100. ALDIZKARIA - 2022ko maiatzaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

15/2022 FORU LEGEA, maiatzaren 17koa, Nafarroako Komunitateko ikastetxe publikoetan erlijioko irakasleen lanpostuei eustea bermatzen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO KOMUNITATEKO IKASTETXE PUBLIKOETAN ERLIJIOKO IRAKASLEEN LANPOSTUEI EUSTEA BERMATZEN DUENA.

HITZAURREA

Erlijioko irakasleen araubide juridikoaren antolamendua erregulazio gai izan da hezkuntzari buruz egin diren legeetan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 27/2006 Lege Organikoak hirugarren xedapen gehigarrian ezarri zuen ezen funtzionario irakasleen kidegoetakoak ez ziren eta ikastetxe publikoetan erlijioak irakasten zituzten irakasleek administrazio eskudunekiko lan-kontratazioko erregimenean jardunen zutela, Langileen Estatutuari jarraikiz. Ezarri zuen, halaber, irakasle horiek lanpostuan sartzeko, berdintasuna, merezimendua eta gaitasuna hartuko zirela irizpide objektibo gisa, eta hezkuntza-maila berean bitarteko irakasleei zegozkien ordainsariak jasoko zituztela irakasle horiek.

Ekainaren 1eko 696/2007 Errege Dekretuak arautu egin zuen erlijioko irakasleen lan-harremana, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarriak aurreikusten zuena. Errege dekretu horretan arautu ziren erlijioa irakasteko bete beharreko baldintzak, irakasleen kontratazio mugagabea, lanaldi osoko edo partzialeko kontratu modalitatea, destinoa eskuratzeko kontuan hartu behar ziren gutxieneko balorazio irizpide objektiboak eta kontratua azkentzeko arrazoiak. Halaber, xedapen gehigarri bakarrean ezarri zenez, irakasle funtzionarioen kidegoetakoak ez ziren erlijioko irakasleak, errege dekretuak indarra hartzean kontrataturik bazeuden, besterik gabe igaroko ziren lan-harreman mugagabea izatera errege dekretuan bertan ezarritako baldintzekin, salbu eta lan-harremanaren titularra ordezteko kontrataturik zeudenak.

Legeria nazionala osatuz, Hezkuntza Departamentuak uztailaren 5eko 65/2013 Foru Aginduaren bidez arautu zuen gure Foru Komunitatean lan-kontratu mugagabea duten erlijio katolikoko irakasleei destinoak esleitzeko sistema.

Lan-kontratu mugagabearekin Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan erlijioa ematen duten irakasle horiei beren irakasgaiaren ordu-karga murrizten ari zaie urteetan zehar egiten ari diren arau aldaketen ondorioz. Azken aldaketa abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak (LOMLOE) egin du. Haren ondorioz baliteke Nafarroan legezko gutxienekora murriztea irakasgaiaren ordutegia, eta are gehiago laburtzea irakasleek dituzten lanaldiak eta urteetan zehar bereganatu dituzten lan eskubideak.

Horregatik, lege honen xedea da legezko arau baten aplikazioaren ondorioz mugagabeak diren lanpostu horiei eustea, Nafarroako ikastetxeetan urte asko lanean egin dituzten langile batzuen irakaskuntza-karga errespetatuz, aipatu inguruabarrak arrisku nabarmena sortu baitie beren lanpostuak galtzeko edo lanpostuetan jarraitu arren kolokako egoeran gelditzeko.

Artikulu bakarra.

Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa aplikatzearen ondorioz Nafarroan erlijio irakasgaiaren ordu-beharrak aldatzen badira, horrek ezin izanen die ekarri lanpostua galtzerik, ezta beren kontratuetako portzentajeak murrizterik ere, foru lege honek indarra hartzen duen egunean Nafarroan lan-kontratu mugagabea duten erlijioko irakasleei.

Hori guztia ezertan galarazi gabe Hezkuntza Administrazioaren ahalmena, irakasle horien irakaskuntza-jarduna beren gaur egungo lanpostu eta destinoei dagokienez antolatzekoa.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2022-2023 ikasturtetik aurrera aplikatuko da.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2207448