94. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

82E/2021 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ukatzen duena Fustiñanako 12. poligonoko 89-D lurzatian ureztapeneko almendrondo sailak jartzeko proiekturako. Sustatzailea Antonio Marchite Floristán da.

2020-10-20an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak goian aipatutako espedienteko ingurumen ukipenetarako baimenaren eskaera jaso zuen. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko K eta P epigrafeetan dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten du.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko dituela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerak ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen Legegintzako Foru Dekretuak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua) 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Ildo horretan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2020-11-12an eginiko txostenean adierazi zuen proposatutako jarduerak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 110. artikuluaren arabera baimendutako jardueratzat hartzen direla; hortaz, ez dago lurzoru urbanizaezineko jarduera baimendu beharrik.

Proiektuaren arabera, Fustiñanako (Corraliza de la Carne) 12. poligonoko 89 D lurzatia eraldatu nahi da (gaur egun lehorrekoa), almendrondo saila jarriz tantakako ureztapen sistemarekin, 61.319 m²-ko azaleran.

Sustatzaileak ingurumen ukipenen azterketa erantsi du, eduki egokiak jasotzen dituena. Eraginak baloratzeko laburpenean, faunaren eta espazio babestuen gaineko eragina “moderatua” dela adierazten da. Azterketaren arabera, “kokalekua estepako hegaztientzako habitat egoki gisa jotzen den eremuaren hegoaldeko mugatik oso hurbil dago; habitat horietan agertzeko aukera gehien dutenak honako hauek dira: atalarra (Burhinus oedicnemus), ganga azpibeltza (Pterocles orientalis) eta ganga azpizuria (Pterocles alchata), zeinak noizbehinka ager litezkeen inguru horretan”.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak jakinarazi du 2020-11-12an, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat, proposatutako jarduerak baimendutzat jotzen direla, aipatu foru lege horren 110. artikuluaren arabera, eta, beraz, ez dagoela lurzoru urbanizaezineko jarduera baimendu beharrik.

Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du lurzatia “Errege Bardea” Kontserbazio Bereziko Eremuan sartzen dela (ES 2200037), bai eta Estepako Abifauna Kontserbatzeko Garrantzizko Eremuan ere (“Fustiñanako mendia”). Inguru horretan, estepako abifaunako hainbat espezieren aleak ikusi dira, mehatxu maila desberdinetakoak. Horietako batzuk “desagertzeko arriskuan” daude. Lehorreko nekazaritza jarduera mantentzea oso garrantzitsua da espezie horien kontserbaziorako. Ureztatze sistema jarriz gero, haien habitata eraldatu eginen litzateke, eta, beraz, ondorio negatiboak eragin espezie horien populazio dinamikan, kontuan hartuta, gainera, espezieok funtsezko elementu izan zirela inguru hori kontserbazio bereziko eremu izendatzeko. Horrenbestez, eskaera ezestea proposatzen da.

Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak kontrako txostena eman zuen 2021eko martxoaren 5ean, honako hau adieraziz:

–“Errege Bardea” KBEaren Kudeaketa Planaren arabera (abenduaren 27ko 120/2017 Foru Dekretuaren eranskinean jasoa bera), “estepako hegaztiak” 5. elementu gakotzat jotzen dira, hau da, KBEaren kontserbazio “aktiborako” ardatz nagusietako bat dira. Horrenbestez, KBE honetarako ezarritako kontserbazio helburuetako batzuk honako hauek dira: “5.1. Estepako hegaztien kontserbazio egoera ona bermatzea” eta “5.1.2. Estepako hegaztientzako habitataren baldintzak mantendu eta hobetzea”. “Habitaten” Zuzentarauaren arabera ezarritako kontserbazio helburu horiekin batera, arauak, zuzentarauak eta neurriak daude, helburu horiek lortzen laguntzeko. Horien artean, 1.10 arau espezifikoak honako hau ezartzen du: “Intereseko hegaztien habitatak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude. Babestu beharreko lurzoru urbanizaezinei buruzko araudia aplikatzeko orduan, kontuan hartuko dira, bereziki, eragin negatiboa dutela identifikatutako erabilerak.” Eta, Kudeaketa Plan honen oinarri teknikoen 2. agiriaren arabera (Ekintza Plana, 69. orria), habitatak eta bertako estepako hegazti espezieak kontserbatzeko orduan eragin negatiboa duten erabileren artean agertzen dira “Ureztapen bihurtzeko aldaketak” eta “Zurezko laboreak” (mahastia, olibondoa, almendrondoa, patxarana, frutarbolak...)”.

–Badaude beste arau eta zuzentarau batzuk ere, besteak beste 16. Zuzentaraua. Horren arabera, “Zurezko labore berriak ezartzea saihestuko da estepako hegaztientzako interesekoak diren guneetan”, nekazaritzaren ingurua arautzen duen esparruaren barruan. Beste arau batek, 1.1 arau espezifikoak, honako hau ezartzen du: “intereseko hegaztien habitatak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude”.

Espedientean dauden txostenak ikusita eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ukatzea Fustiñanako 12. poligonoko 89-D lurzatian ureztapeneko almendrondo sailak ezartzeko proiekturako, azalpen zatian adierazitako arrazoiengatik. Sustatzailea Antonio Marchite Floristán da.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Beraren aurka espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak ez beste guztiek, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute; errekurtsoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari aurkeztu behar zaio hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epealdiak ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalari, Fustiñanako Udalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitateari) eta interesdunari.

Iruñean, 2021eko martxoaren 22an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2104822