105. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21E/2022 EBAZPENA, maiatzaren 6koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira, lehenik, Toki Programazioko inbertsio lerroen arteko zenbatekoen hasierako banaketa, bigarrenik, horiek hautatzeko eta lehenesteko baldintzak, eta hirugarrenik, horiek Toki Inbertsioen Planean sartzeko eskabideetarako dokumentazio ereduak, 2023-2025 plangintzaldirako.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz onetsi zen martxoaren 22ko 8/2022 Foru Legea –Toki Inbertsioen Plana arautzen duena eta 2022ko apirilaren 1ean indarrean hasi zena–, toki entitateekiko lankidetza ekonomikorako tresna izan dadin. Haren helburu nagusia da nahitaezkoak diren udal zerbitzuen estaldura Foru Komunitate osoan hedatzen dela bermatzea.

Foru lege honen 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Toki Inbertsioen Plana azpiegiturak eta zuzkidurak instalatzeko, hobetzeko eta berritzeko inbertsioen multzoa da; honako apartatu hauetan daude horiek sailkatuta: Inbertsio Programak, Toki Programazioa eta Determinazio Libreko Programa.

Toki Programazioaren apartatuko plangintza hiru urtekoa izanen da 2023-2025 aldirako, 2026-2028 aldirako eta hurrengoetarako, hala badagokio.

II. tituluko II. kapitulua Toki Programazioari buruzkoa da, eta 11. artikuluan zehazten denez, honako inbertsio lerro hauek sartzen dira Programa horretan:

A. Hornidurako, saneamenduko eta euri uretako sareak.

B. Zoladura saredunak.

C. Sarerik gabeko zoladura lanak.

D. Zeharbideen urbanizazio lanak.

E. Udal eta kontzejuetako zuzkidurak.

16. artikuluak Toki Programazioaren apartatuan sartzeko prozedura zehazten du; hona hemen, zehazki, prozedura hori:

1. Toki Araubidearen Foru Batzordeak txostena egin ondoren, toki administrazioaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiak emandako ebazpen baten bidez onetsiko da zenbatekoen hasierako banaketa egitea inbertsio lerroen artean eta, horrekin batera, inbertsioak hautatu eta lehenesteko baldintzak, Toki Inbertsioen Planeko Toki Programazioaren apartatuan sartzeko, 19. artikuluan eta III. eranskinean zehazten diren irizpide orokorrei jarraikiz.

2023-2025 aldirako, ebazpena aurkeztu beharko da 15 egun naturaleko epean foru lege honek indarra hartu eta biharamunetik hasita.

2. Toki erakunde interesdunek bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dituzte inbertsioak Toki Programazioaren apartatuan sartzeko eskabideak, aipatutako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

19. artikuluan Toki Programazioko eskabideak hautatzeko eta lehenesteko prozedura garatzen da; izan ere, bi aldagairen araberako formula bati jarraikiz gauzatuko da prozedura hori; hona hemen bi aldagai horiek: batetik, inbertsiorako beharraren maila –IBMa–; eta bestetik, aurreko planetako ekarpenen bolumena –PEBa–.

Inbertsiorako beharraren mailaren kalifikazioak 8/2022 Foru Legearen III. eranskineko irizpideen eta sailkapen orokorraren arabera zehaztuko dira. Eranskin horretan zehazten denez, jarduketen sailkapen orokorra handitu eta zehazten ahalko da zenbatekoek inbertsio lerroen artean izanen duten hasierako banaketa eta inbertsioak hautatzeko eta lehenesteko baldintzak (Toki Programazioko apartatuan sartze aldera) onesteko dagokion Ebazpenean.

Ebazpen berean, eta 16.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Toki Programazio eskabideekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa zehaztu eta inprimakiari, erantzukizunpeko adierazpenari eta dagozkion ziurtagiriei buruzko dokumentazio ereduak argitaratuko dira.

Espedientean jasota daude Toki Azpiegituren Zerbitzuaren txostena –apirilaren 25ekoa– eta 2022ko maiatzaren 5eko txosten osagarri bat, zeinaren bidez proposatzen baitira, batetik, Toki Programazioko inbertsio lerro bakoitzerako zenbatekoen hasierako banaketa 2023-2025 plangintzaldirako, eta bestetik, hautatzeko eta lehenesteko baldintzak –1. eranskinekoak– eta dokumentazio ereduak –2., 3., 4. eta 5. eranskinetan bilduak– proposatzen dituena.

Ekitaldi bakoitzerako proposatutako zenbatekoen banaketari % 3rainoko erreserba kenduko zaio larrialdi prozeduraren bidez behin betiko sartzeei eta ordainketei aurre egiteko, eta % 10erainoko erreserba, berriz, gehieneko ekarpen ekonomikoaren balizko gehikuntzetarako, behin-behineko sartzean finkatutako ekarpenari dagokionez.

Halaber, Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuaren 2022ko apirilaren 25eko txostena eta Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuaren 2022ko apirilaren 25eko txostena ere jasota daude.

Horiek horrela, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2023-2025 plangintzaldirako zenbatekoen hasierako banaketa onartzea, taula honen arabera:

2023

2024

2025

%

Hornidurako, saneamenduko eta euri uretako sareak

3 600 000,00

3 600 000,00

3 600 000,00

% 30

Zoladura saredunak

3 840 000,00

3 840 000,00

3 840 000,00

% 32

Sarerik gabeko zoladurak

1 440 000,00

1 440 000,00

1 440 000,00

% 12

Zeharbideen urbanizazio lanak

960 000,00

960 000,00

960 000,00

% 8

Udal eta kontzejuetako zuzkidurak

2 160 000,00

2 160 000,00

2 160 000,00

% 18

12 000 000,00

12 000 000,00

12 000 000,00

2. Hautatzeko eta lehenesteko baldintzak onartzea, 1. eranskinaren arabera.

3. Inprimaki eredua –aldi baterako programazioaren proposamena biltzen duena– onestea, inbertsioaren lehentasun-ordenarekin, dokumentazio espezifikoarekin eta Toki Programazioko inbertsio lerro bakoitzerako aurkeztu beharreko inbertsiorako beharraren maila justifikatzeko dokumentazioarekin, 2.1, 2.2, 2.3, 2.4 eta 2.5 eranskinei jarraikiz.

4. Foru Legean ezarritako baldintzak betetzeari eta jasandako BEZaren kenkariari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua onartzea, 3. eranskinari jarraikiz.

5. Eskumenak eskuordetzan eman izana egiaztatzen duen ziurtagiriaren eredua onartzea, 4. eranskinaren arabera.

6. 8/2020 Foru Legearen 21. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko ziurtagiriaren eredua onartzea, kontzejuko komunitatearen interes esklusiboko inbertsioak direnean, kontzejuek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaz baliatuz bere gain hartutakoak, 5. eranskinari jarraikiz.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta bi hilabeteko epea ematea, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, toki entitate interesdunek Toki Inbertsioen Plana Toki Programazioaren apartatuan sartzeko eskabideak aurkez ditzaten.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 6an.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Gómez.

1. ERANSKINA

Hautatzeko eta lehenesteko baldintzak

Inbertsiorako beharraren maila –IBMa– zehaztea.

Inbertsiorako beharraren maila –IBMa– irizpide orokor hauen arabera zehaztuko da, obra mota kontuan hartuz:

Hornidurako, saneamenduko eta euri uretako sareak:

Inbertsiorako beharraren maila –IBMa– zehaztuko da sarearen gorabeheretan eta sarearen beraren ezaugarrietan oinarrituta.

–Hauek hartzen dira gorabeheratzat: ihesak egotea, kutsadura arazoak eta presio gutxiegi edo gehiegi izatea hornidura sarean, gehiegizko emariak hondakin uren araztegietan sortutako disfuntzioak, ur beltzen isuriak ur ibilgura, saneamendu sareko buxadurak eta zerbitzuaren funtzionamendu egokiari eragiten dioten beste batzuk.

–Sarearen ezaugarriei dagokienez, kontuan hartzen dira antzinatasuna, material mota eta haren kontserbazio egoera, hodien sekzioak eta sarea bateratua edo bereizlea den.

Euri uretako sareetarako inbertsioak egiteko eskabideak daudenean, hornidurako eta saneamenduko sareetako inbertsioekin batera egin beharrekoak eta toki erakunde batek baino gehiagok aurkeztuak, biei inbertsiorako beharraren maila –IBMa– bera emanen zaie.

Zoladura saredunak:

Zoladura saredunak egiteko obretan, inbertsiorako beharraren maila –IBMa– izanen da harekin batera gauzatu beharreko sareen inbertsioari esleitu zaion berbera.

Sarerik gabeko zoladurak:

Inbertsiorako beharraren maila –IBMa– zehaztuko da kontuan hartuz zoladuraren egoera, erabileraren intentsitatea eta irisgarritasun faltarekin lotutako arazoak eta segurtasunerako arriskuak. Hormen kasuan, egituraren egonkortasunari dagozkion arriskuak baloratuko dira.

Zeharbideen urbanizazio lanak:

Inbertsiorako beharraren maila –IBMa– zehaztuko da bi parametro hauen arabera:

–Irisgarritasunari eta oinezkoen segurtasunari eragiten dieten alderdiak, hala nola espaloien egoera edo espaloirik ez izatea, trafikoaren intentsitatea, errepide mota, bidearen zabalera eta oinezkoan zirkulazioa, besteak beste.

–Hornidura eta saneamenduko sareen egoera, sareko gorabeherak eta sarearen ezaugarriak baloratuz, hornidurako, saneamenduko eta euri uretako sareen inbertsio lerrokoen balorazioaren antzera.

Udal eta kontzejuetako zuzkidurak:

Inbertsiorako beharraren maila –IBMa– zehaztuko da parametro hauen arabera:

–Kasuan kasuko eraikinaren edo barrutiaren segurtasunaren, bizigarritasunaren eta funtzionamenduaren gaineko erasanak, Eraikingintzaren Kode Teknikoa edo nahitaez bete beharreko beste araudi bat ez betetzeagatik.

–Eraberritzearen xede den eraikina erabiltzeko baldintzak.

–Eraikin edo barrutiaren ezaugarriak: antzinatasuna, eraikuntza mota, guneen barruko banaketa, materialak, instalazioak eta kontserbazio egoera orokorra.

Eraikinak egiteko obra finantzagarriak, 8/2022 Foru Legearen 14. artikuluko 1. apartatuko E a letran aipatzen direnak, premiazkotzat hartuko dira.

–Inbertsio finantzagarrietan beharraren maila desberdinak dituzten jarduketak daudenean, inbertsioari aurrekontu ehuneko handiena dakarren beharraren maila ezarriko zaio.

Jarduketen sailkapen orokorra, inbertsiorako beharraren mailaren arabera.

Hornidurako, saneamenduko eta euri uretako sareak:

a) Premiazko inbertsioak:

–40 urte edo gehiagokoak izanik ihesak maiz izaten dituzten hornidurako eta/edo saneamenduko sareak berritzea.

–Sareen egoeraren ondorioz kutsadura arazoak maiz izaten dituzten saneamenduko sareak berritzea.

–Araztegietan eta/edo sareetan disfuntzio larriak –ur-ibilgurako isurketak maiz sortzen dituztenak– eragiten dituzten saneamenduko sareak berritzea.

–Hornidurako eta/edo saneamenduko sareak berritzea, egoera txarra orokorra denean, hodiek narriadura larria izateagatik.

–Bestelako gorabehera larriak dituzten hornidurako eta/edo saneamenduko sareak berritzea.

–Euri uren sareak berritu edo paratzea, hiri lurzoruan sortzen diren jariatze urak husteko nahikoa gaitasun hidraulikoa ez duten hodiak dituzten herrietan, horrek behin baino gehiagotan uholdeak eragin baditu jendea bizi den tokietan.

b) Epe laburrean beharrezkoak diren inbertsioak:

–40 urte edo gehiagokoak izanik noizbehinkako ihesak izaten dituzten hornidurako eta/edo saneamenduko sareak berritzea.

–Sareen egoeraren ondorioz noiz edo behin kutsadura arazoak izaten dituzten saneamenduko sareak berritzea.

–Araztegietan eta/edo sareetan muntako disfuntzioak –noiz edo behin ur-ibilgurako isurketak sortzen dituztenak– eragiten dituzten saneamenduko sareak berritzea.

–Hornidurako eta/edo saneamenduko sareak berritzea, egoera txarra orokorra denean, hodiek muntako narriadura izateagatik.

–Muntako beste gorabehera batzuk dituzten hornidurako eta/edo saneamenduko sareak berritzea.

–Euri uren sareak berritu edo paratzea, hiri lurzoruan sortzen diren jariatze urak husteko nahikoa gaitasun hidraulikoa ez duten hodiak dituzten herrietan, horrek uholdeak eragiten ahal dituenean jendea bizi den tokietan.

c) Komenigarriak diren obrak:

–30 urte edo gehiagokoak izanik ihes puntualak izaten dituzten hornidurako eta/edo saneamenduko sareak berritzea.

–Sareen egoeraren ondorioz kutsadura arazo puntualak izaten dituzten saneamenduko sareak berritzea.

–Hornidurako eta/edo saneamenduko sareak berritzea, egoera txarrean daudenean, hodiak hondatuta daudelako.

–Araztegietan eta/edo sareetan disfuntzio arinak –ur-ibilgurako isurketa puntualak sortzen dituztenak– eragiten dituzten saneamenduko sareak berritzea.

d) Lehentasunik gabeko lanak:

–Aurreko kasuetan sartuta ez daudenak.

Sarerik gabeko zoladurak:

a) Premiazko inbertsioak:

–Egoera txarrean dauden bide publikoak berritzea, eraikigintzak finkatutako hiri eremuetan, oinezkoentzat edo zerbitzu publikoetarako ibilgailuentzat segurtasun edo irisgarritasun arazo larriak eragiten dituztenean.

–Egoera txarrean dauden bide publikoak berritzea, oinezkoentzat edo zerbitzu publikoetarako ibilgailuentzat segurtasun edo irisgarritasun arazo larriak eragiten dituztenean, bestelako sarbiderik ez badago.

–Eustormak, haien egonkortasuna kolokan dagoenean eta segurtasun arrisku larria dagoenean.

b) Epe laburrean beharrezkoak diren inbertsioak:

–Egoera txarrean dauden bide publikoak berritzea, eraikigintzak finkatutako hiri eremuetan, oinezkoentzat edo zerbitzu publikoetarako ibilgailuentzat muntako segurtasun edo irisgarritasun arazoak eragiten dituztenean.

–Egoera txarrean dauden bide publikoak berritzea, oinezkoentzat edo zerbitzu publikoetarako ibilgailuentzat muntako segurtasun edo irisgarritasun arazoak eragiten dituztenean, bestelako sarbiderik ez dagoenean.

–Oinezkoentzako ibilbideak egitea toki erakundeko bizilagunen interes orokorreko zerbitzuetako instalazioetan, oinezkoentzat muntako irisgarritasun edo segurtasun arazoak daudenean.

–Eustormak, eraikuntza arazoak dituztenak eta segurtasunerako muntako arrisku egoerak sortzen ahal dituztenean.

c) Komenigarriak diren obrak:

–Nola-halako egoeran dauden bide publikoak berritzea, eraikigintzak finkatutako hiri eremuetan, oinezkoentzat edo zerbitzu publikoetarako ibilgailuentzat segurtasun edo irisgarritasun arazoak eragiten dituztenean.

–Nola-halako egoeran dauden bide publikoak berritzea, oinezkoentzat edo zerbitzu publikoetarako ibilgailuentzat segurtasun edo irisgarritasun arazoak eragiten dituztenean, bestelako sarbiderik ez dagoenean.

–Toki erakundeko bizilagunen interes orokorreko zerbitzuetako instalazioetan oinezkoentzako ibilbideak egitea, oinezkoentzat irisgarritasun edo segurtasun arazo puntualak daudenean.

–Eustormak, egoera txarrean daudenak, egonkortasuna eta segurtasuna kolokan ez daudenean.

d) Lehentasunik gabeko lanak:

–Aurreko kasuetan sartuta ez daudenak.

Zeharbideen urbanizazio lanak:

a) Premiazko inbertsioak:

–Espaloirik gabeko zeharbideak.

–Segurtasun edo irisgarritasun arazoak sortzen dituzten espaloi etenak eta estuak dituzten zeharbideak.

–Segurtasun edo irisgarritasun arazoak sortzen dituzten espaloiak dituzten zeharbideak, beren apartatu espezifikoan premiazkotzat jotzen diren hornidurako eta/edo saneamenduko sareekin.

Herri lanen arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiarekin hitzarmen bat izenpetua duten zeharbideak.

b) Epe laburrean beharrezkoak diren inbertsioak:

Muntako segurtasun edo irisgarritasun arazoak sortzen dituzten espaloiak dituzten zeharbideak.

–Dagokien apartatu espezifikoan premiazkotzat edo epe laburrean beharrezkotzat jotzen diren hornidurako eta/edo saneamenduko sareek ukitutako zeharbideak.

c) Komenigarriak diren obrak:

Segurtasun edo irisgarritasun arazo txikiak sortzen dituzten espaloiak dituzten zeharbideak.

–Komenigarritzat jotzen diren hornidurako eta/edo saneamenduko sareek ukitutako zeharbideak.

d) Lehentasunik gabeko obrak:

–Aurreko kasuetan sartuta ez daudenak.

Udal eta kontzejuetako zuzkidurak:

a) Premiazko inbertsioak:

–Erabilera anitzeko zentro, udaletxe edo kontzeju-etxe gisa erabiliko diren eraikinak egiteko obrak, halako instalaziorik ez duten toki erakundeetan edo, izanik ere, horiek birgaitzearik ez dagoenean arrazoi tekniko edo ekonomikoengatik.

–Eraikinaren egonkortasuna kolokan jartzen duten egitura arazoak konpontzeko inbertsioak.

–Erabilera publikoko barrutietan irisgarritasun arazo larriak konpontzeko inbertsioak.

–Araudiaren ez-betetze larriak konpontzeko inbertsioak igerileku eta hilerrietan.

–Jarduera sailkatuen arloko araudiaren ez-betetze larriak konpontzeko inbertsioak.

–Udaletxe edo kontzeju-etxe gisa erabiltzen diren eta egoera txarra orokorra duten eraikinetako inbertsioak, egokitzapen funtzionaleko arazo larriak konpontzeko.

–Birgaitze energetikoko inbertsioak, erosotasun klimatikoaren aldetik arazo larriak eta oso efizientzia txikia dituzten eraikinen kontsumoak eta emisioak nabarmen gutxitzea ekarriko dutenak.

–Estankotasun arazo larriak dituzten teilatuak birgaitzea.

–Egokitzapen funtzionalaren aldetik arazo larriak dituzten eraikinak edo barrutiak handitzea.

b) Epe laburrean beharrezkoak diren inbertsioak:

–Birgaitze energetikoko inbertsioak, efizientzia txikiko eraikinen kontsumoak eta emisioak gutxitzea ekarriko dutenak.

–Erabilera publikoko barrutietan muntako irisgarritasun arazoak konpontzeko inbertsioak.

–Araudiaren muntako ez-betetzeak konpontzeko inbertsioak igerileku eta hilerrietan.

–Jarduera sailkatuen arloko araudiaren muntako ez-betetzeak konpontzeko inbertsioak.

–Kirol, gizarte edo kultur erabilera duten eraikinetako inbertsioak, egoera txarra orokorra denean, egokitzapen funtzionaleko muntako arazoak konpontzeko.

–Pilotalekuak estali eta/edo ixtea jendea bildu eta jarduerak betetzeko instalazio egokirik ez duten toki erakundeetan.

–Egokitzapen funtzionalaren aldetik muntako arazoak dituzten eraikinak edo barrutiak handitzea.

c) Komenigarriak diren obrak:

–Erabilera publikoko barrutietan irisgarritasun arazo arinak konpontzeko inbertsioak.

–Araudiaren ez-betetze arinak konpontzeko inbertsioak igerileku eta hilerrietan.

–Jarduera sailkatuen arloko araudiaren ez-betetze arinak konpontzeko inbertsioak.

–Bakarkako inbertsioak, inguratzaile termikoa hobetzeko edo klimatizazio, argiteria edo ur bero sanitarioaren instalazioen energia efizientzia hobetzeko.

–Iturgintza eta saneamenduko instalazioetako inbertsioak, uraren erabilera efizienteagoa izateko.

–Egokitzapen funtzionalaren aldetik arazo txikiak dituzten eraikinak edo barrutiak handitzea.

–Kirol, gizarte edo kultura erabilera duten eraikinetako, kontzeju-etxeetako edo udaletxeetako inbertsioak, egokitzapen funtzionaleko arazo txikiak konpontzeko.

d) Lehentasunik gabeko obrak:

–Aurreko kasuetan sartuta ez daudenak.

Toki inbertsioen planetako ekarpenen bolumenaren –PEBaren– adierazlea zehaztea:

Ekarpenen bolumenaren adierazlea toki inbertsioen azken bi planetako edo, hala badagokio, bi plangintza aldietako ekarpenekin kalkulatuko da. Finantzarioki jasangarriak diren inbertsioen plana 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean sartuta dagoela ulertuko da.

Kontuan hartuko dira, batetik, bukatutako espedienteetako behin betiko ekarpenak eta, bestetik, abian diren espedienteetako gehieneko ekarpenak, inbertsioak sartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den eguna erreferentzia gisa hartuta.

Kontzeptu honetan, puntuazioa emanen zaio eskabide bakoitzari inbertsioaren onuradun den toki erakundearen arabera, hau da, inbertsioa gauzatuko den lurraldeko toki erakundea zein den kontuan hartuz, berezitasun hauekin:

–Mankomunitateek ez dute izanen esleituta PEB ekarpenen bolumenerako balio bereki bat, eta, horren ordez, haien eskabideei aplikatuko zaie inbertsioa gauzatuko den lurraldeko toki erakundearena.

–Udal eraikinei eragiten dieten inbertsioak udalerriari esleitzen zaizkio, nahiz eta eraikina kontzeju baten lurraldean egon.

Per capita ekarpena kalkulatzeko, kontuan hartuko da toki erakundearen populazio zifra ofiziala, 8/2022 Foru Legearen 16. artikuluko 1. apartatuan aipatzen den ebazpena argitaratu aurreko urteko abenduaren 31koa.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

2.1. eranskina. Hornidurako, saneamenduko eta euri uretako sareei buruzko eskabide inprimakia eta justifikatzeko dokumentazioa.

2.2 eranskina. Zoladura saredunari buruzko eskabide inprimakia eta justifikatzeko dokumentazioa.

2.3 eranskina. Sarerik gabeko zoladurari buruzko eskabide inprimakia eta justifikatzeko dokumentazioa.

2.4 eranskina. Zeharbideen urbanizazioari buruzko eskabide inprimakia eta justifikatzeko dokumentazioa.

2.5 eranskina. Udal eta kontzeju zuzkidurei buruzko eskabide inprimakia eta justifikatzeko dokumentazioa

3. eranskina. 8/2022 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzeari eta jasandako BEZa kentzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

4. eranskina. Eskumenak eskuordetzea egiaztatzeko ziurtagiriaren eredua.

5. eranskina. 8/2020 Foru Legearen 21. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko ziurtagiriaren eredua, kontzejuko komunitatearen interes esklusiboko inbertsioak direnean, kontzejuek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 39. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoaz baliatuz bere gain hartutakoak, 5. eranskinari jarraikiz.

Deskargatu 2.1 eranskinetik 5.era bitartekoak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2206703