94. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

37E/2021 EBAZPENA, martxoaren 25ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, enpresei hasierako gastuetarako laguntzak emateko 2021eko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 552928.

Nafarroan onetsiriko ekintzailetza-planen esparruan, 2013. urteaz geroztik, enpresei hasierako gastuetarako laguntzak emateko deialdiak egin izan dira. Deialdiok Nafarroan ekintzailetza bultzatzeko neurrien artean daude, lagungarriak izan daitezen enpleguaren sorreran eta Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta sozialean. Deialdi horiei emaniko erantzuna ona izan denez, bidezkoa da neurri horiek gauzatzen jarraitzea, enpresei hasierako gastuetarako laguntzak emateko beste deialdi baten bidez, 2020ko ekainaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarte sortu diren edo aldi horretan jarduera Nafarroara ekarri duten enpresentzat.

Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 10ean hartu erabaki baten bidez, baimendu zen laguntza horiek banakako ebaluazioaren araubidean ematea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedaturikoarekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Enpresei hasierako gastuetarako laguntzak emateko 2021eko deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810001-81100-4701-422200: Enpresen eraketa sustatzeko dirulaguntza

2021

285.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2021eko martxoaren 25ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da ekintzailetza bultzatzea, enplegua sortzeko eta Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko, enpresei hasierako gastuetarako laguntza bat emanez. Enpresek sortu berriak izan behar dute, edo egoitza soziala eta jarduera Nafarroara ekarria izan behar dute.

Horretarako, laguntza bat emanen da gastu orokorretarako eta beste bat, berariazkoagoa, gastu hauetarako: prestakuntzarako, aholkularitzarako, patenteak ordaintzeko eta lokalak egokitzeko. Orobat, pizgarri gisa, laguntza gehigarri bat izanen dute honako enpresa hauek:

a) Emakumeek, desgaitasunen bat duten pertsonek edo gazteek sustatutakoak.

b) Enplegua sortzen dutenak.

c) Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian Nafarroako Gobernuak lehentasunezkotzat jotzen dituen sektoreetan aritzen direnak.

d) Ezartzen direnak katastrofikotzat jotako eremuetan edo azken urteetan populazioa galdu dutenetan.

e) Nafarroako Gobernuak enpresek Nafarroan jarraipena eduki dezaten sortutako “Negozioen Errelebo Poltsa”ren bidez egindakoak.

2. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Sortu berriak diren enpresek edo egoitza soziala eta jarduera Nafarroara ekarri dutenek eskatzen ahal dituzte deialdi honen laguntzak.

Ondorio horietarako, enpresatzat joko dira jarduera ekonomiko bat gauzatzen duten honako entitateak:

a) Pertsona fisikoak (banakako enpresaburuak eta “sozietate irregularrak” deituriko nortasun juridikorik gabeko sozietateetako bazkideak).

b) Enpresa sozietarioak (merkataritza-sozietateak eta kooperatibak).

2. Eskatzaileek honako betebehar hauek bete beharko dituzte laguntzak eskatzen diren unean:

2.1. Betebehar orokorrak:

a) Jarduera eta egoitza soziala Nafarroan izatea.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, bat etorriz Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluarekin. Baldin eskatzailea sozietate irregular bateko bazkidea bada, sozietateak bete beharko du baldintza hori, hala dagokion unean.

c) Alta emanik egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) eta ordainketak egunean izatea dagokion udalarekin. Baldin eskatzailea sozietate irregular bateko bazkidea bada, sozietateak egon beharko du alta emanik ekonomia-jardueren gaineko zergan, eta ordainketak egunean izan beharko ditu, Nafarroako udal batean.

Ekonomia-jardueren gaineko zergari dagokion baldintza ez dute bete beharko lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileek, autonomo sozietarioek eta Nafarroako ekonomia-jardueren gaineko zergaren mende ez dauden jarduerak gauzatzen dituztenek (nekazaritza edo basogintzako jarduerak, mendeko abeltzaintza, abeltzaintza integratua eta merkataritza-ordezkariak).

d) Tramite guztiak (altak, jarduera berriaren komunikazioak eta abar) behar bezala eginda izatea Gizarte Segurantzarekin edo dagokion lanbide elkargoko mutualitatearekin.

e) Eskaeraren xedeko jarduerak bat etorri beharko du Udalean eta Gizarte Segurantzan edo dagokion mutualitatean alta emanik dagoen jarduerarekin.

f) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Eskaera aurkeztearekin bat, eskatzaileak baimena ematen dio laguntzak ematen dituen organoari egiazta dezan egunean dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Halaber, eskaera aurkezteak berekin dakar aipatu organoari baimena ematea eskura ditzan eskatzaileen eta enpresa sozietario eskatzaileetako bazkideen Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren txostenak, baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Halakoetan, bada, ez da egiaztagirik aurkeztu beharko. Hala ere, interesdunak berariaz uko egiten ahal dio eskaeran baimen hori emateari, eta kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.

2.2. Berariazko betebeharrak:

a) Pertsona fisikoek honakoak bete beharko dituzte:

–Alta emanik egotea (jarduera berrian) Langile Autonomoen Araubide Berezian edo dagokion lanbide elkargoko mutualitatean 2020ko ekainaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean, eta hartan egotea 6 hilabetez jarraian gutxienez, 8.1.a) oinarrian ezartzen den bezala.

–Aipatutako araubidean alta eman den dataren aurreko bi urteetan, Nafarroan, EJSN 2009ren “talde” bereko jarduera bat (hiru digitu) egin ez izana norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez).

b) Enpresa sozietarioek honakoak bete beharko dituzte:

–Eraketa eskrituraren inskripzioa –edo, egoitza soziala eta jarduera Nafarroara ekarri dituzten enpresen kasuan, aldaketa eskriturarena– 2020ko ekainaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean egin izana, sortu den enpresa motari dagokion erregistroan.

–Enpresa berria eratu aurreko bi urteetan, Nafarroan, EJSN 2009ren “talde” bereko jarduera bat (hiru digitu) norberaren kontura (zuzenean edo beste sozietate batzuetan duten partaidetzaren bidez) egin ez duten pertsona fisikoek kapitalaren %50 izatea, gutxienez.

–Kapital sozialean partaidetza duten pertsonak eta enpresako administratzaileak, kapital horretako kide ez direnean, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea autonomo sozietario moduan, horretara behartuta badaude.

3. Betebehar horiek 6. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta laguntza ordaintzen den arte bete beharko dituzte, gutxienez.

4. Ez dira laguntza hauen onuradun izanen lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, kapital handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Honako hauek izanen dira gastu diruz lagungarriak, baldin eta 2020ko ekainaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean fakturatu eta ordaindu badira:

a) Prestakuntza-gastuak, pertsona fisiko eskatzaileak edo enpresetako bazkideak honako arlo hauetan prestatzeko: “Finantzak”, “Negoziazioa eta salmenta”, “Estrategia” edo jarduera abian jartzeko gaitasuna hobetzea xede duen beste prestakuntza bat.

b) Aholkularitza gastuak, honako arlo hauen inguruan: negozio estrategiako ekintzak, bideragarritasun azterketak, marketin ekintzak edo bezeroen fidelizazioa lortzeko estrategiak.

c) Patentea eta markak erregistratzeko gastuak. Espainiako Patente eta Marken Bulegoan (OEPM) eta Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoan (EUIPO) ordaindutako tasek jaso dezakete dirulaguntza.

d) Lokalak konpontzeko edo kontserbatzeko gastuak. Gastu horien helburua da lokalak behar bezala erabiltzeko baldintzak mantentzea, elementu batzuen ordezpenaren bidez, eta ez dira sartzen lokala hobetzen duten jarduketa berriak. Profesionalen ordainsariak eta materialak sartzen dira gastu horietan, eta gutxienez 500 euro gastatu behar da, BEZik gabe.

Baldin eskatzailea sozietate irregular bateko bazkidea bada, sozietateak eginiko gastuak ere onartuko dira. Gastu horiek eskatzaileari egotziko zaizkio elkartean daukan partaidetzaren proportzioan.

2. Edozein motatako tributuak ez dira diruz lagunduko, ez eta 1. apartatuko gastuak ere alderdiek akzioen bidezko harremana badute edo odol edo ezkontza bidezko hirugarren gradura arteko ahaideak badira.

4. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak honakoak izanen dira:

a) Laguntzak, finantzatzeko jarduera ekonomiko bat hasteko eskatzaileek izandako gastuak (ez dago gastu horiek justifikatu beharrik):

–Pertsona fisikoak: 750 euro.

–Enpresa sozietarioak: 2.000 euro.

b) 3.1 oinarriko gastu diruz lagungarrien %50eko laguntza, gehieneko hauek izanda:

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (GASTUAREN %50)

GEHIENEKO LAGUNTZA

Prestakuntza

300 euro

Aholkularitza

300 euro

Patenteen eta marken erregistroa

300 euro

Lokalen konponketa edo kontserbazioa

1.000 euro

Laguntzaren intentsitatea fakturatutako eta pagatutako gastuari aplikatuko zaio, BEZa kenduta.

c) Laguntza gehigarria eskaera aurkezten den egunean honako baldintzak betetzen dituzten enpresentzat. Zenbateko gehigarri hauek metatu egin daitezke:

IZAERA

LAGUNTZA GEHIGARRIA

A. Emakumeek, desgaitasunen bat duten pertsonek edo gazteek sustatutako enpresak

A.1. Laguntzaren eskatzailea emakumea izatea edo enpresa sozietarioaren kapitalean emakumeek %50eko edo gehiagoko partaidetza izatea

300 euro

A.2. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duen pertsona fisikoa izatea edo %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonek enpresa sozietarioan %25eko edo gehiagoko partaidetza izatea

300 euro

A.3. 40 urteko edo hortik beherako pertsona fisikoa izatea edo enpresa sozietarioaren kapitalaren %50, gutxienez ere, 40 urteko edo hortik beherako pertsonena izatea, eskaera egiten den egunean

300 euro

B. Enplegua sortzen duten enpresak (1)

B.1. Bazkideak ez diren pertsonak kontratatuak izatea, gutxienez lanaldiaren %50 egiteko.

300 euro

B.2. Bazkideak ez diren pertsonak kontratatuak izatea, kontratu mugagabearekin, gutxienez lanaldiaren %50 egiteko. Nafarroara ekarritako enpresen kasuan, lekualdatzearen ondoren egindako kontratu berriak bakarrik hartuko dira kontuan

300 euro kontratu mugagabe bakoitzeko (600 euroko muga)

B.3. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak kontratatuak izatea

300 euro

C. Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian lehentasunezkotzat jotzen diren sektoreetan aritzen diren enpresak (1) (2)

300 euro

D. EJZn alta eman duten enpresak Nafarroako Erdialdean, 2019ko uztailaren 8an, izandako ohiz kanpoko euri-jasen eta uholdeen ondorioz hondamen-eremu deklaratutako udalerriren batean (1) (3)

300 euro

E. Nafarroako udalerri batean EJZn alta eman duten enpresak, baldin eta udalerri hori bada 2016-2020 aldian biztanleria galdu duten eremuetako bat: Pirinioak eta Nafarroako Eki-erdialdea. (Iturria: Nafarroako Estatistika Institutua) (1) (4)

300 euro

F. Nafarroako Gobernuaren “Negozioen Errelebo Poltsa” delako programan eskaintzen den enpresa-jarduera batean segitzen duten enpresak (1)

Eskualdaketaren kostuaren %10, BEZik gabe (2.000 euroko mugarekin)

(1) Baldin eskatzailea sozietate irregular bateko bazkidea bada, kontuan hartuko da sozietate horrek baldintza betetzea, eta elkartean daukan partaidetzaren proportzioan esleituko zaio laguntza eskatzaileari.

(2) Lehentasunezko sektore horietan sartutzat joko dira EJSN 2009an dibisio epigrafeei (bi digitu) dagozkien honako jarduerak:

01

02

03

10

11

16

17

18

20

21

22

23

24

25

26

27

28

29

30

33

35

38

39

55

58

59

60

61

62

63

71

72

73

74

75

86

90

91

94

(3) 210/2019 Foru Agindua, uztailaren 30ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana (2019ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 14koa).

(4) Eremu bakoitzari dagozkion udalerriak jasota daude Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 5eko 89/2001 Foru Aginduan, horren bidez ezarri baitziren “Nafarroa 2000” zonifikazioaren osaera eta izendapen berriak (2001eko 69. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 6koa).

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko uztailaren 31n bukatuko, egun hori barne.

Deialdi honetarako baimendutako aurrekontuko kreditua egun hori baino lehen agortzen bada, eskaerak aurkezteko epea aldez aurretik itxi dela jakinaraziko da Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian (www.nafarroa.eus), tramiteen katalogoko fitxa egokiaren bitartez (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

2. Eskaerak nahitaez modu telematikoan aurkeztuko dira laguntzen fitxaren bidez; fitxa horretan lotura bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikora.

3. Laguntza eskabidean adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektroniko hori eskuratuko da 9. oinarrian adierazi bezala.

4. Eskaera ordezkari batek aurkezten badu, frogatu egin beharko da ordezkaritza hori. Kasu horietan, bai eskatzaileak bai bere ordezkariak, biek izan beharko dute DEHa.

5. Enpresa edo IFZ bakoitzeko laguntza eskaera bakarra onartuko da.

6. Eskabideak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, Lehiakortasunaren Zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, ondorioztatuko dela eskaera bertan behera uzten duela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

6. oinarria.–Laguntzak eskatzeko aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskabide telematikoarekin batera aurkeztu beharreko agiriak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira.

2. Oro har aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Eskabidearen inprimakia, laguntzen fitxan eskuratu daitekeena, behar bezala beteta.

Inprimakiak badu irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eskatzen den gardentasun aitorpena. Foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasunerako betebeharrak.

b) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta eman izanaren agiriaren kopia. Baldin eskatzailea sozietate irregular bateko bazkidea bada, agiria sozietatearena izanen da.

c) Enpresak jarduera zein udalerritan gauzatzen duen, hango udalak luzatutako ziurtagiria, egiaztatzen duena eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak. Ziurtagiri horrek izan beharko du laguntza eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalen barnean luzatua. Baldin eskatzailea sozietate irregular bateko bazkidea bada, ziurtagiria sozietatearena izanen da.

d) 3. oinarrian aipatzen diren gastu diruz lagungarrien fakturen kopia eta ordainketen frogagiriak; enpresa eskatzailearen izenean egon beharko dute. Baldin eskatzailea sozietate irregular bateko bazkidea bada, sozietatearen izenean dauden agiriak ere izanen dira baliodunak. Ordainagiritzat hartuko da finantza entitate baten bidez egin eta eskatzailearen kontuan zordundutakoa. Enpresa hornitzailearen kontuan eskudirutan egindako diru-sarrerak ez dira onartuko.

Gainera, lokalak konpontzeko eta kontserbatzeko gastuen kasuan, alokairu kontratua edo lokalaren jabetza eskritura aurkeztu beharko da eta 2007ko Kontabilitate Plan Orokorreko 622 kontuan (“Mantentze-lanak eta konponketak”) kontabilizatuta dagoela dioten frogagiriak, edo halakorik ezean, gastuen erregistro liburuan.

e) Patenteen eta marken gastua frogatzeko, izen edo marka eskaeraren kopia aurkeztu beharko da. Eta ordainketa frogatzeko, bankuak egiaztatutako ordainketa-gutunaren kopia aurkeztuko da, edo, aurkezpen elektronikoaren kasuan, ordainketaren bankuko frogagiriaren kopia.

f) Inoiz Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik lortu ez bada, “Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea” inprimakia beteta aurkeztu beharko da. Inprimaki hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian eskuratzen ahal da:

https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

3. Eskatzaileek aurkeztu beharreko berariazko agiriak:

a) Dagokion lanbide elkargoko mutualitatean alta emanik dauden pertsona fisikoen kasuan, bertan alta emaniko aldiak zehazki azaltzen dituen ziurtagiria, laguntza eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalen barnean luzatua.

b) Baldin eskatzailea sozietate irregular bateko bazkidea bada:

i. Nafarroako Zerga Ogasuneko Entitateen Zentsuan inskribatuta egotea frogatzen duen agiriaren kopia.

ii. Sozietate irregularraren eraketa agiriaren kopia, non ordezkari gisa jarduteko ahalmena dutenak izendatuko baitira.

iii. Dagokion lanbide elkargoko mutualitatean alta emanik dauden pertsona fisikoen kasuan, bertan alta emaniko aldiak zehazki azaltzen dituen ziurtagiria, laguntza eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalen barnean luzatua.

c) Enpresa sozietarioak izanez gero: Enpresa eratzeko edo aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

4. 4.c) oinarriko laguntza gehigarriak eskatzen badira, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) A.2 izaera frogatzeko (%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duen banakako enpresaburua izatea, edo %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonek enpresan %25eko partaidetza edo handiagoa edukitzea): banakako enpresaburuaren desgaitasuna frogatzen duen dokumentazioa, edo hala badagokio, enpresako bazkideena.

b) B izaera frogatzeko (enplegua sortzen duten enpresak): enpresaren lan-bizitzari buruzko txostena, kotizazio kontuko kode bati dagokiona, laguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 10 egun naturalen barnean luzatua.

c) D izaera frogatzeko (Nafarroako Gobernuaren “Negozioen Errelebo Poltsa” delako programan eskaintzen den enpresa-jarduera batean segitzen duten enpresak): Nafarroako Gobernuaren Lan Zerbitzuak egindako txostena, non egiaztatuko baita egindako eskualdaketa, haren kostua, eta zer egunetan egin zen.

4.c) oinarriko gainerako baldintzak aurreko apartatuetan adierazitako agirien bidez egiaztatuko dira.

7. oinarria.–Dirulaguntza eman eta ordaintzea.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hala bada, eskaerak oinarri hauetan ezarritako irizpideekin bat baloratuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Lehiakortasunaren Zerbitzuak eskaerak ebaluatuko ditu; horretarako, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria edo argigarria eskatzen ahalko dio eskatzaileari, eta adieraziko dio ezen eskaerari ezarritako epean erantzuten ez badio eskatutako laguntzak ukatzen dituen ebazpena emanen duela.

Eskaera bakoitza aztertu ondoren, aipatu zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta, bertan, adierazi beharko da onuradunek betetzen dituztela laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea eta ordaintzea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

8. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Betetzea gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, hots, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan dirulaguntzen onuradunentzat arautzen dena. Eskaera-orrian sartuta dago.

Aipatu foru dekretuaren 3. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten entitateek ezin izanen dute dirulaguntza kobratu, eskabidearekin batera ez badute aurkezten arau horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa.

b) Baldin eskatzailea pertsona fisikoa bada, alta emanik egon beharko du Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Araubide berezian edo dagokion lanbide elkargoko mutualitatean sei hilabetez jarraian, jardueran alta ematen den egunetik aurrera zenbatzen hasita, salbu onuradunaren heriotza, ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia gertatzen bada.

Lanbide elkargoen kasuan, onuradunak mutualitatearen ziurtagiria aurkeztu behar du, eskatzen den iraupena betetzen duela frogatzeko. Gainerako kasuetan, betebehar hori bete ote den ofizioz egiaztatuko da.

c) Behar bezala aditzera ematea dirulaguntza honen xedeko gastuen finantziazioa. Horretarako, enpresaren webgunean, ageriko lekuan eta 6 hilabetez (laguntza emateko eta pagatzeko ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuko da: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, enpresei hasierako gastuetarako dirulaguntzak emateko 2021eko deialdian”.

d) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriro ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki, aurreko apartatuko b) letrako iraupen betebeharra 3 hilabetez jarraian gutxienez betetzen bada, laguntzaren itzulketa partzial bat eginen da, sei hilabeteak betetzeko falta denaren proportzioan, berandutze-interesak gehiturik.

9. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: https://notificaciones.060.es/PC_init.action. Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea. Halaber, gaitutako helbide elektronikoa lortu ondoren, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da.

10. oinarria.–Laguntzen bateraezintasuna.

Deialdi honen laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Bereziki, laguntza hau bateraezina da “Enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzak” izena duen eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen deialdiarekin.

11. oinarria.–De minimis laguntzak.

1. Laguntza hauek “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horrek hizpide du “de minimis” laguntzei aplikatzea Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak (2013ko L 352 EBAO, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio-aldia Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez luzatu da (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa), 2023ko abenduaren 31 arte.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan.

2. Nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean diharduten enpresen kasuan, “de minimis” laguntzen izaera arautzen da Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1408/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez. Erregelamendu horrek hizpide du aplikatzea Europar Batasunaren Itunaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritza sektorearentzako “de minimis” laguntzei (2013ko L352 EBAO, abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 15.000 eurotik gorakoa izan.

Horretarako, eskatzaileek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lehiakortasunaren Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index, emandako dirulaguntzak, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2105195