100. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

38/2022 FORU DEKRETUA, maiatzaren 4koa, Fermín Goñi de Miguel jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematen diona.

Fermín Goñi de Miguel jauna Iruñean jaio zen 1953an, eta kazetaria, politologoa eta idazlea da. Kazetaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, eta Zientzia Politikoak Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean; gainera, Finantza-kontabilitatean diplomaduna da (ESIC-Deustuko Unibertsitatea).

Madrilen hasi zen lanean, Deia egunkariko korrespontsal gisa. El País egunkarian korrespontsala izan zen, Estatua saileko erredaktorea, edizio eta dokumentazio arloko burua, editore grafikoa eta argazki zuzendaria. Bilboko Tribuna Vasca egunkariaren zuzendaria ere izan zen, baita Diario de Noticias taldearen sortzailea eta kontseilari delegatua ere. Bere lana inprimatzen ez diren hedabideetara ere zabaldu zen, eta Radio France International irratiaren Espainiako korrespontsala eta Nafarroako RTVE erakunde publikoaren zuzendaria izan zen.

Idazle gisa ibilbide oparoa egin du. Langintza horretan, 1973an hasi zen, Los escandalosos amores de mis amigos lanarekin. Idazle gisa, batez ere, bere eleberri historikoengatik ezaguna da. Horien artean honako hauek nabarmentzen dira: El hombre de la Leica, Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) eragin zuen Emilio Mola jeneralaren estatu-kolpearen prestaketa xehe-xehe deskribatzen duena; Los sueños de un liberador, Francisco de Miranda Amerikako emantzipazioaren aitzindariaren bizitzari buruzkoa; edo Todo llevará su nombre, Simón Bolívarren bizitzaren azkeneko bi asteak kontatzen dituena, Kolonbiako Santa Martako San Pedro Alejandrino izeneko etxaldetik. “Croatto, la huella de un emigrante” dokumentalean parte hartu du, zeinak Emmy saria jaso baitzuen 2017an, kultur dokumentalen kategorian.

Espainiako eta Hispanoamerikako gaiei buruzko nobela historikoa jorratzeaz gainera, Nafarroako gaiak ere sarri agertzen dira bere lanetan. Foru Komunitateari buruz, “Aezkoa: 200 años de lucha (De 1784 al atentado de ETA)” idatzi du (1978), Julio Caro Barojaren hitzaurrea duena, eta bidaia-gidak ere bai, hala nola “Guía secreta de Navarra, libro de viajes” (1979), “Navarra, una tierra de contrastes” (1992) edo “Lecároz en 100 palabras” (2015), non Lekarozko (Baztan) ikastetxeko barnetegiaren 125 urteko ibilbidearen narrazio historikoa egiten baita agiri eta argazkien bidez (Nafarroako barnetegi ezagunenetako bat da Lekarozkoa). ETBk (Euskal Telebista) laurogei minutuko dokumental bat egin zuen 2016an liburu horren prestaketa prozesuari buruz, “Magnolia, Washington, Lekaroz” izenekoa, Lander Garro zinegileak zuzendurik, non Goñiren urratsen atzetik ibili baitzen munduko zenbait tokitan barna: Princetongo Unibertsitatea (AEB), New York, Mexiko eta Paris. Dokumentala Europako eta Amerikako zenbait telebista-katetan eman da.

Bere lanetan, Hispanoamerikak ere toki nabarmena du, bai saiakeretan (El fotoperiodismo y La fuerza de la imagen, dos ensayos; Cochabamba, Bolivia, 1998), bai eleberrietan (Los sueños de un libertador, 2009-2010), bai egindako kolaborazioetan (Lo que sabemos y lo que somos, Mexiko, 2019, Elena Poniatowska, Elia Barceló, Andreu Martín, Francisco Haghenbeck, Alexis Ravelo eta beste batzuekin batera idatzia).

Egileak sakon ezagutzen du munduaren zati hori, alde batetik bestera ehun aldiz baino gehiagotan gurutzatu baitu Atlantikoa. Amerikanista konbentzitua da, XIX. mendean kontinente horretan sortutako independentzia-prozesuen zale amorratua. Izan ere, dokumentazio eta ikerketa xehea egin eta Perura zenbait bidaia egin ondoren, idazleak fikziora eraman zituen Amerikako independentziaren aldeko borroketan izandako benetako gertaera batzuk, trilogia baten bidez: Los sueños del libertador (2009), Francisco de Miranda militar kriolloaren biografia kontatzen duena; Todo llevará su nombre (2014), Simón Bolívarren azken egunak kontatzen dituena; eta, azkenik, Un día de guerra en Ayacucho (2021).

Gaur arte, hogei bat liburu idatzi ditu, eta horietako batzuk beste hizkuntza batzuetara itzuli dira, hala nola frantsesera, ingelesera eta alemanera. Sari garrantzitsuak irabazi ditu, esate baterako, HighTech Narratiba Historikoaren Saria, Los sueños de un liberador lanagatik (2009). Liburu hori bera Zaragozako Nobela Historikoaren Nazioarteko Sarian finalista izan zen 2010. urtean, bai eta Gijongo Aste Beltzean nobela historiko onenaren Espartaco Sariaren finalista ere 2010. urtean. Todo lleva su nombre liburua Espartaco Sariaren finalista izan zen 2015ean, Gijongo Aste Beltzean.

Fermín Goñi de Miguel jaunak, idazle gisa egiten duen lanaren bidez, lagundu egin du Nafarroako Foru Komunitatearen onurak zabaltzen, bere bidaia-giden bitartez, bai eta Hego Amerikako herrialdeen independentzia eragin zuten gertakari sozial herrikoiak nabarmentzen ere, bere narrazioen bitartez, eta gaur egun aktibo jarraitzen du hedabideetako aholkulari gisa lanean.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jotzen du Fermín Goñi de Miguel jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatzen, ezagutarazten eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren pertsonek eta entitateek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko maiatzaren lauan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATZEN DUT:

1. Fermín Goñi de Miguel jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 4an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2206400