92. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 22a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 22/2021 FORU DEKRETUA, apirilaren 20koa, zeinaren bidez luzatzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren martxoaren 23ko 10/2021 Foru Dekretuan onetsitako neurriak. Foru dekretu horren bidez, neurriak hartu ziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publiko eta pribatuan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, foru dekretuan jasotzen ziren salbuespenekin. Pertsonen joan-etorriei gaueko ordutegian ezarritako mugen indarraldiari dagokionez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoerak zeukan berbera ezarri zen, eta gainerako neurrien kasuan, berriz, 2020ko azaroaren 4ra arteko indarraldia, egun hori barne. Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez luzatu zen foru dekretu hori, 2020ko azaroaren 18ra arte luzatu ere, eta Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez, berriz, 2020ko abenduaren 18ra arte.

Alarma-egoera 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara arte luzatu da. Luzapena xedapen hauetan bildutako baldintzen menpe dago: urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratu zuena SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta, kasua bada, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretu horren azken xedapenetako lehenbizikoak emandako gaikuntza erabiliz ematen diren dekretuak, ezertan galarazi gabe hurrengo apartatuetan ezartzen dena.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren martxoaren 23ko 10/2021 Foru Dekretuaren bidez, neurri berriak ezarri ziren SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Neurri horien indarraldia 2021eko apirilaren 9ra artekoa da, egun hori barne. Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren apirilaren 6ko 13/2021 Foru Dekretuaren bidez, erabaki zen neurri horiek apirilaren 22ra arte luzatzea, egun hori barne.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera (apirilaren 19ko datuekin) Nafarroa 14 egunetan metatutako intzidentzia tasarik handiena duen autonomia-erkidegoa da (428,77 kasu 100.000 biztanleko) eta 3.a, berriz, 7 egunetan metatutako intzidentziari dagokionez (186,93 kasu 100.000 biztanleko), 2,3ko ratioarekin eta beheranzko joera apalarekin. 14 eguneko eta 7 eguneko intzidentzia metatua Estatu osoko batezbestekotik gora dago (230,54 eta 109,93 kasu 100.000 biztanleko), 2,1eko ratioarekin.

COVID-19a dela-eta erabiltzen diren zerbitzu asistentzialei dagokienez, Nafarroa da COVID-19a duten gaixoek okupatutako oheen ehuneko handiena duen laugarren erkidegoa (%10,07), eta COVID-19a duten gaixoek okupatutako ZIUko oheen ehuneko handiena duen laugarren erkidegoa (%30,66). ZIUko okupazioaren joerak gorantz segitzen du.

COVID-19aren transmisioa kontrolatzeko erantzun koordinatuko jarduketen dokumentuan (martxoaren 26koan) adierazitako adierazleei dagokienez, Lurraldearteko Kontseiluak adostutakoa, eta ministerioak apirilaren 15ean argitaratutako txostenaren arabera, Nafarroa 4. alerta-mailan dago. Horren arrazoia da intzidentzia metatuaren mailak, biztanlerian oro har eta 64 urtetik gorakoetan, arrisku oso handiko egoeran daudela egun batzuetatik hona; eta horri gehitu zaiola ZIUaren okupazio-maila oso azkar pasatu dela arrisku-egoera ertainetik arrisku-egoera oso handira.

Hala ere, apirilaren 12tik 18ra arteko asteko diagnostiko berrien tasak behera egin du, 187 kasukoa izan baita 100.000 biztanleko, hau da, aurreko astekoa baino %23 baxuagoa. 14 egunetako intzidentziaren ratioa, 7 egunetakoarekin alderatuz, 2,3 da. Horrek esan nahi du joera aldatu dela eta orain beheranzkoa dela, apalki bada ere.

Zirkulazioan dagoen birusaren aldaera ingelesa da (%98), kutsakorragoa eta ospitaleratzeko arriskua handitzen duena.

85 urtetik gorakoetan, COVID-19aren kasu baieztatuen ospitaleratze-arriskua bere horretan mantendu da (adin talde honetakoek txertoa jaso dute azken asteetan), baina helduetan bikoiztu egin da gainerako adin-tarte guztietan, nahiz eta aste honetako ehunekoak joan den astekoak baino apur bat txikiagoak izan.

Oro har, intzidentzia, ospitaleratzeak eta heriotzak urritu dira, baina alerta-maila oso altua da oraindik.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren ondorioa da beharrezkoa dela hartutako neurriekin jarraitzea, eta egoera monitorizatzen segitzea, ikusteko arlo publikoan eta pribatuan hartu diren neurriek eta jaiegunak pasa eta gero eguneroko bizimodura itzultzeak transmisioa beherantz doala baieztatzen duten. Hau oso garrantzizkoa da kasuen berpiztea oihartzun handia sortzen ari delako ospitaleetan.

Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzailearen txostenak erakusten du azken astean, neurririk murriztaileenak hartu eta 15 egun geroago, beherantz doazela diagnostikatu diren kasu berrien kopurua, proben positibotasuna eta ospitalizazio arrunta edo etxeko ospitalizazioa behar izan duten kasuen kopurua, baita ospitaleko larrialdietan artatu diren kasuen kopurua ere. Alabaina, ZIUn sartu direnen kopuruak, asteko, altu jarraitzen du, baita COVID-19arekin lotutako ospitale-inguruneko heriotzak ere.

Bilakaera honek esan nahi du, ausaz, laugarren olatua apaltzen hasi dela Nafarroan; baina aurreko olatuen esperientziak erakusten du ospitaleen eta ZIUaren gaineko presioak goian segituko duela datozen bi asteetan, are gorago joan daitekeela ere, infekzioaren, ospitaleratzearen eta ZIUn ospitaleratzearen arteko dekalajea dela kausa. COVID-19a daukaten pazienteek ospitaleko zenbat ohe okupatzen duten aintzat hartuta, uste izatekoa da ospitaleko egoerak 4 edo 6 aste beharko dituela errekuperatzeko, bilakaera epidemiologikoaren arabera.

Horregatik, txostenak esaten du, joan diren hilabeteen eskarmentua kontuan hartuz, beharrezkoa dela prebentzio komunitarioaren neurriei eustea, ospitaleen egoera errekuperatzeko COVID-19a ez duten erien arreta kaltetu gabe, eta osasuneko profesionalak bideratu ahal izateko txertaketa-programara (orain horietako asko paziente ospitaleratuak artatzen aritzen baitira), zeina hemendik aurrera hurrenez hurren areagotuko baita.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko neurriak luzatzea.

Luzatzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren martxoaren 23ko 10/2021 Foru Dekretuaren bidez SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko ezarri ziren neurriak.

2. artikulua. Luzatutako neurrien indarraldia.

Luzatutako neurriak 2021eko maiatzaren 8ra hartu egonen dira indarrean, egun hori barne.

3. artikulua. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko apirilaren 23an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 20an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2106312