren arloan, lehen aipatutako arauak betetzera behartuta dauden tokiko entitateak eta administrazio publikoak baitira.

2.–Aurrekontu zuzkidura.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak 290.000 euroko mugara arte finantzatuko dira, Nafarroako Gobernuaren 2022ko ekitaldirako partida honen kargura: 210001 21100 7609 942302 “Toki entitateen inbertsioetarako dirulaguntzak, administrazio elektronikoaren ezarpena bultzatzeko”.

3.–Prozedura antolatu, bideratu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Laguntzak emateko prozedura agintzeko eta bideratzeko zereginak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari dagozkio. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen jarduketa guztiak egin ahal izanen ditu datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko, eta, horietan oinarrituta, txosten bat eginen du, entitate onuradunek dirulaguntzak eskuratzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzen dituztela jasotzeko. Halaber, ebazpen proposamena ere eginen du.

Instrukzio organoak ebazpen proposamena Toki Administrazioko eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio. Proposamen horrekin batera aipatutako txostena igorriko da.

Instrukzio organoak beharrezko laguntza tekniko eta juridikoa eskatuko dio Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari prozedura izapidetzeko, dagokionean.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusia da dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena duen organoa.

4.–Onuradunak eta betebeharrak.

Nafarroako toki entitate hauek izaten ahalko dira onuradunak:

–A. Udalerriak.

–B. Mankomunitateak.

–C. Ohiturazko elkarteak.

Onuradun izateko, toki entitateek betebehar hauek bete beharko dituzte:

1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

3. Nafarroako Gobernura 2020ko ekitaldiko kontu orokorraren edo aurrekontuaren likidazioaren espedientea bidali izana, behar bezala sinatuta.

Beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak ematea beren gain hartzen duten udalerri konposatuen kasuan, kontzeju horiek ere Nafarroako Gobernura 2020ko ekitaldiko kontu orokorraren edo aurrekontuaren likidazioaren espedientea bidalita izan beharko dute, behar bezala sinatuta.

5.–Gauzatzeko epea.

Gauzatzeko epea 2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartekoa izanen da.

Gastuak epe horretan fakturatuta eta ordainduta daudenean joko da betetzat inbertsioa.

6.–Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozen gastuak finantzatzeko soilik erabili ahal izanen dira dirulaguntzak, baldin eta oinarri hauetan ezarritako epean gauzatzen badira. Erreferentzia gisa, inbertsio hauei dagozkienak hartzen ahal dira jarduketa diruz lagungarritzat:

1.–1. motako administrazio elektronikoaren software plataformak ezartzea, integratzea eta hobetzea:

–Egoitza elektronikoa.

–Erregistro Orokor Elektronikoa.

–Datuak egiaztatu eta kontsultatzeko zerbitzua. Datuen bitartekotza plataforma. Egiaztatzeko kode seguruak.

2.–2. motako administrazio elektronikoaren software plataformak ezartzea, integratzea eta hobetzea:

–Sarbide puntu nagusi elektronikoa. Leihatila bakarra.

–Identifikatzeko eta sinatzeko sistemak: Cl@ve, ziurtagiri elektronikoak, sinadura elektronikoa, eskuz idatzitako sinadura biometrikoa (sinadura tableten hardwarea barne), Cl@ve Firma bidezko integrazioak, etab.

–Iragarki-taula elektronikoa.

–Herritarraren karpeta.

–Kopia elektroniko fede emaileak emateko sistema. Konpultsa elektronikoa.

–Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa: Apodera-REA, etab.

–Identifikazio eta sinadura elektronikoa erabiltzeko nahikoa bitarteko elektronikorik ez duten herritarrei laguntzeko gaitutako administrazio publikoko langileen erregistroa.

–Digitalizazio eta izapidetze elektronikoko sistemak.

–Administrazio prozeduren katalogoa. Prozedurak sinplifikatzea.

–Espedienteak izapidetzeko sistema / Espedienteen kudeatzailea. Espediente elektronikoa. Udal izapideen prozeduren ezarpena eta integrazioak: kontratuen kudeaketa, dirulaguntzen kudeaketa, autolikidazioak, etab.

–Artxibo elektronikoa.

–Jakinarazpen elektronikoak. Notific@, gaitutako helbide elektronikoa, egoitza elektronikoaren bidezko jakinarazpenak kudeatzeko sistema, etab.

–Erregistro kontuetan laguntza emateko bulegoak. Erregistroen interkonexioa (SIR), administrazio publikoen arteko datu bitartekotza, erregistroen trukerako osagaia (CIR), unitate organikoen eta bulegoen direktorio bateratua (DIR3), etab.

–Udal erregistroen eta EEBBren erregistro birtualaren arteko elkarreragingarritasuna.

–Datu truke elektronikoa.

–Ordainketa elektronikoetarako plataforma.

–Faktura elektronikoa.

–Adierazitako moduluen arteko integrazioak udal kudeaketa sistemekin.

3.–Udal konposatuek beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak emateko softwarea moldatzea eta hobetzea, honako helburu hauekin:

–Kontzejuen eskumenen erabilera ahalbidetzea udalaren administrazio elektronikoaren plataformatik.

–Kontzejuko ordezkariei udalaren administrazio elektronikoaren software plataforman sartzeko aukera ematea, kontzejuaren eskumeneko espedienteak izapidetzeko eta horien jarraipena egiteko, bai eta informazioa partekatzeko ere.

4.–Laguntza sistemak ezartzea, integratzea edo hobetzea;

–Aurretiko hitzorduaren sistema elektronikoa.

–Toki entitateen kide bakarreko organoen kudeaketa elektronikoa. Proposamenen kudeaketa elektronikoa. Ebazpenen liburua.

–Toki entitateen kide anitzeko organoen kudeaketa elektronikoa. Saioen zirkuitu elektronikoa. Akta liburuak.

5.–Informatikako segurtasun planak:

–Toki entitatean Segurtasun Plana egitea, Segurtasun Eskema Nazionalaren (SEN) eskakizunak betetzeko.

6.–Langileen prestakuntza:

–Inbertsio proiektuarekin lotutako toki entitateko langileak trebatzeko gastuak, proiektua gauzatzeko ezinbestekoak direnak.

6.2. Berariaz kanpo gelditzen dira kontzeptu hauek:

a) Plataformak eta softwarea ezarri osteko zerbitzu hauek: mantentze lana, sostenguaeta laguntza teknikoa.

b) Ekipamendu informatikoak eta hardwarea erostea, horiek ez baitira, bere horretan, deialdi honen xede den administrazio elektronikoaren ezarpen mota bat. Salbuetsita daude eskuz idatzitako sinadura biometrikorako tabletak.

c) Honako gastu hauek: garraioa, joan-etorriak, ziurtagiriak egitea eta antzeko izaera dutenak.

d) Ofimatikako software paketeak eta posta elektronikoko bezeroa/zerbitzaria softwarea.

e) Digitalizazio-zerbitzuak Paper euskarria edo beste euskarri ez elektroniko bat duen dokumentuak dokumentuaren irudi kodetu, leial eta osoa duen fitxategi elektroniko bihurtzea (fitxategi bat edo batzuk).

f) Aurrekontuaren eta kontabilitatearen ikuspegitik inbertsioak ez diren kontzeptuak.

6.3. Eskatzaile bakoitzeko emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa honako irizpide hauetatik aterako da:

–Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da egindako inbertsio diruz lagungarriari honako portzentaje hauek ezarriz:

  • Udal konposatuen kasuan, egindako inbertsio diruz lagungarriaren %100 bitarte, baldin eta beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak ematea beren gain hartzen badute. Honela kalkulatuko da:

KONTZEJU KOPURUA

DIRULAGUNTZAREN PORTZENTAJEA

1

%70 gehienez

2

%75 gehienez

3

%80 gehienez

4

%85 gehienez

5

%90 gehienez

6-7

%95 gehienez

8 edo gehiago

%100 bitarte

  • Diruz lagunduko den zenbatekoa kalkulatzeko gehieneko kopurua 8.000 eurokoa izanen da.
  • Gainerako toki entitateentzat, egindako inbertsio diruz lagungarriaren %60, 4.800 euro gehienez.
  • Entitate eskatzaileak beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu eta/edo jaso badu deialdi honen dirulaguntzaren xede den ezarpen eta/edo hobekuntzetarako, eman beharreko zenbatekoa doituko da, aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ezarpenaren guztizko kostua gaindi ez dezan.

7.–Eskabideen aurkezpena, eskatzen diren agiriak eta betekizunak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (https://www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz.

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Ondore horietarako, eskabidea egiteko I. eranskineko eredua erabiliko da.

7.3. Eskabidearekin batera, deialdian parte hartu nahi duten toki entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) 6.1 oinarrian aipatutako jarduketa diruz lagungarriak zehazten dituen aurrekontua edo agiri baliokidea, bai eta ezarpenaren eta/edo hobekuntzaren kostua ere. Aurrekontuan hauek adierazi beharko dira gutxienez: data, aurrekontu zenbakia, izena edo sozietate izena, IFZ, hornitzailearen eta bezeroaren helbidea, kontzeptu bakoitzaren zenbatekoen banakapena zergak aplikatu aurretik, zergak aplikatuta eta guztizko zenbatekoa. Aurrekontu edo dokumentu baliokide hori eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunekoa edo lehenagokoa izan beharko da.

b) II. eranskina.–Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, bertan adieraziz aipatutako toki entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituela.

c) III. eranskina.–Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, non jasoko baita deialdi honen xedeko ezarpenekin eta/edo hobekuntzekin lotutako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu edo/eta jaso ote den; horren bitartez ziurta dadin aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen ezarpenaren eta/edo hobekuntzaren kostu osoa.

d) IV. eranskina.–Beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak ematea beren gain hartzen duten udal konposatuen kasuan, toki entitate horien artean adostasuna dagoela frogatzen duen ziurtagiria, aplikatu beharreko araudiarekin bat. Ziurtagiri horretan kontzeju horien kopurua eta izenak zehaztuko dira.

4. oinarrian aipatzen diren betebeharrak bete ezean edo eskaera epean aurkeztu ezean, eskaera ezetsi eginen da.

8.–Dirulaguntza emateko prozedura eta irizpide objektiboak.

8.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo 8.2 puntuan ezarritako balorazio irizpideen arabera. Prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

8.2. Baremo hauei jarraikiz baloratuko dira eskaerak:

1.–Toki entitatearen biztanle kopuru ofiziala 2021. urteko urtarrilaren 1ean: 35 puntu gehienez. 35 puntu emanen zaizkio eskatzaileen artean biztanle gutxien dituen toki entitateari, eta 0 puntu gehien dituenari. Gainerako toki entitateen puntuazioa kalkulatzeko, formula hau aplikatuko da:

Biztanle gehien dituen entitatearen biztanle kopurua – puntuatu behar den entitatearen biztanle kopurua

x 35

Biztanle gehien dituen entitatearen biztanle kopurua – biztanle gutxien dituen entitatearen biztanle kopurua

2021eko urtarrilaren 1eko biztanleria Nafarroako Estatistika Institutuak 2020rako argitaratutako zifra ofiziala izanen da.

Udalez gaindiko toki entitateen biztanleriaren kalkulua egiteko, entitatea osatzen duten toki entitate guztien biztanle kopuruen batuketa eginen da.

2.–45 puntu banatuko dira gaitasun ekonomikoaren arabera: 45 puntu emanen zaizkio eskatzaileen artean biztanleko diru-sarrera arruntik txikienak dituen toki entitateari, eta 0 puntu biztanleko diru-sarrera arruntik handienak dituenari. Gainerako toki entitateen puntuazioa kalkulatzeko, formula hau aplikatuko da:

Biztanleko diru-sarrera arruntik handienak dituen entitatearen biztanleko diru-sarrera arruntak – Baloratu behar den entitatearen biztanleko diru-sarrera arruntak

x 45

Biztanleko diru-sarrera arruntik handienak dituen entitatearen biztanleko diru-sarrera arruntak – Biztanleko diru-sarrera arruntik txikienak dituen entitatearen biztanleko diru-sarrera arruntak

2021eko urtarrilaren 1eko biztanleria Nafarroako Estatistika Institutuak 2020rako argitaratutako zifra ofiziala izanen da.

Diru-sarrera arruntak 2020 ekitaldiko kontu orokorretik edo, halakorik ezean, 2020 ekitaldiko aurrekontuaren likidazioaren espedientetik hartuko dira.

3.–Toki entitateen tipologia:

–5 puntu emanen dira eskatzaileak beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak ematea beren gain hartzen duten udal konposatuak badira.

–4 puntu emanen dira eskatzaileak udal sinpleak edo aurreko apartatuan sartzen ez diren udal konposatuak badira.

–2 puntu emanen dira eskatzaileak mankomunitateak eta ohiturazko elkarteak badira.

4.–Inbertsioaren tipologia: 200 puntu emanen dira gehienez:

–60 puntu emanen dira eskatzaileek 6.1 oinarrian “1.–1. motako administrazio elektronikoaren software plataformak ezartzea, integratzea eta hobetzea” gisa sailkatutako inbertsio motako jarduketa bat edo gehiago egiten badituzte.

–40 puntu emanen dira eskatzaileek 6.1 oinarrian “2.–2. motako administrazio elektronikoaren software plataformak ezartzea, integratzea eta hobetzea” gisa sailkatutako inbertsio motako jarduketa bat edo gehiago egiten badituzte.

–70 puntu emanen dira eskatzaileek 6.1 oinarrian “3.–Udal konposatuek beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak emateko softwarea moldatzea eta hobetzea” gisa sailkatutako inbertsio motako jarduketa bat edo gehiago egiten badituzte.

–10 puntu emanen dira eskatzaileek 6.1 oinarrian “4.–Laguntza sistemak ezartzea, integratzea edo hobetzea” gisa sailkatutako inbertsio motako jarduketa bat edo gehiago egiten badituzte.

–20 puntu emanen dira eskatzaileek 6.1 oinarrian “5.–Informatikako segurtasun planak” gisa sailkatutako inbertsio motako jarduketa bat edo gehiago egiten badituzte.

5.–Eskatzaile bakoitzaren guztizko puntuazioa 1., 2., 3. eta 4. ataletan lortutako puntuen batura izanen da. Berdinketarik balego, biztanle gutxien dituen eskatzailea lehenetsiko da. Hori eginik ere berdinketa hausten ez bada, K letratik hasita hurrenkera alfabetikoan lehenengo dena lehenetsiko da.

9.–Laguntzak emateko prozeduraren ebazpena.

9.1. Ebazpen proposamena ikusirik, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du. Ebazpen horrek hauek jasoko ditu:

–I. eranskina: Dirulaguntza jasoko duten toki entitateen zerrenda, puntuaziorik altuenetik txikienera zorrozki ordenaturik, 8.2 oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Dirulaguntza jasotzen ahal duen aurrekontua edo “eskatutako zenbatekoa”, “diruz laguntzen ahal den zenbatekoa” eta horren arabera “emaniko dirulaguntzaren zenbatekoa” adieraziko dira, 6.3 oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

–II. eranskina: Deialdiko betekizunak ez betetzeagatik edo kreditu nahikorik ez izateagatik dirulaguntza onartzen ez zaien edo ukatzen zaien toki entitateen zerrenda.

9.2. Ebatzi eta jakinarazteko epea gehienez 3 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera. Jakinarazpena Nafarroako Atariko webgunean (https://www.nafarroa.eus) argitaratuz eginen da, izapideen katalogoan dagokion fitxan.

Berariazko edo ustezko ezespenari aurka egiteko, 16. oinarrian egintzak aurkaratzearen gainean xedatutakoari jarraituko zaio.

10.–Ordaintzeko prozedura. Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa.

10.1. Laguntzak ordainketa bakarra eginez ordainduko dira. Horretarako, 2022ko urriaren 31 baino lehen (egun hori barne) honako agiri hauek aurkeztu beharko dira telematikoki Nafarroako Atariko webguneko (https://www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bitartez:

1.–Fakturak edo horien kopia konpultsatuak, egin diren jarduketa diruz lagungarriak eta dagokien gastua zehazten dituztenak.

Fakturak Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz eginak beharko dira.

2.–Faktura horiek ordaindu izanaren frogagiriak.

3.–V. eranskina:

–Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena 6.1 oinarrian ezarritako gastuak egiteko bestelako laguntza publiko edo pribaturik jaso ote den. Beste laguntzarik jaso bada, diruz lagundutako jarduketen zerrenda, laguntza eman duen entitatea eta ordaindutako zenbatekoa adierazi beharko dira berariaz.

–Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena kontratazioa Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean (Nafarroako administrazio lokalari buruzkoa) ezarritako moduan egin dela, eta kostuaren %100era iristen dela.

Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen.

10.2. Toki entitate onuradunen bati “8.2.4.–Inbertsioaren tipologia” ataleko puntuak eman bazaizkio eta jarduketa horietako bakar bat egin ez badu, automatikoki baztertuko da ordaintzeko unean, eta emandako dirulaguntza osoa galduko du.

Toki entitate onuradunen batek ez badu dirulaguntza ematea eragin zuen inbertsio tipologiaren bat egiten (“8.2.4.–Inbertsioaren tipologia”), eta inbertsio tipologia hori ez egiteak dirulaguntza emateko unean eskabidearen balorazioan bestelako puntuazioa ematea ekarriko balu, entitate hori baztertu eginen da eta dirulaguntza ordaintzeko eskubidea galduko du.

Udal konposatu batek eskaera egiteko momentuan adierazten badu bere mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak emateko softwarea moldatzeko eta hobetzeko ezarpenak egin behar dituela, eta justifikazioan ez badu zerbitzu hori bere gain hartu eskaeran adierazitako mugarteko inongo kontzejutarako, ordainketaren momentuan automatikoki baztertuta geldituko da eta esleitutako guztia galduko du.

10.3. Udal konposatu batek eskaera egiteko momentuan adierazten badu bere mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak emateko softwarea moldatzeko eta hobetzeko ezarpenak egin behar dituela, eta justifikazioan ez badu zerbitzu hori bere gain hartu kontzeju horietako edozeinentzako, dirulaguntzaren portzentajea deialdi honen 6.3 oinarrian aipatutakora doituko da.

10.4. Toki entitate bat 6.1 oinarrian jasotako motetako jarduketa bat edo batzuk egiteko onuraduna izan bada, eta ez baditu horiek osorik justifikatzen, honela jokatuko da:

–Jarduketaren baten justifikazioa falta bada edo eskabidean ez dagoen jarduketa bat justifikatzen badu, ez zaio horren ordainketa eginen eta justifikatutako gainerako jarduketak ordainduko zaizkio, ezertan galarazi gabe aurreko puntuetan ezarritakoa.

–Jarduketa guztien justifikazioa falta bada edo justifikatutako jarduketa guztiak eskatutako jarduketekiko desberdinak badira, ordainketaren momentuan automatikoki baztertuta geldituko da eta esleitutako guztia galduko du.

10.5. Justifikatutako gastu diruz lagungarria, benetan egin dena, diruz lagundutako zenbatekoa baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa benetan eginiko gastura doituko da, 6.3 oinarrian ezarritako mugekin.

10.6. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

11.1. Dirulaguntzaren xederako bakarrik erabiltzea laguntza.

11.2. Frogatzea, instrukzio organoaren aitzinean, baldintzak betetzen direla.

11.3. Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Toki Administrazioko eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ez bada, horren gaineko ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

11.4. Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari ematea dirulaguntzaren xede den jarduerari buruz behar duen informazio guztia.

11.5. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea uneoro.

11.6. Toki entitateek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

11.7. Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra bete behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeari jarraikiz, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

12.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, izan estatukoak edo atzerrikoak, emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa gorabehera, emandako laguntza guztien baturak ezin du inola ere gainditu diruz lagundutako ezarpenaren gastu lagungarria.

13.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

13.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diruz lagundutako jarduketa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo oinarri arautzaile hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako 35. artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

13.2. Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da osorik edo zati batean.

13.3. Dirulaguntza erabiltzen baldin bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze interesak barne.

14.–Dirulaguntza emateko oinarri izan diren baldintzak aldatzea.

Diruz laguntzeko eskatzen den edozein jarduketari dagokionez, dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, eta diruz lagundutako jardueraren edo proiektuaren kostua gainditzen duten helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratzen badira, unitate kudeatzaileari eman beharko zaio horren berri. Hori egin ezean, toki entitateak deialdi honetan, hala badagokio, finantzatzeko eskatu duen jarduketak kobratzeko eskubidea galduko du.

Prozedura ebazteko organo eskudunak diruz lagundutako zeinahi jarduketa bukatutzat jotzen ahal izanen du, onuradunak onartutako betebeharrak funtsean betetzen ez direla antzematen bada.

15.–Arau hausteak eta zehapenak.

15.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak) aplikatuko da.

15.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.

16.–Administrazio errekurtsoak.

Toki entitate interesdunek ebazpen honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dute, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluko 1.b) apartatuarekin.

17.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan esanbidez ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

18.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren https://www.nafarroa.eus webgune ofizialean, Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu basean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean. Bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. ERANSKINA

Eskaera.

II. ERANSKINA

Ziurtagiri eredua, frogatzen duena Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluko betekizunak betetzen direla.

III. ERANSKINA

Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiri eredua, adierazten duena eskatu eta/edo jaso ote den deialdi honen dirulaguntzaren xedeko ezarpenekin eta/edo hobekuntzekin lotutako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik.

IV. ERANSKINA

Beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak ematea beren gain hartzen duten udalerri konposatuentzako ziurtagiri eredua.

V. ERANSKINA

Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiri eredua, non jasotzen baita deialdi honen xedeko ezarpenekin eta/edo hobekuntzekin lotutako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu edo/eta jaso ote den eta gauzatu den, eta kontratazioa apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak (Kontratu publikoei buruzkoa) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak (Nafarroako administrazio lokalari buruzkoa) ezarritako baldintzetan egin den.

Deskargatu I. eranskinetik V. eranskinera bitarte (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2208660