100. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

34/2022 FORU AGINDUA, maiatzaren 10ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 18ko 72/2021 Foru Agindua, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan hezkuntza jarduera aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onesten duena 2021-2022 ikasturterako, eta Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 8ko 83/2021 Foru Agindua, hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onesten duena 2021-2022 ikasturterako.

2021eko ekainaren 29an, “COVID-19a dela eta, ikastetxeetarako prebentzio, higiene eta osasunaren sustapenerako neurriak 2021-2022 ikasturterako” izeneko agiria onetsi zuen Osasun Publikoaren Batzordeak.

Neurri horietan oinarriturik, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 18ko 72/2021 Foru Aginduaren bidez, onetsi zen Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan hezkuntza jarduera aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa 2021-2022 ikasturterako, eta Hezkuntzako kontseilariaren irailaren 8ko 83/2021 Foru Aginduaren bidez, hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa 2021-2022 ikasturterako.

2022ko maiatzaren 3an, Osasun Publikoaren Batzordeak neurri berriak onetsi ditu, “COVID-19a dela eta, ikastetxeetarako prebentzio, higiene eta osasunaren sustapenerako neurriak 2021-2022 ikasturterako”, aldaketa esanguratsuak dakartzatenak hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloen aplikazioan, aipatu foru aginduen bidez 2021-2022 ikasturterako onetsi zirenen aldean.

Xedatutakoaren arabera, bidezkoa da Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 18ko Foru Agindua eta irailaren 8ko 83/2021 Foru Agindua aldatzea, Osasun Publikoaren Batzordeak 2022ko maiatzaren 3an onetsi zituen neurriak hartu daitezen aintzat, eta ez dadin aplikatu aipatu neurriekin bat ez datorren protokoloetako jarduera edo xedapenik.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Hezkuntza Baliabideetako zuzendari nagusien eskumena hartzea, foru agindu honen edukiaren ondorioetarako.

2. Aldatzea 72/2021 Foru Agindua, abuztuaren 18koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan hezkuntza jarduera aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onesten duena 2021-2022 ikasturterako, eta 83/2021 Foru Agindua, irailaren 8koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onesten duena 2021-2022 ikasturterako, zentzu honetan:

–Ikastetxeetan aplikatu beharreko neurriak dira Osasun Publikoaren Batzordeak 2022ko maiatzaren 3an onetsi dituenak “COVID-19a dela eta, ikastetxeetarako prebentzio, higiene eta osasunaren sustapenerako neurriak 2021-2022 ikasturterako” izenarekin, eta, ondorioz, ez da aplikatu behar 2022ko maiatzaren 3an onetsitako neurriekin bat ez datorren aipatu foru aginduen bidez onetsitako protokoloetako jarduera edo xedapenik.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau Hezkuntza Departamentuko eta Osasun Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza, Lanbide Heziketaren eta Hezkuntza Baliabideen zuzendaritza nagusietara, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura eta ikastetxeetara bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 10ean.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2206938