114. ALDIZKARIA - 2022ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

330/2022 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” egiteko laguntzen 2022rako oinarri arautzaileak eta deialdia. DDBN identifikazioa: 626915

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Eskumen horien barnean dago nekazaritza eta basogintzaren sektorea garatu, modernizatu edo egokitzeko sustapena, azpiegiturak eginez, lurrak finkatzeko eta hobetzeko, eta energiaren eta uraren hornidura eta aurrezpena eginez.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 71. artikuluak arautzen du nola eskuratu inbertsioetarako finantzaketa, baita haren zenbatekoa ere, barne banaketako obretan, presiozko sareen bidezko barne banaketarako, baita lurralde hobekuntzetan, nekazaritza azpiegituren xedeko jarduketa eremuetan lurrak ureztalur bihurtzen direnean edo ureztatzea modernizatzen denean. Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzen duen erregelamenduak (martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsia) adierazten ditu irizpideak ezartzeko zer dirulaguntza portzentaje jaso dezaketen, aipatutako inbertsioengatik, toki entitateek edo parekatutako erakundeek.

Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aldatu egin du Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea, eta, ondorioz, 71. artikuluaren 1. apartatuaren arabera, nekazaritza-azpiegituretan jarduteko eremuetan egin beharreko obrak honela sailkatzen dira: interes orokorreko obrak, zeinak Foru Komunitateko Administrazioak nahitaez egin beharrekoak baitira, salbu eta herri-lurretako barne banaketari buruzkoak, toki entitateek sustatu eta eginen baitituzte.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak nekazaritzaren garapena arautzen du Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez (LGENF) eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua; haren 17. artikuluan aktibo fisikoetan inbertitzeko neurria ezarri zuen, eta azpineurri berariazko gisa, berriz, artikulu horren 1, c) puntuan zehazten zena, honako honi buruz: nekazaritza eta basogintzaren sektorea, silbikultura, garatu, modernizatu edo egokitzeko azpiegiturak, barnean direla nekazaritza eta baso azaleretarako sarbidea, lurrak finkatzea eta hobetzea, eta energiaren eta uraren hornidura eta aurrezpena.

Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako programak (onetsi zena Europako Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko C (2015) 8143 Erabakiaren bidez) azpineurri hau barne hartzen du. Horren barnean dago “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” eragiketa. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, nekazaritzako elikagaien sektoreari dagokionez.

Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 4ko 5/2020 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarrian xedatutakoa ezarri ahal izateko, zeinak Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea aldatu baitu eta herri-lurretako barne banaketari buruzko interes orokorreko obrak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egin ordez, toki entitateek sustatu eta eginen dituztela xedatzen baitu, ezinbestekoa izan da Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programa (LGP) aldatzea. Aldaketa hori Europako Batzordearen 2021eko azaroaren 19ko C (2021) 8534 Erabakiaren bidez onetsi da.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, “Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak” lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile bat lortu beharrez, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Erkideari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz.

Zehatz-mehatz, 1305/2013 Erregelamenduaren 17. artikuluari jarraikiz, eragiketa hau Europar Batasunak landa garapenaren arloan duen lehentasun honi dagokio: “ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea eskualde guztietan, eta nekazaritzako teknologia berritzaileak eta oihanen kudeaketa iraunkorra bulkatzea”.

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, hizpide baitu landa garapenari laguntzea Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

–Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Betearazpen Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, landa garapeneko neurriak eta baldintzazkotasuna.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu delegatua, zeinak osatu baitzuen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua, honako hauei dagokienez: kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratua, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzak eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkieken zehapen administratiboak.

Deialdi honen gastu-konpromisoa 2022ko eta 2023ko ekitaldien kargura eginen da, eta, 600.000 eurotik gorakoa denez, Nafarroako Gobernuaren baimena behar du aurretiaz. Nafarroako Gobernuak 2022ko martxoaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zaio Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari urte anitzeko gastua-konpromisoa hartzeko 2022. eta 2023. urteetarako, 2022ko ekitaldian “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” egiteko laguntzen deialdia finantzatzeko.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskumenak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

“Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” eragiketarako laguntzen oinarri arautzaileak onesten dira.

2. Deialdia onestea.

“Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” eragiketarako laguntzen deialdia onesten da, 2022ko ekitaldirako, aurreko puntuan ezarritako oinarri arautzaileekin eta baldintzekin bat.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 915.000 euroko gastua baimentzen da 2022ko Aurrekontu Orokorretako honako partida honen kargura: 710006 71500 7609 414100 “LGP LGENF 2014-2020. Herri-lurrak ureztatzeko azpiegituretarako inbertsioak”. Halaber, 915.000 euroko gastua baimentzen da 2023ko partida beraren kargura edo partida baliokidearen kargura, betiere kreditu aski eta egokia badago.

4. Onuradunenei aurrerakina egiteko aukera.

Emandako diru-kopuruaren % 50eko aurrerakina eskatzen ahalko da, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarri bezala, betiere justifikatzen bada funtsak aldez aurretik behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko. Behar hori frogatzeko, laguntzarako eskabidearekin batera, toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria aurkeztuko da, zeinean frogatuko baita diru-funtsak behar direla dirulaguntzaren helburuak betetzeko. Aurrerakina 2022ko Aurrekontu Orokorretako honako partida honen kargura ordainduko da, dirulaguntza emateko erabakiarekin batera: 710006 71500 7609 414100 “LGP LGENF 2014-2020. Herri-lurrak ureztatzeko azpiegituretarako inbertsioak”

5. Eskaerak aurkezteko epea 2022ko ekitaldiko deialdian.

Deialdi honetan, eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta handik 30 egun naturalera bukatuko, argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

6. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari jakinaraztea (DDBN).

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratu beharko dira.

7. Ebazpen hau igortzea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalera eta Ekonomia Aferetarako Bulegora.

8. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 13an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

“Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” egiteko laguntzen oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

1. Oinarri hauen xedea da Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 71. artikuluan ezarritako “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko azpiegituretarako inbertsioak” egiteko laguntza arautzea. Izan ere, artikulu horrek arautzen du nola eskuratu inbertsioetarako finantzaketa, baita haren zenbatekoa ere, barne banaketako obretan, presiozko sareen bidez, baita lurralde hobekuntzetan, nekazaritza azpiegituren xedeko jarduketa eremuetan lurrak ureztalur bihurtzen direnean edo ureztatzea modernizatzen denean. Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzen duen erregelamenduak (martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsia) adierazten ditu irizpideak ezartzeko zer diru-laguntza portzentaje jaso dezaketen, aipatutako inbertsioengatik, toki entitateek edo parekatutako erakundeek.

2. Laguntza hauetatik kanpo gelditzen dira, berariaz, ureztaketarako azpiegituretarako laguntzak baldin horien titulartasuna zuzenbide pribatuko pertsona juridikoek badute, baita lurzatien barnean dauden ureztaketarako instalazio pribatuak ere.

2. oinarria.–Laguntzaren helburua.

1. Laguntza honen helburu orokorrak dira nekazaritza eta basogintzaren sektorearen garapena, modernizazioa edo egokitzapena sustatzea, inbertsioak eginez ureztaketako azpiegiturak hobetzeko, modernizatzeko, eraldatzeko edo handitzeko, betiere haien titulartasuna edo kudeaketa zuzenbide publikoko pertsona juridikoei badagokie.

2. Laguntza honek erantzuten die Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan identifikatutako beharrei, zehazki N04 (Nekazaritzako industriako eta basogintzako enpresen lehiakortasuna handitzea) eta N21 (Nekazaritzako eta basogintzako ekoizpen sistemekin lotutako azpiegiturak indartzea) beharrei, eta, bereziki, bultzatzen ditu 1305/2013 Erregelamenduak (EB) ezarritako Batasunaren lehentasunak:

P2: Eskualde guztietako nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea.

P5: Baliabideen efizientzia sustatzea, eta babesa ematea nekazaritza, elikadura eta basogintza sektoreetan bestelako ekonomia batera igarotzeari, hots, karbono gutxiko eta klima aldaketari aurre eginen dion ekonomia batera igarotzeari: 5A) Eraginkortasun handiagoa nekazaritzako uraren erabileran; 5B) Eraginkortasun handiagoa nekazaritzako energiaren erabileran

P6: Gizarteratzea, pobreziaren gutxitzea eta garapen ekonomikoa sustatzea landa eremuetan.

3. oinarria.–Entitate onuradunak.

Eragiketaren onuradun dira toki entitateak (udalak edo kontzejuak) edo parekatutako entitateak, baldin eta herri-ondasunetan edo Nafarroako Toki Administrazioaren buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarrian aipatzen diren erakundeen ondasunetan ureztatzeko ekipamendua jarri behar badute, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat etorrita egindako interes orokorreko jarduketa baten barruan.

4. oinarria.–Onartua izateko irizpideak.

1. Laguntzen eskaera aurkezteko egunean onartuak izateko irizpide hauek bete behar dituzte laguntzaren onuradunek:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea.

b) Toki entitateak edo erakunde parekatuak bete beharko ditu Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 40.5 artikuluan ezarritako baldintzak.

2. Onar daitezke honako baldintza hauek betetzen dituzten jarduketak:

a) Jarduketa koherentea izanen da Ebroko Arroa Espainiako barrutiko Plan Hidrologikoarekin, kontuan izanik haren helburuak, ekipamenduak, erreserbak eta neurrien programa.

b) Ureztaketako instalazioek nekazaritzako eta basogintzako sektoreetarako eta landa eremuetarako estatu-laguntzei 2014tik 2020ra bitarte aplikatu beharreko Europar Batasunaren zuzentarauek ezarritako betekizunak beteko dituzte, eta, bereziki, 1.1.1.1. puntuko 149. apartatuan ezarritako betekizunak (nekazaritzako ekoizpen primarioari lotutako nekazaritzako ustiategietako aktibo material eta immaterialetan inbertsioak egiteko laguntzak):

  • I) Inbertsio planean jasotako laguntzaren xede den azalerari dagokion ura neurtzeko moduko kontagailua sartzea inbertsioaren barnean, edo neurketa hori egiten duten gailuak aitzinetik badirela frogatzea.
  • II) Ureztaketa hobetu behar bada, aldez aurretik ebaluatzea hobekuntza horrek ahalbidetzen duela gutxienez ere uraren % 10eko aurrezpen potentziala, orain dagoen instalazio edo azpiegituraren parametro teknikoen arabera.
  • III) Inbertsioak “ona” baino egoera okerragoan dagoen azaleko ur-masa bati eragiten badio, betiere Ebroko Arroa Espainiako barrutiko Plan Hidrologikoaren sailkapenaren arabera, ur kantitatearekin lotutako arrazoiengatik, inbertsioak bermatuko du uraren kontsumoaren benetako murrizketa bat, inbertsioaren tamainaren araberakoa, eta, gutxienez, uraren % 50eko aurrezpen potentziala ekarriko du, inbertsioari esker.
  • IV) Lurrak ureztalur bihurtu behar badira, inbertsioak dirulaguntza jaso dezake soilik ur-masaren egoera “ona” baino egoera okerragoan dagoen egoera gisa sailkatu ez bada edo, inbertsio horrekin batera, aurretiaz dauden ureztalurren hobekuntzarako inbertsioa egiten bada, betiere, aurretiazko ebaluazio batean, ureztalur horiek uraren % 10eko aurrezpen potentziala ahalbidetzen dutela erakutsi bada, orain dagoen instalazio edo azpiegituraren parametro teknikoen arabera. Inbertsioak, orotara hartuta, bermatu behar du uraren kontsumoaren benetako murrizketak gutxienez uraren % 50eko aurrezpen potentziala ekarriko duela inbertsioari esker. Halaber, azalera berriak ureztalur bihurtu behar badira, inbertsioek dirulaguntza jasotzen ahalko dute, nahiz eta IV. apartatu honetan xedatutakoa ez bete, ura 2013ko urriaren 31 baino lehen onetsitako urtegietatik hartzen badituzte eta zuzentarauen 149 f) apartatuan ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Ureztapen Planeko jarduketen zerrendan dagoen eremu batean sartua egonen da jarduketa.

e) Nekazaritzako azpiegituren jarduketa orokorrak, baldin lurrak ureztalur bihurtu behar baditu, edo ureztaketa modernizatu behar badu, aldeko ingurumen eraginaren adierazpena izan beharko du, agintaritza eskudunak onetsia.

f) Ureztalur bihurtzeko edo ureztaketa modernizatzeko nekazaritzako azpiegituren jarduketa orokorraren perimetroaren barnean egonen da eragiketa. Aipatutako perimetroa foru dekretu bidez onetsita egon beharko da.

d) Jarduketak uren emakidaren onuradun titularra den Ureztatzaileen Elkartearen onespen berariazkoa beharko du, baita lurren titularra den toki entitatearena ere. Ureztatzaileen Elkartearen onespena hidranteraino egin beharreko interes orokorreko obrei buruzkoa izanen da, eta toki entitatearen onespena emanda dagoela ulertuko da laguntza lortzeko eskaerarekin berarekin.

5. oinarria.–Dirulaguntza jaso dezaketen inbertsioak.

1. Dirulaguntza jaso dezakete Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 71.2.2. d) artikuluan jasotako inbertsioek, toki entitateek sustatu eta egindako interes orokorreko obrei dagokienez, baldin eta herri-lurretako barne banaketa ukitzen badute eta barne banaketarako azpiegitura hidraulikoko obrak badituzte, betiere instalazioen proiektu orokor batean jasota egonik, egiten direnean toki entitateen ondasunetan edo Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarrian aipatutako erakundeen ondasunetan.

2. Inbertsioek ingurumenean kalterik ekar badezakete, jarduketa eremu horretarako egindako ingurumen eraginaren azterketan eta ingurumen eraginaren adierazpenean ezarritakoak ez bezalakoak, lehenik beharrezkoa izanen da baimen egokia eskuratzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen arabera.

3. Inbertsio hauek bakarrik jaso dezakete dirulaguntza:

a) Instalazioen proiektu orokorrean jasotako barne banaketarako azpiegitura hidraulikoen obrak, herri-lurretan, barnean dela segurtasunaren eta osasunaren kapitulua. Obra horietan egindako gastuari kostuen moderazioa aplikatuko zaio deialdi honen 12. oinarrian jasotako erreferentziak kontuan hartuta. Instalazioen proiektu orokorrak hauek sartzen ahalko ditu, banaketa sareez eta ureztatzeko ekipoez gainera: lurra prestatzeko eta egokitzeko lanak, drainatzeko instalazioak eta obrak eta instalazioaren iragazketa, erregulazio eta kontrol elementuak, telekudeaketa barne.

b) Obren proiektua idazteko lanen gastuak, diruz lagungarria den kontrata bidezko exekuzio aurrekontuaren % 5, gehienez, kostuen moderazioa aplikatu ondoren, deialdiaren 12. oinarrian ezarritakoarekin bat. Gastu horietan sartzen ahalko dira proiektua idatzi duenak kontratazio mahaiari emandako aholkularitza teknikoak eragindakoak.

c) Inbertsioarekin lotutako azterlanen gastuak, baita proba teknikoenak ere, nahiz obren aurrekoak izan.

d) Obrako zuzendaritzari dagozkion gastuak, diruz lagungarria den kontrata bidezko exekuzio aurrekontuaren % 6, gehienez, kostuen moderazioa aplikatu ondoren, deialdiaren 12. oinarrian ezarritakoarekin bat.

e) Gastu orokorrak finantzatzen ahal dira, diruz lagungarria den kontrata bidezko exekuzio aurrekontuaren % 10, gehienez, kostuen moderazioa aplikatu ondoren, deialdiaren 12. oinarrian ezarritakoarekin bat. b) Industria mozkinak diruz lagungarria den kontrata bidezko exekuzio aurrekontuaren % 5 jasotzen ahalko du gehienez, kostuen moderazioa aplikatu ondoren, deialdiaren 12. oinarrian ezarritakoarekin bat.

4. Ez dira diruz laguntzen ahal eta, beraz, ez dira hautatzen ahal honako hauek:

a) BEZa.

b) Gehiegizko gastu guztiak, erreferentziako unitateko prezioen gainetik dauden prezioak dituzten obra-unitateetan egindakoak. Unitateko prezioak “Kostuen moderaziorako inbertsio moduluak” IV. eranskinean daude ezarrita, deialdiaren 12. oinarrian ezarritako erreferentziak aplikatuta. Proiektuek IV. eranskin horretan jasota ez dauden obra-unitateak dituztenean, kostuen moderaziorako erreferentziako prezioak izanen dira indarrean dauden TRAGSA tarifetan ezarritakoak.

c) Ez da finantzatuko bigarren eskuko ekipamenduaren erosketa.

d) Ezin dute dirulaguntzarik jaso gauzazko ekarpenek: obrak egitea, ondasunak, zerbitzuak, lurrak eta ondasun higiezinak.

e) Deialdiaren 12. oinarrian ezarritako erreferentziak kontuan hartuta, aurkeztutako obra-proiektuei eta obra-ziurtagiriei aplikatutako kostuen moderazioa gainditzen duen zenbatekoa.

6. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

Laguntzaren zenbatekoa hau izanen da: dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 50, baldin eta eskatzaileek betetzen badituzte martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren (martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen) 10. artikuluan azaltzen diren konpromisoak eta betekizunak eta ebazpen honetan zehaztutako betekizunak.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta balorazio irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, eskaeren arteko hurrenkera ezartzeko. Gehieneko puntuazioa 60 puntukoa izanen da, eta laguntza jaso ahal izateko gutxienekoa, 18 puntukoa.

2. Eskaeren lehentasuna honela ordenatuko da:

a) Ureztalur guztien aldean, instalazioa duen ureztalur portzentaje txikiena duten toki entitateak edo erakunde parekatuak. Eskaera egiteko azken egunean zehaztuko da ureztaketa egiteko instalazio osoa duen herri-lurren edo parekatuen azaleraren portzentajea, kontuan izanik zein den ureztalur izan daitekeen herri-lurren edo parekatuen azalera osoa, nekazaritza azpiegituren jarduketa eremuaren barnean. Eskaerak ordenatuko dira portzentaje txikienetik handienera, puntuak honela emanda:

% 0

20 puntu

>% 0-<% 50

15 puntu

≥ % 50-<% 90

10 puntu

≥% 90

5 puntu

b) Jarduketak ingurumeneko mugek ukitutako udalerrietan, Natura 2000 eremuetan egoteagatik. Udalerriaren azalera osoa kontuan hartuta, ingurumeneko mugek ukitutako azaleraren ehunekorik handiena duen udalerriari 10 puntu emanen zaizkio, eta, gainerakoei ehuneko horren araberako puntuazio proportzionala emanen zaie.

c) Jarduketak ura kutsa daitekeen tokietan –nekazaritzatik etorritako nitratoengatik–, uren kutsadura gutxitzeko eta prebenitzeko. 5 puntu baldin kutsa daitekeen eremuan badago eta 0 puntu ez badago.

d) Jarduketak lehentasunezko ustiategi gehiago dituzten toki entitateetan. Gehienez ere 25 puntuko baremoa ezarri da, honako tarte hauek dituena:

>100

25 puntu

51 eta 100 artean

15 puntu

21 eta 50 artean

10 puntu

5 eta 20 artean

5 puntu

<5

0 puntu

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Behin eskaeren lehentasuna ezarririk, aurreko oinarriko irizpideak aplikaturik, dirulaguntza esleituko da, deialdian kreditu erabilgarriak ezarritako mugarekin.

2. Bi eskabideren edo gehiagoren artean puntuazioan berdinketa gertatuz gero, lehentasunezko ustiategi gehien duen toki entitatearen espedientea lehenetsiko da, eta, berdinketak jarraitzen badu, ureztalur guztien aldean instalazioa duen ureztalurren ehunekorik txikiena duen titularraren espedientea lehenetsiko da.

3. Deialdirako dagoen aurrekontu kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira onartu ezin diren guztiak.

4. Dena dela, konkurrentzia prozeduraren eteteko puntuan gelditzen den onuradunak, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik laguntzarik jasotzen ez badu, dagoen aurrekontuaren araberako laguntza eskatzen ahalko du, ebazpena jakinarazi eta 30 eguneko epean. Halakoetan, bere eskaeran eta bere proiektuan proposatutako ekintzen artean zein mantentzen diren identifikatu beharko du. Birformulatutako eskaerak dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko ditu.

9. oinarria.–Entitate onuradunen betebeharrak.

1. Erakunde onuradunek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak ez ezik, betebehar eta konpromiso hauek bete beharko dituzte:

a) Esleitu beharreko loteen tamaina, gutxienez ere, nekazaritzako azpiegituretan esku hartu behar den eremuko oinarrizko ureztatze-azalera bezainbestekoa izateko konpromisoa, gutxienez ere hamabost urteko epean. Hala ere, honako inguruabarrak gertatzen direnean ez da ulertuko konpromiso hori bete gabe dagoela:

  • I) Oinarrizko ureztatze-azalera hori lortzea ezinezkoa denean, topografiaren, isolamenduaren edo ezintasun tekniko nabarmenaren ondorioz.
  • II) Herri-lurretan dauden eta gizarte funtzioa betetzen duten etxeko baratzeak direnean.

b) Laguntza ordaintzeko eskaerarekin batera, eraldaketarako edo modernizaziorako jarduketaren xede diren herri-lurretako laborantza loteen aprobetxamenduari buruzko araudi berezia aurkeztea, toki entitateak edo parekoak onetsia. Araudi horrek barnean hartu behar ditu ondokoak:

  • I) Loteak esleitzeko lehentasun ordena, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 40.5.b) artikuluarekin bat datorrena.
  • II) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua erantzukizunetik salbuestea, ureztaketa-instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik sor daitezkeen kalteak direla-eta.
  • III) Tarifa-egitura ezartzea, oinarri finko batez eta unitateko kontsumoarekin lotutako bi blokez osatua, halako moldez non zigorra ezarriko baita, martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren 10. artikuluak xedatutakoari jarraituz (foru dekretu horren bidez, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zen), baldin eta hektareako eta kanpainako kontsumoek gainditzen badute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak zona bakoitzean finkatutako erreferentziazko balioa.
  • IV) Kanpainaz kanpaina ureztalurretan ezarritako laboreei buruzko datu aipagarriak ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari edo horren sozietate publikoei, estatistika kontuetarako, eta nekazaritzako elikagaien eta energiaren industriek informazio hobea izan dezaten.

c) Inbertsioko obrak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoaren arabera adjudikatzea.

d) Laguntza ongi eman dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartzea, hala agiri bidezkoak, nola bertatik bertara egiten direnak.

e) Dirulaguntza jaso duten jarduketak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, horren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Inguruabar hori jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena. Ez bada jakinarazten, laguntzaren % 100 itzuli beharko da.

f) Emandako dirulaguntzari uko egitea toki entitateak erabakitzen badu laguntzaren xede diren inbertsioak ez egitea, edo toki entitateak inbertsio horiek ezin dituela egin dakienean. Kasu bietan 15 eguneko epearen barruan eman beharko du horren berri, toki entitateak erabakia hartzen duenetik edo jarduketa gauzatzea eragozten duten gertaeren berri duenetik zenbatuta.

Toki entitateak ez baditu inbertsioak egiten deialdi honetan ezarritako egunerako eta laguntzari uko egiten ez badio ezarritako epeetan, hurrengo bi deialdietan ez ditu eskatzen ahalko ebazpen honetan araututako laguntzak.

g) Hartutako funtsak dirulaguntza emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita hartutako funtsak aplikatzeko zer gastu egin diren justifikatzea ere.

h) Deialdi honetan xedatutakoa eta laguntza emateko proposamenaren izaeraren ondorioz ezartzen diren gainerako eginbeharrak betetzea.

i) Era berean, laguntzen onuradunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritakoa betez, dirulaguntzaren helbururako erabili beharko ditu ondasunak. Gutxienez zazpi urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira. Erregistro publikoan inskribatzen ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

j) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.

2. “Herri-lurretako lurzatiak ureztatzeko ekipamenduaren azpiegituretarako inbertsioak” egiteko laguntza eskaera aurkezteak berarekin ekarriko du oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoak onartzea.

10. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Onuradunak onartuko ditu gerora bete beharreko konpromisoak.

2. Honako hauek hartuko dira gerora bete beharreko konpromisotzat:

a) Herri-lurretako edo parekatuen lote azaleren tamainari eusteko konpromisoa, gutxienez ere hamabost urtez azken ordainketatik hasita, salbuespen hauekin:

  • I) Oinarrizko ureztatze-azalera hori lortzea ezinezkoa denean, topografiaren, isolamenduaren edo ezintasun tekniko nabarmenaren ondorioz.
  • II) Herri-lurretan dauden eta gizarte funtzioa betetzen duten etxeko baratzeak direnean.

b) Diruz laguntzen diren inbertsioei eusteko konpromisoa: Diruz lagundutako instalazioa egoera onean izateko konpromisoa, betiere dirulaguntza zertarako eman eta xede horretarako, gutxienez ere zazpi urtez azken ordainketatik hasita. Inbertsioak ez du aldaketa garrantzitsurik izanen, betiere aldaketaren eragileak ez badira izan hondamendi natural larriak edo ezinbesteak.

c) Loteak esleitzeko lehentasun ordenari eusteko konpromisoa –Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 40.5.b) artikuluarekin bat datorren ordenari–, gutxienez ere hamabost urtez azken ordainketatik hasita.

11. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazioa.

1. Eskaera Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko da. Teknikoki ezinezkoa baldin bada, eta hala justifikatzen bada, eskabideak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroan aurkezten ahalko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutakoarekin.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, egin gogo diren jarduketa guztiak azaltzen dituena.

2. Eskabidea deialdi honetako II. eranskinean ezarritako inprimakian bideratuko da.

3. Gainera, eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Obra-proiektua, toki entitateko osoko bilkurak edo organo baliokideak onetsi izanaren ziurtagiriarekin batera. 30.000 eurotik beherako obra gauzatzeko aurrekontua duten inbertsioen kasuan, memoria tekniko baloratua aurkezten ahalko da. Bi dokumentu horiek III. eranskinean deskribatutako gutxieneko edukia izan beharko dute. Proiektuaren edo memoria teknikoaren aurrekontua Excel formatuan ere aurkeztuko da, eta planoak PDF formatuan aurkeztuko dira, erabat bukatuta eta dagozkien legendak jarrita. Agiriak ez dira izanen 8 megabytetik gorakoak.

b) Deialdi honen 9. eta 10. oinarrietan ezarritako konpromisoak onartzen direla dioen ziurtagiria, V. eranskineko konpromisoen adierazpenaren inprimaki ereduaren arabera.

c) Hala badagokio, toki entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, zeinean frogatuko baita funtsen aurrerakina behar dela dirulaguntzaren helburuak betetzeko.

d) Adjudikazioa egin ondoren adjudikaziodunen zerrenda aurkezteko konpromisoa edo erantzukizunpeko adierazpena, toki entitatearen edo erakunde parekatuaren proiektu bakoitzeko, 4.1.b) oinarria betetzen dela frogatzeko.

12. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak dio proposatutako kostuen moderazioa egiaztatu behar dela, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten du. Ondorio horietarako, kostuen moderazioaren printzipioa aplikatu dela bermatzeko, instrukzio organoak metodologia hau erabiliko du:

a) Kontuan hartuko dira “Kostuen moderaziorako inbertsio moduluak” IV. eranskinean jasotako obra-unitateetarako unitateko gehieneko prezioen erreferentziak.

b) IV. eranskinean ezarrita ez dauden alderdietan TRAGSA estatuko sozietatean indarrean diren tarifak aplikatuko dira, haren web orrian aurreikusia dagoen bezala.

c) Dituzten ezaugarriengatik, aurreko kasuetan sartzen ez diren obra-unitateak edo inbertsioak badira, Balorazio Batzorde batek baloratuko ditu. Batzorde hori osatuko dute eragiketa kudeatzen duen bulegoko buruak eta bi teknikarik, eta aurrekontuaren aldeko txostena eman beharko dute, edo bestela, aurkeztutako aurrekontua modulatzeko proposamen bat eginen dute.

2. Onuradunak horretarako aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien obra-unitateak ez dira diruz lagungarritzat joko.

13. oinarria.–Instrukzio organoa.

Eragiketa honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari dagokio; atal hori atxikita dago Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari.

14. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

1. Instrukzio organoak eskaerak jaso ondoren, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 15 egun naturaleko epean zuzen ditzala eskatuko zaio entitate interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2 Behin eskaera osorik dagoela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpideetan oinarriturik.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta esleipen espedientean jaso beharko da entitate onuradunek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

15. oinarria.–Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik 3 hilabeteko epean gehienez.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak, 7. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa lortu ez dutenak eta, 4. oinarriaren arabera, onargarritasun irizpideak betetzen ez dituztenak.

Dena dela, norgehiagokako prozeduraren eteteko puntuan gelditzen den eskatzaileak, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik laguntzarik jasotzen ez badu, dagoen aurrekontuaren araberako laguntza eskatzen ahalko du, ebazpena jakinarazi eta 30 eguneko epearen barruan. Halakoetan, bere eskaeran eta bere proiektuan proposatutako ekintzen artean zein mantentzen diren identifikatu beharko du. Birformulatutako eskaerak dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko ditu.

4. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

16. oinarria.–Eskaerak aldatzea.

1. Bidezko arrazoiengatik entitate onuradunak beharrezkotzat jotzen badu hasiera batean onetsitako proiektuan aldaketa nabarmenak egitea, aldatzeko eskaera bat aurkeztu beharko du. Obrak bukatu aurretik aurkeztuko da eskaera hori.

Honako hau hartzen da aldaketa nabarmentzat: proiektuan jasotako obra-unitateetako batean kokapenean edota neurketan % 10etik gorakoa dena (gorantz zein beherantz), edo OGA diruz lagungarriaren % 10 gainditzen duten unitate berriak sartzen dituena. Teknikoki justifikatutako aldaketa nabarmenak soilik onetsiko dira, eraginik ez dutenak inbertsioaren helburuaren eta izaeraren gain, eta gutxiagotzen ez dutenak horiek emateko oinarritzat hartu zen baremoaren puntuazioa (puntuazio berriak ezin du izan onuraduna izateko beharrezkoa den gutxieneko puntuazioaren azpitik).

2. Proposatutako aldaketa behar bezainbat arrazoitu eta justifikatu beharko da.

3. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da aldaketak onestea. Onespen horrekin ere, hasiera batean onarturiko laguntzak ez dira handituko.

4. 16. oinarri honen 1. apartatuan definitutako aldaketa nabarmenak izan dituzten obra-unitateek instrukzio organoaren onespena lortzen ez badute, ez dute dirulaguntzarik eskuratzen ahalko.

17. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, laguntzak ordaintzeko eskabidea aurkezteko modua eta epeak.

1. Inbertsioa bukatzeko azken eguna 2023ko urriaren 31 izanen da 2022ko kanpainako laguntza eskaerentzat.

2. Aurrerakina eskatu duten toki entitateek laguntza ordaintzeko eskaera bakarra eginen dute, laguntza ematea eragin zuen inbertsioa egin dela egiaztatu ondoren. Eskaera hori 2023ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dute. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik harik eta aurkezten diren arte haren bukaeraren ziurtapena eta inbertsioaren gauzatzea frogatzen duten ordainketen fakturak eta agiriak. Laguntzaren azken likidazioa 2023ko aurrekontuaren kargura eginen da.

3. Aurrerakinik eskatu ez duten toki entitateek laguntza ordaintzeko bi eskaera eginen dituzte.

Ordaintzeko lehen eskaera 2022ko urriaren 31 baino lehen aurkeztuko da, 2022ko ekitaldirako laguntza emateko ebazpenean ezarritako gehieneko zenbatekoa jasotzeko, eta zenbateko hori exekutatu dela egiaztatzen duten obra-ziurtagiriak eta fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira.

Ordaintzeko bigarren eskaera 2023ko urriaren 31 baino lehen aurkeztuko da, laguntza ematea eragin zuen inbertsioa burutu dela egiaztatu ondoren. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik harik eta aurkezten diren arte haren bukaeraren ziurtapena eta inbertsioaren gauzatzea frogatzen duten ordainketen fakturak eta agiriak.

4. Ordainketa-eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) VI. eranskineko inprimakia (ordainketa-eskaera), fakturen eta ordainagirien zerrendarekin.

b) Fakturak eta ordainagiriak.

c) Obra-ziurtagiria (azken ordainketaren kasuan, azken likidazioa izanen da, eta obren harrera-aktarekin batera aurkeztuko da; lehen ordainketa partzialaren kasuan, euskarri duen konturako ziurtagiria izanen da).

d) VII. eranskina, hornitzailea aukeratzeko justifikazioarekin (bigarren ordainketan ez da berriro aurkeztu beharko lehen ordainketan jakinarazi ez zen adjudikaziorik egin ez bada).

5. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.

6. Laguntzak Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

7. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahalko zaizkie entitate onuradunei, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

8. Ordainketa-eskaera deialdian zehazturiko datak baino lehen aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez; hala aurkeztu ezean, dagokion dirulaguntza galduko da.

9. Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari dagokio deialdi honetako eskaerak ebaztea bost hilabeteko epean, gehienez ere, eskabidea aurkezten denetik.

18. oinarria.–Konpromisoak ez betetzea. Murrizketak eta salbuesteak ordainketan.

1. 10. oinarrian azaldutako gerora bete beharreko konpromisoak betetzen ez badira, laguntza itzuli beharko da, osorik edo partez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. eta 35. artikuluekin bat.

2. Konpromiso horiek noraino ez diren bete mailakatu eginen da, ondoren ezartzen diren irizpideekin bat, eta, horien arabera, azken ordainketan jasotako laguntza itzultzeko portzentajeak kalkulatuko dira, baita legez ezarritako berandutze-interesak ere:

a) 10.2.a) oinarria ez dela bete egiaztatzen bada, bertan ezarritako salbuespenak salbuespen, dirulaguntza itzuli beharko da mantendu ez den herri-lurretako edo parekatuetako lotearen azaleraren proportzioaren arabera.

b) 10.2.b) oinarria ez dela bete egiaztatzen bada, dirulaguntza itzuli beharko da mantendu ez den instalazioaren azaleraren proportzioaren arabera.

3. Ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak gertatuz gero, erakunde onuradunak idatziz jakinarazi beharko du, froga egokiak erantsita, gertakaria izan eta hogeita hamar egun balioduneko epearen barruan, eta betiere instrukzio organoak kontrola egin behar duela adierazi edo hura gauzatu baino lehenago.

4. Toki entitateak aurrerakina eskatu badu, baina hori ez badu aurreikusitako xedeetarako erabili, zenbateko hori kenduko zaio banaketa kontutik.

19. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Erakunde onuradunek Europar Batasuneko, estatuko eta Nafarroako araudian ezarritako beste laguntza batzuk eskatzen ahalko dituzte xede eta helburu bererako.

Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, ez bakarrik ez beste batzuekin batean, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, ezta estatu-laguntzei aplikatu beharreko Batasunaren zuzentarauetan ezarritako laguntza intentsitateak baino handiagoa ere.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea eta gardentasuna.

1. Onartutako inbertsioak 808/2014 (EB) Erregelamenduaren III. eranskineko 2. puntuan ezarritako mugak gainditzen baditu, onuradunak behar diren publizitate neurriak hartuko ditu, hain zuzen ere aplikatzekoak diren Europar Batasuneko arauetan aurreikusitakoak eta arau haiek garatzeko arauetan edo arau haien transposizioa egiteko arauetan aurreikusitakoak.

2. Guztira 10.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasotzen duten eragiketen kasuan, eta finantzatutako eragiketaren arabera, informazio panel bat ezarri beharko du, eragiketari buruzkoa (gutxienez ere A3 –297x420– tamainakoa), non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean.

3. Guztira 50.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasotzen duen eragiketa baten kasuan, onuradunak azalpen-plaka zurrun bat ezarri beharko du (gutxienez ere A0 –841x1189– tamainakoa), proiektuari buruzko informazioarekin, non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela.

4. Onuradunak proiektuaren edo eragiketaren deskribapena egiten duen bereizgarri bat jarri beharko du, horren % 25 hartuko duena, gutxienez. Gainera, Europako ikurra agertuko da, orri honetan dauden arau grafikoen arabera: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es. Harekin batera, goiburu hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: 2014-2020 aldian Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

5. Azkenik, laguntza hauen entitate onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: Nekazaritzako politika bateratuaren finantziazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, 111. artikulua.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. Eranskina.–Eskabidea.

V. eranskina.–Konpromisoen adierazpena.

VI. eranskina.–Ordainketa-eskaera.

VII. eranskina.–Hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzen duena.

Deskargatu II., V., VI. eta VII. eranskinak (DOC).

III. ERANSKINA

Proiektuen eta memoria teknikoen gutxieneko edukia

Proiektuek agiri hauek izanen dituzte:

–Memoria.

–Baldintza-agiria.

–Aurrekontua.

–Planoak, 1:500 eskalakoak edo zehatzagoak.

–Segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana, 1627/1997 Errege Dekretuarekin bat, zeinaren bidez eraikuntza lanetan gutxienez bete beharreko segurtasun eta osasun baldintzak ezartzen baitira.

a) Memoria:

–Behar beste deskribatu beharko ditu ureztatzeko instalazioaren ezaugarriak, halako instalazioetarako ohikoak diren obra-unitateak erabilita.

–Proiektuaren zati bat norberaren baliabideekin egin nahi bada, zehatz-mehatz azalduko da.

–Obrak adjudikatzean kontratuaren atalak bereiz beteko direla aurreikusten bada, bereiz erabili edo aprobetxatzeko modukoak direnean, bereizitako erabilera edo aprobetxamendu hori arrazoitu eta justifikatuko da obren proiektuaren memorian eta klausulen agirietan.

–Aurreikusten denaren arabera proiektuan bereizita adjudikatuko den zati bakoitzerako, aurkezten den proiektuan kontrata bakoitzeko aurrekontua, bereizita, sartu beharko da, bai eta proiektua egin eta obra zuzentzen dutenen ordainsariak, proiektuaren zati horri dagozkionak.

–Aurrekoaz gain, dokumentazioan egoera hori zehatz-mehatz eta espresuki agertuko da, aurkeztutako proiektuaren separata batean, zati bakoitzaren aparteko balorazioarekin batera.

–Memorian definitzen diren jarduketen erreferentzia geografikoak eta planoetako kokaguneak zehaztuko dira. Halaber, ureztatzeko instalazioa izanen duten m²-ak zehaztuko dira memorian, eta ekipatuko diren lurzatien zerrenda duen taula bat sartuko da, lurzati bakoitzaren azalera (metro koadrotan) eta perimetroa (metrotan) zehaztuta.

b) Baldintza-agiria:

–Proiektuetan baizik ez da eskatuko. Aurreko atalean definitu diren berezitasun guztiak biltzeaz gain, laguntza zer lanetarako eskatu den, lan horiek guztiak aipatu beharko ditu, eta adierazi, gutxienez, obra mota bakoitzean erabiliko diren bitartekoak.

c) Aurrekontua, honako agiriekin osatua:

–Neurketen taula.

–Prezioen taula:

  • Prezioen taula letraz.
  • Prezio xehakatuen taula (eskulana, makineria eta materialak).
  • Prezio osagarrien taula.

–Aurrekontu partzialak.

–Aurrekontuen laburpen orokorra.

Proiektuaren zati bat norberaren baliabideekin egin nahi bada, haren aurrekontua zehatz-mehatz azalduko da aurrekontu atalaren berariazko eranskin batean.

d) Planoak:

–Kokalekuaren planoa.

Plano zehaztua, 1:500 eskalakoa edo hortik gorakoa. Laguntza eskaeran aipatzen diren jarduketa guztien erreferentzia geografikoak emanen dira, eta lokalizatzeko moduan azaldu.

–Plano zehatzagoak eginen dira fabrika-obretarako, iragazteko eta punpatzeko instalazioetarako, etab.

–Kartografiaren legendak argiak izanen dira, eta aurrekontuan definitutakoari lotuak.

–Aurrekontuetako eta memoriako unitateek bat etorri beharko dute planoetan ageri direnekin.

e) Segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko azterlana.

Agiri hori proiektuetan soilik eskatzen ahalko da, eta haren edukiak bat etorri beharko du 1627/1997 Errege Dekretuarekin. Honako hauek bilduko ditu:

1. Memoria.

–Obren ezaugarrien deskribapena.

–Gauzatze-epea.

–Aurreikusitako langileak.

–Behin-behineko instalazioak eta osasun laguntza.

–Aurreikusitako makineria eta baliabide osagarriak.

–Arriskuen azterketa orokorra.

–Prebentzio neurriak.

2. Aurrekontua. Espedientean eskatutako aurrekontua oinarritzat harturik zehaztuko da.

Memoria teknikoa eskatzen bada, hauek sartu beharko dira memoria horretan: aurrekontua eta planoak, 1:500 eskalakoak edo zehatzagoak.

IV. ERANSKINA

Inbertsio moduluak

Aspertsio instalazioaren moduluak (Kostua: euro/hektarea) BEZik gabe*.

1 - 2

2 - 3

3 - 4

4 - 5

Perimetroa/Azalera indizea

0 - 3 ha

5.400

6.700

8.300

10.000

3 - 5 ha

5.000

6.200

6.700

7.500

5 - 9 ha

4.600

5.800

6.200

9 - 12 ha

4.200

5.000

Lotearen azalera

Pibot instalazioaren moduluak (Kostua: euro/hektarea) BEZik gabe*.

0 - 5 ha

5.400

Izkinetako ebakinak

5 - 7 ha

4.600

150 m-tik beherako erradioko pibota, aspertsio moduluaren aplikazioa

7 - -- ha

230 * ml

150 m-tik gorako erradioko pibota, 230 euroko moduluaren aplikazioa ml erradioko

Lotearen azalera

Pibotak ureztatutako azalera gehi izkinek ureztatuko azalera lotearen azalera edo hori baino txikiagoa izanen da.

Tantakako instalazioaren moduluak (Kostua: euro/hektarea) BEZik gabe*.

0 - -- ha

3.200

Tantakako modulua

Lotearen azalera

* Moduluetan iragazte, erregulazio, kontrol eta telekontroleko ekipoak eta instalazioak ere sartzen dira.

Drainatzeko instalazioaren moduluak (Kostua: euro/ml) BEZik gabe*.

Drain. estaldura 110 mm

9

110 mm-ko drainatze hodia, legarra eta geotestila, ureztatze azaleraren gainean jarrita

Drain. estaldura 160 mm

12

160 mm-ko drainatze hodia, legarra eta geotestila, ureztatze azaleraren gainean jarrita

Ebakuazio drain. 160 mm

18

160 mm-ko ebakuazio hodia, legarra eta geotestila, ureztatze azaleraren azpian jarrita

Aire zabaleko hustubidea

3.5

Aire zabaleko hustubidea, zeharkako ebakidura trapezoidalekoa

Egokitze moduluak - lotea. BEZik gabe.

Luberriketa

1.250

Kostua: euro/luberritutako hektarea

Hondeaketa – lur erauzketa

2

Kostua: euro/erauzitako m³, hondeamakinarekin edo bulldozerrarekin, eta gero kamioian kargatuta edo finkan zabalduta

Hondeaketa, harria

26

Hondeaketa, arroka, kostua: euro/m³, karga eta garraioa edo lurperatzea barne

Iragarkiaren kodea: F2207111