92. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 22a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

12/2021 FORU AGINDUA, apirilaren 20koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baita Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, baita egin zaizkion aldaketa guztiak ere.

Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren berriz Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori judizialki baimendu zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak otsailaren 24ko 21/2021 Autoaren bidez. Neurri horiek Osasuneko kontseilariaren martxoaren 9ko 6/2021 Foru Aginduaren bidez luzatu ziren, zeina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki baimendu baitzuen martxoaren 11ko 32/2021 Autoaren bidez. Gero, neurri horiek Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 7/2021 Foru Aginduaren bidez luzatu ziren berriz, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki baimendu zituen martxoaren 25eko 37/2021 Autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren martxoaren 29ko 10/2021 Foru Aginduaren bidez, otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduko neurri batzuk aldatu ziren, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak foru agindu hura ere judizialki baimendu zuen, 2021eko martxoaren 30eko 48/2021 Autoaren bidez. Azkenik, apirilaren 6ko 11/2020 Foru Aginduaren bidez Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Agindua luzatu zen berriro, baita egin zaizkion aldaketa guztiak ere (foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren, Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz). Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak judizialki berretsi zuen 11/20202 foru agindu hori, apirilaren 7ko 50/2021 Autoaren bidez.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera (apirilaren 19ko datuekin) Nafarroa 14 egunetan metatutako intzidentzia tasarik handiena duen autonomia-erkidegoa da (428,77 kasu 100.000 biztanleko) eta 3.a, berriz, 7 egunetan metatutako intzidentziari dagokionez (186,93 kasu 100.000 biztanleko), 2,3ko ratioarekin eta beheranzko joera apalarekin. 14 eguneko eta 7 eguneko intzidentzia metatua Estatu osoko batezbestekotik gora dago (230,54 eta 109,93 kasu 100.000 biztanleko), 2,1eko ratioarekin.

COVID-19a dela-eta erabiltzen diren zerbitzu asistentzialei dagokienez, Nafarroa da COVID-19a duten gaixoek okupatutako oheen ehuneko handiena duen laugarren erkidegoa (%10,07), eta COVID-19a duten gaixoek okupatutako ZIUko oheen ehuneko handiena duen laugarren erkidegoa (%30,66). ZIUko okupazioaren joerak gorantz segitzen du.

COVID-19aren transmisioa kontrolatzeko erantzun koordinatuko jarduketen dokumentuan (martxoaren 26koan) adierazitako adierazleei dagokienez, Lurraldearteko Kontseiluak adostutakoa, eta ministerioak apirilaren 15ean argitaratutako txostenaren arabera, Nafarroa 4. alerta-mailan dago. Horren arrazoia da 14 egunetarako eta 7 egunetarako intzidentzia metatuaren mailak, biztanlerian oro har eta 64 urtetik gorakoetan, arrisku oso handiko egoeran daudela egun batzuetatik hona; eta horri gehitu zaiola ZIUaren okupazio-maila oso azkar pasatu dela arrisku-egoera ertainetik arrisku-egoera oso handira.

Hala ere, apirilaren 12tik 18ra arteko asteko diagnostiko berrien tasak behera egin du, 187 kasukoa izan baita 100.000 biztanleko, hau da, aurreko astekoa baino %23 baxuagoa. 14 egunetako intzidentziaren ratioa, 7 egunetakoarekin alderatuz, 2,3 da. Horrek esan nahi du joera aldatu dela eta orain beheranzkoa dela, apalki bada ere.

Zirkulazioan dagoen birusaren aldaera ingelesa da (%98), kutsakorragoa eta ospitaleratzeko arriskua handitzen duena.

85 urtetik gorakoetan, COVID-19aren kasu baieztatuen ospitaleratze-arriskua bere horretan mantendu da (adin talde honetakoek txertoa jaso dute azken asteetan), baina helduetan bikoiztu egin da gainerako adin-tarte guztietan, nahiz eta aste honetako ehunekoak joan den astekoak baino apur bat txikiagoak izan.

Oro har, intzidentzia, ospitaleratzeak eta heriotzak urritu dira, baina alerta-maila oso altua da oraindik.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren ondorioa da beharrezkoa dela hartutako neurriekin jarraitzea, eta egoera monitorizatzen segitzea, ikusteko arlo publikoan eta pribatuan hartu diren neurriek, eta jaiegunak pasa eta gero eguneroko bizimodura itzultzeak transmisioa beherantz doala baieztatzen duten. Hau oso garrantzizkoa da kasuen berpiztea oihartzun handia sortzen ari delako ospitaleetan.

Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzailearen txostenak erakusten du azken astean, neurririk murriztaileenak hartu eta 15 egun geroago, beherantz doazela diagnostikatu diren kasu berrien kopurua, proben positibotasuna eta ospitalizazio arrunta edo etxeko ospitalizazioa behar izan duten kasuen kopurua, baita ospitaleko larrialdietan artatu diren kasuen kopurua ere. Alabaina, ZIUn sartu direnen kopuruak, asteko, altu jarraitzen du, baita COVID-19arekin lotutako ospitale-inguruneko heriotzak ere.

Bilakaera honek esan nahi du, ausaz, laugarren olatua apaltzen hasi dela Nafarroan; baina aurreko olatuen esperientziak erakusten du ospitaleen eta ZIUaren gaineko presioak goian segituko duela datozen bi asteetan, are gorago joan daitekeela ere, infekzioaren, ospitaleratzearen eta ZIUn ospitaleratzearen arteko dekalajea dela kausa. COVID-19a daukaten pazienteek ospitaleko zenbat ohe okupatzen duten aintzat hartuta, uste izatekoa da ospitaleko egoerak 4 edo 6 aste beharko dituela errekuperatzeko, bilakaera epidemiologikoaren arabera.

Horregatik, txostenak esaten du, joan diren hilabeteen eskarmentua kontuan hartuz, beharrezkoa dela prebentzio komunitarioaren neurriei eustea, ospitaleen egoera errekuperatzeko COVID-19a ez duten erien arreta kaltetu gabe, eta osasuneko profesionalak bideratu ahal izateko txertaketa-programara (orain horietako asko paziente ospitaleratuak artatzen aritzen baitira), zeina hemendik aurrera hurrenez hurren areagotuko baita.

Beraz, kontuan hartuz aipatu ditugun txosten teknikoek proposatzen dutela Osasuneko kontseilariaren otsailaren 23ko 5/2021 Foru Aginduak ezartzen zituen neurriak mantentzea (ondorengo aldaketekin), beharrezkoa jotzen da neurriok luzatzea, 2021eko apirilaren 23tik maiatzaren 8ra arte (egun biak barne), pandemiaren ondorioz hartu diren neurri guztien indarraldia bat etorrarazteko, bai Osasuneko kontseilariak foru aginduaren bidez hartutakoak, baita lehendakariak foru dekretuaren bidez hartutakoak ere (azken hauek urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren arabera hartutakoak, zeinak alarma-egoera deklaratu baitzuen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta gero 2021eko maiatzaren 9ko 00:00ak arte luzatu zena, eta ezartzen duena agintari eskudun delegatua autonomia-erkidegoaren lehendakaria dela).

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko asmoz, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aukera ematen die administrazio publikoetako osasun arloko agintariei, nork bere eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuetan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea Osasuneko kontseilariak otsailaren 23an emandako 5/2021 Foru Aginduan hartutako neurriak, baldintza berdinetan (foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen dira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz), baita ondoren egin zaizkion aldaketak ere, hots, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 9ko 6/2021 Foru Aginduaren bidez eta martxoaren 29ko 10/2021 Foru Aginduaren bidez onetsi zirenak.

Bigarrena.–Neurri hauek mugatu egiten dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian aurreikusitakoak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Hala ere, neurri horiek osotara aplikatzekoak dira bertan arautzen diren gainerakoei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira, eta galarazi gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Hirugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2021eko apirilaren 23tik maiatzaren 8ra bitarte, bi egunak barne, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, baimen judiziala eman dezan, aurretiaz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2021eko apirilaren 23an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 20an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2106309