126. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

131/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 30ekoa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako hirugarren sektoreko entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat, gizarte berrikuntzako proiektuak egin ditzaten landa-eremuan, gizarte zerbitzuen esparruan, 2022. eta 2023. urteetan. DDBN identifikazioa: 630447.

Urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak ezartzen duenez, Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atalak, zeina Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren barruan baitago, bere eskumeneko esparruan gauzatuko ditu honelako lanak:

–Gizarte berrikuntzako proiektuen sustapena.

–Pertsonen bizi kalitatea hobetzera bideratutako gizarte berrikuntzako proiektuak garatzea.

–Gizarteko erronkei erantzuna ematera bideratutako gizarte berrikuntzako proiektuak garatzea.

–Gizarte berrikuntza eta lankidetzako eremuak bultzatzen dituzten plataforma irekiak sustatzea.

–Nafarroan ere egin daitezkeen gizarte berrikuntzako jardunbideen eta esperientzien zabalkundea.

–Sistematizazioko, ikuskapeneko eta parte hartzeko foro profesionalak indartzea, zabaltzea eta lotzea.

–Ikaskuntza komunitateen garapena sustatzea, batetik, zerbitzuen barnean, profesionalen gaitasunak handitzeko, eta, bestetik, kanpoan, ikusgarri egiteko beste tokietan garatutako esperientziak.

–Gizarte berrikuntzaren arloko Europar Batasuneko proiektuak sustatzea.

–Sozialki berritzaileak diren praktikak sustatzea eta trukatzea Europako programen esparruan.

–Garapen jasangarrirako 2030 Agenda koordinatzea eta sustatzea departamentuan.

2020ko uztailaren 21ean, Kontseilu Europarrak Next Generation EU suspertze-funtsa onestea adostu zuen, Europar Batasuneko estatuei laguntza emateko COVID-19aren pandemiaren testuinguruan.

2021eko otsailaren 12an, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) onetsi zen, funts horien zenbatekorik handiena duen blokea; 2021-2026 aldian Europako ekonomian aldaketa eraginen duten inbertsio eta aldaketa jakin batzuk egitera dago bideraturik, ahal dela 2021tik 2023ra gauzatu daitezen. SEMen helburua da, besteak beste, “Batasunaren kohesio ekonomikoa, soziala eta lurraldekoa sustatzea, erresilientzia, krisiei aurre egiteko prestasuna, egokitzeko gaitasuna eta Europako estatuen hazkunde potentziala hobetze aldera, horrela arintzeko krisiak gizartean eta ekonomian izan duen eragina, emakumeenganakoa bereziki, eta ekarpena egiteko Europako oinarri diren eskubide sozialak aplikatu daitezen”.

Espainian, SEMen finantzaketa Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) oinarri hartuta gauzatuko da. Plan hori Europako Batzordeari aurkeztu zion Espainiako Gobernuak, eta 2021eko uztailean onetsi zen; elkarren artean lotuta dauden inbertsio eta egiturazko aldaketen agenda garrantzitsua ezartzen du plan horrek, zeharkako lau helburu erdietsi nahi baititu: Espainia berdeagoa, digitalagoa, lurraldearen zein gizartearen ikuspegitik kohesio handiagokoa eta berdinzaleagoa izan dadin.

SEEPen egiturak 10 politika eragile eta 30 osagai ditu; 22. osagaia –Zaintzen ekonomia eta berdintasun- eta inklusio-politikak indartzea– gizarte zerbitzuak eraldatzera dago bideraturik nagusiki, eta, horretarako, iraupen luzeko zaintza ereduak aldatzea sustatzen du, pertsonarengan arreta handiagoa jartzen duen eredu bat eta desinstituzionalizazioa helburu. 22. osagaiko inbertsioen barruan sartu da zenbait proiektu piloturen finantzaketa, xede baitute gizarte zerbitzuen berrikuntza eta hobekuntza sustatzen duten arreta eredu berriak esperimentatzea.

Joan den 2021eko uztailaren 16an, Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten 22. osagaiaren esparruko proiektuak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako funts europarren kargura gauzatzeko. Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 39.582.262,00 euro kudeatu behar ditu 2021 eta 2023 bitartean.

Nafarroako Gobernuak funts horiekin sustatu nahi izan dituen inbertsioetako bat da gizarte berrikuntzako proiektuen finantzaketa; izan ere, Nafarroako hirugarren sektoreko entitateek urteak daramatzate arlo horretan munta handiko proiektuak egiten, iraupen luzeko zainketei eta pertsona kalteberei arreta eman eta lagun egiteari loturik, Nafarroako Gobernuak, azken legegintzalditik, horiei bultzada ematen baitie zenbait politika publikoren bitartez:

–Nafarroako Gizarte Zerbitzuen 2019-2023 Plan Estrategikoa, zeinak gizarte zerbitzuen eredu berria proposatu baitu. Eredu horren balio erantsia da lidergo publikoa duten eragileen ekosistema parte-hartzaile batean sinergia berriak bilatzen direla, ereduak gizarte berrikuntza eta berrikuntza teknologikoa bultzatzen baitu, hirugarren sektorearekiko elkarlana barne harturik.

–Nafarroa Sustatu 2020-2023 Plana; bere esku-hartze eremuetako bik lotura estua dute proiektu honekin. Gizartearen kohesioa handitu eta aukera berdintasuna bermatzea da horietako bat. Bestea, lurraldea egituratu eta despopulazioaren aurka borrokatzeko jarduketekin dago loturik: beharrezko diren azpiegituretan inbertitzea, eskualde eta udalerrien zereginak sendotzea eta aurrera egitea landa-eremuari garapen aukera berriak emateko. Halako jarduketei heltzeko beharrezkoa da Foru Komunitateko eragile ekonomiko eta sozialen artean aliantzak eratzea, elkarrizketa sozialaren esparruan, arlo publikoa, pribatua eta soziala elkarlanean ariturik.

Nafarroako Gobernuak Europako Eskualdeetako Komiteak duen ikuspegi berbera sustatzen jarraitu nahi du, hots, “berrikuntza soziala oso garrantzitsua da gizartearen, ekonomiaren eta lurraldearen kohesioa lortzeari begira”, eta “tresna ona izan daiteke gizartearen erronka guztiei aurre egiteko. Erronka horietako batzuk dira hauek: gazteen langabeziari aurre egin, adinekoen zaintza eta autonomia lagundu, lan-merkatuan sartzeko zailtasun gehien dituztenen laneratzea bultzatu eta lurralde periferikoak, erronka demografikoei aurre egin behar dieten eskualdeak eta gainbeheran dauden hiriguneak biziberritu”.

Ikusirik espedientean ageri diren txosten tekniko eta juridikoak, zeinek erakusten baitute dirulaguntzen deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela (Nafarroako hirugarren sektoreko entitateei dirulaguntzak, gizarte berrikuntzako proiektuak egin ditzaten landa-eremuan, gizarte zerbitzuen esparruan, 2022. eta 2023. urteetan), eta deialdiaren zein haren oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea bai Nafarroako hirugarren sektoreko entitateei dirulaguntzak emateko deialdia, gizarte berrikuntzako proiektuak egin ditzaten landa-eremuan, gizarte zerbitzuen esparruan, 2022. eta 2023. urteetan, bai deialdiaren oinarri arautzaileak, zeinak I. eranskinean jaso baitira.

2. Foru agindu honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko, urte anitzeko gastua baimentzea, guztira 1.400.530 eurokoa, jarraian aipatzen den partidaren kargura edo 2022ko eta 2023ko ekitaldietarako gaitzen diren antzekoen kargura.

AURREKONTUKO PARTIDA

2022

2023

92100 910001 4819 231000 “SEM Landa berrikuntzako proiektuetarako dirulaguntza arruntak”

541.170 euro

858.830 euro

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

5. Foru agindu hau igortzea Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzura, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalaren Kontabilitate Zentrora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 30ean.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

ERANSKINA

Nafarroako hirugarren sektoreko entitateei dirulaguntzak emateko deialdia, gizarte berrikuntzako proiektuak egin ditzaten landa-eremuan, gizarte zerbitzuen esparruan, 2022. eta 2023. urteetan.
Oinarri arautzaileak

ZIOEN AZALPENA

1. Xedea.

2. Entitate onuradunen betebeharrak.

3. Proiektu diruz lagungarriak:

3.1. Deskribapen orokorra.

3.2. Bat etortzea SEEPen 22. osagaiarekin.

3.3. Genero ikuspegia.

3.4. Gizarte berrikuntzako osagaiak.

3.5. Kontrol eta jarraipenerako sistemak.

3.6. Ebaluazio sistema.

4. Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

5. Kontzeptu diruz lagungarriak:

5.1. Kostuak.

5.2. Diru-sarrerak.

5.3. Hornitzaileak.

6. Hautapen eta balorazio irizpideak:

6.1. Entitatea eta giza taldea: 25 puntu.

6.2. Proposamenaren kalitatea: 75 puntu.

7. Gauzatze-epea.

8. Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko hasierako dokumentazioa:

8.1. Dokumentazioa.

8.2. Salbuespenak.

9. Eskaerak aurkezteko epea eta modua:

9.1. Eskaerak.

9.2. Zuzenketak.

10. Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa:

10.1. Konkurrentzia.

10.2. Organo kudeatzailea.

10.3. Berdinketak ebaztea.

11. Ebazpena:

11.1. Organoa.

11.2. Motibazioa.

11.3. Publizitatea.

11.4. Errekurtsoak.

12. Emandako dirulaguntzari uko egitea.

13. Aldaketak diruz lagundutako proiektuan:

13.1. Kronograma.

13.2. Baimendu daitezkeen aldaketak.

13.3. Aldaketak eskatzeko mekanismoa.

14. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

15. Proiektuaren jarraipena eta kontrola.

16. Proiektua ebaluatzeko sistema.

17. Dirulaguntza ordaintzeko beharrezkoak diren frogagiriak:

17.1. Jarraipen ekonomikoa eta memoria ekonomikoak.

17.2. Jarraipena egiteko informazioa eta kontrola.

17.3. Ordainketa eskaera.

17.4. Ordainketaren frogagiria ez aurkeztearen ondorioak.

18. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea:

18.1. Justifikatu ondorengo ordainketa.

18.2. Ordainketa aurreratua.

19. Bateragarritasuna.

20. Betebeharrak.

21. Dirulaguntzak itzultzea:

21.1. Dirulaguntzak emateko ebazpenaren baliogabetasuna.

21.2. Ez-betetze partziala.

22. Arau-hausteak eta zehapenak.

23. Errekurtsoak.

24. Iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, atzemateko eta zuzentzeko neurriak.

25. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean inskribatzea eta benetako titulartasunetara sartzea.

26. Araudi osagarria.

ZIOEN AZALPENA

2021eko otsailaren 12an, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) onetsi zen, Europar Batasunak, COVID-19aren pandemiaren ostean, Europa suspertzeko gaitu dituen Next Generation funtsen zenbatekorik handiena duen blokea. SEMen finantzaketa Europako ekonomian aldaketa eraginen duten inbertsio eta aldaketa jakin batzuk egitera dago bideraturik (2021-2026 aldian, ahal dela 2021tik 2023ra gauzatu daitezen). SEMen helburua da, besteak beste, Batasunaren kohesio ekonomikoa, soziala eta lurraldekoa sustatzea, erresilientzia, krisiei aurre egiteko prestasuna, egokitzeko gaitasuna eta Europako estatuen hazkunde potentziala hobetze aldera, horrela arintzeko krisiak gizartean eta ekonomian izan duen eragina, emakumeenganakoa bereziki, eta ekarpena egiteko Europako oinarri diren eskubide sozialak aplikatu daitezen.

Espainian, SEMen finantzaketa Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) oinarri hartuta gauzatuko da. Plan hori Europako Batzordeari aurkeztu zion Espainiako Gobernuak, eta 2021eko uztailean onetsi zen; elkarren artean lotuta dauden inbertsio eta egiturazko aldaketen agenda garrantzitsua ezartzen du plan horrek, zeharkako lau helburu erdietsi nahi baititu: Espainia berdeagoa, digitalagoa, lurraldearen zein gizartearen ikuspegitik kohesio handiagokoa eta berdinzaleagoa izan dadin.

Horrez gain, baimenduko diren helburu estrategikoak, eraldatzeak eta inbertsioak gidatuko dituen tresnak gaitu zituen Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak, zehazki, agindu hauen bidez: HFP/1030/2021 Agindua, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duena, eta HFP/1031/2021 Agindua, Estatuko, erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek hornitu beharreko informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen dituena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien neurriei dagozkien mugarriak, helburuak eta aurrekontu zein kontabilitate arloan gauzatu beharrekoa betetzen dela jarraitzeko.

SEEPen egiturak 10 politika eragile eta 30 osagai ditu; 22. osagaia –Zaintzen ekonomia eta berdintasun- eta inklusio-politikak indartzea– (https://www.lamoncloa.gob.es/temas/fondos-recuperacion/Documents/16062021-Componente22.pdf) gizarte zerbitzuak eraldatzera dago bideraturik nagusiki, eta, horretarako, iraupen luzeko zaintza ereduak aldatzea sustatzen du, pertsonarengan arreta handiagoa jartzen duen eredu bat eta desinstituzionalizazioa helburu. 22. osagaiko inbertsioen barruan sartu da zenbait proiektu piloturen finantzaketa, xede baitute gizarte zerbitzuen berrikuntza eta hobekuntza sustatzen duten arreta eredu berriak esperimentatzea.

2021eko uztailaren 16an, Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten 22. osagaiaren esparruko proiektuak Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik eratorritako funts europarren kargura gauzatzeko. Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak 39.582.262,00 euro kudeatu behar ditu 2021etik 2023ra bitarte.

Nafarroako Gobernuak funts horiekin sustatu nahi izan dituen inbertsioetako bat da gizarte berrikuntzako proiektuen finantzaketa; izan ere, Nafarroako hirugarren sektoreko entitateek urteak daramatzate arlo horretan munta handiko proiektuak egiten, iraupen luzeko zainketei eta pertsona kalteberei arreta eman eta lagun egiteari loturik, Nafarroako Gobernuak, azken legegintzalditik, horiei bultzada ematen baitie zenbait politika publikoren bitartez:

–Nafarroako Gizarte Zerbitzuen 2019-2023 Plan Estrategikoa, zeinak gizarte zerbitzuen eredu berria proposatu baitu. Eredu horren balio erantsia da lidergo publikoa duten eragileen ekosistema parte-hartzaile batean sinergia berriak bilatzen direla, ereduak gizarte berrikuntza eta berrikuntza teknologikoa bultzatzen baitu, hirugarren sektorearekiko elkarlana barne harturik.

–Nafarroa Sustatu 2020-2023 Plana; bere esku-hartze eremuetako bik lotura estua dute proiektu honekin. Gizartearen kohesioa handitu eta aukera berdintasuna bermatzea da horietako bat. Bestea, lurraldea egituratu eta despopulazioaren aurka borrokatzeko jarduketekin dago loturik: beharrezko diren azpiegituretan inbertitzea, eskualde eta udalerrien zereginak sendotzea eta aurrera egitea landa-eremuari garapen aukera berriak emateko. Halako jarduketei heltzeko beharrezkoa da Foru Komunitateko eragile ekonomiko eta sozialen artean aliantzak eratzea, elkarrizketa sozialaren esparruan, arlo publikoa, pribatua eta soziala elkarlanean ariturik.

Nafarroako Gobernuak Europako Eskualdeetako Komiteak duen ikuspegi berbera sustatzen jarraitu nahi du, hots, “berrikuntza soziala oso garrantzitsua da gizartearen, ekonomiaren eta lurraldearen kohesioa lortzeari begira”, eta “tresna ona izan daiteke gizartearen erronka guztiei aurre egiteko. Erronka horietako batzuk dira hauek: gazteen langabeziari aurre egin, adinekoen zaintza eta autonomia lagundu, lan-merkatuan sartzeko zailtasun gehien dituztenen laneratzea bultzatu eta lurralde periferikoak, erronka demografikoei aurre egin behar dieten eskualdeak eta gainbeheran dauden hiriguneak biziberritu”.

Metodologiari dagokionez, egoki jo da Europako Batzordeak gizarte berrikuntzarako gidan definitzen duen gizarte berrikuntzako prozesua, lau fasez osatua:

1. Premia sozial berriak edo erantzun gabeak identifikatzea.

2. Premia horiei erantzuteko irtenbideak garatzea.

3. Irtenbideen eraginkortasuna ebaluatzea.

4. Eraginkorrak diren berrikuntzen eskala eratzea.

Horrez gain, garrantzitsua da berrikuntzako politikek misio bat izatea jomugan, Mariana Mazzucatok idatzitako “Mission-Oriented: Research & Innovation in the European Union” Europako Batzordearen agirian esaten den bezala:

–Jomugan misioak dituzten berrikuntza politikek diagnostiko bat eta helburu argi eta sendoak izan behar dituzte oinarrian.

–Misioek ausartak eta inspiratzaileak izan behar dute, gizartean eragina eduki, askotariko eragileak inplikatzeko gai izan eta zilegitasun soziala bermatu. Kontrastatutako lehentasunak izan behar dute misioen ardatzak, neurgarriak eta iraupen jakin batekoak, misioen araberako proiektuen ebaluazio jarraitua egin ahal izateko, eta ekimen osoaren arrakasta (edo porrota) ebaluatu ahal izateko.

–Asmo handikoak izan behar dute, baina ikerketa eta berrikuntza ekintza zehatzetara eraman, eragileek pizgarriak eduki ditzaten arriskuak hartzerakoan.

–Zeharkakoak eta sektoreartekoak izan behar dute, eta berrikuntzarako bide eman eragileei.

–Azkenik, misioek hainbat irtenbidetara eraman behar dute; izan ere, gizartearen erronkei aurre egiteak berekin dakar berrikuntza sistemikoak garatzea, hala teknologikoak nola sozialak.

Ikuspegi honekin eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketa esparruan, Nafarroako Gobernuak deialdi honen bidez sustatu nahi du Nafarroak landa-eremuan dituen erronka sozial eta demografikoei aurre egitea, eta horretarako, proiektu pilotu berritzaileak finantzatuko ditu, haien bitartez bidea emateko gizarte arretako ereduen aldaketari, pertsonen beharrei erantzute aldera eta Nafarroa aitzindari izan dadin landa garapenean.

1. Xedea.

Agiri honek Nafarroako hirugarren sektoreko entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen du; dirulaguntza horiek emanen zaizkie 2022. eta 2023. urteetan gizarte berrikuntzako proiektuak egin ditzaten, landa-eremuan, gizarte zerbitzuen esparruan.

Deialdiaren xedea da landa-eremuan gizarte berrikuntzako proiektu pilotuak sustatzea, eta ondoren, behien esperimentazioa eta ebaluazioa egindakoan, proiektuak estrapolatu ahal izatea gizarte zerbitzuen sistemara oro har, sistema modernizatzen lagundu dezaten, bai eta gizarte eraldaketa iraunkorrak sortzen ere.

2. Entitate onuradunen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradun izan nahi duten entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea, eta gizarte helburu nagusitzat edukitzea gizarte zerbitzuak ematea eta gizarte-integrazioa.

b) Legearen arabera eratuta egotea, eta dagokion erregistro publikoan behar bezala erregistratuta.

Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

Onuradun izan daitezke pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteak –publikoak nahiz pribatuak–, ondasun erkidegoak eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo jokabideak gauzatu baditzakete edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen badira. Kasu horietan, berariaz adieraziko dira, bai laguntzaren eskaeran, bai laguntza emateko ebazpenean, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta foru lege honetan ezarritako preskripzio epea iragan arte.

3. Proiektu diruz lagungarriak.

3.1. Deskribapen orokorra.

Gizarte berrikuntzako proiektu pilotuak izanen dira diruz lagungarriak, landa-eremuan, eraldaketa sozialak sustatzen badituzte, eta horien esperimentazioaren eta ebaluazioaren ostean gizarte zerbitzuetara oro har estrapolatu badaitezke, haiek modernizatzen laguntzeko.

“Proiektu diruz lagungarriak” zer diren argitzeko asmoz, hona hemen aurreko paragrafoan jasotako termino batzuei ematen diegun esanahia:

–Gizarte berrikuntza: ideia berriak (produktuak, zerbitzuak eta ereduak) garatzea eta abiatzea, gizarte premiei erantzuteko eta gizarte lankidetza edo harreman berriak sortzeko. Gizartea da ardatza, bai helburuan bai bitartekoetan (Europako Batzordearen definizioa).

–Proiektu pilotua: irtenbide berri bat baldintza errealetan eta eskala txikian esperimentatzeko ariketa da; horrela kostu mugatuaz eta maneiatzeko moduko neurrian baliozkotu eta doitu daiteke irtenbidearen funtzionamendua, bideragarritasuna eta eskatzen duena. Tarteko fase instrumental bat da, diseinu kontzeptualaren eta eskala handian abiatzearen artekoa.

–Landa-eremua: Kilometro koadroko 100 biztanle baino gutxiagoko populazio-dentsitatea eta 30.000 biztanletik behera dituzte eskualdeetako udalerriak.

–Eraldaketa soziala: aldaketa iraunkorrak kolektiboen eta interes-taldeen arteko harremanetan, gizarte posizioan, botere harremanetan, egiazko roletan eta/edo esleitutakoetan, eta aldaketa sistemikoak berdintasunik ezaren kausetan eta aurre egin nahi zaien gizarte arazoetan.

3.2. Bat etortzea SEEPen 22. osagaiarekin.

Aurkezten diren gizarte berrikuntzako proiektuek bat etorri beharko dute Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planarekin (“España Puede”), eta, zehazki, horren 22. osagaiarekin, zeinak zaintzen ekonomia eta inklusio-politikak sendotzeko talka-plana baitu hizpide (https://www.lamoncloa.gob.es/temas/fondos-recuperacion/Documents/16062021-Componente22.pdf).

Ideia bat emanen dutelakoan, baina inola ere zentzu mugatzailean, jarraian aipatzen dira delako plan horren gidalerroetako batzuk:

–Gizarte zerbitzuak oro har sendotzea, iraupen luzeko zainketen ereduari arreta berezia jarrita.

–Aldaketa egitea eredu desinstituzionalizatu baterantz, pertsonarengan zentratutako arreta-eredurantz eta komunitate zerbitzuen eta etxeko laguntza garatzea.

–Berrikuntza eta teknologia berriak bultatzea gizarte zerbitzuetan.

–Irisgarritasun unibertsala sustatzea esparru guztietan.

–Bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen dutenen enplegu-tasa handitzea.

–Gizarte babesa eraikitzea, gizarte inklusioa abiapuntu harturik.

–Haur eta nerabeetan inbertitzea, gizarte desabantailen zikloa hausteko.

–Iritsi berriei harrera egiteko gaitasuna eta azpiegiturak garatzea, baita asilo-prozedurak ere.

–Benetako bizileku-askatasuna bermatzea emakumeei lurraldearen barruan, hori baita Erronka Demografikoari aurre egiteko Estatuko Estrategiaren jardun-lerroetako bat.

–Despopulazioak ukitutako eremuetan laguntza ematea erronka demografikoaren helburuei begira, bat etorriz adinekoei, zahartze aktiboari eta mendekotasunaren arretari lotutako ekintzekin.

–Bat egitea Eskubide sozialen Europako Zutabean ezarritako lehentasunekin (sexuen arteko berdintasuna, enplegurako laguntza aktiboa, haurren zaintza, gizarte babesa, gutxieneko errenta, desgaitasuna dutenen inklusioa eta iraupen luzeko zaintzak).

3.3. Genero ikuspegia.

SEEPekin bat etortzeak berekin dakar, halabeharrez, proiektuetan genero-ikuspegia eta -eragina txertatzea. Genero- eta aukera-berdintasuna Planean daude sarturik, lurralde-dimentsioan, bermatu nahi baita printzipio hori betetzen dela, bizilekua edozein delarik ere, bereziki landa-eremuetan, haietan emakumeek desberdintasun arrakala bikoitza jasaten dute eta. Onetsitako erronka demografikoari aurre egiteko 130 neurriren sortan, bada berariazko jardun-lerro bat, emakumeen eskubide- eta aukera-berdintasunari heltzen diona udalerri txikietan eta landa-eremuetan.

Horrez gain, planak eragin handiko neurri berariazkoak garatzen ditu desberdinkeriaren aurka. Genero- eta aukera-berdintasuna sustatzeko zeharkako prozedurez gain, osagaietako bakoitzak bere deskripzioan txertatzen du sektore ezberdinetan aplikatu beharreko genero- eta aukera-berdintasunaren ikuspegia.

Nafarroan, identifikatu da landa-eremuko emakumeak egoera kalteberagoa bizi duela, ingurua maskulinizatuta dagoela eta hirira migratzeko nahia askoz handiagoa dela neska gazteetan mutil gazteetan baino, eta horregatik, hain zuzen, genero-ikuspegiak eta -eraginak berebiziko garrantzia daukate landa-eremuaz aritzean.

3.4. Gizarte berrikuntzako osagaiak.

Honen barruan, proiektuak garapen fase desberdinetan egon daitezke, baina Europako Batzordeak definitzen dituen gizarte berrikuntzaren berezko osagaiak izan behar dituzte. Deialdi honen erreferentzia da Europako Batzordeak finantzatu duen TEPSIE gidan prestatutako oinarri kontzeptuala (The Theoretical, Empirical and Policy Foundations for Building Social Innovation in Europe), eta horren arabera gizarte berrikuntzako proiektuek honako osagai hauek izan behar dituzte kontuan:

–Berritzailea izatea garatzen den testuinguruan.

–Gizartearen premia bati erantzutea.

–Praktikara eramatea, gauzatzea.

–Onuradunak inplikatzea eta mobilizatzea.

–Gizarte harremanak eraldatzea eta/edo kolektibo jakin batzuk ahalduntzea.

3.5. Kontrol eta jarraipenerako sistemak.

Abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuak premiazko neurriak onetsi zituen administrazio publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko; bada, 3.2 artikuluan adierazten duenez, zerbitzuak hobeki kudeatzeko eta esleitutako zereginak gauzatzeko, eta bereziki Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruko proiektuei lotutako helburuak eraginkortasunez abiatu eta lortzeko, administrazio publikoek proiektuen ebaluazioa, jarraipena eta birprogramazioa errespetatuko dute, helburuak betetze aldera, hori kudeaketa onaren printzipioa baita.

Dirulaguntza jasotzen duen entitateak harremanetan egon beharko du, ezinbestean, Eskubide Sozialetako Departamentuarekin, eta proiektuaren bilakaerari buruzko informazioa emanen dio. Nafarroako Gobernuak zehazten dituen kontrol- eta jarraipen-sistemak erabiliko ditu departamentuak, zehazki, SEEPen barruan diruz lagundutako proiektuei aplikatzekoak zaizkienak, 15. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Proiektua gauzatu bitartean ez badago Eskubide Sozialetako Departamentuarekin elkarlanik, ulertuko da entitateak ez dituela bete dirulaguntza emateko hartutako konpromisoak.

3.6. Ebaluazio sistema.

Arestian aipatutako kausa berberak direla medio, eta aintzat harturik deialdi honetako funtsezko helburuetako bat dela diruz lagundutako proiektuak transferitu eta errepikatu ahal izatea, proiektuen ebaluazioa funtsezko elementua da helburu hori lortuko bada. Horrenbestez, ezinbestekoa da proiektuak ebaluatzeko sistemak bide ematea ezagutza sistema osora hedatzeko, 16. oinarriak adierazitakoarekin bat.

(Oharra: Laguntza dokumental gisa, Errealitate Sozialaren Behatokiak webgunean dauka argitaraturik gizarte politikak ebaluatzeko gida bat).

Hala kontrol eta jarraipenerako sistemek nola ebaluazio sistemak jarraitu beharko diete Plan Operatiboan zehaztutako jarraibide, printzipio eta edukiei (III. eranskina - Proiektuaren proposamena).

Jarraipen sistemaren eta ebaluazioen diseinua (erdibidekoa eta amaierakoa) proiektua sustatzen duen entitatearekiko independentea den kanpoko talde aditu batek eginen ditu. Hiru lan horien zenbateko ekonomikoa gastu diruz lagungarria izanen da, eta proiektuaren guztizko zenbatekoaren % 5 eta % 7 artekoa izan beharko du.

Proiektua onetsitakoan, entitate esleipendunak Eskubide Sozialetako Departamentuari aurkeztu beharko dio jarraipen eta ebaluazio sistema diseinatzeko lanak kanpoan egiteko proposamena; hor adierazi beharko dira lanaren “erreferentziazko baldintzak”, eta berariaz eskatuko zaio Errealitate Sozialaren Behatokiko Zuzendaritza Nagusiari adierazi dezala ez duela aurkeztutako proposamenari kontra egiteko arrazoirik.

4. Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

Urte anitzeko deialdirako aurreikusi den zuzkidura osoa 1.400.000,00 euro da, eta honela banatuko da urteko aurrekontuen kargura:

2022ko aurrekontua

541.170,00 euro

2023ko aurrekontua

858.830,00 euro

Guztira

1.400.000,00 euro

Dirulaguntzak proiektuen jardueren kostua estaliko du, 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra, eta, hortaz, 2021eko aurrekontua erabiltzen ahalko da proiektuen hasieran dirua aurreratzeko, hala ezartzen baitute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta deialdi honetako oinarriek.

Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoak kostu hautagarrien % 99 estaliko du 2022 eta 2023an, eta 700.000,00 euroko gehieneko muga dago proiektu bakoitzeko. Kasu guztietan, eskatzen den zenbatekoa izanen da muga. Proiektuak gehienez iraun dezakeen bi urteetan 200.000 eurotik gorako guztizko kostu hautagarria duten proiektuak bakarrik onartuko dira. Diruz lagungarriak diren kostuen BEZa ez da finantzatuko.

Proiektuak formulatutakoan eta haien aurrekontuak onartutakoan, unitate kudeatzaileak proiektuen artean banatuko du dirulaguntza, puntuazioaren arabera lortu duten lehentasun hurrenkerari jarraikiz, dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte. Proposamenek kalitate nahikoa izan beharko dute balorazio batzordearen arabera, hau da, proposamenaren kalitateari dagokion puntuazioaren % 50, hots, 38 puntu gutxienez apartatu horretan.

Ez bada deialdi honetan erabilgarri dagoen aurrekontu osoa esleitzen, posible izanen da beste deialdi bat egitea 2022. urtea amaitu baino lehen.

Gerakinik balego, baina ez nahikoa puntuazioaren arabera dirulaguntza jaso beharko lukeen hurrengo proiektuak eskatutako dirulaguntzari erantzuteko, eskatzaileari eskatuko zaio proiektua berregin dezan, geratzen den zenbatekoari doitzeko. Eskatzaileak proiektua berregiten ahalko du, edo eskaera bertan behera utzi; bertan behera uzten badu, puntuazioan hurrengo den eskatzaileari, halakorik badago, gauza bera eskatuko zaio, baldin eta gainerako irizpideak betetzen baditu.

Nolanahi ere, proiektua berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

5. Kontzeptu diruz lagungarriak.

5.1. Kostuak.

Deialdi honetan, proiektu pilotuari osorik egozten ahal zaizkion gastuak baino ez dira finantzatuko, proiektua garatzeko ezinbestekoak badira, benetan ordaindu badira justifikazioaren muga-egunean eta oinarri arautzaile honetan ezarritako epean egiten badira.

Proiektuaren jarduerak hasi aurreko gastuak eta amaitu ostekoak ez dira finantzatuko.

Diruz lagungarriak diren kostuen BEZa ez da finantzatuko.

Finantzaketa bikoitzari dagokionez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduak, Batasunaren Aurrekontu Orokorrari aplikatzekoak diren finantza-arauei buruzkoak, 188. artikuluan berariaz ezartzen du ezen dirulaguntzei aplikatu beharreko printzipio orokorra dela finantzaketa bikoitzaren debekua, eta 191. artikuluan aditzera ematen du ezin izanen direla, inola ere, gastu berberak bitan finantzatu aurrekontuaren kargura.

Hori horrela, honako gastu hauek edo antzekoak izanen dira diruz lagungarriak:

5.1.1. Zuzeneko kostuak:

a) Proiektu pilotuan arituko diren langile propioen gastuak, proiektuan aritzen diren neurrian eta denboran. Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

b) Jarduerari loturik baliabide materialetan egiten diren gastuak (kontsumigarriak, material didaktikoak, sanitarioa, terapeutikoak, etab) edo baliabide ez materialenak (lizentziak, garraio-bekak, etab.), baldin eta ezinbestekoak badira proiektu pilotua garatzeko. Material horiek beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko eskuratuz gero, banaketa irizpide bat beharko da, behar bezala justifikatua, proiektu pilotuaren jardueretan erabilitako kopuruaren araberakoa.

c) Ekipamenduen amortizazio gastuak, ondareko elementu horiek proiektuan erabiltzen diren neurrian eta denboran. Gastu horiei loturik, kontuan hartu beharko da, dirulaguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko dela, Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren (abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuak onetsia) 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

d) Beste entitate, enpresa, profesional, unibertsitate edo zentro teknologikoekiko lankidetza-jardunen gastuak proiektuaren kanpo ebaluazioa egiteko edo proiektua egoki garatzeko beharrezko diren beste zeregin batzuetarako.

5.1.2. Zeharkako kostuak:

Diruz lagundutako aurrekontuaren % 20 bitarte egozten ahalko da zeharkako kostu gisa. Proiektuak gauzatu bitartean egiten diren zeharkako kostuak benetan egindako kostu errealak izanen dira, kasuan kasuko operazioari egozten ahal zaizkionak, oro har onartzen diren kontabilitate printzipio eta arauekin bat eginak.

5.1.3. Inbertsioen amortizazioak:

Hautagarriak izanen dira ezinbestekoak diren inbertsioen amortizazioak, proiektu pilotuari egozten ahal zaizkion neurrian eta proportzioan, bat etorriz oro har onartzen diren kontabilitate printzipio eta arauekin, baldin eta aurrekontuaren % 20 baino txikiagoak badira eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legean araututako amortizazio-koefizienteetara doitzen badira.

(Oharra: Erreferentzia gisa, Nafarroako Atarian kontsultatu daitezke ondare-elementuak, haien gehieneko amortizazio-koefizientea urteko eta gehieneko amortizazio-aldia (urteak): http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Organigrama/Los+departamentos/Economia+y+Hacienda/Organigrama/Estructura+Organica/Hacienda/Informacion+Fiscal/Preguntas+mas+frecuentes/Impuesto+sobre+sociedades/Base/coeficientes_amortizacion.htm.

5.2. Diru-sarrerak.

Proiektuak diru-sarrerarik sortzen badu, entitateak Errealitate Sozialaren Behatokiari jakinarazi beharko dio inguruabar hori, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin (9. artikulua). Halaber, kontuan hartu beharko da dirulaguntzaren xedeko jardueraren ondorioz lortutako dirulaguntza eta diru-sarrera guztien zenbatekoa ezin izanen dela jardueraren kostu osoa baino handiagoa izan (16. artikulua).

Proiektu pilotuaren ondorioz diru-sarrerarik bada, diruz lagungarriak ez diren beste gastu batzuk finantzatzeko erabili beharko dira.

5.3. Hornitzaileak.

Diruz laguntzen ahal den gasturen bat 12.000 euro baino handiagoa bada (BEZa kanpo), hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela frogatu beharko da. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintza aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik.

6. Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Next Generation funtsak erabiltzen direnean nahitaezkoa da horien bidez finantzatuko den proiektuak egiturazko aldaketa sortzea eta aldi luzerako eragina izatea erresilientzia ekonomiko eta sozialean, jasangarritasunean, epe luzerako lehiakortasunean eta enpleguan.

Ikuspegi horri jarraikiz, honako hauek izanen dira balorazio irizpideak:

6.1. Entitatea eta giza taldea: 25 puntu.

6.1.1. Entitatearen edo entitateen kaudimen teknikoa: 5 puntu:

Esperientzia egiaztatua gizarte berrikuntzako, gizarte integrazioko eta toki garapeneko proiektuetan, batez ere landa-eremuan. Esperientzia eta lotura Nafarroako landa-eremuarekin. Taldeen profila eta diziplinartekotasuna. Ibilbide eta ikuspegi kolaboratiboa eta soziala. Proiektuetan lortutako eragina.

6.1.2. Proiektuari esleitutako giza taldearen kaudimen teknikoa: 10 puntu:

Esperientzia egiaztatua gizarte berrikuntzako, inklusio eta toki garapeneko proiektuetan, batez ere landa-eremuan. Esperientzia eta lotura Nafarroako landa-eremuarekin. Taldekideen profila eta diziplinartekotasuna. Ibilbide eta ikuspegi kolaboratiboa eta soziala. Proiektuetan lortutako eragina.

6.1.3. Egungo ekosisteman txertatzea: 5 puntu:

Entitatearen edo entitateen aliantzak eta elkarlan-harremanak –egonkorrak zein aldian aldikoak– Nafarroako gizarte zerbitzuetako, berrikuntzako eta landa garapeneko ekosistemaren eragileekin.

6.1.4. Entitatearen irizpide sozialak: 5 puntu:

–Familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak (2 puntu gehienez):

  • Baldin eta aplikatzekoa zaien hitzarmenean dauden baldintzak hobetzen badira. Puntu horiek eskuratzeko neurriak azaldu beharko dira, bai eta zerbitzuan arituko diren langileei nola aplikatuko zaizkien ere. Zehazki, puntuak emanen dira honakoa dakarren neurri bakoitzeko:
  • Baimenak, lizentziak edo eszedentziak hobetzea edo handitzea, indarreko araudiaz harago.
  • Lanaldia edo lan-ordutegia malgutzea edo/eta egokitzea, edo telelanerako sistemak jartzea.
  • Kontziliazioa laguntzeko zerbitzuak, errazago egiten dutenak adingabekoak, adinekoak eta mendekoak zaintzea.

–Berariazko protokoloa genero-hizkera erabiltzeko (1 puntu gehienez):

  • Baloratuko da entitatean genero-hizkera erabiltzeko berariazko protokolo bat edukitzea eskaera aurkezten den egunean; hori horrela, kontratua gauzatzeko sortzen den dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan ez da hizkera sexista erabiliko, emakumeak diskriminatzen dituen edozein irudi edo estereotipo sexista baztertuko da eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan, aniztasunean, erantzukidetasunean eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatuko. Puntuak lortzeko horren gaineko protokoloa edo agiria aurkeztu beharko da.

–Laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonak aritzea kontratua gauzatzen (2 puntu gehienez):

  • Entitateak konpromisoa hartzen badu kontratua gauzatu dezaten, 0,5 puntu emanen zaio (2 puntura arte gehienez) proiektuan aritzen den honako hauetako bakoitzeko: % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duena, Errenta Bermatua jasotzen duena, genero-indarkeriaren biktima, laneratze-ibilbidea amaitu duena edo langabezian denbora luze daramana. Kasuan kasuko lan-kontratua aurkeztu beharko da, bai eta kontratatuko pertsona bakoitzaren laneratze-zailtasuna frogatzeko agiria ere, entitate eskudunak egina.

6.2. Proposamenaren kalitatea: 75 puntu.

6.2.1. Lerrokatze estrategikoa: 4 puntu:

Proiektuak erakutsi behar du bat datorrela zaintzen ekonomia eta inklusio-politikak sendotzeko talka-planaren 22. osagaiarekin, eta, hortaz, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planarekin. Horrez gain, baloratuko da koherentzia duen Nafarroa Sustatu Planarekin (https://participa.navarra.es/processes/plan-reactivar-navarra-2020-2023?locale=es) eta Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren “balio erantsiekin” (https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/plan_estrategico_servicios_sociales_navarra_2019-2023_agenda_2030.pdf), hots:

–Pertsonarengan zentratutako esku-hartze soziala.

–Integrazio bertikala, komunitatea oinarri harturik.

–Integrazio horizontala eta gizarte babeseko beste sistemekiko elkarlana.

–Elkarlanean aritzen diren agenteen ekosistema berritzailea.

6.2.2. Gizarte berrikuntza: 10 puntu:

Proposamenak zenbateko gizarte berrikuntza dakarren. Proposatutako irtenbideak duen balio bereizgarria ohiko sistemen aldean, hau da, zer osagai zehatz dituen, irtenbidea sakonagoa, eragingarriagoa, bidezkoagoa, jasangarriagoa, egokiagoa, inklusiboagoa eta/edo eraginkorragoa egiten dutenak. Berrikuntza baloratuko da ahal den dimentsio guztietan: ikuspegia, antolaketa, metodologia, produktua, teknologia, prozesua, tartean dauden eragileak, etab.

6.2.3. –Eragina: 10 puntu:

Epe laburrean eta epe ertainean espero diren emaitzak, deialdiaren xedeari lotuak, lau ikuspuntutatik:

–Gizartean duen eragina.

–Ekonomian duen eragina.

–Egiturazko eragina (proiektua noraino den gai eraldaketak egiteko, denboran irauten duten eta arazoaren muinari heltzen dioten aldaketa sistemikoak sustatzeko).

–Eragin demografikoa jardun-eremuan.

6.2.4. Gizarte prozesua: 5 puntu:

Proiektuaren gizarte prozesuaren egokitasun maila:

–Zer eremutara dagoen bideraturik, bertako erabilera sozialei egokitzea eta haiekin bateragarri izatea.

–Zabaltasuna eta herritarren zein tokiko aktore nagusien parte-hartze maila.

–Prozesuaren behetik gorako ikuspegia (ingelesez, “bottom up”).

6.2.5. Metodologia ebaluazioa eta jarraipena egiteko, ezagutza sortzeko eta emaitzak transferitzeko, proiektua gizarte zerbitzuen sistemara estrapolatze aldera: 8 puntu:

–Ezinbestekoa izanen da lan-plangintza bat aurkeztea, kronograma eta guzti; kronograma horretan, gutxienez, proiektuaren hiruhilekoko planifikazioa jasoko da, horri lotutako kostuen zenbatespenarekin. Informazio hori ezinbestekoa da diruz lagungarriak izanen diren kopuruak eta balizko aurrerakinak zenbatesteko.

–Ebaluaziora bideratutako jarraipen sistema.

–Ebaluazio-matrizea.

–Analisi- eta ikerketa-teknikak.

6.2.6. Elkarlaneko egitura: 5 puntu:

Deskribatu beharko da nola, proiektuaren bidez, parte hartuko den tokiko ekosistemako beste gizarte entitate, enpresa, jakintza-zentro eta eragileekin.

6.2.7. Trantsizio ekologikoari ekarpena: 4 puntu:

–Arlo horretan sustatutako egiturazko aldaketen deskribapena.

–Proiektuaren ingurumen-inpaktu positiboa, ahal den neurrian, bat etorrita DNSH irizpideekin (Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak deskribatu ditu horiek: https://www.miteco.gob.es/es/ministerio/recuperacion-transformacion-resiliencia/transicion-verde/).

–Ingurumenean eragin negatiboa duten ekintzak murriztea.

–Bat etortzea biodibertsitatea, paisaia eta ondarea zaintzeko tokiko politika eta ekintzekin.

–Eragina edukitzea herritarren eta lurraldeko eragileen jasangarritasun-sentsibilitate eta -kulturan.

6.2.8. Eraldaketa digitalerako ekarpena: 3 puntu:

–Ekarpena egitea gizarte zerbitzuak digitalizatzeko, landa-eremuan.

–Herritarrak, langile soziosanitarioak eta beste profil batzuetako profesionalak ahalduntzea eta prestatzea.

6.2.9. Genero-ekitatea: 8 puntu:

–Genero-ikuspegia proiektuaren diseinuan.

–Emakumeen lidergoa eta ahalduntzea.

–Genero-arrakala murriztea landa-eremuan.

–Landa-eremuetako emakumeentzat aukera berriak sortzea.

–Emakumeen bizi-kalitatea eta autonomia pertsonala hobetzea.

–Genero-rol mugatzaileak aldatzea.

6.2.10. Proiektuaren hazkunde potentziala: 8 puntu:

–Eskalagarritasuna. Proiektuaren potentziala epe luzean hazteko eta lortutakoa Nafarroako beste toki batzuetara hedatzeko.

–Errepikagarritasuna. Proiektuaren potentziala beste proiektu batzuk sortzeko, sustatzeko edo inspiratzeko Nafarroako beste toki batzuetan eta beste erregio batzuetan.

6.2.11. Jasangarritasun ekonomikoa: 5 puntu:

–Proiektuaren kofinantzaketa (norberaren baliabideekin zein kanpokoekin).

–Eraginkortasun eta jasangarritasun ekonomikoa epe labur eta luzean.

6.2.12. Egingarritasuna: 5 puntu:

Proposatutako irtenbidearen eta esperotako emaitzen egingarritasun teknikoa, kontuan harturik erabilitako baliabideak, entitate proposatzailearen profila eta Nafarroako jardun-eremuaren errealitate sozioekonomikoa. Zentzu horretan, positiboa da beste erregioetan esperientzia arrakastatsuak izatea, erreferentziazkoak izan baitaitezke proiektuaren diseinuari begira.

Gizarte Eskubideetako Departamentuak ezarritako ereduaren araberako proposamen teknikoaz gain, entitateek beste agiri bat aurkez dezakete nahi izanez gero, eta bertan informazio osagarria jaso, formatu librean. Asmoa da entitateei aukera ematea, nahi badute, proiektuaren alderdi batzuk modu bisualagoan eta sormen handiagoz azaltzeko. Agiri horri, berez, ez zaio puntuaziorik emanen, baina baliagarria izan daiteke irizpide gisa baloratzen diren proiektuaren osagai batzuk azpimarratzeko. Testu eta irudiz osatutako agiria bada, 20 orrialde onartuko dira gehienez. Bideoa bada, 5 minutukoa izanen da gehienez, ez baita luzeagorik onartuko.

Behin esleipena ebatzitakoan, Eskubide Sozialetako Departamenduak entitate esleipendunei proposatzen ahalko die beren proiektuetako alderdi batzuk berregiteko (irismena, esparru geografikoa, gastu bolumena, transferentzia-sistema, etab.), proiektuak hobetzeko, haien eragina, eraginkortasuna eta eskalagarritasuna sendotzeko eta/edo gizarte zerbitzu publikoekin eta gainerako ekosistemarekin bat egin eta haietan txertatzeko.

Nolanahi ere, proiektua berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Bazter geldituko dira “Proposamenaren kalitatea” atalari dagozkion puntuen % 50 –hau da, 38 puntu– lortzen ez dituzten proposamenak.

7. Gauzatze-epea.

Proiektuak gauzatzeko men eginen zaie SEEPen barruan ezarritako esparruei, eta, zehazki, Espainiako Gobernuaren Eskubide Sozialetako eta Agenda 2030eko Ministerioaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko lankidetza hitzarmenari, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismotik lortutako Europako funtsen kargurako 22. osagaiaren esparruan.

Proiektuak gauzatzeko epea 2022ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2023ko abenduaren 31n amaituko da beranduenez. Ez da beharrezkoa proiektua aldi horretan guztian zehar (24 hilabete) gauzatzea, baina 12 hilabeteko gutxieneko iraupena ezarri da.

Nahitaezkoa izanen da proiektuen faseen eta zereginen plangintza aurkeztea, III. eranskineko (Proiektuaren proposamena) kronograma gisa; hor gutxi gorabehera adieraziko dira fase bakoitzerako behar diren zenbatekoak.

8. Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko hasierako dokumentazioa.

8.1. Dokumentazioa.

Dirulaguntza eskatzen duten entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Entitatearen sorrera- edo eraketa-eskriturak, barne direla estatutuak, erregistroaren balidazioa (berariazko erregistroan sartuta dagoela frogatzeko) eta I. eranskina (entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena).

b) Jarduera ekonomikoak garatzen dituzten onuradunek frogatu beharko dute Tributu Administrazioko Estatu Agentziaren enpresari, profesional eta atxikitzaileen Erroldan izena emana dutela, edo Tributuen Foru Administrazioaren errolda baliokidean; laguntza eskatzen den unean benetan garatzen den jarduera ekonomikoa islatu beharko da frogagirian.

c) Ogasunarekiko tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrekoak egunean dituela egiaztatzeko agiri eguneratuak aurkeztu behar dira.

d) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinean ageri den ereduarekin bat (Dirulaguntzak jasotzeko bateragarritasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena), non adierazi beharko baita:

–Entitateak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.

–Entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

–Entitate eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

e) Proiektuaren proposamen teknikoa eta kudeaketakoa, III. eranskinean ezarritako ereduarekin bat (Proiektuaren proposamena). Txosten horretan sartu behar dira, baita ere, proiektuaren behin-behineko kontuen alderdi ekonomikoak; izan ere, planifikatutako jarduketen aurrekontua txertatu behar da, eta 5. oinarriko kostu-kontzeptuak kontuan hartu. Horrez gain, eta nahi izanez gero, entitate eskatzaileak berariazko adierazpen bat egin dezake, adierazteko proposamenean sartu diren agiriak, agirien zatiak edo datuak konfidentzialtzat hartu behar direla, bere estrategiaren parte diren aldetik. Inguruabar hori konfidentzialtzat jotzen diren agirietan bertan ere islatu beharko da.

f) Lizitatzaileak ezin izanen du konfidentzialtasunaren deklarazioa bere proposamen osora zabaldu.

g) Onuradunak identifikatzeko behar den informazioa, pertsona fisikoak zein juridikoak izan, bat etorriz irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduarekin, zeinaren bidez eratu baitzen Suspertze, Eraldatzen eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema. Erantzukizunpeko hiru adierazpen egin beharko dira: “A-Interes gatazkarik ezari buruzkoa”, “B - Datuak laga eta tratatzekoa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) jarduketak gauzatzeari loturik, eta “C - Konpromisoa Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) jarduketak gauzatzeari loturik. Erraztasunak emate aldera, hiru adierazpen horiek IV. eranskinean jaso dira (Identifikazio-betebeharrak, HFP/1030/2010 Ministroaren Aginduaren 8. artikulukoak).

h) Jarduketek “ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko” printzipioarekin bat etorri beharko dute, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan ezarritakoaren ildoan (Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du erregelamendu horrek). Hori bermatzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Proiektuak ez badu aurreikus daitekeen eraginik sortzen, edo aurreikusitako eraginak garrantzirik ez badu, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da ingurumen arloko helburu guztietarako edo zenbaitetarako, “ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko” printzipioa beteko dela adieraziz; horretarako. V. eranskineko inprimakia behar bezala beteko da. (Oharra: 2020/852 Erregelamenduaren arabera (DNSH printzipioa): A) Klima-aldaketa arintzea. B) Klima aldaketara egokitzea. C) Ur eta itsas baliabideak modu jasangarrian erabiltzea eta babestea. D). Ekonomia zirkularra. E). Kutsaduraren prebentzioa eta kontrola. F). Biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta lehengoratzea).

–Jarduketen ondorioz aurreikus badaiteke eragin nabarmena eginen zaiela ingurumen arloko helburuei, “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioari” egokitzeko aldeko ebaluazioa txertatu beharko da. Horretarako, behar bezala bete beharko da Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak proposatutako inprimakia (Autoebaluaziorako galde-sorta –https://www.miteco.gob.es/es/ministerio/recuperacion-transformacion-resiliencia/transicion-verde/). Interesdunak egiten ahalko du ebaluazioa.

i) Transferentzia bidez kobratzeko eskaera, Nafarroako Gobernuaren ereduaren araberakoa.

8.2. Salbuespenak.

Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatu bezala.

9. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

9.1. Eskaerak.

Eskabideak eta erantsitako agiriak telematika bidez aurkeztuko dira, dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, 40 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak eta jakinarazpenak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

9.2. Zuzenketak.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, entitateari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da zuzentzeko errekerimendua.

10. Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

10.1. Konkurrentzia.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

10.2. Organo kudeatzailea.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuari dagokio dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa.

10.3. Berdinketak ebaztea.

Aurkeztutako bi proiekturen artean berdinketarik bada, lehentasuna emanen zaio proposamenaren kalitateari buruzko apartatuan puntuazio altuagoa lortu duenari.

Hala ere berdinketak badirau, apartatu horretako irizpide garrantzitsuenetan puntuazio altuagoa lortu duen proiektua hautatuko da; irizpideak banan-banan berrikusiko dira, ordena honetan: lerrokatzea, hazkundea, eragina, berrikuntza, ebaluazioa, genero-ekitatea, gizarte prozesua, egingarritasuna, jasangarritasun ekonomikoa, elkarlana, trantsizio ekologikoa eta eraldaketa digitala. Irizpideak berrikusteari utziko zaio berdinketa desegindakoan, eta hala, berdinketa hautsi duen irizpidean puntuazio altuagoa duen proiektua hautatuko da.

11. Ebazpena.

11.1. Organoa.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiak emanen du dirulaguntzak emateko ebazpena, eskaerak aurkezteko muga-egunetik 2 hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

11.2. Motibazioa.

Dirulaguntzak emateko ebazpenean adieraziko dira entitate eskatzaileen zerrenda, diruz lagunduko diren proiektuak eta proiektu bakoitzari onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa deialdiak barne hartzen dituen ekitaldietako bakoitzean; ezetsitako eskaerak ere agertuko dira, horren arrazoia zehaztuta.

11.3. Publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira, jakinarazi ondoko hilabetean, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

11.4. Errekurtsoak.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute deialdiaren ebazpenaren aurka, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta hilabete bateko epean.

12. Emandako dirulaguntzari uko egitea.

Entitate batek onartutako laguntzari uko egiten badio, organo kudeatzaileari esan beharko dio, laguntza onartu zaiola jakinarazi eta gehienez ere 5 eguneko epean, komunikazio bat igorriz Errealitate Sozialaren Behatokira.

13. Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

13.1. Kronograma.

Proiektuak eskaeran aurkeztutako kronograman zehaztutako denboran eta moduan gauzatu beharko dira, edo bestela, berregin eta onartutako kronograman ezarri bezala. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik.

13.2. Baimendu daitezkeen aldaketak.

Deialdi honen 5.1 oinarriko kontzeptu diruz lagungarriei erreferentzia egiten dieten aldaketak baimentzen ahalko dira. Eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

Ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea diruz laguntzen diren gastuak ez badira % 15 baino gehiago handitzen, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, urterako emandako laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe.

13.3. Aldaketak eskatzeko mekanismoa.

Aldaketetarako baimena erregistro elektronikoaren bidez eskatu beharko da, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari egindako eskaera baten bidez, eta betiere, aldaketa hori egin baino lehen, zerbitzu horrek baloratzeko eta, aukeran eta aurrekontuko mugen arabera, baimena emateko.

14. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

15. Proiektuaren jarraipena eta kontrola.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Politika Publikoen Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak eginen du proiektuen jarraipena, eta garatutako alderdi guztiak eta erdietsi nahi diren helburuen betetze-maila gainbegiratu eta ebaluatuko ditu.

Jarraipen hori Nafarroako Foru Komunitateko erakundeei dagozkien arauekin bat eginen da, honako hauek abiapuntu izanen direla:

–36/2020 Errege Lege Dekretua, abenduaren 29koa, Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko premiazko neurriak onesten dituena.

–HFP/1030/2021 Agindua, irailaren 29koa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duena.

–HFP/1031/2021 Agindua, irailaren 29koa, Estatuko, erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek hornitu beharreko informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen duena, jarraipena egiteko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien mugarri eta helburuei zein neurrien aurrekontu eta kontabilitatearen betetze-mailari.

–Erabakia, Nafarroako Gobernuak 2022ko otsailaren 16an hartua, arauak onesten dituena Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako proiektuak kudeatu eta kontrolatzeko.

–Iruzurraren aurkako Neurrien Plana, Eskubide Sozialetako Departamentuarena, haren erakunde autonomoena eta gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioarena (Gizain), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzean.

–Ekimenak garatzen diren bitartean argitaratzen den Europako, Estatuko edo erkidegoetako beste ezein arau.

Dirulaguntzen entitate onuradunek Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuari lagundu beharko diote, eta behar besteko informazioa eman kudeaketa-plan guztiak prestatu, kontrol-sistemak elikatu, egin nahi ez diren ingurumen-inpaktuen arriskuak aztertzeko (DNSH) eta abar, hau da, departamentuaren eskumenekoak diren lanak egiteko proiektuaren bizi-zikloaren une desberdinetan.

16. Proiektua ebaluatzeko sistema.

Diruz lagunduko diren ekimenen ondorioz lortutako ezagutza kudeatzeko asmoz, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Politika Publikoen Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak proiektuaren barruan zenbait jarduera egin daitezen eskatuko du, bi ebaluazioren bitartez:

–Erdibideko ebaluazioa, baloratu ahal izateko espero diren emaitzak eta hasiera batean ezarritako helburuak noraino bete diren denbora horretan. Erdibideko ebaluazioak informazioa eman behar du proiektuaren hasierako planifikazioan aldaketak egiteari begira, aldaketarik egitea beharrezkoa bada. Erdibideko ebaluazioaren txostena egiteko egitura-eredu bat jaso da VI. eranskinean (Ebaluazio txostenen egituraren proposamena).

Txosten hori proiektuaren % 50 igaro eta hilabetera aurkeztu beharko da beranduenez.

–Proiektuaren amaierako ebaluazioa, baloratu ahal izateko aurreikusitako emaitzak eta helburuak noraino bete diren, honako irizpide hauei erreparatuz: egokitasuna, koherentzia, eraginkortasuna eta efizientzia. Beste irizpide osagarri batzuk ere txerta daitezke, eragina eta jasangarritasuna, esaterako. Amaierako ebaluazio honetan genero-ikuspegia txertatuko da, zeharka.

Amaierako ebaluazioan proposamenen berariazko atal bat txertatu beharko da, sistema oro har hobetzeko eta ezagutzak eta ikasitakoa trukatzeko gomendioez osatua, xede harturik proiektuari lotutako modernizazio-prozesuak bideratzea, transferigarriak eta errepikagarriak izan daitezen bermatze aldera. Amaierako ebaluazioaren txostena egiteko egitura-eredu bat jaso da VI. eranskinean (Ebaluazio txostenen egituraren proposamena).

Txosten hori proiektua amaitu eta bi hilabetera aurkeztu beharko da beranduenez.

17. Dirulaguntza ordaintzeko beharrezkoak diren frogagiriak.

17.1. Jarraipen ekonomikoa eta memoria ekonomikoak.

Entitate onuradunek memoria ekonomikoen bitartez justifikatuko dituzte diruz lagundu eta gauzatu diren gastuak eta amortizazioak. Informazio hori jasotzeko aldizkakotasuna dirulaguntzetarako eta SEEPek diruz lagundutako proiektuen kontrol eta jarraipenerako arau indardunek ezartzen dutena izanen da.

Eskubide Sozialetako Departamentuak edozein unetan eska ditzake justifikazio txosten ekonomiko eta teknikoak, beharrezkoak badira Next Generation EU eta SEEPen deialdiaren betekizunei behar bezala erantzuteko.

Honako hauek aurkeztu beharko direla aurreikusten da:

–Proiektu osoaren hasierako plangintza ekonomikoa.

–Jarraipen sistemak hilero elikatzeko informazioa.

–Hiru hilean behin: proiektuaren plangintza eguneratua hurrengo hiru hiruhilekoetarako. Hor sartu beharko dira aurreikusitako gastuak, balizko arriskuak eta aurreikusitako desbideratzeak, eta horiek prebenitzeko edo zuzentzeko ekintzak.

–Sei hilabetean behin (seihilekoa amaitutakoan): emaitzen txostena, non sartu beharko baita seihilekoan lortutako emaitzen inguruko informazioa, bai eta egindako gastuak eta jarduketak frogatzeko dokumentazioa ere. Txosten hori urte bakoitzeko uztailaren 10a eta urtarrilaren 10a baino lehen aurkeztu beharko da.

–Amaierako memoria, proiektuaren gauzatze osoari buruzko informazioaz. Amaitu eta hilabeteko epean aurkeztuko da, 2024ko otsaila amaitu baino lehen betiere. Edukiei dagokienez, Eskubide Sozialetako Departamentuak ezartzen dituenak edo harekin adosten direnak izanen dira.

Memoria ekonomikoei dagokienez, laguntzaren justifikazioa abenduaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoaren bat eginen da.

17.2. Jarraipena egiteko informazioa eta kontrola.

Oro har, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren arauek eskatzen duten jarraipen eta kontrolerako informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko da, 15. oinarrian (Proiektuaren jarraipena eta kontrola) aipatzen den bezala.

17.3. Ordainketa eskaera.

Ordainketa eskaera eta gainerako dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Halaber, zuzentzeko eskatuko zaio baldin eta postaz edo modu presentzialean aurkeztu bada, nahitaez bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu behar duten entitate onuradunen kasuan.

17.4. Ordainketaren frogagiria ez aurkeztearen ondorioak.

Laguntza justifikatzeko dokumentazioa apartatu honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, laguntzarako eskubidea galduko da.

18. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

Dirulaguntzaren ordainketa Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da. Ordainketa egiteko bi modalitate izanen dira, kasua zein den:

18.1. Justifikatu ondorengo ordainketa.

Oro har, dirulaguntza hainbat zatitan ordainduko da, hiruhileko bakoitza amaitutakoan eta gastu diruz lagungarrien justifikazioekin bat, dirulaguntzaren xedeko jarduera egin dela edo portaera hartu dela frogatu ondoren.

18.2. Ordainketa aurreratua.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoari jarraituz, dirulaguntzaren aurrerakinak ordaintzeko aukera badago, baldintza hau betez gero:

entitateak ordainketa aldez aurretik egiteko eskatu izana. Horretarako, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioaz gainera, funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitateak, honako hauek erantsita: behar hori frogatzen duen txostena, ordezkariaren ziurtagiri bat entitatearen izenean dauden banku-kontuak agertzeko, bankuko kontuetako uneko saldoak agertzen dituen bankuko ziurtagiri bat –banku elektroniko bidez lortutakoak ere onartuko dira–, eta diruzaintzako fluxuen hileroko aurreikuspen bat (kobrantzak, ordainketak, maileguak eta abar zehazten dituena), edo dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar direla frogatzen duen beste edozein ziurtagiri.

Emandako dokumentazioa aztertuta, aurrerakinak ordaintzeko baldintzak betetzen ote diren baloratuko du organo kudeatzaileak.

Aurreko atalean eskatutako baldintza betez gero, aurrerakinak honela ordainduko dira:

–Onartutako dirulaguntza hiru zatitan ordainduko da, eta bakoitza gastu diruz lagungarrien % 33koa izanen da.

–Lehenbiziko zatia dirulaguntza emateko ebazpena sinatzen denean ordainduko da.

–Gainerako bi zatiak ordaintzeko, lehendik ordaindutako kopuruari dagokiona gauzatu dela frogatu beharko da, agiri bidezko justifikazio ekonomikoaren bitartez.

–Amaierako justifikazioan, 2023ko abenduaren 31a izanen da muga-eguna gastu guztietarako.

–Gastu horien amaierako justifikazioa 2024ko otsailaren 29a baino lehen aurkeztu beharko da. Hori bete ezean, Eskubide Sozialetako Departamentuak dagokion kopurua itzultzeko tramitazioa abiatuko du.

19. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen entitate onuradunek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, baldin eta ez badira bideratzen inbertsio edo gastu berera, eta haiek guztiak baturik proiektu bakoitzaren gastuaren % 100 gainditzen ez bada.

20. Betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren xedea betez.

b) Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zuzendaritza Nagusiarekin batera definitzea proiektua bete dela zedarrituko duten mugarriak eta helburuak, Ogasun Ministerioak gaitutako informazio sisteman, eta mugarri eta helburu horiek birformulatu behar izanez gero, birformulazio horretan parte hartzea.

c) Dirulaguntzaren xede den proiektua dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea, eta idatziz eskatzea aurkeztutako proiektuaren kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena.

d) Eskubide Sozialetako Departamentuarekin koordinaturik aritzea, proiektuaren ebaluazioak, ekosistemako eragileekiko egituraketak eta ezagutzaren transferentziak bidea eman dezaten proiektu pilotua eskala handiago batera estrapolatzeko.

e) Betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela justifikatzea.

f) Behar bezala egitea proiektuaren erdibideko eta amaierako ebaluazioak eta jarraipen eta kontrolerako txosten ekonomiko eta teknikoak, Eskubide Sozialetako Departamentuak proiektua indarrean den bitartean ezartzen dituen betekizunei erantzun ahal izateko.

g) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztapen-jarduketak eta kontrol teknikoa egiten uztea departamentuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaien informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

h) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, horren berri ematea. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

i) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

j) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen duen irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluak ezartzen dituen informazio eta publizitate betebeharrak betetzea.

k) Behar den informazioa ematea irailaren 29ko HFP/1030/2021 eta HFP/1031/2021 aginduetan ezarritako gauzatze txostenak eta kontabilitatekoak bete ahal izateko. Agindu horietako lehenaren bitartez Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa-sistema eratzen da, eta bigarrenaren bidez, Estatuko, erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateek hornitu beharreko informazioa emateko prozedura eta formatua ezartzen da, jarraipena egiteko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren osagaien mugarri eta helburuei zein neurrien aurrekontu eta kontabilitatearen betetze-mailari.

l) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

m) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean, eta gutxienez bost urtez.

n) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean definitutako ex post auditoretzak eta kontrolak egin daitezen laguntzea, halakorik egin behar bada. Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusia (IGAE) arduratuko da berariazko auditoretza horiek egiteaz, arlo hauetan: Europako Batzordeari igorritako ordainketa-eskaerak; iruzurra, ustelkeria eta interes gatazkak prebenitzeko, atzemateko eta zuzentzeko neurri egokiak; proiektuen finantzaketa bikoitza eta gastuaren lotura Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Mekanismoarekin, eta gastuaren legezkotasuna eta erregulartasuna.

o) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egiten diren idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen eta dirulaguntzaren berri ematea. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu beharko dira: “Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du”. Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira. Halaber, SEEP deialdiaren logo ofizialak txertatu beharko dira (https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual), EBko ikurrarekin batera, eta finantzaketa egokiari buruzko adierazpen hau: “Europar Batasunak finantzatua (NextGeneration EU)” (tokiko hizkuntzetara itzuliko da, bidezko denean).

p) Dirulaguntzen entitate onuradunek gardentasun-betebeharra badute, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren ondorioz, 3. artikuluan ezarritako gardentasun-betebeharrak bete beharko dituzte (foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako aurrekontu orokorren kargura dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunen gardentasun-betebeharrak).

q) Dirulaguntza emateko nahitaezkoa izanen da onuradunek konpromisoa hartzea, idatziz, informazioaren gainean behar diren eskubideak eta sarbideak lagatzeko, bermatze aldera Europako Batzordeak, Iruzurraren aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak (OLAF), Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta Estatuko agintaritza eskudunek beren egitekoak egin ditzaketela, hori guztia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuaren e) letran ezarritakoarekin bat. Horretarako, eskatzaileek foru agindu honen V. eranskina bete beharko dute, eta eskaerarekin batera aurkeztu.

21. Dirulaguntzak itzultzea.

21.1. Dirulaguntzak emateko ebazpenaren baliogabetasuna.

Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak. Kasu horietan, itzulketa tramitatuko da entitatearen banaketa kontuan, dagokion espedientea instruitu ondoren.

21.2. Ez-betetze partziala.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoa betetze aldera, jarduerak ez badira betetzen aurkeztutako proiektu proposamenean zehaztu bezala, baldintzak hein batean bete ez direla joko da. Horrelakoetan, % 20 itzuli beharko da, betetzen ez den jarduera bakoitzeko. Jarduera betetzen ez dela joko da ez denean gauzatzen entitateak berak aurkeztutako azalpenei jarraituz. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete ez diren ikusita.

22. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

23. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

24. Iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitzeko, atzemateko eta zuzentzeko neurriak.

1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren edozein fasetan parte hartzen duten pertsona guztiek, baldin eta edozein organoren, laguntzen entitate kudeatzailearen, gauzatzailearen edo onuradunaren menpe edo haren ordezkari gisa jarduten badira, zinpeko deklarazio bat egin beharko dute, zein bere esparruan, aditzera emateko dirulaguntza honen xedeko funtsak aplikatzekoak diren arauekin bat erabili direla, zehazki iruzurra, ustelkeria eta interes-gatazkak prebenitu, atzeman eta zuzentzeari dagokionez.

2. Dirulaguntza eskatu duten entitate eskatzaileak zeintzuk diren jakiten denean, instrukzio-unitateak espedientearen tramitazioan parte hartuko duten langile publikoak interpelatuko ditu, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritako arrazoiren batek ukitzen baditu, eta, hortaz, abstenitu beharra badute.

Instrukzio-organoaren ondorengo bileretara bertaratzen den parte-hartzailerik badago, haiek ere interpelatuko dira.

Administrazioaz kanpoko teknikariak izendatu badira instrukzio-organoari aholku emateko, teknikari horiek interes gatazkarik ezari buruzko adierazpen bat aurkeztu beharko diote espedientearen arduradunari edo idazkariari.

3. Eztabaida eta bozketa zehatz batean parte hartzeari begira, espedientearen tramitazioan eta kudeaketan parte hartzen duen edozeinek zalantzarik badu abstenitzea bidezko egiten duten inguruabarren existentziari buruz (aurreko puntuan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan ezarritakoak), horren berri ematen ahalko dio idazkari-eginkizunetarako izendatutako pertsonari, instrukzio-organoari jakinaraz diezaion eta organo horrek erabaki dezan.

25. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean inskribatzea eta benetako titulartasunetara sartzea.

1. Dirulaguntzen deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratuta dago, martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin bat. Errege dekretu horren bidez, Dirulaguntzen Datu Base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautu ziren.

2. Foru Komunitateko Administrazioak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan aurreikusitako organoek (erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa) sarbidea izanen dute Benetako Titulartasunen Erregistroan eskatzaileei buruz jasotako informaziora, edo, bestela, Administrazioaren beste datu-base batzuetara, benetako titularren datu horiek baldin badituzte, bat etorriz apirilaren 27ko 7/2021 Errege Lege-dekretuan xedatutakoarekin. Errege Lege-dekretu horren bidez, Europar Batasuneko zuzentarauen transposizioa egiten da, gai hauetan: lehia, kapitalak zuritzearen prebentzioa, kreditu entitateak, telekomunikazioak, tributu arloko neurriak, ingurumen kalteen prebentzioa eta oneratzea, langileen joan-etorriak nazioz haraindiko zerbitzuak ematean eta kontsumitzaileen defentsa.

3. Aurreko apartatuetan aipatutako datu-baseetako informazioa Europako Funtsen Sistemari lagatzen ahalko zaio, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

26. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

II. eranskina.–Dirulaguntzak jasotzeko bateragarritasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

III.A eranskina.–Proiektuaren proposamena.

III.B eranskina.–Aurreikuspen-kontuak.

IV. eranskina.–Identifikazio betebeharrak (Ministroaren HFP/1030/2021 Aginduaren 8. artikulua).

V. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez zaiela kalte nabarmenik eraginen sei ingurumen-helburuei, bat etorriz 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluarekin.

VI. eranskina.–Ebaluazio txostenen egituraren proposamena.

Deskargatu I. eranskinetik VI.era bitarteko eranskinak (DOC).

Deskargatu III.B eranskina (XLSX).

Iragarkiaren kodea: F2208202