1. ALDIZKARIA - 2022ko urtarrilaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

101E/2021 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espediente batzuen tramitazioari. Egindako bideen egokitzapenari, etxe-sailen taxuera geometrikoari eta askotariko erabilerari buruzko espedienteak dira, besteak beste, eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu ditu biak.

A.–AURREKARIAK

2021eko martxoaren 1ean, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk eskaera aurkeztu zuen Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espediente bat izapidetzeko, askotariko erabilerari eta 6. etxe-sailari buruzkoa.

Dokumentazioa aztertu eta gero, Lurraldearen Antolamenduaren Atalak errekerimendua igorri zuen 2021eko apirilaren 28an.

Besteak beste, hau eskatu zuen:

“Aratzuri-Orkoien industria eremuan aplikatu beharreko determinazioek baliozkotasuna eta segurtasun juridikoa izan dezaten, aldaketa horrek bere egin behar ditu Orkoiengo Udalak 1999ko martxoaren 26ko osoko bilkuran onetsi zuen xehetasun-azterketan ezarritako determinazioak.”

Horri erantzunez, 2021eko irailaren 8an enpresa sustatzaileak Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren bi aldaketa aurkeztu zituen. Lehenbizikoak askotariko erabilerari eta 6. etxe-sailari eragiten die, eta bigarrenaren xedea da legeztatzea Orkoiengo Udalak 1999ko martxoaren 26ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi zuen xehetasun-azterketa.

Hau da, xehetasun-azterketaren determinazioak erabilera anitzeko lurzatiei eragiten dien aldaketan txertatu ordez, sustatzaileak nahiago izan zuen UPSa aldatzeko beste dokumentu independente bat aurkeztea izapidetzeko.

Ikusirik elkarri loturik daudela izapidetzeko aurkeztu diren udalez gaindiko plan sektorialaren bi aldaketak, eta prozesuaren bizkortasunaren printzipioari jarraituz, 39/2015 Legearen 57. artikuluaren arabera bidezkoa da prozedurak metatu eta bi aldaketak batera izapidetzea.

B.–EGINDA DAUDEN BIDEAK EGOKITZEARI ETA ETXE-SAILEN TAXUERA GEOMETRIKOARI BURUZKO ALDAKETA

I.–Deskribapena, xedea eta eremua.

UPSaren aldaketa hau xehetasun-azterketaren ondorio da. Hain zuzen ere, Orkoiengo Udalak 1999ko martxoaren 26ko osoko bilkuran onetsitako xehetasun-azterketa hori legeztatzea du helburu, ez baitzen behar bezala izapidetu, Udalak ez zuelako legitimaziorik hura onesteko eta xehetasun-azterketen norainokoaz eta xedeaz haragoko determinazio arauemaileak biltzen zituelako. Horregatik, xehetasun-azterketan onetsi zena erregularizatu nahi da espediente honetan, haren edukia txertatuz Aratzuri-Orkoien UPSan, zeina horretarako tresna egokia baita.

Jatorrizko xehetasun-azterketa xede honekin izapidetu zen: Aratzuri-Orkoien UPSan ezarritako lerrokadurak egokitzea lehendik eginda dauden bideen banaketari (urbanizazio proiektuarekin bat etorriz), sistema orokorrak ukitu gabe, lurren aprobetxamendua handitu gabe, eta ekipamenduetarako nahitaez laga beharreko azalera, espazio publikoak edo bideen zabalera murriztu gabe. Laburbilduz, aldaketak:

−Urbanizazio proiektuan definitutako inguratzaileari egokitzen dizkio 1., 2. eta 3. etxe-sailen lerrokadurak.

−13. etxe-sailaren inguratzailea eta, horrenbestez, haren lerrokadurak ezartzen ditu (azpiegituren trazadurak haren azalerari eragin dio).

−8. eta 9. etxe-sailen lerrokadurak aldatzen ditu, aurrealde uniforme eta jarraitua eratuz.

Halaber, etxe-sailen taxuera geometrikoan egindako aldaketen ondorioz, aldatu egiten dira UPSaren araudiaren 23., 36., 37., 38., 56., 63. eta 67. artikuluak eta etxe-sailen fitxa xehakatuak.

Aldaketa honen edukia, funtsean, jatorrizko agiriarena bera da, baina salbuespen hauek ditu, denboraren joanaren eta atzemandako akatsak zuzendu beharraren ondorioz:

−Legeria indardunera egokitu da, “beste eduki batzuk” atalean jasoz eskakizun berriak.

−Abian den, jada amaituta dagoen urbanizazioaren aipamenak ezabatu dira.

−Hirigintzako tresnari dagokiona zuzendu egin da, xehetasun-azterketa bat ez delako egokitzat jotzen haren edukirako.

−Zuzendu egin dira idazketa akatsak eta dokumentuaren hurrenkerarenak (esaterako, oinplanoko gehieneko okupazio azalera gabe gehieneko azalera eraiki gisa oker jarritako parametroa, edo 54. artikuluaren aldaketaren aipamena, ez baitzen aldatu, baizik eta haren determinazio orokorrak partikular bilakatu, horren beharrik izan gabe).

−Agerian jartzen da bideen aldaketa.

II.–Txosten sektorialak

Beren eskumeneko arloetan txosten bana egiteko eskatu zaie Ingurumen Eraginaren Atalari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Babes Zibilerako Zerbitzuari.

Horri erantzunez, txostena igorri dute Ingurumen Eraginaren Atalak (uste du jarduketa ez dagoela sartuta ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremuan) eta Iruñerriko Mankomunitateak (aldeko txostena eman du hornidura eta saneamendu azpiegituren gaineko ukipenei dagokienez).

C.–ASKOTARIKO ERABILERARI ETA 6. ETXE-SAILARI ERAGITEN DIEN ALDAKETA

I.–Deskribapena, xedea eta eremua.

Espedientearen xedea da erabilera anitzeko lurzatiei bestelako tratamendua ematea industria erabilerako lurzatien aldean, malgutasun handiagoa emanez. Honako aldaketa hauek egiten dira UPSaren araudian (21., 52., 53., 54., 55., 56., 66., 67., 68. eta 69. artikuluak):

−Erabilera anitzeko ekipamendutzat jotzen diren erabilera gehiago ezartzen dira. Besteak beste, bizitegi komunitariorako erabilera gehitzen da, eta merkataritzakoa bere bertsio guztietan, eta, bukatzeko, “Askotarikoa eta hirugarren sektorekoa oro har, 85/95 Foru Dekretuak ekipamenduetarako ezarritako erabilerak barne”.

−Ekipamendu pribatuko lurzatiak garatzeko xehetasun-azterketa izapidetu beharra ezabatu egiten da. Horretarako, hirigintza-antolamenduko determinazioak zehazten dira 6. etxe-sailerako (Orkoiengo 1. poligonoko 951. katastro-lurzatia).

−Malgutu egiten dira banantzeak eta eransketak: 5 metroko moduluen muga kenduz, gehieneko okupazioa eta eraikigarritasuna nahierara banatzeko aukera emanez (betiere, banandutako lurzatien guztizko baturak bat etorri behar du), eta bide emanez erabilera anitzeko etxe-sailetan aparkalekuak etxe-sail bereko beste lurzati batzuetan justifikatu ahal izateko.

−Berariaz adierazten da zer elementu ez diren kontuan hartu behar eraikigarritasunean (sotoak, erdisotoak, ataripeak, markesinak, itxiturarik gabeko eremu estaliak, terrazak, itxiturarik gabeko balkoiak eta estalkipekoak), eta sotoak eta erdisotoak definitzeko irizpideak eransten dira.

−Eraikuntzaren gehieneko altuera handitu egiten da zuzkidura-lurzatietan (10 metrotik 24 metrora) eta, horrenbestez, solairuen gehieneko kopurua ere bai (BS+2tik BS+5era).

−Lurzatiko itxitura zuria izan beharra kentzen da erabilera anitzeko lurzatietan, baina etxe-sail osoan kolore bera erabili beharra gehitzen da.

−Askotariko erabilerari fatxadaren kolore jakin baten beharra kentzen zaio (I. zonaren kanpoaldeko perimetroan).

−Erabilera anitzeko lurzatietarako, aparkalekuak aurrealdeko atzeraemanguneko zerrendan kokatu beharra kentzen da (nahierara banatzen ahal dira lurzatian).

II.–Txosten sektorialak.

Beren eskumeneko arloetan txosten bana egiteko eskatu zaie Ingurumen Eraginaren Atalari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Babes Zibilerako Zerbitzuari.

Horri erantzunez, txostena igorri dute Ingurumen Eraginaren Atalak (uste du jarduketa ez dagoela sartuta ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremuan) eta Iruñerriko Mankomunitateak (aldeko txostena eman du hornidura eta saneamendu azpiegituren gaineko ukipenei dagokienez).

Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak, berriz, eremu osoaren mugaketa grafikoaren planoa igortzeko eskatu du bere txostena emateko. Aurkeztutako dokumentu teknikoak, ebazpen honen xede denak, badu barnean plano hori, eta bera helarazi zaio, beste txosten bat eman dezan.

D.–OHARPENAK

Bi espedienteak Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialeko hirigintza-antolamendu xehakatuko determinazioak aldatzen eta garatzen dituzten tresnak dira; haiek izapidetzea eta onestea Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagokio, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat etorrita (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).

Bi aldaketetan bildutako dokumentazio teknikoa aztertuta, zuzendu beharreko alderdi hauek atzeman dira:

−Eginda dauden bideen egokitzapenari eta etxe-sailen taxuera geometrikoari buruzko aldaketa dela-eta (horiek 1999an onetsitako xehetasun-azterketaren xede izan ziren):

• 85/1995 Foru Dekretuaren 52. artikuluaren arabera, dokumentuan jaso behar da aldatu beharreko hirigintzako araudi indarduna (zehazki, aldatutako artikuluen eta etxe-sailetako fitxa xehakatuen testu indarduna).

• Memoriaren 1. atalean dagoen aipamen bat kendu behar da, 4.1 lurzatiaren erabileraren aldaketa, 2001ean onetsia, eta “Markesinak” izenburuko 59. artikuluaren aldaketa sartzeari buruzkoa, zeinak ibilgailuentzako eta oinezkoentzako erabilera aipatzen baitu. Izan ere, dokumentuak aldaketa horietarako esteka baino ez dakar, horien edukia jaso gabe, eta ez da beharrezkotzat jotzen haiek jasotzea.

• Halaber kendu egin behar da 1. atal horretan dagoen xedapen bat, oraingo aldaketaren kontrakoak izan daitezkeen lehengo aldaketen lehentasunari buruzkoa; legalizaziorako aldaketa egokitu behar da halako moldez non bera onestearekin bat eraginik gabe geldituko liratekeen beste tresna batzuek aldatutako determinazioak bilduko baititu.

Horretarako, Aratzuri-Orkoien industrialdeko I-B zonako 10. etxe-sailaren xehetasun-azterketaren bidez onetsitako lerrokadura-aldaketa jaso beharko da (Oltza Zendeako Udalak 2001eko otsailaren 8an onetsi zuen azterketa hori) eta antolamenduko planoak horren arabera aldatu behar dira.

−Askotariko erabilerari eta 6. etxe-sailari eragiten dien aldaketa dela-eta:

• Memoriaren 7. atalean jasotako erabilera anitzeko lurzatietako gehieneko altuera eta gehieneko solairu kopurua handitzea justifikatzeko azaldutako arrazoien artean, kendu egin behar da komunikazio-ibilbide bertikalak korridoreen gainetik lehenesteari dagokiona, ez delako baliozkotzat jotzen.

−Bi aldaketak direla-eta:

• “Sestrak” izenburuko 56. artikulua aldatzea planteatzen dute, alegia, beste testu bat ezartzea. Artikulu horren amaierako testua koordinatu egin behar da bi aldaketak ebatzi aurretik.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2021eko urriaren 20ko txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak) ezarritakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Izapidetzen hastea Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa baten espedientea, lehendik eginda dauden bideen egokitzapenari eta etxe-sailen taxuera geometrikoari dagokiena; aldaketa horrek planean txertatzen du Orkoiengo Udalak 1999ko martxoaren 26ko osoko bilkuran onetsitako xehetasun-azterketaren edukia. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

2. Izapidetzen hastea Aratzuri-Orkoien industria eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren beste aldaketa baten espedientea, askotariko erabilerari eta 6. etxe-sailari dagokiena. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

3. Aldaketa horien ebazpenerako baldintza izanen da dokumentu teknikoen akatsak zuzentzea, ebazpen honen azalpen zatian (D atala) jasotako oharpenak aintzat harturik.

4. Askotariko erabilerari eta 6. etxe-sailari eragiten dien aldaketaren ebazpenerako baldintza izanen da behin betiko onestea UPSaren beste aldaketa, ebazpen honen xedapen zatiaren 1. atalean adierazitakoa, lehendik badiren bideen egokitzapenari eta etxe-sailen taxuera geometrikoari dagokiena; biak aldi berean izapidetu dira.

5. Espedienteak izapidetu bitartean eskatu diren txosten sektorialetan ezarritakoari jarraituko zaio, eta/edo kasuan kasuko baimenetan ezartzen denari.

6. Bi espedienteak jendaurrean jartzea eta eragindako udalei entzunaldia ematea. Bi izapide horiek batera eginen dira eta hilabete iraunen dute. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.

Ondorio horietarako, espedienteak interesdunen eskura egonen dira Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9, 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentuak Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren webgunean kontsultatzen ahalko dira, “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalean: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta jakinaraztea Orkoiengo Udalari, Oltza Zendeako Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibilerako Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 9an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2117320