94. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

90/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 22koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez prestakuntzarako beka baten deialdirako oinarriak onesten baitira, Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzat,Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko. DDBN identifikazioa: 555180.

Eskubide Sozialetako Departartamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak uste du interesgarria dela unibertsitateko tituludunak (Zuzenbideko lizentzia edo gradua dutenak) prestakuntza sustatzea, zuzenean ezagut ditzaten Departamentu horretan eta haren erakunde autonomoa den Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentzian gauzatzen diren politikak. Pertsona horiek espedienteen kudeaketari, horien azterketa juridikoari eta araudiaren aplikazioari lotutako laguntza juridikoaren funtzioak izanen dituzte, bai eta ematen zaien beste edozein ere.

Bekaren deialdiari eta kontzesioari buruz oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta, osagarri gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Halaber, aplikatuko da Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea. Foru lege horrek adierazten du Nafarroako Administrazio Publikoek deitzen dituzten dirulaguntzen, beken eta beste edozein laguntza publikoen oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak sartuko direla genero berdintasuna benetan gauzatzeko jarduketak baloratzeko edo, bestela, jarduketa horiek nahitaez betearazteko.

Espedienteko txostenak ikusirik eta Eskubide Sozialetako Departamentuko egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Prestakuntza beka baten deialdia onestea, Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzat, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko. Oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean agertzen dira.

2. Prestakuntza bekaren esleipenaren kostuari aurre egiteko, 9.008 euroko gastua baimentzea, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Prestakuntza bekak” izeneko 900000 90200 4809 233100 partidaren kargura.

3. Deialdi honen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Kontabilitate Zentrora, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Nafarroako Dirulaguntzen Datu Basera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

ERANSKINA

Oinarriak, Zuzenbideko lizentziadun edo gradudunentzako prestakuntza beka baten deialdirako, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko, 2021. urterako

1. oinarria.–Xedea.

Deialdiaren xedea da Zuzenbideko lizentziadunak edo gradudunak prestatzeko beka bat ematea, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko.

Deialdiaren helburua da unibertsitateko lizentziadunen edo gradudunen prestakuntza bultzatzea, Eskubide Sozialetako Departamentuan egiten diren jarduketak modu praktiko eta zuzenean ezagut ditzaten.

2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.

9.008 euro izanen dira bekarako, 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Prestakuntza bekak” izeneko 900000 90200 4809 233100 aurrekontuko partidaren kargura. Gorde beharreko gehieneko zenbatekoaren barnean Gizarte Segurantzaren enpresa kuota ordaintzeko zenbatekoa dago.

3. oinarria.–Iraupena.

Esleitzeko ebazpenean adierazitako egunean hasiko da beka; aurreikusten da 2021eko maiatzaren 3an hasiko dela, eta 2021eko abenduaren 31n bukatuko.

Beka sei hilabetez behin luzatzen ahalko da, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren ebazpenaren bidez. Horretarako, aldez aurretik eskaera egin beharko du bekaren tutoreak eta konforme egon beharko du bekadunak. Luzapen hori emanen da aurrekontuetan horretarako behar adina diru badago.

Bekak hogeita lau hilabete iraunen du gehienez, izaten ahal diren luzapenak barne.

4. oinarria.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Bekaren zuzkidura hilero 1.080 euro gordinekoa izanen da, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Kopuru horretatik bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko da. Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko (bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko), eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da onuraduna noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin.

Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.

5. oinarria.–Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka bateraezina izanen da Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.

6. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

6.1. Dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izaten ahal dira onuradunak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta desgaitua ez egotea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) 1. oinarrian aipatzen den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek luzatua edo homologatua.

f) Eskatutako unibertsitateko titulu ofiziala bekaren deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten ahal dionik.

6.2. Baldintza horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.

7. oinarria.–Balorazio baremoa.

1. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, beka emateko proposamena eginen du, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz. Gehienez ere 25 puntu lortzen ahalko dira.

Prozedura honi jarraituz baloratuko dira eskaerak:

a) Ikasketa espedientea. 10 puntu gehienez.

Espedientearen batez besteko nota baloratuko da. Baliozkotu, onartu edo egokitutako irakasgai edo kredituak, haien kalifikazioa zehazten ez denean, “nahikoa” gisa baloratuko dira.

Era berean, ikasketa planen arabera bakarrik “gai” kalifikazioa izaten ahal duten kreditu edo irakasgaiak ez dira kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.

Ez dira baloratuko 6,5 puntutik beherako batez bestekoa duten espedienteak (10 puntuko eskalan).

Ondoko puntuazio hauek emanen dira: Nahikoa: puntu 1; oso ongi:
3 puntu; bikain: 4 puntu; eta ohorezko matrikula: 5 puntu.

Espedienteen zenbakizko kalifikazioek puntuazio hau izanen dute: 5,0tik 6,9ra: nahikoa (N); 7,0tik-8,9ra: oso ongi (OO); eta 9,0tik 10era: bikain (B).

b) Deialdi honetan eskatutakoaz bestelako lizentzia edo gradu tituluak. 2 puntu gehienez.

Zuzenbidekoa ez den lizentziako edo graduko unibertsitate titulu bakoitzeko puntu bat emanen da. Bakoitzeko puntu bat emanen da.

c) Unibertsitateko master titulua Zuzenbideko espezializazioan.
2 puntu.

Unibertsitateko master titulu bakoitzeko puntu bat emanen da, baldin eta horietan sartzeko Zuzenbideko gradu edo lizentzia izatea derrigorrezkoa bada.

d) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa, frantsesa eta alemana. 4 puntu gehienez.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C2 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 1 puntu gehienez hizkuntza bakoitzarengatik, baremo honen arabera:

HEOko MAILA

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

1.

A1

0,10

2.

A2

0,20

3.

B1

0,40

4

B2

0,60

5.

C1

0,80

6.

C2

1,00

Hizkuntza eskola ofizialetatik kanpoko ikastetxeetan egindako ikasketen kasuan, berariaz aipatu beharko da egindako ikasketak zein ziurtagiriren baliokideak diren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren gomendioei jarraikiz. Aipatutako titulua berariaz aurkeztu beharko da.

e) Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunaren eta generoaren arloko prestakuntza: 4 puntu gehienez. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

–600 ordutik gorako prestakuntza: 4 puntu.

–400 ordutik 600 ordura bitarteko prestakuntza: 3 puntu.

–200 ordutik 400 ordura bitarteko prestakuntza: 2 puntu.

–20 ordutik 200 ordura bitarteko ikastaroak: 1 puntu.

Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek (publikoek nahiz pribatuek) antolatutako edo emandako prestakuntza baino ez da baloratuko. Zentro prestatzaileak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da prestakuntza, eta bertan ikastorduen kopurua adierazi beharko da. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei 0 puntuko balorazioa emanen zaie.

f) Elkarrizketa pertsonala. 3 puntu gehienez.

Puntu gehien lortu dituzten hiru pertsonei dei eginen zaie, Ebaluazio Batzordearen aurrean elkarrizketa pertsonala egin dezaten.

Baloraziorako honako hauek hartuko dira kontuan: motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantalderako gaitasuna eta beste gaitasun sozial batzuk.

Aipatu a) letratik e) letrara bitarteko balorazioetan puntuaziorik handiena lortzen duten hiru eskatzaileei dei eginen zaie telefonoz eta posta elektronikoz, gutxienez ere 72 ordu lehenago. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da, eta hautapen prozesutik baztertu eginen da agertzen ez dena; halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengoari deituko zaio.

2. Puntu-berdinketak hausteko irizpideak: Bekarako izangaien merezimendu guztien batuketan puntu-berdinketa badago, a) apartatuan puntuaziorik altuena lortu duenaren alde eginen da. Berdinketa horrela hausten ez bada, b) eta c) apartatuen zenbaketaren arabera argitu beharko da. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez erabakiko da.

8. oinarria.–Eskaerak.

8.1. Interesdunek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean, Eskubide Sozialetako Departamentuaren erregistroan, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

8.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa, https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoena.

b) Eskatzailearen curriculum vitaea, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, lortutako merezimendu guztiak.

c) Zuzenbideko lizentziaren edo graduaren tituluaren fotokopia.

d) Ikasketa espedientearen ziurtagiria (jatorrizkoa edo fotokopia), maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.

e) Alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak. Hizkuntzei dagokienez, web-orri honetan agertzen diren baliokidetasun taulak ezartzen dira: https://formainap.navarra.es/inapidiomas_web/es/acreditaciones/tabla-resumen-de-equivalencias-de-titulos-de-idiomas.

f) Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.

g) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena, beranduenik bi hilabete lehenago egina.

h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere ez dagoela adierazten duena.

8.3. Epearen barrenean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakietan finkatutako dokumentuak ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera hori jakinaraziko zaiola.

Eskatzaileek beren helbide elektronikoa emanen dute, behar diren komunikazioak eta/edo jakinarazpenak egiteko.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

8.4. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

9. oinarria.–Ebaluazio Batzordearen osaera eta beka emateko prozedura.

9.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz eta bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz. Ebaluazio Batzordeak ebazpen proposamena prestatuko du, non izangai onartuei guztira emandako puntuak adieraziko baitira.

Ebaluazio Batzordea honako hauek osatuko dute:

–Ikuskapen Ataleko burua.

–Mendekotasunaren Arretaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Inklusioaren, Babes Sozialaren eta Familiaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Batzordeko kideak kanpoan edo gaixorik badaude, horien ordez Idazkaritza Tekniko Nagusiko kideak arituko dira, baldin eta deialdi honetan eskatzen den titulazio berdina badute.

Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko langileek laguntza emanen diote Ebaluazio Batzordeari.

9.2. Prozedura ofizioz hasiko da interesdunen eskaerak jasotakoan.

9.3. Ebaluazio Batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Elkarrizketa pertsonala egin baino lehen, web-orrian argitaratuko dira izangaien zerrenda eta lortutako puntuazioa, eskaeren baremoa egin ostean.

Beka eman aurretik, Ebaluazio Batzordeak txosten bat prestatuko du, non adieraziko baita eskatzaileek laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

9.4. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu; gero, puntuazio handiena lortu duen izangaiari beka emateko proposamena eginen du, eta izangaien zerrenda bat eginen du, lortutako puntuazioaren araberakoa.

9.5. Eskubide Sozialetako Departamentuko idazkari tekniko nagusiaren ebazpen bidez emanen da beka, Ebaluazio Batzordeak proposamena egin ondotik. Ebazpena Nafarroako web-orrian (https://www.nafarroa.eus) jarriko da, instrukzio organoak emandako puntuazioaren arabera eskatzaileek duten lehentasun hurrenkeran egindako zerrendarekin batera.

Ebazpenean, gutxienez, beka eskuratzen duen pertsonaren izena eta eskatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, jaso beharko dira, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-atarian argitaratuko da, bekaren deialdiaren fitxan. Argitaratzeak jakinaraztearen ondorio berberak izanen ditu, 39/2015 Legearen 45. artikuluarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik argitaratzen ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

10. oinarria.–Tutoretza.

10.1. Inklusioaren, Babes Sozialaren eta Familiaren Araubide Juridikoaren Ataleko buruak eginen ditu bekaren onuradunaren jardueren tutoretza, zuzendaritza eta gainbegiratze lanak.

10.2. Tutoreak egin beharreko lan zehatzak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko, eta bekadunak bere eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du.

11. oinarria.–Justifikatzeko epea eta modua.

Onuradunak urteko txostena aurkeztu beharko du, egindako jarduerei buruz eta deialdian ezarritako helburuen betetzeari buruz. Txosten hori tutoreak baloratuko du. Txostena 2021eko abendua baino lehen aurkeztuko da, eta luzatuz gero, urte bakoitza amaitu baino lehen.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

f) Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

g) Bekak irauten duen bitartean eta ondoren ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

h) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.

i) Bekaren garapenari buruzko txostenak aurkeztea, 11. oinarrian azaldu den moduan.

13. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Ebazpenean adierazitako egunean onuraduna ez bada jardunean hasten, organo eskudunari horren berri eman gabe, eta baldin eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez baditu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da.

Jardunean hasi ondoren, emandako bekari berariaz uko eginez gero, Idazkaritza Tekniko Nagusiari horren berri eman beharko zaio. Ukoaren berri ematea jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago egin beharko da gutxienez.

Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

14. oinarria.–Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaduna Eskubide Sozialetako Departamentuaren bulegoetan arituko da, astean gehienez ere 30 orduz. Halaber, bekadunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen ditu.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.

15. oinarria.–Jabetza intelektuala.

Bekadunek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, bekaldian Eskubide Sozialetako Departamentuan egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izaten ahal diren asmakarien gainean legokiokeen jabetzari.

16. oinarria.–Lan edo administrazio harremanik eza.

16.1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

16.2. Prestakuntza bekaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak Eskubide Sozialetako Departamentuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekaren onuradunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17. oinarria.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18.–Bekaren amaiera.

Beka amaitzeko arrazoiak honako hauek izanen dira:

a) Bekaldiaren amaiera, luzapenik izan gabe.

b) Luzapenaren gehieneko epea amaitzea.

c) Bekari probetxurik ez ateratzea.

d) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, prestakuntzaren errendimendu edo probetxu eskasa zein eza izatea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

19. oinarria.–Ez-betetzeak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zilegi izanen da jasotako dirua itzultzeko eskatzea. Zehazki, honako egoeretan itzuli beharko da dirua:

a) Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, prestakuntzaren errendimendu edo probetxu eskasa zein eza izatea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.

b) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateragarria ez den beste beka edo dirulaguntza bat.

c) Azken hilean jasotakoa itzuli beharko da amaierako memoria ez aurkezteagatik.

20. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

Deialdi honen aplikazioan ematen diren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean 112. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

21. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Agertzen ahal diren gorabehera guztiak honako hauetan ezarritakoarekin bat ebatziko dira: deialdi honetako oinarriak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, eta, osagarri, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

22. oinarria.–Emandako bekaren publizitatea.

Laguntza hau Eskubide Sozialetako Departamentuaren web-orrian argitaratuko da. Zein deialdiri, programari eta aurrekontuko kredituri egotzita ematen den adieraziko da, baita onuraduna, emandako zenbatekoa eta xedea ere.

Iruñean, 2021eko martxoaren 22an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

DOKUMENTAZIOA

Eskaera eredua (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2104864