119. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ATARRABIA

Deialdia, udaltzain-agente izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko

Atarrabiako Udaleko Gobernu Batzarrak, 2022ko maiatzaren 24an egin bilkuran, erabaki hauek hartu zituen:

1. Onestea Atarrabiako udaltzain-agente izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiaren oinarriak.

2. Oinarri horiek eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

Atarrabian, 2022ko maiatzaren 31n.–Alkatea, Mikel Oteiza Iza.

DEIALDIA, ATARRABIAKO UDALTZAINGOKO UDALTZAIN-AGENTE IZATEKO BI LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

1. oinarria.–Baldintza orokorrak.

Deialdi honen helburua da Atarrabiako Udaleko udatzain-agente izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzea; lanpostu horiek honako kode hauek dituzte Udalaren plantilla organikoan: 02 04 01/ 8 eta 02 04 03 / 2. Lanpostuak honako txanda hauetan banatzen dira, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):

–Lanpostu bat txanda irekian.

–Lanpostu bat igoera txandan, Nafarroako Administrazio Publikoko langileentzat.

Igoera txandako lanpostua eman gabe geldituz gero, txanda irekikoari gehituko zaio.

Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, hautapenaldiko lehen faseko proben puntuazioen batuketa eginez.

1.1. Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: 23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa; 718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, onesten duena Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa, onesten duena Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honetako oinarriak.

1.2. Deialdi hau dela medio izendatzen diren izangaiak Atarrabiako Udaleko funtzionario publiko eta udaltzain-agente izanen dira. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta hartan alta emanen, araubide horren babespean.

1.3. Izendatzen diren izangaiek Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hemezortzi urte beteak izatea, eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina, indarreko legeekin bat.

c) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean edukitzea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokide deklaratutako bat, edo eskuratzeko egoeran egotea.

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskaerak aurkezteko epea betetzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Beren egitekoa betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren 3. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Dolozko delitu batengatik kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) A2 eta B motetako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Su-armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa hartzea; eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko da.

2.2. Txanda irekiko izangaiei eskatutako baldintzez gain, igoera txandako izangaiek baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Langile finkoa izatea Nafarroako edozein administrazio publikotan, frogatzea horietan bost urtez zerbitzuak egin izana, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

b) Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko dute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

2.3. Baldintza hauek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako eta lanpostuaren jabetza hartu arte, 2.1.f) letrako baldintza izan ezik; azken hau, prestakuntza-ikastarorako onartutako izangaien zerrenda argitara ematen den egunean bete beharko da.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Deialdian parte hartzeko eskabideak Atarrabiako Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, edo baliatuz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren bitartekoetako bat (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera bete beharko dira. Atarrabiako Udaleko Herritarrei Laguntzeko Bulegoan eskura daiteke, edo Interneten bidez, www.villava.es webgunean edo deialdi hau jasotzen duen aldizkari ofizialetik. Bertan izangaiek adieraziko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.

Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari jar diezazkioten data eta zigilua, ziurtatu aurretik.

3.3. Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztuko dute:

a) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 21,05 euro ordaindu izanaren ordainagiria (diru-sarrera egiteko kontua: ES70 3008 0069 1926 2997 4524).

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Ordainagirian agertuko dira izangaiaren izena, NANa, eskuratu nahi den lanpostuaren izena eta zein kontu-zenbakitan egin den ordainketa.

b) Osasun ziurtagiri ofiziala, izangaiak 1. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

c) Euskararen ezagutza maila egiaztatzeko hautazko proba egitetik salbuetsi nahi dutenek, Hizkuntza Eskolaren gaitasun agiria, EGA titulua edo horien baliokidearen kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

d) Igoera txandako izangaiek aurkeztu beharko dute abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak emana.

3.4. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Horretarako bi zerrenda osatuko dira; bata txanda irekiko izangaiena eta bestea igoera txandako izangaiena.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

5.1. Osaera.

Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Mikel Oteiza Iza, Atarrabiako Udaleko alkate udalburua. Ordezkoa: Irene Latasa Bailón, Atarrabiako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Rubén Antúnez Elvas, Atarrabiako Udaltzaingoko burua. Ordezkoa: Juan Miguel Cantero Arconada, Uharteko Udaltzaingoko zerbitzuburua.

Epaimahaikidea: Eduardo Moler Mancho, Atarrabiako Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria. Ordezkoa: Íñigo Anaut Peña, Antsoaingo Udaleko Laneko eta Giza Baliabideen aholkularia.

Mahaikide bat langileen ordezkaria izanen da, Langileen Batzordeak proposatua.

Epaimahaikide idazkaria: Francisco Javier Gil Izco, Atarrabiako Udaleko idazkaria. Ordezkoa: Aitor Garralda Iriarte, Atarrabiako Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaia eratuko da epaimahaiburuak deituta, probak hasi baino lehenago.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio-prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Oposizioaldia 2022ko irailetik aurrera egitea aurreikusten da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesten dituen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko ariketak non eta zein data eta ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren www.villava.es web-orrian emanen dira argitara, probak egin baino 48 ordu lehenago gutxienez.

Oposizioak, lehenbiziko fasean, hautapenaldia izanen du, eta horretan proba baztertzaile hauek eginen dira: II. eranskineko gai zerrendari buruzkoak, gaitasun fisikoa neurtzekoak, proba psikoteknikoak eta medikoak, bai eta euskararen jakite maila erakusteko proba ere, lanpostuaren hizkuntza-eskakizunaren araberakoa, ez bada hori egiaztatzeko titulaziorik aurkeztu. Bigarren fasean, berriz, oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen duena. Nafarroako Polizietako langilea izateko, nahitaezko betebeharra izanen da ikastaro hori gainditzea.

Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Eskolak berak lehenago emanak direnean, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, dagokion puntuazioa ere emanen du.

6.2. Lehenengo fasean, hautapenaldian, proba hauek izanen dira:

A.–Lehenbiziko proba: teorikoa.

Lehenbiziko proba galdetegi bat izanen da, test modukoa; 100 galdera eginen dira, zenbait erantzun dituztenak aukeran, baina bakarra izanen da zuzena. Gaiak deialdiko II. eranskinean ageri dira.

Lehen probaren gehieneko balioa 150 puntu da, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere puntuazio horren erdia eskuratzen ez dutenak.

Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Erantzun baliodun bakoitzak 1,50 puntuko balorazioa izanen du, eta erantzun okerrek 0,75 puntuko balorazio negatiboa izanen dute. Galdera guzti-guztiei balorazio bera emanen zaie. Izangaiek ariketa hori egiteko 2 ordu izanen dituzte gehienez ere. Proba honetan 150 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 75 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.

B.–Bigarren proba: ariketa fisikoak.

I. eranskinean jasotako ariketa fisikoak egin beharko dira; hauetako bakoitza, lortutako markaren arabera, baztertzaile eta puntuagarri izanen da. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin behar diren.

Izangaiak behartuta egonen dira dopinaren kontrako kontrola egitera, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Hala, debeku dira hainbat substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazio; hain zuzen ere, jasota daudenak Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2021eko azaroaren 25eko Ebazpenaren I. eranskinean; ebazpen horren bidez onetsi zen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2021eko 290. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 4koa).

Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

C.–Hirugarren proba: gaitasun psikoteknikoa.

Proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoari noraino egokitzen zaizkion neurtzeko. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) Psikologia Aplikatuaren Atalaren laguntzaz eginen da.

Hautapenaldiko hirugarren probako ariketa psikoteknikoetan, 0 puntutik 50 puntura bitarteko kalifikazioa emanen zaie izangaiei, eta baztertuta geldituko dira 25 puntu eskuratzen ez dutenak.

Probak egin aurretik Udaleko Giza Baliabideen Alorrak lanpostuaren profil profesiografikoa proposatuko dio Udaltzaingoko Burutzari, onets dezan. Onespena epaimahaiari jakinaraziko zaio.

D.–Laugarren proba: euskararen ezagutza.

Proba hori egin nahi duten izangaiek eskabidea aurkeztearekin batera eskatu beharko dute proba egiteko; Euskarabideak (Euskararen Nafar Institutua) eginen du, uztailaren 30eko 303/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Proban 24 puntu lortzen ahal dira gehienez ere. Gehieneko puntuazioa jasoko dute Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila ahoz eta B1 maila idatziz daukatela egiaztatzen dutenek. Jakite maila apalagoa dutela egiaztatzen dutenei proportzioan baloratuko zaie.

Hizkuntza Eskolako Gaitasun Agiria, EGA edo balio bereko besteren bat duten izangaiak salbuetsita egonen dira proba hauek egitetik. Horretarako, titulua aurkeztu beharko dute, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua, hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean berean. Ez dira onartuko azterketa-txartelak, ez eta ofizialak ez diren zentroek emandako egiaztagiriak ere.

Deialdi bakarra eginen da hautapenaldiko probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Iragarritako egun, ordu eta lekuetan agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geratuko dira, oro har.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa emandakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten. Epaimahaiak alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko kalifikazioak onetsiko dira eta horiek ere Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko dira.

6.3. Lanpostu kopurua handitzea.

Deialdi honetako lanpostu kopuruari beste zenbait gehitu ahalko zaizkio, alegia, epaimahaiak prestakuntza-ikastarora onartutako izangaien behin betiko zerrenda (erdietsitako puntuazioaren araberakoa) deialdia egin duen organoari igortzen dion egunean hutsik daudenak.

6.4. Lanpostuen adjudikazioa.

a) Adjudikazioaren egintza prestakuntza ikastaroaren aurretik eginen da, zehazteko nork duten sarbidea bete beharreko lanpostuetan.

b) Egintza horren helburua da azkenik dauden lanpostuak betetzea, hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren arabera.

c) Epaimahaiak bi zerrenda eginen ditu horretarako, guztira lortutako puntuazioak handienetik txikienera ordenatuta: bat igoera txandako lanposturako izangaiena eta beste bat izangai guztiena. Dei egiten hasiko da beheranzko hurrenkeraren arabera; lehenik, igoera txandako zerrendan agertzen direnei, txanda horretako lanpostu hutsak esleitzeko. Lanpostu horiek bete ondoren, gauza bera eginen da izangai guztiak jasotzen dituen zerrendarekin, igoera txandako lanpostu hutsak esleitu zaizkienak kenduta, txanda irekiko lanpostuak betetzeko.

d) Egintza honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrendakoak izanen dira behin-behinean proposatuak oinarrizko prestakuntza-ikastarorako, eta epaimahaiak argitara emanen du Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, bakoitzaren kalifikazio orokorrak zehaztuta.

6.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartzea.

Behin betiko emaitzak argitaratuta, epaimahaiak oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinean onartutako izangaien zerrenda jarriko du Udalaren iragarki-taulan, puntuazioaren arabera ordenatuta; izangai horien kopuruak ez du gaindituko deialdiko lanpostuen kopurua.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinean onartutako izangaiek beren gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak onartuko dituzte, deialdi honetako 2.1 apartatuko e) letran ezarritako moduan.

6.6. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, baztertzailea izanen da eta honako hauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduak eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak.

Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, onartutakoen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarri eta hamar egun naturaleko epean, izangaiek frogatu beharko dute deialdiaren 2.1. oinarriko c), e) eta f) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Udalaren erregistro orokorrean, epaimahaiko buruari zuzendua:

–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bat dela kausa kondenatua izan, ez dela administrazio publiko baten zerbitzutik kendua izan, eta ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe delitu-aurrekarien deuseztapena aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

Atarrabiako Udalak Justizia Ministerioaren Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari eskatuko dio izangaiek aurrekari penalik ez dutela edo horiek ezereztu direla frogatzen duen agiria, eta ofizioz erantsiko dio espedienteari.

–Armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

Epaimahaiak xedatuko du izangaiei osasun azterketa egin dakien, haien gaitasun fisikoa egiaztatzeko; betiere, 3. eranskinean zehazten denari begira. Osasun azterketa hori Udalak erabakitzen duen Osasunaren Prebentzio eta Zaintza Zerbitzuak eginen du, eta haren esku geldituko da deialdi honetako lanpostuetarako izangaiak gai direla deklaratzea.

Aurreko izapideak beteta, epaimahaiak jendaurrera aterako du prestakuntza-ikastaroan onartuak izan direnen behin betiko zerrenda. Behin-behinean onartutako izangairen batek eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu, edo osasun-azterketa gainditzen ez badu, gainditu duten izangaien artean puntuaziorik altuena lortu duen hurrengoak ordeztuko du behin betiko zerrendan; betiere, eskatzen den dokumentazioa aurkeztu eta osasun-azterketa gainditu ondoren.

Atarrabiako alkateak, ebazpen bidez, izangaiak atxikiko dizkio Nafarroako Segurtasun Eskolari eta behar diren izendapenak eginen ditu.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik afiliatuta badaude Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean, horrexetan segituko baitute.

Ikastaroan dabiltzan bitartean, izangaiak Atarrabiako Udalaren zerbitzuko praktiketako funtzionario izanen dira eta C mailaren oinarrizko soldataren adinako beka jasoko dute, baita familia-laguntza ere, horren beharra dagoenean.

Praktiketako funtzionario izateak ez ditu ematen eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion eskubideak.

Ikastaroan baja emateak izangaia deialditik kanpo utziko du eta, era berean, lansaria galtzea ekarriko; gainera, oposizioaldian jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea ekarriko du berekin. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartuak izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiek agintzen zaizkien proba mediko guztiak pasatu beharko dituzte, deialdiaren 2.1.d) apartatuan aipatzen den baldintza betetzen segitzen dutela egiaztatzeko. Proba horien bidez atzematen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja emateko hautapen prozesutik, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa “gai” eta “ez gai” izanen da. Ez gaitzat jotako izangaia deialditik kanpo geldituko da.

Prestakuntza-ikastaroa bukatuta, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaien kalifikazioa igorriko dio epaimahaiari. Izangaiek jasotzen duten kalifikazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, eta hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, osoko puntuazioaren arabera ordenatua, eta gainditu duten izangaiak izendatzeko proposamena igorriko du; izangai horien kopuruak ez du gaindituko deialdiko lanpostuen kopurua.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean, zerrenda horretako izangaiek zin egin beharko dute, edo hitz eman, Nafarroako Foru Araubidea begiratu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta Legeei men eginen dietela eta karguko eginkizunak zintzo beteko dituztela.

7.3. Aipatu epean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbestekoak salbu, zin egin edo hitz ematen ez duena, ezin izanen da izendatu.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak funtzionario eta Atarrabiako udaltzain-agente izendatuko ditu izendapen proposamenean sartutako izangaiak, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Oposizioa gainditu ondoan Atarrabiako Udaltzaingoan sartzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

8.3. Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

8.4. Nafarroako Udaltzaingoko udaltzain izateko lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

8.5. Aipatu epearen barrenean, izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, Atarrabiako Udaltzaingoan sartzeko eskubide guztiak galduko ditu, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

9. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.

Datu pertsonalak babesteari buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz, aditzera ematen zaizu Atarrabiako Udala dela datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez. Hirugarrenei ez zaie daturik lagako, salbu legezko betebeharra badago. Baduzu eskubidea datuetan sartzeko eta haiek zuzentzeko eta ezerezteko, udal bulegoetara joz horretarako. Datu-tratamenduaren zerrenda kontsulta dezakezu, bai eta datuen babesari buruzko beste argibide zehatz batzuk ere, gure webgunean: www.villava.es.

Hori guztia, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoarekin (legegintzako foru-dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).

Datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

Datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahal zaizkie, indarrean dagoen legedia betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, haiek zuzentzeko, akatsik baldin badago, bai eta ezerezteko ere, helbide honetara joz. Atarrabiako Udala. Kale Nagusia 22. 31610 Atarrabia (Nafarroa). Telefonoa: 948 13 66 80. Helbide elektronikoa: ayuntamiento@villava.es. Datuak babesteko ordezkaria: dpd@villava.es.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

1. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak: ariketa fisikoak

1.–Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba.

Baloratuko da arnasa hartzeko mekanismoen kontrola eta ur ingurunean nola egokitzen den.

Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, crawl estiloan edo estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerileku ertzetik atera behar da, irteera-plataformara igo gabe.

Ezin izanen da erabili ez neoprenozko jantzirik, ez urpeko betaurrekorik, ez eta urpekaritzako beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Ezin izanen da proba igerileku barnetik hasi.

Nola eginen den: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretara bota eta 50 metro igerian eginen ditu (25 metroko tarte bat joateko eta 25 metro itzultzeko). Igerilekuaren ertzetik irten beharko da, zutik jarrita (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Irteteko, ez da igoko inolako irteera-plataformatara edo euskarritara.

Saio bakarra eginen da. Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuko alboko kaleak erabiltzen baditu euskarri moduan edo bulkatzeko.

–Igerilekuaren ertzei heltzen badie atseden hartzeko.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-hamarrenak ez baitira kontuan hartuko).

DENBORA (GIZONAK)

DENBORA (EMAKUMEAK)

PUNTUAZIOA

42”tik gora

48”tik gora

Baztertua

41”9tik 41”ra bitarte

47”9tik 47”ra bitarte

5

40”9tik 40”ra bitarte

46”9tik 46”ra bitarte

5.5

39”9tik 39”ra bitarte

45”9tik 45”ra bitarte

6

38”9tik 38”ra bitarte

44”9tik 44”ra bitarte

6.5

37”9tik 37”ra bitarte

43”9tik 43”ra bitarte

7

36”9tik 36”ra bitarte

42”9tik 42”ra bitarte

7.5

35”9tik 35”ra bitarte

41”9tik 41”ra bitarte

8

34”9tik 34”ra bitarte

40”9tik 40”ra bitarte

8.5

33”9tik 33”ra bitarte

39”9tik 39”ra bitarte

9

32”9tik 32”ra bitarte

38”9tik 38”ra bitarte

9.5

31”9 baino gutxiago

37”9 baino gutxiago

10

2.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak euste-zoruan dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 38 kilokoa izanen da gizonentzat, eta 20 kilokoa emakumeentzat. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea neurtuta). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ezta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

ERREPIKAPENAK
(GIZONAK)

ERREPIKAPENAK (EMAKUMEAK)

PUNTUAZIOA

30 baino gutxiago

20 baino gutxiago

Baztertua

30 eta 35 artean

20 eta 25 artean

5

36 eta 41 artean

26 eta 31 artean

5.5

42 eta 46 artean

32 eta 36 artean

6

47 eta 50 artean

37 eta 40 artean

6.5

51 eta 54 artean

41 eta 44 artean

7

55 eta 57 artean

45 eta 47 artean

7.5

58 eta 60 artean

48 eta 50 artean

8

61 edo 62

51 edo 52

8.5

63 edo 64

53 edo 54

9

65

55

9,5

66 edo gehiago

56 edo gehiago

10

3.–Zalutasun proba. (Barrowen testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzeko aldean.

Egiteko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta gero, beste aldera (A eta B ibilbideak grafikoan). Ibilbide bakoitzean, bi saiakera egin daitezke. Bigarren saioa eginen da, bakar-bakarrik, lehenbizikoa baliogabea izan baldin bada. Minutu bateko atsedenaldia utziko da bigarren saiakera egin baino lehen.

Zirkuituaren eskema:

L2208039_0.pdf

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 23”8 segundo gizonezkoentzat, eta 27”8 segundo emakumeentzat.

Saioa baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:

–Zutoin bat botatzen badu.

–Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.

–Ibilbidetik ateratzen bada, hau da, lasterketako marra idealetik ateratzen bada (nahiz eta ibilbide zuzenetik itzuli).

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kronometroak irakurri bezala, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Segundo-ehunenak alde batera utziko dira. Kronometraje nagusiak huts egiten badu, erreserbako kronometrajea aplikatuko da.

DENBORA (GIZONAK)

DENBORA (EMAKUMEAK)

PUNTUAZIOA

23”8 baino gehiago

27” baino gehiago

Baztertua

23”8tik 23”7ra bitarte

27”0tik 26”9ra bitarte

5

23”6tik 23”5era bitarte

26”8tik 26”7ra bitarte

5.5

23”4tik 23”3ra bitarte

26”6tik 26”5era bitarte

6

23”2tik 23”1era bitarte

26”4tik 26”3ra bitarte

6.5

23”0tik 22”9ra bitarte

26”2tik 26”1era bitarte

7

22”8tik 22”7ra bitarte

26”0tik 25”9ra bitarte

7.5

22”6tik 22”5era bitarte

25”8tik 25”7ra bitarte

8

22”4tik 22”3ra bitarte

25”6tik 25”5era bitarte

8.5

22”2tik 22”1era bitarte

25”4tik 25”3ra bitarte

9

22”0tik 21”9ra bitarte

25”2tik 25”1era bitarte

9.5

21”8 edo gutxiago

25” edo gutxiago

10

4.–Erresistentzia proba. (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute, zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzuten duten une berean, txandaka zapaldu beharko dituzte ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak, edo marretatik harago. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuta, marra zapalduz edo marratik haratago. Zintak tarte erregularretan emanen du soinua. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko.

Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada, metro bateko tartea gaindituz, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.

Honako egoera hauetan bukatuko da izangai bakoitzaren proba, eta ordura arte lortutako tarteak kontatuko dira:

–Izangaia gelditzea, salbu eta une batez soilik gelditzen bada, 20 metroko marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide oso bat ez bukatzea, muturreko marra edo marratik harago zapaldurik.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroko marratik metro bateko eremura.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera, edo harago, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean, marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barrenean egonda, izangaiak ez badu lortzen marra zapaltzea seinale akustikoak jo baino lehen, abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

TARTEAK (GIZONAK)

TARTEAK (EMAKUMEAK)

PUNTUAZIOA

10 baino gutxiago

8 baino gutxiago

Baztertua

10

8

5

10,5

8,5

5,5

11

9

6

11,5

9,5

6,5

12

10

7

12,5

10,5

7,5

13

11

8

13,5

11,5

8,5

14

12

9

14,5

12,5

9,5

15 edo gehiago

13 edo gehiago

10

2. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. VII. titulua: Nafarroako toki-erakundeen zerbitzurako langileak. X. titulua: biztanleria handiko udalerriak antolatzeko araubidea. XI. titulua: zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea, 1. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza. V. titulua: udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.

5.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzeari buruzkoa.

6.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. IV. kapitulua. Administrazio karrera. V. kapitulua. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

7.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua: Zigorrak.

8.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra

9.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

10.–7/2019 Zirkularra, maiatzaren 14koa, Estatuko Fiskaltza Nagusiak emana, Zigor Kodeko 510. artikuluan tipifikaturiko gorroto-delituak interpretatzeko irizpideei buruzkoa.

11.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena: II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua: zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. VIII. titulua: I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. IV. liburua: prozedura bereziak, II. titulua: prozedura laburtua, II. kapitulua: polizia judizialaren eta Fiskaltzaren jarduketak. III. titulua: delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.

12.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

13.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Atarikoa: I. kapitulua: xedapen orokorrak, II. kapitulua: dokumentazio eta identifikazio pertsonala, eta III. kapitulua: herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak, V. kapitulua: zehapenen araubidea.

14.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

15.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena: Atariko titulua. I. titulua: legearen aplikazio esparrua. III. titulua: prozeduraren instrukzioa.

16.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, arautzen dituena ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak.

17.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

18.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, onesten duena establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa eta arautzen dituena enpresen eta lokalen erregistroak.

19.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» prozedura arautzen duena.

20.–Etika eta deontologia poliziala:

a) Jokabide kodea, legea betearazi behar duten funtzionarioentzat (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

b) 690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

21.–19/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa.

22.–Atarrabiako Udaleko udal ordenantza ez-fiskalak.

a) Ordenantza, Bide publikoaren gainekoa.

b) Ordenantza, Hiriko kaleen garbitasunaren gainekoa.

c) Ordenantza, Bide publikoan terrazak eta beladoreak paratzearen gainekoa.

d) Ordenantza, Atarrabiako udalerrian arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzea arautzen duena.

e) Ordenantza, Atarrabiako “Ostegunetako azoka txikiko” merkataritza ez-egonkorra arautzen duena.

23.–Atarrabiako geografia eta kale-izendegia (Udalaren web-orriko testuaren eta planoaren arabera).

24.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

3. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikuseremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzumen sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizketa.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Hezur eta muskulu-sistema.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.

6.–Zirkulazio-aparatua.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta bihotzeko erritmoaren edo eroapenaren nahasmendu guztiak, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarraren blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu- eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta larruazaleko prozesu kronikoak, baldin eta, haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena dela kausa, polizia lanetan aritzea eragozten badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio epaimahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten bestelako gaitzak, zeinahi aparatu edo sistematakoak, ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

4. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2208039