104. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

11E/2022 EBAZPENA, apirilaren 20koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira ofizialki onartutako aisialdiko eskolek ekipamendua erosteko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak. DDBN identifikazioa: 623708

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari atxikitako Nafarroako Gazteriaren Institutua arlo hauen gaineko eskumenak bere gain dituen erakunde autonomoa da: gazteria; gazteentzako zerbitzuen eta jardueren garapena bultzatzea gazteek gizartean parte hartzeko eta beren egoera alderdi guztietatik hobetzeko; genero berdintasuna sustatzea; bizi-ohitura osasungarriak eta balioen garapena sustatzea; gazteen arteko lankidetza eta elkartasuna; eta Nafarroako gazteen eskakizunei erantzuten dieten gainerako arloak.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak, bere 14. artikuluan (Gazteriaren arloko berariazko politikak), gazteria arloko hezkuntza ez-formalaren eremua azaltzen du. Gazteria arloko hezkuntza ez-formala arautu gabeko jardueren multzo bat da, helburu duena pertsonaren garapena bultzatzea. Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskolak irakasten ahalko du (ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuaren bidez sortu zen eskola), hori baita gazteen bizitzan hezkuntza ez-formala bultzatzen duen entitatea, bai eta ofizialki onartutako aisialdiko eskolek ere.

Gazteriaren Foru Estrategia 2020-2023 delakoak aisialdiak gaztaroan duen garrantzia nabarmentzen du. Aisialdi hezigarria eta komunitarioa elkarbizitza, atsedena, dibertsioa eta garapen pertsonala dira. Gainera, alderdi ludiko bat du, eta hori ezinbestekoa da pertsonaren oreka sozial, fisiko, psikologiko eta emozionalerako. Alderdi ekologiko bat ere bai, behartzen baitu inguruneari begiratzera eta hura zaintzera, eta estutzen gaitu ingurumenean uzten dugun inpaktuaren inguruan. Aisialdi hezigarriko lokalak eta erakundeak sozializaziorako espazioak dira, erreferentzia positiboko figurak dituztenak eta oinarri hartzen dutenak borondatezko parte-hartze automotibatua eta atsegingarria, baina errealitate eta esperientzia desberdinak dituzten beste pertsona batzuekin lotuta, hezkuntza-ekintza eta komunitatearen garapena sustatzeko asmoz.

Ekainaren 21eko 235/1999 Foru Dekretuaren bidez, Haur eta Gazteen Aisialdirako Eskolen onarpen ofiziala, Eskola horien eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko harremanak eta Haur eta gazteen astialdirako hezitzaileen prestakuntza arautu ziren. Bestalde, Nafarroako Foru Komunitatean aire zabalean egiten diren gazteendako jarduerak arautzen dituen abuztuaren 22ko 107/2005 Foru Dekretuaren arabera, beharrezkoa da aisialdiko jardueretako begiraleak eta zuzendariak egotea, horiek bermatuko baitute, beren prestakuntzan eta esperientzian oinarrituta, segurtasunez garatzen direla gazteendako jarduera mota hauek.

Ofizialki onartutako gazteen aisialdirako eskolentzako laguntza hori gauzatzeko, Gazteriari buruzko Foru Legean aurreikusirik baitago, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bidezkotzat jotzen du norgehiagokako deialdi bat onestea aipatu eskolei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzeko, 2022. urtean zehar ekipamendua eros dezaten. Dirulaguntza honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 090002 09100 7819 232100 aurrekontuko partida gaitu da Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, “(E) Aisialdiko eskolen ekipamendurako dirulaguntza” izenarekin.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira haien printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ofizialki onartutako aisialdiko eskolek 2022an ekipamendua erosteko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. 10.000 euroko gastua baimentzea, aipatutako ekipamendua erosteko gastuak osorik edo zati batean ordaintzeko, Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorretako partida ekonomiko honen kargura: 090002 09100 7819 232100, “(E) Aisialdiko eskolen ekipamendurako dirulaguntza” izenekoa.

4. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea. Agiri horiek guztiak https://www.juventudnavarra.es/eu web-orrian ere egonen dira eskuragarri.

5. Ebazpen eta oinarri arautzaile hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

6. Ebazpen hau Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko apirilaren 20an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Ofizialki onartutako aisialdiko eskolek ekipamendua erosteko dirulaguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da dirulaguntza batzuk emateko araubidea ezartzea, ofizialki onartutako aisialdiko eskolek ekipamendu informatikoa, informazioaren teknologia berriak, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria eros dezaten 2022. urtean.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera, laguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira.

2.–Helburua.

Dirulaguntzen helburua da ofizialki onartutako aisialdiko eskolei laguntza ematea, eta horretarako haien ekipamendu informatikoaren, informazioaren teknologia berrien, altzarien, tresnen eta material inbentariagarriaren gastuak finantzatzea 2022. urtean zehar. Onura publikokotzat jotzen da eskola horiei beharrezkoak diren baliabideak eskaintzea hezkuntza ez-formaleko jarduerak behar bezala gara ditzaten; izan ere, horien bidez Nafarroako gazteriak aukera izanen du bizitza sozialean integratu eta parte hartzeko beharrezkoa den prestakuntza jasotzeko. Aisialdiko eskolek punta-puntako ekipamendua izateak eragin zuzena du ematen duten prestakuntzaren kalitatean.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuak ekainaren 21eko 235/1999 Foru Dekretuarekin bat ofizialki onartutako aisialdiko eskolek jasotzen ahalko dituzte deialdi honen xedeko dirulaguntzak. Foru dekretu horren bidez arautu ziren Haur eta Gazteen Aisialdirako Eskolen onarpen ofiziala, Eskola horien eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arteko harremanak eta Haur eta gazteen astialdirako hezitzaileen prestakuntza.

3.2. Entitate horiek baldintza hauek bete beharko dituzte dirulaguntza eskatzen den unean:

–Nafarroan ofizialki onartutako aisialdiko eskola izatea eskaera aurkezten den unean.

–Sustatzailea izatea legez eratutako entitate bat, gazteentzako zerbitzuak ematen dituena, irabazi-asmorik gabea, eta bere estatutuetako helburuen artean aisialdiko hezkuntza jasota daukana.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko ezarritako debeku-egoeretan ez egotea, zeinak jasotzen baitira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan.

3.3. Baldintza horiek betetzen direla frogatuko da deialdiaren II. eranskinaren bidez.

4.–Aurrekontua.

Deialdiari aurre egiteko, guztira, 10.000 euro erabiliko dira, Nafarroako 2022rako Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura: 090002 09100 7819 232100, “(E) Aisialdiko eskolen ekipamendurako dirulaguntza” izenekoa.

5.–Kontzeptu diruz lagungarriak.

5.1. Oinarri hauetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten aisialdiko eskolek dirulaguntzak eskuratzen ahalko dituzte ekipamendu informatikoaren, informazioaren teknologia berrien, altzarien, tresnen eta material inbentariagarrien erosketa-gastuen kontzeptuengatik.

Ekipamendu informatikoaren gastutzat hartuko dira beren jarduerak egiteko behar den materiala erostearen ondoriozkoak: ordenagailuak, inprimagailuak, ekipoen eguneraketa, softwarea, gailu mugikorrak, telefonoak, argazki- eta bideo-makina, USBak, GPSak eta beste gailu digital batzuk. Erositako ekipo informatikoek aukera eman behar dute Interneten sartzeko eta sare sozialak erabiltzeko.

Altzarien eta tresnen gastutzat hartuko dira jarduerak egiteko behar den materiala erostearen ondoriozkoak: mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, etab.

Halaber, material inbentariagarriaren gastutzat hartzen dira ondasun ez-suntsigarrienak: koadernagailuak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak, praktikak egiteko material ez-suntsikorra (kanpin-dendak, manikiak...).

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluaren arabera, eskola onuradunek dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili beharko dituzte ondasunak, bi urtez gutxienez. Horretarako, bi urteko epea igaro ondoren, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, eta, bertan, adierazi beharko dute ezen, dirulaguntza eman zitzaien unetik, eskuratutako ondasunak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabili direla (VI. eranskina).

5.2. Diruz lagungarriak izateko, ekipamendu informatikoa, altzariak, tresneria eta material inbentariagarria erostearen ondoriozko gastuak 2022an egin beharko dira, eskaera aurkezten den egunetik aurrera.

5.3. Deialdi honen esparrutik kanpo geratuko dira 5.1 apartatuan adierazitakoarekin parekatu ezin diren ekipamendu informatikoa edo altzariak erosteagatik sortutako gastuak, bai eta material inbentariaezin guztia ere.

6.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Entitate eskatzaile bakoitzak ekipamendu informatikoa, altzariak, tresnak eta material inbentariagarria erosteko jasoko duen gehieneko dirulaguntza izanen da kostuaren %100era artekoa, betiere gehieneko muga 8.4 oinarrian ezarritakoa izanda.

6.2. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izanen du behin ere gainditu ekipamendu informatikoa, altzariak, tresnak eta material inbentariagarria erostearen kostua.

6.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, aurkeztutako eskaeren kopurua ikusita, aurrekontuan ezarritako kreditua nahikoa ez bada gehieneko dirulaguntzak emateko, dagoen kreditua dirulaguntzen onuradunen artean hainbanatuko da. Horretarako, aurreikusitako gehieneko zenbatekoak hainbanaketa aplikatzeko behar den ehunekoan murriztuko dira.

7.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

7.1. Dirulaguntzaren eskaerak, hasierako dokumentazioa eta justifikaziokoa Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzenduta aurkeztuko dira, modu telematikoan nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko “Aisialdiko eskolen ekipamendurako dirulaguntza” izeneko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaera Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.3. Dirulaguntzen eskaerak honako agiri hauekin batera aurkeztuko dira:

7.3.1. Eskaera orokorra (II. eranskina).

7.3.2. Erantzukizunpeko adierazpena, zeinean baieztatzen baita aisialdiko eskola legez eratutako entitate batek sustatu duela, eta entitate horrek zerbitzuak eskaintzen dizkiela gazteei, irabazi-asmorik gabe, eta haren estatutuen xedeen edo helburuen artean dagoela aisialdiko hezkuntza (III. eranskina).

7.3.3. Erantzukizunpeko adierazpena, aisialdiko eskolak ondasunak 2 urtez erabiltzeko betebeharra beteko duela dioena (IV. eranskina).

7.3.4. Ekipamendu informatikoa, altzariak, tresnak eta material inbentariagarria erosteko eskaerarekin batera, enpresa hornitzaileen aurrekontuak aurkeztuko dira, non azalduko baita erosi nahi den materiala (V. eranskina).

8.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

8.1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, 8.3 oinarrian ezarritako balorazio irizpideari jarraikiz.

8.2. 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten aisialdiko eskola guztiek jasoko dute dirulaguntza.

8.3. Dirulaguntza eskatzen duten eskolen artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko, eskola bakoitzak 2021ean daukan tituludunen kopurua (aisialdiko begiraleak eta zuzendariak) izanen da oinarri gisa balioko duen irizpidea. Berdinketarik egonez gero, bere azken kalifikazioaren akta lehenago aurkeztu duen eskolaren alde ebatziko da. 2021ean tituludunik ez duten eskolen kasuan, lehentasun hurrenkera ezarriko da segun zer egunetan sartu zen erregistroan deialdi honetan parte hartzeko eskaera, eta 2021ean zehar tituludunak lortu dituzten eskolen azpian egonen dira beti.

8.4. Dirulaguntzaren gehieneko ehunekoari eta zenbatekoari dagokienez, irizpide honi jarraituko zaio:

–Tituludun gehien daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 2.200 euro gehienez.

–Tituludunen bigarren kopuru handiena daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 1800 euro gehienez.

–Tituludunen hirugarren kopuru handiena daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 1.600 euro gehienez.

–Tituludunen laugarren kopuru handiena daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 1.400 euro gehienez.

–Tituludunen bosgarren kopuru handiena daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 1.200 euro gehienez.

–Tituludunen seigarren kopuru handiena daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 1000 euro gehienez.

–Tituludunen zazpigarren kopuru handiena daukan eskolak %100eko dirulaguntza jasoko du, 800 euro gehienez.

Emakidaren zenbatekoak esleitu ondoren, adierazitako irizpideari jarraikiz, kreditu erabilgarririk badago, kreditu hori zati berdinetan banatuko da aurreko eskolen artean, eta gehieneko zenbatekoak gainditzen ahalko dira lehentasun hurrenkeraren arabera, baina inola ere gainditu gabe aurkeztu den gastu guztiaren zenbatekoa.

Lehen banaketa hori egin ondoren ere kreditua balego, aurkeztutako gastuen zenbateko osoa oraindik jaso ez luketen eskolen artean banatuko litzateke. Bigarren banaketa honetan aurrekoan bezala jokatuko da, hau da, zati berdinetan eta aurkeztutako gastu guztiaren zenbatekoa gainditu gabe.

Berdin jokatuko da kreditua dagoen bitartean edo eskola horietako bakoitzari emandako zenbatekoa aurkeztutako gastuen zenbateko osora iristen den bitartean.

9.–Antolamendua eta instrukzioa.

9.1. Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala organo eskuduna da dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatzeko eta bideratzeko.

9.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Gazteriaren Institutuak entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa osatzeko edo hobetzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

9.3. Gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

10.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.

10.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emakidaren ebazpena emanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetean, gehienez ere. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

10.2. Dirulaguntzen deialdi honetan ematen diren ebazpen guztiak jakinarazteko, gaitutako helbide elektronikora jakinarazpen elektronikoa igorriko da.

Hala ere, horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).

10.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda ere bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

10.4. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak jasotzeko.

11.–Justifikatzeko epea eta modua.

Laguntzen onuradunek honako epe hauen barnean justifikatu beharko dute egindako jarduketa (diruz lagundutako gastuaren %100):

11.1. Beranduenez ere 2022ko irailaren 30ean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien fakturen eta frogagirien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira.

Gastuak justifikatzeko, dirulaguntza eskatzen duen aisialdiko eskolaren aldeko fakturak aurkeztuko dira.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz jaulkiko dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura egiten deneko eguna, zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, ordaintzeko modua eta aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa). Faktura jaulkitzen duen entitatea BEZetik salbuetsirik dagoenean, organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, kasuan kasuko salbuespena egiaztatu eta horretaz fede emateko.

Fakturak egin behar izatetik salbuetsirik egon arren ziurtagiriak egiten dituzten entitateek, ziurtagirian berean adierazi beharko dute zer arauren arabera dauden salbuetsirik, modu frogagarrian.

Faktura guztiek ordainketaren frogagiria izan beharko dute.

Honako hauek ez dira inolaz ere onartuko: ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak eta froga-baliorik, merkataritzako trafiko juridikoan baliorik eta egindako gastua frogatzeko administrazio eraginik ez duten ziurtagiriak.

11.2. Aurkeztutako frogagiriak aski ez badira edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badituzte, entitateari errekerimendua eginen zaio, jaso izanaren agiriaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak dioen bezala.

Eskaera honetan ezarritako dokumentazioa osatzeko edo zuzentzeko errekerimendua egitean, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 43. artikuluan ezarritakoa beteko da, onuradunak behartuta baitaude harreman elektronikoa izatera Administrazioarekin (lege horren 14. artikulua). Horrez gain, ohar bat ere bidaltzen ahalko da posta elektronikora, adierazteko eskuragarri jarri dela jakinarazpen bat egoitza elektronikoan edo gaitutako helbide elektroniko bakarrean (lege horren 41.6 artikulua).

12.–Ordainketa.

12.1. Frogagiriak 11. oinarrian ezarritakoari jarraikiz aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena.

12.2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

13.–Betebeharrak.

13.1. Dirulaguntzaren onuradun diren entitateek dirua dirulaguntzaren helburuetarako erabili beharko dute nahitaez, gutxienez bi urtez, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

13.2. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

13.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

13.4. Era berean, entitate onuradunek nahitaez adierazi beharko dute erositako ondasunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak finantzatu dituela. Diruz lagundutako jardueraren publizitatean eta hedapenean Nafarroako Gobernuaren anagrama eta logotipoa erabiltzeko, bete beharko da Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan xedatutakoa, hura aldatzen duen urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak emandako idazketari jarraikiz.

14.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten aisialdiko eskolek hartzen ahalko dituzte beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak, helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Kontzeptu berberetarako laguntza bi erakundetatik edo gehiagotatik jasotzen duten aisialdiko eskolek zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko dute, beren ordezkariak sinatua, dirulaguntza guztien batura egindako gastua baino txikiagoa dela adierazteko.

15.–Onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

16.–Ez-betetzeak.

16.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

16.2. Nolanahi ere, entitate onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jokabidea frogatzen denean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

17.–Gardentasun betebeharrak.

17.1. Aisialdiko eskola onuradunek gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, ezarrita daudenak Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan.

17.2. Aurreko ataleko inguruabarrak ez gertatzeagatik aisialdiko eskola onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, horixe dioen aitorpena aurkeztu beharko du, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzeko unitateari egiaztatu eta ikuskatzeko esleitu zaizkion ahalmenak.

Aitorpen hori aurkeztuta ere, nahitaez onartu behar dira laguntza ematen duen organoaren egiaztapen lanak, eranskin honen 13.2 oinarrian ezarritakoak.

17.3. Atal honetan aipatzen den informazioa hilabeteko epean aurkeztu beharko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendua.

17.4. Onuradunak informazio arloko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, atal honetan agindutako informazioa ez aurkezteak berekin ekarriko du onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

17.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 9.4 artikulua).

17.6. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, erakunde onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

18.–Errekurtsoak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

19.–Aplikatzekoa den legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Iragarkiaren kodea: F2206185