114. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALESBES

Deialdia, Virgen del Portal zahar-egoitzan sukaldari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Alesbesko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2022ko maiatzaren 11n egin ohiko bilkuran, honako deialdi hau onetsi zuen: Alesbesko Virgen del Portal zahar-egoitza erakunde autonomoan sukaldari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia. Hona hemen deialdia arautuko duten

Oinarriak

1. oinarria.–Arau orokorrak.

Deialdi honen xedea da sukaldari lanpostu bat betetzea, oposizio-lehiaketaren bidez eta lan-kontratu finkoarekin, Alesbesko Virgen del Portal zahar-egoitzarako.

Lan-poltsa bat sortuko da hautapen-prozesua gainditzen duten gainerako pertsonekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz. Indarrean izanen da 5 urtez eta erabiliko da sinatuko den errelebo-kontratuaren eremuan. Lan-poltsa egiteko kontuan hartuko da ezartzen dena Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean.

Lanpostua, lan-kontratu finkokoa eta lanaldi osokoa da, eta D mailan sartuko da. Aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren arabera dagozkion ordainsari eta osagarriak jasoko ditu, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio bertan.

Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da; bitarte horretan erakunde kontratugileak kontratu-harremana suntsiarazi edo hutsaldu ahal izanen du, egoitzari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

2. oinarria.–Bete beharreko eginkizunak.

Bete beharreko eginkizunak bere kategoriarako ezarritakoak izanen dira, zehazki: sukaldari lanpostuarenak, besteak beste, ezarritako menuak egitea, sukaldea garbitzea, baxerak, jantoki-zerbitzua, jantokia prestatzea, erosketak kudeatzea, dokumentazioa kudeatzea: albaranak, fakturak eta arriskuen analisiarekin eta kontrol-puntu kritikoekin lotutako guztia, sukaldaritza-tailerrak egoiliarrekin eta abar. Horrez gain, enplegatzaileak eskatzen dizkion antzeko lanak ere eginen ditu.

3. oinarria.–Izangaien betekizunak.

Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Hamasei urte baino gehiago izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edukitzea DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar dituen eginkizunetan aritzeko.

d) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea.

Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko ditu hautatu eta kontratatzen den izangaiak, kontratua sinatu aurretik horretarako ezartzen zaion unean.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatu ahal izanen zaie, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

4. oinarria.–Prozedura.

Aldi baterako langileak hautatzeko prozeduretan, bilatuko da kontratazioa ahalik eta arintasun handienarekin egitea, bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin.

Lanpostua betetzeko prozedura garatuko da oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz, eta ordezko gisa aplikatuko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 95. artikuluan eta horrekin bat datozenetan aurreikusitako prozedura (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina).

5. oinarria.–Eskabideak aurkeztea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Alesbesko Udalaren Erregistroan aurkeztuko dira (España plaza, 1, 31330, Alesbes), edo 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz. Parte hartzeko eskabidean izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera (I. eranskineko eredua), izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) NANaren fotokopia edo horren baliokidea den agiriarena.

b) Eskola-graduatuaren titulua, DBHkoa edo baliokidea edo goragokoa duela egiaztatzen duen ziurtagiria, 3. oinarrian adierazitako baldintzetan.

c) Lehiaketaldirako alegatutako merezimenduen frogagiriak.

Parte-hartzaileek %33ko desgaitasuna edo handiagoa badute, hala adierazi beharko dute eskaeran; gainera, hura frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko dute, organo eskudunak emana.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eska ditzakete. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita, eta ezin izanen da luzatu.

6. oinarria.–Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, ebazpena emanen da izangai onartu eta baztertuen zerrenda onesteko, eta hura Alesbesko Udalaren web-orrian argitaratuko da. Horrekin 5 egun naturaleko epea irekiko da, erreklamazioak aurkezteko edo aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzeko.

Izangai bazterturik ez badago, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda.

7. oinarria.–Behin betiko zerrendak.

Adierazitako epean alegaziorik aurkezten bada, horiek ebatzi ondoren, alkatetzaren ebazpen bidez behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Alesbesko Udalaren web-orrian argitaratuko da.

Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Izangaiek kontratazioa egiteko deia egiten zaielarik aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan ikusten bada baldintzaren bat ez dutela betetzen, interesdunek galdu eginen dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

8. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: M.ª Carmen Segura Moreno, “Virgen del Portal” zahar-egoitzako patronatuko burua.

–1. mahaikidea: Misael Narros, zahar-egoitzako kudeatzailea.

–2. mahaikidea: Clarencia Fernández, egoitzako administraria.

–3. mahaikidea: María Carmen Lafraya Fernández.

–4. mahaikidea: Luis Azqueta Corrales, Alesbesko Udaleko zinegotzia.

–5. mahaikidea: Delia Linzoáin Pinillo, Alesbesko Udaleko zinegotzia.

–6. mahaikidea: Imanol Ucha Muniáin, Alesbesko Udaleko zinegotzia.

–Idazkaria (hitzarekin eta botorik gabe), Alesbesko Udalekoa.

Mahaikide bakoitzak ordezkoa izendatu ahal izanen du libreki, baldin eta bileretara bertaratzerik edo joaterik ez badu.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Alkatetzari hala jakinarazi, baldin Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritako abstenitzeko arrazoiak suertatzen badira. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko legez ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatu ahal izanen du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

9. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Oposizio-lehiaketan gehienez ere 70 puntu lortu ahal izanen dira: 20 puntu gehienez lehiaketaldian, eta 50 puntu gehienez oposizioaldian.

9.1. Lehiaketaldia (20 puntu gehienez).

Honako hauek baloratuko dira:

–Esperientzia, 10 puntu - Administrazio edo enpresen ziurtagiriak. Esperientzia honela baloratuko da:

–Puntu bat, taldeendako sukaldari edo sukaldari-buru gisa lan egindako urte bakoitzeko.

–10 puntu, egiaztatzen dutenei badutela Lanbide Heziketako edozein mailatako titulua, edo goragoko tituluren bat, sukaldaritzakoa.

Merezimenduak egiaztatzen dituzten tituluak eta ziurtagiriak nahitaez aurkeztu beharko dira parte hartzeko eskabidearekin batera (5. oinarria).

9.2. Oposizioaldia (50 puntu).

Oposizioaldian 50 puntu emanen dira gehienez eta ariketa teoriko bat izanen da. Test motako 50 galderari erantzun beharko zaie, egiaztatzeko zer ezagutza dituzten izangaiek sukaldari lanpostuari eta bete beharreko zerbitzu orokorrei buruz. Gehienez ere 50 puntu lor daitezke.

Galdera zuzen bakoitzeko puntu 1 emanen da, eta akats bakoitzeko 0,25 puntu kenduko dira. Ariketa gainditzeko, gutxienez 20 puntu lortu beharko dira.

Proba egiteko deialdi bakarra eginen zaie izangaie. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo identifikaziorako beste agiri administratibo publiko ofizial bat aldean dutela agertu beharko dute; hala egin ezean edo agertu ezean, baztertuta geldituko dira.

Azterketa zuzenduko da gutun-azal itxien sistema erabiliz, bermatzeko izangai guztien tratu eta aukera berdintasuna, bai eta kalifikazio epaimahaiaren neutraltasuna eta inpartzialtasuna ere.

Izangaien artean berdinketarik izanez gero, honako irizpide hauen arabera ebatziko da (lehenengoak hurrengoa baztertuko du):

1. Merezimenduen balorazioan puntuazio handiagoa lortzea.

2. Berdinketak badirau, zozketa eginen da puntuazio handiena duten izangaien artean.

10. oinarria.–Puntuazioen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Hautapen prozesua bukaturik, epaimahaiak jendaurren jarriko du izangaien zerrenda, lortutako puntuazio-ordenari jarraituz, Alesbesko Udalaren eta egoitzaren iragarki-tauletan eta Udalaren web-orrian, eta puntu gehien lortu duen izangai kontratatzeko proposamena eginen dio egoitzako buruari, hark onets dezan.

Hautatutako izangaiak astebeteko epean hasi beharko du lanean, gehienez ere, administrazio deitzailearen kontratazio proposamena onartzen duenetik hasita. Ez bada lanean hasten, behar adina justifikatutako kasuak salbu, edo lanean hasi eta berriz lanpostua hutsik gelditzen bada, organo eskudunak kontratazioarekin ados dauden izangaiak kontratatu ahal izanen ditu, hautapen prozesuan ateratako puntuazio onenaren ordenari jarraituz, 1. oinarrian ezartzen den bezala.

11. oinarria.–Kontratazio zerrenden kudeaketa.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, kontuan hartuko da zerrendak kudeatzeko ezartzen dena Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduan, haren bitartez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

12. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, zuzenean, Nafarroako Auzien Jurisdizkioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratzen denetik edo errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina, edota, aurretik eta nahi bada, honako errekurtso hauetako bat:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, zahar-egoitzako buruari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, egoitzako buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aurrera.

Alesbesen, 2022ko maiatzaren 12an.–Alkatea, M.ª Carmen Segura Moreno.

I. ERANSKINA

Eskabide orria

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA

Proba teorikorako gai-zerrenda

1.–Higineari, garbiketari eta desinfekzioari buruzko arauak.

2.–Nutrizioa.

3.–Laneko arriskuei aurrea hartzea

4.–Egoiliarraren elikadura.

5.–Dietetika.

6.–Eskaeren kudeaketa: albaranak eta fakturak.

7.–Arriskuen azterketa eta kontrolgune kritikoena.

Iragarkiaren kodea: L2207665