97. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LEDEA

Rokodromoa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Ledeako Udalak, 2020ko abenduaren 28an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ledeako rokodromoa arautzen duen ordenantza; erabakia 2021eko 17. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 25ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ledean, 2021eko apirilaren 7an.–Alkatea, Ricardo Murillo Delfa.

ORDENANTZA, LEDEAKO ROKODROMOA ARAUTZEN DUENA

Eskalada jarduera arriskutsua da, eta nolabaiteko prestakuntza fisiko eta tekniko espezifikoa eskatzen du. Ledeako rokodromoa erabiltzen duen pertsona orok bere gain hartzen du, bere ardurapean, eskalada egiteko behar den gutxieneko prestakuntza izatea.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Ledeako udal frontoian dagoen rokodromoa erabiltzeko baldintzak arautzea.

2. artikulua. Definizioak.

–Rokodromoa: rokodromoa egitura eskalagarri osoari deitzen zaio.

–Eskalatzailea: eskalada esparruaren barruan dagoen erabiltzaile oro.

–Heltzeko edo laguntzeko egiturak honela bereiziko dira:

  • Presak: egiturari torlojuen bidez finkatzen zaizkion formazioak, posizioz eta tokiz alda daitezkeenak. Baimendutako langileek bakarrik manipulatu behar dituzte.
  • Egituraren formak: egituraren berezko formak, ordezkagarriak edo aldagarriak ez direnak.

–Erorketa eremua: eskalatzaileak erortzean har dezakeen espazio guztia, edozein lekutan dagoela ere.

–Bidea: aurretik markatutako, ezarritako eta bereizitako eskaladako ibilbide bertikala.

–Boulder eremua: lurraren eta lerro mugatzaile horizontalaren artean dagoen rokodromoaren beheko aldea, erorketa eremuan koltxonetak dituena. Koltxonetarik ez baldin badago, ez da Boulder eremu erabilgarritzat hartuko.

3. artikulua. Erabilera onartuak.

Rokodromoaren erabilera nagusia eskaladaren berezko diziplina edo modalitateetan kirola egitea izanen da. Ledeako Udalak berariaz baimendu beharko du beste edozein jarduera egitea.

Ledeako Udalak baimendutako erakundeek edo klubek programatutako jarduerek edo udalak antolatutakoek lehentasuna izanen dute ordenantza honetan araututako erabileren aurretik. Jarduera horiek egiten diren bitartean, instalazioa ezin izanen dute erabili kanpoko pertsonek.

Rokodromoan inplementatu beharreko edozein jarduera, eskalada bera ez bada, Ledeako Udalak baimendu beharko du. Horretarako, Udalari aurkeztu behar zaio txosten tekniko xehakatua jarduerari edo jarduketari eta horrek azpiegituran duen eraginari buruz.

4. artikulua. Eskalatzaile erabiltzaileak: betekizunak eta edukiera.

Ezin da eskalada-esparrura sartu instalazioaren erabiltzailea ez den inor.

Eskalatzaile guztiek fitxa bat bete beharko dute beren datu pertsonalekin (I. eranskina).

Adin nagusiko eskalatzaile guztiek ordenantza honen onarpen-adierazpena bete eta aurkeztu beharko dute (II. eranskina).

16 eta 17 urte bitarteko eskalatzaileak bakarrik joaten ahalko dira eskalatzera, baldin eta aldez aurretik gurasoen/tutoreen berariazko baimena aurkeztu badute. Baimenarekin batera, hura sinatzen duen pertsonaren nortasuna egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, salbu eta adingabearen aitak/amak/tutoreak zuzenean aurkezten badu baimena Ledeako Udalean (III. eranskina).

16 urtetik beherako eskalatzaileak rokodromoan sartu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da adinez nagusi den pertsona baten laguntza eta begiradapean egotea. Aldez aurretik instalaziora joateko berariazko baimena aurkeztu beharko dute, gurasoek/tutoreek sinatua, baimenaren sinatzailearen nortasuna egiaztatzen duen agiriaren fotokopiarekin batera (IV. eranskina). 16 urtetik beherako eskalatzaileek instalazioa utzi beharko dute, horien ardura duen pertsona helduarekin batera.

Eskalatzaile guztiek, adina edozein dela ere, mendiko eta eskaladako federazioaren indarreko txartel ofizial bat izan beharko dute, rokodromoko eskalada estaliko duen aseguruarekin, eta puntu hori egiaztatu beharko da.

Rokodromoan, gehienez, 14 eskalatzaile ibiltzen ahalko da.

5. artikulua. Sarbidea, ordutegiak eta prezioak.

Rokodromoaren instalazioa sarbide librekoa izanen da araudi honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskalatzaile guztientzat, Ledeako Udalak bere web-orrian eta/edo iragarki-taulan zehaztutako ordutegietan, eta erabat debekatuta egonen da instalaziora ordutegi horretatik kanpo sartzea.

Ledeako Udalak salbuespenez eta arrazoituz baimentzen ahalko du instalazioak zehaztutako ordutegietatik kanpo erabiltzea.

Ledeako Udalak ahalmena du, kautelazko neurri gisa, araudi honetan jasotako punturen bat behin eta berriz betetzen ez duten eskalatzaileei edo eskalatzaile ez direnei sarbidea ukatzeko edo haiek kanporatzeko.

Prezio publiko guztiak instalazioa erabili aurretik ordaindu beharko dira.

Prezio publikoak:

–Egun osoa.

  • Eskalatzaile heldua, erroldatu gabea: 6 euro.
  • Eskalatzaile heldua, erroldatua: 3 euro.
  • Eskalatzaile adingabea, erroldatu gabea: 3 euro.
  • Eskalatzaile adingabea, erroldatua: 1 euro.

–Hiru hileko abonamendua.

  • Eskalatzaile heldua: 45 euro.
  • Eskalatzaile adingabea: 30 euro.

–Sei hileko abonamendua.

  • Eskalatzaile heldua: 70 euro.
  • Eskalatzaile adingabea: 45 euro.

6. artikulua. Arau orokorrak.

Rokodromoa erabiltzen uzten zaien eskalatzaile guztiek bete beharko dituzte instalazioa erabiltzeko arauak, bai ordenantza honetan jasotakoak, bai Ledeako Udalak eman ditzakeen funtzionamendu arauak eta/edo arau osagarriak.

Debekatuta dago presak edo rokodromoko beste elementu batzuk manipulatzea.

Eskalatzaileek kirol materiala eta altzariak errespetatu eta zainduko dituzte, baita rokodromoan dauden Ledeako udal pilotalekuko areto guztiak ere.

Eskalatzaileek garbi edukiko dituzte instalazioak.

Debeku da erretzea eta alkoholdun edarien kontsumoa esparru barruan.

Debekaturik dago animaliak sartzea instalazioan.

Bakarrik baimenduko da musika edo beste edozein soinu gainerako eskalatzaileen baimena izanez gero. Baimen hori lortu ezean, musika edo antzeko beste edozein soinu debekatuta egonen da, edo, hala badagokio, eten egin beharko da, eskaladan alferrikako eragozpenik ez sortzeko.

7. artikulua. Eskaladako arau espezifikoak.

Boulder eremua soilik erabiltzen ahalko da beheko aldean koltxonetak daudenean.

Debekatuta dago kalean eraman diren oinetako berberekin eskalatzea edo koltxoneta eremura sartzea. Nahitaezkoa da katu-oinak erabiltzea, edo, halakorik ezean, galtzerdiak.

Rokodromoaren behealdeak garbi egon beharko du, eskalada-materialik eta eskalatzailea erortzean arriskuan jar dezakeen beste edozein material edo ekipamendu pertsonalik gabe.

Magnesio hautsa erabiliz gero, ahalik eta kantitate txikiena erabili beharko da, produktu horrek presen itsaspenean eragiten duen ondorio negatiboagatik, eta komeni da magnesio likidoa erabiltzea.

Debekatuta dago beste eskalatzaile baten azpian edo bertikalaren gainean eskalatzea.

Eskalatzaile bat baino ez da baimenduko iltze bakoitzeko, bertan elkartzen diren bideen kopurua edozein izanda ere.

Bide beretik igo eta jaitsi beharko da. Espresuki debeku da bidea aldatzea.

Aseguruetarako eta bileretarako, horretarako berariazko elementuak baizik ez dira erabili beharko.

Eskaladan zehar, kordadako lehen eskalatzaileak mosketoia jarri beharko du bideko aseguru puntu guztietan.

Debekatuta dago tirolinak edo soka horizontalak muntatzea, eta inola ere ez da onartuko aseguru puntuen gainean nahita erortzea edo hegaldiak egitea.

Debekatuta dago blokearen goiko aldetik gainditzea eta ibiltzea, edo esparruaren estalkiaren metalezko egituratik zintzilikatzea.

8. artikulua. Beharrezko materiala.

Eskalatzaileek material propioa erabiliko dute. Material hori UIAAren (Alpinismo Elkarteen Nazioarteko Batasuna) arauek homologatu beharko dute.

Rokodromoa erabiltzeko derrigorrezko material teknikoa honako hau izanen da:

–Arnesa.

–Soka.

–Kaskoa.

–Aseguru autoblokeatzaileen gailuak (adibidez: grigria), inoiz ez sistema dinamikoak (adibidez: zortzia, atzealdea).

–Katu-oinak, edo, halakorik ezean, galtzerdiak, inoiz ez kalean eraman diren oinetako berberak.

–Segurtasun-mosketoiak, aseguratzeko maniobretan.

9. artikulua. Erantzukizunak eta zehapenak.

Ledeako Udalak ez du bere gain hartzen erantzukizunik eskaladaren kirol-praktikagatik eskalatzaileek lesioengatik edo istripuengatik jasan ditzaketen kalteengatik.

Rokodromoaren erabilera eta haren erabilera desegokiak ekar ditzakeen ondorioak eskalatzaileen erantzukizuna dira, ez beste inorena.

Ledeako Udalak ez du erantzukizunik izanen instalazioan utzitako objektuen narriaduren, galeren edo ostuen gainean, berdin baliozkoak izan zein ez.

Eskalatzaileek kirol-instalazioa, oro har, ondo erabiltzen, zaintzen eta garbitzen dela zainduko dute, bai rokodromoa, bai udal-pilotalekua.

Eskalatzaileek edo horien arduradunek Ledeako Udalari jakinarazi eta ordaindu beharko dizkiote instalazioak zabarkeriaz edo bidegabekeriaz erabiltzeagatik sortutako kalteak edo anomaliak.

Eskalatzaileek berehala jakinarazi beharko diote Ledeako Udalari pertsonen osotasuna arriskuan jartzen duen edozein narriadura, akats edo anomalia.

Eskalatzaileren batek instalazioa gaizki erabiltzen duela antzemanez gero, instalaziora sartzeko debekua ezartzen ahalko zaio aldi baterako edo behin betiko, arau-haustearen larritasunaren arabera eta lehen aldia den ala ez kontuan hartuta.

Zehapenak ezartzea bateragarria izanen da, nolanahi ere, Ledeako Udalak kalte-ordaina eskatzearekin, instalazioetan eragindako kalteak konpontzeagatik sortutako gastuen zenbateko berean, halakorik gertatu bada.

10. artikulua. Arau osagarriak.

Ledeako Udalak egokitzat jotzen dituen arau osagarriak ematen ahalko ditu rokodromoaren erabilera egoki eta ordenaturako, baldin eta kirol-instalazioei buruz indarrean dagoen legedia urratzen ez bada.

11. artikulua. Interpretazioa.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioz sortzen diren zalantzak interpretatzeko ahalmena du Ledeako Udalak, bai eta rokodromoaren erabilerari eta erabilera-baldintzei buruz ordenantza honetan jaso ez diren alderdiak erabakitzeko ahalmena ere.

I. ERANSKINA

Eskalatzailearen datu pertsonalak.

II. ERANSKINA

Ledeako rokodromoa arautzen duen ordenantzaren arauen onarpen-adierazpena.

III. ERANSKINA

16 eta 17 urteko eskalatzaileen aita/ama/legezko tutorearen baimena, Ledeako rokodromoan eskalada praktikatzera bakarka joateko.

IV. ERANSKINA

16 urtetik beherako eskalatzaileen aita/ama/legezko tutorearen baimena, Ledeako rokodromoan eskalada egitera joateko, adin nagusiko pertsona baten begiradapean eta erantzukizunpean.

Deskargatzeko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: L2105908