12. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

340/2021 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baitira unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioei behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak, zuzendaritza-karguen izendapena eta irakasleen lanaldiaren murrizketak eskatzeko prozedura, 2022-2023 ikasturterako.

Administrazio honen menpeko ikastetxe eta programetan aurreikusitako eskolatzearen bilakaerak eta lanpostuak betetzeko deialdia ebazteak neurriak hartzera behartzen dute, unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioei, azkar eta modu eraginkorrean, 2022-2023 ikasturterako behin-behineko lanpostua esleitu ahal izateko.

Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren bidez (ekainaren 2ko 44/2021 Foru Dekretuak aldatua), arautzen da nola bete Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak. Haren lehenbiziko artikuluan esaten da foru dekretu horren xedea dela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien zenbait lanpostu behin-behinekoz, behin betiko eta zerbitzu eginkizunetan betetzeko arauak finkatzea.

Foru dekretu hori betez, onartu behar dira behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak 2022-2023 ikasturterako, bermaturik herri edo eskualdean segi dezaten eskubide hori aitortua duten funtzionarioek.

Beste alde batetik, uztailaren 3ko 80/2019 Foru Aginduak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen sarea berrantolatzen du irizpide geografiko eta demografikoen arabera, hezkuntza sistema egoki iritsiko dela toki guztietara bermatzeko.

Nafarroako Administrazio Publikoetako langile funtzionarioen lanaldi murrizketa arautzen duen apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuak (abuztuaren 23ko 72/2017 Foru Dekretuak aldatua), bere 7.6 artikuluan ezartzen du unibertsitateaz kanpoko irakasleen lanaldi murrizketa ikasturtea amaitu arte izanen dela beti, salbu eta hura emateko arrazoia lehenago bukatzen bada, eta eskatzen diren luzapenak, halakorik eskatzen bada, ikasturte osorako izanen direla.

Irakasleen lanaldi murrizketak onartzeak eragina izan dezake ikastetxeetako plantillak zehazterakoan eta, horrenbestez, zehazterakoan destinoko ikastetxetik behin-behinekoz aldarazita izatea ekar dezakeen egoera batek zer irakasle ukitzen dituen. Horregatik, komeni da plantillak eratu aurretik lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura ezartzea, ahalik eta lekualdatze gutxien izan dadin. Lanaldi murrizketak ematerakoan lehentasuna izanen du beti ikasleek hezkuntzarako duten eskubideak.

Horiek horrela, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioei behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak, zuzendaritza-karguen izendapena eta irakasleen lanaldiaren murrizketak eskatzeko prozedura, 2022-2023 ikasturterako, ondoren aipatzen diren oinarriekin bat etorriz:

I.–Behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak esleitzeko jarraibideak.

II.–Ikastetxe publikoetako zuzendaritza-karguen izendapena.

III.–2022-2023 ikasturterako lanaldi murrizketak eskatzeko prozedura.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta beronen eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, honako hauekin bat: martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikulua (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Nafarroako foru-sektore publiko instituzionalari buruzko Foru Legea) eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko Lanpostuak Betetzeko Atalera, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, behar diren ondorioak sor ditzaten.

I.–BEHIN-BEHINEKO DESTINOAK, PRAKTIKETAKOAK ETA ZERBITZU EGINKIZUNETAKOAK ESLEITZEKO JARRAIBIDEAK

Hezkuntza Departamentuak 2022-2023 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktiketakoak edo zerbitzu eginkizunetakoak esleituko ditu, arau hauetan ezarritako prozedurari jarraikiz:

Lehena.–Arau amankomunak.

1. 2022-2023 ikasturterako behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu eginkizunetakoak aukeratzeko, honako hurrenkerari jarraikiko zaio:

1. Funtzionarioen osasun-arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak.

2. Irakastordu nahikorik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

3. Behin-behineko destinoa duten funtzionarioak.

4. Irakasleei adingabeko seme edo alaba zaintzeagatik eta salbuespenezko inguruabarrengatik emandako zerbitzu eginkizunak.

5. Praktiketako funtzionarioak.

6. Behin-behineko destinoarekin jardunera itzuli direnak.

7. Irakaskuntzako lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaiak.

2. Lanpostuak aukeratzeko, baldintza izanen da behar diren espezialitatearen eta hizkuntzaren titular izatea edo egoki den lanpostua behin-behinekoz bete ahal izatea, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuarekin bat (ekainaren 2ko 44/2021 Foru Dekretuak aldatua), eta, behar izanez gero, behar den profil berariazko bat frogatzea. Ez bada lanpostu hutsik haien espezialitate eta hizkuntzan, antzeko espezialitateetako beste lanpostu bat esleitzen ahalko zaie, irakasle kidego berekoa edo beste batzuetakoa, bermaturik destino aukeratzeko lehentasuna izan dezaten kasuan kasuko espezialitatearen titular diren irakasleek, eta bat etorriz Hezkuntza Departamentuak ezarritako irizpideekin.

3. Pedagogia Terapeutikoa edo Entzumena eta Hizkuntza espezialitateen titular diren maisu-maistren kidegoko funtzionarioek aukera izanen dute lanpostuak eskatzeko Bigarren Hezkuntzako institutuetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan.

4. Euskaraz irakasteko lanpostuak aukeratu ahal izateko, EGA agiria edo baliokidea eduki beharko da.

5. Lanpostuak bide telematikoz esleituko dira, eta esleipena jakinaraziko da Hezkuntza Departamentuaren web-orriaren bidez (www.educacion.navarra.es/eu), behar den aurrerapenarekin.

Eskaintzen diren lanpostuak eta 2022-2023 ikasturtean zerbitzu eginkizunetan aritzeko behin-behineko destinoa aukeratu behar duten funtzionarioen izen-deiturak Hezkuntza Departamentuko web-orrian erakutsiko dira (www.educacion.navarra.es/eu), behar den aurrerapenarekin.

Bigarrena.–Irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazitako irakasleak.

1. Behin betiko destinoa duten irakasleek beren ikastetxean segituko dute 2022-2023 ikasturtean, irakastordu nahikoa badute.

2. Behin betiko destinoa duten irakasleak, 2021-2022 ikasturtean irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazi bazituzten eta 2022-2023 ikasturtean egoera horretan segitzen badute, destinoko ikastetxean bertan egonen dira, eman dezaketen espezialitate batean behar adina irakastordu egonez gero, non eta ez duten idatziz adierazten, 2022ko martxoaren 30a baino lehen, beste lanpostu bat aukeratu nahi dutela.

Modu berean, apartatu honetan ezarritakoa aplikatuko zaie beren ikastetxetik 2021-2022 ikasturtean aldarazitako irakasleei, kasu hauetan: zegoen beharra ibiltaria izanik, funtzionarioak ibiltaritza onartu ez zuenean, edo, beharra betetzeko eskakizun zehatz bat ezinbestekoa izanik, funtzionarioak eskakizun hori egiaztatu ez zuenean.

3. Ikastetxetik aldarazi berriak.

Behin betiko destinoa duten irakasleek, beren behin betiko destinoko ikastetxetik edo 2021-2022 ikasturtean aritu diren ikastetxetik aldarazi behar badituzte, hurrengo ikasturterako lanpostu bat aukeratuko dute ebazpen honen lehen oinarrian, bosgarren apartatuan, ezartzen denaren arabera.

Ikastetxetik aldarazitako berriez gain, beren lanpostua kentzeagatik behin-behineko destinoa duten irakasleek ere aukeratuko dute destinoa.

4. Behin betiko destinoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetan izan arren, irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldarazitako maisu-maistren kidegoko funtzionarioei behin-behineko destinoa esleitzen ahalko die Hezkuntza Departamentuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako lanpostuetan.

5. Hezkuntza Departamentuak behin-behineko destino bat esleituko die, betetzen ahal duten lanpostuetan, destinoen esleipena egin eta gero behin betiko destinoko ikastetxetik edo 2022-2023 ikasturtean zerbitzuak eman beharreko ikastetxetik aldarazi behar diren funtzionarioei.

6. Hezkuntza maila berean espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuak ikastetxe berean dituzten maisu-maistren eta Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako irakasle batzuek behin betiko destinotik behin-behineko batera joan behar baldin badute, eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, irizpide hauek aplikatuko dira:

–Ikastetxetik aldaraztea dakarren irakastordu murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan bakar-bakarrik izaten bada, maisu-maistren kidegoko funtzionarioak aldaraziko dira ikastetxetik. Zein izanen diren zehazteko, oinarri honen 7. apartatuan kidego horretarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

–Ikastetxetik aldaraztea dakarren irakastordu murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetan eta/edo Batxilergoan bakar-bakarrik izaten bada, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako funtzionarioak aldaraziko dira. Zein izanen diren zehazteko, oinarri honen 7. apartatuan kidego horietarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

–Ikastetxetik aldaraztea dakarren irakastordu murrizketa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta/edo Batxilergoan batera izaten bada, maisu-maistren kidegoko funtzionarioak aldaraziko dira. Zein izanen diren zehazteko, oinarri honen 7. apartatuan kidego horretarako orokorki ezartzen diren irizpideak aplikatuko dira.

7. Espezialitate eta hizkuntza bereko lanpostuetan aritzen diren irakasleen kasuan, erabaki behar bada behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:

–Maisu-maistren kidegoa.

1. Ikastetxean edo eskualdean behin betiko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena duena.

2. Maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen benetako denbora laburrena duena. Kidegoan abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriari jarraikiz sartu ziren irakasleei dagokienez, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztaturik dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu urtea kenduta.

3. Kidegoan berrikien sartu dena (urtea).

4. Kidegoan sartzeko hautapen prozesuan erdietsitako zerrenda-zenbakirik altuena edo puntuaziorik txikiena duena.

Ekainaren 5eko 1746/2008 ESD Aginduaren bidez irakasle kidegoetan sartutako langileei aurreko irizpideak aplikatzeko, kidegoan ordenatu ziren data hartuko da kontuan (aipatu ESD Aginduan ageri dena). Aipatu irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ezin bada, Iruñeko Udalarentzat lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, lehen zerbitzu urtea kenduta.

Tokiz aldatzea eskatzen dutenak behar baino gehiago badira, hauek izanen dira lehentasun irizpideak, ondoz ondo: etengabeko antzinatasun handiena duena ikastetxean edo eskualdean behin betiko lanpostuan; berdinketarik izanez gero, denbora luzeena duena maisu-maistren kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen; eta, azkenik, lehenik sartu zena (urtea), eta, urte horretan, kidegoan sartzeko hautapen prozesuan puntuaziorik handiena erdietsi zuena.

–Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen, hizkuntza eskola ofizialetako katedradun eta irakasleen, arte plastikoetako eta diseinuko katedradun, irakasle eta tailer maisuen eta musikako eta arte eszenikoetako katedradun eta irakasleen kidegoak.

1. Bere kidegoan karrerako funtzionario gisa zerbitzuak ematen benetako denbora laburrena duena. Abenduaren 30eko 31/1991 Legearen 29. xedapen gehigarriari jarraikiz kidegoetan sartutako irakasleei dagokienez, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako karrerako funtzionario gisa duten antzinatasunari lan-kontratudun finko gisa egiaztatua dutena gehituko zaie, lehen zerbitzu urtea kenduta.

Irakasle kidegoetan sartu ez diren irakasleei lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak konputatuko zaizkie, lehen zerbitzu urtea salbu.

2. Behin betiko destinoko lanpostuan etengabeko antzinatasun txikiena duena.

3. Kidegoan berrikien sartu dena (urtea).

4. Halakorik bada, dagokion katedradunen kidegokoa ez izatea.

5. Kidegoan sartzeko hautapen prozesuan puntuaziorik txikiena erdietsi zuena.

Ekainaren 5eko 1746/2008 ESD Aginduaren bidez irakasle kidegoetan sartutako langileei aurreko irizpideak aplikatzeko, kidegoan ordenatu ziren data hartuko da kontuan (aipatu ESD Aginduan ageri dena). Aipatu irizpideak aplikatuz berdinketa hautsi ezin bada, Iruñeko Udalarentzat lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak hartuko dira kontuan, lehen zerbitzu urtea kenduta.

Bigarren Hezkuntzako, hizkuntza eskola ofizialetako eta arte plastikoetako eta diseinuko katedradunen kidegoetako karrerako funtzionarioei, karrerako funtzionario gisa benetan emandako zerbitzuak zehaztearren, nork bere irakasle kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako benetako zerbitzuen denbora hartuko zaie kontuan.

Tokiz aldatzea eskatzen dutenak behar baino gehiago badira, hauek izanen dira lehentasun irizpideak, bata bestearen atzetik: benetako zerbitzu urte gehien eramatea karrerako funtzionario gisa dagokion kidegoan; berdinketarik izanez gero, etenik gabeko antzinatasun handiena behin betiko destinoko lanpostuan; hala ere berdinketarik izanez gero, kasuan kasuko katedradunen kidegoan zein urtetan sartu ziren, nor lehenago; eta, azkenik, kidegoan sartzeko hautapen prozesuan lortutako puntuazio handiena.

–Teknologia ematen duten irakasleak.

Teknologiako lanpostuak betetzen dituzten irakasleen kasuan, behin betiko destinotik behin-behineko batera zein izanen den aldarazitakoa erabaki behar bada eta horietako bakar batek ere ez badu borondatez aukeratzen lekuz aldatzea, Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetarako ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira, galarazi gabe kasuko espezialitatearen titular den funtzionarioari onartuko zaion lehentasuna.

8. Lehentasun hurrenkera.

Oinarri honetan sartzen diren langileek lanpostuak aukeratzeko hurrenkera zehazteko, honako irizpide hauei jarraikiko zaie, ondoz ondo aplikatzekoak baitira berdinketarik gertatzen bada:

1. Bere irakasle kidegoan zerbitzuak ematen denbora luzeena daramana. Lehenengo zerbitzu urtea kenduko zaie kidegoetan sartu zirenei abenduaren 30eko 31/1991 Legearen hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriaren arabera, praktikalditzat jotzen delako. Horren ondorioetarako, 2022ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak zenbatuko dira.

Irakasle kidegoetan sartu ez diren irakasleei lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak konputatuko zaizkie, lehen zerbitzu urtea salbu.

2. Kidegoan lehenen sartu dena (urtea).

3. Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozesuan zerrenda-zenbaki baxuena lortu zuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozesuan puntuaziorik altuena erdietsi zuena.

Irakaslearen espezialitateko lanpostu hutsik ez badago, beste lanpostu bat esleitzen ahalko zaio, baina irakastordu nahikorik ez izateagatik beren ikastetxetik aldarazitako irakasleek (kasuan kasuko espezialitatearen titularrek) lehentasuna izanen dute destinoa aukeratzerakoan.

9. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren abuztuaren 20ko 2123/2012 Ebazpenaren bidez Hezkuntza Departamentuari atxikitako langileek, irakastordu nahikorik ez izateagatik ikastetxetik aldaraziak badira, behin-behineko destinoa duten eta kidegoan 2012ko irailaren 1a baino lehen sartu diren funtzionarioen ondoren aukeratuko dute destinoa.

Hirugarrena.–Behin-behineko destinoak eta praktiketakoak esleitzea.

Behin-behineko destinoa duten funtzionarioek eta praktiketako funtzionarioek destino berria aukeratu beharko dute 2022-2023 ikasturterako, horretarako ezartzen den moduan, ebazpen honen lehen oinarriaren bosgarren apartatuan xedatzen den bezala, baldin eta ondoko kidego hauetakoak badira: maisu-maistren kidegoa, Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoa, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa, hizkuntza eskola ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoa, arte plastikoetako eta diseinuko katedradunen, irakasleen eta tailer maisuen kidegoa eta musikako eta arte eszenikoetako katedradunen eta irakasleen kidegoa.

Behin-behineko destinoak ondotik aipatzen diren irakasleek aukeratuko dituzte, hurrenkera honi jarraikiz:

1. 2021-2022 ikasturtean behin-behineko destinoa duten irakasle kidegoetako funtzionarioak eta praktikaldian “gai” kalifikazioa jaso duten langileak, salbu eta behin betiko destinoa lortu dutenak Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak urriaren 8ko 258/2021 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan.

Langile horien hurrenkera-zerrenda prestatzeko, Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak urriaren 8ko 258/2021 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan erdietsitako puntuazioari jarraikiko zaio.

Bat etorriz apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuan ezarritakoarekin (ekainaren 2ko 44/2021 Foru Dekretuak aldatua), aipatutako langileek destinoa aukeratuko dute zerbitzuaren beharren arabera, hutsik dauden lanpostuetarako edo aldi baterako ordezkapenetarako, gainditutako hautapen prozesuari dagokion kidego, espezialitate eta hizkuntzan edo, bestela, antzeko espezialitateetan, irakasle kidego berekoetan edo beste batzuetakoetan, betiere errespetaturik lehentasuna izan dezaten kasuan kasuko espezialitatearen eta hizkuntzaren titular diren funtzionarioek.

Aurreko apartatuan ezarritakoa galarazi gabe, ingeles, frantses eta aleman espezialitateetako funtzionarioei beren espezialitateko hizkuntzari dagokion hizkuntza eskakizunarekin zehaztuko diren beste espezialitate batzuetako lanpostuak esleitzen ahalko zaizkie atzerriko hizkuntzetako ikastetxeetan, baldin eta kasuan kasuko espezialitatearen titularrak badira edo espezialitatea eskuratu badute eta dagokion hizkuntzaren egiaztagiria baldin badute.

Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetako karrerako funtzionarioek esparrurako osoa den lanpostua aukeratzen badute destinoak esleitzeko ekitaldian, halaxe adieraziko da zerbitzu orrian, ondorio guztietarako.

2. Praktiketako funtzionarioak:

Funtzionario horiek destinoa aukeratuko dute zerbitzuaren beharren arabera, hutsik dauden lanpostuetarako edo aldi baterako ordezkapenetarako, zein kidego, espezialitate eta hizkuntzatarako hautatuak izan diren, eta horiexetan, edo, bestela, antzeko espezialitateetan, irakasle kidego berekoetan edo beste batzuetakoetan, betiere errespetaturik lehentasuna izan dezaten kasuan kasuko espezialitatearen eta hizkuntzaren titular diren funtzionarioek.

Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegora igotzeko prozeduraren bidez hautatzen diren izangaiek, baldin eta praktikaldia egitea hautatzen badute, lehentasuna izanen dute destinoak lortzerakoan, deialdi honetako lanpostuetan sartzeko prozedura librerako izangaien aurretik, eta esleipen hori hautapen prozeduretan lortutako puntuazioari jarraikiz eginen da.

Halaber, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandan hautaturiko izangaiek dagokien hurrenkeraren arabera aukeratuko dute lanpostua, aintzat hartuz hautapen prozesuan lortutako puntuazioa.

3. Behin betiko destinoa galtzea zekarren egoera administratibo batetik etorri diren eta jarduneko zerbitzura itzultzea eskatu duten irakasle kidegoetako funtzionarioak, behin betiko destinorik ez badute lortu Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak urriaren 8ko 258/2021 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan:

Langile horiek kidegoan duten antzinatasunaren arabera agertuko dira zerrendan, handienetik txikienera. Horren ondorioetarako, 2022ko maiatzaren 1a arte emandako zerbitzuak zenbatuko dira. Berdinketarik izanez gero, lehentasuna izanen dute hautatzeko prozeduran zerrenda-zenbaki baxuena edo kidegoan sartzeko hautapen prozesuan puntuaziorik altuena lortu zuten funtzionarioek.

Funtzionarioak lehentasunezko eskubideen titular badira, kontuan hartuko zaizkie.

Laugarrena.–Zerbitzu eginkizunetako destinoen esleipena.

1. Zerbitzu eginkizunen arrazoiak:

Galarazi gabe apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan xedaturikoa, eta haren 4. artikuluarekin bat (foru-dekretu hori aldatu zen ekainaren 2ko 44/2021 Foru Dekretuaren bidez), Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak 2022-2023 ikasturterako zerbitzu eginkizunak esleitzen ahalko dizkie Hezkuntza Departamentuaren mende dauden –egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako– unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoetako karrerako funtzionarioei, kasu hauetan:

a) Antolamendu arrazoiengatik, Hezkuntza Departamentuak proposaturik:

–Ikastetxeetan edo baliabideen zentroetan irakaskuntzako zuzendaritza karguak betetzeko.

–Berriki sortutako ikastetxeetan edo berriki ezarritako ikasketetan.

–Atzerriko hizkuntzak ikasteko programak dituzten ikastetxeetan eta Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, nahikoa irakaslerik ez dagoen bitartean ikastetxean behin betiko destinoa duenik, behar diren irakasgaiak emateko gauza.

–Langileria behar bereziak betetzeko. Behar horiek egoki justifikatuko dira, dagokion arloaren araberako organo eskudunaren txostenaren bidez.

b) Interesdunek eskatutako zerbitzu eginkizunak.

–Funtzionarioen osasun arrazoiengatik.

–Toki-korporazio bateko kide izateagatik ikastetxe batean irakasteko, toki-korporazio kide den udalerrian edo inguruko udalerriren batean lanpostu hutsa dagoelako.

–Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik eta salbuespeneko inguruabarrengatik.

c) Zerbitzu eginkizun gurutzatuak.

2. Interesdunek bete beharreko baldintzak:

Hezkuntza Departamentuko Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuak zerbitzu eginkizunak esleitzen ahalko dizkie, 2022-2023 ikasturterako, unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoetako karrerako funtzionarioei, baldintza hauek betetzen badituzte:

–Hezkuntza Departamentuaren mendeko irakasle funtzionarioak izatea –egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako–, jarduneko zerbitzuaren egoeran egotea 2022ko irailaren 1ean, eta ez edukitzea esleiturik beste zerbitzu eginkizun bat 2022-2023 ikasturterako.

3. Zerbitzu eginkizunen araubidea:

Zerbitzu eginkizunak emateko ezinbestekoa izanen da esleitutako ikastetxean kasuan kasuko espezialitatean eta hizkuntzan lanpostu hutsen bat izatea, 2022-2023 ikasturterako hezkuntza plangintzaren arabera aurreikusitako beharrak zein diren zehaztu ondoren.

Bosgarrena.–Antolamendu arrazoiengatik emandako zerbitzu eginkizunak.

Zerbitzu eginkizun horiek ikastetxe zehatz batean aritzeko eta Hezkuntza Departamentuko zerbitzuek proposamen arrazoitua egin ondoren baizik ez dira emanen, aurreko arauan azaldutako arrazoiengatik.

Martxoaren 15a baino lehen, zerbitzu eginkizunak zein lanpostutarako eskatu diren, haietako arduradunek proposatutako zerbitzu eginkizunen zerrenda bakarra bidali beharko diote Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari, zerbitzu eginkizun horiek hartuko dituzten interesdunen adostasuna erantsiz.

Atal honetan adierazitako epeaz kanpo proposatzen diren zerbitzu eginkizunak besterik gabe ezetsiko dira, non eta salbuespenezko inguruabarrak gertatzen ez diren.

Seigarrena.–Interesdunek eskatutako zerbitzu eginkizunak.

6.1. Toki-korporazio bateko kide izateagatik ikastetxe batean irakasle jarduteko zerbitzu eginkizunak:

2021-2022 ikasturtean toki-korporazio bateko kide izateagatik zerbitzu eginkizunetan aritu diren irakasleek egoera horretan segitzen badute 2022-2023 ikasturtean, 7.6 apartatuan ezarritako epean eskatu beharko dute 2022-2023 ikasturtean ere zerbitzu eginkizunetan aritzeko, eta frogatu oraindik toki-korporazio bateko kideak direla, agiri bidez. Eskaera onartzen bazaie, langile horiek destinoko ikastetxe berean segituko dute zerbitzu eginkizunetan, irakasten ahal duten espezialitate batean behar adina irakastordu egonez gero, non eta ez duten adierazten, zerbitzu eginkizunetarako eskaeran, beste lanpostu bat aukeratu nahi dutela.

Halaber, 2022-2023 ikasturtean toki-korporazio bateko kide izanen denak eskatzen ahalko ditu zerbitzu eginkizunak.

Zerbitzu eginkizun hauek onartzeko edo ukatzeko, kontuan hartuko da 2022-2023 ikasturterako funtzionarioaren destinoko ikastetxearen eta toki-korporazioko herriaren arteko distantzia.

Arrazoi hori dela medio ematen diren zerbitzu eginkizunak ikastetxe zehatz batean aritzeko esleituko zaizkio, kontuan harturik zer herritakoa den korporazioa.

6.2. Eskaera egin duen funtzionarioaren osasun arrazoiak:

Osasun arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak emateko, laneko arriskuei aurrea hartzeko araudiari jarraikiko zaio.

Zerbitzu eginkizun horiek eskatzen dituzten funtzionarioek medikuaren agiri eguneratua erantsi beharko diote eskaerari, azaltzeko zer egoerarengatik eskatzen diren. Egiaztagiri medikoa gutun-azal itxian aurkeztu beharko da.

Gero, Hezkuntza Departamentuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Ataleko fakultatiboek peritu-txostena eginen dute, ebazpen honen 7.7 oinarrian aurreikusten den ebaluazio batzordeari bidaliko zaiona, eskatu diren zerbitzu eginkizunei buruzko ebazpena eman dezan.

6.3. Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik.

Adingabeko seme edo alaba bat zaintzen duten irakasle funtzionarioek zerbitzu eginkizunak eskatzen ahalko dituzte, semea edo alaba 2016ko abenduaren 31tik aurrera jaio bada eta funtzionarioak honako baldintza hauek betetzen baditu:

–Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publiko batean behin betiko destinoa izatea.

–Irakasleak helbidea duen Nafarroako Foru Komunitateko herria 50 kilometrora egotea, gutxienez, behin betiko destinoko ikastetxearen herritik.

–Ezkontidea edo izatezko bikotekidea lanean aritzea, edo eskatzailea adingabea zaintzen duen bakarra izatea.

Zerbitzu eginkizunak eskatzen dituzten funtzionarioek honako agiri hauek erantsi beharko dizkiote eskaerari: familia liburuaren fotokopia edo jaiotza-ziurtagiria, eskatzaileak 2021eko abenduaren 31n helbidea zer herritan duen frogatzen duen errolda-ziurtagiria eta zinpeko deklarazio bat, beste gurasoa 2022ko irailaren 1ean lanean ari dela edo arituko dela adierazten duena, edo eskatzailea adingabea zaintzen duen bakarra dela.

Alegatutako datuak faltsuak badira, eman diren zerbitzu eginkizunak deuseztatu eginen dira, eska dakizkiokeen erantzukizunak galarazi gabe, hala behar denean.

6.4. Salbuespeneko inguruabarrak:

Eskatzailearen ezkontidearen, aurrekoen edo ondorengoen eritasun larriagatik, mendekotasun larriagatik edo mendekotasun handiagatik, eta eri hori behar bezala zaintzerik ez denean funtzionarioaren destinoko herritik. Eritasun larriaren kasuan, kontuan hartuko dira diagnostikoa egin zenetik iraganiko denbora eta eritasunak izaniko eboluzioa.

Gorabehera hori frogatzen duten egiaztagiri mediko gaurkotuak alde batera utzita, eskatzaileak bi ziurtagiri ekarri beharko ditu: bata, zerbitzu eginkizunak zer herritan eskatu, eria hartan bizi dela frogatzen duena, eta bestea, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek edo Osasun Etxeetako gizarte langileek emandakoa, eria eskatzaileak zaindu behar duela frogatzen duena eta eskatzaileak zaindu behar duen pertsonaren mendekotasun maila agertzen duena.

Eskaeran alegatutako datuak faltsuak badira, eman diren zerbitzu eginkizunak deuseztatu eginen dira, eska dakizkiokeen erantzukizunak galarazi gabe, hala behar denean.

Salbuespeneko inguruabar horiengatik subjektu eragile bakoitzeko ondoz ondoko lau ikasturte akademikorako esleitzen ahalko da zerbitzu eginkizunetarako destinoa, gehienez ere.

6.5. Ikastetxe zehatz baterako zerbitzu eginkizunak onartuko dira kargu hautetsia izatearen ondoriozko kasuetan eta, orobat, 7.7 atalean aurreikusitako ebaluazio batzordeak hala erabakitzen duenean, osasun arrazoien ondoriozko kasuetarako eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozko kasuetarako.

Gainerako zerbitzu eginkizunen kasuan, funtzionarioek lehen oinarrian ezartzen den hurrenkeran aukeratuko dute destinoa. Orobat, destinoa aukeratzeko hurrenkera apartatu bakoitzean zehazteko, honako irizpide hauei jarraikiko zaie, ondoz ondo aplikatuko baitira berdinketarik gertatzen bada:

1. Bere irakasle kidegoan zerbitzuak ematen denbora luzeena daramana. Lehenengo zerbitzu urtea kenduko zaie kidegoetan sartu zirenei abenduaren 30eko 31/1991 Legearen hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriaren arabera (1992 ekitaldiko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legea), praktikalditzat jotzen delako.

Irakasle kidegoetan sartu ez diren irakasleei lan-kontratu finkoa sinatu ondoren emandako zerbitzuak zenbatuko zaizkie, lehen zerbitzu urtea salbu.

2. Kidegoan lehenen sartu dena (urtea).

3. Maisu-maistren kidegoan sartzeko hautapen prozesuan zerrenda-zenbaki baxuena lortu zuena edo lanpostuan sartzeko hautapen prozesuan puntuaziorik altuena erdietsi zuena.

Osasun arrazoien eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozko zerbitzu eginkizunetan, Ebaluazio Batzordeak zilegi izanen du baldintzak ezartzea edo eskatzaileak lanpostuak esleitzeko ekitaldian zer lanpostu aukeratzen ahalko dituen erabakitzea.

6.6. Zerbitzu eginkizunetan aritzeko eskaerak:

Eskaerak aurkeztu beharko dira Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Ebazpen honen I. eranskineko eredua erabiliko beharko da.

Hala ere, funtzionarioen osasun-arrazoien ondoriozko zerbitzu-eginkizunak emateko eskaerak, txosten medikoak gutun-azal itxian aurkeztu behar direnez gero, aurrez aurre aurkeztuko dira Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan (San Domingo kalea z.g., Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedaturiko bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Halaber, eta seme-alabak zaintzeagatik ematen diren zerbitzu eginkizunetarako soilik, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak urriaren 8ko 258/2021 Ebazpenaren bidez deitutako lekualdatze lehiaketan destinoa erdietsi duten funtzionarioek eta semea edo alaba aurreko paragrafoan ezarritako epea bukatu ondoren jaio zaienek hiru egun balioduneko epean aurkezten ahalko dute zerbitzu eginkizunetarako eskaera, lekualdatze lehiaketaren deialdiaren behin betiko esleipena onesten duen ebazpena Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratu (www.educacion.navarra.es/eu) eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Ezarritako epeez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira baloratuko.

6.7. Ebaluazio batzordea:

Osasun arrazoien eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozko zerbitzu eginkizunen eskaerak kide hauek osatutako batzordeak ebatziko ditu:

Batzordeburua: Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia edo horrek eskuordetza ematen dion pertsona.

Batzordekidea: Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuko zuzendaria edo horrek eskuordetza ematen dion pertsona.

Batzordekidea: Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari atxikitako funtzionario bat.

Batzordekideak: hiru ordezkari, unibertsitateaz kanpoko irakasleen batzorderako azken hauteskunde sindikaletan boto gehien lortu zuten hiru sindikatuek izendatuak (bat sindikatu bakoitzeko).

Idazkaria: Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko funtzionario bat.

Batzordeak proposatzen ahalko du haren lanetan aholkulari espezialistek parte har dezatela, beren eskumeneko arloen gaineko balorazioa egin dezaten, batez ere salbuespeneko inguruabarren ondoriozko zerbitzu eginkizunak emateko. Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu aholkulari horiek.

Batzordeak harturiko erabakiak, eskatzen diren zerbitzu eginkizunei dagokienez, Hezkuntza Departamentuaren web-orrian argitaratuko dira (www.educacion.navarra.es/eu). Erabaki horien kontra interesdunek erreklamazioak egin ditzakete, 3 egun balioduneko epean. Erreklamazioak ebatzi ondoren, proposatutako zerbitzu eginkizunen behin betiko zerrenda argitaratuko da eta Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuari igorriko zaio, baimena eman dezan.

6.8. Eskatutako zerbitzu eginkizunei uko egitea.

Interesdunek uko egiten ahalko diote zerbitzu eginkizunen eskaerari, epe hauen barruan soilik:

–Eskaerak aurkezteko epean.

–Hiru egun balioduneko epean, ebaluazio batzordeak proposatutako zerbitzu eginkizunen behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik emandako zerbitzu eginkizunetan, hiru egun balioduneko epean, lekualdatze lehiaketaren deialdiaren behin betiko esleipena onesten duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epe horiek bukatutakoan, ukoak onartuko dira soil-soilik baldin funtzionarioak aukeratu badira beste lanpostu bat zerbitzu eginkizunetan betetzeko.

Behin zerbitzu eginkizunak emanda, ez dago haiei uko egiterik, eta funtzionarioa dagoen lanpostua eskainiko da 2022-2023 ikasturtean funtzionarioek edo aldi baterako lan-kontratudunek bete dezaten, zerbitzuaren beharren arabera. Seme-alaba adingabeak zaintzeagatik emandako zerbitzu eginkizunetan eta salbuespeneko inguruabarren ondoriozkoetan, eskatzailearen lanpostua betetzea lanpostuak aukeratzeko ekitaldian destinoa benetan aukeratzearen baldintzapean egonen da.

Zazpigarrena.–Zerbitzu eginkizun gurutzatuak.

Bat etorriz apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 5. artikuluarekin, salbuespenez, behin betiko destinoen arteko zerbitzu eginkizun gurutzatuak baimentzen ahalko zaizkie egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Hezkuntza Departamentuaren mende dauden irakasle funtzionarioei, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritako inguruabarrak gertatzen direnean, salbu arau horren 1.b) apartatuan aurreikusitakoa (errege dekretu horren bidez arautu ziren Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasle kidegoetako funtzionarioen Estatuko lekualdatze lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk).

Arrazoi horrengatik, funtzionarioei onartzen zaizkien zerbitzu eginkizunak ondoz ondoko bi ikasturterako izanen dira gehienez.

Zortzigarrena.–Zerbitzu eginkizunen eta prestakuntzarako zerbitzu berezien bateraezintasuna maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan ezarritako baimenekin (Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezartzen dituen Foru Dekretua).

Antolamendu arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak, zerbitzu eginkizun gurutzatuak, toki korporazio bateko kide izatearen ondoriozko zerbitzu eginkizunak eta prestakuntzarako zerbitzu bereziak bateraezinak dira maiatzaren 14ko 39/2014 Foru Dekretuan aurreikusitako baimenekin (Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezartzen dituen Foru Dekretua).

Horrenbestez, funtzionarioak horrelako baimenen bat esleiturik badu baina oraindik hasi ez baldin bada, baimenari uko egin beharko dio, baldin eta antolamendu arrazoien ondoriozko zerbitzu eginkizunak esleitzea nahi badu, edo zerbitzu eginkizun gurutzatuak edo prestakuntzarako zerbitzu bereziak esleitzea. Orobat, funtzionarioek jadanik baldin badute 2022-2023 ikasturterako zerbitzu eginkizunik, edo 2022-2023 ikasturtean jadanik zerbitzu eginkizunak betetzen ari badira (aurreko paragrafoko kasuetako batean), edo zerbitzu bereziak, eta aipatutako baimenetako bat eskatzen badute, ukatu eginen zaie.

Bederatzigarrena.–Esleitutako destinoak argitaratzea.

Ebazpen honetan aipatzen diren funtzionarioei esleitutako destinoak Hezkuntza Departamentuaren web-orrian argitaratuko dira (www.educacion.navarra.es/eu), 2022-2023 ikasturterako destinoak esleitu eta gero. Halaber, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendariak horretarako ebazpena emanen du. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, interesdunei banan-banan egin beharreko jakinarazpena ordezteko.

II.–IKASTETXE PUBLIKOETAKO ZUZENDARITZA-KARGUEN IZENDAPENA

2022ko apirilaren 12a baino lehen, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuari igorriko dio ikastetxeetako zuzendaritza-karguak salbuespenez betetzeko proposatutako langileen zerrenda, eta bertan adieraziko da proposatutako funtzionarioek zer ikastetxetan duten lanpostua eta zer ikastetxeren zuzendaritza-kargurako proposatzen diren.

Zuzendaritza-taldeen izendapena ikastetxeko zuzendaria izendatzen den epe bererako eginen da, eta, betiere, zuzendaritza-taldeko gainerako kideen izendapen hori kargualdia bitartean haiek betetzeko moduko lanpostu hutsak egotearen baldintzapean izanen da, ikasturte bakoitzeko hezkuntza-plangintzaren arabera.

III.–IRAKASLE FUNTZIONARIOEK, LAN-KONTRATADUN FINKOEK ETA LAN-KONTRATU MUGAGABEA DUTENEK LANALDI MURRIZKETAK ESKATZEKO PROZEDURA 2022-2023 IKASTURTERAKO

Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko unibertsitateaz kanpoko irakasleek lanaldia heren bat, bi bosten, erdia, bi heren edo %45 murrizteko eskaera egiten ahalko dute, betiere apirilaren 4ko 27/2011 Foru Dekretuan azaltzen diren kasuetako batean eta baldintzetan badaude (Nafarroako administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanaldiaren murrizketa arautzen duen Foru Dekretua).

Egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende dauden unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen, lan-kontratadun finkoen eta lan-kontratu mugagabea dutenen kasuan, 2022-2023 ikasturterako lanaldi murrizketa bat edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatu nahi izanez gero, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari jakinarazi beharko diote, 2022ko martxoaren 30a baino lehen.

Egun horren ondotik beste destino bat lortzen dutenek lanaldi murrizketa bat edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatzen ahalko dute hiru egun balioduneko epean, lekualdatze lehiaketa behin betiko ebatziko duen ebazpena Hezkuntza Departamentuaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe berean uko egiten ahalko zaio 2022ko martxoaren 30a baino lehen aurkeztutako eskaerari, halakorik aurkeztu bada.

Halaber, lanpostuen esleipenean destinoa lortzen duten irakasleek lanaldi murrizketa bat edo murrizketa baten luzapena eskatzen ahalko dute hiru egun balioduneko epean, behin 2022-2023 ikasturterako destinoen esleipena egin eta biharamunetik hasita. Epe berean uko egiten ahalko zaio 2022ko martxoaren 30a baino lehen aurkeztutako eskaerari, halakorik aurkeztu bada.

Lanaldi partzialeko lanpostu bat aukeratzen bada behin-behineko destinoak, praktiketakoak eta zerbitzu-eginkizunetakoak esleitzeko ekitaldian, horrek berez ekarriko du lanaldia murrizteko eskaera interes partikularragatik. Interesdunak murrizketa eskatu nahi badu araudian aipatzen ez den beste arrazoiren batengatik, hiru egun balioduneko epean eskatu beharko du, destinoak esleitu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Lanaldi murrizketa bat edo lanaldi murrizketa baten luzapena eskatzeko, eskaera bete beharko da ebazpen honen II. eranskineko ereduaren arabera.

Epe horietako batean eskatzen diren lanaldi murrizketak 2022ko irailaren 1etik 2023ko abuztuaren 31ra bitarterako emanen dira, salbu eta murrizketarako arrazoia epe laburragoan bukatzen bada.

Ebazpen honetan ezarritako epeez kanpo eskatzen diren lanaldi murrizketak ez dira baliatzen hasiko harik eta lanaldi murrizketaren baimena jakinarazten den eguna arte, arauz ezarritako epean betiere.

Kasu guztietan, aurreko paragrafoan adierazitako lanaldi murrizketak 2023ko abuztuaren 31ra arte emanen dira, salbu eta murrizketarako arrazoia epe laburragoan bukatzen bada.

Oinarri honetan ezarritako prozedura ez da aplikatuko lanaldia 1/6, 1/8 eta 1/4 murrizteko irakasleek egindako eskaeretan, lanaldi murrizketa horiek emateak ez baitakar ordezkapenik.

Iruñean, 2021eko abenduaren 23an.–Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzuko zuzendaria, Amalia Cuartero Arteta.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

Deskargatu I. eta II. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2118051