95. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

45/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 12koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte hasitako zergaldietako sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren (establezimendu iraunkorra) autolikidaziorako S90 eredua onesten duena eta aitorpenak aurkezteko arauak ematen dituena.

Sozietateen gaineko zergaren zergadunak, zerga hori arautzen duen abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 75. eta 76. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude zergaren aitorpena aurkeztera, haren tributu-zorra zehaztu eta ordaintzera, eta behar diren dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztera, zerga arloan eskuduna den departamentuak finkatutako tokian eta moduan.

Uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen du Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan, eta gaien artean, besteak beste, jorratzen du teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzea eta hobetzea, tributuen aplikaziorako, Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan. Helburuak dira, batetik, zergapekoei erraztea zerga-betebeharrak (bai materialak bai formalak) betetzea; bestetik, haien eskubideak eta bermeak errespetatzea, eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzea.

Beraz, Nafarroako Foru Ogasunak aitorpenen aurkezpen elektronikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik zergapekoek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabiltzeko aukera izatea Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da, aurreko ekitaldietan bezala, bide elektronikoa izan dadila sistema bakarra S90 eredua aurkezteko.

Foru agindu honetan Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura finkatzen dira. Gainera, zehazten dira Nafarroako Foru Ogasunak prestatu duen laguntza-programa erabiltzen ez duten zergapekoek bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek izan beharreko erregistro-diseinuak. Aipatutako erregistro-diseinuak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian zehazten dira, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera zergak bi administrazioei batera ordaintzen dizkieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten sozietateen gaineko zergaren eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren (establezimendu iraunkorra) zergadunei dagokienez, fitxategi bat bide elektronikotik igorriz aurkeztu beharko dituzte beren aitorpenak. Zein administrazioren araudia aplikatzen den, administrazio horrek eredu bakoitzarentzat zehazturiko erregistro-diseinuetara egokituko da fitxategi hori.

S90 eredua egokitu behar da Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legeak sartutako aldaketetara.

Sartutako aldaketa horien artean nabarmendu behar da, alde batetik, fiskalki kengarriak diren gastuen aldaketa, funts propioen ordainsaritzat hartzen baitira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 28. artikuluaren e) letran aipatzen diren arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsetatik zuzenean edo zeharka datozen izaera bereziko eskubide ekonomikoak ere, haiek nola kontabilizatzen diren alde batera utzita. Horrenbestez, ez dira fiskalki kengarriak izanen entitate ordaintzailearen zerga-oinarria zehazteko. Orobat, “carried interest” delakoaren tributazioa parekatzen da arrisku-kapitaleko erakundeetako partaidetzen eskualdaketan lortutako dibidenduen eta errenten tributazioarekin.

Halaber, ezohiko mozkinak berrinbertitzeagatiko salbuespenean, indargabetzen da onura fiskalari atxikitzeko aukera, baldin eta eskualdaketan eskuratutako zenbatekoa baloreetan berrinbertitzen bada. Beraz, baloreetan berrinbertitzeari dagokion laukia ezabatzen da.

Bestalde, gutxieneko tributazioaren zenbatekoa zehazteko modua aldatzen da, koherenteagoa izan dadin. Ehuneko 18ko, 16ko eta 13ko portzentajeak mantentzen dira, baina testua aldatzen da, entitateak aplikatu behar duen karga tasa aipatzeko, hura enpresa txikia edo mikroenpresa den ala ez adierazi beharrean. Horrez gain, % 23ko edo % 19ko tributazioa duten entitateei soilik uzten zaie gutxieneko tributazioaren zenbatekoa minoratzea I+G+b arloko kenkari osoaren zenbatekoan edo I+G+b proiektuetan parte hartzeagatiko kenkariarenean.

Pizgarrien ondoriozko kenkariekin jarraituz, ikerketa eta garapeneko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatiko kenkarian, zenbait entitaterekin egindako kontratuetatik datozen gastuei dagokienez, enpresa arloko I+G+b unitateetara hedatzen da I+G arloko kenkariaren portzentajea % 10 handitzeko aukera, baldin eta unitate horiek Nafarroako I+G+b Sistema (SINAI) betearazteko agente gisa akreditatuta badaude (unitate horiek Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen bidez sortu ziren). Lauki berri bat agertzen da gastu horiek jasotzeko.

Jokoaren publizitaterako pizgarri fiskalik ez ezartzea xede harturik, berariaz uzten dira babesletzako jarduerek eragindako publizitate gastuengatiko kenkaritik kanpora jokoaren, apustuen edo joko operadoreen publizitatea egiten duten kontratuak.

Azkenik, pizgarriengatiko kenkariei dagokiena amaitzeko, argi uzten da kenkariaren oinarrian ez direla sartzen ez interesak ez zeharkako zergak, aktiboen edo gastuen baloraziorako kontuan hartu edo ez.

Abenduaren 29ko 21/2020 Foru Legeak ekarritako aldaketetara ere egokitzen da. Horren bidez zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartu ziren eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aldatu zen.

Batetik, aldaketa garrantzitsuak sartzen dira zerga honi buruzko Foru Legean, Kontseiluaren 2016ko uztailaren 12ko 2016/1164 (EB) Zuzentarauarekin zerikusia dutenak. Horren bidez zenbait arau ezarri ziren barne merkatuaren funtzionamenduan zuzeneko eragina duten saiheste fiskaleko jardunbideen kontra.

Gainera, nazioarteko zerga gardentasunari buruzko araubidea aldatzen da, sartzeko, nazioarteko zerga gardentasuna aplikatzeko ondorioetarako, atzerriko establezimendu iraunkorretan lortutako errentak, baita errentamendu finantzarioen eragiketetatik eratorritakoak edo aseguruen eta bankuen jardueretatik eta beste hainbat jarduera finantzariotatik eratorritakoak ere.

Bestetik, enplegua sortzeagatiko kenkaria sinplifikatzen da, kenkaria finkatzeko plantillei eustea eskatzen zuen betebeharra kenduta.

Azkenik, automobilgintza-industriako produkzio prozesuetan berrikuntza sustatzeko, Europako Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren araberako enpresa txiki eta ertainentzat, berrikuntza teknologikoko jarduerak gauzatzeagatiko kenkariaren ehunekoa handitu egiten da, baldin eta horien emaitza aurrerapen teknologikoa bada, automobilgintza-industriaren balio-katean ekoizpen prozesu berriak lortzeko edo lehendik dauden prozesuetan hobekuntza nabarmenak egiteko. Lauki berri bat gehitzen da egindako berrikuntza kasu horrekin bat datorren adierazteko.

Gainera, foru lege-dekretu batzuen bidez, hainbat neurri berezi sartu dira jarduera ekonomikoari eusteko COVID-19 koronabirusak eragindako pandemiaren ondoriozko zailtasun iragankorren aurrean. Horien artean aipatzekoa da, batetik, ezarritako urtebeteko luzapena zergaren Foru Legearen 37.1 artikuluan agertzen diren ondare-elementuen kostu bidezko eskualdaketa batean lortutako zenbatekoa berrinbertitzeko epean, berrinbertitzeko epea 2020ko zergaldian bukatzen zaien zergadunentzat. Inbertsioetarako erreserba berezia gauzatzeko epea ere (Foru Legearen 45.2 artikuluan arautua) luzatzen da 2021eko abenduaren 31ra arte, gauzatze-epea 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitarte bukatzen zaien zergadunen kasuan.

Halaber, kenkariei dagokienez, enpresa txikitzat hartutako zergadunek kuota osoari % 30eko kenkaria aplikatzen ahalko diote 2020an enpresaren eraldaketa digitalerako eta merkataritza elektronikoa ezartzeko egindako gastu eta inbertsioengatik. Atal berri bat sortzen da kenkari hau adierazteko.

Bestalde, zergaren Foru Legearen 64.A) artikuluan araututako energia berriztagarrien instalazioetako inbertsioengatiko kenkaria aplikatuko da 2020ko zergalditik aurrera, kuota likidoaren % 25eko mugari lotu gabe.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. S90 eredua onestea.

Sozietateen gaineko zergaren eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako S90 eredua onesten da, 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte hasitako zergaldietarako.

2. artikulua. Aitorpena egiteko betebeharra.

Behartuta daude aitorpena S90 ereduari jarraituz egitera honako hauek: sozietateen gaineko zergaren zergadunak, zerga hori arautzen duen 26/2016 Foru Legearen 10. artikuluan aipatzen direnak, baldin Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute, bai eta establezimendu iraunkorrei dagokien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak ere, baldin aipatu Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute.

Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera zergak bi administrazioei ordaindu behar dizkieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten zergadunek dagozkien autolikidazioak aurkeztu beharko dituzte 4.3 artikuluan xedatuari jarraikiz.

3. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea eta modua, ordainketa eta itzulketa.

1. Zergadunek zergaldia bukatu eta hurrengo bosgarren hilabeteko lehenengo egunetik zazpigarren hilabeteko hogeita bosgarren egunera arteko epean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru araudia, nola Nafarroakoaz besteko araudia aplikatu behar denean.

Aurreko paragrafoan aipatzen denaren arabera, zergadunek, haien aitortzeko epea foru agindu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita bosgarren egun naturala baino lehen amaitu bada, foru aginduak indarra hartu eta hurrengo hogeita bost egun naturalen barrenean aurkeztu beharko dute aitorpena.

2. Zergadun guztiek baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dute nahitaez S90 eredua, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 4. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

3. Zergadunak, aitorpena aurkezten dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan sartzera. Diru-sarrera egiteko “712 ordainketa-gutuna” eredua erabiliko da. Gainera, Nafarroako Foru Ogasunak ordaintzeko onartzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.

Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, adierazi beharko da zein entitate eta kontutan ordaindu behar den, aitorpenak horretarako duen atalean.

4. artikulua. Autolikidazioen aurkezpen elektronikorako baldintza orokorrak.

1. S90 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema bat, ziurtagiri elektroniko aitortu bat erabiliz, Nafarroako Foru Ogasunak onartzeko modukoa, arloan indarra duen legediarekin bat etorriz.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (horren bidez onetsi zen kanpo-lankidetzarako akordioa aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko), aurkezlea aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada, identifikazio, autentifikazio eta sinadura elektronikoaren sistema eduki behar du, eta ziurtagiri elektroniko aitortu bat erabili, b) letran aipatzen den moduan.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko laguntza-programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza-programa hori Nafarroako Foru Ogasunak S90 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ezarritako erregistro-diseinuetara egokituko da (http://www.hacienda.navarra.es).

e) Aitortzaileek aurkezpen elektroniko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera zergak bi administrazioei ordaintzen dizkieten eta Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen duten zergadunei dagozkien autolikidazioak honela aurkeztuko dira:

a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, zergadunek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro-diseinuetara egokitutako fitxategi informatikoan.

b) Aipatu fitxategi informatikoa bide elektronikotik igorriko da, Nafarroako Foru Komunitatean aurkezteko, eta dagokion diru-sarrera eginen da, edo itzulketa eskatuko, 3.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko prozedura.

a) S90 ereduari dagozkion aitorpenak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza-programarekin, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1. Aitorpena laguntza-programa erabiliz bete.

2. Betetako aitorpena balidatu.

3. Balidatutako aitorpena Internet bidez igorri. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta zergaldi berekoak baldin badira.

4. Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzunen dio ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

b) Beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Internet bidez baliabide elektronikoak erabiliz aurkezteko, prozesu honi jarraitu behar zaio:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekiko izapideen atalean sartu.

2. Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.

3. Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

4. Lotea igorri ondoren, sistemak erantzun eginen du ordainagiri-zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emateko. Gero, igorpena balidatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, aitorpenak kontsultatzeko aplikazioari esker, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.

6. artikulua. S90 ereduari dagozkion aitorpenekin batera aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak.

S90 ereduari dagokion aitorpenarekin batera agiriak aurkeztu behar dituzten zergadunek, aitorpena egiteko epearen barnean beteko dute agiriak eransteko betebehar hori, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz.

Zergadunek dokumentazio horren urtea eta erregistro zenbakia jarriko dituzte zergaren aitorpenean, horretarako prestatuta dauden laukitxoetan. Era berean, laukitxo horiek erabiltzen ahalko dituzte bertan adierazteko aitorpenerako dokumentazio osagarria beren kabuz aurkezten dutela.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2021eko apirilaren 30ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2021eko apirilaren 12an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2105789