97. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Emakumeen Udal Kontseiluaren Erregelamendua. Behin betiko onespena

Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak, 2021eko urtarrilaren 14an, hasiera batez onetsi zuen Emakumeen Udal Kontseiluaren Erregelamendua.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluaren aginduei jarraikiz, erabaki hori 2021eko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 8koan, argitaratu zen, eta hasiera batez onetsitako Erregelamendua jendaurrean paratu zen Kultura eta Berdintasuneko Alorreko Administrazioan eta Udaleko oholean, espedienteak jendaurreko tramitea betez 30 egun balioduneko epean.

Behin jendaurreko aldi hori iraganda, alegazio bakar bat ere aurkeztu gabe, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluarekin bat, xedatzen da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko apirilaren 14an.–Alkatea, Enrique Maya Miranda.

EMAKUMEEN UDAL KONTSEILUAREN ERREGELAMENDUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

I. artikulua. Xedea eta izaera.

Emakumeen Udal Kontseiluak xede dauka emakumeek eta gizonek gobernuan eta udal-bizitza publikoan berdintasunean parte har dezaten bideratzea, erraztea eta bermatzea.

Emakumeen Udal Kontseilua organo aholku-emailea da, partaidetza sektoriala, elkarrizketa politikoa eta berdintasuneko politiken jarraipena lantzen dituena, eta haren bidez koordinatzen dira Berdintasuneko Alorrak emakumeen taldeekin, kolektibo feministekin eta sindikatuetako zein talde politikoetako emakume-arloekin dituen harremanak Planaren jarraipenaren eta berariazko ekintzak gauzatzearen berri emateko.

Emakumeen Udal Kontseilua Berdintasuneko Alorrari atxikiko zaio.

II. KAPITULUA

Eginkizunak eta osaera

II. artikulua. Eginkizunak.

1. Hona Kontseiluaren eginkizunak:

a) Emakumeen eta gizonen arteko Udalaren berdintasun-politiken jarraipenaren berri ematea.

b) Aukera Berdintasunerako Udal Planaren jarraipenaren berri ematea.

c) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagozkion jarduketa-proposamenak egitea.

d) Aldian behin informazioa eskuratzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan Udalak egindako jarduketen inguruan.

e) Informazioa eskuratzea Berdintasuneko Alorraren aurrekontuari, urteko memoriei, aurrekontua betetzeari eta genero-inpaktuaren gainean egindako txostenei buruz.

f) Eztabaidak, jardunaldiak, ikerlanak eta era guztietako jarduketak egitea sustatzea, Iruñeko herritarren jarrera aldatu eta irits dadin emakumeen eta gizonezkoen arteko aukera-berdintasunaren aldekoa izatera.

g) Irizpenak edo txostenak ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin zuzenean lotutako arau-proposamenen inguruan.

h) Bildu eta bideratzea pertsonek edo gizarte-erakundeek bereizkeria anizkoitzari lotuta, udal-politikari dagokionez, egindako salaketa eta ekimen guztiak. Ondorio hauetarako, bereizkeria anizkoitza da emakume batek edo emakume-talde batek bizi duen egoera, honako esparru hauetan bildutako bereizkeria-kasuak direla-eta: adina, klase soziala, nazionalitatea, etnia, desgaitasuna, sexu-identitatea, sexu-orientazioa eta bestelakoak.

i) Udal esparruan egoki jotako neurri guztiak proposatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu eta sustatzeko eta emakumeek politikan, kulturan, ekonomian eta gizartean parte hartzeko.

j) Txostenak eta irizpenak ematea, bere ekimenez edo Udalak eskatuta eta arau sektorialek hala xedatzen badute.

k) Egoki jotako lan-batzordeak eratzea gai zehatzetan aritzeko, eta batzorde horietako kideak izendatzea.

l) Jarduketa-proiektuei edo jada gauzatutako jarduketei buruzko txostenak edo irizpenak egitea, hala bere ekimenez nola Udalak berak eskatuta.

m) Iruñeko Udalaren Herritarren Partaidetzako Erregelamenduan herritarren partaidetzarako organoei aitortutako gainerako eginkizunak.

n) Arauek egotzitako bestelako eginkizunak edo Iruñeko Udalak agindutakoak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan.

2. Iruñeko Udalak behar den informazioa emanen dio Emakumeen Udal Kontseiluari egotzitako eginkizunak beteko dituela bermatzeko.

III. artikulua. Osaera.

Honako hauek izanen dira Kontseiluko kideak: Lehendakari bat, Lehendakariorde bat eta kontseilukideak, Berdintasuneko Alorreko teknikari bat, Emakumeendako Arreta Zerbitzuko teknikari bat eta Idazkari-kargua betetzen duen pertsona.

IV. artikulua. Lehendakaritza.

Emakumeen Kontseiluko Lehendakaria emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-politiken ardura duen Zinegotzia izanen da, eta hitzarekin eta botoarekin parte hartuko du.

Lehendakariari dagokio:

a) Bilkuretarako deia egin, haietan buru izan eta amaitutzat ematea, eta eztabaidak moderatzea.

b) Berdinketak haustea bere botoarekin.

c) Gonbidapen iraunkorrak onestea eta errefusatzea eta unean-unean gonbidapenak egitea.

d) Kontseiluaren legezko ordezkaritza.

e) Karguari berez dagozkion zereginak.

V. artikulua. Lehendakariordea.

Lehendakariordea partaidetza-organoaren eratze-saioan hautatuko da Udaleko zinegotzi ez diren kontseilukideen artean.

Lehendakariak postua hutsik uzten duenean, kanpoan edo gaixorik dagoenean edo justifikatutako beste edozein zio dela medio, Lehendakariordeak ordezkatuko du.

VI. artikulua. Kontseilukideak.

1. Honako hauek izanen dira kontseilukide, hitzarekin eta botoarekin:

–Udalbatzan ordezkaritza duten talde politikoen zinegotzi bana, horietako bakoitzak proposaturik. Ondorio horietarako, Lehendakaria ez da bere taldeko ordezkaritzat hartuko.

–Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko azken hauteskundeetan boto kopuru gehien eskuratu dituzten bi erakunde sindikaletako ordezkari bana, betiere beren baitan emakumeen atal antolaturik badute, horietako bakoitzak proposaturik.

–Iruñean egoitza soziala eduki eta legez eratutako emakumeen elkarteetako hamalau ordezkari, horietako bakoitzak proposaturik. Ondorio horietarako, bost kontseilukide-postu erreserbatuko dira kolektibo hauetako bakoitzarentzat:

i. Kontseilukide postu bat, desgaitasuna duten emakumeen elkarteen ordezkari batendako.

ii. Kontseilukide postu bat, adineko emakumeen elkarteen ordezkari batendako.

iii. Kontseilukide postu bat, emakume migratzaileen elkarteen ordezkari batendako.

iv. Kontseilukide postu bat, Nafarroako emakumeen enpresa-erakundeen ordezkari batendako.

v. Kontseilukide postu bat, LBT kolektiboko emakumeen elkarteen ordezkari batendako.

VII. artikulua. Legez eratutako emakumeen elkarteetako ordezkariak.

1. Ordezkaritzaren ondorioetarako, emakumeen elkarteek honako betekizun hauek betetzen dituztela egiaztatu behar dute:

a) Legez eratutako elkarteak edo autonomia funtzionala duten elkarteen sailak izatea, hurrengo letran adierazitakoari dagokionez.

b) Haien helburuen artean izatea emakumeen eskubide eta aukera berdintasuna defendatzeko jarduerak garatzea.

c) Elkartearen egoitza soziala Iruñean edukitzea.

d) Irabazi-asmorik gabekoak izatea.

e) Izena emana izatea Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen erroldan.

2. Emakumeen elkarteen ordezkariak eta horien ordezkoak egoitza soziala Iruñean edukita Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen erroldan izena eman duten elkarteek aukeratuko dituzte.

3. Elkarte bakoitzak kontseilukide postu baterako bakarrik aurkezten ahalko du bere hautagaitza, bai aurreko artikuluan zerrendatzen diren erreserbatu baterako bai kontseilukide postu orokor baterako. Elkarte bakoitzak aurkezten duen eskaeran adierazi beharko da zer kontseilukide postutarako den, bai eta ordezkari gisa aukeratutako titularraren eta ordezkoaren identifikazio-datuak ere.

4. Kontseiluko Lehendakariak aukera izanen du, erreserbatutako kontseilukide posturako hautagaitza ez onartzeko, baldin eta elkartearen estatutuetan jasotako helburu eta jardueretatik ondorioztatzen ez bada bere jarduketa zuzentzen duenik ordezkatu nahi duen esparru zehatz horretara.

5. Erreserbatutako kontseilukide posturen baterako hautagaitzarik ez balego, horien ordez, kontseilukide orokorren kopurua handituko da.

VIII. artikulua. Gonbidapen iraunkorrak.

1. Kontseiluaren bileretara modu iraunkorrean joaten ahalko dira, hitzarekin baina botorik gabe, norbanako zein talde gisa Lehendakariari modu arrazoituan eta formalki eskatzen dioten pertsonak, baldin eta Lehendakariak haien parte hartzea onartzen badu.

2. Kontseiluko gonbidatu iraunkorrek eskubidea izanen dute deialdiak, aktak eta gai-zerrendan landuko diren gaiekin lotutako agiriak jasotzeko kontseilukideen aurrerapen berarekin.

3. Gonbidatu iraunkorra izateko eskaera ukatuz gero, modu arrazoituan egin beharko da.

4. Gonbidatu iraunkorrek bere kargua utziko dute elkarte eta sindikatuen ordezkari diren kontseilukideen agintaldia bukatzen denean.

IX. artikulua. Unean uneko gonbidapenak.

Kontseiluaren bileretara joaten ahalko dira unean-unean, hitzarekin baina botorik gabe, Lehendakariak norbanako zein talde gisa gonbidatzen dituen pertsonak, baldin eta horien parte hartzea interesekotzat jotzen bada.

Halaber, Kontseiluaren bileretara joaten ahalko dira, hitzarekin baina botorik gabe, Lehendakariak gonbidatzen dituen teknikariak, baldin eta gai-zerrendan lantzekoak diren gaien arabera egokitzat jotzen badira.

X. artikulua. Berdintasuneko alorra.

Kontseiluak eginen dituen bileretara joanen da, hitzarekin baina botorik gabe, Berdintasuneko teknikari bat, zeinak Kontseiluaren eta sortzen diren Lan-batzordeen dinamizazio- eta koordinazio-eginkizunak izanen baititu. Halaber, Alorreko Berdintasuneko beste teknikari batzuk joaten ahalko dira, gai jakin bati heltzeko beharrezkoa bada.

XI. artikulua. Emakumeendako Arreta Zerbitzua.

Kontseiluak eginen dituen bileretara joanen da, hitzarekin baina botorik gabe, Emakumeendako Arreta Zerbitzuko teknikari bat.

XII. artikulua. Idazkaria.

Berdintasuneko Alorrari Aholkularitza Juridikoa ematen dion elkarteko langile batek beteko ditu idazkari-eginkizunak, zeinak saioetan parte hartuko baitu hitzarekin baina botorik gabe.

Idazkariari dagokio:

a) Bilkuren akta egitea.

b) Kontseiluaren erabakiak betearaztea.

c) Kontseiluaren Idazkaritzari berez dagozkionak.

XIII. artikulua. Izendapena eta kargu-uztea.

1. Kontseilukideak Alkateak izendatu eta kargutik kenduko ditu, dagozkien elkarte, sindikatu eta talde politikoek proposaturik.

Kontseilukideak izendatzeko ahalmena dutenek haien ordezkoak ere proposatu beharko dituzte.

2. Kontseilukideen kargu-uztea honako kasu hauetan gertatuko da:

a) Heriotza edo desgaitasun bat-batekoa.

b) Agintaldiaren amaiera.

c) Ordezkatzen duten instituzioak edo entitateak proposatuta.

d) Lehendakariak onartutako uko-egitea.

e) Lehendakariak kontseilukide gehienek proposaturik hartutako erabakia, jarraian hiru bilkuretara huts egiten badute justifikaziorik gabe edo karguari dagozkion eginkizunak bete ezean.

f) Hautatua izan zen unean kide zeneko elkarte, entitate edo erakundeko kidea izateari uztea.

g) Hautatua izan zen unean kide zeneko elkartea, entitatea edo organismoa deuseztatzea.

h) Kide den elkarteak baja ematea Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen elkarteen erroldan.

Atal honetako b), e), g) eta h) letretan aurreikusitakoaz besteko zioengatik sortutako hutsune guztiak ordezkoek beteko dituzte, eta, edozein kasutan, gainerako kontseilukideen aldi berean amaituko dute kargu-aldia.

XIV. artikulua. Iraupena.

1. Talde politikoen ordezkari gisa lehendakari eta kontseilukide direnek postu hori beteko dute talde politikoen ordezkari diren bitartean.

2. Lehendakariordea eta sindikatu eta elkarteen ordezkari diren kontseilukideak hiru urterako hautatuak izanen dira.

3. Sindikatu eta elkarteen ordezkari diren kontseilukideak berritzen diren bakoitzean, aztertu beharko da beharrezkoa ote den pertsonen artarako eta/edo haurtzaindegiko zerbitzu bat ezartzea.

III. KAPITULUA

Funtzionamendua

XV. artikulua. Saioen aldizkakotasuna.

Kontseilua ohiko bilkuran bilduko da, gutxienez, hiruhilekoan behin, eta bilkura berezian Lehendakariak edo kontseilukideen heren batek hala eskatzen duenean.

Deialdia Idazkari-eginkizuna betetzen duen pertsonak eginen du, Lehendakariak hala eskaturik, gutxienez bi egun baliodun lehenago, eta bertan zehaztuko dira gai-zerrenda eta bilkuraren lekua, data eta ordua.

XVI. artikulua. Deialdia.

1. Bilkurak egin, deliberatu eta erabakiak hartzeari begira organoaren eraketa baliozkoa izan dadin, bertan egon beharko dute, edo urrutitik parte hartu, lehendakariak eta idazkariak, edo haien ordezkoek, eta organoa osatzen duten kideen erdiek gutxienez.

2. Bilduta daudenean, dela aurrez aurre dela urrutitik, kide anitzeko organoko kide guztiak edo haien ordez ari direnak kide anitzeko organotzat eratzen ahalko dira, bilkurak egin, deliberatu eta erabakiak hartzeko, aurrez deialdirik egin beharrik gabe, kide guztiek horrela erabakitzen badute.

3. Elkarteen ordezkariek edo haien ordezkoek deitutako bilkuraren batera bertaratzerik eduki ezean, Kontseiluaren Idazkaritzari eman beharko diote horren berri, bilkura noiz den eta gutxienez lau ordu lehenago. Jakinarazpenean adierazi beharko dira elkarteko ordezkari gisa bilkurara joanen den pertsonaren identifikazio-datuak, eta, halakorik balitz, boto-eskuordetzea berariaz adierazi beharko da.

Ordezkapen horrek ondorioak izanen ditu Kontseilua baliozkotasunez eratzeko.

4. Bilkuretarako deiak bitarteko elektronikoen bidez igorriko zaizkie kide anitzeko organoaren kideei, eta bertan gai-zerrenda eta eztabaidarako beharrezkoa den dokumentazioa atxikiko zaizkie.

5. Salbu ageriko premia-kasuetan –zeinak nahitaez arrazoitu beharko baitira eta kide anitzeko organoak berak gehiengo osoz berretsi–, ohiko bilkuretan ez da jorratuko gai-zerrendan sartutakoez beste gairik.

XVII. artikulua. Gai-zerrenda.

Partaidetza-organoaren bilkura bakoitzean zehaztuko dira eztabaidaren xede diren arloak, udalak proposatuta eta/edo kideek proposatuta. Kideek proposatuta zehazten badira, gai-zerrendan sartu nahi diren puntuen proposamenak bilkuraren eguna baino bi egun lehenago, gutxienez, helarazi behar dira organoaren Idazkaritzara.

XVIII. artikulua. Ordainsaririk ez.

Kontseilura bertaratzeak ez du ezein ordainsaririk ekarriko.

XIX. artikulua. Lan-batzordeak.

Kontseiluak erabakitzen ahalko du, Lehendakariak edo kontseilukide gehienek hala eskaturik, Batzordeak eratzea berezko dituzten eskumenei dagozkien ikerlanak eta txostenak egiteko.

XX. artikulua. Erabakiak hartzea.

Kontseiluaren erabakiak gehiengo soilez hartuko dira.

XXI. artikulua. Bertaratzea.

Kontseiluko edozein kide, ordezko edo ordezkorik izendatu gabe hiru bilkuretara jarraian huts eginez gero, justifikatutako ziorik gabe, hura Kontseilutik banantzea eta gero ordeztea ekarriko du.

Hautatuak izan diren batzordekideak kargugabetuak eta ordeztuak izan daitezke izendapena egiteko prozesuari jarraituta.

XXII. artikulua. Arau osagarriak.

Erregelamendu honetan aurreikusita ez dagoen guztietan Iruñeko Udalaren Herritarren Partaidetzarako Erregelamendua aplikatuko da, eta kide anitzeko organoen arautzeari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

XXIII. artikulua. Erregelamenduaren aldaketa.

Erregelamendu hau parte batean edo osorik aldatzea, baita Emakumeen Udal Kontseilua deuseztatzea ere, Udalaren Osoko Bilkurari dagokio bakarrik, Emakumeen Udal Kontseiluaren irizpena entzunda.

Lehen xedapen gehigarria.–Emakumeen Kontseilua Erregelamendu honetan xedatutakora egokituko da, eta harekin bat eratu, beharrezko proposamenak eta kideen izendapena egin ondoren, Erregelamendu hau indarrean sartu eta gehienez hiru hilabeteko epearen barruan.

Bigarren xedapen gehigarria.–Emakumearen Udal Kontseilua hemendik aurrera Emakumeen Udal Kontseilua deituko da.

Emakumearen Udal Kontseiluaren inguruan egindako aipamenak, bai Iruñeko Udaleko Berdintasuneko Ordenantzan bai beste edozein xedapen orokorretan edo administrazio-egintzatan, Emakumeen Udal Kontseiluari dagozkiola ulertuko da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indarrik gabe gelditu dira erregelamendu honetan ezarritakoarekin kontraesanean dauden maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, zehazki, Emakumearen Udal Kontseiluko Erregelamendua, 2001eko ekainaren 7an Iruñeko Osoko Bilkurak onetsi zuena.

Azken xedapena.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik sortuko harik eta bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko nahiz Foru Komunitateko Administrazioek toki-entitateei haien egintzak eta erabakiak ezeztatzeko errekerimendua egiteko duten ahalmena gauzatzeko ezarritako epea (hamabost egun baliodun) iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L2106115