103. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

111/2022 EBAZPENA, maiatzaren 13koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, hautaproba hauen deialdia onesten duena: udaltzain laguntzailearen ikastaroa egiteko deialdia, ondoren udaltzain laguntzailearen gaikuntza lortzeko.

Hainbat udalek adierazi dituzten beharrak ikusirik, eta ez dagoenez udaltzain laguntzaileak kontratatzeko aski izangai gaiturik, bidezkoa da hautaproba hauen deialdia egitea: udaltzain laguntzailearen ikastaroa egiteko deialdia, ondoren udaltzain laguntzailearen gaikuntza lortzeko.

Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 24. artikuluak honako hau ezartzen du:

Tokiko Polizia duten Nafarroako toki-entitateek, Tokiko Polizia izan gabe hura eratzea aurreikusia dutenek eta foru lege honen 11. artikuluan aurreikusitako elkarteek zilegi izanen dute langileak aldi baterako kontratatzea, administrazio araubidean. Langile horiei udaltzain laguntzaile deituko zaie, eta haien kontratazioak helburu izanen du eginkizunak eraginkortasunez betetzea, eginkizun horiek ukiturik gertatu badira absentismoaren edo aldi baterako absentziarako beste arrazoi batzuen ondorioz, lanpostu hutsak betetzearen ondorioz edo segurtasun publikoarekin lotutako salbuespeneko edo behin-behineko beharren ondorioz.

Horrekin batera, Tokiko Poliziarik ez duten toki-entitateek edo elkarteek salbuespen gisa kontratatzen ahalko dituzte udaltzain laguntzaileak, hurrengo artikuluan aipatzen diren Tokiko Poliziako Zerbitzuei laguntzeko eta haietako lanpostu hutsak betetzeko. Kontratazio hori egin aurretik, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da, Barne gaietako eskumena duen departamentuaren bitartez lorturikoa. Kontratazio hori ez da inola ere egiten ahalko baldin eta kasuko toki-entitatean Tokiko Poliziako Zerbitzurik ez badago.

Artikulu horretan bertan ezartzen da toki-entitateak kontratazioa egin ahal izateko, langile horiek bete behar duten baldintza:

Ezin izanen da udal laguntzaile izateko kontratatu Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak berariaz emandako udal laguntzailearen gaikuntzarik kontratazioaren aurretik lortu ez duen inor.

Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ezartzen diren probak gainditu dituztenei emanen die gaikuntza hori soilik. Gaikuntza lortzen ahalko da Barne Zuzendaritza Nagusiak aldian behin egiten dituen deialdi publiko berariazkoetan edo toki-entitateak sustatzen duen hautaketa-prozeduran zehar.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hautaproba hauen deialdia eta oinarri arautzaileak onestea: udaltzain laguntzailearen ikastaroa egiteko 2022ko deialdia, ondoren udaltzain laguntzailearen gaikuntza lortzeko.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea, bere ondorioak sor ditzan, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Barneko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 13an.–Barneko zuzendari nagusia, Amparo López Antelo.

HAUTAPROBEN DEIALDIA, UDALTZAIN LAGUNTZAILEAREN 2022KO IKASTAROA EGITEKO

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da hautaprobak egitea udaltzain laguntzailearen ikastaroa egiteko eta, ondoren, udaltzain laguntzailearen gaikuntza lortzeko.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak gaikuntza hori ematen die ikastaroa gainditzen dutenei, Barne Zuzendaritza Nagusiak aldian behin egiten duen deialdi publiko espezifiko baten ondoren, edo toki-entitate batek sustatzen duen hautaketa-prozedura baten barruan. Kasu honetan, Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuak, Segurtasunaren Koordinazio Atalaren bidez, deialdia sustatzen du, eta hautatzen ditu Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren ikastaroa egiten ahalko duten langileak.

Hogei ikaspostu daude Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak (NSLE) antolatzen duen ikastarora joateko.

Ikastarora joateko deia puntuazio-ordenaren arabera eginen da, hautaproba baztertzaileak amaitu ondoren.

1.2. Udaltzain laguntzaileen definizioa eta eginkizunak.

Udal laguntzaileek kasuko tokiko poliziako langileei laguntzeko lanak eginen dituzte, eta haien zuzendaritzapean arituko dira.

Langile horiek beteko dituzten eginkizunak soilik izanen dira ondasun, zerbitzu, instalazio eta egoitza ofizialak zaindu eta gordetzea, zirkulazio-arauei jarraituz bide-trafikoa antolatzea, Tokiko Poliziei edo Tokiko Poliziako Zerbitzuei elkarlana eta laguntza ematea herritarren segurtasunaren, babes zibilaren eta herritarrentzako laguntzaren arloko eginkizunetan, eta lankidetzan aritu eta laguntzea administrazio izaera duten arauak betearazten.

1.3. Udal laguntzaileek beren burua behar bezala identifikatzeko moduko bereizgarriak eramanen dituzte, eta behar den dokumentazioaren bidez frogatuko dute beren izaera.

Inoiz ez dute su-armarik eramanen.

1.4. Udaltzain laguntzaileei aplikatu beharreko araubidea Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan administrazio araubidean kontratatzen diren langileentzat ezarritakoa izanen da, Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legean ezarritako salbuespenekin. Langile hauek estatutu horren D mailan sartuko dira, eta kasuan kasuko udalak lanpostu horretarako ezarrita dauzkan lansariak jasoko dituzte.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamazortzi urte baino gehiago izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean.

c) Titulu hauetako bat izatea: Eskola Graduatua, DBHko Graduatua Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Beren egitekoa betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta deialdiaren III. eranskinean ageri diren bazterbide medikoetan ez egotea.

e) Dolozko delitu batengatik kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

g) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa.

Arestiko baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

3.–Eskabideak.

3.1. Hautaketa-prozedura honetan parte hartu nahi duenak eskaera telematikoki aurkeztu behar du, Interneten bidez, www.nafarroa.eus web-orrian, deialdiaren 12. oinarrian ezartzen denaren arabera.

3.2. Eskaerari, behar bezala bete ondotik, honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Osasun ziurtagiri ofiziala, II. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko gaitasuna duela egiaztatzen duena.

b) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.

c) Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

d) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren aurreko aldearen eta atzeko aldearen kopia.

e) Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea amaituta, onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda argitaratuko da www.nafarroa.eus web-orrian, deialdi honen 12. oinarrian ezartzen denaren arabera.

5.2. Bazterturik gelditu direnek bost egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrendak argitaratzen direnetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.

6.–Behin betiko zerrenda.

6.1. Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, eta horiek ebatzi ondoren, onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda onetsiko da, eta www.nafarroa.eus web-orrian argitaratuko da, deialdi honen 12. oinarrian ezartzen denaren arabera. Aldi berean, deialdi honen zortzigarren oinarrian ezarritako hautaprobak non eta noiz eginen diren jakinaraziko da.

6.2. Izangaiak onartuen behin betiko zerrendetan sartzeak ez dakar inola ere Administrazioak horrekin aitortzea deialdiaren oinarrietan eta kasuan kasuko erregelamenduetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1. Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

–Epaimahaiburua: Aitziber Juaniz Moriones andrea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Eugenio Vila Sánchez jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Ibilgailu Parkearen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: María Pilar Zapico Revuelta andrea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Olga Virginia López Vera andrea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Epaimahaikide-idazkaria: David Carabantes Bernal jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasunaren Koordinazio Ataleko burua.

Ordezkoa: Joaquín José Oroz Pascual jauna, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiko Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak hautaturiko ordezkari bat.

–Epaimahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

7.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek beraiek uko egiteko edo haiek errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probetarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Hautaproben bilakaera eta balorazioa.

Hautaketa-prozedurak fase hauek izanen ditu:

A) Lehenbiziko proba.

Ariketa teorikoa izanen da; gehienez 60 galdera erantzun beharko dira, idatziz, deialdi honen IV. eranskineko gai multzoetan agertzen diren gaiei buruz. Test moduko galderak izanen dira: galdera bakoitzari erantzuteko, lau aukera eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena. Gehienez 2 ordu emanen dira ariketa hau egiteko. Erantzun oker bakoitzarengatik kenduko da zuzen erantzundako galdera baten balioaren herena.

0tik 60 puntura bitarte kalifikatuko da. Bazterturik geldituko dira gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba hauek egiteko ez da inongo testurik erabiltzen ahalko, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdin edo beltza ez bada.

B) Bigarren proba.

II. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak eginen dira, eta haietako bakoitza baztertzailea izanen da, egiten den markaren arabera. Epaimahaiak finkatuko du ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren.

Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak behar den organo espezializatuak eginen ditu. Hala, debeku izanen dira hainbat substantzia, gai farmakologiko, dopin metodo eta manipulazio, hain zuzen ere jasota daudenak Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2021eko azaroaren 25eko Ebazpenaren I. eranskinean; ebazpen horren bidez onetsi zen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2021eko 290. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 4koa). Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

Proba hau 40 izangaik baino gehiagok gainditzen badute, hirugarren probara lehenengo 40ak baino ez dira pasako. Berrogeigarren postuan puntuazio berarekin izangai bat baino gehiago egonez gero, denak pasako dira hurrengo probara. Gainerako izangaiak deialditik baztertuko dira.

Proba honetan, “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioak emanen dira. Baztertu eginen dira “Gai” kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak.

C) Hirugarren proba:

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak udaltzain laguntzailearen eginkizunen profil profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak eginen du.

Gehienez ere 15 puntu izanen ditu. Bazterturik geldituko dira gutxienez 7,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Proba honen emaitzak kalifikazio epaimahaiko idazkariari igorriko zaizkio.

Hautapen aldiko proba guztiak dei bakarraren bidez eginen dira, eta bazterturik geldituko dira esaten den egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

D) Laugarren proba.

Laugarren proba Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eginen duen osasun azterketa izanen da, kontuan hartuz deialdiaren III. eranskineko bazterbide medikoak; izangaiak “Gai” edo “Ez gai” deklaratuko dira azterketa horretan.

Gaitasun psikofisikoaren azterketaren emaitzak ikusita, epaimahaiak hautaketa-prozedurako bajak zehaztuko ditu.

9.–Udaltzain laguntzaileak gaitzeko ikastaroa.

9.1. Udaltzain laguntzaileak gaitzeko ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta gobernatuko dute Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

Gaikuntza ikastaroak gutxienez 188 orduko iraupena izanen du, eta gehienez 100 puntuko balorazioa izanen.

Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituztenak ez dira gaituko.

Ikastaroan baja emateak gaikuntzarik ez ematea ekarriko du.

Hautapen aldia gainditu ondotik, epaimahaiak argitara emanen du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda. Bertan daudenak onartuak izanen dira ikastaroan.

Ikastarorako deia puntuazioaren arabera eginen da.

Gehienez ere 20 izangai joanen dira ikastarora.

9.2. Izangaiek 1.242,86 euroko beka jasoko dute, Gizarte Segurantzako kotizazioa barne, baldin eta ikastaroko irakastordu guztien %100era joan direla egiaztatzen badute, behar bezala justifikatutako absentziak alde batera utzita. Beka jasoz gero ezin izanen da bestelako lansari edo laguntzarik eskuratu ikastaroak dirauen bitartean.

10.–Ikastaroa gainditu dutenen zerrendak.

Ikastaroaren kalifikazioa amaitu eta gero, epaimahaiak gaitutako izangaien zerrenda argitaratuko du www.nafarroa.eus web-orrian, deialdiaren 12. oinarrian ezarritakoaren arabera, eta Barneko zuzendari nagusiari igorriko dio, hautaketa-prozeduraren espediente osoarekin batera.

11.–Egiaztagiria.

Hautaprobak eta ikastaroa gainditu ondoren, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak udaltzain laguntzailearen gaikuntza lortu izanaren egiaztagiria emanen du.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Ezertan eragotzi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitalpen ofiziala behar duten tramiteak, epaimahaiak proben deialdien eta kalifikazioen gainean egiten dituen ebazpen eta jarduketak, baita oro har interesdunentzat erabilgarria den beste edozein informazio ere, deialdiaren fitxan argitaratuko dira. Fitxara sartzeko www.nafarroa.eus helbidera jo behar da, nabegazio-bide honi jarraikiz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/bilatzailea, tramite mota, ikastaroetarako izena ematea, azterketak eta beste jarduketa batzuk. Hauxe da fitxa: “Hautaproben deialdia, udaltzain laguntzailearen 2022ko ikastaroa egiteko”.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdiaren, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoa zer egintzaren kontra jarri nahi den, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskaera.

Deskargatu I. eranskina (DOC).

II. ERANSKINA

Bigarren probari dagozkion ariketak

Hiru proba: Press Banca, Barrow eta Cooperren testa

1.–Banku press-a, edo pisua goratzeko proba, 35 kg gizonezkoentzat eta 25 kg emakumeentzat.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak zoruan bermaturik dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 35 kilokoa izanen da gizonezkoentzat, eta 25 kilokoa emakumeentzat. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik, sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago. Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ezta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira, eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Kasu hauetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Probaren kalifikazioa “gai” edo “ez gai” izanen da, honako balorazio hauen arabera:

–Gizonezkoak, 30 jasoaldi baino gutxiago, “ez gai”.

–Emakumezkoak, 20 jasoaldi baino gutxiago, “ez gai”.

2.–Zalutasun proba. (Barrowen testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren gibelean.

Egiteko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta, gero, beste aldera (A eta B ibilbideak grafikoan). Ibilbide bakoitzean, bi saiakera egin daitezke. Bigarren saiakera eginen da, bakar-bakarrik, lehenbizikoa baliogabea izan baldin bada. Minutu bateko atsedenaldia utziko da bigarren saiakera egin baino lehen.

Zirkuituaren eskema:

F2207112_0.pdf

Gehienez ere 23.8” eta 27” emanen dira, hurrenez hurren, gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat, eta denbora hori gaindituz gero, kalifikazioa “ez gai” izanen da.

Saiakera baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:

–Zutoin bat botatzen badu.

–Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.

–Izangaia ibilbidetik ateratzen bada, hau da, lasterketako marra idealetik ateratzen bada (nahiz eta ibilbide zuzenetik itzuli).

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, fotozelulak irakurri bezala, ehunenetan, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Segundo-ehunenak alde batera utziko dira. Fotozelula sistemak huts egiten badu, erreserbako eskuzko kronometrajea aplikatuko da.

3.–Erresistentzia-proba (Cooperren testa).

Erresistentzia lasterketa.

Abiatzeko jarrera: zutik, irteera marraren gibelean, bi oinak atzean direla (ez da zilegi izanen iltzedun oinetakoak erabiltzea).

Egiteko modua: zutik daudela hasiz, lasterka, oinez nahiz bi moduak tartekatuz, 12 minutuan albait tarterik luzeena egitea. Saio bakarra eginen da.

Izangaiak bere adinari eta sexuari dagokion tartea gainditzen badu emanen zaio “gai” kalifikazioa, betiere taula honi jarraikiz:

–Gizonezkoak, 2.600 metro baino gutxiago, “ez gai”; 2.600 metro edo gehiago, “gai”.

Emakumezkoak, 2.200 metro baino gutxiago, “ez gai”; 2.200 metro edo gehiago, “gai”.

III. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikuseremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB-ko edo gehiagoko galera monoauraleko entzumen-zolitasuna.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizketa.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, udaltzain laguntzaile aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Aparatu muskuloeskeletikoa.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, ondorio funtzionalen arabera.

–Prozesu artikularrak, ondorio funtzionalen arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en gaixotasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretaren herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.

6.–Zirkulazio-aparatua.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, edo estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 14 eta TADa > 90).

–Arterietako hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa <45).

–Gutxiegitasun benosoa eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Gaixotasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako gaixotasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren gaixotasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en gaixotasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, ondorio funtzionalen arabera.

–Nerbio-sistema periferikoaren gaixotasunak, ondorio funtzionalen arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, alde batera utzita prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, nahasmendu depresibo errepikariak, depresio-aldi larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena dutenak.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, giza harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Sexu eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisario ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta guruin suprarrenalen beste nahasmendu batzuk.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta azalaren prozesu kronikoak, baldin eta haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena ikusirik, udaltzain laguntzaileen lanetan aritzea eragozten baldin badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfougalkor kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en gaixotasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 30).

15.–Ohar orokorrak.

–Ebaluazio mahaiak baloratuko ditu baztertzeko moduko patologiak, eragin funtzionalaren arabera eta udaltzain laguntzaileen lanetan aritzeko pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako afekzioak, ebaluazio epaimahaiaren iritziz, udaltzain laguntzaileen lanetan aritzea eragozten baldin badute.

IV. ERANSKINA

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Hitzaurrea. Atariko titulua. I. titulua: oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. III. titulua: Gorte Nagusiak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.

2.–Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. titulua: Toki-entitateei buruzko xedapen orokorrak. VII. titulua: Toki-entitateen zerbitzurako langileak. X. titulua: Biztanleria handiko udalerriak antolatzeko araubidea. XI. titulua: Zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-entitateetan.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: toki-entitateen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki-entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea, 1. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki-entitateen funtzionamendua.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko segurtasun indar eta kidegoak. III. titulua: autonomia-erkidegoetako Poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa. V. Titulua: Tokiko Poliziak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.

5.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

6.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

7.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.

8.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa. I. eta II. tituluak.

9.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, arautzen dituena ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak.

10.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

11.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, onesten duena establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa eta arautzen dituena enpresen eta lokalen erregistroak.

12.–Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina.

13.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –onetsi zena martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

14.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

15.–Nafarroako geografia.

–Nafarroa-Geografia.

–Nafarroako atlasa, 2017.

a) Errepideak: 1: 250.000 eskalako mapak. Errepideak. 1: 75.000 eskalako mapak. 15. orrialdetik 91.era (bi horiek barne). Autobideak, autobiak, bide bikoiztuak, prestazio handiko errepideak, interes orokorreko errepideak eta Nafarroako Foru Komunitatearen intereseko errepideak: haien izendapena, identifikazioa, jatorria, helmuga eta luzera.

b) Turismoa: Sarrera. Nafarroan barnako ibilbideak. Donejakue Bidea. Kultura ibilbideak. Intereseko informazioa (interes orokorreko mapa turistikoa). 122. orrialdetik 167.era (bi horiek barne).

c) Ingurumena: ingurumen aldetik interesa duten lekuak. 171. orrialdetik 188.era (bi horiek barne).

Iragarkiaren kodea: F2207112