130. ALDIZKARIA - 2022ko uztailaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

67/2022 FORU DEKRETUA, ekainaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu arauaren aurreko testuan; legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.

Ikuspegi horri jarraikiz, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren testu berriak hezkuntzaren printzipio eta helburuei gehitzen dizkie, besteak beste, haurren eskubideak benetan betetzea Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan ezarritakoaren arabera, hezkuntza inklusioa eta Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioak aplikatzea.

Era berean, testu berriak aldatu egiten du gutxieneko irakaskuntzen oinarrizko edukiei dagozkien eskumenen lehengo banaketa, Estatuaren eta autonomia erkidegoen artekoa. Horrela, Gobernuari dagokio, autonomia erkidegoei Hezkuntzaren Konferentzia Sektorialean kontsulta egin ondoren, curriculumaren oinarrizko alderdiak finkatzea, gutxieneko irakaskuntzak osatzen dituztenak, helburuen, konpetentzien, edukien eta ebaluazio irizpideen arloan. Era berean, legearen testu berriak modu nabarmenean aldatzen ditu irakaskuntzen antolamendua eta antolaketa, lehen zeuden hiru zikloak berreskuratu eta arloen antolaketa berria ezartzen baitu –ikasleen konpetentzien garapenerako mesedegarri izan dadin–, esparruen arabera antolatzeko bide emanez.

Hezkuntza administrazioek, berriz, legeak ezartzen duen eskumen ikuspegia mantenduz betiere, zeinek bere lurraldeari dagokion curriculuma ezartzeko ardura izanen dute, eta lehen aipatutako oinarrizko alderdiak jasoko dituzte bertan, ikasleentzat funtsezko konpetentzien garapenean oinarritutako prestakuntza integrala bermatzeko.

Lehen Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta haien antolamendua ezartzen dituen martxoaren 1eko 157/2022 Errege Dekretua argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuari dagokio, lege organikoak berak emandako ardura bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Lehen Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzea foru dekretu honen bidez.

Foru dekretu honek arloen arabera antolatzen du etapa, eta haren helburuak, xedeak eta printzipio orokorrak eta pedagogikoak ezartzen ditu. Helburu, xede eta printzipio horiek konpetentzietan nola zehaztu jasota dago ikasleen irteera-profilean, Oinarrizko Irakaskuntzaren bukaerakoan, identifikatzen baititu nahitaezko irakaskuntzaren bukaeran ikasleek eskuratu eta garatuta izan beharko dituzten funtsezko konpetentziak, bai eta deskriptore eragileak ere, Lehen Hezkuntza bukatuta espero den jardun-mailari buruzko orientabideak ematen dituztenak. Bestalde, arlo bakoitzerako zehazten dira etapa honetan aurreikusitako konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta ziklo bakoitzerako oinarrizko jakintza gisa adierazten diren edukiak. Ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, foru dekretu honetan ezartzen den curriculuma garatu eta osatuko dute.

Irakasleei haien jarduna erraztearren, ikaskuntza egoeraren definizio bat proposatzen da eta hura diseinatzeko orientabideak ematen dira.

Foru dekretu honetan, halaber, beste xedapen batzuk jasotzen dira, etaparen antolamenduari dagozkion funtsezko zenbait alderdiren ingurukoak, hala nola tutoretza, orientazioa, banako desberdintasunetarako arreta, ebaluazioa edo zikloz eta etapaz igotzeko irizpideak.

Ebaluazio diagnostikoei dagokienez, ikastetxeek laugarren mailan ebaluatuko dituzte ikasleek bereganatutako konpetentziak. Ebaluazio horrek informazio, prestakuntza eta orientazio izaera izanen du ikastetxe, ikasle, guraso, legezko tutoreentzat eta, oro har, hezkuntza komunitate osoarentzat.

Horiek horrela, Nafarroako Eskola Kontseiluak txostena egin ondoren, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak 2022ko ekainaren hogeita bian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Foru dekretu honen xedea da Lehen Hezkuntzaren etapako curriculuma ezartzea, aplikatuko dena Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituztenetan.

2. artikulua. Curriculuma.

1. Foru dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, curriculuma da hezkuntzaren jarduna arautzen duten helburuen, konpetentzien (funtsezko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak), oinarrizko jakintza gisa adierazitako edukien, metodo pedagogikoen eta ebaluazio irizpideen multzoa.

2. Ikastetxeek, beren autonomiaz baliatuz, foru dekretu honetan ezartzen den Lehen Hezkuntzako curriculuma garatu eta osatuko dute, hala dagokionean, eta curriculumaren zehaztapen hori ikastetxe bakoitzaren hezkuntza proiektuaren parte izanen da.

3. Hezkuntza Departamentuak lagunduko du curriculuma garatzen, bide emanda eredu irekiak egin daitezen irakaskuntzako programaziorako eta material didaktikoetarako, horien bidez ikasleen eta hezkuntzako langileen beharrei erantzuteko.

3. artikulua. Definizioak.

Foru dekretu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira hitz hauek:

a) Helburuak: ikasleek etapa amaitzean erdiestea espero diren lorpenak, funtsezko konpetentziak bereganatzearekin lotuta.

b) Funtsezko konpetentziak: ezinbestekotzat jotzen diren jardunak, ikasleek beren prestakuntza ibilbidean arrakasta bermatuta aurrera egin ahal izateko eta erronka globalei eta tokikoei aurre egiteko bete beharrekoak. Ikasleen irteera-profilean jasota daude eta Europar Batasuneko Kontseiluaren 2018ko maiatzaren 22ko Gomendioan, etengabeko ikaskuntzarako funtsezko konpetentziei buruzkoan, ezarritako funtsezko konpetentziak Espainiako hezkuntza sistemara egokitzearen emaitza dira.

c) Funtsezko konpetentzien deskriptore eragileak: erreferentzia esparrua, konpetentzia espezifikoak eta funtsezko konpetentziak lotzen dituena, bide ematen duena konpetentzia espezifikoak ebaluatuta funtsezko konpetentzien bereganatze-maila zehazteko.

d) Konpetentzia espezifikoak: ikasleek zenbait jarduera edo egoeratan betetzeko gai izan behar duten jardunak, jarduera edo egoera horiei heltzeko beharrezkoak direnean arlo edo esparru bakoitzaren oinarrizko jakintzak. Konpetentzia espezifikoek lotzen dituzte, alde batetik, ikasleen irteera-profila, eta, bestetik, arloen edo esparruen oinarrizko jakintzak eta ebaluazio irizpideak.

e) Oinarrizko jakintzak: arlo edo esparru bati dagozkion edukiak osatzen dituzten ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak, konpetentzia espezifikoak bereganatzeko ikasi beharrekoak.

f) Metodo pedagogikoak: irakasleek, kontzienteki eta gogoeta baten ondorioz, antolatu eta planifikatzen dituzten estrategiak, prozedurak, teknikak eta ekintzak; elkarren artean koordinatuta, helburu dute ikasleen ikaskuntza bideratzea helburuak eta funtsezko konpetentziak nahiz konpetentzia espezifikoak lortzera.

g) Ebaluazio irizpideak: erreferenteak dira, eta egoera edo jarduera batzuetan ikasleengandik espero diren jardun-mailak adierazten dituzte; egoera edo jarduera horiek lotuta daude, ikaskuntza prozesuaren une jakin batean, arlo bakoitzaren konpetentzia espezifikoekin.

h) Ikaskuntza egoerak: ikasleek funtsezko konpetentziekin eta konpetentzia espezifikoekin lotutako jarduerak gauzatzea dakarten egoerak eta jarduerak, konpetentzia horiek eskuratu eta garatzen laguntzen dutenak.

i) Ikasleen irteera-profila (aurrerantzean, irteera-profila): tresna bat, zeinetan zehazten baitira Espainiako hezkuntza sistemak Oinarrizko Hezkuntzari dagokionez dituen printzipioak eta xedeak. Irteera-profilak identifikatu eta definitzen ditu, XXI. mendeko erronkei dagokienez, ikasleek Oinarrizko Hezkuntzaren etaparen bukaeran garatuta izan behar dituzten funtsezko konpetentziak, eta Lehen Hezkuntzaren bukaeran espero den jardun-mailari buruzko orientabideak sartzen ditu.

4. artikulua. Lehen Hezkuntza hezkuntza sistemaren barruan.

1. Lehen Hezkuntzako etapa Oinarrizko Hezkuntzaren parte da eta hiru ziklo ditu, eta horietako bakoitzak bi ikasmaila; ikasmaila horiek ikasleak sei urte betetzen dituen urte naturaletik hamabi urte betetzen dituen urte naturalera bitarte eginen dira, oro har.

2. Lehen Hezkuntza arloen arabera antolatuta dago; arloek izaera global eta bateratzailea dute eta ikasleen konpetentziak garatzera bideratuta daude. Arlo horiek esparrutan antolatzen ahalko dira.

5. artikulua. Xedeak.

Lehen Hezkuntzaren xedea da ikasleek ahozko adierazpena eta ulermena, irakurketa, idazketa, kalkulua, trebetasun logikoak eta matematikoak ikastea eta kulturaren oinarrizko ideiak, bizikidetzako aztura, estudiatzeko eta lan egiteko aztura, zentzu artistikoa, sormena eta afektibitatea bereganatzea. Horrela, ikasleen nortasuna garatzen lagunduko duen prestakuntza integrala bermatuko da eta haiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza aprobetxamenduarekin ikasteko prestatuko dira.

6. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Lehen Hezkuntza nahitaezkoa eta doakoa da.

2. Etapa honetan, hezkuntza ekintzaren ahalegina bideratuko da ikasleen esperientziak eta ikaskuntzak bateratzera, ikuspegi global batetik, eta bakoitzaren lan erritmo eta ezaugarrietara egokituko da; garrantzia emanen zaio, bereziki, ikasleen prestakuntza integralerako mesedegarriak izanen diren azturak, jarrerak eta balioak garatzeari.

3. Horretarako hartzen diren neurriak, antolaketakoak, metodologikoak nahiz curriculumekoak, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioek zuzenduko dituzte; inplikazio moduak (zergatik ikasi), irudikapen bideak (zer ikasi) eta ekintza eta adierazpen bideak (nola ikasi).

7. artikulua. Printzipio pedagogikoak.

1. Etapa honetan, arreta berezia jarriko zaio hezkuntza-inklusioa bermatzeari, ikasleei eta haien ikasteko premiei laguntza pertsonalizatua emateari, parte-hartzeari eta bizikidetzari, ikasteko zailtasunen prebentzioari eta, egoera horietako edozein detektatu bezain laster, errefortzu- eta malgutze-mekanismoak, alternatiba metodologikoak edo bestelako neurri egoki batzuk abian jartzeari.

2. Hezkuntzaren esku-hartzearen helburua izanen da oinarri batzuk garatu eta pixkanaka sendotzea, ikasle bakoitzari errazteko Lehen Hezkuntzaren bukaeran, ikasleen irteera-profilean aurreikusitako konpetentziak modu egokian bereganatzea, betiere kontuan hartuta ikasle bakoitzaren heltze prozesua eta etapa honetarako aurreikusitako jardun-mailak.

3. Etapako arlo batzuetan berariazko tratamendua izan dezaketen arren, arlo guztietan landuko dira irakurriaren ulermena, ahozko eta idatzizko adierazpena, ikus-entzunezko komunikazioa, konpetentzia digitala eta sormenaren, espiritu zientifikoaren eta ekintzailetzaren sustapena.

4. Arreta berezia jarriko zaie beste konpetentzia batzuk bereganatzeko izaera instrumentala duten ikaskuntzei.

5. Horrekin batera, arlo guztietatik sustatuko da emakumeen eta gizonen berdintasuna, bakerako hezkuntza, kontsumo arduratsurako eta garapen jasangarrirako hezkuntza eta osasunerako hezkuntza, hezkuntza afektibo-sexuala barne.

6. Era berean, arreta berezia jarriko zaie hezkuntza orientazioari, tutoretza-lanari, hezkuntza emozionalari eta balioen hezkuntzari.

7. Autonomia eta hausnarketa sustatzen dituen ikaskuntza esanguratsua indartuko da.

8. Irakurtzeko ohitura sustatzeko eta irakurmena menderatzera iristeko, egunero denbora bat eskainiko diote ikastetxe guztiek irakurketari, bakoitzak bere hezkuntza-proiektuan jasotako moduan. Horretan laguntzeko, Hezkuntza Departamentuak irakurketa eta alfabetatzea sustatzeko planak bultzatuko ditu hainbat hedabide, teknologia eta hizkuntzatan. Horretarako, beharrezkoa bada, familien edo legezko tutoreen eta boluntarioen laguntza baliatuko da, eta jardunbide egokien trukea eginen da.

9. Konpetentziak errazago barnera daitezen, ikasleentzako proiektu esanguratsuak egiteko eta arazoak elkarlanean konpontzeko erabiliko da eskola-orduetako denbora bat, eta autoestimua, autonomia, hausnarketa eta erantzukizuna indartuko dira. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak zehaztuko du ikastetxeek zenbat eskola-ordu izanen dituzten etapako konpetentzia guztien garapen integratua bermatzeko eta zeharkako edukiak arlo eta esparru guztietan sartuko direla ziurtatzeko.

10. Atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan ulermena, adierazpena eta ahozko interakzioa lehenetsiko dira. Gaztelania edo, hala dagokionean, euskara, atzerriko hizkuntzak ikasteko prozesuan laguntzeko baizik ez da erabiliko.

8. artikulua. Etaparen helburuak.

Haurrek honako gaitasun hauek gara ditzaten lagunduko du Lehen Hezkuntzak:

a) Bizikidetzaren balioak eta arauak ezagutzea eta estimatzea, haiei jarraikiz enpatikoki jokatzen ikastea, herritar aktiboa izateko prestatzea eta giza eskubideak eta gizarte demokratikoen berezko pluralismoa errespetatzea.

b) Taldeko nahiz bakarkako lanerako aztura, ikastean ahalegina egitekoa eta erantzukizunez aritzekoa, eta norberarengan konfiantza, zentzu kritikoa, ekimena, jakin-nahia, interesa eta sormena izateko jarrerak ikasketa prozesuan, eta ekintzailetza.

c) Gatazkak era baketsuan konpontzeko, eta indarkeriaren eta diskriminazioaren prebentziorako trebetasunak bereganatzea, eskolan, familian eta haiekin harremanetan dauden gizarte-taldeetan autonomiaz moldatzeko.

d) Beste kultura batzuk, pertsonen arteko desberdintasunak eta emakumeen eta gizonen eskubide- eta aukera-berdintasuna ezagutzea, ulertzea eta errespetatzea, eta pertsonak ez diskriminatzea etnia, sexu-orientazio edo -identitate, erlijio edo sinesmen, desgaitasun edo beste baldintza batzuengatik.

e) Gaztelaniaz edo, hala dagokionean, euskaraz jakin eta hura modu egokian erabiltzea, eta irakurtzeko azturak garatzea.

f) Atzerriko hizkuntza batean, gutxienez, oinarrizko komunikazio konpetentzia bereganatzea, mezu errazak adierazi eta ulertzeko eta eguneroko egoeretan moldatzeko aukera emanen diena.

g) Matematikako oinarrizko konpetentziak garatu eta kalkuluko eragiketa oinarrizkoak, geometria ezagutzak eta estimazioak egitea eskatzen duten problemak ebazten hastea, eta horiek guztiak eguneroko bizitzako egoeretan aplikatzeko gauza izatea.

h) Natur Zientzien, Gizarte Zientzien, Geografiaren, Historiaren eta Kulturaren alderdi funtsezkoenak ezagutzea, eta Nafarroako Geografia eta Historia eta haren hizkuntza, kultura eta ohitura aniztasuna ezagutzen hastea.

i) Oinarrizko konpetentzia teknologikoak garatzea eta horiek ikaskuntzarako erabiltzen hastea, eta haien funtzionamenduarekiko eta jasotzen eta lantzen dituzten mezuekiko espiritu kritikoa garatzea.

j) Irudikapen eta adierazpen artistikoak erabiltzea eta ikusizko nahiz ikus-entzunezko proposamenak eraikitzen hastea.

k) Higienea eta osasuna balioestea, norberaren eta besteen gorputza onartzea, desberdintasunak errespetatzea, eta gorputz-hezkuntza, kirola eta elikadura garapen pertsonal eta sozialaren aldeko baliabide gisa erabiltzea.

l) Gizakiarengandik hurbilen dauden animaliak ezagutzea eta balioestea, eta haiek zaintzeko eta haiekiko enpatia izateko portaerak hartzea.

m) Nortasunaren eremu guztietan eta besteekiko harremanetan ahalmen afektiboak garatzea, bai eta indarkeriaren, edonolako aurreiritzi eta diskriminazioen eta estereotipo sexisten aurkako jarrera ere.

n) Era aktibo, autonomo eta osasungarrian mugitzeko eguneroko azturak hartzea, eta bide-segurtasunerako hezkuntza eta trafiko-istripuen prebentzioan eragiten duten errespetuzko jarrerak sustatzea.

9. artikulua. Etaparen antolaketa. Arloak.

1. Lehen Hezkuntzako etapa, oro har, arloen arabera antolatzen da. Ikasleek ondoko arlo hauek ikasi behar dituzte etapako ikasmaila guztietan:

a) Ingurune Naturalaren, Sozialaren eta Kulturalaren Ezagutza; Natur Zientzietan eta Gizarte Zientzietan banatu daiteke.

b) Arte Hezkuntza; bitan banatu daiteke: batetik, Plastika eta Ikus Hezkuntza eta, bestetik, Musika eta Dantza.

c) Gorputz Hezkuntza.

d) Gaztelania eta Literatura.

e) Euskara eta Literatura, hala dagokionean.

f) Atzerriko Hizkuntza.

g) Matematika.

2. Aurreko apartatuan sartutako arloei, Balio Zibikoen eta Etikoen Hezkuntzaren arloa gehituko zaie hirugarren zikloko ikasmailetako batean.

3. Ikastetxeek atzerriko bigarren hizkuntza edo zeharkako arlo bat irakasten ahalko dute, Hezkuntza Departamentuak erregelamenduz ezartzen duen bezala.

4. Hezkuntza Departamentuak erregelamenduz ezarritakoaren arabera, ikasleak Euskara eta Literatura ikasteaz edo ebaluatua izateaz salbuesten ahalko dira. Beti bermatuko da, halere, bi hizkuntza ofizialetan behar adinako hizkuntza konpetentziaren helburua.

5. Ikasleen esperientziak eta ikaskuntzak bateratu beharra dagoenez, arloen araberako antolaketak ez du ukatzen etaparen izaera globala.

6. Era berean, ikastetxeek arloak esparrutan multzokatzen ahalko dituzte, Hezkuntza Departamentuak horri dagokionez ezartzen duenaren barruan betiere. Esparruak ezartzen badira, horien curriculumean sartuko dira osatzen dituzten arloetako konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta oinarrizko jakintzak. Ondorio horietarako, esparru bakoitzaren eskola ordutegia hura osatzen duten arlo guztien batura izanen da.

7. Ulertu behar da arloei edo, hala dagokionean, esparruei esleitutako eskola-orduak direla haietako bakoitzean lan egiteko beharrezkoa den denbora, etaparen izaera globala eta integratzaileari kalte egin gabe.

8. Ikastetxeek zenbat eskola-ordu izanen dituzten zehaztuko du Hezkuntza Departamentuak, etapako konpetentzia guztien garapen integratua bermatzeko eta zeharkako edukiak arlo eta esparru guztietan sartuko direla bermatzeko.

9. Inklusioa indartzeko, Hezkuntza Departamentuak, banako desberdintasunei arreta jartze aldera, desgaitasuna duten ikasleek erabiltzen dituzten komunikazio-moduak eta euskarriak ezagutzea eta horiez ohartzea sar dezake bere hezkuntza-eskaintzan: komunikazio-sistema handigarriak eta alternatiboak ezagutzea, baita ahozko komunikaziorako laguntza-produktuak eta Espainiako zeinu-hizkuntzak ere.

10. artikulua. Irteera-profila, funtsezko konpetentziak eta deskriptore eragileak.

1. Foru dekretu honen I. eranskinean ezartzen da irteera-profila; bertan jasotzen dira funtsezko konpetentziak, deskriptore eragileen bidez zehaztuta, zeinak orientabideak baitira Lehen Hezkuntza bukatzean espero den jardun-mailaz eta, aldi berean, Oinarrizko Irakaskuntzaren bi etapen arteko jarraitutasuna, koherentzia eta kohesioa ahalbidetzen eta esplizitatzen baitituzte.

2. Ikastetxeek beren hezkuntza proiektuetan foru dekretu honetan ezarritako curriculumaz egiten duten zehaztapenerako erreferentea izanen da aipatutako irteera-profila.

3. Hauek dira funtsezko konpetentziak, etapa osorako komunak direnak:

–Hizkuntza komunikaziorako konpetentzia.

–Eleaniztasunerako konpetentzia.

–Matematikarako konpetentzia, eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia.

–Konpetentzia digitala.

–Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa.

–Herritar konpetentzia.

–Ekimenerako konpetentzia.

–Kulturaren kontzientzia eta adierazpenerako konpetentzia.

4. Foru dekretu honetan ezarritako irakaskuntzen helburua da irteera-profilean aurreikusitako funtsezko konpetentziak gara daitezen bermatzea.

11. artikulua. Konpetentzia espezifikoak, metodo pedagogikoak, ebaluazio irizpideak, oinarrizko jakintzak eta ikaskuntza egoerak.

1. Foru dekretu honen II. eranskinean arlo bakoitzaren konpetentzia espezifikoak ezartzen dira, etaparen ziklo guztietarako komunak direnak, bai eta arlo bakoitzean ziklo bakoitzerako ezartzen diren ebaluazio irizpideak eta edukiak ere, oinarrizko jakintza gisa emanak.

2. Esparruak ezartzen badira, horien curriculumean sartuko dira osatzen dituzten arloetako konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta oinarrizko jakintzak.

3. Metodo pedagogikoak ikastetxeek beraiek diseinatu eta ezarriko dituzte etapako zikloetako bakoitzean, ikasleei prestakuntza integrala ematea xede, zeinak lagunduko baitie beren nortasuna erabat garatzen eta beharrezko trebakuntza izaten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza aprobetxamenduarekin ikasteko.

4. Funtsezko konpetentziak nahiz konpetentzia espezifikoak bereganatu eta garatzeko, ikaskuntza egoerak planifikatuko ditu irakasle taldeak. Irakasleei beren jarduna errazteko, foru dekretu honen III. eranskinean jaso dira egoera horien diseinurako orientabide batzuk.

12. artikulua. Tutoretza eta orientazioa.

1. Lehen Hezkuntzan, orientazioak eta tutoretza-lanak ikasleen banako eta taldeko hezkuntza prozesuan lagunduko du eta, era berean, elkarrekiko begirunea, aniztasunarekiko errespetua eta berdinen arteko lankidetza sustatuko du, arreta berezia jarriz genero berdintasunari.

2. Tutoretzaren bidez koordinatuko da irakasle guztien hezkuntzaren esku-hartzea eta etengabeko harremana izanen da gurasoekin edo legezko tutoreekin, Hezkuntzarako Eskubideari buruzko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 4.1.d) eta g) artikuluan aitortzen diren eskubideen erabilera errazteko.

3. Hirugarren zikloan, tutoreak koordinatuko du hezkuntza orientaziorako eta orientazio akademiko eta profesionalerako elementuak sartzea, horien barne dela, gutxienez ere, ikasketak eta lanbideak deskubritzen joatea eta estereotipo sexistarik gabeko bokazio interesak sortzea.

13. artikulua. Ebaluazioa.

1. Ikasleen ebaluazioa globala, jarraitua eta prestakuntzakoa izanen da, eta kontuan hartuko du funtsezko konpetentzien garapen-maila eta ikaskuntza prozesu guztietan izandako aurrerapena.

2. Etengabeko ebaluazio-prozesu horren testuinguruan, ikaslearen aurrerapena ez bada egokia hezkuntza-errefortzuko neurriak ezarriko dira. Neurri horiek zailtasunak atzeman bezain laster hartu beharko dira, eta haien helburua izanen da hezkuntza prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoak diren ikaskuntzak bereganatzen direla bermatzea.

3. Ikastetxeek curriculuma indartzeko edo aberasteko planak egiteko orientabideak emanen ditu Hezkuntza Departamentuak, behar hori duten ikasleen konpetentzia-maila hobetu dadin.

4. Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeek bermatuko dute ikasleen eskubidea haien dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez balioetsi eta aitortu daitezen, eta, horretarako, prozedura egokiak ezarriko dituzte, kontuan hartuko dituztenak indarreko legerian xedatutako ebaluazioaren ezaugarriak eta, bereziki, etapa honen ebaluazioaren izaera globala, jarraitua eta prestakuntzakoa. Era berean, sustatuko da oro har erabil daitezela ebaluazio tresna askotarikoak, erabil errazak eta ikaskuntza-egoeretara egokitutakoak, ikasle guztien balorazio objektiboa egin ahal izateko.

5. Ikasturtean egindako jarraipena gorabehera, irakasle taldeak, ikastaldeko tutoreak koordinatuta, modu kolegiatuan baloratuko du ikasleen aurrerapena, ikasturtearen bukaeran eginen den ebaluazio saio bakar batean.

6. Irakasleek ebaluatuko dituzte bai ikasleen ikaskuntzak, bai irakaskuntza-prozesua eta beren irakaslana.

14. artikulua. Mailaz igotzea.

1. Ziklo bakoitzaren bukaeran, irakasle taldeak ikasleak ikasmailaz igotzeari buruzko erabakiak modu kolegiatuan hartuko ditu, eta bereziki kontuan hartuko ditu tutoreak emandako informazioa eta iritzia.

2. Ikasmaila bakoitzean, ikasleak behar den laguntza jasoko du aurreko ikasmailan lortu ez zituen ikaskuntzak berreskuratzeko, halakorik bada.

3. Kasuren batean, ikaslearen curriculum-atzerapenari edo ikasleak ikasteko dituen zailtasunei aurre egiteko aski neurri arrunt, egoki eta pertsonalizatu aplikatu ondoren, irakasle taldeak uste badu, ziklo bukaerako ikasmailaren bukaerako ebaluazio saioan, ikasmaila berean beste urte batez jarraitzea dela neurririk egokiena haren garapena aldezteko, berariazko errefortzu-plan bat antolatuko da, ikasmaila horretan espero den kasuan kasuko konpetentzien bereganatze-maila lor dezan. Erabaki hori behin bakarrik hartzen ahalko da etapan zehar, eta salbuespenezkoa izanen da.

4. Ziklo bakoitza bukatzean, tutoreak, irakasle taldeak emandako informazioa oinarri eta Hezkuntza Departamentuak erabakitzen duen moduan, txosten bat eginen du, ikasle bakoitzak funtsezko konpetentziak noraino bereganatu dituen azalduko duena, eta adieraziko du, halaber, zein diren hurrengo ziklo edo etapan aurreikusi beharko diren errefortzu neurriak.

5. Ikasleen prestakuntza-prozesuaren jarraipena bermatzeko, ikasle bakoitzak txosten bat jasoko du etaparen bukaeran, Hezkuntza Departamentuak xedatzen duenaren araberakoa, haren bilakaerari eta funtsezko konpetentzien garapenari buruzkoa.

15. artikulua. Banako desberdintasunei arreta jartzea.

1. Inklusioa sendotzeko eta kalitatezko hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, etapa honetan garrantzia emanen zaie, bereziki, ikasleen arreta indibidualizatuari, haien premia berariazkoak goiz detektatzeari eta laguntza eta errefortzu mekanismoak ezartzeari, ikasleak ikasmaila berean gelditzea saihesteko, batez ere gizarte egoera ahulean daudenen artean.

2. Hezkuntza Departamentuak ezarritakoaren barruan, ikastetxeek, beren ikasleen banako potentziala ahalik eta gehien garatze aldera, behar diren neurriak hartuko dituzte haien hezkuntza premiei erantzuteko, haien erritmo eta ikaskuntza estiloak kontuan hartuta. Horretarako, ikastetxeek arlo, ikasketa, espazio eta denboren antolaketa malgutzeko neurriak ezartzen ahalko dituzte, eta alternatiba metodologikoak sustatzen, ikasle guztien ikasteko gaitasuna eta emaitzak pertsonalizatzeko eta hobetzeko.

3. Neurri horiek ikastetxeen hezkuntza proiektuen parte izanen dira, eta ikasle guztiek Lehen Hezkuntzaren bukaeran, irteera-profilaren arabera, espero den konpetentzia-maila eta etapako helburuak lortzea ahalbidetzera bideratuko dira, eta hortaz, neurri horien onura hartzen dutenentzat ez dute ekarriko inolako diskriminaziorik, hurrengo ziklo edo etapara igotzea galaraziko dienik.

4. Ikasteko zailtasunak detektatu bezain laster abian jarriko diren laguntza eta errefortzu mekanismoak antolaketakoak, curriculumekoak eta metodologikoak izanen dira. Neurri horien artean sar daitezke ikastalde arruntean laguntza jasotzea, taldekatze malguak edo curriculumaren egokitzapenak.

16. artikulua. Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleak.

A) Printzipio orokorrak.

1. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleak dira hezkuntza arreta arruntaz bestelakoa behar dutenak, hezkuntza premia bereziak dituztelako, heltze prozesuko atzerapenagatik, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduengatik, arretaren edo ikasteko prozesuaren nahasmenduengatik, ikaskuntzarako hizkuntzaren ezezagutza handiagatik, gizarte eta hezkuntza ahulezia egoeran egoteagatik, adimen gaitasun handiak izateagatik, hezkuntza sisteman berandu sartzeagatik edo baldintza pertsonalengatik edo eskola historiaren baldintzengatik.

2. Ikasteko zailtasunak detektatu eta berehala neurri inklusiboak hartuko dira, antolaketakoak, curriculumekoak eta metodologikoak, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleek etapako helburuak eta konpetentziak lortu ahal izateko. Neurri horietako batzuk izan daitezke talde arruntean laguntza ematea, taldekatze malguak egitea edo curriculumaren egokitzapenak, bai eta malgutzearen alde egitea eta alternatiba metodologikoak erabiltzea atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzan eta ebaluazioan, batez ere hura ulertzeko eta erabiltzeko zailtasunak dituzten ikasleen kasuan.

3. Era berean, ikastetxeek behar diren neurri egokienak ezarriko dituzte ebaluazioarekin lotutako prozesuak egiteko baldintzak ikasle horien beharretara egokitu daitezen.

B) Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak.

1. Hauek dira hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak: hezkuntza jasotzea, eskolan egotea, parte hartzea edo ikastea mugatzen dieten oztopoak dituztenak –desgaitasunak edo jokabidearen, komunikazioaren eta hizkuntzaren nahasmendu larriak dituztelako eskolatze-aldiaren tarte batean edo eskolatze-aldi osoan–, berariazko hezkuntza-laguntza eta -arreta batzuk behar dituztenak haien garapen-mailarekin bat datozen ikaskuntza-helburuak betetzeko.

2. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei erantzuna emateko, ikastetxeek egokitzapenak ezartzen ahalko dituzte, curriculumaren ebaluazio irizpideetatik eta oinarrizko jakintzetatik nabarmen aldentzen direnak, etapako funtsezko konpetentziak eta helburuak ahalik eta gehien garatzeko aukera emateko xedearekin.

3. Egokitzapen horiek beharrezkoak diren arloetan, ebaluazio jarraitua egiteko erreferenteak egokitzapenetan finkatutako curriculum elementuak izanen dira, eta horrek ez die galaraziko ikasleei zikloz edo etapaz igotzea.

4. Ikasle horien hezkuntza-premiak ahal bezain laster identifikatu eta baloratuko dituzte horretan aditu diren profesionalek, Hezkuntza Departamentuak finkatzen dituen baldintzetan. Prozesu horretan, nahitaez, entzun egin beharko zaie ikaslearen gurasoei edo legezko tutoreei, eta informazioa eman beharko zaie. Hezkuntza Departamentuak sor daitezkeen desadostasunak konpontzeko prozedurak arautuko ditu, betiere kontuan hartuta adingabearen interes gorena eta erregimen inklusiboena lehenesten duten familien borondatea.

C) Ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten ikasleak.

1. Ikasle horien hezkuntza-premiak ahal bezain laster identifikatu eta baloratuko dira, eta horietarako esku-hartzea ere lehenbailehen eginen da, Hezkuntza Departamentuak finkatzen dituen baldintzetan.

2. Ikasle horien eskolatzea normalizazio eta inklusio printzipioek arautuko dute; eskolatzeak diskriminaziorik ez egotea ziurtatuko du, bai eta hezkuntza sisteman sartzeko eta egoteko berdintasun efektiboa ere.

D) Espainiako hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleak.

1. Espainiako hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleak eskolatzeko, kontuan hartuko dira haien egoera, ezagutzak, adina eta historia akademikoa. Eskolatze hizkuntzan edo hizkuntzetan gabezia handiak baldin badituzte, arreta berariazkoa jasoko dute, ikastalde arruntetan eskolatzearekin batera betiere, eta talde horiekin eginen du ahalik eta eskola-ordu gehien astean.

2. Dena dela, curriculumeko konpetentzia-mailan ziklo bateko edo gehiagoko atzerapena dutenak adinagatik dagokiena baino ikasmaila bat beherago eskolatzen ahalko dira. Ikasle horientzat behar diren errefortzu neurriak hartuko dira, eskolan integratzen eta atzerapena gainditzen laguntzeko eta ikasketak aprobetxamenduarekin egiten jarrai dezaten. Atzerapen hori gainditzen bada, adinaren arabera dagokion mailan sartuko da ikaslea.

E) Adimen-gaitasun handiko ikasleak.

1. Ikastetxeek behar diren neurriak hartuko dituzte adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleak identifikatzeko eta haien beharren balorazio goiztiarra egiteko. Horrekin batera, behar horietarako egokiak diren jarduketa planak eta curriculuma aberasteko programak ezarriko dituzte, ikasle horiei beren gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko aukera emanen dietenak.

2. Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintzetan, adimen-gaitasun handiak dituzten ikasleen eskolatzea malgutzen ahalko da, etapako iraupena ikasmaila bat murrizteko, aurreikusten denean hori dela neurri egokiena ikaslearen oreka pertsonala eta sozializazioa garatzeko, baldin eta neurri arruntak aski izan ez badira ikaslearen hezkuntza beharrei erantzuteko.

17. artikulua. Ikastetxeen autonomia.

1. Hezkuntza Departamentuak erraztuko die ikastetxeei beren autonomia pedagogikoaz, antolaketakoaz eta kudeaketakoaz baliatzea, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren V. tituluko II. kapituluan eta lege hori garatzen duten arauetan jasotako baldintzekin.

2. Halaber, curriculuma garatzen lagunduko du eta, zeregin horretan, bide emanen du irakaskuntzako programaziorako eta material didaktikoetarako eredu irekiak egin daitezen, horien bidez ikasleen eta irakasleen beharrei erantzuteko, betiere Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren printzipioei men eginez, eta bultzatuko du ikastetxeek arlo, ikasketa, espazio eta denboren antolaketa malgutzeko neurriak ezar ditzaten eta alternatiba metodologikoak susta ditzaten, ikasle guztien ikasteko gaitasuna eta emaitzak pertsonalizatzeko eta hobetzeko.

3. Hezkuntza Departamentuak ezarritako curriculumaren zehaztapena finkatuko dute ikastetxeek, eta beren hezkuntza proiektuetan txertatuko dute. Zehaztapen horrek bultzatu eta garatuko ditu herritar aktibo izatera bideratuta eta konpetentzietan oinarrituta dagoen ikaskuntzari dagozkion printzipioak, helburuak eta metodologia.

4. Ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, hainbat alderdi ezartzen ahalko dituzte: esperimentazioak, berrikuntza pedagogikoak, hezkuntza-programak, lan-planak, antolatzeko moduak, bizikidetza-arauak, eskola-egutegia edo arloen nahiz esparruen eskola-ordutegia zabaltzea; betiere Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintzetan eginen dute, eta aplikatzekoa den araudiak, baita lanari buruzkoak ere, ahalbidetzen duen neurrian. Edonola ere, horrek ez du inolako diskriminaziorik ekarriko eta gurasoei edo legezko tutoreei ez zaie ekarpenik egin beharra ezarriko, ezta departamentuarentzako exijentziarik ere.

5. Ikastetxeek, halaber, ikasleen familiekin edo legezko tutoreekin hezkuntza konpromisoak sustatuko dituzte, non jasoko baita hezkuntza komunitateko kideek hitz ematen dutela ikasleen aurrerapen akademikoari laguntzeko zenbait jarduera betetzeko, eta zein diren jarduera horiek.

6. Prestakuntza prozesuaren jarraitutasuna eta Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara eta bertatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara trantsizioa eta bilakaera positiboak izan daitezen bermatzeko, Hezkuntza Departamentuak eta ikastetxeek etapen arteko koordinazioari laguntzeko mekanismoak ezarriko dituzte.

18. artikulua. Ebaluazio diagnostikoa.

1. Lehen Hezkuntzako laugarren mailan, ikasleek lortutako konpetentzien ebaluazio diagnostikoa eginen dute ikastetxe guztiek. Ebaluazio hori, Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoa, informatzailea, prestakuntzakoa eta orientatzailea izanen da ikastetxeentzat, irakasle, ikasle zein familientzat edo legezko tutoreentzat eta hezkuntza-komunitate osoarentzat. Ebaluazio hori zentsala izanen da eta haren erreferentzia esparrua maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 144.1 artikuluarekin bat ezarritakoa.

2. Aipatutako lege organikoaren 121. artikuluan aipatzen diren hobekuntza planen esparruan, eta ebaluazio diagnostikoaren emaitzak aztertuta, Hezkuntza Departamentuak sustatuko du ikastetxeek jarduera proposamenak egin ditzatela, horien bidez ikasleek konpetentziak lor ditzaten laguntzeko, hezkuntzaren kalitatea eta ekitatea hobetzeko neurriak hartzeko eta irakaslana orientatzeko.

19. artikulua. Gurasoen eta legezko tutoreen parte-hartzea eta informazioa jasotzeko eskubidea.

Gurasoek eta legezko tutoreek beren seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza prozesuaren bilakaeran parte hartu beharko dute eta hura babestu, ikastetxeek ikasleen aurrerapena errazteko hartzen dituzten laguntza edo errefortzu neurrietan lagunduta. Horrez gain, eskubidea izanen dute ikasleen ebaluazioari eta igoerari dagozkien erabakiak ezagutzeko, bai eta ebaluazio horren agiri ofizialak, probak eta agiriak ere, kasuan kasuko ikasleari dagokion zatian, horrek galarazi gabe Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta datu pertsonalen babesaren arloko araudi aplikagarrian ezarritako bermeak errespetatzea.

20. artikulua. Ebaluazio agiriak eta txostenak.

1. Lehen Hezkuntzan, ebaluazio agiri ofizialak honakoak dira: ebaluazio aktak, ikasketa espedientea, historia akademikoa, etaparen bukaerako txostena eta, hala dagokionez, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.

2. Historia akademikoa eta, hala dagokionean, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala oinarrizko agiriak dira ikasleak mugikortasunaz baliatu ahal izan daitezen Espainiako lurralde guztian.

3. Hezkuntza Departamentuak ezarriko ditu ziklo eta etapa bukaerako txostenen ezaugarriak, foru dekretu honen 14. artikuluko 4. eta 5. apartatuetan aipatzen direnenak.

4. Ebaluazio agiri ofizialetan foru dekretu honen aipamena jaso beharko da. Agiriek Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo izan behar dutenean eragina, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

21. artikulua. Ebaluazio aktak.

1. Ebaluazio aktak ikasmaila bakoitzerako eginen dira, eta eskolaldi arrunta bukatzean itxiko dira. Gutxienez ere taldea osatzen duten ikasleen izen-zerrenda jasoko dute, arlo edo esparruen ebaluazioaren emaitzekin eta ikasmailaz igotzeaz edo maila berean jarraitzeaz hartutako erabakiekin batera.

2. Arlo edo esparruen ebaluazioaren emaitzak honela adieraziko dira: Gutxiegi (GU), kalifikazio negatiboen kasuan, eta Nahikoa (NA), Ongi (ON), Oso Ongi (OO) edo Bikain (BI), kalifikazio positiboen kasuan.

3. Arlo bat baino gehiago dituzten esparruen kasuan, ebaluazioaren emaitza kalifikazio bakar batekin adieraziko da, horrek galarazi gabe prozedurak ezartzea ikasleak eta haren gurasoek edo legezko tutoreek informazioa izan dezaten arlo bakoitzean duen bilakaeraz.

4. Ebaluazio aktak taldeko tutoreak izenpetuko ditu eta ikastetxeko zuzendariak ontzat eman.

22. artikulua. Ikasketa espedientea.

1. Ikasketa espedientean bilduko dira ikastetxearen identifikazio datuak, ikaslearenak eta ikaslearen ebaluazio prozesuari buruzko informazioa. Ikastetxean sartzean irekiko da eta, gutxienez ere, honakoak jasoko ditu: arlo edo esparruetako ebaluazioaren emaitzak, etapaz igotzeari buruzko erabakiak, hezkuntza-laguntzako neurriak eta ikaslearentzat egin diren curriculum egokitzapenak.

2. Ikasleak arloren bat esparru batean sartuta ikasi badu, espedientean esparruaren izena jasoko da, espres adierazita zer arlo sartzen diren haren barnean.

3. Ikasketa espedienteen zaintza eta artxiboa kasuan kasuko ikasketak egin diren ikastetxeei dagozkie, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko ditu.

23. artikulua. Historia akademikoa.

1. Ikasketen historiak ikastetxeko zuzendariaren ontzat emana jasota izanen du, eta egindako ikasketak egiaztatzeko balioa. Gutxienez ere honakoak jasoko ditu: ikaslearen identifikazio datuak, eskola urteetako bakoitzean ikasitako arloak, aplikatutako curriculum eta antolaketa neurriak, ebaluazioaren emaitzak, mailaz igotzeaz eta maila berean gelditzeaz hartutako erabakiak, ikastetxe aldaketei buruzko informazioa eta aipatutako gertaera guztien datak. Era berean, adierazi beharko da ikasleak zein arlo ikasi duen curriculum egokitzapen esanguratsuekin, halakorik bada.

2. Ikasleen mugikortasuna bermatzearren, ikasleak arlo batzuk esparru batean sartuta ikasi baldin baditu, haietako bakoitzean lortutako kalifikazioa jasoko da historian. Kalifikazio hori izanen da kasuan kasuko esparrurako espedientean ageri den berbera.

3. Etapa bukatu ondoren, Lehen Hezkuntzako historia akademikoa ikaslearen gurasoei edo legezko tutoreei emanen zaie. Historia akademikoaren eta etapako amaierako txostenaren kopia bidaliko da, halaber, ikasleak ikasten jarraitu behar duen Bigarren Hezkuntzako ikastetxera, ikastetxe horrek eskatu ondoren.

24. artikulua. Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.

1. Ikaslea etapa bukatu aurretik beste ikastetxe batera mugituz gero, jatorrizko ikastetxeak destinokora bidali behar du lekualdatzeagatiko txosten pertsonala, destinokoak eskatuta, historia akademikoaren kopia batekin batera. Hura jasotzen duen ikastetxeak ikaslearen ikasketa espedientea irekiko du, eta matrikulazio berria behin betiko bihurtuko da behin historia akademikoaren kopia jaso ondoren.

2. Lekualdatzeagatiko txosten pertsonalean jasoko dira egindako ebaluazioen emaitzak, curriculum eta antolaketa neurriak, aplikatu baldin badira, eta ikaslearen aurrerapen orokorrari buruz egokitzat jotzen diren ohar guztiak.

25. artikulua. Benetakotasuna, segurtasuna eta konfidentzialtasuna.

1. Hezkuntza Departamentuak prozedura egokiak ezarriko ditu ebaluazio agiri ofizialen benetakotasuna, horietan jasotako datuen osotasuna eta haien gainbegiratzea eta zaintza bermatzeko, bai eta gorde eta lekualdatzeko ere, ikastetxea desagertu edo azkentzen bada.

2. Ikaslearen datu pertsonalak lortzeari, datu horiek ikastetxe batetik bestera lagatzeari eta datuen segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

3. Ebaluazio agiri ofizialak eta horiek baliozkotzeko prozedurak, aurreko apartatuetan deskribatzen direnak, bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoekin egindako beste agiri baliokide batzuekin ordezten ahalko dira, baldin eta ziurtatzen badira haien benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, eta betetzen badira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta berau garatzen duen araudiak ezarritako bermeak eta baldintzak.

4. Ikaslearen espediente elektronikoa, gutxienez ere, ebaluazio agiri ofizialetan dauden datuek osatuko dute, eta bete beharko du Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Ezarpena eta ordutegia.

Hezkuntza Departamentuak foru agindu baten bidez arautuko ditu irakaskuntza hauen ezarpena eta ordutegia.

Bigarren xedapen gehigarria.–Erlijio irakaskuntza.

1. Erlijio irakaskuntza sartuko dira Lehen Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta antolamendua ezartzen dituen martxoaren 1eko 157/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz; izan ere, errege dekretu horrek garatzen du Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bigarren xedapen gehigarrian jasotakoa.

2. Hezkuntza Departamentuak bermatuko du ikasturtearen hasieran ikasleen gurasoek edo legezko tutoreek adierazi ahal izatea zer nahi duten, seme-alabek edo tutoretzapekoek erlijio irakaskuntza jasotzea ala ez.

3. Ikastetxeek behar diren antolaketa neurriak hartuko dituzte, gurasoek edo tutoreek beren seme-alabek edo tutoretzapekoek erlijio irakaskuntza jasotzea aukeratu badute, ikasle horiek behar bezalako hezkuntza arreta jaso dezaten. Arreta hori ikastetxeek planifikatu eta programatuko dute, halako moduan non bideratuko baita funtsezko konpetentziak garatzera, ikasleentzat esanguratsuak diren proiektuak eginda eta arazoak elkarlanean konponduta, autoestimua, autonomia, hausnarketa eta erantzukizuna sendotzearekin batera. Proposatutako jarduerak beti egonen dira zuzenduta curriculumaren alderdi zeharkakoenak sendotzera eta diziplinartekotasuna eta jakintzen arteko loturak sustatzera. Apartatu honetan aipatzen diren jarduerek ez dute inola ere ekarriko erlijioaren ezagutzarekin edo etapako ezein arlorekin lotutako curriculum edukiak ikastea.

4. Erlijio katolikoaren irakaskuntzaren curriculuma eta Estatu espainiarrarekin hezkuntza arlorako lankidetza hitzarmenak sinatu dituzten gainerako konfesioen curriculumak elizaren hierarkiak eta erlijio bakoitzeko agintariek ezarriko dituzte, hurrenez hurren.

5. Erlijio katolikoaren irakaskuntzaren ebaluazioa Lehen Hezkuntzako gainerako arloetakoak egiten diren bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berdinak izanen ditu. Erlijio konfesioen irakaskuntzaren ebaluazioak Estatuarekin izenpetutako lankidetza hitzarmenetan ezarritakoa beteko du.

6. Ikasle guztien berdintasunaren printzipioa eta konkurrentzia librea bermatzeko, erlijioaren irakaskuntzaren ebaluazioan lortutako kalifikazioak ez dira kontatuko ikasketa espedienteen arteko konkurrentzia egin beharreko deialdietan.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Atzerriko hizkuntzetan ematen diren Espainiako hezkuntza-sistemako irakaskuntzak.

Hezkuntza Departamentuak baimentzen ahalko du curriculumaren arloetako zati bat atzerriko hizkuntzetan ikastea, baina horrek ez ditu aldatuko foru dekretu honetan arautzen diren curriculumaren oinarrizko alderdiak. Halakoetan, ahalegina eginen da etapan zehar ikasleek arloen berezko terminologia beregana dezaten bai atzerriko hizkuntzan bai gaztelaniaz edo euskaraz, hala dagokionean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra.–Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren aplikagarritasuna 2022-2023 ikasturtean.

1. 2022-2023 ikasturtean, Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako irakaskuntzarako curriculuma ezartzen duen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren arabera araututako irakaskuntza aplikatuko da Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailetan.

2. 2022-2023 ikasturtean, uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren eranskinetan jasotako ikaskuntza estandar ebaluagarriek orientabide izaera baizik ez dute izanen Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailetan.

Bigarren xedapen iragankorra.–2022-2023 ikasturteko ebaluazioa.

2022-2023 ikasturtean, Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailetan aplikatzekoa izanen da Lehen Hezkuntzako ebaluazioa eta igoera, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ebaluazioa, igoera eta titulazioa arautzen dituen azaroaren 16ko 984/2021 Errege Dekretuaren I. eta II. kapituluetan xedatutakoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.

1. Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako irakaskuntzaren curriculuma ezartzen duen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretua indargabetzen da.

2. Maila bereko edo apalagoko arauetan, berriz, indargabetzen da foru dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoa den guztia.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Ezarpen egutegia.

Foru dekretu honetan xedatutakoa 2022-2023 ikasturtean ezarriko da lehen, hirugarren eta bosgarren mailetan, eta 2023-2024 ikasturtean bigarren, laugarren eta seigarren mailetan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Arau garapena.

Ahalmena ematen zaio hezkuntza arloko eskumena duen kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betearazi eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko ekainaren 22an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA

Deskargatu curriculum honen dokumentu osoa PDFan:

Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak.

Iragarkiaren kodea: F2209197