119. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

248E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2022ko deialdia onesten duena DDBN identifikazioa: 629133.

Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak (S4) merkatuaren eta teknologiaren ikuspegitik zedarritzen ditu espezializazio-arloak, bai eta 2021-2027 aldian Nafarroaren lehiakortasuna hobetuko duten zeharkako politikak ere. S4 delakoaren helburua da hazkunde eredu jasangarri eta inklusibo baterako bidea egitea, hots, hazkunde ekonomikoa, ingurumenaren babesa eta gizarte- zein lurralde-kohesioa sustatzea.

Halaber, Nafarroako 2020 Industria Planak bere tresnak eta jarduketak bideratzen ditu Nafarroako industria sarearen indarguneak eta aukerak hobetzera, bai eta haren ahulgunerik eta mehatxurik nabarmenenak konpontzera ere.

Badira zenbait politika publiko bideratuta daudenak S4an nahiz Nafarroako Industria Planean ezarritako helburuak betetzera. Lehiakortasuna hobetzeko laguntzak horien barruan dira, eta helburu dute orientazioa ematea lehiakortasuna hobetu nahi duten Nafarroako enpresei. Zehazki, aholkularitza espezializatua sustatu nahi dute, bai aholkularitza eta ingeniaritza gastuak diruz lagunduta (enpresako hainbat arlo aztertzearen ondorioz sortutakoak) bai hobekuntza ekintzak inplementatuta.

Laguntza hauen bidez, orobat, enpresen arteko lankidetza sustatu nahi da, merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2022ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

810001-81100-4709-458104 [PEP: E-14/000105-01]: ETE-en lehiakortasuna sustatzea. Nafarroako EGEF 2014-2020 PE

2023

600.000,00

810001-81100-4709-458104 [PEP: E-14/000105-01]: ETE-en lehiakortasuna sustatzea. Nafarroako EGEF 2014-2020 PE

2022

300.000,00

Halaber, 110.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko laguntzetarako aplikatzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 25ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da Nafarroako enpresen lehiakortasuna sustatzea, dirulaguntzak emanez helburu horretarako aholkularitza espezializatuarekin egiten diren proiektuei.

Proiektu horiek enpresaren arloak aztertzea izanen dute xede, edo hobekuntza ekintzak inplementatzea edo merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko lankidetza proiektuak garatzea, betiere enpresen lehiakortasuna argiro eta modu jasangarrian handitzeko asmoz.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Nafarroan establezimendu bat izatea, eta alta emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) laguntza eskatzen duen egunean.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaera-orrian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela frogatzeko ziurtagiriak.

e) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.

Baldintza hori laguntzaren eskaera-orriari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da.

2. Eskatzaile bakoitzak proiektu bat aurkezten ahalko du, banaka edo beste enpresa batekin edo gehiagorekin elkarlanean. Kasu horretan, proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiek, zeinek ezin izanen duten enpresa talde berekoak izan, bete beharko dituzte oinarri honetan ezarritako betebeharrak, eta bakoitzak bere eskaera aurkeztu.

3. Betebehar horiek frogatuko dira 6.5 oinarriak aipatutako eskaeraren inprimakian dagoen erantzukizunpeko adierazpenarekin, eta dirulaguntza ordaintzen den arte bete beharko dituzte.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Enpresaren lehiakortasuna hobetzen duten proiektuak egitea izanen da laguntzaren xedea. Proiektuek ondoko arlo hauetako batean eragin behar dute:

a) Estrategia.

b) Antolaketa.

c) Prozesua-produktua.

d) Trantsizio ekologikoa.

e) Trantsizio digitala.

f) Merkatua.

g) Gizarte berrikuntza.

h) Bestelako jarduketak.

2. Proiektuak epe hauetako batean gauzatu behar dira:

a) 2022ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra, 2022ko gastuen aurrekontuaren kargura diruz lagundu direnak.

b) 2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko apirilaren 30era, 2023ko gastuen aurrekontuaren kargura diruz lagundu direnak. Proiektu horiek 2022ko urriaren 31ren ondotik bukatu behar dira, hau da, proiektuko gastuetako batek egina behar du (fakturatua eta ordaindua) data horren eta 2023ko apirilaren 30aren artean.

Dirulaguntza emateko ebazpen bakoitzean finkatuko da zein gastu-aurrekonturen kargura eman den laguntza. Hori zehaztuko da enpresek beren eskaeran proiektua bukatzeko adierazten duten egunaren arabera (2022ko urriaren 31 baino lehen edo ondoren).

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Proiektuetako gastu diruz lagungarriak eginak behar dute dagokien gauzatze epearen barruan, aurreko oinarrian ezartzen denaren arabera. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da haren fakturazioa eta ordainketa epe horren barnean egiten badira.

2. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Aholkularitza eta ingeniaritza lanen kanpoko gastuak, jarraian aipatzen diren jarduketetarako, 3.1 oinarriko arlo bakoitzean:

1. Estrategia:

–Gogoeta estrategikoak.

–Negozio ereduen diseinua.

–Enpresaren diagnostiko orokorrak egitea.

2. Antolaketa:

–Kudeaketa aurreratuko sistemak ezartzea (Euskalit eredua).

–Antolaketako eta kudeaketako beste eredu batzuk ezartzea.

–Antolaketako beste hobekuntza batzuk.

3. Produktua-prozesua:

–Produktuaren eta prozesuaren diseinua.

–Lean-a.

–Energia-efizientzia hobetzeko jarduketak.

–Prozesuaren beste hobekuntza batzuk.

4. Trantsizio ekologikoa:

–Ekonomia zirkularrari buruzko diagnostikoak.

–Ekodiseinuko proiektuak.

–Ekonomia zirkularreko beste proiektu batzuk.

5. Trantsizio digitala: enpresa digitalizatzeko prozesuetan laguntzeko aholkularitza.

6. Merkatua:

–Merkatu berrien gaineko ikerlanak Espainiarako.

–Enpresak Espainiako merkatuan duen kokapenaren analisia.

7. Gizarte berrikuntza: Nafarroako Gizarte Berrikuntzako Unitatearen “SIPRESTA” metodologia edo horren baliokideak diren beste batzuk aplikatzea.

8. Bestelako jarduketak:

–Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak, baldin eta akordio horien helburua lehiakortasuna nabarmen hobetzea bada eta enpresak ez badira enpresa talde berekoak.

–Familia-protokoloak eta jarraitutasun enpresarialerako beste itun batzuk.

–Interim Management-a: dirulaguntza emanen zaio zuzendaritza zein kudeaketa arloetan esperientzia zabala duen profesional baten kontratazioari, gehienez urtebetekoa izanen den epe jakin baterako eta aurretik zehaztutako helburuak hartuta. Zehazki, kontratazioa bideratu beharko da enpresaren zuzendaritzako kargu bat aldi baterako ordeztera edo antolaketa arloan garrantzi handiko aldaketak egitera.

Inola ere ez da diruz lagunduko laguntzak eskatzen dituen enpresari aurretik aholkularitza profesionaleko lanak egin dizkion “interim manager” bat.

Enpresek ezin izanen dute laguntzarik eskatu kontzeptu horrengatik, baldin eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2020ko eta 2021eko deialdietan laguntza jaso bazuten.

b) “3. Produktua-prozesua”, “4. Trantsizio ekologikoa” eta “6. Merkatua” arloetan kokatutako aholkularitza eta ingeniaritza gastuen ondoriozko inbertsioak, baldin eta ezinbestekoak badira proiektua gauzatzeko. Kontzeptu horren konturako aurrekontu diruz lagungarria ezin da handiagoa izan a) letran bildutako gastu diruz lagungarrien zenbatekoa baino.

c) Proiektuari lotutako kanpoko beste gastu batzuk, aurrekontu diruz lagungarriaren %10 arte, gehienez ere.

3. Gastu diruz lagungarri baten aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du. Hartan, egiaztatu beharko da ezen, hura hautatzeko, eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla, eta hiru eskaintza erantsita justifikatuko da zergatik hautatu den hautatu dena.

Honako kasu hauetan onuradunak ez du hiru eskaintza aurkeztu beharrik izanen (eta hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko du):

a) Gastuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta merkatuan ez badago behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

b) Enpresan jadanik egin diren beste gastu edo inbertsio batzuekin lotura badute, eta frogatzen bada hornitzaile berarekin soilik gauzatzen ahal direla behar bezala.

c) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean (fakturatu eta ordaindu denean).

Ez dira diruz lagunduko dirulaguntzak kudeatzen dituen organoaren iritziz 3. apartatu honetan adierazitako moduan frogatzen ez diren gastuak.

4. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Aholkularitza-enpresekin egiten den ohiko eta aldizkako elkarlanaren ondoriozko gastuak.

b) Produktu edo produktu-lerroetan, produkzio-lerroetan, fabrikazio-prozesuetan, zerbitzuetan eta beste eragiketa aktiboetan egiten diren ohiko eta aldizkako aldaketak, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzarik ekartzen ahal duten aipatutakoetan.

c) Kanpo aholkularitzako, auditoretzako eta ziurtapen-gastuak, ziurtagiriak lortzeko.

d) Prestakuntzako gastu orokorrak, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko premia zehatzak sakonki aztertzeko ez badira.

e) Onuradunarekin akzioen bidezko harreman esanguratsua duten enpresek egindako gastuak.

f) Energia auditoretzen gastuak.

g) Ekipamendu informatikoak, salbu eta haien ezaugarri bereziengatik proiektua gauzatu ahal izateko ezinbestekoak badira.

h) 2.a) 5 puntuko digitalizazio prozesuen ondorioz inbertsioak egiten badira, eta inbertsio horiek aholkulari-lanak egin dituen hornitzaile berak egiten baditu, ulertuko da zenbateko osoa dela inbertsioa, eta, hortaz, ez da diruz lagungarria izanen.

i) Enpresaren gastu orokorrak eta zeharkakoak.

j) Enpresako langileen gastuak.

k) Lurrak eta eraikinak.

l) Bigarren eskuko ondasunak.

5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Oro har, laguntzak kudeatzen dituen organoak diruz lagungarritzat hartzen duen aurrekontuaren %45 izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa.

Ehuneko horri jarraian zehazten diren puntuak gehituko zaizkio, hala badagokio:

a) Genero berdintasuna: 5 puntu emanen dira honako egoeraren bat gertatzen bada:

–Enpresako ardurazko edo zuzendaritzako lanpostuetan ari diren emakumeen kopurua zuzendaritza batzordearen %30 izatea gutxienez.

–Plantillako langileen %30 gutxienez emakumeak diren enpresen kasuan: 2021eko ekitaldian, langile gizonezkoen batez besteko orduko soldata gordina zati langile emakumeen batez besteko orduko soldata gordina eragiketa eginik, zatidura 1,05 edo hori baino gutxiago izatea.

b) Kluster bati loturiko enpresak: 5 puntu.

c) Enpresen arteko lankidetzaren bidezko proiektuak: 5 puntu.

Lankidetza horrek abantaila gehiago ekarri beharko ditu, enpresak proiektua bere aldetik eginez gero izango lituzkeenak baino, eta hori justifikatu beharko da. Kasu horretan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak bere laguntza eskaera aurkeztu beharko du.

2. Enpresa bakoitzari 25.000 euroko dirulaguntza emanen zaio gehienez, salbu eta nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresei, kasu horretan gehieneko muga 20.000 eurokoa izanen baita.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta mugaegunaren hilabetean amaituko da, hilabeteko zer egunetan argitaratzen den, egun horretan. Zehazki, eskaerak aurkeztu beharko dira:

a) Argitaratu eta hilabeteko epean, baldin eta, laguntza eskaeran adierazitakoaren arabera, proiektuak 2022ko urriaren 31 baino lehen amaituko badira.

b) Argitaratu eta bi hilabeteko epean, baldin eta, laguntza eskaeran adierazitakoaren arabera, 2022ko urriaren 31tik 2023ko apirilaren 30era bitarte amaituko badira proiektuak.

2. Bi enpresak edo gehiagok proiektu bat aurkezten dutenean elkarlanean, proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta bakoitzak bere eskaera aurkeztu.

3. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

4. Eskaera telematikoan adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 11. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

5. Laguntzak eskatzeko dokumentazioa honako hau da, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin (adibidez, “Proiektuaren memoria”):

a) Eskaera-orriaren inprimakia, laguntzen fitxan eskura daitekeena, zeinak 2.3 oinarriak aipatzen duen erantzukizunpeko adierazpena biltzen baitu.

b) Lehiakortasuna hobetzeko proiektuaren memoria xehakatua.

c) Egin beharreko jarduketen aurrekontuaren kopia.

d) Hornitzailea 4.3 oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

e) 2021-01-01etik 2021-12-31ra arte “Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantilla” izeneko txostena, Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak egina. Enpresak langilerik ez badu, “Gizarte Segurantzako sisteman enpresaburu gisa inskribaturik ez egotea” izeneko txostena aurkeztu beharko du, Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak berak egina.

f) Hala badagokio, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera dirulaguntza gehigarria lortzeko baldintzak betetzearen gaineko frogagiriak.

Zehazki, genero berdintasunaren baldintza justifikatzeko (5.1. a) oinarria), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Ratioaren kalkuluari dagokion Excel orria.

–190 ereduaren kopia, 2021eko atxikipenei eta konturako sarrerei buruzkoa.

–Lan bizitzari buruzko txostena, enpresaren kotizazio kontuko kode guztiei dagokiena.

–Lan hitzarmen aplikagarrian urteko lanorduen kopurua zehazten den zatiaren kopia.

–Enpresaren Zuzendaritza Batzordearen egiaztagiria, non enpresako ardurazko edo zuzendaritzako lanpostuak eta horietan aritzen direnak agertuko baitira.

6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lehiakortasunaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Goiko 5. atalean adierazitako dokumentuetako bat aurkezten ez bada, ezin izanen da hori zuzendu, inola ere ez.

7. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat, eta lehentasun hurrenkeraren araberako bi zerrenda eginen dira, laguntza zer gastu-aurrekonturen kargura emanen den, horren arabera.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, lehentasun-hurrenkera ezartzean balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei aplikatuko zaie 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea, deialdi honetan ekitaldi ekonomiko bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810001 81100 4709 458104 – ETE-en lehiakortasuna sustatzea. EGEF 2014-20 PE

2022

300.000 euro

810001 81100 4709 458104 – ETE-en lehiakortasuna sustatzea. EGEF 2014-20 PE

2023

600.000 euro

2. Hauek izanen dira lehiakortasuna hobetzeko proiektuak baloratzeko irizpideak:

1) Enpresaren batez besteko plantilla 2021-01-01etik 2021-12-31ra arteko aldian.

–10 langile baino gutxiago: 7 puntu.

–10 langiletik 49ra bitarte: 5 puntu.

–50 langiletik 249ra bitarte: 3 puntu.

–249 langile baino gehiago: puntu bat.

2) Ekonomia sozialeko enpresak: puntu bat.

3) Enpresen arteko lankidetza: enpresen arteko lankidetza proiektuak (2.2 oinarriaren arabera): 3 puntu.

4) Proiektu mota:

a) Estrategia: 4 puntu.

b) Antolaketa: 4 puntu.

c) Prozesua-produktua:

–Produktuaren eta prozesuaren diseinua: 7 puntu.

–Lean-a: 10 puntu.

–Energia-efizientzia hobetzeko sistemak: 7 puntu.

–Prozesuaren beste hobekuntza batzuk: 7 puntu.

d) Trantsizio ekologikoa: 10 puntu.

e) Trantsizio digitala: 10 puntu.

f) Merkatua: 4 puntu.

g) Gizarte berrikuntza: 10 puntu.

h) Bestelako jarduketak:

–Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak: 4 puntu.

–Familia-protokoloak eta jarraitutasun enpresarialerako beste itun batzuk: 4 puntu.

–Interim Management-a: 7 puntu.

5) Lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2021eko deialdian laguntzarik lortu ez duten enpresak (2021eko 138. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 15ekoa): 2 puntu.

Enpresa batek eskaerak aurkeztu baditu deialdi honen bi gauzatze epeetarako (2022ko urriaren 31 baino lehen eta 2022ko urriaren 31ren ondoren), 5. irizpide honetako puntuak emanen zaizkio lehenbiziko aldian gauzatutako proiektuari.

Enpresa batek eskaera bat baino gehiago aurkeztu badu deialdi honen gauzatze epe berean, 5. irizpide honetako puntuak emanen zaizkio 1.tik 4.era arteko apartatuetan puntuaziorik altuena lortu duen eskaerari soilik.

3. Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, enpresaren 2021. urteko batez besteko plantillen arabera ebatziko da, langile gutxien duenetik gehienekora.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzen organo kudeatzaileak, hots, Lehiakortasunaren Atalak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna, eta ebazpen bat emanen du 7.1 oinarrian aipatzen den hurrenkera bakoitzeko.

Ebazpenak arrazoituak izanen dira, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ebazpenetan adieraziko da zer gastu-aurrekonturen kargura ematen zaion laguntza onuradun bakoitzari. Horrek zehaztuko du zein den gauzatzeko epea (3.2 oinarria), baita diruz lagundutako proiektuaren justifikazioa egiteko epea ere (9.1 oinarria).

3. Ebazpenak gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira.

9. oinarria.–Laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Hau izanen da egindako proiektua justifikatzeko epea:

a) 2022ko urriaren 31, egun hori barne, egun horretarako bukaturik egonen direla aurreikusten diren proiektuetarako, eta, horrenbestez, 2022ko gastu-aurrekontuaren kargura diruz lagunduko direnentzako.

b) 2023ko apirilaren 30a, egun hori barne, 2022ko urriaren 31ren ondotik bukatuko direla aurreikusten diren proiektuetarako, eta, horrenbestez, 2023ko gastu-aurrekontuaren kargura diruz lagunduko direnentzako.

Proiektuaren justifikazioa ez bada egiten ezarritako epeetan, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

2. Dokumentazioa telematikaz aurkeztu beharko da, laguntzen fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien kopiak eta ordainketa frogatzen duten dokumentuenak.

b) Fakturetan agertzen den hornitzailea ez bada laguntzen eskaeran agertzen den bera, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

c) Kontabilitateko dokumentuak, fakturak enpresaren kontabilitatean sartu direla frogatzen dutenak. Horretarako, kontabilitate sistema bereizi bat eduki beharko da, edo berariazko kontabilitate kode bat, dirulaguntza jaso duen proiektuari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

d) Aholkularitzako edo ingeniaritzako enpresak egindako azterlana.

e) Proiektua baldin bada enpresen bat-egite, integrazio edo lankidetza akordio bat, edo familiakoen edo bazkideen arteko protokolo bat, sinatutako akordioaren edo protokoloaren kopia aurkeztu beharko da.

3. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

4. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emanen du dirulaguntza ordaintzeko ebazpena, 6 hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematika bidez aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua. Adierazpen hori kasu guztietan aurkeztuko da, bai onuradunak gardentasun betebeharra baldin badu (irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluko baldintzak betetzeagatik), bai halako betebeharrik ez badu (kasu horretan, egoera hori azalduko da adierazpenean).

Foru dekretu horren 3. artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak enpresaren aktiboetan sartu beharko dira eta gutxienez hiru urtez jarraitu beharko dute laguntza jasotzen duen establezimenduan, laguntza ordaintzea ebazten den egunetik aurrera.

d) Onuradunak jasotako laguntzaren berri eman beharko du enpresaren webgunean, 3 urtez (laguntza ematen duen ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuta: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, lehiakortasuna hobetzeko 2022ko laguntzen deialdian”.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emanen zaio dirulaguntzak kudeatzen dituen organoari. Jakin bezain laster egin beharko zaio komunikazio hori, eta, beti, 9. oinarrian ezarritako justifikazioa egin baino lehen.

f) 14.2 oinarrian adierazitako betebeharrak, baldin eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsekin (EGEF) ere finantzatu bada.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera-orria eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoaren helbide berari loturik.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduen 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

2. Era berean, nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, enpresa bakar bati ezin izanen zaizkio 20.000 euro baino gehiago eman de minimis laguntzetan guztira hiru zerga ekitalditan, bat etorriz Batzordearen 2019ko otsailaren 21eko 316/2019 Erregelamenduan xedatutakoarekin. Erregelamendu horrek aldatzen du 1408/2013 Erregelamendua, zeinaren bidez xedatzen baita nola aplikatu behar zaizkion Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzaren sektoreko de minimis laguntzei, eta luzatzen baita hura aplikatzeko aldia, 2027ko abenduaren 31ra arte (2019ko L 51 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, otsailaren 22koa).

3. Aurreko apartatuetan adierazitakoaren ondorioetarako, enpresek laguntzen eskaera-orrian aitortu beharko dituzte kasuan kasuko zerga-ekitaldian jaso dituzten bestelako de minimis laguntzak, bai eta aurreko bi zerga-ekitaldietan jasotakoak ere.

14. oinarria.–Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren kofinantzazioa.

1. Laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren %50eko kofinantzaketa izan dezakete, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez, 3.3.1 helburu berariazkoa kontuan hartuta (“Sormenerako eta gaitasun aurreratuetarako laguntza, produktuak eta zerbitzuak garatzeko”).

Hauek dira EGEFek kofinantzatzen ahal dituen proiektuak hautatzeko irizpideak:

a) Proiektua Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (S3) identifikatuta dauden Nafarroako sektore estrategikoetako batekoa izatea.

b) Proiektua bukatua ez izatea eskaerak aurkezteko data baino lehen.

c) ETE izaera edukitzea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan xedatutakoaren arabera. Gomendio hori da mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoa, eta 2003ko L 124 Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 5ekoan.

d) 4.3 oinarrian ezarritako salbuespenen artean ez egotea.

2. Horrenbestez, eta laguntza ordaintzeko ebazpenean hala adierazten bada, laguntza hauen onuradunak aipatutako Europako funts horren finantzaketaren onuradun ere izanen dira, eta, horrexegatik, honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasun Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

Eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: Ogasuneko Ministerioak Europako Batzordeari kontuak, eragiketaren gastuak barne, aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Lehiakortasunaren Zerbitzuak epearen bukaera jakinaraziko dio enpresari.

b) Onuradunak EGEFen ekarpenaren berri eman beharko du jendaurrean, webgunean ondoko esaldi hau ikusgai jarriz, gutxienez ere dirulaguntza jaso duen jarduerak irauten duen bitartean:

“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak %50ean kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”. Logotipo hau erantsi beharko dio:

F2207836_0.pdf

Halaber, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEF logotipoaren kartela enpresan ikusgai jarri beharko du, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.

c) EGEFen dirulaguntza jasotzeak berarekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa onuraduna sartuko dela Ogasuneko Ministerioaren Europako Erkidegoko Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian argitaratuko den zerrenda batean (http://www.dgfc.sepg.hacienda.gob.es) programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda hori argitaratzearen helburua da gardentasunez jokatzea EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, halaxe xedatu baita 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115.2 artikuluan.”

d) Bere kudeaketa esparruan iruzurraren kontrako neurri eraginkorrak eta proportziozkoak aplikatzea, finantzaketa bikoitza eta agirien faltsutzea ekiditeko.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lehiakortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Orobat, Ogasuneko Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web-orrian (http://www.dgfc.sepg.hacienda.gob.es).

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2207836