103. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

14/2022 FORU LEGEA, maiatzaren 12koa, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, 2022RAKO NAFARROAKO AURREKONTU OROKORREI BURUZKO ABENDUAREN 29KO 18/2021 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

HITZAURREA

2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legeak indarra hartu zuenetik, nabarmen garestitu dira argindarra, gasa eta erregaiak. Hortaz, sektore horietako prezioen igoera handia dela eta, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horietarako aurreikusitako kredituak ez dira nahikoak. Hala bada, gastu horiei lotutako partidetara kreditu gehigarriak bideratzeko, proposatzen da laugarren paragrafoa gehitzea 5. artikuluan, modu horretan zabalgarritzat jotzeko gastu horietako kode ekonomikoak dauzkaten departamentu guztietako gastu partidak.

Orobat, 5. artikuluan bertan, beste partida zabalgarri bat gehitu behar zaio Ekonomia eta Ogasun Departamentuko partida zabalgarrien zerrendari: Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko proiektuen jarraipenari lotutako partida bat. Izan ere, plan horretarako funtsak ez daude itxita eta aurreikusten da ekitaldian zehar handitzea, Estatuak transferitu ahala onartzen diren proiektuetarako.

Bestalde, abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 14.5 artikuluan ezarri zen 123 milioi eurokoa izanen dela sozietate publikoek ematen dituzten maileguen gehieneko arrisku bizia. Datu hori kalkulatzeko, amaitzen den ekitaldiko abenduaren 31n sozietate publikoek emandako maileguen (zenbatespena) arrisku biziari buruzko datuak jasotzen dira, eta hurrengo ekitaldirako eman beharreko zenbatekoa gehitzen da.

Sozietate publikoek emandako datuetan akats bat zegoen, eta 20 milioi euro kontabilizatu gabe geratu ziren; hortaz, Aurrekontuen Foru Legean ezarritako kopurua ez zetorren bat errealitatearekin.

Horregatik, xedatutakoa aldatu behar da, eta finkatu 2022rako ematen dituzten maileguen gehieneko arrisku bizia 143 milioi eurokoa izanen dela.

Halaber, ikusi da komeni dela langileen arloko xedapen gehigarri bat sartzea; zehazki, koordinazioko operadore laguntzailearen lanpostuari buruzkoa.

Halaber, Kultura eta Kirol Departamentuko partida baten izena aldatu behar da, akatsa baitago dirulaguntza baten onuradun den entitatean. Hortaz, Foru Legean ageri den “Gaztelu sozietate”aren ordez, “Gaztelu elkarte”a idatziko da, hala jasota baitago haren estatutuetan. Dena den, kodea, zenbatekoa eta xedea bere horretan geratuko dira, Aurrekontuei buruzko Foru Legeari atxikitako aurrekontuko partiden zerrendan ageri diren bezala.

Azkenik, Eguesibarko Udalak kiroldegi bat egiteko aurreikusitako lurzatia, A50001 A5400 7609 336145 partidan jasotakoa, aldatzen da.

Artikulu bakarra.–2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legea aldatzea.

Bat.–2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 5. artikuluari 4. paragrafoa eransten zaio. Hona hemen haren testua:

«Orobat zabalgarriak izanen dira, 2022ko ekitaldirako, 2280 eta 2281 kode ekonomikoa duten aurrekontuko partidak, departamentu guztietakoak, eta 2290 kode ekonomikoa duten Hezkuntza Departamentuko partidak».

Bi.–2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 5. artikuluaren 2. zenbakiari l) letra eransten zaio. Hona hemen haren testua:

«l) 114001-13000-6094-931400 partida, “Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko proiektuen jarraipena” izenekoa».

Hiru.–2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legearen 14.5 artikulua aldatzen da. Hona hemen haren testua:

«5. Nafarroako Osasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/007 Foru Legearen 82 ter artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateak ematen dituen maileguen gehieneko arrisku bizia 74.000.000 euro izanen da. Enpresa-entitate publikoen, fundazio publikoen eta sozietate publikoen kasuan, berriz, gehieneko arrisku bizia 143.000.000 eurokoa izanen da».

Lau.–2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2021 Foru Legeari hogeita hirugarren xedapen gehigarria eransten zaio. Hona hemen haren testua:

«Hogeita hirugarren xedapen gehigarria.–Koordinazioko operadore laguntzailea.

1. Koordinazioko operadore laguntzaile lanposturako aldi baterako kontrataziorako izangaiei koordinazioko operadore laguntzailearen lanpostuan aritzeko eskaintza eginen zaie nahiz eta administrari lanpostuan aritzeko kontratu bat onartua eduki. Ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin eta haren erakunde autonomoekin administrari gisa aritzeko kontratu bat sinatu duten izangaiak ez dira “ez prest” gisa agertuko koordinazioko operadore laguntzaile lanposturako kontratazio zerrendetan kontratu hura indarrean dagoen bitartean.

2. Izangai batek koordinazioko operadore laguntzaile gisa aritzeko aldi baterako kontratu bat onartzen badu aldez aurretik uko eginda administrari gisa lan egiteko aldi baterako kontratu indardun bati, horrek ez du eraginik izanen hark administrari lanposturako kontratazio zerrendetan duen egoeran.

3. Izangai batek uko egiten badio koordinazioko operadore laguntzaile gisa aritzeko aldi baterako kontratu bati indarrean duelako aldi baterako kontratu bat administrari gisa lan egiteko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin eta haren erakunde autonomoekin, horrek ez du eraginik izanen hark koordinazioko operadore laguntzailearen lanposturako kontratazio zerrendetan duen egoeran.

4. Aurreko apartatuetan ezarritakoa eraginkorra izan dadin bete-betean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek hiru hilabeteko epea izanen dute beren tresna informatikoak egokitzeko. Epe hori igarota, xedapen honetan jasotakoak indarra hartuko du».

Bost.–A21002 A220 4816 335104 (E) partida, “Hitzarmena Gaztelu sozietatearekin, Amaiurko 500. urteurreneko jarduerak egiteko” deritzona, eta 150.000 euroko zenbatekoa duena, aldatzea. Hona hemen haren testua:

«A21002 A220 4816 335104 (E) partida, “Hitzarmena Gaztelu elkartearekin, Amaiurko 500. urteurreneko jarduerak egiteko” deritzona, eta 150.000 euroko zenbatekoa duena».

Sei.–“Eguesibarko Udalarentzako transferentzia: Sarrigurengo 15. poligonoko 413. lurzatia birmoldatzea kiroldegirako” izeneko A50001 A5400 7609 336145 (E) partida, 90.000 eurokoa, aldatzen da. Hona hemen testua:

«A50001 A5400 7609 336145 (E) partida. “Eguesibarko Udalarentzako transferentzia: Sarrigurengo 15. poligonoko 427. lurzatia birmoldatzea kiroldegirako”: 90.000 euro».

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko maiatzaren 12an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2207133