129. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6879E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 25eko 2711/2018 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez, nekazaritzaren sektorean kontratazioa sustatzeko dirulaguntzak arautzen dira.

Lan erreformarako, enplegu bermerako eta lan merkatua eraldatzeko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege-dekretuak kontratu motak aldatu ditu, besteak beste, eta, horrenbestez, aldi baterako kontratuak ohiz kanpoko kasuetan bakarrik formalizatzen ahal dira. Hori dela eta, nekazaritza sektorean kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen deialdia aldatu behar da, bakar-bakarrik aldi baterako kontratuak diruz laguntzeko aurreikuspena kenduz; izan ere, lan erreformaren ondoren, formalizatuko diren kontratu gehienak aldizkako kontratu finkoak eta mugagabeak izanen dira, eta ez aldi baterakoak.

Horrenbestez, azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituenak, bere 12. artikuluan ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea goian aipatutako deialdiaren 2.a) oinarria, zeina Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 25eko 2711/2018 Ebazpenaren bidez onetsi baitzen, “aldi baterako” terminoa ezabatuz. Ebazpen horren gainerako testu guztia bere horretan gelditzen da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2208024