121. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

349/2022 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita aldez aurretik Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune gisa deklaratutako eremuetan dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko dirulaguntzen deialdia, baita dirulaguntza horien oinarri arautzaileak ere (AUZOAK deialdia). DDBN identifikazioa: 629154

Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia da birgaitze-sektore bat aktibatzea Espainian, epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko duena eta eraikitako parkearen berritze jasangarriaren erritmoa bermatuko duena epe ertain eta luzean, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Komunikazioan ezarritako “Europarako berritze-bolada”ren ildotik. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren helburuak azkarrago betetzea ahalbidetuko duten birgaitze energetikoko tasak lortu nahi ditu; hori guztia, Espainiako eraikingintzaren sektoreak birgaitze energetikoari dagokionez epe luzerako duen estrategiaren barnean. Era berean, etxebizitza-parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du, energia-efizientzia hobetzearekin eta energia-iturri berriztagarriak integratzearekin batera eraikinen irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera-segurtasuna eta digitalizazioa hobetu daitezen.

Aurrekoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazio Orokorrak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua onartu du, eta zenbait laguntza-programa ezarri ditu etxebizitzen birgaitzearen arloan. Horietako bat da, hain zuzen, 1. programa (“Auzo mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa”), sartuta dagoena 2. osagaian (C02.I01 inbertsioan), zeina arautua baitago aipatutako errege dekretuaren II. kapituluan (9.etik 20.era bitarteko artikuluak). Hain zuzen, 16. artikuluan xedatuta dago autonomia-erkidegoei dagokiela programa horretako laguntzen deialdiak egitea, eta, hortaz, agindu hori betetzea da oinarri hauen helburua.

Laguntzak nagusiki etxebizitzetarako erabiltzen diren, gutxienez 20 urteko antzinatasuna duten eta aldez aurretik Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune gisa deklaratutako eremuetan dauden eraikinak hobetzeko edo birgaitzeko jarduketetarako erabiliko dira, betiere honako hauek lortzen badira batera:

a) Energia primarioaren kontsumo ez-berriztagarriaren adierazlea gutxienez %45 murriztea, ziurtapen energetikoari dagokionez.

b) Eta familia bakarreko etxebizitzaren edo eraikinaren berokuntzako eta hozteko urteko energia-eskari globala murriztea, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren klima-sailkapenaren arabera, honako hau gutxienez:

I. D eta E zona klimatikoetan: %35.

II. C zona klimatikoan: %25.

Etxebizitza bakoitzeko emanen den gehieneko laguntzaren zenbatekoa 5.500 eta 13.900 euro artekoa izanen da, udalerriaren tamainaren eta lortutako energia-aurrezkiaren arabera. Zenbateko horri kalteberatasun ekonomikoko egoerengatiko laguntza pertsonala eta amiantoa kentzeagatiko laguntza gehitzen ahalko zaizkio. Laguntza horiek bateragarriak izanen dira Nafarroako Gobernuak irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren bidez emandakoekin (61/2013 Foru Dekretua, Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituena).

Laguntza horiez gain, oinarriek aukera ematen dute toki erakundeei beste dirulaguntzak batzuk ere emateko, ingurune fisikoa urbanizatu, berrurbanizatu edo hobetzeko jarduketak egiteagatik.

Dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioa da, eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera. Hala ere, zenbateko batzuk erreserbatzen dira eta aurrekontu-poltsa batzuk daude, laguntzak modu kohesionatu batean eskuratu ahal izateko, lurraldeari dagokionez. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea betez, Nafarroako Gobernuaren 2022ko urtarrilaren 19ko Erabakiaren bidez banakako ebaluazioaren araubidearen bitartez izapidetzea baimendu da, eta Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 40.6 artikulua betez, Nafarroako Gobernuaren 2022ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez 2023ko, 2024ko eta 2025eko ekitaldietarako proposatutako urte anitzeko gastu-konpromisoa baimendu da.

Ikusirik espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak, non agerian gelditzen baita, hurrenez hurren, bai deialdiaren egokiera eta interes soziala, bai oinarri arautzaileen legezkotasuna, eta urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, bertan ezartzen baita Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa,

EBAZTEN DUT:

1. Aldez aurretik Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune gisa deklaratutako eremuetan dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea (AUZOAK deialdia), 853/2021 Errege Dekretuaren arabera, baita dirulaguntza horien oinarri arautzaileak ere. Horien testua ebazpen honen eranskinean jaso da.

2. Deialdi honetarako, 1.000.000 euro baimentzea 2023an, 6.000.000 euro 2024an, eta 3.000.000 euro 2025ean, urte horietako aurrekontuetan 2022ko gastu-aurrekontuko “SEM Europako diru-funtsetako dirulaguntzak birgaitze babesturako, E-21/000433-01 PEP elementua” izeneko 320000-32100-7800-261405 aurrekontu-partidaren baliokide izateko gaitzen diren aurrekontu-partiden kargura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Etxebizitza Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dutela, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epeak.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 25ean.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Eneko Larrarte Huguet.

LEHENDIK DAUDEN ERAIKINETAN BIRGAITZE ENERGETIKOKO JARDUKETAK AUZO MAILAN EGITEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK, 853/2021 ERREGE DEKRETUAN XEDATUTAKOARI JARRAIKIZ (AUZOAK PROGRAMA)

Lehena.–Onura publikoko xedea eta helburua.

Oinarri hauen xedea da arautzea nola emanen diren energia-efizientzia modu egiaztatuan hobetzeko banakako ebaluazioaren araubideko dirulaguntzak, arreta berezia jarriz bizitegi kolektiboko tipologia duten eraikinetan –nagusiki bizitegi erabilera dutenetan– inguratzailea egiteari, zehazki, aldez aurretik Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune batean kokatuak daudela aitortuta duten eraikinetan, bat etorriz urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuan aurreikusitakoarekin, non arautzen baitira Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan etxebizitzen birgaitzearen eta etxebizitza sozialen arloan dauden laguntza-programak, eta, bereziki, errege dekretu horren II. kapituluan jasotakoarekin (birgaitze-jarduketak auzo mailan egiteko laguntza-programa).

Europako Kontseiluak, 2020ko uztailaren 21ean, irismen handiko neurri-sorta bat adostu zuen, Europar Batasunean konbergentzia, erresilientzia eta eraldaketa bultzatzeko. Neurri horiek bat egiten dute 2021-2027rako etorkizuneko urte anitzeko finantza-esparruarekin (MFP) eta 2018ko prezio konstanteetan 750.000 milioi euroko balioa duen Suspertzerako Europako Tresna bat («Next Generation EU») abian jartzearekin. Espainiak 140.000 milioi euro inguru jasoko ditu transferentzietan nahiz maileguetan Suspertzerako Europako Tresna horren bidez. Testuinguru horretan, Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana (aurrerantzean, SEEP) onetsi zen 2020ko urriaren 7an; Espainiako ekonomia modernitzatzeko ibilbide-orria, alegia. Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana geroago arautu zen –abenduaren 30eko 36/2020 Errege Dekretuaren bitartez–, eta herrialde-proiektu bat da, eragile ekonomiko eta sozial guztien, gobernu-maila guztien eta administrazio publikoaren baliabide guztien inplikazioa eskatzen duena.

Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 2. osagaiaren helburu nagusia da birgaitze-sektorea aktibatzea Espainian, epe laburrean enplegua eta jarduera sortzea ahalbidetuko duena eta eraikitako parkearen berritze jasangarriaren erritmoa bermatuko duena epe ertain eta luzean, Europako Batzordeak 2020ko urriaren 14ko Komunikazioan ezarritako “Europarako berritze-boladaren” ildotik. Helburu espezifiko gisa, Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren helburuak azkarrago betetzea ahalbidetuko duten birgaitze energetikoko tasak lortu nahi ditu; hori guztia, Espainiako eraikingintzaren sektoreak birgaitze energetikoari dagokionez epe luzerako duen estrategiaren barnean. Era berean, etxebizitza-parkea eta eraikinak berritzeak ikuspegi integralen aldeko apustua egiten du, energia-efizientzia hobetzearekin eta energia-iturri berriztagarriak integratzearekin batera eraikinen irisgarritasuna, kontserbazioa, erabilera-segurtasuna eta digitalizazioa hobetu daitezen.

Lehendik dauden eraikinek azken energiaren %30 inguru kontsumitzen dute. Hortaz, eraikin-parke horren birgaitze energetikoa lehentasunezko neurri bat da Energiaren eta Klimaren 2021-2030 Plan Nazional Bateratuaren arabera. Horregatik, plan horretako helburuetako bat da, 2030erako, 1.200.000 etxebizitzaren birgaitze energetikoa egitea. Helburu bera jaso da Espainiako eraikingintzaren sektoreak, birgaitze energetikoari dagokionez, epe luzerako duen estrategian. Era berean, eraikinen birgaitze energetikoa Nafarroako 2018-2028 Etxebizitza Planaren ildo estrategikoetako bat da.

Bestalde, COVID-19ak eragin duen krisiaren inpaktu ekonomikoaren ondoren, beharrezkoa da enpresa-sektore batzuetan ekonomia suspertzea, gure herrialdeak behar duen trantsizio energetikorantz orientatzeko. Sektore horietako bat eraikingintza da. Ildo horretan, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren neurri espezifikoetako bat da etxebizitzak birgaitzeko jarduketak ugaldu beharra.

Aurrekoarekin bat etorriz, Estatuko Administrazio Orokorrak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua onetsi du, eta zenbait laguntza-programa ezarri ditu etxebizitzen birgaitzearen arloan. 2021ean, Estatuko 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen 17.50.99.260A.750 aurrekontu-partidan, 1.151 milioi euro bideratu ziren errege dekretu horretan araututako 1etik 5era bitarteko laguntza-programetako dirulaguntzetara, eta Nafarroako Foru Komunitateak 15.883.800 euro jaso zituen. Horietako bat da, hain zuzen, 1. programa (“Auzo mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa”), 025bis eta 131 esku-hartze eremuak, sartuta dagoena 2. osagaian, C02.I01 inbertsioan (“Birgaitze-programa, suspertze ekonomikoa eta soziala bultzatzeko bizitegi inguruneetan”), zeina arautua baitago aipatutako errege dekretuaren II. kapituluan (9.etik 20.era bitarteko artikuluak). Hain zuzen, 16. artikuluan xedatua dago autonomia erkidegoei dagokiela programa horretako laguntzen deialdiak egitea, eta, hortaz, agindu hori betetzea da oinarri hauen helburua. Oinarri horiek programa honen barruan eman daitezkeen dirulaguntzak arautzen dituzte: jarduketa diruz lagungarri nagusi gisa, eraikinen birgaitze energetikorako dirulaguntzak, eta, horiez gain, beste dirulaguntza osagarri batzuk: eraikin horietan kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden bizilagunentzako dirulaguntzak, eraikin horietan amiantoa kentzekoak, eta toki erakundeei ingurune fisikoa urbanizatzeko, berrurbanizatzeko edo hobetzeko jarduketengatik ematen zaizkien dirulaguntzak (15. artikuluko zenbait puntu).

Bigarrena.–Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneak.

1. Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneak onartzen ahalko dira, bakar-bakarrik, esku-hartze orokorreko proiektuetan sartuak dauden eremu edo zonetan (eremu osoan edo parte batean), jarraituak edo ez jarraituak izan, eta betiere esku-hartze proiektu horiek etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu bidez onetsi baditu 2018ko ekainaren 14tik aurrera.

Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurunearen barruan sestra gainean eraikitzen den azaleraren –edo indarreko planeamenduaren arabera eremu horrek duen eraikigarritasunaren– %50ek, gutxienez, etxebizitzetarako bizitegi-erabilera izan beharko du nagusiki. Kalkulu horretatik aparte uzten ahalko dira beheko solairuak edo azpikoak, beste erabilera bateragarri batzuetarako erabiltzen badira.

Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurunean diruz lagungarri gisa sartzen diren etxebizitza guztiak 20 urtetik gorakoak izan beharko dira, eraikina bukatu zen eguna aintzat hartuta. Hori justifikatzeko, ondasun higiezinaren katastroko datuen kontsulta deskriptiboa eta grafikoa aurkeztuko da.

Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune gisa deklaratua izateko, memoria-programa bat aurkeztu beharko da, honako hauek bilduko dituena:

a) Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurunearen mugaketa kartografikoa formatu digitalean, «shape» fitxategi geoerreferentziatu batean, ahal dela, bai eta Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurunean sartuak dauden eta jarduketaren xede diren higiezin guztiak argi eta garbi identifikatzeko aukera ematen duen zerrenda bat ere.

b) Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneak demografiaren, gizarte egoeraren, ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik duen egoerari buruzko diagnostiko bat.

c) Jarduketa-programa bat, honako hauek jasoko dituena: jarduketa diruz lagungarrien deskribapena, haien egokitasun teknikoa, jarduketak gauzatzeko eta kudeatzeko moduak, eta haien denbora-programazioa. Horrez gainera, gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetan proposatutako neurri osagarriak sartuko dira, eta zehatz-mehatz zehaztuko dira tartean diren erakunde publikoak eta pribatuak, bai eta neurri horiek abian jartzeko, garatzeko eta haien jarraipena egiteko ezarritako konpromisoak ere.

d) Bideragarritasun teknikoari buruzko memoria bat, hirigintza-antolamenduarekin bateragarria dela egiaztatzen duena, eta bideragarritasun ekonomikoari buruzko memoria bat, jarduketak jabeei ekarriko dizkien onuren eta kargen arteko oreka eta errentagarritasuna aztertuko dituena.

e) Jarduketa-proposamenaren energia- eta ingurumen-helburuak identifikatzen dituen memoria teknikoa.

f) Bizilagunei aldi baterako ordezko bizitokia emateko eta, hala badagokio, etxera itzultzeko plana, non adieraziko baitira ordezko bizitokian egoteko epeak eta horren kostuak eta eraginpeko biztanleentzat aurreikusitako neurri sozial osagarriak.

g) Egokitasunaren aldeko ebaluazioa edo, bestela, “ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa” betetzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan ezarritakoaren ildotik (erregelamendu horrek Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen du).

h) Toki erakundeak Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune hori hautatzeko erabilitako irizpideei buruzko txosten bat. Besteak beste, honako hauetan oinarritu daiteke: proposamenaren kalitate teknikoa, baliabideen erabileraren efizientzia, jarduketen izaera integrala, jarduketen izaera estrategikoa eta hiri-agenda lurralde eremuan ezartzearekin duen lotura, jasangarritasunaren hobekuntza, administrazio prozeduren digitalizazioa eta/edo hobekuntza (jarduketak aurreikusitako epeetan garatuko direla bermatzeko), eta hautatutako eremuaren kalteberatasun ekonomiko eta sozial handia. Toki erakundeak ezarriko du proposatutako Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneen arteko lehentasun-ordena, bat baino gehiago badira.

i) Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurunearen laburpen-fitxa, http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/ webgunean argitaratutako ereduaren arabera.

2. Toki erakundeek aurkeztuko dituzte Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneak onartzeko eskaerak, aurreko atalean adierazitako dokumentazioarekin batera. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, goizeko 9:00etan, eta 2023ko otsailaren 28an bukatuko. Etxebizitzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez epe hori luzatzen ahalko da, gehienez ere beste sei hilabetez. Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneak onartzeko eskaerak oinarri hauetako B eranskinean dagoen eredu normalizatuan aurkeztu beharko dira. Eredu normalizatu eguneratua Nafarroako etxebizitzaren arloko webgunean egonen da eskuragarri: http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduak.

3. Etxebizitzaren arloan eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zuzendaritza nagusiak onetsiko ditu Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneak, arau hauen arabera:

a) Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurunearen behin-behineko onespena Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eginen da, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua). Gero, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari bidaliko zaio, behin betiko onets dezan. Eskaera horiek hiru hilabeteko epean ebatzi beharko dira, sarrera-datatik hasita, arrazoiak emanez. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsita geldituko da. Ezespenaren aurka, berariazkoa izan edo administrazioaren isiltasunaren ondoriozkoa, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

b) 2022ko azaroaren 1era arte, eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera, gehienez Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune bat onetsiko da apirilaren 4ko 20/2019 Foru Legean adierazitako eskualde bakoitzeko, betiere onartutako Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune bakoitzak gutxienez 20 etxebizitza birgaitu behar baditu. Iruñerriko, Erriberako eta Estellerriko eskualdeen kasuan, Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune bat baino gehiago onartzen ahalko da eskualde bakoitzeko, baldin eta onartutako Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune bakoitzak birgaitu beharreko 20 etxebizitza edo gehiago baditu, eta eskualde horietako bakoitzean onartzen diren Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune guztiak kontuan harturik gainditzen ez bada kasuan kasuko eskualdean diruz lagundu daitezkeen etxebizitzen kopuru hau:

–Iruñerriko eskualdea: 400 etxebizitza.

–Erriberako eskualdea: 120 etxebizitza.

–Estellerriko eskualdea: 60 etxebizitza.

c) 2022ko azaroaren 1etik aurrera, edo aurreko faseko arauen arabera zilegi diren Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune guztiak onartzen diren egunetik aurrera (lehenago bada), eta erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera, aurrekontua handitzeko aukera kontuan hartuta, muga geografikorik gabe onartzen ahalko dira aurkeztutako eta onartu gabeko Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune guztiak.

Etxebizitzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneen eskaerak onartu ondoren, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari bidaliko zaizkio programaren kargura finantzatu nahi diren Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneetako jarduketen proposamenak. 853/2021 Errege Dekretuaren 12. artikuluan aurreikusitako aldebiko jarraipen batzordeetan, laguntza horien xede izanen den Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune bakoitza definitzeko akordioak sinatuko dira, betiere Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurunea kokatuta dagoen udalerriko toki erakundearen parte-hartzearekin.

Udalerri bati baino gehiagori eragiten dieten eremuetan, akordioak Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak soilik sinatzen ahalko dituzte, eta azken horrek eraginpeko toki erakunde guztien adostasuna egiaztatu beharko du.

4. Aldebiko jarraipen batzordearen akordioan, Ministerioaren ekarpenari dagozkion urteko kopuruak finkatuko dira, bai eta parte hartzen duten gainerako administrazio, erakunde edo eragileenak ere.

Akordioan, halaber, hala badagokio, jarduketa gauzatzeaz arduratuko diren administrazioa edo administrazioak, erakundeak eta haien mendeko entitateak jasoko dira, ondorio informatiboetarako.

5. Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneen erakunde kudeatzaileek arkitektura eta/edo urbanizazio proiektuen esleipena sustatuko dute Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen 183. artikulutik 187.era bitartekoetan ezarritako prozeduraren arabera; nolanahi ere, arkitekturaren eta hiri-espazioaren kalitateak, bai eta ingurumen inpaktua murrizteak ere (inpaktu txikiko eraikuntza-konponbide eta materialak erabiliz), balorazio irizpide izan beharko dute urbanizazio-proiektuen esleipenean, bai eta birgaitze-proiektuetan ere, baldin eta proiektuaren idazketa erakunde edo administrazio publiko batek esleitzen baldin badu.

Hirugarrena.–Onuradunak.

1. Nagusiki etxebizitzarako bizitegi-erabilera duten eraikinak hobetzeko edo birgaitzeko jarduketen kasuan, betiere Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune baten eremuaren barruan, honako hauek izanen dira laguntzen azken hartzaileak, egoitza fiskala Espainian dutenean:

a) Familia bakarreko etxebizitza bakartuen edo lerroan elkartuen jabeak edo gozamendunak eta lehendik dauden eta etxebizitza kolektiboko bizitegi-tipologia duten eraikinen jabeak edo gozamendunak, pertsona fisikoak izan edo nortasun juridiko pribatua edo publikoa izan.

b) Administrazio publikoak eta zuzenbide publikoko organismoak eta gainerako erakundeak, bai eta enpresa publikoak eta merkataritza-sozietateak ere, baldin eta horietan partaidetza osoa edo handiena higiezinen jabe diren administrazio publikoena bada.

c) Jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak, eratutakoak Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan edo aplikatzekoak diren foru-arauetako artikulu baliokideetan ezarritakoaren arabera.

d) Jabeak, baldin eta, elkartuta, Kode Zibilaren 396. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eraikinen jabeak badira eta jabetza horizontalaren titulu eratzailea eman ez badute.

e) Kode Zibilaren 396. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten etxebizitzen edo eraikinen jabeek osatutako kooperatiba-sozietateak, bai eta Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan edo aplikatu beharreko foru-arauetako artikulu baliokidean ezarritakoaren arabera eratutako jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak osatzen dituzten jabeek eta etxebizitzen erabilera lagatzeko araubidean dauden kooperatibek osatutako kooperatiba-sozietateak ere.

f) Eraikinen enpresa errentariak edo emakidadunak, bai eta izaera hori egiaztatzen duten kooperatibak ere. Indarrean dagoen kontratuaren bidez egiaztatu behar dute berariazko ahalmena aitortuta dutela programaren xede diren birgaitze-lanak egiteko.

2. Laguntzen azken hartzaileak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua.

Azken onuradunek eta hartzaileek aplikatzekoa zaien Europako eta Espainiako araudia bete beharko dute –eta, bereziki, Suspertze eta Erresilientziarako Erregelamendua–, baita Estatuko laguntzak erregulatzen dituen araudia eta aplika daitekeen Europako eta Espainiako gainerako araudia betetzearen ondoriozko betebeharrak ere, eta, gehienbat, iruzurra, ustelkeria, interes-gatazka edo finantzaketa bikoitza saihesteko neurriak hartu beharko dituzte; hori guztia, Batasunaren finantza-interesak babestearren.

Jabeen erkidegoen elkarteen kasuan, legez eratutako elkarteak izanen dira, indarreko legediak onartzen dituen formetatik edozein aukeratuta, eta indarreko estatutuak izan beharko dituzte. Eskaeran, berariaz adierazi beharko da elkartearen osaera eta kide bakoitzak duen partaidetzaren ehunekoa. Proiektua eta inbertsioa erabat exekutatzearen erantzukizuna elkarte osoaren gain egonen da, baina elkarteak ordezkari bat izendatu eta eskuordetu beharko du laguntza eskaera tramitatzeko, inbertsioaren justifikazioa egiteko, eman litekeen laguntza jasotzeko eta, gero, kideen artean banatzeko.

3. Ezin dira laguntza hauen azken hartzaile izan dirulaguntzak itzultzeko betebeharra izan eta horien ordainketa egin gabe dutenak, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoarekin (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua). Testuinguru horretan, azken hartzaileak, laguntza eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du, non adieraziko baitu ez duela inolako dirulaguntza edo laguntza itzultzeko betebeharrik, edo, hala badagokio, horiek bete dituela, aipatutako 21. artikuluan ezarritakoarekin bat. Azken hartzaileak frogatu beharko du ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 22/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekutan, salbu eta artikulu horietako e) letran ezarritako debekua (“indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak egunean ez izatea”).

4. Azken hartzaileek jasotzen duten laguntzaren zenbateko osoa kasuan kasuko jarduketa diruz lagungarriak ordaintzera bideratuko dute. Hartzaileak jabeen erkidegoak edo jabeen erkidegoen elkarteak direnean, arau hori berdin aplikatuko da, kontuan hartuta, dena den, bai laguntzaren zenbatekoa, bai obren kostua etxebizitzen eta lokalen jabeei jasanarazi behar zaiela, Jabetza Horizontalari buruzko legedian ezarritako arauei jarraikiz. Dena dela, jabeen erkidegoko edo jabeen erkidegoen elkarteko kideren bat debeku horietako batean bada, hots, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan ezarritakoren batean, jabe horri ez zaio egotziko jasotako laguntzatik legokiokeen zati proportzionala, eta erkidegoko edo elkarteko gainerako kideen artean hainbanatuko da.

5. Dirulaguntzen azken hartzaileek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoaz gain, berehala jakinarazi beharko diote Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari, eskaera izapidetzen ari den bitartean ere, laguntza izateko eskubidea galtzea ekar lezakeen edozein baldintza aldaketa. Aldaketa horiek ez jakinaraztea nahikoa arrazoi izanen da bidegabe kobratu diren zenbatekoak itzultzeko espedientea hasteko.

6. Espedientea izapidetzen ari den bitartean ondasunaren titulartasuna aldatzen bada, titular berriak onuradun izateko aitorpena eskatu beharko du egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu aurretik. Kasu horretan, aintzat hartuko da zein diren bere familiaren diru-sarrera ponderatuak onuradun berri gisa sartzeko eskaera egiten den unean.

Pertsona fisikoen heriotzaren kasuan:

a) Espedientea tramitatzen ari dela onuraduna hiltzen bada, jaraunsleek espedientean onuradun berri gisa sartzeko eskaera egiten ahalko dute, aurretik erregistro-titulartasuna frogatzen badute. Eskaera hori bi hilabeteko epean egin beharko da, heriotzaren egunetik zenbatzen hasita, eta, nolanahi ere, egindako jarduketak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu aurretik.

b) Egindako jarduketak justifikatzen dituzten agiriak aurkeztu ondoren eta dirulaguntza ordaindu baino lehen hiltzen bada onuraduna, jaraunsleak direla egiaztatzen dutenei ordainduko zaie, gehienez urtebeteko epean, egindako jarduketak justifikatzen dituzten agiriak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita.

Nolanahi ere, 2026ko urriaren 1a baino lehen erregistroko titulartasun berria egiaztatuta eta jarduketa justifikatuta egon beharko da. Bestela, dirulaguntza ez da ordainduko, eta hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

7. Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneak mugatutako eremuan ingurune fisikoa urbanizatzeko, berrurbanizatzeko edo hobetzeko jarduketen kasuan, obrak gauzatzen dituzten toki erakundeak izanen dira laguntzen azken hartzaileak.

Laugarrena.–Jarduketa eta kostu diruz lagungarriak.

1. Laguntzak erabili behar dira nagusiki bizitegi-erabilerakoak diren etxebizitza-eraikinak hobetu edo birgaitzeko jarduketetarako. Jarduketok honako hauek lortzera bideratu behar dira:

1.1) Energia primarioaren kontsumo ez-berriztagarriaren adierazlea gutxienez %45 murriztea, ziurtapen energetikoari dagokionez.

1.2) Eta familia bakarreko etxebizitzaren edo eraikinaren berokuntzako eta hozteko urteko energia-eskari globala murriztea, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren klima-sailkapenaren arabera, honako hau gutxienez:

–D eta E zona klimatikoetan: %35.

–C zona klimatikoan: %25.

2. Diruz lagungarriak izanen dira, halaber, Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneak mugatutako eremuan ingurune fisikoa urbanizatzeko, berrurbanizatzeko edo hobetzeko jarduketak, baldin eta bizitegi-eraikinen energia-efizientzia hobetzeko jarduketen garapenaren osagarriak badira.

3. Nagusiki etxebizitzarako bizitegi-erabilera duten eraikinak hobetzeko edo birgaitzeko jarduketen kasuan, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Inguratzaile termikoaren hobekuntzak Eraikingintzaren Kode Teknikoko eskakizunak bete beharko ditu (CTE-DB-HE.1 Energia-eskaria mugatzea). Orobat, justifikatuko da inguratzaile termikoaren osagai bakoitzaren transmitantzia termikoaren mailak (U) ez duela gainditzen 3.1.1.a-HE taularen gehieneko balioa (Ulim). Salbuespena izanen dira arotzeriako baoak (2,70 W/m².K-ko transmitantzia termikoa eta ≤ 27 m³/h.m²-ko aire iragazkortasuna izanez gero), bere horretan mantentzen ahalko baitira eskatutako transmisio koefiziente globalak (k) betez gero. Ondorio horietarako, eraikinaren inguratzaile termikotzat hartuko da kanpoko giroarekin kontaktuan dauden eraikuntza-elementu guztien multzoa: kanpoko eta barruko fatxadak, estalkia eta ataripeen eta hegalen gaineko forjatuak.

b) Aitortutako ingurune baten parte izateagatik edo balio arkitektoniko edo historiko berezia izateagatik babes mailaren bat duten eraikinen kasuan, inguratzaile termikoa osatzen duten elementuen gaineko jarduketak mugatuak baitituzte, ez da beharrezkoa izanen oinarri honetako 1.1.2) atalean ezarritako eskakizuna betetzea (energia-eskaria mugatzearena, alegia). Hala ere, inguratzaileko elementuek, haietan esku hartzea dagoenean, eta hala dagokionean, Eraikingintzaren Kode Teknikoaren energia-aurrezpenari buruzko DBHE Oinarrizko Dokumentuaren 3.1.1.a-HE1 eta 3.1.3.a-HE1 tauletan transmitantzia termikoaren eta aire iragazkortasunaren gainean ezarritako gehieneko balioak bete beharko dituzte.

c) Halaber, azken lau urteetan energia-efizientzia hobetzeko esku-hartzeak egin diren eraikinetan, baldin eta egiaztatzen bada berotze eta hozte sistemen urteko energia-eskari globala oinarri 1.1.) atalean ezarritako ehuneko berean edo gehiago murriztu dela, ez da bete beharko berokuntzaren eta hoztearen urteko energia-eskari globala murrizteko baldintza. Esku-hartze horiekin ezarritako ehunekoaren pareko edo goragoko murrizketarik lortu ez bada, baldintza hori betetzat jotzen ahalko da baldin eta aipatutako esku-hartzeetan egindako jarduketak eta dirulaguntza-eskaera honen xede den jarduketan egindakoak batera kontuan hartuta ezarritako ehunekoan murrizten bada energia-eskaria. Lorpen hori energia-efizientziaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da.

d) Laguntzak emateko, gainera, honako baldintza hauek bete beharko dira:

d.1) Eraikinak lehendik altxatua egon beharko du, eta 20 urtetik gorako antzinatasuna izanen du, eraikuntza bukatu zen egunetik kontatuta. Hori justifikatuko da ondasun higiezinaren katastro-datuen kontsulta deskriptibo eta grafikoaren bidez.

d.2) Eraikinaren erabilera nagusia ezartzeko, sestra gaineko azalera eraikia hartuko da kontuan, eta katastroko kontsulta bidez justifikatuko da. Ildo horretan, etxebizitzetarako erabilera duen eraikin bat izateko, sestra gaineko azalera eraikiaren ehuneko berrogeita hamar, gutxienez, erabilera zehatz horretara bideratu behar da, beheko solairua edo azpiko solairuak alde batera utzita, beste erabilera bateragarri batzuk baditu edo badituzte. Kasu horretan, laguntzaren zenbatekoa jarduketaren xedeko azalera osoari aplikatuko zaio etxebizitzetarako erabilera gisa, erabilera oso-osoa etxebizitzetarako ez bada ere.

d.3) Eraikuntza lekuan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakin ez-arriskutsuen %70 gutxienez (pisuan), –alde batera utzita 2000/532/EC Erabakiak ezarritako Europako Hondakinen Zerrendan 17 05 04 kategorian aipatutako material naturala–, berrerabiltzeko, birziklatzeko eta beste material batzuk berreskuratzeko prestatuko dira, betelanak barne, hondakinak beste material batzuk ordezkatzeko erabil daitezen, bat etorriz Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako kutsadura-hierarkiarekin eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko Europako protokoloarekin.

d.4) Eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan, operadoreek hondakinen sorrera mugatu beharko dute, EBko eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko protokoloarekin bat etorriz eta eskura dauden teknika onenak kontuan hartuta, eta eraispen selektiboa erabiliz substantzia arriskutsuak segurtasunez ezabatu eta manipulatu ahal izateko eta materialak selektiboki ezabatuz kalitate handiko berrerabilera eta birziklatzea errazteko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinetarako eskuragarri dauden sailkapen sistemak erabiliz.

Era berean, eraispena ahal dela gaika eginen da, eta sailkapena hondakinak sortzen diren lekuan eginen da lehentasunez.

d.5) Eraikinen diseinuek eta eraikuntza teknikek zirkulartasunaren alde eginen dute, eta, zehazki, ISO 20887 arauari edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei erreferentzia eginez, erakutsiko dute, batez ere, nola dauden diseinatuak baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorragoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko.

d.6) Birgaitze energetikoari dagokionez, neurri honetan aurreikusitako jarduketak garatzeko erabilitako osagaiek eta eraikuntzako materialek ez dute amiantorik izanen, ez eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 18ko 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskinean jasotzen den baimena behar duten substantzien zerrendatik abiaturik identifikatutako substantzia oso kezkagarririk ere (Bertan substantzia eta prestakin kimikoen (REACH) erregistroa, ebaluazioa, baimena eta murrizketa arautzen dira). Erregelamendu horren bidez Substantzia eta Prestakin Kimikoen Europako Agentzia sortzen da, 1999/45/EE Zuzentaraua aldatzen da, eta Kontseiluaren 793/93 (EEE) Erregelamendua eta Batzordearen 1488/94 (EE) Erregelamendua indargabetzen dira, bai eta Kontseiluaren 76/769/EEE Zuzentaraua eta Batzordearen 91/155/EEE, 93/67/EEE, 93/105/EE eta 2000/21/EE Zuzentarauak ere.

Ildo beretik, amiantoa duten eraikuntza-produktuak eraikinetik edo jarduketaren eremutik kendu beharko dira. Amiantoa kentzeko lan horiek Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroan legez inskribatutako enpresa batek egin beharko ditu, bat etorriz amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu beharreko gutxieneko segurtasun eta osasun xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritakoarekin, eta Lan Agintaritzak onartutako lan plan bati jarraikiz. Prozesu horretan sortutako hondakinak kudeatzeko orduan, eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

e) Honako jarduketa hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

1) Oin berriko eraikinetan egindakoak;

2) Lehendik dauden eraikinetan egindako esku-hartzeak, baldin eta, horrekin batera, eraikinaren erabilera aldatzen bada.

3) Jatorri fosileko erregaia erabiltzen duten sorgailu termikoetan egiten diren inbertsio-jarduketak.

4. Aurreikusitako jarduketek honako printzipio hau errespetatuko dute: «ingurumenari kalte nabarmenik ez eragitea» (do no significant harm-DNSH printzipioa) eta printzipio hori aplikatzeko araudia, eta honako hauek bereziki: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen duena; 2020/852 (EB) Erregelamendua, Inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa (Taxonomia Erregelamendua), eta Europako Batzordearen Gida Teknikoa (2021/C 58/01) printzipio horren aplikazioari buruzkoa.

5. Azken hartzaileek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera abiarazitako jarduketak baizik ez dira onartuko. Hortaz, ez da hautagarri izanen jarduketari loturik data hori baino lehenago fakturatutako ezein exekuzio-kostu.

6. Eskaera aurkezten den unean, laguntzaren xedeko jarduketek kasuan-kasuan aplikatu behar zaien indarreko araudia bete beharko dute, baita eskatzen diren betebeharrak ere, eta behar diren lizentzia eta baimen administratiboak edukiko dituzte, horrelakorik behar izanez gero. 2022an aurkeztutako laguntza-eskaeren kasuan, Eraikinaren Liburua egina duela egiaztatuko da, edo, halakorik ezean, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean definitutako oinarrizko betekizunei dagokienez eraikinak edo etxebizitzak hobetzeko duen ahalmenari buruzko azterlan bat eta proposatutako jarduketa eta hobekuntza identifikatzen dituen jarduketa-plan bat. 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkeztutako eskaeren kasuan, Eraikinaren Liburua egina duela egiaztatuko da.

7. Kostu diruz lagungarritzat hartuko dira deialdi honetako energia-helburuak lortzeko beharrezkoak direnak, bai eta honako kostu orokor hauek ere:

a) Teknikari eskudunari ordaindu beharreko ordainsari profesionalak, egin dezan uztailaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan aurreikusitako energia-efizientziari buruzko ziurtagiria.

b) Laguntza-eskaeraren kudeaketaren kostuak.

c) Jarduketen zuzendaritza fakultatiboaren kostuak.

d) Obrak eta/edo instalazioak exekutatzeko kostuak.

e) Ekipoetan eta materialetan egindako inbertsioa.

f) Laguntza hauek eskatzeko eta justifikatzeko beharrezkoak diren txostenak eta gainerako dokumentazioa idazteko kostuak.

g) Jarduketak egin izanaren justifikazioaren kudeaketa gastuak.

h) Jarduketa mota bakoitzerako beharrezkoak diren beste partida espezifiko batzuk (lagungarriak izan ala ez).

Ez dira kostu diruz lagungarritzat hartuko lizentziei, tasei, zergei edo tributuei dagozkienak. Alabaina, BEZa eta zeharkako zerga baliokidea diruz lagungarritzat hartzen ahalko dira, baldin eta erabat edo partez ezin direnean berreskuratu edo konpentsatu.

Kostu diruz lagungarriak obra edo lanak egiten dituzten pertsonei edo erakundeei ordaintzeko, kreditu- edo zordunketa-txartelak, banku-transferentziak, txeke izendunak edo kreditu-erakundeetako kontuetan egindako diru-sarrerak erabili beharko dira. Ez dira inolaz ere justifikatutzat joko legezko eskudirutan ordaindutako kopuruak.

8. Gastu diruz lagungarrietakoren bat 30.000 eurotik gorakoa bada (obra exekutatzeko kostuaren kasuan), edo 12.000 eurotik gorakoa (ekipo-ondasunak eskuratzeko edo kontsulta edo aholkularitza zerbitzuak kontratatzeko kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela. Horretarako, memoria bat aurkeztu beharko du, non arrazoibidez justifikatu beharko baitu zein hornitzaile hautatu duen, batez ere eskaintzarik ekonomikoena hautatzen ez bada. Kasu horretan, egoera hori justifikatzeko, hiru aurrekonturen kopiak aurkeztu beharko ditu. Administrazio publikoek eta zuzenbide publikoari lotutako beste enpresa, entitate eta organismo batzuek sustatutako obrak kontratazio publikoaren arloan kasuan-kasuan indarrean dagoen legeriaren arabera egin beharko dira.

9. Oinarri hauen bitartez araututako dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak bete beharko dira eskaera aurkezten den egunean.

10. Dirulaguntzak emateko ebazpen administratiboan zehazten den zenbatekoa eta portzentajea ezin izanen da gorantz berrikusi, salbu eta errekurtso bidean edo ofiziozko berrikuspen bidean egiten bada.

Bosgarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Banatu beharreko zenbatekoa, hasiera batean, 10.000.000 eurokoa da, 2023ko, 2024ko eta 2025eko aurrekontuetako partidetan eskuragarri egonen dena (1.000.000 euro, 6.000.000 eta 3.000.000 euro, hurrenenez hurren), hain zuzen, 2022ko gastuen aurrekontuko “SEM Europako diru-funtsetako dirulaguntzak birgaitze babesturako” izeneko 320000-32100-7800-261405 partidaren baliokide izateko asmoz urte horietako aurrekontuetan gaitzen diren partidetan.

2. Aurkezten diren hurrenkerari estuki jarraikiz erantzunen dira eskaerak, aurrekontua agortu arte, alde batera utzi gabe klausula honen laugarren atalean xedatutakoa. Aurrekontua agortutzat joko da aipatutako diru kopuru osoa (10.000.000 euro) bukatzen duen azken laguntza-eskaera erregistratzen den unean. Esleitutako aurrekontua agortuz gero, eta baldin eta eskaerak aurkezteko epea bukatu ez bada, eskaera gehiago erregistratzen ahalko dira behin-behineko erreserba-zerrendarako; eskaera horiek zein ordenatan aurkezten diren, horren arabera erantzunen dira beti, baldin eta lehenago aurkeztutako laguntza-eskaeraren bat atzera botatzeagatik edo ezespen bat gertatzeagatik aurrekontua askatzen bada, edo deialdirako aurrekontua handitzen bada. Eskaera behin-behineko erreserba-zerrendarako aurkezteak ez dio inolako eskubiderik sortuko eskatzaileari, harik eta eskaera ebatzi arte.

3. Gehienez ere 6.000.000 milioi euro bitarteko kreditu osagarria aurreikusi da, Estatuko funtsekin finantzatutako gerakinak gehituz gero eskuragarri egon daitekeena. Kasu horretan, ez da beste deialdi bat egin beharko.

Diru osagarri horren eraginkortasuna kreditu gehigarria baimentzearen menpe dago, goian adierazitako inguruabarra gertatuz gero.

Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Jarduketa honetarako emanen diren laguntzen zenbatekoa honela banatuko da:

a) Eraikinak birgaitzeko laguntzak 2023ko martxoaren 1era bitarte eskatuz gero, onartutako Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune bakoitzeko zenbateko hau gordeko da: 300.000 euro eskualde bakoitzeko, honako hiru eskualde hauetan izan ezik, horietan jarraian azaltzen diren zenbatekoak gordeko baitira, edozein dela ere onartutako Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneen kopurua:

–Iruñerria: 5.000.000 euro.

–Erriberako eskualdea: 1.500.000 euro.

–Estellerriko eskualdea: 750.000 euro.

b) 2023ko martxoaren 1etik aurrera, aurreko erreserbak bertan behera geratuko dira.

5. Emanen diren laguntzak kontraprestaziorik gabeko diru-entregak izanen dira.

6. Eraikinak hobetzeko edo birgaitzeko jarduketetan eman beharreko laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, kasu bakoitzean aplika daitekeen oinarrizko laguntza, amiantoa kentzeko laguntza eta laguntza pertsonala batuko dira, hurrengo ataletan ezarritakoaren arabera.

6.1. Oinarrizko laguntza: Eraikin bakoitzeko emanen den oinarrizko dirulaguntzaren edo laguntzaren gehieneko zenbatekoak ezin izanen ditu muga hauek gainditu:

a) 1. taulan edo 1bis taulan ezarritako gehieneko ehunekoa bider jarduketa diruz lagungarrien kostua eginda lortzen den zenbatekoa.

b) 1. taulan edo 1bis taulan etxebizitza bakoitzeko ezarritako laguntzaren gehieneko zenbatekoa eraikineko etxebizitza kopuruarekin biderkatuz lortzen den kopurua, gehi, hala badagokio, sestra gainean eraikitako merkataritza-lokalen edo etxebizitzaz bestelako erabilera duten lokalen azaleraren metro koadro bakoitzeko 1. taulan edo 1bis taulan finkatutako laguntzaren zenbatekoa, jarduketaren bidez lortutako lehen mailako energia ez-berriztagarriaren kontsumoaren aurrezpen-mailaren arabera. Sestra gaineko merkataritza-erabilerako edo beste erabilera batzuetako metro koadro bakoitzeko ezarritako zenbatekoa zenbatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko onibarrek jarduketa gauzatzeko kostuetan parte hartzea.

1. taula.

Jarduketarekin aurreztutako energia

Jarduketaren kostutik diruz lagun daitekeen ehunekoa, gehienez

Etxebizitza

Merkataritzako lokalak edo beste erabilera batzuk

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, etxebizitza bakoitzeko

Gehieneko laguntza, m² bakoitzeko

%45≤∆Cep,nren<%60

65

5.500 euro

50 euro

∆Cep,nren≥%60

80

12.500 euro

70 euro

1bis taula aplikatuko da 5.000 biztanle arteko udalerrietan eta hirikoak ez diren 20.000 biztanle arteko udalerrietan, beren biztanle-entitate berezi guztiak 5.000 biztanle artekoak badira:

1bis taula.

Jarduketarekin aurreztutako energia

Jarduketaren kostutik diruz lagun daitekeen ehunekoa, gehienez

Etxebizitza

Merkataritzako lokalak edo beste erabilera batzuk

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, etxebizitza bakoitzeko

Gehieneko laguntza, m² bakoitzeko

%45≤∆Cep,nren<%60

65

7.000 euro

50 euro

∆Cep,nren≥%60

80

13.900 euro

70 euro

6.2. Amiantoa kentzeko laguntza: amiantoa duten elementuak kendu behar diren kasuetan, laguntzaren gehieneko zenbatekoa handitzen ahalko da, amianto-hondakinak legez baimendutako enpresen bidez kendu, manipulatu, garraiatu eta kudeatzearen kostuei dagokien kopurua gehituta, gehienez 1.000 euro birgaitu beharreko etxebizitza bakoitzeko edo 12.000 euro eraikin bakoitzeko.

6.3. Laguntza pertsonala: ukitutako etxebizitzaren jabe edo gozamendun diren pertsona fisikoak, kalteberatasun ekonomikoko egoeran badaude, laguntza gehigarri baten onuradun izan daitezke. Laguntza hori banakako espediente batean bideratuko da, esklusiboki haientzat, eta honako zenbateko hauek izanen ditu:

–Familiaren diru-sarrera haztatuak ERREGEROSNA adierazlearen halako 0,75 baino txikiagoak badira: lanen kostutik etxebizitza bakoitzari egotz dakiokeen zenbatekoaren eta dirulaguntzagatik lorturiko zenbatekoaren arteko aldearen %100, etxebizitza bakoitzeko 6.000 euro gehienez ere.

–Familiaren diru-sarrera haztatuak ERREGEROSNA adierazlearen halako 0,75 eta 1 artean badaude: lanen kostutik etxebizitza bakoitzari egotz dakiokeen zenbatekoaren eta dirulaguntzagatik lorturiko zenbatekoaren arteko aldearen %100, etxebizitza bakoitzeko 3.000 euro gehienez ere.

7. Kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden pertsonatzat hartuko dira babes ofizialeko etxebizitzak alokatzeagatiko dirulaguntzak jasotzeko indarrean dauden baldintzak betetzen dituztenak, alde batera utzita etxebizitza baten edota haren zati alikuotaren titulartasunari buruzko baldintza. Etxebizitza baten edo haren zati alikuotaren titularra izatearen gainean onartzen den salbuespen hori birgaitutako etxebizitzaren titulartasunari soilik aplikatuko zaio. Familiaren diru-sarrera haztatuak zehazteko, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan jasotako arauak eta irizpideak aplikatuko dira (Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen ditu foru dekretu horrek).

Laguntza pertsonala jasotzeko arrazoi diren etxebizitza birgaituak jabeen edo gozamendunen ohiko bizileku iraunkor gisa erabili beharko dira gutxienez bost urtez, dirulaguntza ordaintzeko agindua ezartzen duen ebazpen administratiboa ematen den egunetik zenbatzen hasita. Orobat, laguntza pertsonala jaso duen etxebizitza baten jabetza edo hura erabili eta gozatzeko eskubidea edozein tituluren bidez laga edo eskualdatzen duenak dirulaguntza ordaintzeko agindua ezartzen duen ebazpen administratiboa ematen den egunetik hasita bost urte igaro baino lehen, jasotako dirulaguntza guztia itzuli beharko dio Nafarroako Gobernuari, berandutze-interesa gehituta. Eskualdaketak ondasunaren jabeen zati baten eskubideak ukitzen baditu bakarrik, itzuli beharrekoa eskualdatzen den zatiaren eskubideek jabetza osoarekin alderatuta hartzen duten partaidetza-ehunekoaren araberakoa izanen da. Jasotako laguntzen zati proportzionala itzuli beharko da, orobat, ezkontza baten banaketaren edo dibortzioaren ondorioz edo bikote egonkor bat bereiztearen ondorioz, ondasunaren titularkide bati esleitzen bazaio dirulaguntza, ordaintzeko agindua ezartzen duen ebazpen administratiboa ematen den egunetik hasita bost urte igaro baino lehenago. Apartatu honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko “mortis causa” lagapenei.

8. Birgaitutako etxebizitzetan dirulaguntzaren onuraduna merkataritza-sozietate bat izan bada, eta etxebizitza horien jabetza edo erabilera- eta gozamen-eskubideak, edozein tituluren bidez, dirulaguntza ordaintzeko agindua ezartzen duen ebazpen administratiboa ematen den egunetik hiru urte igaro baino lehen lagatzen edo eskualdatzen badira, jasotako dirulaguntzaren zenbateko osoa itzuli beharko zaio Nafarroako Gobernuari. Eskualdaketak etxebizitzaren edo etxebizitzen jabe diren merkataritza-sozietateen zati baten eskubideak ukitzen baditu bakarrik, itzuli beharrekoa eskualdatzen den zatiaren eskubideek jabetza osoarekin alderatuta hartzen duten partaidetza-ehunekoaren araberakoa izanen da.

9. Birgaitze Programatuko Bizitegi Inguruneak mugatutako esparruan ingurune fisikoa urbanizatzeko, berrurbanizatzeko edo hobetzeko jarduketak egiten direnean bizitegi-eraikinen energia-efizientzia hobetzeko jarduketen osagarri gisa, eman beharreko laguntzaren zenbatekoa hauxe izanen da: etxebizitza bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa, 2. taulan zehaztutako energia-aurrezkien arabera kalkulatua, bider Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurunean dagoen etxebizitza kopurua, betiere eskatutako baldintza guztiak bete ondoren.

2. taula.

Jarduketarekin aurreztutako energia

Urbanizazioa

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa, birgaitzen den etxebizitza bakoitzeko

%45≤∆Cep,nren<%60

300 euro

∆Cep,nren≥%60

600 euro

Zenbateko horrek ezinen du gainditu, Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune osoan, ingurune fisikoa urbanizatzeko, berrurbanizatzeko edo hobetzeko jarduketen kostuen %100.

10. Laguntzaren azken hartzailea jarduera ekonomiko edo komertzialak egiten dituen pertsona fisiko edo juridikoa bada, estatu-laguntzen arloko honako araubide hau aplikatuko da:

a) Azken 3 zerga-urteetan emandako laguntzen eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 eurotik beherakoa bada, 2013ko abenduaren 18ko Europako Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa baita.

b) Azken 3 zerga-urteetan emandako laguntzen eta deialdi honetan eskatutako laguntzaren zenbatekoaren batura 200.000 euro edo hortik gorakoa bada, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da, energia-efizientziarako neurriak hartzeko inbertsioetarako laguntzetarako salbuespena aplikatuta (38. artikulua). Erregelamendu horren bidez, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk finkatu ziren, Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Aurrekoaren ondorioetarako, laguntzen azken hartzaileek uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, ezarritako mugak betetzen direla zehaztuz. Era berean, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute adierazteko enpresa ez dagoela krisian, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan “krisian dagoen enpresa”rako ezarrita dagoen definizioaren arabera.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1. Laguntza-eskaerak eredu normalizatuan aurkeztuko dira (A. eranskinean dagoena), behar bezala beteak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak ere sinatuak, I. eranskinean adierazten den dokumentazioarekin batera.

2. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, goizeko 9:00etan, eta 2023ko abenduaren 31n bukatuko.

3. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduak, familia bakarreko etxebizitzaren eraikinaren jabe diren pertsona fisikoen eta laguntza pertsonala eskatzen duten pertsona fisikoen kasuan izan ezik Aurkezten diren agiriak behar bezala izendatuak eta ordenatuak egonen dira, I. eranskineko ataletako zein letrari dagozkion aipatuta.

4. Laguntza pertsonala eskatzeko, ezinbestekoa da laguntzen azken hartzaileetako batek aldez aurretik eskatu izana oinarrizko laguntza. Azken hartzaileak oinarri hauen hirugarren klausulan daude zehaztuta.

5. Nagusiki etxebizitzarako bizitegi-erabilera duten eraikinen hobekuntza- edo birgaitze-jarduketetarako eskaerak automatikoki baztertuko dira, baldin eta, horiek aurkezteko unean, oinarri hauetako I. eranskineko d), e) edo f) letretan adierazitako dokumenturen bat ez badute.

6. Aurrekoa gorabehera, eskaerak aipatu diren betebeharrak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera utzi duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

7. Pertsona fisikoak ez diren eskatzaileen kasuan, dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak entitate interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eta izapidetzeko eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Nagusiki etxebizitzarako bizitegi-erabilera duten eraikinak hobetzeko edo birgaitzeko jarduketetarako laguntzaren gaineko ebazpena, ordaintzeko modua eta epeak.

1. Dirulaguntzak Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua). Eskaeraren sarrera-datatik hasita hiru hilabeteko epean arrazoitutako ebazpena eman beharko da. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskaera ezetsita geldituko da. Berariazko edo isiltasun administratiboaren bidezko ezespenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua.

2. Laguntza eman ondoren, hogeita sei hilabeteko epea izanen da xedeko jarduketak bukatzeko, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten den egunetik hasita. Obra diruz lagungarriak laguntza-eskaera egin aurretik hasita egon daitezke, baina inolaz ere ez 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen. Ezin izanen dira amaituta egon eskaera egiten den unerako.

3. Jarduketak exekutatzeko finkatutako epeak luzatzeko baimena emanen da, bakar-bakarrik, behar bezala justifikatutako ustekabeko inguruabarrak gertatzen direnean, baldin eta horien ondorioz ezinezkoa izan bada jarduketak gauzatzea, nahiz eta laguntzen azken hartzaileek hartuak izan beharrezkoak ziren gutxieneko neurri teknikoak eta planifikaziokoak. Nolanahi dela ere, ez da baimenik emanen laguntzaren xedeko jarduketa exekutatzeko epeak luzatzeko baldin eta guztirako epea hogeita hamasei hilabetetik gorakoa bada, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik kontatuta. Nolanahi ere, jarduketek 2026ko ekainaren 30a baino lehen egon beharko dute amaituta.

4. Laguntzaren azken hartzaileek hiru hilabeteko epean justifikatu beharko dute instrukzio organoaren aurrean laguntzaren xedeko jarduketak exekutatu dituztela, jarduketak exekutatzeko emandako gehieneko epea bukatzen den egunetik hasita. Horretarako, laguntzaren azken hartzaileak Europako funtsen baterako finantzaketa justifikatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu beharko du, bat etorriz 853/2021 Errege Dekretuaren 35.7. artikuluan azaldutakoarekin eta oinarri hauen II. eranskinean ezarritakoarekin. Aurkezten diren agiriak behar bezala izendatuak eta ordenatuak egonen dira, II. eranskineko ataletako zein letrari dagozkion aipatuta.

5. Egindako jarduketen eta lanen multzo ordezkagarri bat obra-tokian bertan egiaztatzeko prozedura bat gauzatuko da (guztira emandako dirulaguntzen %70ean, gutxienez), eta laguntzen azken hartzaileek aitortzen duten kostuaren ehuneko ehun aztertu eta baliozkotuko da administrazioaren aldetik.

6. Behin egiaztaturik laguntzen azken hartzaileak jarduketa exekutatu duela eta aurreko apartatuetan eskatutako dokumentazio guztia ezarritako epeetan aurkeztu dela, dirulaguntzak ofizioz ordainduko dira, ordainketa bakarrean, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik (Nafarroako Foru Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat), berariaz adieraziz funtsen jatorria, eta horretarako aipatuko dira: Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa (edo unean uneko ministerio eskuduna etxebizitzaren arloan) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduak ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketa, eta Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana.

7. Bizitegi-eraikin kolektiboan birgaitze energetikoko jarduketagatiko laguntza pertsonalaren onuradun diren pertsona fisikoen kasuan, laguntza beren kontura eta haien izenean ordainduko zaie jabeen erkidegoari edo pertsona juridiko baliokideari.

8. Laguntzen azken hartzaileak betetzen ez baditu aurreko apartatuan ezarritako justifikazio betebeharrak, dirulaguntza ez da ordainduko, eta hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

9. Jarduketaren aurretik eta ondoren eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiriak alderatuta –biak onartutako ziurtapen-programa berarekin eginda–, ikusten bada azkenean lortutako energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren aurrezpen-maila proiektuan hasiera batean zenbatetsitakoa baino txikiagoa dela, dirulaguntzaren zenbatekoa benetan lortutako aurrezpen-mailara egokituko da, 1. taulan edo 1bis taulan xedatutakoaren arabera. Azkenean lortutako energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoaren aurrezpen-maila %45etik beherakoa bada, edo ez badira betetzen familia bakarreko etxebizitzaren edo eraikinaren berokuntzako eta hozkuntzako urteko energia-eskari globala gutxienez %35 edo %25 (kasua zein den) murrizteari buruzko eskakizunak, edo 853/2021 Errege Dekretuan ezarritako beste edozein eskakizun, laguntza ezeztatu eginen da.

10. Laguntzaren azken hartzaileak espedienteari uko egiten badio hura eman ondoren, ezinen du eskatu beste laguntzarik “Auzo mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa”ren barnean, salbu eta uko egite horretatik hamabi hilabete baino gehiago igaro badira.

11. Ingurune fisikoa urbanizatzeko, berrurbanizatzeko edo hobetzeko jarduketengatiko laguntzen kasuan, honako baldintza hauek aplikatuko dira: laguntzaren xede diren jarduketak bukatzeko gehieneko epea hamabi hilabetekoa izanen da, emakida-ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita. Obra diruz lagungarriak laguntza-eskaera egin aurretik hasita egon daitezke, betiere 2022ko urtarrilaren 1a baino lehen hasita ez badaude, eta ezin izanen dira bukatuak egon eskaera egiten den unean. Toki erakundeak jarduketak egin izana justifikatzeko agiriak aurkeztuko ditu, jarduketak bukatu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, oinarri hauetako II. eranskinean aurreikusitakoaren arabera. Nolanahi ere, jarduketek 2026ko ekainaren 30a baino lehen egon beharko dute bukatuak. Jarduketa egiaztatu ondoren, bosgarren oinarrian jasotako 2. taula aplikatuz dagokion laguntza ordainduko da, eskaera aurkezteko unean Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune horren eremuaren barruan dirulaguntza ordaintzeko ebazpena onartuta duten etxebizitzen kopuruarekin biderkatuta. Ordainketa osagarriak egiten ahalko dira, emandako zenbatekoaren %100era iritsi arte, Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurunearen eremuaren barruan birgaitutako etxebizitzak gehitzeagatik, 2024ko ekainaren 30ean eta/edo 2025eko ekainaren 30ean eskaera eginda, baina ezin izanen da inola ere handitu hasieran emandako zenbatekoa. Ingurune fisikoa urbanizatzeko, berrurbanizatzeko edo hobetzeko jarduketak aurreikusitako epean egiten ez badira, edo paragrafo honetan ezarritako justifikazio-betebeharra betetzen ez bada, ez da dirulaguntza ordainduko, eta hura kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

Bederatzigarrena.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

1. Oinarri hauei jarraikiz emandako dirulaguntzak ez dira bateragarriak urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren IV. kapituluan (“Auzo mailako birgaitze-jarduketetarako laguntza-programa”) araututakoekin.

Era berean, bateraezinak izanen dira Etxebizitzako zuzendari nagusiaren urriaren 16ko 234/2020 Ebazpenean jasotakoekin –ebazpen horren bidez, abuztuaren 4ko 737/2020 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera lehendik dauden eraikinen birgaitze energetikoko jarduketetarako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren–, bai eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 3ko 2723/2021 Ebazpenean jasotakoekin ere –ebazpen horren bidez, 691/2021 Errege Dekretuari jarraikiz, erronka demografikoa duten udalerrietan lehendik dauden eraikinetan birgaitze energetikoko jarduketak egiteko deialdia onetsi zen–.

2. Oinarri hauei jarraikiz emandako dirulaguntzak bateragarriak dira urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren V. kapituluan araututakoekin (“Etxebizitzetako energia-efizientzia hobetzeko jarduketetarako laguntza-programa”), baldin eta egiaztatzen bada dirulaguntzok ez dutela kostu bera estaliko.

3. Bateragarriak izanen dira, halaber, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan aurreikusitako birgaitze babesturako dirulaguntzekin, diruz lagundu beharreko jarduketa berbera izan arren, betiere jarduketaren kostua gainditzen ez bada. Hala ere, 61/2013 Foru Dekretuan aurreikusitako laguntzak ematea, kasu honetan, bateraezina izanen da urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitakoekin –etxebizitzetako energia-efizientzia hobetzeko jarduketetarako laguntza-programa–, nahiz eta diruz lagundu beharreko jarduketa desberdina izan.

Hamargarrena.–Itzulketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 5eko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, bidezkoa izanen da eskatzea laguntzen azken hartzaileak edo onuradunak jasotako zenbatekoak itzul ditzala, baita berandutze-interesa ere, dirulaguntza ordaindu zen unetik aurrerakoa.

Hamaikagarrena.–Errekurtsoen araubidea.

Oinarri arautzaile hauen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hura argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Hamabigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1. Edozein hedabidetan laguntzak jaso dituen jarduketari erreferentzia egiterakoan, programaren irudiari buruzko eskuliburuan ezarritako betekizunak bete beharko dira, zeina eskuragarri baitago Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren web orrian (http://www.mitma.es), bai eta erregelamendu honetan publizitateari buruz ezarrita dauden neurriak ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen duena.

Gainera, hala badagokio, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoa bete beharko du, 853/2021 Errege Dekretuaren xedeko laguntzen publizitate-betebeharrei dagokienez.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak urtero ematen diren dirulaguntzak argitaratuko ditu etxebizitza gaietarako informazio webgunean (www.vivienda.navarra.es), behar bezala identifikaturik onuradunak (IFZ eta izen-deiturak), etxebizitzen kokapena eta bakoitzak hartutako diru kopurua.

3. Oinarri hauen babesean ematen diren dirulaguntzei buruzko informazioa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igorriko da, nola eta, komunikazio betebehar hori gauzatzeko, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 20. artikuluan ezarrita dagoen bezala, kontuan hartuta, orobat, betebehar hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoa.

Hamahirugarrena.–Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharrak betetzera, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarriak daudenak, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, aipatutako foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematika bidez, Etxebizitza Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hauek adierazita:

a) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren entitate publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean ordaindutako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Entitate onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, goian adierazitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

Hamabosgarrena.–Finantzaketa bikoitza eta informazioa eskuratzeko eta emateko betebeharrak.

1. Finantzaketa bikoitza debekatuta dago, eta onuradunak informazioa eman beharko du diruz lagun daitezkeen kostu berberak finantzatzen lagundu dioten beste edozein funts publiko edo pribaturi buruz.

2. Onuradunak:

–Baimena ematen du Foru Komunitateko Administrazioak eta Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluan adierazitako organoek Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzaketen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko.

–Baimena ematen du informazioa trukatzeko sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

–Beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak ematen ditu, bermatu dadin Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela, bat etorriz Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. zenbakiko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin. Hain zuzen, laguntza eman ahal izateko, ezinbestekoa izanen da baimen hori (A eranskinean jasota dago).

3. Onuradunak eskatzen zaion eta laguntza emateko beharrezkoa den informazio guztia emanen du, bai eta hura emateko baldintzak eta Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoan xedatutakoa betetzen dituela frogatzeko beharrezkoa den informazioa ere. Laguntzen azken jasotzaileari buruzko datuak eman beharko ditu, jasotzailea bera ez bada, eta kontratistei eta azpikontratistei buruzkoak, azken jasotzailea botere adjudikatzaile bat bada.

Hamabosgarrena.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan berariaz ezarrita ez dagoen orotan, honako hauek aplikatuko dira: urriaren 5eko 853/2021 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea eta irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua, Nafarroan etxebizitzaren arloan babestekoak diren jarduketak arautzen dituena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Hamaseigarrena.–Datuen babesa.

Eskaera aurkezteak berekin dakar haren bidez bildutako datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea. Datu horiek Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak tratatuko ditu, prozedura hau izapidetzeko eta laguntza hauen esleipena kudeatzeko. Halaber, jakinarazten dizugu zure datuen inguruko eskubideak esteka honen bitartez balia ditzakezula: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea.

Argibide gehiago jasotzeko:

https://gobiernoabierto.navarra.es/sites/default/files/19._dpto._ordenacion_del_territorio_viviendo_paisaje_y_proyectos_estrategicos.pdf

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

A eranskina.–“AUZOAK” laguntzetarako eskabidea.

B eranskina.–Birgaitze Programatuko Bizitegi Ingurune gisa aitortzeko eskabidea

Deskargatu A eta B eranskinak (DOC).

I. ERANSKINA

“AUZOAK” laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa

Honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen datuak, izen-abizenak edo sozietatearen izena adierazita, eta IFZren kopia. Ordezkaria egotekotan, haren datuak, abizenak eta izena adierazita, eta IFZren kopia, baita duen ordezkaritzaren egiaztagiria ere, aplikatzekoa den araudi espezifikoaren arabera.

b) Birgaitu beharreko eraikinaren edo etxebizitzaren jabetzaren, gozamenaren edo antzeko eskubideen egiaztapena, laguntzaren azken hartzailea oinarri hauetako bigarren oinarriko 2. puntuko a) edo b) letretan jasotakoren bat denean. Jabetza, gozamena eta eskubide errealak jabetza erregistroko ziurtagiriaren edo ohar soilaren bidez frogatuko dira. Birgaitze-lana eragotziko lukeen beste inolako karga edo eskubide errealik ez dagoela adierazi behar da agiri horretan. Eraikinen enpresa errentarien edo emakidadunen kasuan, bai eta izaera hori egiaztatzen duten kooperatiben kasuan ere, indarrean dagoen kontratuaren bidez egiaztatu behar dute berariazko ahalmena aitortuta dutela programaren xede diren birgaitze-lanak egiteko.

c) Jarduketak eginen diren higiezinaren katastroko datuen kontsulta deskribatzailea eta grafikoa, etxebizitzaren erabilera edo beste erabilera batzuk egiaztatzen dituena, laguntzaren zenbatekoa zehazteko erabileraren eta eraikuntza-urtearen arabera. Orobat, birgaitu beharreko eraikineko etxebizitza kopurua eta, hala badagokio, lokal kopurua zehaztu beharko dira, azalera eraikia eta solairu kopurua (beheko solairua barne) adierazita. Eraikinen Ebaluazio Txostena edo Lehendik dagoen Eraikinaren Liburua badituela dioen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, horien erregistroko kodea zehaztuta, baldin eta birgaitu nahi den eraikinak edo etxebizitzak horietako bat nahitaez eduki behar badu. Aitortutako ingurune baten parte izateagatik edo balio arkitektoniko edo historiko berezia izateagatik babes mailaren bat duten eraikinen kasuan, babes hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.

d) Egin beharreko jarduketaren proiektua edo, halakorik ezean, jarduketa justifikatzeko memoria, ondoan duela azken hartzailearen adostasuna jasotzen duen agiria. Memoria horrek, gutxienez, alderdi hauek jaso beharko ditu: deskribapena, jarduketa-eremuen arabera banakatutako aurrekontua eta planoak. Edonola ere, kostu diruz lagungarritzat jo daitezkeen ordainsariak eta kudeaketa-gastuak zehaztu beharko dira. Halaber, jarduketa-proiektuaren dokumentazioan edo jarduketa justifikatzeko memorian, dagokionaren arabera, honako hauek jasoko dira: hasierako egoerarekin alderatuta energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoan zenbat aurreztea aurreikusi den; hasierako egoerarekin alderatuta zenbatean murriztuko den berokuntzaren eta hoztearen energia-eskari globala; diruz lagun daitekeen inbertsioa eta eskatutako laguntzaren zenbatekoa.

e) Lehendik dagoen eraikinaren energia-efizientziaren ziurtagiria, egungo egoerarena, ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan eskatutako edukiarekin, teknikari eskudunak sinatua eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan (edo horren ordezko organoan) erregistratua, eta lortutako energia-efizientziaren ziurtagiria, proiektuan aurreikusitako jarduketak gauzatutzat joz, esku-hartzearen aurretiko ziurtagirirako erabilitako ziurtapen-programa aitortu berarekin egina, eta teknikari eskudunak sinatua. Ziurtagirian laguntza lortzeko ezarri ziren baldintzak bete direla ziurtatuko da. Ziurtagiriak baliozkoak izateko, ezinbestekoa izanen da bi urte baino gehiago igaro ez izana ziurtagiriak ematen direnetik eskabidea aurkezten den arte.

f) Sinatutako kontratua edo eskaintza, eta partiden arabera banakatutako aurrekontua, neurketak, unitateko prezioak eta guztizkoak, BEZa edo, kasua bada, dagokion zeharkako zerga baliokidea banakatuta eta jabeen erkidegoak berariaz onartuta. Kapituluen araberako laburpen-orrian, enpresaren sinadura eta zigilua, IFZ eta data jaso beharko dira. Adierazi beharko da dirulaguntzari dagozkion zeharkako zergak berreskuratzea edo konpentsatzea badagoen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, edo, hala badagokio, Udalaren Idazkaritzaren ziurtagiria ekarri.

g) Hala badagokio, idazkariak edo administratzaileak sinatutako akta edo ziurtagiria, jasotzen duena erkidegoak, behar bezala elkartutako jabekideen erkidegoek edo kooperatibaren batzarrak laguntzen xede diren birgaitze-obren exekuzioa onartzeko hartutako erabakia.

h) Hala badagokio, idazkariak edo administratzaileak sinatutako akta edo ziurtagiria, non jasoko baita dirulaguntza eskatzeko ordezkari baimenduaren izendapena.

i) Hala badagokio (ikusi 4.8 oinarria), 3 aurrekonturen kopia, eskaintza jakin bat zergatik aukeratu den justifikatuz, proposamen ekonomiko onuragarriena aukeratzen ez denean.

j) Hirigintzako eskaera eta/edo lizentzia, beharrezkoa denean, edo udalaren antzeko baimena. Obrak hasita badaude, obrak hasi izanaren ziurtagiria, teknikari tituludun eskudunak sinatuta, edo zuinketa-akta, eraikuntza-enpresako obra-zuzendariak sinatuta eta data jarrita, eta jabeen oniritziarekin.

k) Birgaitze-jarduketek ukitutako eremu guztien eta eraikinaren fatxada nagusiaren argazki-erreportajea, ahal dela koloretan.

l) Amiantoa kentzeko laguntza eskatzen dutenen kasuan, amianto-hondakinak kentzeko, manipulatzeko, garraiatzeko eta kudeatzeko kostuen kalkulua. Lana eginen duen enpresa Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatu beharko da, baita obra horretarako lan-plana onartzeko eskaera erregistratu dela ere.

m) Banakako espedientean kalteberatasun ekonomikoagatiko laguntza pertsonala eskatzen duten pertsona fisikoek honako hauek soilik aurkeztu beharko dituzte: birgaitu beharreko etxebizitzaren jabetzaren edo gozamenaren egiaztagiria, Jabetza Erregistroaren ziurtagiri edo ohar soil informatiboaren bidezkoa; birgaitutako etxebizitza ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzeko konpromisoa; dagokion urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren kopia eta jaso beharreko laguntza jabeen erkidegoari edo pertsona juridiko baliokideari lagatzeko dokumentua.

n) Egokitasunaren aldeko ebaluazioa edo «ingurumenean kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa» betetzen dela dioen erantzukizunpeko adierazpena gehitu beharko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 6) apartatuan ezarritakoaren ildoan (Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen du erregelamendu horrek).

o) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzailearen ordezkariak sinatua, non honako hauek adieraziko baitira, zehatz-mehatz, jarduketaren eskatzaileari edo eskatzaileei buruz:

1. Ez daudela azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere, artikulu horietako e) letran aurreikusitako debekua izan ezik, zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateko betebeharrari buruzkoa. Orobat, berariaz aipatu beharko da ez dutela beste dirulaguntza edo laguntza batzuk itzultzeko betebeharrik, edo, izanez gero, zorrotz bete dituztela betebehar horiek, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 21. artikuluan ezarritakoaren arabera (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

2. Ez dutela beste laguntzarik eskatu edo jaso jarduketa edo helburu bererako. Beste laguntzaren bat eskatu badute, eskatutako –edo, kasua bada, jasotako– laguntzaren zenbatekoa adierazi behar da, eta, hala badagokio, baita laguntza eman duen administrazio, organismo edo erakunde publikoa ere.

p) Laguntzen azken hartzaileak enpresak badira edo merkataritzako jardueran aritzen badira, bosgarren oinarriaren 10. puntuan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute.

Aurreko guztia gorabehera, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalak, instrukzio-organoa den aldetik, jarduketak egiaztatzeko eta justifikatzeko jarraibide osagarriak prestatzen ahalko ditu, baldin eta beharrezkoa bada jarduketa zailtasun handikoa izateagatik edo laguntzaren zenbatekoa oso handia izateagatik. Orobat, erantzukizunpeko adierazpen edo justifikazio txosten osagarriak aurkezteko ere eska dezake, unean-unean onesten diren jarraibide eta ereduei jarraikiz. Jarraibide eta eredu horiek eguneratuta argitaratuko dira Nafarroako etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean: www.vivienda.navarra.es.

II. ERANSKINA

“AUZOAK” laguntzen bidez egindako jarduketak justifikatzeko beharrezkoa den dokumentazioa

Laguntzen azken hartzaileek laguntzaren xedeko jarduketak gauzatu dituztela justifikatu beharko dute instrukzio-organoaren aurrean (Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atala). Horretarako, laguntzen azken hartzaileak deialdian eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko du, eta bete egin beharko du Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismoa ezartzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34. artikuluan ezarritakoa; honako hau: “Batasuneko funtsak jasotzen dituztenek finantzaketa horren jatorria aipatu beharko dute, eta ikusgarritasuna ematea zainduko dute, barne dela, hala dagokionean, Europar Batasunaren ikurra erabiltzea eta finantzaketaren deklarazio egoki bat erakustea, «Europar Batasunak finantzatua-Next Generation EU» adierazten duena. Hala jokatutako da bereziki ekintzak eta haien emaitzak sustatzen direnean, informazio koherentea, eraginkorra eta proportzionatua emanez, askotariko hartzaileei zuzendua, hedabideak eta jendea, oro har, barne”.

Honako dokumentazio hau aurkeztu behar da, aurrez aurre edo telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (pertsona juridikoek nahitaez aurkeztu behar dute telematikoki):

a) Jarduketek proiektua behar badute, benetan exekutatutako obraren proiektua.

b) Obra bukaerako ziurtagiria, obra zuzendariak edo obrak exekutatzeko zuzendariak sinatua, hala badagokio.

c) Instalazio termikoaren ziurtagiria, hala badagokio, instalazioaren zuzendariak edo instalatzaile baimenduak sinatua, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan (edo hura ordezten duen organoan) erregistratua.

d) Hirigintzako lizentzia, beharrezkoa denean, edo udalaren antzeko baimena.

e) Energia-efizientziaren ziurtagiria, hala badagokio, jarduketak egin ondoren eskuratua eta esku-hartzearen aurreko ziurtagirirako erabilitako ziurtapen-programa aitortu berarekin egina. Teknikari eskudun batek sinatua egon behar du, eta ziurtatu behar du laguntza jasotzeko ezarritako betekizunak bete direla. Orobat, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren erregistroan (edo hura ordezten duen organoan) erregistratuta egon behar du.

f) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla frogatzeko jarduketa memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena, oinarri hauetan eta laguntza emateko ebazpenean eskatutakoarekin bat. Memoria hori teknikari tituludun eskudun batek egin eta sinatuko du, hots, proiektuaren egileak edo jarduketa exekutatzeko zuzendariak, eta bertan, jarduketen bukaera data ere azalduko da. Memorian jasoko da aplikatzekoa zaion araudia, nahitaez bete beharrekoa, betetzen duela.

g) Exekutatutako obren argazkiak, ahal dela koloretan.

h) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarreren edo dirulaguntzen gaineko erantzukizunpeko adierazpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

i) Egindako jarduketei dagozkien kontratuen eta/edo eskaeren kopia eta zerrenda ziurtatua.

j) Aurkeztutako aurrekontuarekin eta kontratuekin zerikusia duten faktura guztien zerrenda ziurtatua, baita faktura horien eta bankuko ordainagirien kopiak ere, egindako inbertsioari dagozkionak.

k) Otsailaren 1eko 853/2021 Errege Dekretuaren 11. artikuluko a) letran adierazitakoa betetzen dela justifikatzeko dokumentazioa. Horretarako, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketari buruzko azterlana jasotzen duen proiektua edo memoria teknikoa aurkeztu beharko da, bai eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketari buruzko plana ere. Plan hori nola aplikatuko den zehaztu beharko da, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen 105/2008 Errege Dekretuan araututakoarekin bat. Aurreko hori honela frogatuko da:

i. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen %70 balorizatu dela behar bezala egiaztatzeko (853/2021 Errege Dekretuaren 11. artikulua), sortutako hondakinen guztizko kopurua jasotzen duen laburpen-memoria aurkeztuko da, Europako Hondakinen Zerrendako kodeen arabera sailkatuta, eta hondakinak jasotzen dituzten kudeatzaileen ziurtagiriak, instalazio bakoitzean lortutako balorizazioaren ehunekoa adierazten dutenak. Balorizatu ezin diren hondakin arriskutsuak ez dira kontuan hartuko helburu hori lortzeko.

ii. Eraispen selektiboa egiteko neurriak ezarri direla egiaztatzeko, kudeatzaileek emandako ziurtagirietan jasotako EHZ kodeak erabiliko dira, sortutako hondakinak entregatu direla justifikatzeko. Kode horiek gaika bildutako hondakin-frakzioei dagozkienak izanen dira, adibidez: 170101, 170102, 170201, 170202, 170203, 170402, 170403 edo 170405.

iii. Obran bertan hondakinen bat balorizatuz gero, esleipendunak balorizatutako kopuruei buruzko informazioa sartuko du laburpen-memorian, EHZ kodearen eta erabilitako bitartekoen arabera sailkatuta (instalazio mugikorra, kudeatzailea, etab.).

iv. Hondakinetatik heldu diren agregakin birziklatuak erabiliz gero, esleipendunak material horiek erosiak direla frogatzeko dokumentazioa erantsi beharko du laburpen-memorian, eta material kopurua eta mota adierazi beharko ditu.

v. Amianto-hondakinak sortzen badira, tratamendu egokia jaso dutela frogatu beharko da. Horretarako, amianto-hondakinak sortu diren lekutik hondakinak kudeatzeko plantara lekualdatu aurretik jakinarazpen bat igorri beharko da, eta baita mugimendu horiei lotutako hondakinen lekualdaketak identifikatzeko dokumentuak ere, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuan ezarritakoa betez.

l) Amiantoa kentzeko laguntza eskatzen dutenek materialak erretiratzeko lan-plana onesten duen ebazpena aurkeztu beharko dute.

Edonola ere, jarduera egin eta justifikatzeko epea bukatzen denean gastuen zati bat baino ez bada ordaindu, proportzionaltasun printzipioa aplikatuko da, laguntza jasotzeko eskubidea galtzearen ondorioetarako.

Aurreko guztia gorabehera, Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atalak, instrukzio-organoa den aldetik, jarduketak egiaztatzeko eta justifikatzeko jarraibide osagarriak prestatzen ahalko ditu, baldin eta beharrezkoa bada jarduketa zailtasun handikoa izateagatik edo laguntzaren zenbatekoa oso handia izateagatik. Orobat, erantzukizunpeko adierazpen edo justifikazio txosten osagarriak aurkezteko ere eska dezake, unean-unean onesten diren jarraibide eta ereduei jarraikiz. Jarraibide eta eredu horiek eguneratuta argitaratuko dira Nafarroako etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean: www.vivienda.navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2207846