126. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

130/2022 EBAZPENA, maiatzaren 31koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko deialdia onesten duena.

Abenduaren 22ko 114/2021 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unibertsitateaz kanpoko irakasleen 2021eko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, 2021. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Lan publikoaren eskaintza horretan, guztira, hezkuntzako ikuskatzaileen hamabi lanpostu huts sartu ziren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, abenduaren 29ko 3/2020 Legearen bidez onetsitako testuaren arabera, hezkuntzako ikuskatzaileen eginkizunak eta eskudantziak zehazten ditu, bai eta hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko sistema ere. Hamabigarren xedapen gehigarriak, laugarren atalean, ezartzen du kidegoan sartzeko prozesua oposizio-lehiaketa izanen dela eta oposizio-lehiaketa horren bidez hautatzen diren izangaiek praktikaldi bat egin beharko dutela, baztertzailea izanen dena.

Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak berak, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bidez onetsitako testuaren arabera, hamargarren xedapen gehigarrian, 5. atalean, ezartzen du zer baldintza bete behar dituzten izangaiek hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko. Idazketa berri horrek berekin dakar, gutxieneko esperientziari eta sartzeko eska daitezkeen tituluen zerrendari dagokionez, otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretua aldatzea, hots, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko araudia onesten duena.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan sartzeko hautapen prozeduraren deialdia egitea.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea, baita dagozkion eranskinak ere.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Hautatze Prozeduren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I. TITULUA

Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa esparruko lanpostuetan sartzeko hautapen prozeduraren oinarriak

Lehena.–Arau orokorrak.

1. Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko oposizio-lehiaketarako deialdia egiten da. Deialdi honetako lanpostuak funtzionarioen araubidekoak dira, A mailakoak, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan dute destinoa.

2. Deialdian sartutako lanpostuak honela banatu dira txandaren arabera:

a) Txanda irekia:

a.1) Hezkuntzako ikuskatzaileak, euskaraz: 4 lanpostu, plantilla organikoan 31377, 38022, 33934 eta 38016 zenbakiak dituztenak.

a.2) Hezkuntzako ikuskatzaileak, gaztelaniaz: 7 lanpostu, plantilla organikoan 32362, 33231, 33602, 33634, 34452, 35043 eta 36274 zenbakiak dituztenak.

b) Desgaitasuna egiaztatua duten pertsonentzako erreserba:

b.1) Hezkuntzako ikuskatzaileak (gaztelaniaz): lanpostu bat, plantilla organikoan 32318 zenbakia duena.

Izangaiek hizkuntza bereko bi txandetatik bakar batean baino ezin izanen dute parte hartu (a edo b). Gertatuko balitz desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandako lanpostua bete gabe gelditzea hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa inork ez erdiesteagatik, lanpostu hori txanda irekikoei gehituko litzaieke.

Bestalde, desgaitasuna duten pertsonentzat gordetako txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badute, txanda horretan lanpostuak eskuratzen ez dituztenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

3. Hautapen prozedura honi arau hauek aplikatuko zaizkio:

–2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.

–276/2007 Errege Dekretua, otsailaren 23koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasleen kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua onesten duena, eta lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako araubide iragankorra arautzen duena. Dekretu hori aplikatuko da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoari aurka egiten ez dion guztian.

–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

–17/2017 Foru Legea, abenduaren 27koa, irakaskuntzako funtzio publikorako sarbidea arautzen duena.

–EDU/3429/2009 Agindua, abenduaren 11koa, Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko hautapen prozeduraren oposizioaldirako gai-zerrenda onesten duena.

–Eta aplikatu beharreko gainerako xedapenak, bai eta deialdi honetan xedatutakoa ere.

4. Hautapen prozedura oposizio-lehiaketa izanen da, eta, horrez gainera, praktikaldi bat gainditu beharko da, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoarekin bat.

Bigarrena.–Izangaien betebeharrak.

Deialdi honetan parte hartzen duten izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte onartuak izateko:

1. Betebehar orokorrak.

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko gainerako estatuetako batekoa, edo arau hauek aplikatzen zaizkion estaturen batekoa: langileen joan-etorri askeari buruz Europako Parlamentuak emandako 2004/38/EE Zuzentaraua eta otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretua, hots, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioari lotutako beste estatu batzuetako herritarrak Espainian sartu eta bizitzeari eta libre zirkulatzeari buruzkoa.

Horien ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta bere ondorengoek eta ezkontidearenek ere, zuzenbidez bananduta ez badaude eta, ondorengoei dagokienez, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanez gero, haien bizkar bizi badira edo ezgaiak badira. Halaber, herritar horien aurreko ahaide zuzenek eta haren ezkontidearenek parte hartzen ahalko dute, zuzenbidez bananduta ez badaude eta haren kargura bizi badira.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta, oro har, erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.

c) Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoari dagozkion eginkizunekin bateraezina den eritasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

d) Diziplina espediente baten bidez Administrazio Publikoen zerbitzutik bereizia ez izana, eta eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ez egotea.

Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek, gainera, egiaztatu beharko dute ez daudela gabetuak diziplina-zehapen baten bidez edo zigor kondena baten bidez beren estatuko funtzio publikoan aritzeko.

e) Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionarioa ez izatea, ez eta praktiketakoa ere, edo karrerako funtzionario izendatzeko esperoan ez egotea.

f) Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa edukitzea, Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babesteari buruzko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluaren arabera.

2. Kidegoan sartzeko prozedura irekian parte hartzeko berariazko betebeharrak:

Aurreko atalean ezarritako betebehar orokorrez gain, izangaiek berariazko betebehar hauek ere bete beharko dituzte:

a) Doktorego-titulua, unibertsitate-masterra, lizentziadun titulua, ingeniaritza edo arkitekturako titulua, edo beste titulu baliokide bat izatea.

Izangaiek atzerrian lortutako titulazioak aurkezten badituzte, haien homologazioaren egiaztagiria izan beharko dute, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan eta abenduaren 3ko 2654/2015 ECD Aginduan xedatutakoarekin bat, edo onarpenaren egiaztagiria, 2005/36/EE Zuzentarauan ezarritakoaren arabera.

b) Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoren batekoa izatea.

c) Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetako batean, karrerako funtzionario gisa, gutxienez ere zortzi urteko antzinatasuna dutela frogatzea, eta denbora bereko esperientzia irakaskuntzan.

j) Behar den tasa ordaintzea, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen arabera.

2. Hezkuntzako ikuskatzaileen euskarazko lanpostuak lortzeko berariazko betebeharrak.

1. eta 2. ataletan eta, hala denean, 3.ean ezarritako betebehar orokor eta berariazkoez gainera, izangaiek Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edo baliokidea izan beharko dute.

3. Desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba txandan parte hartzeko berariazko betebeharrak.

Txanda honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek, kidegoan sartzeko betebehar orokorrak eta berariazkoak betetzeaz gain, % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua izan behar dute, baldin eta hori bateraezina ez bada hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoaren eginkizunak betetzearekin.

Hautapen prozesua txanda irekiko izangaien baldintza berberetan eginen da, eta, kasua bada, beharrezkoak eta zentzuzkoak diren egokitzapenak eta denbora eta baliabide doikuntzak eginen dira hala eskatzen dutenentzat, deialdi honen hirugarren oinarrian zehaztutakoarekin bat. Egokitzapena ez da automatikoki eginen, baizik eta desgaitasuna dena delako probarekin zuzenean lotuta dagoen kasuetan baino ez, eta betiere egokitzapenak probaren mamia aldatzen ez badu.

Hala ere, probak egitean edo praktikak egitean zalantzak sortzen badira izangaiak kidegoko funtzionarioek egin ohi dituzten jarduerak egiteko daukan gaitasunari buruz, epaimahaiak organo eskudunaren irizpena eskatzen ahalko du.

Prozedura honen bidez parte hartzen duten pertsonek ezin izanen dute parte hartu txanda irekiko prozeduraren bidez.

Geroago desgaitasun bat aitortzeak, atzeraeragineko ondorioak izanik ere, ez du inola ere ekarriko erreserbako txandan onartzea.

4. Betebeharrak noiz bete behar diren.

Oinarri honetan adierazitako betebehar guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionario gisa lanpostuaren jabetza hartu bitarte mantendu beharko dira.

Hirugarrena.–Epeak, eskaerak eta dokumentazioa.

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek eskaera telematikoki aurkeztu beharko dute nahitaez, Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Gobernuaren webgunean deialdi honetarako prestatuko duen fitxaren bitartez.

Parte hartzeko eskaeran zehaztuko da zer hizkuntza eta txandatan lehiatu nahi den, deialdi honen lehendabiziko oinarrian jasotakoaren arabera.

Zein txandaren bidez parte hartzen den:

–Txanda irekia.

–Desgaitasuna dutenentzako erreserba.

3. Dokumentazioa.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

3.1. Dokumentazio orokorra:

Izangaiek parte-hartze eskabide bakar bat aurkeztuko dute, agiri hauekin batera:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen kopia eskaneatua. Agiriaren aurreko eta atzeko aldeak agertuko dira kopia horretan, eta artxibo bakar batean aurkeztuko da.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dutela inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizi diziplina espediente baten bidez eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko. Adierazpena egiteko, onartu beharko da eskaera telematikoki aurkezteko inprimakian dagoen “adierazten dut” atalean zehazten dena.

c) Azterketa-eskubideak ordaindu izanaren ordainketa-gutuna, laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

d) Doktoregoko, unibertsitate-masterreko, lizentziako, ingeniaritzako edo arkitekturako tituluaren edo horietako baten baliokidearen kopia eskaneatua, edo titulu hori luzatzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena. Agiriaren aurreko eta atzeko aldeak agertuko dira kopia horretan, eta artxibo bakar batean aurkeztuko da.

Titulua atzerrian lortu bada, horren kopia eta homologazioaren egiaztagiria aurkeztu beharko dira, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuan eta abenduaren 3ko ECD/2654/2015 Aginduan ezarritakoarekin bat, edo onarpenaren egiaztagiria, 2005/36/EE Zuzentarauan ezarritakoaren arabera.

e) Bigarren oinarriko 2.b) eta 2.c) azpiataletan ezarritako betebeharrak betetzen direla frogatzeko, izangaiak irakaskuntzako kidegoren batekoa dela egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du, honako hauek zehaztuta: kidegoa, langilearen erregistro zenbakia, zer datatan sartu zen kidegoan eta irakaskuntzan egindako zerbitzuen iraupen egiazkoa.

f) Euskaraz eman beharreko lanpostuak eskuratu nahi izanez gero, EGA-Euskararen Gaitasun Agiriaren edo titulu baliokide baten kopia eskaneatua aurkeztu beharko da, edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria. Frogagiriak indarrean egonen dira, eta artxibo bakar batean aurkeztuko dira.

g) Sexu Delitugileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, adierazten duena izangaia ez dela kondenatua izan, epai irmo baten bidez, sexu-askatasunaren edo sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik.

h) Parte hartzen duten langileek lehiaketaldian baloratzeko alegatutako merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioaren kopia eskaneatua. Deialdi honen hirugarren oinarrian eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatu aurretik egindako merezimenduak bakarrik hartuko dira kontuan, eta behar bezala egiaztatu beharko dira, I. eranskinean zehazten den bezala. Argitalpenen kasuan, I. eranskineko 4.1.2 atalean ezarritakoa hartuko da kontuan.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak organikoki eta funtzionalki Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dauden izangaien zerbitzu orria ofizioz aurkeztuko du, beren zerbitzuak baloratzeko, bai eta merezimenduen baremoko I. eta II. atalei eta III. ataleko 3.1 eta 3.2.1 azpiatalei dagozkien merezimenduak baloratzeko ere, betiere parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuei jarraikiz.

3.2. Desgaitasuna duten pertsonentzako erreserba prozedurako izangaiak.

3.1 atalean ezarritako dokumentazio orokorraz gainera, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hurrengo agirietako bat aurkeztu beharko dute:

–Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Mendekotasuna Baloratzeko eta Orientatzeko Taldeek emandako ziurtagiria, edo beste irizpen lotesle bat, talde multiprofesional eskudun batek emana, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna egiaztatzen duena.

–Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria.

Desgaitasuna egiaztatzeko ziurtagiria edo irizpena aurkezten ez bada, izangaia ez da onartuko desgaitasuna dutenentzako erreserba prozeduran, baina bai txanda irekiko prozeduran, baldin eta horretarako betebeharrak betetzen baditu.

Geroago desgaitasun bat aitortzeak, atzeraeragineko ondorioak izanik ere, ez du ekarriko erreserba prozeduran onartzea.

Probaren zati bakoitza egiteko denbora eta baliabideak egokitzeari dagokionez, izangaiek eskatzen dituzten egokitzapenak adierazi beharko dituzte eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara igorriko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten zentzuzko egokitzapen eta doikuntzak zehaztearren, baldintza berdinetan jardun ahal izan dezaten, betiere proben mamia aldatu gabe.

3.3. Zehaztutako epearen barrenean dokumentazioa aurkezten ez dutenak hautapen prozeduratik kanpo geratuko dira.

Dokumentazio hori aztertuta ondorioztatzen bada izangaietako batek ez dituela betetzen eskatzen diren betebeharrak, haren jarduerak baliogabetuko dira, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak. Era berean, baldin eta aipatu dokumentazioa aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela betetzen aurkeztutako merezimenduak, egiaztatu gabeko merezimendu horiei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

Horren ondorioz, izangaiek parte hartzeko eskaerarekin batera aurkezten dituzten agiri guztien jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak gorde beharko dituzte.

Laugarrena.–Eskubideen ordainketa.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, azterketa-eskubideengatik, aukeratu nahi den hizkuntza bakoitzeko 41,60 euro ordaindu izanaren ordainagiria aurkeztu beharko da. Ordainagiria aurkeztu ezean, izangaia baztertuta geldituko da.

Azterketa-eskubideak nahitaez ordainketa-gutunaren bidez ordainduko dira edozein banketxetan. Ordainketa-gutunaren eredua www.nafarroa.eus helbidean dago, deialdiaren fitxan. Izangaiek beren datuekin bete beharko dute ordainketa-gutuna, eta “kontzeptuaren azalpen” gisa parte hartu nahi duten hizkuntza edo hizkuntzak jarriko dituzte. Gero, ordainketa-gutuna inprimatu eta ordainketa eginen dute edozein banketxetan. Ordainketa modu telematikoan ere egin daiteke, eta ordainagiria inprimatu. Bi kasuetan, hautapen prozeduran onartua izan ahal izateko, izangaiak azterketa-eskubideen ordainagiriak erantsi beharko dizkio parte hartzeko eskabideari.

Ordainketa-gutunean izangaia identifikatu ahal izateko daturen bat falta bada, horrek izangaia baztertzea ekarriko du.

Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearekin bat etorriz, tasak ordaintzetik salbuetsita daude ehuneko 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak. Pertsona horiek desgaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiria edo irizpena aurkeztu beharko dute.

Bosgarrena.–Izangaien onarpena.

1. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea iraganik, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko (hizkuntzaren arabera), eta www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko du, deialdiaren fitxan. Zerrenda horietan parte-hartzaileen izen-deiturak azalduko dira, eta, baztertuen kasuan, horretarako arrazoiak.

Ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, aurkeztutako dokumentazioan izandako akats formalak zuzentzeko, izangaia deialditik baztertzeko arrazoi izan direnak, hain zuzen. Ez da inola ere onartuko eskabideak aurkezteko epean aurkeztu ez den agiriren bat aurkeztea. Era berean, beren datu pertsonalak ematean akatsak egin direla ohartu diren izangaiek epe horretan berean adierazten ahalko dute. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

Ezinezkoa izanen da merezimenduen frogagiriak inola ere zuzentzea.

2. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak.

Aurreko atalean aipatutako erreklamazioak ebatzi ondoren, onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrendak onesteko ebazpena emanen da.

Ebazpen hori www.nafarroa.eus helbidean argitaratuko da, deialdiaren fitxan.

Ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.

Ebazpen horren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onartutako langileen zerrendan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Dokumentazioa azterturik ikusten baldin bada baldintzen bat falta dela, prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte pertsona horiek.

Seigarrena.–Hautapen organoak.

1. Epaimahaiak.

1.1. Behin izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratutakoan, epaimahaiak eta Hautapen Batzordea izendatuko dira.

1.2. Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez, hizkuntza bakoitzeko epaimahai bat izendatuko da, gutxienez. Hizkuntza berera aurkeztutako izangai kopurua dela-eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak hala irizten badio, epaimahai bat baino gehiago izendatzen ahalko dira. Horrelakoetan, hautapen batzorde bat eratuko da.

1.3. Epaimahaiko kideak karrerako funtzionarioak izanen dira, bai hezkuntzako ikuskatzaileen kidegokoak, bai iraungitze bidean dagoen hezkuntza administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegokoak. Epaimahai bakoitzean bost kide izanen dira. Epaimahaia mahaiburuak eta lau mahaikidek osatuko dute.

Mahaiburua Hezkuntza Departamentuak izendatuko du zuzenean, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioen artetik. Izendatuak jarduneko administrazio egoeran egon beharko du.

Zilegi da epaimahai bakoitzeko mahaikide bat aukeratzea Nafarroako Foru Komunitatean jarduneko administrazio egoeran dauden eta epaimahaian borondatez parte hartzea eskatzen duten hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioen artetik. Horretarako, interesdunek idazki bat aurkeztu beharko diote Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari, 10 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epaimahai bakoitzeko eskaera bat baino gehiago egonez gero, aipatutako organoak ebatziko du, hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan antzinatasun handienaren irizpidea aplikatuz. Berdinketa badago, hezkuntzako ikuskatzaile gisa emandako zerbitzu guztiak zenbatuz antzinatasun handiena duena aukeratuko da.

Epaimahaian borondatez parte hartzea eskatzen duten eta aukeratzen ez diren funtzionarioek berriz hartuko dute parte gainerako mahaikideen zozketan.

Ebazpen horretan ezarritako epean ez badago hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko jarduneko funtzionariorik borondatez parte hartzea eskatzen duenik, zozketa bidez hautatuko dira bi mahaikideak.

Epaimahai bakoitzeko mahaikide bat, edo bi, hala badagokio, zozketa bidez hautatuko dira, Nafarroako Foru Komunitatean ikuskatzaile lana egiten ari diren hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioen artetik. Ikuskatzaile funtzionario bakoitzari zenbaki bat emanen zaio, eta, ondoren, zenbaki bat edo batzuk aterako dira ausaz, eta zenbaki horiek erabakiko dute zeintzuk diren epaimahai horretako kideak.

Nafarroako Foru Komunitatean ikuskatzaile lana gaztelaniazko lanpostuetan egiten ari diren hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioen artetik izendatutako bi mahaikideek, lehentasunez, gaztelaniazko epaimahaian edo epaimahaietan hartuko dute parte, eta Nafarroako Foru Komunitatean ikuskatzaile lana euskarazko lanpostuetan egiten ari diren hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioek, lehentasunez, euskarazko epaimahaian edo epaimahaietan hartuko dute parte. Nolanahi ere, euskarazko lanpostuak hautatzeko epaimahaietako kideek behar den hizkuntza gaitasuna eduki beharko dute.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak epaimahai bakoitzeko bi mahaikide eskatuko dizkie, idatziz, beste hezkuntza administrazio batzuei; mahaikide horiek hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko edo iraungitze bidean dagoen hezkuntza administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioak izan beharko dute.

Hezkuntzako ikuskatzaileen kopurua dela-eta zozketa egitea ezinezkoa denean, Hezkuntza Departamentuak zuzenean izenda ditzake mahaikideak.

Epaimahaiko idazkari lana kidegoan antzinatasunik txikiena duenak eginen du, epaimahaiak bestelakorik erabakitzen ez badu behintzat.

1.4. Epaimahai bakoitzean epaimahaikideen ordezko bana izendatuko da.

1.5. Bat etorriz maiatzaren 16ko 202/1991 Foru Dekretuarekin, zeinak arautzen baititu langileak hautatzeko epaimahaietan parte hartzeagatik Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko irakasleek jasotzen dituzten konpentsazioak, eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuarekin, zeinaren bidez onesten baita Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakaskuntzako kidegoetan sartzeko eta espezialitate berriak lortzeko Erregelamendua, epaimahaietan parte hartzea nahitaezkoa da, eta epaimahaietako kideei aipatu foru dekretuan ezarritako konpentsazioak dagozkie.

1.6. Epaimahaietako kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta halaxe jakinarazi beharko diote Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren batean badaude, edo deialdia argitaratu aurreko bost urteetan hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko hautaprobetan izangaiak prestatzen aritu badira. Aipatutako egoeraren batean egonez gero, horren berri eman beharko da izendapenaren ebazpena jakinarazi eta bost egun balioduneko epean.

Mahaiburuak mahaikideei eskatuko die berariazko aitorpena egin dezaten, adierazteko ez daudela aurreko paragrafoan jasotako egoeretako bakar batean ere.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, atal honen lehendabiziko paragrafoan jasotako egoera horietako bat gertatzen denean.

1.7. Behar izanez gero, deialdi honi dagokion hautaproba hasi aurretik, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpena emanen du mahaikide izateari utzi diotenen ordez arituko diren kide berriak izendatzeko, aurreko atalean aurrez ikusitako arrazoiren batengatik edo ezinbesteko arrazoi batengatik.

1.8. Mahaiburuek dei egin ondoren, epaimahaiak eratuko dira, mahaiburua eta idazkaria edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez, bertan direla.

1.9. Epaimahaiak eratu ondoren, beren jarduketek balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez, bertan egotea.

1.10. Epaimahaiak autonomia funtzional osoz arituko dira, prozeduraren objektibotasuna zaintzeaz arduratuko dira eta deialdiko oinarriak betetzen direla bermatuko dute.

Gainera, epaimahaiek behar diren antolaketa-neurriak har ditzakete haurdun dauden emakumeek hautapen prozedurako fase guztietan parte hartzeko modua izan dezaten, baldin eta erditze eguna bat etortzen bada epaimahaiaren aurrean aurkezteko egunarekin edo oposizioaldiko probaren bat egiteko egunarekin.

1.11. Epaimahaiei eginkizun hauek dagozkie:

a) Hautapen prozesuak behar bezala egiten direla begiratzea, deialdi honetan xedatutakoari jarraikiz.

b) Oposizioaldiko proba kalifikatzea; proba hori oinarri hauetan xedatutakoarekin bat eginen da.

c) Merezimenduen baremoko IV. atala aplikatuz izangaiei dagozkien puntuazioak esleitzea.

d) Honako eginkizun hauek ere izanen dituzte: oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batuketa egitea, izangaiak ordenatzea, bi faseak gainditzen dituzten izangaien zerrendak prestatzea, lehiaketaldia eta oposizioaldia gainditu dituzten izangaiak aldarrikatzea, dagozkion zerrendak argitaratzea eta organo dei-egileari igortzea.

e) Hautapen batzorderik eratzen ez den kasuetan, oinarri honetako 2.2 ataleko c) eta d) puntuetan ezarritako eginkizunak.

Epaimahaien jarduketa prozedurak, une oro, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean xedatutakoa beteko du.

1.12. Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiek Hezkuntza Departamentuan izanen dute egoitza (San Domingo kalea z.g., 31001 Iruña), eta bertan erantzunen dira hautapen prozedura hauen gainean sortzen diren galdera guztiak.

1.13. Ezin izanen da deklaratu, inolaz ere, hizkuntza bakoitzean iragarritako lanpostu kopurua baino izangai gehiagok gainditu dutela hautapen prozesua. Proposamenen bat arestian ezarritakoaren aurkakoa bada, deuseza izanen da zuzenbide osoz.

2. Hautapen batzordeak.

Hizkuntza berera aurkeztutako izangai kopurua dela-eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak hala irizten badio, epaimahai bat baino gehiago izendatzen ahalko dira. Horrelakoetan, hautapen batzorde bat eratuko da. Kasu horretan, 1. epaimahaiari dagokio desgaitasuna dutenentzat erreserbaturiko prozedura garatzea.

2.1. Hautapen Batzordearen osaera.

Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 6. artikuluan ezarritako eginkizunak betetze aldera, Hautapen Batzordea eratuko da. Batzorde hori epaimahaietako mahaiburuek osatuko dute. Mahaiburuak bost baino gutxiago izanez gero, Hautapen Batzordea mahaikideekin osatuko da: lehendabizikoa 1. epaimahaiko 1. mahaikidea izanen da, hurrena 2. epaimahaiko 1. mahaikidea, eta horrela Hautapen Batzordeak bost kide izan arte. Bost epaimahai baino gehiago izanez gero, dagokion hizkuntzaren Hautapen Batzordea epaimahai guztietako mahaiburuek eratuko dute. Batzordeburua, edonola ere, 1. epaimahaiko mahaiburua izanen da, eta idazkaria, berriz, Hautapen Batzordea osatzen dutenen artetik kidegoan antzinatasun txikiena duen funtzionarioa, non eta Hautapen Batzordeak ez duen beste moduren bat zehazten hura aukeratzeko.

2.2. Hautapen batzordeek eginkizun hauek dituzte, besteak beste:

a) Epaimahaiak koordinatzea.

b) Epaimahaien jarduketarako irizpideak finkatu eta homogeneizatzea.

c) Oposizioaldiko probaren zati bakoitza ebaluatzeko irizpideak zehaztea eta haren lehen zatia hasi aurretik argitaratzea. Irizpide horiek Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari jakinaraziko zaizkio haiek argitaratu aurretik, indarreko legeria betetzen dutela egiaztatzearren.

d) Oposizioaldiko probaren lehen zatiari dagokion kasu praktikoa prestatzea.

Hautapen prozesuan zehar, Hautapen Batzordeak, aurrez Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari kontsulta egin eta gero, atal hauek aplikatzean sor litezkeen zalantza guztiei erantzunen die, eta nola jardun erabakiko du haren iritziz ezohikoak diren inguruabarren aurrean.

3. Administrazioaren beste organo batzuei esleitutako eginkizunak.

Merezimenduen baremoaren I., II. eta III. atalei dagokien puntuazioa Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari atxikitako langileek emanen dute; balorazio hori epaimahaiek eskuordetuta eginen dute, eta beren lanaren emaitzak oposizioaldia bukatutakoan igorriko dizkiete epaimahaiei.

Zazpigarrena.–Hautapen prozeduraren nondik norakoak.

1. Hautapen prozeduraren edukia.

Hautapen prozedurak honako fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldia: proba bat eginen da, eta haren bidez baloratuko da izangaiek pedagogiari buruz, administrazioari buruz eta hezkuntza arloko legediari buruz duten ezagutza, betiere ikuskatzaileen eginkizunekin lotuta, eta, horrez gain, ikuskatzailearen lana egiteko ezagutza eta teknika espezifikoak ere baloratuko dira.

b) Lehiaketaldia: fase honetan, aurkeztutako merezimenduak baloratuko dira, deialdi honen I. eranskinean jasotako baremoak eta zehaztapenak kontuan hartuz.

c) Praktikaldia: fase honen helburua da bermatzea izangaiek badutela behar adina prestakuntza hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoari dagozkion eginkizunak egiteko.

2. Probaren hasiera.

Oposizioaldiko probaren hiru zatiak 2022ko azaroaren 1etik aurrera eginen dira. Probak hasi baino gutxienez berrogeita zortzi ordu natural lehenago, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Zuzendaritzak deialdiaren web fitxan argitaratuko du oposizioaldia non eginen den eta zein egun eta ordutan hasiko den adierazteko ebazpena.

Epaimahaiak, adierazitako egunean, orduan eta tokian, izangaiak identifikatuko ditu, eta hautapen prozedura ahalik eta hobekien garatzeko egokitzat jotzen dituen jarraibideak emanen ditu. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo haien nortasuna egiaztatzen duen antzeko agiria eraman beharko dute. Bertaratzen ez diren izangaiek beren eskubideak galduko dituzte eta prozeduratik kanpo geratuko dira, salbu eta behar bezala justifikatutako eta epaimahaiak aintzat hartutako ezinbesteko kasuetan.

Epaimahaiek ahalmena dute, orobat, probetan iruzurrezko jarduketaren bat egiten duten izangaiak hautapen prozeduratik baztertzeko, eta, halakoetan, ez aurkeztutzat hartuko dira ondorio guztietarako.

Epaimahaiaren aurreko jarduketak hasi ondoren, epaimahaiek deialdiaren web fitxan argitaratuko dituzte izangaien hurrengo deialdiak, hasi baino berrogeita zortzi ordu natural lehenago, gutxienez.

Lortutako puntuazioen argitalpena izangaien deialdiak egiten diren modu berean eginen da.

Izangaiei dei bakarra eginen zaie epaimahaiaren aurreko jarduketak egiteko, eta agertzen ez direnak hautapen prozesutik kanpo geldituko dira. Horretarako, taldekako ariketa batera deitzen diren pertsonak deialdietan zehazten diren egunean eta orduan agertu beharko dira epaimahaiaren aurrean. Bakarkako ariketetan, egun bakoitzerako deitutako izangaiek bertan egon beharko dute epaimahaiak jarduketak hasteko ezarritako orduan.

Parte hartzeko hurrenkera, horrelakorik behar duten ariketetan, alfabetikoki zehaztuko da. Hala, lehen izangaia izanen da Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak eginen duen zozketan ateratzen diren bi letrez hasten den lehen abizena duen pertsona.

3. Nortasuna egiaztatzea eta baldintzak betetzea.

Hautapen prozesuaren edozein unetan, izangaiei beren nortasuna egiaztatzeko eskatzen ahal die epaimahaiak.

4. Hautapen prozesuaren antolaketak bermatu eginen du bi hizkuntzetan inskribatutako eta onartutako izangaiek –halakorik badago– aukera dutela gaztelaniazko eta euskarazko lanpostuetara aurkezteko.

Zortzigarrena.–Hautapen sistema.

1. Oposizioaldia.

Probak hiru zati izanen ditu. Zati bakoitza baztertzailea izanen da, eta jarraian zehazten denera egokituko da, hurrenkera honetan:

a) Lehen zatia. Epaimahaiak proposatutako kasu praktiko bat analizatu beharko da idatziz, hezkuntzako ikuskatzailetzan jarduteko teknika egokiak erabiliz. Zati hau egiteko, hiru ordu emanen dira gehienez. Ariketa egiteko, izangaiek beren laguntza-materiala erabiltzen ahalko dute, hala nola:

–Idatzizko dokumentazioa edo formatu digitalean: Estatuko Administrazioak eta Nafarroako Foru Administrazioak aldizkari ofizialetan argitaratutako araudia soilik. Araudi horrek ez du iruzkinik edo oharrik izanen. Ez dago baimenduta Protokoloak erabiltzea.

–Ordenagailu eramangarria edo tableta, izangai bakoitzak eraman dezakeena, aurreko atalean aipatutako dokumentazioa soilik jasoko duena. Aparatu horiek funtzionatzeko autonomia izan beharko dute, eta ez dute telefono-konexiorik edo Interneterako konexiorik izan beharko. Salbuetsita geratzen da probaren zati hau garatuko den aretoaren kanpoaldearekin konektatzea ahalbidetzen duen edozein bitarteko, osagarri edo prozedura erabiltzea, bai eta ordenagailu eramangarriaz/tabletaz bestelako soinu edo irudi bidezko euskarri elektronikoak ere. Baliabide guztiak interesdunek ekarri beharko dituzte.

Izangaiek arau hori betetzen ez badute, berehala baztertuko dira hautapen prozesutik.

Probaren zati honen idatzizko ariketa egin ondoren, izangaiek epaimahaiaren aurrean irakurri beharko dute. Ondoren, epaimahaiko kideek egoki irizten dituzten galderak egiten ahalko dituzte edo azalpenak eskatzen ahalko dituzte, gehienez ere hamabost minutuz.

b) Bigarren zatia. III. eranskinean zehaztutako gai-zerrendako A zatiko gai bat garatu beharko da, idatziz.

Epaimahaiak zozketa bidez ateratako bi gaietatik bat aukeratuko du izangaiak.

Probaren zati honen idatzizko ariketa egiteko hiru ordu izanen dira, eta ezin izanen da inolako material osagarririk erabili. Proba epaimahaiaren aurrean irakurriko du izangaiak, eta epaimahaiak egoki irizten dituen galderak egiten ahalko dizkio edo dagozkion azalpenak eskatzen ahalko dizkio, gehienez ere 15 minutuz.

c) Hirugarren zatia. Gai-zerrendako B zatia osatzen duten gaietako bat ahoz azaldu beharko da (gai horiek ebazpen honen III. eranskinean daude zehaztuak).

Epaimahaiak bi gai aterako ditu zozketa bidez, eta izangaiak horietako bat aukeratu eta garatu beharko du.

Izangaiek hogeita hamar minutu izanen dituzte gaia prestatzeko, eta, horretarako, egokitzat jotzen duten materiala eta dokumentazioa erabiltzen ahalko dute. Salbuetsita geratzen da probaren zati hau garatuko den aretoaren kanpoaldearekin konektatzea ahalbidetzen duen edozein bitarteko, osagarri edo prozedura erabiltzea, bai eta ordenagailu eramangarriaz/tabletaz bestelako soinu edo irudi bidezko euskarri elektronikoak ere. Azken horiek funtzionatzeko autonomia izan beharko dute, eta ez dute telefono-konexiorik edo Interneteko konexiorik izan beharko. Izangaiek arau hori betetzen ez badute, berehala baztertuko dira hautapen prozesutik. Baliabide guztiak interesdunek ekarri beharko dituzte.

Prestatzeko denbora bukatu ondoren, izangaiek ahozko azalpena egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Azalpena gutxienez hamabost minutukoa izanen da, eta gehienez hogeita hamar minutukoa. Azalpena egiteko gutxieneko denbora betetzen ez badu, baldintza hori ez dela bete ulertuko da, eta kalifikazioa 0 puntukoa izanen da. Ahozko azalpenean, garatu beharreko edukien gidoi bat bakarrik erabiltzen ahalko dute izangaiek. Gidoi horrek DIN-A4 tamainako orri bat beteko du gehienez, alde bakarretik idatzita, prestaketa-aldian eginen da eta epaimahaiari emanen zaio azalpena bukatutakoan. Azalpena bukatutakoan, epaimahaiak egoki irizten dituen galderak egiten ahalko ditu edo dagozkion azalpenak eskatzen ahalko ditu, gehienez ere 15 minutuz.

Probaren zati guztietan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aplikatuko da.

Probaren zati guztiak lortu nahi diren lanpostuei dagokien hizkuntzan eginen dira.

2. Oposizioaldiaren kalifikazioa.

Epaimahaiak zerotik hamarrera bitarteko puntuazioarekin kalifikatuko du probaren zati bakoitza, eta puntuazio horiek deialdiko web fitxan jarriko ditu jendaurrean, nork gainditu duten zehaztuta.

Proba gainditzeko, zatietako bakoitzean bost puntu atera beharko dira gutxienez, eta azken puntuazioa kalkulatzeko, lehenengo zatian ateratako puntuazioa % 40an haztatuko da, eta beste bi zatietako bakoitzean ateratakoa, berriz, % 30ean.

Epaimahaikideek emandako puntuazioen artean hiru puntu osoko edo gehiagoko aldea baldin badago, puntuaziorik altuena eta baxuena, besterik gabe, baztertuko dira, eta gainerako kalifikazioekin aterako da batezbestekoa.

Oposizioaldiko probaren zati bakoitzean, izangai bakoitzaren puntuazioa milarenak arte zehaztu behar da, kasua bada.

Probaren hiru zatietatik bakoitza bukatu eta gero, epaimahaiak argitara emanen du web-orrian, deialdiaren fitxan, izangaiek lortutako puntuazioen zerrenda.

Puntuazio horien aurka, izangaiek erreklamazioa jartzen ahal dute, kasuan kasuko epaimahaiari zuzendua, bi egun balioduneko epean, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik aurrera, aurreko ataletan aipatutako bideak erabiliz. Epaimahaiak aztertuko du ea bere kalifikazioetan transkripzio edo egitatezko akatsik edo errakuntza aritmetiko edo materialik dagoen, eta behin betiko notak argitaratuko ditu adierazitako lekuan, gehienez ere berrogeita zortzi orduko epean, erreklamazioak aurkezteko epea bukatu ondoren. Puntuazioak aldatzen ez badira, erreklamazioak ezetsi egin direla ulertu behar da.

Ondoren, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen bidez, izangaiek oposizioaldian lortutako kalifikazio orokorrak argitaratuko dira, probaren zati guztiak gainditu direnean.

Ebazpen horren aurka ezin izanen da erreklamaziorik aurkeztu, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri beharko dute, hala badagokio.

3. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldian, izangaien ibilbide profesionala eta irakasle gisa dituzten berariazko merezimenduak baloratuko dira, bai eta izan dituzten zuzendaritza karguak (aldeko ebaluazioa dutenak) eta Hezkuntzari buruzko Lege Organikoan aipatzen diren katedradunen kidegoetako batekoak diren ere, eta, kasua bada, ikuskatzaile gisa egindako jarduna, deialdi honen I. eranskinean ezarritakoarekin bat, zeinak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren III. eranskinean zehaztutako oinarrizko zehaztapenak biltzen baititu.

Izangaien puntuazioa honako hauek emanen dute:

–I. eranskineko I., II. eta III. atalei dagokienez, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari atxikitako langileek. Langile horiek epaimahaiek eskuordeturik eginen dute balorazioa, eta, oposizioaldia bukatutakoan, emaitzak igorriko dizkiete.

–I. eranskineko IV. atalari dagokionez, epaimahaiek.

Ebazpen honen hirugarren oinarrian eskaerak aurkezteko zehaztutako epearen barrenean aurkeztutako merezimenduak baino ez dira kontuan hartuko, betiere I. eranskinean ezarritako moduan egiaztatzen badira.

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak baremoko atal guztietako puntuazioak batuko ditu eta merezimenduen behin-behineko balorazioak onesten dituen ebazpena argitara emanen du web-orrian, deialdiaren fitxan.

Interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo/eta merezimenduak zuzentzeko aktetan jasotzen diren akats formalak zuzendu, haiek argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean. Erreklamazioak edo akats zuzenketak Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta www.nafarroa.eus helbidean aurkeztuko dira, deialdiaren fitxan.

Era berean, Administrazioak, erreklamazioak aurkezteko ezarritako epean, ofizioz zuzentzen ahalko ditu izangaiei emandako behin-behineko puntuazioan hautemandako akatsak.

Izangairen batek ez baditu akats formalak epe horretan zuzentzen, eskubide horri uko egiten diola ulertuko da.

Izangaiek eskaerak aurkezteko epearen barruan alegatu eta justifikatzen ez dituzten merezimendu berriak ez dira inoiz kontuan hartuko.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta haiek ebatzitakoan, merezimenduen behin betiko balorazioak onesten dituen ebazpena argitaratuko da. Lehiaketaldiko puntuazioak behin betikotzat jotzen dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da jakitera eman dela alegazio horien ebazpena. Ebazpen hori deialdiaren web fitxan argitaratuko da. Balorazio horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Oposizioaldian bost puntu edo gehiago lortzen dituztenen kasuan soilik batuko dira lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioak.

Bederatzigarrena.–Oposizioaldia eta lehiaketaldia gainditzea.

1. Hizkuntza bakoitzean zenbat lanpostu iragarri diren, praktikaldira hainbeste izangai igaroko dira probaren zati guztiak gainditzen dituzten izangaien artetik, eta, betiere, oposizioaldiko eta lehiaketaldiko guztizko puntuazioaren araberako hurrenkeran. Ondorio horietarako, fase horien guztizko puntuazioa kalkulatzeko, oposizioaldia bi herenetan haztatuko da eta lehiaketaldia heren batean.

2. Epaimahaiek oposizioaldia gainditzen duten izangaien zerrenda eginen dute, lehiaketaldian lortutako puntuazioa eta oposizioaldian lortutakoa batuko dituzte, izangaiak ordenatuko dituzte guztira lortutako puntuazioaren arabera, lehiaketaldia eta oposizioaldia gainditzen dituzten izangaien zerrenda eginen dute, aipatu faseak gainditzen dituzten izangaiak aldarrikatuko dituzte, dagozkion zerrendak argitaratuko dituzte eta organo dei-egileari igorriko dizkiote.

Izangaiak ordenatzerakoan berdinketak gertatuz gero, horien artean lehentasuna zeinek duen zehazteko irizpide hauek hartuko dira aintzat:

a) Oposizioaldian puntuaziorik altuena ateratzea.

b) Oposizioaldiko zati bakoitzean puntuaziorik altuena ateratzea, deialdi honetan agertzen diren hurrenkera berari jarraikiz.

c) Merezimenduen baremoko ataletan puntuaziorik altuena ateratzea, deialdi honetan agertzen diren hurrenkera berari jarraikiz.

d) Merezimenduen baremoko azpiataletan puntuaziorik altuena ateratzea, deialdi honetan agertzen diren hurrenkera berari jarraikiz.

e) Irizpide horiek aplikatu ondoren berdinketak bere horretan badirau, epaimahaiak berdinketa hausteko bosgarren irizpide bat aplikatuko du, hots, proba osagarri bat egin beharko da, non epaimahaiak zozketa bidez ateratako gai bat garatu beharko baita. Garatu beharreko gaia abenduaren 11ko EDU/3429/2009 Aginduaren I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako A zatiari buruzkoa izanen da (agindu horren bidez, hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko hautapen prozeduraren oposizioaldirako gai-zerrenda onetsi zen).

Ezin izanen da deklaratu, inolaz ere, hizkuntza bakoitzean iragarritako lanpostu kopurua baino izangai gehiagok gainditu dutela hautapen prozedura. Proposamenen bat arestian ezarritakoaren aurkakoa bada, deuseza izanen da zuzenbide osoz.

Hizkuntza bakoitzeko prozesua gainditzen duten izangaien zerrendak Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez onetsiko dira, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Zerrenda horien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Deialdi honen bidez onetsitako oposizio-lehiaketa gainditzen duten izangaiek, baldin eta hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko hautapen prozesua beste hezkuntza administrazio batean ere gainditu badute eta aukeratzen badute beste administrazio horretan izendatzea praktiketako funtzionario, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendutako eskabidea aurkeztu beharko dute bost egun balioduneko epean, gainditu dutenen zerrenda argitaratzen denetik hasita, deialdi honetan parte hartzeagatik izaten ahal dituzten eskubide guztiei uko egiteko. Uko egin ezean, praktiketako funtzionario bihurtzeko izendapena onartzeak berekin ekarriko du hautapen prozesu honi isilbidez uko egitea.

Hamargarrena.–Praktiketako funtzionarioen izendapena.

1. Gainditu dutenen zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epean, hautatzen diren izangaiek bide hauek aukeratzen ahalko dituzte:

a) Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari eskatzea praktikaldia egin beharraz salbuestea, baldin eta egiaztatzen badute gutxienez urtebetez aritu direla ikuskatzaile lanetan behin-behinekoz. Praktikaldia baloratzeaz salbuesten diren izangaiak, eginkizunak betetzeari begira, hezkuntzako ikuskatzailetzaren kidegoari atxikita egonen dira praktikaldia bitartean, harik eta hautapen prozesuaren espedientea onesten den arte eta hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionario izendatzen diren arte.

b) Praktikaldiko ordainsariak jasotzea: hautatzen diren izangaiek, zeinahi delarik ere indarreko araudiaren arabera dagokien lan edo administrazio egoera, praktiketako funtzionario diren bitartean ordainsariak jasotzeko eskaera egin beharko dute, otsailaren 10eko 456/1986 Errege Dekretuan ezarri bezala, horren bidez ezartzen baitira praktiketako funtzionarioen ordainsariak (errege dekretu hori otsailaren 21eko 213/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).

Aurrekoa gorabehera, praktikaldia bitartean benetan bete behar duten lanpostuari dagozkion ordainsariak jasotzea aukeratzen duten izangaiek lanpostu horri oro har esleitutako ordainsari guztiak jasoko dituzte.

2. Hezkuntzako Departamentuak hautatzen diren izangaiak praktiketako funtzionario izendatuko ditu, eta, praktikak egiteari begira, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuan esleituko die destinoa. Destinoa jakinarazten zaienetik hamar egun naturaleko epean destino horretan lanean hasten ez badira, hautapen probei uko egiten dietela ulertuko da, eta, hala, praktiketako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte, salbu eta behar bezala egiaztatzen diren ezinbesteko kasuetan.

Hamaikagarrena.–Praktikaldia.

1. Praktikaldiaren helburua da egiaztatzea hautatzen diren izangaiek nolako prestakuntza duten hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoari dagozkion eginkizunak betetzeko.

Praktikaldian, ikuskatzaile lanaren jarduera profesionalaz gainera, prestakuntza jarduera batzuk ere eginen dira.

Praktikaldiak hiru hilabete baino gehiago iraunen du, eta ikasturte bat baino gutxiago.

2. Praktikaldia hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko kideen tutoretzapean eginen da, praktikaldia arautzeko Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emanen duen ebazpenean ezartzen denari jarraikiz.

Praktikaldia arautzeko ebazpenean ezartzen diren irizpideekin bat, azken ebaluazioan “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa agertuko da.

3. Praktiketako funtzionario izendatzen dutenetik karrerako funtzionario izendatu arte, izangaiek hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko praktiketako funtzionarioen araubide juridiko-administratiboa izanen dute, betiere ikuskapen lanetan aritzen badira.

4. Praktikaldia bitartean, praktiketako funtzionarioei azterketa mediko bat eginen zaie, hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoari dagozkion eginkizunak egoki betetzeko behar den egoera fisiko eta psikikoa dutela egiaztatzeko. Azterketa mediko hori gainditzen ez dutenek hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

Hamabigarrena.–Karrerako funtzionarioen izendapena.

1. Praktikaldia bukaturik eta egiaztatu ondoren gai kalifikazioa lortu duten izangaiek deialdian ezarritako betebehar orokorrak eta berariazkoak betetzen dituztela, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak hautapen prozesuaren espedientea onetsiko du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den ebazpen baten bidez.

2. Halaber, probak gainditzen dituzten izangaien zerrendak Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministeriora igorriko dira, hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko karrerako funtzionario tituluak luza ditzan.

Hamahirugarrena.–Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko plantillan bete gabe dauden lanpostuak aldi baterako betetzea.

Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan hutsik dauden lanpostuak edo suertatzen diren ordezkapenak Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 11ko 2/2022 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera beteko dira, horren bidez arautzen baitira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko behin-behineko ikuskatzaileen lanpostuak betetzeko izangaien zerrenden osaera, antolamendua eta kudeaketa.

Hamalaugarrena.–Errekurtsoak.

Epaimahaiek ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 31n.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

I. ERANSKINA

Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko merezimenduak baloratzeko baremoa

Merezimenduen balorazioan, izangaiek 10 puntu lortzen ahalko dituzte, gehienez.

I.–Ibilbide profesionala (3 puntu gehienez).

1.1. Egindako lana:

1.1.1. Irakaskuntzako funtzio publikoa osatzen duten kidegoetan karrerako funtzionario gisa irakasle lanetan egindako urte bakoitzeko, parte hartzeko nahitaez eskatzen diren zortzi urteetatik gora: 0,500 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko atal honetan: 0,0416 puntu.

1.1.2. Hezkuntza administrazioko 26. mailako edo goragoko lanpostuetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko edo Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Administrazioan unitate tekniko, bulego edo atal bateko buru edo zerbitzuko zuzendari gisa edo horien pareko kargu batean egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,500 puntu.

Hilabete edo urteko zatiki bakoitzeko atal honetan: 0,0416 puntu.

Frogagiriak:

Izendapena edo kargu-hartzea eta kargu-uztea azaltzen dituen ziurtagiriaren kopia eskaneatua, edo ikasturte honetan karguan jarraitzen duela azaltzen duen ziurtagiriarena.

1.2. Katedradunen kidegoetakoa izateagatik: 2,000 puntu.

Frogagiriak:

Zerbitzu-orriaren kopia eskaneatua, eskumena duen hezkuntza administrazioak ziurtatua; izendapenen eta kargu-uzteen kopia eskaneatuak; edo langileriaren arloan eskumena duen organo eskudunak egindako ziurtagiria, langile-erregistroaren zenbakia, kidegoa eta zerbitzuen benetako iraupena adierazten dituena.

Oharrak I. atalerako:

Atal honetan, deialdian nahitaez eskatzen den zortzi urteko jardun profesionalaz gainera, beste bost urte gehiago baloratuko dira gehienez.

II.–Behin-behineko ikuskatzaile gisa aritu izana (3 puntu gehienez).

Behin-behineko ikuskatzaile lanpostuetan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,750 puntu.

Frogagiriak:

Izendapenaren data eta kargua hartzearen eta uztearen datak azaltzen dituen ziurtagiriaren kopia eskaneatua, edo, bestela, karguan jarraitzen duela adierazten duen ziurtagiriarena.

Oharrak II. atalerako:

Lehena.–Atal honetan kontuan hartuko dira, bakar-bakarrik, lanpostuak betetzeko deitutako merezimendu lehiaketetan parte hartzearen ondorioz lortutako lanpostuetan behin-behineko ikuskatzaile gisa egindako urteak.

Bigarrena.–Atal honetan ez dira baloratuko kasuan kasuko funtzio publikoko kidegoan hasteko edo sartzeko baloratu diren zerbitzu urteak.

III.–Zuzendaritza karguetan eta koordinazio didaktikoko karguetan aritu izana (3 puntu gehienez).

3.1. Ikastetxe publikoetan edo irakasleen edo baliabideen zentroetan zuzendari gisa edo zuzendari alboko gisa egindako urte bakoitzeko, baldin eta balorazio positiboa lortu badu (balorazioa egin den kasuetan): 0,750 puntu.

3.2. Zuzendaritzako edo koordinazio didaktikoko beste kargu batzuetan aritu izanagatik:

3.2.1. Ikastetxe publikoetan zuzendariorde, idazkari edo ikasketaburu gisa edo horiekin parekatutako karguetan egindako urte bakoitzeko: 0,500 puntu.

3.2.2. Departamentuko buru, Lehen Hezkuntzako zikloko koordinatzaile edo etengabeko prestakuntzako aholkulari gisa edo antzeko karguetan, edo Espainiako Hizkuntza eta Kultura Taldeetan zuzendari gisa, egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,100 puntu.

–Frogagiriak:

Izendapenaren kopia eskaneatua, kargua hartzeko nahiz uzteko eginbidea agertzen duena, edo, bestela, karguan jarraitzen duela adierazten duen ziurtagiria.

Oharrak III. atalerako:

Lehena.–Atal honetan ez dira baloratuko kasuan kasuko funtzio publikoko kidegoan sartzeko edo bertara igotzeko baloratu diren zuzendaritza karguak.

Bigarrena.–Zuzendaritza karguen balorazioa.

1.–Merezimenduen baremoko 3.2.1 atalean ezarri diren ondorioetarako, zuzendaritza kargu parekatutzat honako hauek hartuko dira gutxienez:

–Puntu honetan aipatutako karguak, Lanbide Heziketako ataletan jardun denean.

–Idazkari albokoa.

–Ikasketaburu albokoa.

–Egoitzako burua.

–Batxilergoko Institutuko ikasketaburuaren delegatua edo autonomia erkidegoetan horren pareko direnak.

–Atal delegatuko zuzendaria-ikasketaburua.

–Atal filialeko zuzendaria.

–Irakaskuntza Ertainaren Patronatuko ikastetxe ofizialeko zuzendaria.

–Lanbide Heziketako ikastetxeen administratzailea.

–Irakasle delegatua, Lanbide Heziketako Atalaren kasuan.

2.–Kargu batean baino gehiagotan batera jardunez gero, ezin izanen da puntuazioa batu.

IV.–Prestakuntza zientifiko eta didaktikoa eta beste merezimendu batzuk (2 puntu gehienez).

4.1. Prestakuntza zientifiko eta didaktikoa (0,700 puntu gehienez).

4.1.1. Titulazioak.

4.1.1.1. Graduatu ondokoak, doktoretza eta aparteko sariak:

a) Ikasketa aurreratuen ziurtagiri-diplomagatik (apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretua), master titulu ofizialagatik (urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuaren bidez lortua), ikertzeko nahikotasunagatik edo beste edozein titulu baliokiderengatik, betiere titulu horiek irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko baldintza gisa ezarri ez badira: 0,350 puntu.

b) Doktore titulua izateagatik: 0,500 puntu.

c) Doktoretzan aparteko saria lortzeagatik: 0,350 puntu.

Frogagiriak: tituluaren kopia eskaneatua, edo, hala badagokio, ziurtagiri-diploma edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriarena.

4.1.1,2. Unibertsitateko beste titulu batzuk:

Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko eskatzen denaz aparteko goi mailako unibertsitate-titulu bakoitzeko: 0,350 puntu.

Oharrak 4.1.1 atalerako:

Lehena.–Baloratzerakoan, Espainiako Estatuan balio ofiziala duten tituluak bakarrik hartuko dira kontuan. Tituluak atzerrian lortu badira, dagokien homologazioa aurkeztu beharko da.

Bigarrena.–Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko prozesuan parte hartzeko baldintza gisa alegatutako unibertsitate-titulu ofizialak ez dira inola ere baloratuko.

4.1.2. Hezkuntza-sistemarekin zerikusia duten argitalpenak, arlo hauetako edozeini buruzkoak: ebaluazioa eta gainbegiratzea, curriculumaren garapena, eskola antolaketa, aniztasunari erantzutea, balioetan oinarrituriko hezkuntza, hezkuntzako orientazioa, hezkuntzari aplikatutako legedia eta hezkuntzari aplikatutako kalitatearen kudeaketa (0,500 puntu gehienez).

Frogagiriak:

Argitalpenen, programen eta abarren ale bana (ISBNa edo ISSNa duten argitalpenak baizik ez dira baloratuko), egindako kritikak eta, hala dagokionean, sariak lortu izanaren frogagiriak.

Liburuen kasuan (paperean, DVDn edo CDn), dokumentazio hau:

–Kasuan kasuko jatorrizko aleak.

–Eta argitaletxearen ziurtagiria, honako hauek adieraziko dituena: liburuaren titulua, egilea/k, ISBNa, lege gordailua eta lehen argitalpenaren data, ale kopurua eta liburu denda komertzialetan zabaldu dela.

Administrazio publikoek eta unibertsitateek (publikoek zein pribatuek) argitaratutako liburuei dagokienez, liburu denda komertzialetan zabaldu ez badira, honako hau adierazi beharko da ziurtagirian: liburuaren izenburua, egilea/k, lehenengo argitalpenaren data, ale kopurua eta non zabaldu diren (ikastetxeak, irakasle zentroak, kultur erakundeak, etab.).

Argitaletxea edo elkartea desagertu den kasuetan, zuzenbidean onartua den edozein frogabide erabiliz justifikatu beharko dira ziurtagiri honetan eskatutako datuak.

Aldizkarien kasuan (paperean, DVDn edo CDn), dokumentazio hau:

–Kasuan kasuko jatorrizko aleak.

–Eta ziurtagirian jaso beharko da: ale kopurua, banaketako eta salmentako tokiak, edo aldizkariaren jabe den legez eratutako elkarte zientifiko edo didaktikoa, argitalpenaren titulua, egilea/k, ISSNa edo ISMNa, lege gordailua eta argitalpenaren data.

Administrazio publikoek eta unibertsitateek (publikoek zein pribatuek) argitaratutako aldizkariei dagokienez, liburu denda komertzialetan zabaldu ez badira, honako hau adierazi beharko da ziurtagirian: aldizkariaren izenburua, egilea/k, lehenengo argitalpenaren data, ale kopurua eta non zabaldu diren (ikastetxeak, irakasle zentroak, kultur erakundeak, etab.).

Argitalpenak bakarrik formatu elektronikoan izan badira, txosten bat aurkeztuko da, non erakunde emaileak ziurtatuko baitu argitalpena datu-base bibliografikoan ageri dela. Dokumentu horretan, datu-basea, argitalpenaren titulua, egileak, urtea eta URLa adieraziko dira.

4.2. Ikuskatzaile lanetan jarduteko prestakuntza berariazkoa (0,500 puntu gehienez).

Hezkuntza administrazioek homologatutako edo onartutako prestakuntza jarduerak hartuko dira kontuan, bai eta unibertsitateek antolatutakoak ere, ikuskatzaile lanarekin lotura espezifikoa dutenak, honako honen arabera:

20 ordu bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,100 puntu.

20 ordutik gorako ikastaro bakoitzagatik: 0,200 puntu.

Frogagiriak: Ikastaroen ziurtagirien kopia eskaneatuak (kasuan kasuko erakunde edo zentroak luzatuak), non ikastaroaren kreditu edo orduak espresuki adieraziko baitira. Etengabeko prestakuntzaren planeko jardueretan edo hezkuntza administrazioak onartu dituenetan, espresuki adierazi beharko da kasuan kasuko jarduera plan horretan sartuta dagoela edo hezkuntza administrazioak onartua dela.

Oharrak 4.2 atalerako:

Lehena.–Atal honetan ez dira inola ere baloratuko titulu akademiko baten (doktoretza barne), master edo graduatu ondoko beste titulazio baten curriculuma osatzen duten ikastaro edo irakasgaiak. Ikastaroak bukatu eta behar diren tituluak lortu ondoren, titulu horiek 4.1.1.1 azpiatalaren arabera baloratuko dira, bidezko bada.

Bigarrena.–Ziurtagirietan orduen ordez kredituak adierazten direnean, ulertuko da ikastaroko 10 orduk kreditu bat egiten dutela, ziurtagiriak berak beste baliokidetasun bat ezartzen ez badu behintzat.

Hirugarrena.–Ordu edo kreditu kopurua jasotzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

4.3. Hizkuntzak jakitea (0,300 gehienez).

4.3.1. Hizkuntzetako unibertsitate titulu bakoitzeko: 0,200 puntu.

4.3.2. Hizkuntza eskola ofizialek emandako C1 edo C2 mailaren edo parekoaren ziurtagiri bakoitzeko: 0,100 puntu. EGA titulua edo parekoa izateagatik: 0,100 puntu.

Frogagiriak: Merezimendu gisa alegatutako tituluaren kopia eskaneatua edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, baita kidegoan sartzeko alegatu den titulua lortzeko beharrezkoak izan diren titulu guztien kopia eskaneatuak ere.

Oharrak 4.3 atalerako:

Lehena.–Euskarazko ikuskatzaile lanpostuetara lehiatuz gero, ez da euskara titulu bakar bat ere baloratuko. Gaztelaniazko ikuskatzaile lanpostuetara lehiatu, eta baliokideak diren euskara titulu bat baino gehiago aurkezten badira, titulu horietako bat bakarrik baloratuko da.

Bigarrena.–Baliokideak diren zenbait hizkuntza titulu aurkeztuz gero, horietako bat bakarrik baloratuko da.

Hirugarrena.–Atal honetan ez dira baloratuko 4.1.1 atalean baloratu diren unibertsitateko hizkuntza tituluak.

4.4. Irakaslanaren ebaluazioan balorazio positiboa lortu izana (0,500 puntu gehienez).

4.4.1. Irakaslanaren ebaluazioan balorazio positiboa lortu izana: 0,500 puntu gehienez.

Frogagiriak:

balorazio positiboaren ziurtagiriaren kopia eskaneatua, hezkuntza administrazio eskudunak emana. Ondorio horietarako, izangaiaren jardun profesionalaren gainean egindako edozein ebaluazio hartuko da kontuan (salbu eta zuzendaritza karguetan eta karrerako funtzionario gisa lehenbiziko urtean egindako lanarena), ikasketak egiteko lizentziaren deialdi batean, atzerriko lanpostuetarako deialdi batean, zerbitzu berezietan aritzeko deialdi batean edo antzeko beste batean egina, edo, bestela, Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuari borondatez eskatzen ahalko zaio balorazioa.

4.4.2. Hautapen organoetan borondatez parte hartu izanagatik: 0,100 puntu gehienez.

Frogagiriak:

Hautapen organoetan borondatez parte hartu izanaren egiaztagiriaren kopia eskaneatua, hezkuntza administrazio eskudunak emana.

Merezimenduen baremo osorako oharrak:

Lehena.–Deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako burutuak dauden eta behar den epean aurkezten diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

Bigarrena.–Gaztelaniara itzuli beharko dira atzerriko hizkuntza batean idatzitako agiriak eta beste autonomia erkidego bateko hizkuntza ofizial propioan idatzitakoak, euskarazkoak izan ezik. Zinpeko itzultzaileek egin beharko dituzte itzulpen horiek.

Hirugarrena.–Baremoko I. eta II. atalak eta III. ataleko 3.1 eta 3.2.1 azpiatalak baloratzeko, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko funtzionarioen zerbitzu orria aurkeztuko du, parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuen araberakoa.

II. ERANSKINA

Eskabidearen eredua (PDFa).

III. ERANSKINA

Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoan sartzeko prozeduraren oposizioaldiko gai zerrenda

–A zatia.

1. Hezkuntza, herritarraren funtsezko eskubidea. Derrigorrezko hezkuntza: jatorria, hedapena eta joerak.

2. Egungo gizartearen hezkuntza beharrak. Hezkuntzaren kontzeptua etengabeko prozesu gisa.

3. Hezkuntzaren dimentsioa Europar Batasunean. Europako hezkun tza programak.

4. Hezkuntza-jarduera kanpoan.

5. Hezkuntza sistemaren helburuak Europako hezkuntza helburuen esparruan.

6. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa. Egitura, printzipioak, helburuak eta edukia.

7. Espainiako hezkuntza sistema: ezaugarriak, egitura eta antolaketa.

8. Kalitatea eta ekitatea hezkuntzan. Hezkuntza eta kohesio soziala. Hobetzeko politikak.

9. Oinarrizko hezkuntza ikasleentzako heziketa erkidearen berme gisa; eta aniztasunari erantzutea funtsezko printzipio gisa. Curriculumaren osagaiak. Oinarrizko gaitasunak curriculumaren kohesio-elementu gisa.

10. Hezkuntza- eta lanbide-orientazioa. Tutoretza, irakaslan gisa.

11. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua. Prozesuaren osagaiak eta faseak. Ikasteko estiloak eta behar diren baldintzak.

12. Hezkuntzaren dimentsio etikoa: balioetan oinarritutako hezkuntza.

13. Aukera-berdintasuna hezkuntzan. Aniztasunari erantzuteko berariazko neurriak.

14. Berdintasunerako hezkuntza. Hezkidetza. Hezkuntza testuinguru multikulturaletan.

15. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak. Hezkuntzan eta ikastetxeen kudeaketan duten eragina.

16. Irakurketaren eta liburutegiaren erabileraren sustapena. Irakurmenaren garapena; irakurtzeko ohitura eta jarrerak. Neurriak eta programak.

17. Hezkuntza sistemaren ebaluaziorako printzipioak eta eredu orokorrak. Hezkuntzaren ebaluazioa egiteko moduak, helburuak eta prozedurak.

18. Ebaluazioaren zeregina irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan. Ebaluazioaren ezaugarriak Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.

19. Hezkuntza arloko esperimentazioa, ikerkuntza eta berrikuntza. Hezkuntza arloko berrikuntzak sartzeko, hedatzeko eta sendotzeko zailtasun eta estrategiak. Hezkuntza arloko berrikuntzaren ebaluazioa.

20. Irakasleen prestakuntza: hasierako prestakuntza eta etengabeko prestakuntza. Irakasleen prestakuntzaren egiturak. Prestakuntzak irakaslanean duen eraginaren ebaluazioa.

21. Eskola komunitatearen parte-hartzea Espainiako hezkuntza sisteman. Parte hartzeko organoak. Europar Batasuneko joera nagusiak.

22. Ikastetxeen autonomia pedagogikoa, antolaketakoa eta kudeaketakoa. Autonomia horren printzipioak eta Europar Batasuneko joera nagusiak.

23. Ikastetxearen hezkuntza proiektua. Curriculuma eta zikloko, departamentuko eta ikasgelako programazioak zehaztea.

24. Ikastetxeetako egiturazko eta antolaketa arloko elementuak. Kide anitzeko gobernu organoak eta irakaslana koordinatzekoak ikastetxe publikoetan. Antolaketa arloko estrategiak ikasle guztiei arreta ematea errazteko, bakoitzaren berariazko premien arabera.

25. Ikastetxe publikoetako zuzendaritza. Zuzendaritza taldea. Zuzendarien hautapena eta prestakuntza. Zuzendaritza lanaren eskumenak. Ikastetxeak zuzendu eta kudeatzeko Europako ereduak.

26. 0-6 urteko ikasleen ezaugarri nagusiak. Haur Hezkuntzaren xedea. Helburuak, antolaketa eta printzipio pedagogikoak. Oinarrizko araudia.

27. 6-12 urteko ikasleen ezaugarri nagusiak. Lehen Hezkuntzaren xedea. Helburuak, antolaketa, printzipio pedagogikoak eta oinarrizko gaitasunak. Diagnostikoko ebaluazio orokorra. Oinarrizko araudia.

28. 12-18 urteko ikasleen ezaugarri nagusiak. Bigarren Hezkuntzaren xedea. Helburuak, antolaketa, printzipio pedagogikoak eta oinarrizko gaitasunak. Curriculum aniztasuneko programak. Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak. Diagnostikoko ebaluazio orokorra. Oinarrizko araudia.

29. Batxilergoaren xedea. Oinarrizko araudia. Batxilergo motak eta aukerabideak. Ebaluazioa eta mailaz igotzea. Unibertsitatera sartzeko proba.

30. Lanbide Heziketaren xedea. Oinarrizko araudia. Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko Legea.

31. Araubide bereziko irakaskuntzak: hizkuntzen irakaskuntzak, arte irakaskuntzak eta kirol irakaskuntzak. Oinarrizko araudia.

32. Helduen Hezkuntza. Urrutiko hezkuntza. Oinarrizko araudia.

33. Hezkuntza-laguntzako premia berariazkoak dituzten ikasleak. Printzipio pedagogikoak, eskolatzea eta berariazko programak.

34. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleen gaineko araudia: sartzeko baldintzak, hautapena, espezialitateak, atxikipena eta mugikortasuna.

35. Bigarren Hezkuntzako irakasleen gaineko araudia: sartzeko baldintzak, hautapena, espezialitateak eta mugikortasuna.

36. Ikastetxeak. Araubide orokorreko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete beharreko gutxieneko baldintzak.

37. Ikastetxe pribatuak. Ikastetxe motak. Ikastetxe pribatuak baimentzea. Eskumenak eta izaera propioa. Ikastetxe pribatu itunduak. Haiek arautzeko xedapenak.

38. Funts publikoekin lagundutako ikastetxeetako ikasleen onarpena Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren arabera. Berdintasuna ikasleak onartzeko arauak aplikatzeko orduan. Eskolatze orekatua. Doakotasun bermeak.

39. Eskola-gainbegiratzea: planteamenduak, joerak eta eskolak.

40. Hezkuntza ikuskapena Espainian: azterketa historikoa.

41. Hezkuntza ikuskapena Europar Batasuneko herrialdeetan: azterketa konparatiboa.

42. Hezkuntza ikuskapenaren eginkizunak eta eskudantziak. Funtzionamendurako oinarrizko arauak. Lanbidearen deontologia.

43. Gainbegiratzea eta kontrola ikuspuntu pedagogikotik eta ikastetxeen funtzionamenduaren antolaketaren ikuspegitik, eta haietan eragina duten programak.

44. Irakaslana eta zuzendaritza lana gainbegiratzea. Teknikak eta tresnak. Elkarlana, etengabe hobetzeko baliabide.

45. Ikuskatzaileak ikastetxean jarduteko dauden motak. Ikuskapen bisita.

46. Ikuskapen txostenak. Txosten motak. Txostenak prestatzeko eta tramitatzeko arauak.

47. Zuzendaritza taldeei, irakasleei eta irakaslana koordinatzeko organoei aholku emateko esku-hartze motak. Hezkuntza-komunitateko sektoreei informazioa ematea.

48. Ikasleen ebaluazioa hezkuntza sistemaren etapa guztietan. Irakaskuntza bakoitzaren ondoriozko titulazioa. Oinarrizko araudia. Hezkuntza ikuskapenaren jarduketa.

49. Irakasleen irakaslanaren ebaluazioa: helburuak, adierazleak, eragileak eta ebaluazio tresnak. Ikuskatzaileen parte-hartzea irakasleen ebaluazioan.

50. Zuzendaritza lanaren ebaluazioa: ereduak, helburuak, eragileak eta ebaluazio tresnak. Hezkuntza ikuskapenaren jarduketa.

51. Ikastetxeen barreneko eta kanpoko ebaluazioa. Helburuak, estrategiak eta tresnak. Prozesuen eta emaitzen ebaluazioa. Ebaluazio txostenak. Hobetzeko planak. Hezkuntza ikuskapenaren jarduketa.

52. Hezkuntza sistemaren ebaluazioa: helburuak, esparruak, adierazleak eta tresnak. Diagnostikoko ebaluazio orokorrak. Kudeaketa organoak. Hezkuntza Ministerioaren Ebaluazio Institutua. Hezkuntza ikuskapenaren eginkizuna hezkuntza sistemaren ebaluazioan.

53. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio prozeduren tramitazioa.

54. Irakaskuntzaren programazio orokorrean parte hartzeko organoak eta kontsulta organo nazionalak. Estatuko Eskola Kontseilua.

55. Hezkuntza arloko eskumenen banaketa Estatuaren eta autonomia erkidegoen artean. Hezkuntza arloan Estatuari dagozkion eskumenak.

–B zatia.

• Orokorra.

1. Autonomia erkidegoa Espainiako Konstituzioaren esparruan. Autonomia estatutua: egitura eta edukia. Hezkuntza arloko eskumenak. Autonomia erkidegoko hezkuntza administrazioa. Egitura organikoa. Zuzendaritza organoen eskumenak.

2. Funtzio publikoa kasuan kasuko hezkuntza administrazioaren lurralde eremuan. Funtzionarioen betebeharrak eta eskubide indibidual eta kolektiboak. Bateraezintasunen araubidea. Lan kontratudunen, administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen eta, bereziki, irakasleen lan baldintzen gaineko hitzarmen eta akordioak. Lan ordutegiak, lizentziak, oporrak eta baimenak.

3. Kasuan kasuko hezkuntza administrazioaren menpeko lan kontratudunen eta funtzionarioen diziplina-araubidea. Hezkuntzako ikuskapen lanetan dituen inplikazioak. Diziplina espedienteak: prozedurazko arauak.

4. Gizarte sektoreek hezkuntzan duten parte-hartzea. Parte hartzeko organoak. Hezkuntza administrazio bakoitzari dagokion eskola kontseilua: egitura, kideak eta eginkizunak. Parte hartzeko beste modu batzuk.

5. Hezkuntzako ikuskapena kasuan kasuko hezkuntza administrazioaren lurralde eremuan. Antolaketa eta funtzionamendua. Kidegoan sartzea eta lanpostuak betetzea. Ikuskatzaileen prestakuntza eta ikuskapen lanaren ebaluazioa.

6. Hezkuntza ikuskapenaren jarduketa plana kasuan kasuko hezkuntza administrazioaren lurralde eremuan: helburuak, egitura eta jarduketa motak. Jarduketa planaren aplikazioa, jarraipena eta ebaluazioa.

7. Haurren eskubideak. Adingabeen babes juridikoa hezkuntza administrazio bakoitzaren lurralde eremuan. Adingabeen erantzukizun penala.

8. Bizikidetzarako, gatazkei aurrea hartzeko eta gatazkak bake bidez konpontzeko hezkuntza. Bizikidetza Plana. Ikasleen betebehar eta eskubideak kasuan kasuko hezkuntza administrazioaren lurralde eremuan.

9. Kasuan kasuko hezkuntza administrazioaren lurralde eremuko ikastetxeen zerbitzu osagarriak. Zerbitzu horien antolaketa eta funtzionamendua arautzen duten jarduketa-printzipioak. Hezkuntza ikuskapenaren jarduketak zerbitzu horiek planifikatu eta ebaluatzeko orduan.

10. Ikasleak funts publikoekin lagundutako ikastetxeetan eskolatzeko prozesuaren plangintza, antolaketa eta gainbegiratzea. Eskolatze hori arautzen duen berariazko araudia kasuan kasuko hezkuntza administrazioaren lurralde eremuan.

11. Haur Hezkuntzako etapako curriculuma: helburuak, edukiak, metodo pedagogikoak eta ebaluazio irizpideak.

12. Lehen Hezkuntzako curriculuma: helburuak, oinarrizko gaitasunak, edukiak, metodo pedagogikoak eta ebaluazio irizpideak.

13. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculuma: helburuak, oinarrizko gaitasunak, edukiak, metodo pedagogikoak eta ebaluazio irizpideak.

14. Batxilergoko curriculuma: helburuak, antolaketa eta printzipio pedagogikoak.

15. Lanbide Heziketa. Helburuak. Sartzeko baldintzak. Eskaintzaren edukia eta antolaketa. Balorazio irizpideak.

16. Hezkuntza laguntzako premia berariazkoak dituzten ikasleen eskolatzea eta haiei arreta ematea kasuan kasuko hezkuntza administrazioaren lurralde eremuan. Identifikazio goiztiarra eta balorazioa. Eskolatze motak.

17. Ikastetxeetako zuzendaritza eta kudeaketa. Zuzendariak hautatu eta izendatzeko prozedura kasuan kasuko hezkuntza administrazioaren lurralde eremuan. Zuzendaritza lanaren jardunari sostengu ematea eta aintzat hartzea.

18. Ikasleen hezkuntza arloko ebaluazioa helburuei, edukiei, ebaluazio irizpideei eta, hala badagokio, oinarrizko gaitasunei dagokienez. Ebaluazio motak eta horretarako tresnak. Ebaluazioa eta errekuperazioa. Ebaluazioa eta mailaz igotzea. Ikasleak irizpide objektiboen araberako ebaluazioa izateko duen eskubidea. Hezkuntza ikuskapenaren jarduketa.

19. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ikastetxeetan. Teknologia horien erabilera administrazioaren eta kudeaketaren esparruetan eta baliabide didaktiko gisa. Praktikan jartzea kasuan kasuko hezkuntza administrazioaren lurralde eremuan. Hezkuntza ikuskapenaren eginkizuna teknologia horiek sustatu eta hedatzeko orduan.

20. Hezkuntza- eta lanbide-orientazioa kasuan kasuko hezkuntza administrazioaren lurralde eremuan. Tutoretza irakaslanaren osagarri, araubide orokorreko eta araubide bereziko irakaskuntzetan. Hezkuntzako eta psikopedagogiako orientazio taldeen eta orientazio departamentuen eginkizunak.

21. Hizkuntza arloko betebehar eta eskubideak Espainian. Konstituzioa eta autonomia estatutuak. Hizkuntzen koofizialtasun araubideak lurralde autonomikoetan. Hizkuntzen normalizazioari buruzko legeak. Jurisprudentzia.

• Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza administrazioari buruzko berariazko zatia.

22. 0-3 urteko haurren hezkuntza. Horrelako zerbitzuen eskaintza Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan. Antolaketa eta funtzionamendua.

23. Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza eleaniztunaren esparruan egindako esperimentazio proiektuak. Atzerriko hizkuntzen txertaketa hiru hizkuntza edo gehiago erabiltzen dituzten programetan.

24. Ikastetxeen barreneko eta kanpoko ebaluazioa. Prozesuen ebaluazioa eta eskola-emaitzen ebaluazioa. Diagnostikoaren ebaluazioa Nafarroako Foru Komunitatean. Ebaluazioaren aplikazioak hezkuntzaren kalitatearen hobekuntzan eta hezkuntza-berriztapenean, hobekuntza planak. Hezkuntza ikuskapenaren esku-hartzea.

25. Zuzendaritza lanaren eta irakaslanaren ebaluazioa. Nafarroako Foru Komunitateko araudia. Dimentsioak eta irizpideak. Hezkuntza ikuskapenaren esku-hartzea ebaluazio prozesuetan.

26. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua. Erregelamendu organikoa. Bigarren Hezkuntzako institutuen antolaketa eta funtzionamendua. Erregelamendu organikoa.

Iragarkiaren kodea: F2208389