102. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

73E/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 17koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia onesten duena, 2022 urtean eta 2023ko lehen seihilekoan. DDBN identifikazioa: 627428.

Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak aurkeztutako txostena ikusirik, non adierazten baita beharrezkoa dela 2022 urtean euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzak arautzeko deialdia onestea eta argitaratzea.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak aitortzen du euskara Nafarroako berezko hizkuntza bat dela eta, ondorioz, Nafarroako herritar guztiek euskaraz hitz egiteko eskubidea dutela; hori kontuan izanik, eta

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdia onestea, 2022 urtean eta 2023ko lehen seihilekoan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen I. eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira, 2023. urteko zenbatekoa dagokion kredituari baldintzatuz:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002 B3200 4809 334102 Helduek euskara ikasteko laguntzak

2022

40.000

B30002 B3200 4809 334102: Helduek euskara ikasteko laguntzak

2023

260.000

Salbuespenez, aurkezten diren eskaera kopurua kontuan izanik, 100.000 euroraino handitzen ahal izanen da deialdi honetara zuzendutako diru kopurua, 2022ko ekitaldiari dagokiona hain zuzen, foru agindu bitartez, deialdi berririk egin beharrik gabe, baldin eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.

4. Ebazpen hau igortzea eta eranskinak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetakoan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Administratibo Ekonomikoaren Ataleko Kontabilitate Zentrora, Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzura, Euskara Sustatzeko Atalera, Programen Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 17an. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Euskara ikasteko helduentzako banakako laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak, 2022 urtean eta 2023ko lehen seihilekoan

Lehen oinarria.–Xedea eta aldia.

Deialdi honen xedea da euskara ikasteko banakako laguntzak arautzea Nafarroako Foru Komunitatean erroldatutako pertsona helduentzat.

Laguntzak ondoko bi modalitateen arabera emanen dira:

–A modalitatea: laguntzak emanen dira ikastaroengatik eginiko ordainketetarako, matrikulek, betiere, 2021eko urriaren 26tik 2022ko abuztuaren 31 bitartean eginak beharko dute, eta ikastaroek amaituta 2022ko irailaren 30ean.

Horrela, aurreko deialdian eskabideak aurkezteko epearen ondoren eginiko matrikulengatiko gastuak ere aurkezten ahalko dira deialdi honetan; dirulaguntzen deialdi hura Herritarrekiko Harremanetako kontseilariaren uztailaren 21eko 74/2021 Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

–B modalitatea: laguntzak emanen dira 2022ko abuztuaren 29tik abenduaren 1era bitarte hasten diren ikastaroengatik eginiko ordainketetarako. Ikastaroak, edonola ere, amaituta egon beharko dira 2023ko ekainaren 30ean.

Bigarren oinarria.–Diruz lagunduko diren ikastaroak.

2.1. Diruz lagunduko diren ikaskuntza edo alfabetatze ikastaroak honakoak izanen dira: ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak, autoikaskuntzakoak eta berariazko ikastaroak.

Diruz lagunduko diren ikaskuntza modalitateak honakoak izanen dira:

a) Aurrez aurreko ikastaro estentsibo eta trinkoak: astean gutxienez 4 eskola-ordu izan behar dituzte, eta ikastaroak gutxienez 80 ordu guztira.

b) Barnetegiak eta udako ikastaroak: ikastaro bakoitzak gutxienez 40 eskola-ordu izan behar ditu.

c) Baliabide telematikoen bidezko irakaskuntza: ikastaro bakoitzak gutxienez 100 lanordu izan behar ditu.

d) Berariazko ikastaroak, eta eskaeraren aniztasunari egokituak; betiere, 40 eskola-ordu baino gehiagokoak behar dute.

2.2. Material didaktikoak eta garraioa ez dira diruz lagunduko.

Hirugarren oinarria.–Onuradunak.

3.1. Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jasotzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, hurrengo betebehar hauek ere bete beharko dira:

–16 urte baino gehiago izatea. Adingabekoen kasuan, eskaera gurasoek eginen dute, edota adingabekoaren tutoretza duenak. Atzerritarren kasuan, aldiz, Atzerritarrak Identifikatzeko Agiriaren (AIA) jabe izan beharko dute.

–Nafarroan erroldatuta egotea deialdi hau argitaratzen den egunean.

–Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

–Euskara ikastaroren batean izena emanda egon eta ordainketaren bat egin izana ikastaro horrengatik. Egindako ordainketa ezin da jaso beharreko zenbatekoa baino txikiagoa izan. Ikastaroa ematen duen entitateak euskararen irakaskuntza behar du bere helburu nagusien artean, eta horretarako baliabide propioak ere izan behar ditu, programazio propioa barne.

–Ikastaroaren matrikula ondoko modalitateren batean egitea:

• A modalitatea: ikastaro horietarako matrikulazioa 2021eko urriaren 26tik 2022ko abuztuaren 31ra egin izana, eta ikastaroa 2022ko irailaren 30ean amaituta egotea.

• B modalitatea: 2022ko abuztuaren 29tik abenduaren 1era bitartean hasten den ikastaroren batean izena emanda egotea, eta ikastaroa 2023ko ekainaren 30ean amaituta egotea.

–Laguntza jasoko dute gutxienez %80ko asistentzia ziurtatua duten eskatzaileek. Autoikaskuntzako ikastaroetan izena emandako pertsonek ere egiaztatu beharko dute eskola horiek hartu izana.

3.2. Honakoak dirulaguntza hauetatik kanpo geldituko dira:

–Titulartasun publikoko ikastegietako ikasleak (Zubiarte eta hizkuntza eskolak).

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileak, euskara ikastaroak egiteko berariazko laguntzak baitituzte.

Laugarren oinarria.–Aurrekontu erabilgarria eta dirulaguntzen moduluak.

4.1. Deialdi honetara bideratutako zenbatekoa 300.000 eurokoa izanen da gehienez, aurreikusitako gehikuntzak alde batera utzi gabe, bi modalitateen artean banatuta:

–A modalitatean: 40.000 euro 2022ko Gastuen Aurrekontuko “Helduek euskara ikasteko laguntzak” izeneko B30002-B3200-4809-334102 partidaren kargura izanen dira.

–B modalitatean: 260.000 euro 2023ko ekitaldiko gastuen aurrekontuan gaitu litekeen “Helduek euskara ikasteko laguntzak” izeneko B30002-B3200-4809-334102 partida baliokidearen kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

4.2. Dirulaguntzen zenbatekoa modulu hauetan banatzen da ikastaro motaren eta ordu kopuruaren arabera:

–Ikastaro estentsiboak, trinkoak eta barnetegiak:

• 40 ordutik 79 ordura bitarte, 90 eurora arte.

• 80 ordutik 200 ordura bitarte, 180 eurora arte.

• 201 ordutik 270 ordura bitarte, 280 eurora arte.

• 271 ordutik 400 ordura bitarte, 380 eurora arte.

–Autoikaskuntzako ikastaroak:

• 100 ordutik 189 ordura bitarte, 180 eurora arte.

• 190 ortutik 250 ordura bitarte, 280 eurora arte.

–Ikastaro berariazkoak:

• 40 ordutik 100 ordura bitarte, 180 eurora arte.

• 101 ordutik 200 ordura bitarte, 280 eurora arte.

• 201 ordutik 400 ordura bitarte, 380 eurora arte.

4.3. Modalitatearen arabera, behar den epean eta moduan aurkeztutako eskabideen artean banatuko da aurrekontuan aurreikusitako laguntzen zenbatekoa; betiere, deialdiko baldintzak betetzen badira. Modalitatea bakoitzean eskatutako dirulaguntzek onetsitako diru kopurua baino gehiago egiten badute, dirua eskatzaileen artean hainbanatuko da.

4.4. Eskatzaile bakoitzak jasotzen duen diru kopurua ezin izanen da izan dirulaguntza jasotzeko aurkeztu dituen gastuak baino handiagoa.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaera, lehentasunez, web bidezko datu-orri bat betez eginen da. Orri hori eskuragarri egonen da Nafarroako Gobernuaren web atari instituzionaleko tramiteen katalogoko kasuko tramitean: lotura.

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/euskara-ikasteko-helduentzako-laguntzak-2022

5.2. Aurreko puntuan zehaztutako inprimaki telematikoa erabili ezean, eskaera egiteko aurkeztu beharko dira eskabidea eta beste laguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren araberakoa, kasuan kasuko dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako baliabideetako edozein erabiliz.

Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkioten.

Laguntza hauek eskuratu ahal izateko eskabideak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

5.3. Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak:

–Webguneko inprimakia, edo, bestela, eskabidea eta helburu bererako egindako beste laguntza eskaera batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena (II. eranskina).

–Matrikula agiria: agiriak, gutxienez, ikastaroaren datu hauek adieraziko ditu: izena noiz eman zen, ordaindutako kopurua, ikastaroaren ordu kopurua, eta ikastaroaren hasiera eta bukaera datak.

–Dirulaguntzaren xedeko ikastaroari dagokion ordainketa egin izanaren frogagiria.

–Ikastaroko bertaratze ziurtagiria, zentroak edo euskaltegiak emana. Ziurtagiria ikastaroa bukatu ondoren aurkeztuko da, modalitate bakoitzaren arabera, epemuga hauetan:

• A modalitatean: 2022ko urriaren 15a.

• B modalitatean:2023ko uztailaren 15a.

Ziurtagiri hori erantsi beharko da soilik baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori eskuratzeko baimenik ez bazaio eman.

–Erroldatze-ziurtagiria. Ziurtagiri hori erantsi beharko da soilik baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori eskuratzeko baimenik ez bazaio eman.

–Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela ziurtatzen duten agiriak. Ziurtagiri horiek soilik erantsi beharko dira baldin eta eskabidean Euskarabideari informazio hori egiaztatzeko baimenik ez bazaio eman.

5.4. Eskaerak aurkezteko epeak, modalitatearen arabera, honakoak dira:

–A modalitatea: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta abuztuaren 31n bukatuko.

–B modalitatea: 2022ko urriaren 1ean hasiko da, eta azaroaren 30ean bukatuko.

5.5. Eskaerak aurreko oinarrietan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio zazpi egun naturaleko epean akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hori egin ezean eskaerari uko egin diola ulertuko dela, eta esleipeneko ebazpenean inguruabar hori adieraziko da.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntzen ebazpena eta ordainketa.

6.1. Prozeduraren instrukzioa Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak eramanen du. Hark modalitate bakoitzerako ebazpen proposamena eginen du Baloraziorako Batzorde Teknikoaren ebaluazioa aztertu ondotik.

6.2. Baloraziorako Batzorde Teknikoa arduratuko da eskabideen ebaluazioaz; haien kide izanen dira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren titularra, batzordeburu izanen dena, Euskara Sustatzeko Ataleko burua eta laguntzen deialdiaren ardura duen teknikaria, idazkari izanen dena. Batzordearen irizpena loteslea izanen da..

6.3. Deialdi honen xede diren modalitate bakoitzeko dirulaguntzak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu. Onartutako eskaerak kontuan harturik, onuradun bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da, deialdi honen laugarren oinarriari jarraikiz. Zenbateko horri doikuntzak egin dakizkioke azkenean, egiazko datuen arabera eta deialdi honen laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidearen webguneetan argitaratuko da, hurrengo zazpi egun naturalean. Ebazpenak Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidearen webguneetan argitaratuko dira, hurrengo zazpi egun naturaletan.

6.4. Laguntza deialdi honetako modalitate bakoitzeko eskabideak ebatzi ondoren, 3. oinarriko baldintzak betetzen dituzten eskabideei dagozkien zenbatekoak ordainduko dira.

–Modalitate bakoitzean eskatutako dirulaguntzek onetsitako diru kopurua baino gehiago egiten badute, dirua eskatzaileen artean hainbanatuko da.

–Eskatzaile bakoitzak jasotzen duen diru kopurua ezin izanen da izan dirulaguntza jasotzeko aurkeztu dituen gastuak baino handiagoa.

Zazpigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak, jarraipena eta dirulaguntzen gaineko kontrola.

Laguntza hauen onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte beti:

7.1. Administrazioak eskatzen ahal dizkien agiriak aurkeztu beharko dituzte, haien egiazkotasuna frogatzeko, eta, betiere, entitate emaileak egiten dituen egiaztatze jarduketak onartu beharko dituzte.

7.2. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

7.3. Edozein administraziok edo erakunde publikok zein pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza batzuen berri emanen diote Euskarabideari.

7.4. Edozein inguruabar objektibo zein subjektiboren aldaketaren berri emanen diote Euskarabideari, hura dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu bada.

Zortzigarren oinarria.–Ez betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

8.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Onuradunek kasu hauetan itzuli beharko dute dirulaguntza:

a) Dirulaguntza lortu bada horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publikoen edo erakunde publiko nahiz pribatuen edo partikularren, Espainiakoen nahiz atzerrikoen, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso izanaren berri ez ematea eskaera formalizatzean, edo, kasua bada, geroago. Beste dirulaguntza horien berri ez dela eman atzematen bada, eta dagokion zehapen espedientea deusetan galarazi gabe, jasotako laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da.

8.2. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2005 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

Bederatzigarren oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna.

9.1. Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko, erakunde publiko edo pribatu edo partikular batzuek, Estatukoek edo nazioartekoek, emandakoekin. Hala ere, ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak helburu bererako ematen dituenekin.

9.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo deialdiko epeari egozten ahal zaizkion beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako ikastaroarengatik ordaindutako kopurua baino handiagoa.

9.3. Euskarabideak behar diren egiaztapenak eginen ditu laguntzen bateragarritasunari dagokionez.

Hamargarren oinarria.–Datuen tratamendua.

Eskatzaileen datuen tratamenduak beteko du Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa.

Hamaikagarren oinarria.–Laguntzen publizitatea.

Euskarabideak Nafarroako Gobernuan duen webgunean jarriko ditu laguntzak ematen dituzten ebazpenak; bertan eskatzaileen zerrenda eta emandako zenbatekoak agertuko dira.

Hamabigarren oinarria.–Aplikatzekoa den legeria.

Deialdi hau oinarri hauetan xedatutakoaren arabera arautuko da, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren arabera ere. Halaber, 161/1988 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez arautzen da laguntzak ematea helduentzako euskararen irakaskuntza sustatzen duten entitate pribatuei.

Hamahirugarren oinarria.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

II. ERANSKINA

Eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2207374