93. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

17E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, dirulaguntza deialdi hau onesten duena: “Nafarroako udalentzako dirulaguntzak Foru Komunitateko udal agertokietan arte eszeniko eta musikal profesionalen programazioa bultzatzeko (Udal Platea Local)”. DDBN identifikazioa: 552284.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean “2021ean Nafarroako udalentzako dirulaguntzak Foru Komunitateko udal agertokietan arte eszeniko eta musikal profesionalen programazioa bultzatzeko (Udal Platea Local)” deialdiaren onespena proposatzen da, bai eta hauek ere: horretarako 702.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta, kontuan harturik betetzen direla gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak, eta aintzat hartuta, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Beraz, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau

AGINTZEN DUT:

1. “2021ean Nafarroako udalentzako dirulaguntzak Foru Komunitateko udal agertokietan arte eszeniko eta musikal profesionalen programazioa bultzatzeko (Udal Platea Local)” deialdiaren onespena”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4609-334100: (E) Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak

2021

702.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko martxoaren 4an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO UDALEI UDAL PLATEA LOCAL IZENEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2020KO DEIALDIA, FORU KOMUNITATEKO UDAL AGERTOKIETAN ARTE ESZENIKO ETA MUSIKAL PROFESIONALEN PROGRAMAZIOA BULTZATZEKOA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea eta helburua.

1.1. Dirulaguntzen xedea da laguntza ematea udalek egiten duten arte eszenikoen eta musikalen programazioari, publikoekin bitartekaritza egiteko jarduerei eta egoitzei, baita artista elkartuen beste ekintza batzuei ere, arte eszenikoen eta musikalen arloko profesionalak kontratatuz Foru Komunitateko udalen titulartasunekoak diren barruko agertokietarako.

1.2. 2020ko azaroaren 16tik 2021eko azaroaren 7ra, biak barne, egiten diren arte eszenikoen eta musikalen arloko ikuskizun profesionalen programazioa du xede deialdi honek.

1.3. Deialdi honen ondorioetarako, hauek dira arte eszenikoen eta musikalen arloko profesionalak: Ekonomia-jardueren gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean jarduera artistikoen epigrafeetan sartzen diren jardueran aritzen diren enpresak eta profesionalak.

Ez dira talde profesionaltzat hartuko irabazi asmorik gabeko elkarteak eta fundazioak.

1.4. Jardueren programazioaren asmoa da eragin positiboa izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean.

1.5. Jardueren programazioaren bidez eragin positiboa sortu nahi da Nafarroako kulturgintzako eragileetan, eta horiei laguntzea covid-19aren intzindetzia.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2.2. Bi baldintza hauetako bat betetzen duen udalerri bat izatea:

a) Nafarroako Antzokien Sarea elkarteko agertoki baten titularra izatea.

b) II. eta III. eranskinetan jasotako baldintzak betetzen dituen agertoki baten titularra izatea. Baldintza horiek udaleko idazkariaren ziurtagiriaren bidez frogatu behar dira, ziurtagirian alkatearen oniritzia jasota.

2.3. Aurrekoez gain, onuradun izan daitezke, orobat, udalek beren agertokiak zuzenean kudeatzeko dituzten erakunde edo entitateak.

2.4. Kategoria bakoitzean honako baldintza hauek betetzea:

a) A kategoria.

Baldintza hauek bete beharko ditu:

I. Populazioa: 20.001 biztanletik 40.000 biztanlera bitarte (biak barne), 2020ko urtarrilaren 1ean.

II. Inbertsioa: 143.000 eurotik gorakoa.

b) B kategoria.

Bi baldintza hauetako bat bete beharko du:

I. Populazioa: 10.000 biztanletik 20.000 biztanlera bitarte (biak barne), 2020ko urtarrilaren 1ean.

II. Gutxieneko inbertsioa: 40.001 eurotik aurrera.

c) C kategoria.

Bi baldintza hauetako bat bete beharko du:

I. Biztanleria: gehienez 9.999 (2020ko urtarrilaren 1ean).

II. Inbertsioa: 40.000 euro gehienez.

3. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (702.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira, eta honela banatuko dira:

a) A kategoria: 100.000 euro.

b) B kategoria: 462.000 euro.

c) C maila: 140.000 euro.

3.2. Dirulaguntzaren portzentajea, gehienez, onartutako aurrekontuan jasotzen diren gastu diruz lagungarrien % 70 izanen da.

Laguntzak, kategoria bakoitzean, proportzioaren arabera eta berdintasunez banatuko dira onuradunen artean, eskabideen baremazioan lortzen duten puntuazioaren arabera, IV. eranskinean ezarritako irizpideei jarraituz.

Horretarako, udal bakoitzari dagokion dirulaguntza zehazteko, baremoan lortzen diren puntu guztiak batuko dira eta puntu bakoitzari ematen zaion balioaz biderkatuko dira.

Puntu baten balioa lortzen da kategoria bakoitzean baimendutako gastua zati barematutako udal guztien puntu kopurua eginda.

B eta C kategorietan, deialdian esleitutako diru zuzkidura agortu ez bada, irizpide bera erabiliko da kategorien bakoitzeko onuradunen arteko banaketan, eta irizpide berbera aplikatuko da, betiere dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa gainditu gabe.

4. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskabideak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.navarra.es).

Eskabidea aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskabidea geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

4.3. Laguntza eskabideak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren arabera aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

4.4. Eskabide eredua eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

4.5. Dirulaguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Deialdi honen ondorioetarako, honako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Talde profesionalen ikuskizunak kontratatzearen ondoriozko gastuak (BEZa barne hartuta).

b) Publikoarekin bitartekaritza jarduerak egiteko profesionalak kontratatzearen ondoriozko gastuak (BEZa barne hartuta).

c) Egoitza, artisten elkarketa eta sorkuntza habia/laborategia proiektuak egiteko profesionalak kontratatzearen ondoriozko gastuak (BEZa barne hartuta).

d) Diruz lagungarria den programazioaren sustapenak eta/edo publizitateak ekarritako gastuak (BEZa barne hartuta).

e) Egile eskubideen kudeaketarako entitateek sortutako gastuak (BEZa barne hartuta).

5.2. Dirulaguntzen deialdi honen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:

a) Irabazi asmorik gabeko fundazio eta elkarteen eta talde ez-profesionalen ikuskizunak kontratatzeak ekarritako gastuak.

b) Bidaia, garraio, otordu eta ostatu gastuak.

c) Herriko arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.

d) Gune eta materialak alokatzeko gastuak.

e) Herriko jaiei edo zaindariaren omenezko jaiei loturiko jarduerak.

f) Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Eskabideak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.2. Batzorde batek baloratuko ditu eskabideak, eta honako pertsona hauek izanen dira batzorde horretan:

–Lorenzo García Echegoyen jauna, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria. Batzordeko burua izanen da. Ordezkoa: Joaquín Llanso San Juan jauna, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Patrick Ullate García jauna, Kultur Ekintza Zerbitzuko goi mailako teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: Jesús Arana Palacios jauna.

–Amalia Jiménez Atienza andrea, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: María José Redín Armañanzas andrea.

–Estefanía Munárriz Nuin andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua. Batzordeko idazkaria izanen da, hitza eta botoa dituela. Ordezkoa: María Soledad Martínez Caspe andrea, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua.

Batzorde horrek eskabideen ebaluazioa eta akta eginen ditu.

Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

Kultur Ekintza Zerbitzuak eskaturik, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskabideak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak.

7.1. Batzordeak kontuan hartuko ditu “IV. eranskina-Dirulaguntza banatzeko baremoa” izeneko baremoan ageri diren balorazio irizpideak.

Baremoak hiru atal ditu:

A apartatua: Balorazio osoaren % 40 da, eta toki entitate bakoitzak barruko areto batean talde profesionalen arte eszeniko eta musikalei ematen dien laguntzaren aurrekontu eginahalari dagokio.

B apartatua: Balorazio osoaren % 50 da, eta barruko areto batean talde profesionalen arte eszeniko eta musikalen programazio berariazkoari buruzkoa da; arreta berezia jarriko zaie dantzari eta Nafarroako sektore profesionalari.

C apartatua: Balorazio osoaren % 10 da, eta bestelako alderdi osagarriei buruzkoa da.

8. Dirulaguntza ebaztea.

8.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskabidea ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruko ebazpenen jakinarazpen guztiak Kultura eta Kirol Departamentuaren iragarki taulan argitaratuko dira (Navarrería kalea 39, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren web-orrian ere:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak

Gainera, eskabidean adierazitako helbide elektronikoa baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko.

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, epea sei hilabetekoa izanen da laguntza eskabidea ezetsitzat jo eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Bat etorriz Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektu edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharrak bete beharko dituzte, baita Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritakoak ere, foru agindu horren bidez onetsi baitzen kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

10.1. Kultur jardueren kudeaketa ez badu zuzenean egiten toki entitateak berak, kudeaketa egiten duten erakunde autonomoek, patronatuek, fundazioek, enpresa entitate publikoek edo merkataritza sozietateek, dirulaguntza eman dela posta elektronikoaz jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak.

Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jardueretarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Diruz lagundutako jarduerak egin direla eta egindako gastuak justifikatu beharko dira Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinarazi beharko zaio jarduerak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako jardueretan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak diruz lagundutako jarduerak funtsean aldatzen ez baditu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.5. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da (publicaciones@navarra.es), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

10.6. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak jarduerak bete direla ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

10.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.8. Ez erabiltzea inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik.

Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da; horretarako, honako lan hau kontsultaru dezakete onuradunek: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”; helbide honetan dago eskuragarri:

https://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Onuradunak jarduerak gauzatu dituela frogatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, % 25, % 50, % 75 eta % 100 egindakoan, hurrenez hurren.

Justifikazio partzialetan edo bukaerako justifikazioan, entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du, 2021eko azaroaren 19an beranduenez:

a) Diruz lagundutako jardueragatik ordaindutako gastu guztien fakturen zerrenda zenbakitu eta zehatza, honakoak barne:

–Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren data.

–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.

–Kontratatutako talde artistikoaren eta/edo entitatearen IFK.

–Kontzeptua / jarduera / ikuskizunaren izena.

–Emanaldiaren data.

–Faktura zenbakia eta data (toki entitateei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira. Dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).

–Zenbatekoa (BEZa barne).

Datu horiek betetzeko, VII. eranskineko eredua erabili beharko da. Informazio hori Excel formatuan aurkeztu beharko da, ez PDF formatuan.

b) Udaleko idazkariaren ziurtagiri bat, alkateak ontzat emana (IX. eranskina); bestela, entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko kudeatzaileak edo presidenteak ontzat emana, datu hauek egiaztatzen dituena:

–Dirulaguntzaren xede den programazioa bat datorrela emakida baremoa egiteko igorritako aurreikuspenarekin, VI. eranskineko ereduaren arabera.

–Programatutako jarduera bakoitzaren datuak Nafarroako Kultur Informazioaren Sisteman (SICNA) sartu direla.

–VII. eranskinean sartutako datuak egiazkoak direla ziurtatzea.

c) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

Mezenasgo eta babesletzarako dauden modalitateen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da.

Halaber, babesletza kontratuen kopia ere igorri beharko da.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

11.2. Dirulaguntzaren xedeko programarako onartu den gastu guztia justifikatu beharko da.

11.3. Eskatzaileak egindako programazioa bat ez badator barematzeari begira Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeari igorritako programazioaren aurreikuspenarekin, hau da, egindako programazioak VI. eranskinean jasotzen duen puntuazioa programaziorako aurreikuspenak V. eranskinean jasotakoa baino txikiagoa baldin bada, puntuazio berriari dagokion behin betiko laguntza kalkulatuko da.

11.4. Onartutako aurrekontua osorik justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzen arteko portzentaje bera.

12. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Udalerriak Kultura eta Kirol Departamentuaren edozein deialditara aurkezten ahalko dira.

Dena dela, bateraezina izanen da kultur jarduera edo proiektu/programa bera Kultura eta Kirol Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradunak jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntza bat baino gehiago hartzen dituenean, dirulaguntza horren zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programazio eszenikoa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluari jarraikiz.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

ERANSKINEN AURKIBIDEA

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Agertokien baldintzak.

III. eranskina.–Dirulaguntza deialdian parte hartzeko baldintzak, Nafarroako Antzokien Sarea elkartekoak ez diren udalentzat.

IV. eranskina.–Dirulaguntza banatzeko baremoa.

V. eranskina.–Dirulaguntza banatzeko baremoaren fitxa.

VI. eranskina.–Behin betiko programazioa justifikatzeko fitxa.

VII. eranskina.–Diruz lagun daitekeen gastua justifikatzeko taula.

VIII. eranskina.–Ziurtagiriaren eredua / Dirulaguntzaren eredua.

IX. eranskina.–Ziurtagiriaren eredua / Dirulaguntzaren justifikazioa.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Agertokien baldintzak

1. Agertokiaren baldintza:

a) 140 eserleku edo gehiago sartzeko tokia.

b) Agertoki edo eremu eszeniko bat, gutxieneko neurri hauekin:

I. Zabalera: 7 metro. Hondoa: 5 metro. Altuera: 4,5 metro, 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraiki eta martxan dauden agertokietarako.

II. Zabalera: 8 metro. Hondoa: 6 metro. Altuera: 4,5 metro, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikitako agertokietarako.

c) Trust-ari dagokionez:

I. 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikitako agertokietan, eremu eszenikoaren sabaian trust edo metalezko euskarri bat izatea, proportziozko banaketarekin, ekoizpen lan baten elementuen euskarri izateko. Halako elementuak dira, besteak beste, eszenografiak, ehunak eta argi eta soinu aparatuak. Trustak haga independenteen bitartez eraikita egon behar du, batzuk elektrifikatuak eta beste batzuk ez, eta ez egitura guztia batera jaistera behartzen duen armazoi baten bitartez. Gainera, agertokitik kanpora dagoen haga bat izan beharko da, besaulki patioaren gainean, eta elektrifikatua, ikuskizunari aurretiko argiztapena eman ahal izateko.

II. 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraiki bada, agertokiak trusta izan behar du edo, bestela, metalezko euskarri bat edo argiztapen pantaila bat. Agertokiak agertokitik kanpora dagoen haga bat izan behar du, besaulki patioaren gainean, eta elektrifikatua, ikuskizunari aurretiko argiztapena eman ahal izateko.

d) Zama-lanetarako sarbide bat:

I. 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen eraikitako agertokietan, agertokitik ahalik eta hurbilen, betiere instalazioak igogailua edo karga jasogailua izanez gero areto eszenikoaren kalearen mailan ez badago.

II. Agertokira zuzenean iristeko modukoa, gutxienez 2,15 metroko zabalera eta 2,15 metroko altuera izanen duena, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikitako agertokietan.

e) Agertokian zurezko zorua izatea, beltzez pintatua, iltzatutako ainguraketak onartu ahal izateko nahikoa den lodierakoa.

f) Emanaldiaren egunean, jantzi eszeniko bat izatea, ganbera beltz bat sortuko duena, eremu eszenikoa aforatzeko nahikoa, horren barnean izanik foro-oihala, hankak (ehunezkoak edo zur beltzezko bastidoreak) eta banbalinak.

2. Azpiegitura teknikoaren ezaugarriak:

a) Argiztapenari dagokionez:

I. Areto guztian potentzia igorpenen proportziozko banaketa, agertokiaren ondoan hargune elektrikoa egonen den tokian bildu ahal izateko.

II. DMX 512 seinalea igortzea kabinaren eta agertokiaren artean.

III. Korronte hargunea, gutxienez ere 40 kilowatteko potentziarako.

b) Soinuari dagokionez:

I. Soinu patch bat kabinaren eta agertokiaren artean, 8 kanalekoa eta 2 itzuleraduna, kableatu finkoarekin, agerian egonen ez dena eta ikusle bakar batek ere uki ez dezakeena.

II. Oindunak diren bi mikrofono.

c) Laneko tokiei dagokienez:

I. Kontrolerako puntu edo kabina bat (konpartimentu iragazgaitz bat izanen duena edo eremu eszenikoko berariazko eremu bat, agertokia ikusteko aukera emanen duena; ikusleak ezin izanen dira bertara iritsi edo eremu hori gurutzatu). Toki hori ikuskizuneko langile teknikoen lantokia izanen da, eta argiztapeneko eta ikuskizuneko aparatuen kontrolerako izanen da (agertokiarekin komunikatuta egonen da). Aretoko argien kontrola ere izan behar du.

II. Agertokian laneko eskailera bat, bi orrikoa, egonen da, araudiaren araberakoa, eremu eszenikoaren altuerarekin bat etorriko den altuerakoa.

d) Bermatuko da kontratatutako talde artistikoak argi eta soinuko behar besteko ekipamendu teknikoa izanen duela emanaldiaren egunean, antzerki, dantza edo musikako ikuskizun estandar baterako nahikoa. Ekipamendua emanaldirako kontratatzen ahalko da, edo areto eszenikoaren jabetzakoa izan.

III. ERANSKINA

Arte eszenikoen programazioa bultzatzeko deialdian parte hartzeko beharrezkoak diren baldintzak, Nafarroako Antzokien Sarea elkartekoak ez diren udalentzat

a) II. eranskinean ezarritako baldintzetarako egokia den agertoki bat izatea.

b) Kultur kudeaketako langile profesionalak izatea, agertokirako.

c) Aretoari laguntza teknikoa emateko zerbitzua izatea, bertako langileen bitartez edo enpresa espezializatu baten bitartez.

d) Dirulaguntza honen bidez programatzen diren arte eszenikoetako ikuskizun guztietan gutxieneko sarrera bat kobratzeko konpromisoaren bermea.

IV. ERANSKINA

Dirulaguntza banatzeko baremoa

Lortutako puntuazioa Kultura eta Gazteria Departamentuak toki entitate eskatzaileei emanen dien dirulaguntza banatzeko oinarria izanen da.

Baremo honetan ageri diren datuak 2020ko azaroaren 16tik 2021eko azaroaren 7ra bitarteko epeari buruzkoak izanen dira, biak barne.

Baremoak hiru atal ditu:

–A apartatua: % 40 da, eta toki entitate bakoitzak barneko areto eszeniko batean eta 2020ko azaroaren 16tik 2021eko azaroaren 7ra, biak barne, talde profesionalen arte eszenikoei eta musikalei laguntzeko egiten duen aurrekontu eginahalari dagokio.

–B apartatua: % 50 da, eta barruko zein kanpoko areto eszeniko batean, eta 2020ko azaroaren 16tik 2021eko azaroaren 7ra, biak barne, talde profesionalen arte eszenikoen eta musikalen programazio berariazkoaren aurreikuspenei dagokie; arreta berezia jarriko zaie dantzari, zirkuari eta Nafarroako sektore profesionalari.

–C apartatua: Balorazio osoaren % 10 da, eta bestelako alderdi osagarriei buruzkoa da.

A apartatua.–Toki entitate bakoitzak barruko zein kanpoko areto eszeniko batean eta 2020ko azaroaren 16tik 2021eko azaroaren 7ra, biak barne, talde profesionalen arte eszenikoei eta musikalei laguntzeko egiten duen aurrekontu eginahala.

40 puntu arte.

A.1. Udalak egiten duen aurrekontu-eginahalari buruzkoa. (gehienez ere 30 puntu).

Barruko zein kanpoko areto batean arte eszenikoetarako aurreikusitako aurrekontua, honela neurtua: deialdi honen araberako diruz lagungarriak diren gastuak, 2020ko azaroaren 16tik 2021eko azaroaren 7ra eginak, biak barne.

Ez da aurreikusten apartatu honetan dezimalik erabiltzea (osorik hurbilena borobiltzen).

A kategoria

Gutxieneko gastua: 143.000 euro

3 puntu 10.000 euro bakoitzeko, 143.000 eurotik aurrera

B kategoria

Gutxieneko gastua: 40.001 euro

3 puntu 4.000 euro bakoitzeko, 40.001 eurotik aurrera

C kategoria

Gehienez 40.000 euroko gastua

3 puntu 2.000 euro bakoitzeko, 4.000 eurotik aurrera

A.2. Aurrekontu eginahala, populazioarekin alderatuta (10 puntu gehienez).

Hau ulertzen da aurrekontu eginahaltzat: Udal Platea Local 2021ko deialdi honetan onartutako aurrekontua zati udalerriko biztanleen kopurua.

EUROAK

PUNTUAK

0-2

0

2,01-4

1

4,01-6

2

6,01-8

4

8,01-10

6

10,01-12

8

12,01etik 14ra

9

14 baino gehiago

10

B apartatua.–% 50 da, eta barruko areto eszeniko batean, eta 2020ko azaroaren 16tik 2021eko azaroaren 7ra, biak barne, talde profesionalen arte eszenikoen eta musikalen programazio berariazkoaren aurreikuspenei dagokie.

“Txarteldegiaren kontura” egindako programazioak salbuesten dira.

50 puntu arte.

B.1. Helbidea Foru Komunitatean duten arte eszenikoetako profesionalentzako laguntzari dagokionez. (Gehienez ere 25 puntu).

KONPAINIAK

PUNTUAK

Kontratatutako emanaldia

Emanaldia euskaraz

B.1.A. ANTZERKIA ETA MUSIKA

2,5 emanaldi bakoitzeko

0,5 estra emanaldi bakoitzeko

B.1.B. DANTZA ETA ZIRKUA

2,5 emanaldi bakoitzeko

-

B.2. Helbidea Foru Komunitatean ez duten arte eszenikoetako profesionalen kontratazioari dagokionez. (gehienez ere 20 puntu).

KONPAINIAK

PUNTUAK

Kontratatutako emanaldia

Emanaldia euskaraz

B.2.A. ANTZERKIA ETA MUSIKA

2 emanaldi bakoitzeko

0,5 estra emanaldi bakoitzeko

B.2.B. DANTZA ETA ZIRKUA

2 emanaldi bakoitzeko

-

B.3. Arte eszenikoak kontratazio formula desberdinekin (finkoa + txarteldegia) sustatzeari dagokionez. (Gehienez ere 2,5 puntu).

ALOR HAUETAKO PROFESIONALEI GUNEAK LAGATZEN DIZKIETEN UDALERRIAK

PUNTUAK

Kontratatutako emanaldia

Emanaldia euskaraz

B.3.A. ANTZERKIA ETA MUSIKA (geh., 1,25 puntu)

1 emanaldi bakoitzeko

0,25 estra emanaldi bakoitzeko

B.3.B. DANTZA (geh., 1,25 puntu)

1,25 emanaldi bakoitzeko

-

B.4. Programazioa landu eta sustatzeko molde desberdinei dagokienez. (gehienez ere 2,5 puntu).

PUNTUAK

Dirulaguntza honen onuradun ateratzen diren agertokietan beste udal batzuekin batera egindako programetan parte hartzea, edo beste toki batzuekin elkarlanean aritzea ordainsariak eta kontratazio baldintzak batera negoziatzeko:

1,25 puntu ekintza bakoitzeko

C apartatua.–% 15 da, eta bestelako alderdi osagarriei buruzkoa da.

Gehienez ere 10 puntu.

PUNTUAK

C.1. Kultur teknikarien etengabeko prestakuntzarako konpromisoari dagokionez (geh. 1 puntu)

0,25 puntu kultur kudeaketako gaiei buruzko prestakuntzako 10 ordu bakoitzeko, agertokiaren arduradun diren kultura teknikariek egin beharrekoa (gehienez 0,5 puntu)

0,25 puntu azoka eta kongresuetarako bertaratze bakoitzeko (gehienez ere 0,5 puntu)

C.2. 2020ko deialdian onetsitako gastuaren guztizkoaren justifikazioa (1 puntu)

1 puntu 2020ko deialdian onetsitako gastuaren guztizkoaren (% 100) justifikazioagatik

C.3. Jarduerak baliabide telematikoen bidez programatzea (geh. 1 puntu)

0,25 puntu programatutako jarduera bakoitzeko

C.4. Gizarteratze ekintzei, askotariko gaitasunak babesteko ekintzei eta genero berdintasunerako ekintzei dagokionez (geh. 2 puntu)

0,25 puntu, egokitutako eserleku kopuru bat izanez gero, eserleku guztien %2 gutxienez

0,25 puntu, baldin sistema bat badago entzumen edo ikusmen dibertsitatea duen publikoari egokitua

0,50 puntu, zailtasun fisikoak eta psikosozialak dituzten publikoen gizarteratzea sustatzeko, kultura aniztasunari arreta emateko eta/edo genero estereotipoak hausteko eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak murrizten laguntzeko programak edo ekintzak izateagatik (gehienez 1,5 puntu)

C.5. Egoitza proiektuetan profesionalak kontratatzea. (geh., 1 puntu)

1 puntu egoitza, artisten edo taldeen elkarte eta sorkuntza laborategi bat osatzeko proiektu bakoitzeko, edo antzeko proiektu bakoitzeko, helburu baldin badute deialdiaren aldian Nafarroako talde edo artista profesionalen sorkuntza bultzatzea

C.6. Profesionalak kontratatzea publikoarekin bitartekaritza jarduerak egiteko. (geh., 4 puntu)

2 puntu, publikoarekin bitartekaritza egiteko proiektu bakoitzeko

V. ERANSKINA

Baremazio fitxa.

VI. ERANSKINA

Behin betiko programazioa justifikatzeko fitxa.

VII. ERANSKINA

Udalaren aurrekontu-eginahalaren eta gastu diruz lagungarriaren justifikazio taula.

VIII. ERANSKINA

Ziurtagiriaren eredua / Dirulaguntza eskabidea.

IX. ERANSKINA

Ziurtagiriaren eredua / Dirulaguntzaren justifikazioa.

Deskargatu beharreko fitxategiak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2103956