114. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

172/2022 EBAZPENA, maiatzaren 10ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, jarraibideak onesten dituena 2022-2023 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzei dagokien eskola egutegia prestatzeko.

Ikusirik Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela behar diren jarraibideak onets daitezen 2022-2023 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzei dagokien eskola egutegia prestatzeko.

Horrenbestez, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Behar diren jarraibideak onestea Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzek 2022-2023 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko. Jarraibide horiek ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Langileriaren Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta Nafarroako hizkuntza eskola ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 10ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Jarraibideak, Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean emanen diren hizkuntza irakaskuntzek 2022-2023 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko

1.–Egutegia.

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialeko eskola egutegiak baldintza hauek bete beharko ditu:

1. 2022-2023 ikasturtea 2022ko irailaren 1ean hasiko da, eta ez da 2023ko ekainaren 30a baino lehen bukatuko.

2. a) Ikastaro presentzialetako, erdipresentzialetako eta “That’s English” urrutiko ikastaroko eskolak ez dira 2022ko irailaren 21a baino lehen hasiko, eta beranduenez 2023ko maiatzaren 19an bukatuko dira.

b) Irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko egunetan azterketak, programazio lanak, departamentuko bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

c) Eskolak bukatzen direnetik ekainaren 30era arte, azterketak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lan berariazkoak, departamentu didaktikoen memoriak, amaierako memoria eta beharrezko diren administrazio egintza guztiak eginen dira.

3. a) Egutegiak bermatu beharko du talde bakoitzak 130 ordu izanen dituela gutxienez.

2022-2023 ikasturteari dagozkion jarraibideetan ezarritakoarekin bat, eskolek erabakiko dute zenbat ostiraletan emanen den zuzeneko irakaskuntza, ikastaro presentzialetako eta erdipresentzialetako talde bakoitzak behar adina eskola-ordu izan ditzan, eta egutegian adieraziko dituzte. Zuzeneko eskola-saiorik gabeko gainerako ostiraletan, eskola-egunak izanez gero, irakasleak nahitaez joan beharko dira ikastetxera, eta zeregin hauetan arituko dira: koordinazio lanak egitea, ziurtapen probak prestatzea, programazioak eta zehaztapenak berrikustea, prestakuntza eta kurtsoaren garapenarekin zerikusia duten gainerako jarduerak.

b) Ezinezkoa izanen da eskolak etetea azterketa edo ebaluazio aldiak ezartzeko, ez eta klaustroak egiteko ere.

c) Ikasleren batek edo denek eskolaren batera huts egiteak ez du galaraziko ikastetxeak programaturiko ordutegi ofizialen araberako eskolak eskaintzen segitzea.

4. a) Honako egun hauek jaiegun izanen dira, Nafarroako lan egutegi arruntaren arabera: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 6a eta 8a, maiatzaren 1a, eta herriko jaieguna. Herriko jaieguna eskolarik gabeko eguna ez den batean egokitzen bada, horren ordez beste egun bat jarriko da.

b) Ikastetxeek zilegi dute hezkuntza-mailari dagokion jaiegun bat ezartzea.

c) Eskola gabeko laneguntzat joko dira ikastetxeak bere egutegian markatuko dituen hiru egun.

d) Eguberrietako oporrak abenduaren 23an hasiko dira, eta urtarrilaren 8an bukatuko, biak barne.

e) Aste Santuko oporrak apirilaren 6tik 16ra arte izanen dira, biak barne.

f) Eguberrietako eta Aste Santuko oporraldiak ezin dira inola ere luzatu.

g) Otsailaren 10a, martxoaren 10a eta apirilaren 21a trebatzeko eta estandarizatzeko erabiliko dira Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetan. Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak bere egutegian markatuko ditu trebatzeko eta estandarizatzeko erabiliko dituen egunak.

5. Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, hark onets ditzan.

2.–Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

1. Zuzendariek, Eskola Kontseiluari entzun ondoren, egutegi eta ordutegi proposamenak bidaliko dituzte Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, “EDUCA” kudeaketa programaren bidez. Horretarako azkeneko eguna 2022ko ekainaren 20a izanen da.

Gainera, epe berean, kopia sinatu eta zigilatu bat igorriko diote ikastetxeko ikuskatzaileari.

2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, aztertu ondoren. “EDUCA” kudeaketa programak ematen duen informatikako euskarriaren bidez iritsiko zaie ikastetxeei Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpena. 2022ko ekainaren 27rako inolako jakinarazpenik jasotzen ez duten ikastetxeen egutegiak eta ordutegiak onetsitzat joko dira.

3. Ikastetxeren batek bere egutegi proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio 1. puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituen egutegi bat. Eranskin honetako egutegia, hain zuzen.

4. Egutegiak onetsi ondoren, nahitaez bete beharko dituzte ikastetxe guztiek. Egutegia betearaztea ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna da, eta egutegien aplikazioa gainbegiratzea eta kontrolatzea, berriz, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena.

5. Ikastetxe bakoitzaren eskola egutegia ikastetxeko iragarki-taulan ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimen idatzia ematen.

6. 2022-2023 ikasturteko eskola egutegia.

Eskola egutegia deskargatu (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2206940