125. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

516E/2022 EBAZPENA, ekainaren 3koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena ematen duena Lerinen 7.200 plazako zerri-gizendegiaren proiekturako; Biurrun SL da proiektuaren sustatzailea.

Ingurumen eraginaren ohiko ebaluazio-prozedura hasteko, Biurrun SLk, 2022ko martxoaren 14an, lehen aipatutako zerri-instalazioaren proiektua aurkeztu zion Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen direnetakoa da –1. taldeko a) 3 epigrafean–. Beraz, aipatu xedapenean ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Ingurumen eraginaren prozeduraren laburpena.

2021eko ekainaren 21ean, proiektuaren titularrak ingurumen baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen, eta ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen horrekin batera.

2021eko uztailaren 26an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen ingurumen eraginaren azterketa eta ingurumen baimen integraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa 30 egunez (173. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta), eta eragindako administrazio publikoei zein pertsona interesdunei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera. Jendaurreko informazioko aldian ez da horri buruzko alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazio publiko gisa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak honako hauei egin zien kontsulta: Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Animalien Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia), Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala (Baso Zerbitzuak eta Zerbitzu Zinegetikoak) eta Leringo Udalari. Espedientean, Ingurumen Eraginaren Atalaren, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren, Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren, Baso Plangintzako eta Ingurumen Hezkuntzako Atalaren eta Animalien Ekoizpenaren Atalaren erantzunak daude. Bidenabar, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni, eta ez da haien erantzunik jaso.

Txosten honen eranskinetan jaso dira ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioko aldiaren emaitzen laburpenak.

2022ko martxoaren 7an, proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egiteko eskaera aurkeztu zion titularrak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. 2022ko martxoaren 16an, zerbitzu honek Biodibertsitatearen Zerbitzuari bidali zion espedientea, ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, azterketa teknikoa egin eta ingurumen eraginaren adierazpen arrunta eman zezan.

Azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa.

Zerri-gizendegi intentsibo bat ezartzeko asmoa dago, ekialdean Milagro eta Aezkoa bitarteko Errege Abelbidea mugakide duen eta iparraldean Leringo gainak mugakide dituen nekazaritza lurzoru batean, Leringo herritik 4,5 km ipar-mendebaldera.

Ingurumenaren ikuspegitik, proiektuaren eragin-eremua paisaia ireki ondulatua da, azpiegitura artifizialik edo etxalderik gabea; lehorreko zereal-laboreak eta askotariko landaredi naturala daude bertan, lurraren irtenguneetan, baita igeltsuen azaleratze litikoak eta aldizkako ibilguak ere.

Ustiapenerako proiektatutako eremua Nafarroako Estepako Hegaztien Kontserbaziorako Intereseko Eremu Bereziaren (AICAENA) barruan dago, kategoria Altua duen “Baigorri hegoaldean”. Era berean, instalazioa Milagro eta Aezkoa bitarteko Errege Abelbidearen ondoan dago. Abelbide horrek jarraitutasun eta zabalera adierazgarriak ditu, baita naturaltasun-baldintza onak eta paisaia-balio nabarmena ere, ia etxalde intentsiborik gabe.

Aipatu behar da, klimaren lehorra eta ohiko nekazaritzako aprobetxamendua direla-eta, baldintza egokiak betetzen direla urteko eta aldiko laboreen hazkuntzarako (lugorriarekin) horien egitura eta dinamika lagungarriak baitira estepako faunaren garapenerako.

AICAENA barnean dagoen “Baigorri hegoaldea” eremua katalogatutako zenbait hegazti espezieren babeslekua da, besteak beste, honako hauena: basoiloa (Otis tarda), atalarra, mirotz urdina (Cyrcus pigargus), naumann belatza (Falco naumanni) eta basoilo txikia (Tetrax tetrax). Azken hori kokalekuarekin duen loturagatik nabarmentzen da, eta mirotz urdinarekin eta basoiloarekin batera,”desagertzeko arriskuan” kategorian sartuta dago Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan.

Eremua instalaziora zabalduz, jardueraren eragin-eremuaren barruan, simaurrak banatzeko lurralde-planak AICAENA barneko eremu hauei eragiten die: “Riomayor ingurua”, kategoria Ertaina duena, eta “Baigorrana”, kategoria Oso Altua duena, baita “Estellerriko Erribera igeltsuak” Kontserbazio bereziko eremua ere (ES2200031 KBE), zeina balio handikoa baita intereseko eta lehentasunezko habitatak daudelako.

Ezarpen-eremu zehatzetik hurbil estepako hegaztien presentzia erregistratuta dago Ingurumen Sailak populazio horien jarraipenean egindako urteko erroldetan. Datu horien arabera, eremuan basoilo txikiaren presentzia handia izan da historikoki, eta haren presentzia jasotzeko habitat potentzial bat ere bada, kokapenik hurbilena eremutik 250 metro ingurura dagoelarik. Era berean, kontuan hartu behar da noizbehinka basoiloa eta erregularki mirotz urdina antzeman direla eremuaren iparraldean, eta estepa-azpiko inguru horretan berezkoak diren beste espezie batzuek ere badutela presentzia, hala nola kalandriak, kutturlio mokolaburrak edota belatxinga mokogorriak, zeina Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren I. eranskinean jasota baitago.

Espezie horien nitxo ekologikoa hertsiki lotuta dago labore motarekin, urtaroko segidarekin eta lehorreko nekazaritza-sistema honen erabilerarekin, eta oso sentikorrak dira azpiegiturak ezartzea (lineak, komunikazio-bideak, itxiturak eta eraikinak), habitata zatikatzea eta gizakien presentzia planteatzeko ere, baita nekazaritza-jarduna intentsifikatzeak eta aldatzeak eragingo duen eraldaketa planteatzeko ere.

Halaber, uste da gaitasun handiko jarduera batek (deskribatzen dena tartean) zuzeneko eta zeharkako eraginak izanen dituela, instalazioaren beraren eta, neurri adierazgarrian, funtzionamenduaren eraginez, baita baserriaren funtzionamenduari lotutako jarduera antropikoaren eraginez ere, horrek eragozpenak sortzen baititu eta, ondorioz, espezieak ugaltzeko, hazteko eta elikatzeko habitatak abandonatzea eta espazioaren erabilera aldatzea, instalazioak hartzen duen eremua gaindituz. Besteak beste, oso kontuan hartu behar dira habitataren alterazioa eta hegazti-faunari eragindako eragozpenak, baliabideen kontsumoa eta abeltzaintzako gorozkien kudeaketaren ondorioz nekazaritza intentsifikatzeak eragindako aldaketak.

Baldintzatzaile horiek aldez aurretik azaldu zituen Biodibertsitate Zerbitzuak, eta titularrari helarazi zizkion Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, eraginpeko administrazio publikoei kontsultak egiteko izapidean (ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan araututakoa), ingurumen eraginaren azterketaren idazketan hobekuntza gisa txerta zitezen.

Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioak ez du behar besteko sakontasunez aztertzen hegazti-faunak espazioa erabiltzea eta jarduerak horiengan duen eragina. Ondorioz, analisiaren ondorioak funtsik gabeak dira basoilo txikiaren kontserbazioan eta, bigarren mailan, inguruan katalogatuta dauden gainerako espezieen kontserbazioan izanen den eraginari dagokionez.

Bestalde, azaldutakoaren arabera, ustiategirako ur-horniduraren lotunea eta azken puntua identifikatzen dituen dokumentazioak ez du barne hartzen hodiaren trazadura, zeina Miranda Argako kolektibo partikular baten emakidaz elikatuko baita (ekialderantz 1.500 metrora dago, Nafarroako ubidearen I. fasearen zabaltze-eremuaren ondoan).

Dokumentazioan baztertu egiten dira beste kokapen aukera batzuk, titularraren arabera ez baitira aldatzen administrazio publikoen kontsultan Biodibertsitate Zerbitzuak inguruko hegazti-faunari buruz egindako txostenean adierazitako eraginak.

Ingurumenaren Eraginaren Atalak proiektuaren kontrako txostena egin du, desagertzeko arriskuan dauden espezieei eragiten dielako, hala nola basoiloari, basoilo txikiari eta mirotz urdinari. Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46.7 artikulua aplikatuz, egiaztatu da proposamena ezin dela baimendu, eta, beraz, ingurumen eraginaren aurkako adierazpena egitea proposatu da.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-inpaktuaren gaineko kontrako adierazpena egitea Lerinen 7.200 zerri gizentzeko instalazioaren proiektuari buruz; Biurrun SL-k sustatu du.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Baso Zerbitzuei eta Zerbitzu Zinegetikoei, Basozainak - Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Lizarra Hegoa barrutia) Leringo Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko ekainaren 3an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Zerri-gizendegi bat jarri nahi da Leringo 8. poligonoko 76. lurzatian. Ustiategia hiru nabe berdinek osatuko dute. Nabe horiek 7.200 gizentze-plaza izanen dituzte, osasun-itxitura beraren barruan, eta dagozkien siloak, bi lokal tekniko osagarri eta mindak eta ura biltegiratzeko kanpoko putzuak izanen dituzte.

Proiektatutako hiru nabeek 139,7 × 15,6 metroko oinplanoa eta 5,9 metroko garaiera izanen dute, eta paraleloan jarriko dira partzelaren erdialdean, zagorrez egokitutako zabalgune baten gainean; iparraldean eta hegoaldean utziko dira minda-putzua eta ur-putzua, 6.984 eta 1.500 m³ gordin utzita, hurrenez hurren. Nabeek bi isurkiko estalkia izanen dute, eta hobien gaineko ahokalekua, horien sestra goratua egongo delarik. Bi putzuak plastikozko xaflaz iragazgaiztuta egongo dira, eta 2H:1V ezpondak izanen dira mindaren kasuan, eta 1H:1V ezpondak urarenean, minda-putzuaren antzeko ezponda batean izan ezik, zeina, isurialdea etzanagoa eta akabera zimurtsuagoa izaki, faunaren ihesbide izateko egokitu da.

Ustiategirako bi sarbide aurreikusi dira, Milagro eta Aezkoa bitarteko Errege Abelbidea sarbide gisa erabiltzeko baimenaren arabera. Lehenak, Arrizabalaga-Lerin errepideko 40+537 kilometro-puntutik, 890 metro egiten ditu abelbide horretatik, eta iparraldetik sartzen da instalazioan. Bigarrena errepide horretako 43. kilometrotik sartuko litzateke, Traviesa 6 abelbidea zeharkatuta, eta puntu beretik iritsiko litzateke ustiategira, 3,5 km-ko nekazaritza-pista batetik.

Instalazioak hornidura elektrikoa izanen du, gasolioz elikatutako multzo elektrogeno baten bitartez, baita ur-hornidura ere, Miranda Argako goragune partikular bateko ur-hargune batetik abiatuta. Ur-hargune hori proiektatutako ustiategitik 1.500 metro ekialdera egongo da, Miranda Argako 1. fasearen zabaltze-eremuaren ondoan.

22 kg eta 110 kg arteko zerriak gizentzeko jarduera, animaliak aldi berean sartuz eta ateraz hiltzeko, eta zikloen artean huste sanitarioa eginez. Ustiategiak aurreikusitakoaren arabera, 5.867 m³ minda balorizatuko dira, nekazaritza ustiaketarako zabalduta 183 ha produktibotan, eta ustiategian hildako animalien gorpuak kudeatzaile baimendu bati emanen zaizkio. Aurreikuspenen arabera, jarduerak kontsumo hauek eraginen ditu: 3.727 tona pentsu, 14.400 m³ ur eta 3.750 litro gasolio urteko. Bestalde, honako hauek isuriko dira atmosferara: amoniakoa, CO2, oxido nitrosoa eta metanoa (berotegi efektuko gasak).

II. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen laburpena - Jendaurreko informazioa

Hona hemen izapide horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen gaineko laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atala

X

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

X

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Leringo Udala

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Ekologistak Martxan Iruña

Ecologistas en Acción

Gurelur

Sustrai Erakuntza fundazioa

Greenpeace Espainia

SEO/BirdLife

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak tratatutako eremuaren ingurumen-balioak azaldu ditu; alderdirik adierazgarriena da proiektua Nafarroako Estepako Hegaztien Kontserbaziorako Intereseko Eremu Bereziaren (AICAENA) barnean dagoela (“Baigorri hegoaldea” eremuan), eta lotura zuzena duela “Riomayor ingurua” eta “Baigorrana” eremuekin; izan ere, katalogatutako hainbat hegaztiren babeslekua da, besteak beste, basoiloarena, zeina “desagertzeko arriskuan” kategorian sartuta baitago Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan.

Era berean, proiektuari lotuta, Milagro eta Aezkoa bitarteko Errege Abelbidea identifikatu du, zeinak naturaltasun handia baitu eremu horretan eta ustiategiaren mugakide baita ipar-ekialdetik. Hori horrela, proiektuaren mugikortasunaren eraginari buruzko azterlan espezifiko bat egin beharko da. Halaber, “Estellerriko Erribera igeltsuak” Kontserbazio bereziko eremua ere identifikatu du (ES2200031 KBEa), zeina balio handikoa baita intereseko eta lehentasunezko habitatak daudelako, eta, hala, jarduerak ustiategian sortutako minden zati bat balorizatzea aurreikusi du.

Adierazi du proiektua 2.962 plazako beste instalazio batetik 6 kilometro baino gutxiagora dagoela (hura ere titular berak sustatutakoa). Hala, kontsultak egiteko eta jendaurrean jartzeko izapideari ekin dio, eta titularrari eskatu dio azter dezala zer nolako efektu metagarri eta sinergikoa izanen duen bi ustiategiak ezartzeak, horien eragin-eremuak integratu egiten baititu aurretik aipatutako KBEa eta AICAENA eremuak, eta galdegin dio ustiategi bakarra osatzeko alternatibak azter ditzala, proiektu bien baldintza mesedegarrienak bilduz, hala kokapenari dagokionez, nola lurzatiei dagokienez.

Adierazi du, integrazio naturalaren ikuspegitik, proiektuaren eragin-eremua kalitate handiko eta azpiegitura artifizialik gabeko paisaia primario gisa aurkezten dela, non, klimaren lehorra eta ohiko nekazaritzako aprobetxamendua direla-eta, baldintza egokiak betetzen baitira urteko eta aldiko laboreen hazkuntzarako (lugorriarekin), horien egitura eta dinamika lagungarriak baitira estepako faunaren garapenerako.

Horregatik, ezarri du eraginaren azterketak kapitulu espezifiko bat izan behar duela, non deskribatu eta ebaluatuko baita katalogatutako espezieen presentzia eta hegazti-faunak kokaleku horretan espazioari ematen dion erabilera (Nafarroako Estepako Hegaztien Kontserbaziorako Intereseko Eremu Bereziaren barruan [AICAENA]), betiere proiektuaren kokapen-eremua kontuan hartuta.

Horrez gain, simaurrak banatzeak ingurune naturalean duen eragina baloratzeko eskatu du, Kontserbazio Bereziko Eremuetako (KBE) edo AICAENA eremuaren barruko lurzatietan banatzeko neurri egokiak aurreikusita, eta galdegin du ustiategiko kudeaketa-sisteman txertatu beharreko jarraibideak baloratzeko, bereziki garbiketari, pentsu bidezko elikadurari eta hildako animalien kudeaketari dagokienez, inguruan animalia oportunistak egon daitezen saihesteko.

Aurreko guztia kontuan hartuta, dokumentazioak bete behar dituen baldintzak zerrendatuta daude txostenean, baita paisaiaren eragina aztertzeko kapitulu bat eta alternatiben azterketa ere (zero alternatiba barne), betiere aurretik adierazitako alderdiak aintzat hartuta.

Estrategia eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalak lurralde eta hirigintza planeamenduari buruzko zenbait ohar plazaratu ditu, informazio modura, “Ebroko Ardatza” 5. LAPk (Lurralde Antolamenduko Plana) –hor kokatuta baitago udalerria– horiei buruzko bateraezintasun edo mugak ezartzen ahal dituelako. Lurzoruaren sailkapenaren arabera, Babes Bereziko Eremuak eta Arrisku Naturalengatiko Lurzoru Babestuak eta faunarentzako Interes Bereziko Eremuak dira horiek. Estepako eremuak, baita lurraldearen konektagarritasunarekin, paisaiarekin edo bide historikoekin lotutako beste zenbait figura ere. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aplikatzeak ezarriko lituzkeen betebeharrak ere jaso dira txostenean: instalazioa ingurunera egokitzeko betebeharra betetzea, eraikuntzaren gehieneko altuera eta bide publikoetarako distantziak. Txostenak dio, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko duela udalez gaindiko plan eta/edo proiektu sektorialekin bat egitea. Zehazki, ohartarazi da lurzatiaren zati bat II. mota agrologikokoa izanen litzatekeela, eta, beraz, lurzorua gaitasun agrologiko handikotzat jo eta sailkatzeari dagokionez, Lurzoruen eta Klimatologiaren Bulegoaren txostenak ematen duena hartu behar da kontuan.

Leringo udal hirigintza-plangintzari dagokionez, adierazi da lurzatia nekazaritza- eta abeltzaintza-produktibitate ertaineko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoela, eta bertan, lurzorua babesteko araubidearen arabera, abeltzaintza intentsiborako instalazio isolatuak baimenduta daudela.

Azkenik, proiektuak hirigintzako tramitazioan bete beharko dituen baldintzak aurreratu dira, baita beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak; eta ukipen sektorialak direla eta titularrak egoki diren txostenak eskatu behar dituela adierazten da.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak baieztatu du proiektuak bete egiten dituela ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan, abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituenean, ezarritako kokapen baldintzak (hiriguneei dagokienez), baita otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuan, zerri-haztegi intentsiboek bete beharreko oinarrizko arauak ezartzen dituenean, ezarritakoak ere. Halaber, jakinarazi du proiektuak justifikatu beharko duela betetzen direla etxeko hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiborako ezarritako Teknika Erabilgarri Onenak (TEO); horretarako, inprimaki bat eta azalpenen gida dokumentu bat eman ditu, eta titularrak inprimaki hori bete beharko du abeltzaintza sektoreko TEO horiek betetzen dituela justifikatzeko.

Azkenik, adierazi du, otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretua betetze aldera, zenbait teknika edo tekniken konbinazio baliatu beharko direla zerritokiko eta mindak gordetzeko putzuko amonio igorpenak % 60 eta % 80 murrizteko, hurrenez hurren, aipatutako tekniken emisioekiko.

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikagarria zaion sektore mailako araudiaren berri eman dio titularrari eta kontsulta ezarri den izapidetze fasean aldeko txostena eman du.

Baso Zerbitzu eta Zerbitzu Zinegetikoen Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak adierazi du Milagro eta Aezkoa bitarteko Errege Abelbideak lotura duela ustiategiarekin, proiektuan NA-132 errepiderako sarbide zuzen gisa jasota baitago, eta azaldu du abelbide horretan adierazgarriak direla balio ekologikoak, estepako paisaiaren artzaintza-erabilerari lotuta baitago.

Jakinarazi du, alde batetik, lurzatiaren zati batean landaredia lehengoratzeko aurreikusitako landaketek zortasun-eremua inbaditzen dutela abelbidearen mugan (hiru metro), eta, bestetik, bide hori erabiltzeko bokazioa eta naturaltasuna kontuan hartuta, paisaia eraginaren ebaluazioak kontuan hartu beharko duela ingurumenera egokitzeko eskakizuna, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duenaren, 86.b artikuluaren arabera.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena eta zaintza-plana

Tramitazioan jaso da ingurumen eraginaren azterketa bat, ingurumen baimen integratuaren eskabidean aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidean emandako informazioa barne hartzen duena. Bertan jasota dago hautatutako aukera dela ingurumenaren ikuspegitik alternatiba mesedegarriena, hau da, proiektua eta sustatzaileak eremu horretatik hurbil izapidetzen duen beste garapena bereiztea.

Azterlanean alderdi garrantzitsuak jasota daude, eta proiektuaren ezarpen eta funtzionamenduak izan ditzakeen eraginak identifikatu eta deskribatu dira, proiektuaren ingurumen-integrazioa ziurtatzeko beharrezko neurriak ezarriz. Horretarako, hegazti-faunak espazioaren erabilera aztertzeko oinarri gisa, 10 × 10 km-ko esparru batean –tartean xede dugun eremuan– dauden fauna-espezieen zerrenda egin da, eta bertan islatuta dago katalogatutako hegazti-faunaren espezieen presentzia, kontuan hartuta bertan biltzen direla bai instalazioa, bai AICAENA “Baigorri hegoaldea”, “Riomayor ingurua” eta “Baigorrana” eremuetan simaurra banatzeko lurralde planaren zati handi bat. Proiektuan hartu diren neurriak, alde batetik, prebentziokoak dira, obrek proiektuaren eremuan izanen duten eragina mugatzekoak, eta funtzionamenduan zehar ingurumenean izanen duen eragina murriztekoak. Bestalde, proiektuak simaurrak kudeatzeko plana egokitu du, baita ustiategira iristeko alternatiba bat azaldu ere, hasieran abelbidean eta KBEan zein AICAENAn babestu beharreko balioetan antzemandako eraginak murrizteko, baina erabat saihestu gabe.

Ingurumen eraginaren azterketak simaurrak banatzeko lurralde plan bat barne hartzen du. Plan horrek azaleraren % 30 betetzen du (183 ha) aipatutako AICAENA eremuetan eta “Estellerriko Erribera igeltsuak” KBEan, eta abeltzaintza ustiategietako mindak, digestatoa eta/edo simaurrak behar bezala kudeatzeko protokoloa aplikatzea aurreikusten du.

Azterketan, era berean, ingurumen zaintzako plan bat dago, eta bertan daude jasota proiektuaren eragin nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, nagusiki jardueraren funtzionamendu faseari eragiten dietenak.

Iragarkiaren kodea: F2208393