117. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, hautaproben bidez Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko sistema informatikoetako erdi mailako teknikarien bi zerrenda osatzekoa: bata, Parlamentuko funtzionarioen prestakuntzarako; eta bestea, aldi baterako administrazio-kontrataziorako.

I.
DEIALDIA, NAFARROAKO PARLAMENTUKO FUNTZIONARIOEN PRESTAKUNTZARAKO ZERRENDA BAT EGITEKOA, SISTEMA INFORMATIKOETAKO ERDI MAILAKO TEKNIKARIENA

Deialdi honen oinarriak honakoak dira:

Oinarriak

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da prestakuntza-araubidean dauden Nafarroako Parlamentuko funtzionarioen zerrenda bat osatzea hautaproben bitartez, zerbitzu eman dezaten sistema informatikoetako erdi mailako teknikari bezala, Legebiltzarrari sortzen zaizkion beharrizanen arabera horretarako dei egiten zaienean.

Hori guztia eginen da Nafarroako Parlamentuko Langileen 1991ko martxoaren 20ko Estatutuari eta Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuko 17.2 artikulua garatzeko 1994ko ekainaren 21eko Erregelamenduari jarraituz.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Parlamentuko jarduneko funtzionario izatea eta B, C edo D mailan egotea.

b) Unibertsitateko diplomadun titulazio akademikoa edukitzea, edo kasuko gradu-tituluak edo baliokide direnak, edo maila altuagoko titulazioa edukitzea, edo horiek lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina edukitzea, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean. Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, haien homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

2.2. Ulertuko da aurreko baldintza horiek eskabide-aurkezpenaren epea amaitzen den egunean bete beharrekoak direla, eta betetze horrek hautaprozeduran zehar iraun beharko du, izendatze-unera arte.

3. onarria.–Hautaprozesua.

Aurreikusita dago hautaprobak 2022ko hirugarren lauhilekoan hastea, eta erabaki honen bidez onetsitako bi deialdien arau amankomunek xedatuari jarraikiz eginen dira.

4. oinarria.–Lanposturako deia eta zerrendaren indarraldia.

Lanposturako deia eginen da Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko Langileen Estatutuko 17.2 artikulua garatzeko Erregelamenduan eta oinarri honetan ezarritako irizpideei jarraituz.

–Beharrizanak suertatu ahala eginen zaie dei izangaiei, zerrendako lehentasun-hurrenkera errespetatuz.

–Prestakuntzagatiko zerbitzu berezietako egoerak hiru urte iraunen du gehienez. Epe hori aldi bakarrean edo aldi laburragoetan zatikaturik bete ahalko da. Epe hori amaituta, gehienez beste bi urtez luzatzen ahalko da egoera –etapa partzialetan edo modu jarraituan–, baldin eta prestakuntza-aldian parte hartzeko izangai den beste funtzionariorik ez badago.

–Baldin eta zerbitzu berezietako aldi bakoitzaren iraupena laburragoa bada ezarritako gehieneko epea baino, aldia amaitzean izangaia zerrendako lehen tokian egonen da harik eta epe hori bukatzen duen arte, salbu eta egoera horretan bertan dagoen beste izangai bat badago, hurrenkeran lehentasun handiagoa duena.

–Prestakuntzarako izendapenari edo, prestakuntza-aldian zehar, prestakuntza-jardunari uko egiten bazaio, gainerako izangaiak izanen dira deituak, zerrendan ezarritako hurrenkerari jarraituz; uko-egilea zerrenda horretako azken tokira pasatuko da.

II.
DEIALDIA, ALDI BATERAKO ADMINISTRAZIO-KONTRATAZIORAKO ZERRENDA BAT EGITEKOA, SISTEMA INFORMATIKOETAKO ERDI MAILAKO TEKNIKARIENA

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da hautaproben bidez osatzea Nafarroako Parlamentuko sistema informatikoetako erdi mailako teknikari gisa aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat, Nafarroako Parlamentuan sortzen diren beharrei aldi baterako erantzuna emate aldera, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruzko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiar nazionalitatea, Europar Batasuneko beste estatu batekoa edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitakoak izanik langile-zirkulazio askea aurreikusten duten nazioarteko itunen aplikazio-esparruan dagoen estatu batekoa edukitzea.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete; betiere, zuzenbidez bereizita ez badaude. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urte baino gutxiago badituzte edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarrita dagoen adina ez gainditzea.

c) Unibertsitateko diplomadun-titulazio akademiko ofiziala edukitzea, edo kasuko unibertsitateko gradu-tituluak edo baliokide direnak, edo maila altuagoko titulazioa edukitzea, edo horiek lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina edukitzea, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean. Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, haien homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Kasuan kasuko eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa edukitzea.

e) Ez daukala eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitzerik ez eta etendurarik ere, eta ez dela administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia izan, ez eta diziplinazko kaleratzez iraitzia ere.

2.2. Ulertuko da baldintza guztiak beteta eduki beharko direla eskabide-aurkezpenerako epea bukatzen den egunean, eta baldintza-betetze horri eutsi beharko zaio hautaprozesuan zehar eta kontratazio-aldiak irauten duen bitartean.

2.3. Kontrataziorako deituak diren izangaiek beste inork ez du aurkeztu beharko betekizun horiek betetzen direla frogatzen duen jatorrizko dokumentazioa edo kopia konpultsatua, kasuko kontratua formalizatu baino lehen.

Behar adina justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan ez baldin bada, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak ezin izanen dira kontratatuak izan, eta haien egintza guztiak deuseztatuta geldituko dira, horrek eraginik izan gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizunean.

3. oinarria.–Hautaprozesua.

Aurreikusita dago hautaprobak 2022ko hirugarren lauhilekoan hastea, eta erabaki honen bidez onetsitako bi deialdien arau amankomunek xedatuari jarraikiz eginen dira.

4. oinarria.–Lanposturako deia eta zerrendaren indarraldia.

4.1. Izangaiei Nafarroako Parlamentuan suertatzen diren beharrizanen arabera dei egin ahalko zaie, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruzko Erregelamenduak xedatuari eta deialdi honetako oinarriek ezarritakoari jarraituz. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan aldi baterako kontratazioak egiteari buruzko araudia osagarri gisa erabiliko da.

4.2. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. xedapen gehigarrian ezarritakoa, eta Nafarroako Parlamentuko Legelari Nagusiaren 59/2016 Ebazpena, 2016ko azaroaren 8koa, desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikorako lorbidea izateari dagokionez.

4.3. Kontratuan bi hilabeteko probaldia ezarriko da. Aldi horretan zehar, alderdietako edozeinek zilegi izanen du kontratua aldebakartasunez hutsaltzea.

Ez da probaldirik ezarriko baldin, kontratu bat amaitu ondoren, izangaia lanpostu bererako berriro kontratatzen bada urtebete igaro aurretik.

Mahaiak, kasuko zerbitzuburuaren ekimenari erantzunez, jotzen duenean langile kontratatuak ez duela probaldia gainditu, bere erabakiaren berri eman beharko dio Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeari.

4.4. Izangai-zerrendako lehentasuna ariketetan lorturiko puntuazio handienaren arabera ezarriko da, 4.2 oinarrian ezarritakoa salbu.

4.5. Langileen Batzordeari aurretiaz emanen zaio irizpide horien arabera eginen diren kontratazio-proposamenen berri.

4.6. Kontratatuei alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, eta bertan afiliatuak izanen dira; beraz, haien konturakoak izanen dira kasuan kasuko kuota, bai eta PFEZerako atxiki beharreko zenbatekoak ere.

4.7. Aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrendak sei urteko indarraldia izanen du. Baldin eta zerrendaren indarraldian lanpostu bererako beste zerrenda berririk egiten bada, zerrendarik zaharrenetako izangaiek lehentasuna izanen dute berrienetakoen aldean, zerrenda zaharrenaren indarraldia amaitzen ez den bitartean.

III.
BI DEIALDIEN ARAU AMANKOMUNAK

1. oinarria.–Eskabideak.

1.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Parlamentuko lehendakariari zuzendu beharko zaizkio, eta Nafarroako Parlamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Navas de Tolosa kalea, 1 - Iruña), edo administrazio-araudi indardunaren araberako beste erregistro batzuetan.

Nafarroako Parlamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuz gero, eskabidea eta haren kopia bat aurkeztu beharko dira. Kopia zigilatu eta interesdunari itzuliko zaio, izen ematearen ziurtagiri gisa. Nafarroako Parlamentuaren Erregistroaren ordutegia honakoa da: astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 17:30era; eta ostiraletan, 09:00etatik 14:30era.

1.2. Eskabidea posta-bulego batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal ireki batekin eginen da, kasuko posta-langileak eskabideari data eta zigilua jar diezazkion, ziurtapena egin aurretik.

1.3. Eskabideak I. eranskinean agertzen den ereduari jarraitu beharko zaizkio prestakuntzarako izangaien kasuan, eta II. eranskinekoari, aldi baterako kontrataziorako izangaienean. Interesdunentzat eskuragarri egonen dira Nafarroako Parlamentuaren erregistro orokorrean nahiz Nafarroako Parlamentuaren webguneko (www.nafarroakoparlamentua.eus) “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia” atalean.

1.4. Parte-hartze eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute ezarrita dauden baldintza guztiak betetzen dituztela eskabide-aurkezpenerako zehaztutako epea amaitzen den egunean.

1.5. Parte-hartze eskabidearekin batera, aldi baterako kontrataziorako zerrendara aurkezten diren izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio-zenbakiaren edo beste identifikazio-agiri ofizial baten fotokopia aurkeztu beharko dute.

1.6. Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte, bai eta, kasua bada, II.Bigarrena oinarrian nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzak frogatzen dituztenenak ere (2.1.a). Halaber aurkeztu beharko dute zinpeko edo hitzematezko aitorpena, beren jatorrizko herrialdean funtzio publikorako sarbidea eragozten dien inolako diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez izatearena.

1.7. Desgaitasun aitortua duten izangaiek zilegi izanen dute balizko denbora- edo baliabide-egokitzapenak eskatzea horiek beharrezkoak dituzten ariketarako. Kasu horretan, horren berri eman beharko dute eskabidean, aparteko orri batean adierazi beharko dute zer desgaitasun duten eta zein diren eskatzen dituzten egokitzapenak, eta legezko desgaitu-izaera frogatu beharko dute, organo eskudunak jaulkitako dokumentuaren kopia bat atxikiz.

2. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

3. oinarria.–Izangaiak onartzea. Behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea iraganik, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak deialdiko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda jendaurreratuko du, Nafarroako Parlamentuko iragarki-oholean eta www.nafarroakoparlamentua.eus webguneko “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia” atalean. Izangai bazterturik ez badago, izangai onartuen zerrenda zuzen-zuzenean behin betiko gisa onetsiko da.

3.2. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun balioduneko epean zehar, interesdunek erreklamazioak egin ahalko dituzte, edo beren eskabideko akatsak zuzendu. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da www.nafarroakoparlamentua.eus webguneko “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia” izeneko atalean, bai eta Parlamentuko iragarki-oholean ere.

3.3. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu egiten zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztenik. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan ondorioztatzen bada ez dutela eskaturiko baldintzetakoren bat betetzen, galdu eginen dituzte deialdian parte hartzetik erator lekizkiekeen eskubide guztiak.

3.4. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan aipatzen diren ondorioetarako.

4. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

4.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jauna, Nafarroako Parlamentuko lehen idazkaria.

Ordezkoa: Maiorga Ramirez Erro jauna, Nafarroako Parlamentuko bigarren idazkaria.

–Epaimahaikidea: Asunción Marzal Parra andrea, Nafarroako Parlamentuko Informatikako, Ikus-entzunezkoen Sistemetako eta Teknologiako Zerbitzuko burua.

Ordezkoa: Juan Carlos Lázaro Lopez jauna, Nafarroako Gobernuko Gardentasunaren Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Eduardo Aranaz Jiménez jauna, Nafarroako Parlamentuko Sistemen Ataleko burua.

Ordezkoa: Pedro Loyola Eraso jauna, Nafarroako Parlamentuko Informatika Sistemetako goi mailako teknikaria.

–Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak proposatuta hautatu beharrekoa.

Ordezkoa: Langileen Batzordeak proposatuta hautatu beharrekoa.

–Idazkaria: Silvia Doménech Alegre andrea, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia.

Ordezkoa: Gemma Angélica Sánchez Lerma andrea, Kontuen Ganberako legelaria.

4.2. Baldin eta, abstentziorako eta errefuserako arrazoi zuzenbidezkoak aplikatuz, epaimahaiaren osaera aldatuko balitz, aldaketa hori publikoki jakinaraziko litzateke izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzearekin batera.

4.3. Epaimahaia hautaproben aurretik eratu beharko da. Parlamentuko Langileen Batzordeak hautatutako ordezkarien izendapena izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda jendaurrean jartzearekin batera eginen da.

4.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, eta jarduterik ere ez du izanen, gutxienez bere kideen gehiengo osoa bertaratu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketa eta jarduna baliodunak izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertaratuta beharko dute egon.

4.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeaz eta aplikatzeaz sor daitezkeen ebazkizun guztiak.

4.6. Epaimahaiak zilegi izanen du probarako aholkulari espezialistak bereganatzea. Aholkulari horiek epaimahaiari beren espezialitate teknikoetan jardutera mugaturik lagunduko diote. Proben antolaketarako, Nafarroako Parlamentuko zerbitzu orokorrek laguntza emanen diote epaimahaiari.

5. oinarria.–Hautaprozesuaren bilakaera eta balorazioa.

5.1. Epaimahaiak Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean iragarriko du, gutxienez ere hiru egun balioduneko aurredenboraz, hautaprobak zer datatan eginen diren.

Antolaketa-arrazoiengatik eta izangai-kopuruaren arabera, zilegi izanen da bigarren ariketa egiteko ordu desberdinak ezartzea, hartarako deian. Zertzelada hori kasuko iragarkiaren bidez jakinaraziko da.

5.2. Hautaproben fasea bi kanporatze-ariketak osatuko dute, zeinak egun ezberdinetan eginen baitira, eta honela gauzatuko da:

a) Lehen ariketa:

Gehieneko puntuazioa: 40 puntu. Ariketa honetan, erantzun-aukera anitzeko galdera-sorta bati erantzun beharko zaio, non erantzun zuzena bakarra izanen baita galdera bakoitzeko. Gaiak deialdi honetako III. eranskinean ageri direnak izanen dira. Okerreko erantzunak penalizatu eginen dira.

Ariketaren gehieneko iraupena eta okerreko erantzunen penalizazioa kalifikazio-epaimahaiak zehaztuko ditu, ariketa hasi aurretik.

Proba hori egiteko, ez da baimenduko inongo testurik ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere erabiltzerik, salbu eta tinta urdin edo beltzeko boligrafo bat, punta lodikoa.

Kanporatuta geldituko dira ariketa honetako puntuen %30 gutxienez lortzen ez duten pertsonak.

Ariketa hau gainditu duten pertsonen zerrenda jendaurrean ipini ondoren, bost egun balioduneko alegazio-epea hasiko da.

b) Bigarren ariketa.

Ariketa hau aurreko ariketan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu dutenek beste inork ez du eginen.

Gehieneko puntuazioa: 60 puntu. Ariketa honetan, idatziz garatu beharko dira deialdi honetako III. eranskinean agertzen den gai-zerrendatik hartutako gaiarekin zerikusia duten kasu teoriko-praktiko batzuk.

Ez da gailu elektronikorik onartuko, hala nola kalkulagailu programagarriak, ordulari adimendunak edo beste edozein gailu.

Kanporatuta geldituko dira ariketa honetako puntuen %30 gutxienez lortzen ez duten pertsonak.

Ariketa hau gainditu duten pertsonen zerrenda jendaurrean ipini ondoren, bost egun balioduneko alegazio-epea hasiko da.

5.3. Izangaien puntuazio osoa lehenengo eta bigarren ariketetan lortutako puntuazioen batura izanen da. Gainditzeko, proba bakoitzean eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu beharra dago.

5.4. Bigarren ariketan gutunazal itxien sistema aplikatuko da. Gutunazalak jendaurreko ekitaldian irekiko dira, eta ekitaldi hori gutxienez hogeita lau orduko aurredenboraz iragarriko da Nafarroako Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean.

5.5. Epaimahaiak Nafarroako Parlamentuaren iragarki-oholean eta www.nafarroakoparlamentua.eus webguneko “Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2022ko ekitaldia” atalean argitaratuko ditu ariketetan lortu diren emaitzak.

5.6. Ariketa bakoitzerako deialdia dei bakarraren bitartezkoa izanen da, eta ariketak egun desberdinetan eginen dira. Bi ariketa horietara, izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak askiesten duen beste identifikazio-dokumentu ofizial bat eraman beharko dute. Bertaratzen ez diren izangaiak deialditik kanpo geratuko dira.

5.7. Proba egiteko, posible diren denbora- eta baliabide-egokitzapenak eginen dira desgaitasunen bat duten pertsonentzat, beren eskabidean horietarako nahia adierazi badute, eta azaldu dutenaren eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak ematen duen txostenaren arabera.

6. oinarria.–Gainditzaileen zerrenda eta agiri-aurkezpena.

6.1. Bi ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak gainditzaileen zerrendak eginen ditu, puntuaziorik handienetik txikienerako hurrenkeran antolatuak, eta Nafarroako Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean argitaratuko dira.

6.2. Izangaien artean gerta litezkeen puntuazio-berdinketak ebazteko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Prestakuntzarako deialdia: aintzat hartuko da nork duen antzinatasunik handiena eskaerak aurkezteko epearen azken egunean. Horrela ere berdinketak bere horretan baldin badirau, zozketa bidez ebatziko da.

b) Aldi baterako kontrataziorako deialdia: berdinketak ebazteko, aintzat hartu beharreko irizpideak izanen dira, aipatzen diren hurrenkeran, bigarren ariketan lortutako puntuazioa, lehenengo ariketan lortutako puntuazioa; eta, berdinketak bere horretan badirau, zozketa bidez ebatziko da.

6.3. Prestakuntzarako zerbitzu berezien administrazio-egoeran egotearen adierazpena lortzeko edo, kasuko administrazio-kontratua tarteko, sistema informatikoetako erdi mailako teknikari lanpostuan aldi baterako jarduteko, gainditzaile diren izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte deia edo kontratazioa jakinarazten zaienetik aurrerako hamar egun naturaleko epean:

a) Prestakuntza-zerrendako funtzionarioek:

–Deialdian baldintza gisa ezarritako titulu akademikoaren kopia kautotua edo fotokopia (haien konpultsa egin ahal izateko, jatorrizkoekin batera aurkeztu beharko dira).

b) Aldi baterako kontrataziorako zerrendako gainditzaileek:

–Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio-zenbakiaren edo beste identifikazio-agiri ofizial baten fotokopia konpultsatua.

Deialdian baldintza gisa ezarritako titulu akademikoaren kopia kautotua edo fotokopia (haien konpultsa egin ahal izateko, jatorrizkoekin batera aurkeztu beharko dira).

Aurreko apartatuetan aipatutako agiriak aurkeztea ezinezkoa gertatzen dela behar bezala frogatzen denean, zuzenbidean onarturiko edozein frogabide erabiliz frogatu ahalko da deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla.

6.4. Deialdien oinarrietan ezarritakoari jarraituz eginen zaie deia kasuko zerrendak osatzen dituzten izangaiei, betiere errespetatuz prestakuntzan aritzekoak diren izangaiek aldi baterako kontrataziorako izangaien aurretik deituak izateko duten lehentasuna.

7. oinarria.–Errekurtsoak.

7.1. Deialdi honen, bere oinarrien eta berari buruz Nafarroako Parlamentuko Mahaiak hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa, legebiltzarreko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, egintza edo erabakia argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

7.2. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak edo kalifikazio-epaimahaiak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituzten gainerako egintzen aurka, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Parlamentuko Mahaiari, egintza edo erabakia argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 30ean.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. ERANSKINA

Prestakuntza-zerrendarako eskabide-eredua.

II. ERANSKINA

Aldi baterako kontratazioaren zerrendarako eskabide-eredua.

Deskargatu I. eta II. eranskinak (DOC).

III. ERANSKINA

Gaiak

1.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua.

2.–Nafarroako Parlamentuko administrazioaren antolamenduari buruzko Erregelamendua.

3.–Datu-base erlazionalen kudeatzaileei buruzko aplikazioen garapena. SQL Server eta Oracle. Sarbide-geruza, iraunkortasuna. SQL galdeketa-lengoaiak eta T-SQL eta PL-SQL programazio-lengoaiak. Direktorioetara sartzea: LDAP.

4.–Komunikazioa: komunikazio-sareak. Sare-interkonexioa. Hari gabeko sareak.

5. Lanpostua. Ekipo bezeroak hedatzea. Sistema eragileak. Ekipoen softwarea eguneratzeko sistemak, WSUS. Lizentzien kudeaketa. Euskarria. Inbentarioa. Antibirusak, lanpostua babesteko sistemak. Laneko area digitala. tresna ofimatikoak: suite Microsoft 365. Telelana, VPN.

6.–Mugikortasunerako gailuak. Telefono mugikorrak, IOS eta Android.

7.–Zerbitzarien kudeaketa. Windows eta Linux sistema eragileak. Administrazio zentralizaturako tresnak. Zerbitzarien azpiegitura birtualizatzea. Birtualizatze motak: partizio fisikoa, sistema eragilearen gaineko birtualizazioa eta HW gaineko birtualizazioa (Bare-Metal). VMware vSphere, VMware ESXi.

8.–Segurtasun kopietarako planak eta sistemak. ARCSERVE segurtasun kopien softwarea.

9.–Biltegiratze-azpiegitura. NAS sistemak. SAN sistemak. Fiber Channel sareak. Flash biltegiratzea. NVMe. Software bidez zehazturiko biltegiratzea.

10.–Sistemen ezarpena: erabiltzeko prest jartzea. Zerbitzu maila: zerbitzuen definizioa, profil beharrezkoak eta prozedurak. Aldaketaren kudeaketa. Erabiltzaileei euskarria ematea, Service Desk funtzioa. Gorabeheren eta arazoen kudeaketa.

11.–Ziber-krimena: eraso- eta erasotzaile-motak. Intrusio teknikak. Lanpostuen segurtasuna. Malwarearen aurkako sistemak. Gailu mugikorren segurtasuna. Segurtasun-proiektu orokorra prestatzea. Auditoretzat eta arriskuen kudeaketa.

12.–Segurtasun perimetrala. Suebakiak: motak eta teknologiak. Egoera-ikuskapenezko suebakiak. Aplikazioen suebakiak (NGFW). Web aplikazioen suebakiak (WAF). Datu-baseen suebakiak (IDS eta IPS). Web iragazketarako sistemak. Komunikazio-sareen segurtasuna.

13.–Administrazio elektronikoa. 39/2015 Legea. Ziurtagiri digitalak. Egoitza elektronikoa. Artxibo digitala. Sara sarea.

Oharra: Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indardun den araudiari heldurik.

Iragarkiaren kodea: F2208282