100. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

93/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 4koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ekintza eta esku-hartze sozialaren sektorerako funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzen dituena, 2022ko maiatzaren 16ko 20:00etatik 2022ko maiatzaren 17ko 23:59ra arte egitekoa den greba dela eta.

LAB sindikatuak grebara deitu du 2022ko maiatzaren 16ko 20:00etatik 2022ko maiatzaren 17ko 23:59ra arte Nafarroako Foru Komunitateko ekintza eta esku-hartze sozialaren sektorean.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartuta dagoen greba egiteko eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.

Ekintza eta esku-hartze sozialaren sektorearen eremuan (kategoria horiek gizarte zerbitzuen eremuan sartuak daude), zerbitzu jakin batzuk, hala nola ekintza eta esku-hartze sozialaren sektoreko zentroak, etxebizitzak eta egoitza zentroak, gizarte larrialdiko hainbat egoerari berehalako erantzuna ematera bideratuak daude, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonala zein soziala erraztuz, eta laguntza indibiduala, familiakoa edo kolektiboa emanez egoera ahulean dauden gizarte taldeei, hala nola adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei, gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonei eta abarrei.

Laguntza zerbitzu horien instalazioetan, batzuetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio, eta beste batzuetan, hainbat zerbitzu, tratamendu, programa eta laguntza eskaintzen dira bertan. Gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.

Azpimarratu beharra dago gizarte baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan sartzen direla haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak, hala nola elikadura, baina, baita ere, zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutakoak.

Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla pertsona horiek behar duten gutxieneko arreta bermatzeko.

Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.

Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.

Proposamena LAB sindikatuari bidali zaio, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1.–Nafarroako Foru Komunitatean ekintza eta esku-hartze sozialaren sektorean 2022ko maiatzaren 16ko 20:00etatik 2022ko maiatzaren 17ko 23:59ra arte egitekoa den greba dela eta, honako gutxieneko zerbitzu hauek finkatzen dira greba eskubidea erabiltzeko:

a) Ekintza eta esku-hartze sozialaren sektoreko egoitza zentroetan, etxebizitzetan eta eguneko arretarako zentroetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.

Hori helburu, zerbitzu horiek ematen direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek egon beharko dute jardunean. Horretarako, hauxe kalkulatu da:

–Egoitza zentroak: jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere greba egun horri zegokion kopurua gainditu gabe.

–Etxebizitza gainbegiratuak: jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere greba egun horri zegokion kopurua gainditu gabe.

–Jaiegunetan egoitzako arretarik ez duten zentroetan eta etxebizitza gainbegiratuetan, erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta emateko beharrezkoak diren zuzeneko arretarako langileak beharko dira.

–Etxebizitza funtzionalak: langile baten etengabeko arreta, zentrotik kanpora egiten diren eguneko jardueren orduetan izan ezik, jarduera horien ondorioz erabiltzaile bakar bat ez bada gelditzen etxebizitza funtzionalean.

–Eguneko arretarako zentroak: zaintzaile bat gutxienez, teknikariak alde batera utzita, eta beharrezkoa baldin bada, sukaldeko zerbitzua bermatzeko behar diren langileak. Garraio zerbitzua ere mantendu beharko da.

–Etxeko laguntza zerbitzuak: Elikadura eta banaketa bermatuko dira, baita ezinbesteko arreta pertsonala ere.

2.–Aurreko zenbakian jasotako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek eginen dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.

Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.

3.–Foru agindu hau LAB sindikatuari jakinaraztea, Greba Batzordearen ordezkaria den aldetik, behar diren ondorioak izan ditzan.

4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 4an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2206541