95. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

46/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 12koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte hasitako zergaldietako sozietateen gaineko zergaren autolikidaziorako 220 eredua onesten duena tributazioa zerga-kontsolidazioaren araubidean egiten duten talde fiskalentzat, eta aitorpenak aurkezteko arauak ematen dituena.

Zerga-kontsolidazioaren araubidea Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen VIII. tituluko VII. kapituluan dago arautua.

26/2016 Foru Legearen 99.1 artikuluan zehazten da ezen, talde fiskalak, tributazio araubide hori aukeratzen dutenean, zergaren zergaduntzat hartuko direla.

Aipatu foru legearen 99.2 artikuluak xedatzen du talde fiskalaren entitate ordezkariak zerga-kontsolidazioaren araubideak sortutako zerga arloko betebehar materialak eta formalak bete beharko dituela eta talde fiskalaren entitate ordezkaria entitate nagusia izanen dela Espainiako lurraldeko egoiliarra denean, edo talde fiskalak izendatzen duen entitatea, entitate nagusia izateko baldintzak betetzen dituen eta Espainiako lurraldeko egoiliarra den entitaterik ez dagoenean taldean.

Uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen du Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan eta, gaien artean, besteak beste, jorratzen du teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzea eta hobetzea, tributuen aplikaziorako, Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan. Helburuak dira, batetik, zergapekoei erraztea zerga-betebeharrak (bai materialak bai formalak) betetzea; bestetik, haien eskubideak eta bermeak errespetatzea, eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzea.

Beraz, Nafarroako Foru Ogasunak aitorpenen aurkezpen elektronikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik zergapekoek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabiltzeko aukera izatea Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da, aurreko ekitaldietan bezala, bide elektronikoa izan dadila sistema bakarra 220 eredua aurkezteko, foru agindu honen bidez onesten den eredua, hain zuzen ere.

Foru agindu honetan Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura finkatzen dira. Gainera, zehazten dira Nafarroako Foru Ogasunak prestatu duen laguntza-programa erabiltzen ez duten zergadunek bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek izan beharreko erregistro-diseinuak. Aipatutako erregistro-diseinuak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian zehazten dira, Interneteko helbide honetan: https://hacienda.navarra.es.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera zergak bi administrazioei batera ordaindu behar dizkieten eta Nafarroakoaz besteko tributazio kontsolidatuaren araudia aplikatzen duten talde fiskalek, bestalde, fitxategi bat bide elektronikotik igorriz aurkeztu beharko dituzte beren aitorpenak. Zein administrazioren araudia aplikatzen den, administrazio horrek eredu bakoitzarentzat zehazturiko erregistro-diseinuetara egokituko da fitxategi hori.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 220 eredua onestea.

Sozietateen gaineko zergaren autolikidaziorako 220 eredua onesten da Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen VIII. tituluko VII. kapituluan ezartzen den zerga-kontsolidazioaren araubidearen bitartez tributatzen duten talde fiskalentzat, 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako zergaldietarako.

2. artikulua. Aitorpena egiteko betebeharra.

26/2016 Foru Legearen VIII. tituluko VII. kapituluan ezarritako zerga-kontsolidazioaren araubidearen bitartez tributatzen duten talde fiskalei dagokien sozietateen gaineko zergaren autolikidazioa, 220 ereduaren arabera egina, aurkeztuko dute Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 27. artikuluari jarraikiz Nafarroako foru araudia aplikatzen duten talde fiskalek.

Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten talde fiskalek 5.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz aurkeztu beharko dituzte autolikidazioak.

3. artikulua. Sozietateen gaineko zergaren autolikidaziorako 220 eredua aurkezteko modua.

1. Zergadun guztiek baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dute 220 eredua nahitaez, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 5. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 6. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

Autolikidaziorako 220 eredua aurkeztu behar du talde fiskalaren entitate ordezkariak, bertan eskatzen diren datuetatik dagozkien guztiak behar bezala beteta.

2. 26/2016 Foru Legearen 99.3 artikuluan xedatuarekin bat, talde fiskala osatzen duten entitateek egin behar dituzten aitorpen-likidazioak S-90 ereduan aurkeztuko dira. Hura oso-osorik beteko da, banakako tributazio araubidean entitate horiek ordaindu edo jaso beharko lituzketen zenbateko likido teorikoetara ailegatu arte. Halaber, aitorpen horietan dagoen likidazioan zerga-oinarria negatiboa edo zero baldin bada, S-90 ereduan jarri beharko dira hobariei eta kenkariei buruzko datu guztiak.

4. artikulua. Aurkezteko epea, eta ordaindu edo itzultzeko modua.

1. 220 eredua aurkeztu beharko da entitate ordezkariaren banakako tributazio-araubideko aitorpenari dagokion epean.

2. Taldeen entitate ordezkariak, 220 ereduaren aitorpen-likidazioa aurkeztu behar dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratzen den tributu-zorra Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan sartzera. Diru-sarrera egiteko “741 ordainketa-gutuna” eredua erabiliko da. Gainera, Nafarroako Foru Ogasunak ordaintzeko onartzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.

Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, adierazi beharko da zein entitate eta kontutan ordaindu behar den, aitorpenak horretarako duen atalean.

5. artikulua. Autolikidazioen aurkezpen elektronikorako baldintza orokorrak.

1. 220 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak eduki beharko du identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat, ziurtagiri elektroniko aitortu bat erabiltzen duena eta Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa izan behar duena, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (horren bidez onetsi zen kanpo-lankidetzarako akordioa aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko), aurkezlea aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada, identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema eduki behar du, eta ziurtagiri elektroniko aitortu bat erabili, b) letran aipatzen den moduan.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko laguntza-programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza-programa hori Nafarroako Foru Ogasunak 220 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ezarritako erregistro-diseinuetara egokituko da (http://www.hacienda.navarra.es).

e) Aitortzaileek aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera zergak bi administrazioei ordaindu behar dizkieten eta Nafarroakoaz besteko tributazio kontsolidatuaren araudia aplikatzen duten talde fiskalei dagozkien autolikidazioak honela aurkeztuko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, subjektu pasiboek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro-diseinuetara egokitutako fitxategi informatikoan.

b) Aipatu fitxategi informatikoa bide elektronikotik igorriko da, Nafarroako Foru Komunitatean aurkezteko, eta dagokion diru-sarrera eginen da, edo itzulketa eskatuko, 4.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

6. artikulua. Nafarroako araudiko 220 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoekin aurkezteko prozedura.

a) Nafarroako araudiko 220 ereduari dagozkion aitorpenak Internet bidez baliabide elektronikoekin aurkezteko Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza-programa erabiliz, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1. Aitorpena laguntza-programa erabiliz bete.

2. Betetako aitorpena balidatu.

3. Balidatutako aitorpena Internet bidez igorri. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta zergaldi berekoak baldin badira.

4. Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzunen dio ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

b) Beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekiko izapideen atalean sartu.

2. Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.

3. Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

4. Lotea igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2021eko apirilaren 30ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko apirilaren 12an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2105788