91. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OTEITZA

Eraikinak zaharberritzeko Udalaren laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Oteitzako Udalak, 2021eko urtarrilaren 21ean egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eraikinak zaharberritzeko Udalaren laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2021eko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 8an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Oteitzan, 2021eko martxoaren 24an.–Alkatea, Rubén Darío Martínez Landa.

ERAIKINAK ZAHARBERRITZEKO UDALAREN LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Ohiko sustatze lanak, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arautuak, bere bidea egin du eta arau gehiago jaso ditu; azkenik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean. Horren arauak hartu dira kontuan ordenantza honetarako.

Zehazki, lege horretako 3.1.b) artikulua aplikatuko da Oteitzako Udalean, hartan xedatuta baitago dirulaguntzen araudia egokitu beharra dagoela legean bertan ezarritako araubide juridikora.

Egokitze hori eraikinak zaharberritzeko laguntzetarako ordenantza honen bidez gauzatuko da. Ordenantzaren araubide juridikoa, hain zuzen, egokitu behar zaio dirulaguntzen arloan eragin duten hainbat arauk indarra hartzean sortutako lege esparruari; batez ere, aipatutako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak eta hura garatzeko araudiak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) indarra hartzean sortutakoari.

Ordenantza honen xedea da eraikinak birgaitzeko eta zaharberritzeko lanak sustatzea Oteitzako udalerrian, herriaren irudia hobetzeko hirigintzaren aldetik. Horretarako, laguntzak emango dira fatxadak berritu eta bestelako birgaitze lanak egiteko herriguneko eraikinetan.

I. TITULUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Oteitzako Udalak ematen dituen laguntzen araubide juridikoa arautzea du xede ordenantza honek, ondotik aipatzen diren jarduerak bultzatzeko direnean:

a) Oteitzako herriguneko eraikinetan birgaitze eta zaharberritze lanak sustatzeko jarduerak.

b) Herriaren irudia hobetzeari begira egindako jarduketak: fatxadak lehengoratzea herrigune osoan.

2. artikulua. Printzipio orokorrak eta araubide juridiko aplikagarria.

Honako printzipio gidari hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen laguntzak:

–Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibitatea, tratuaren berdintasuna eta diskriminazio eza.

–Eraginkortasuna finkatutako helburuak betetzean.

–Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

–Bitartekoen eta helburuen arteko batasuna, laguntzak emateko arrazoia izan dadin.

Ordenantza honen laguntzek honako hauetan jasotakoari jarraituko diote: ordenantza bera, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena) eta aplikatzekoak diren administrazio zuzenbideko gainerako arauak.

3. artikulua. Laguntzak instruitu eta emateko organo eskuduna.

Oteitzako Udalaren idazkaritzari dagokio laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa.

Oteitzako Udalaren osoko bilkurak onetsiko ditu dirulaguntzen deialdiak.

Alkatetzak izanen du eskumena ordenantza honetan araututako laguntzak emateko, izaten ahal diren eskuordetzak ukatu gabe; kasu horretan, eskuordetza horietan erabakitzen diren organoek izanen dute eskumena, zehaztuko den ahalmenarekin.

4. artikulua. Onuradunak.

1. Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, izanen dira ordenantza honetan aurreikusitako laguntzen onuradun; betiere, bidezkoa izan beharko du laguntzak emateko egoeraki eta ordenantza honetan laguntza mota bakoitzerako aurreikusitako inguruabarrak bete beharko dira.

2. Onuradun bihurtzen ahal dira pertsona fisiko edo juridikoen batasunak, publiko edo pribatuak, ondasun komunitateak edo beste edozein unitate ekonomiko edo bereizitako ondare, nortasun juridikorik izan gabe, jarduketak egiten ahal badituzte edo dirulaguntza jasotzeko behar den egoeran badaude.

3. Ezin dira onuradun bilakatu ondoren aipatzen diren arrazoietako bat dagoenean, non ez duen, dirulaguntza bera dela eta, deialdia edo hitzarmen berak salbuesten:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea.

b) Konkurtso-egoeraren deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratua izatea, konkurtso-egoeran egotea, kontu-hartze judizial baten pean, edo desgaitua Konkurtsoari buruzko Legearen arabera, konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartua izatea, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoak, merkataritzako sozietateen administratzaileek edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek bateraezintasuna izatea kontratua egiteko, kasu bakoitzari aplikatzen zaion legerian jasota baitago, edo Hauteskundeetako Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoak arautzen dituen hautapen bidezko karguetako bat izatea, hartan ezarritako moduan.

e) Dirulaguntza eskuratzeko ebazpena ematen den unean zerga arloko eginbeharrak edo Gizarte Segurantzakoak bete gabe izatea, indarra duten xedapenek behartzen dutenez.

f) Erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean izatea egoitza fiskala.

g) Udalak emandako dirulaguntzak itzultzera beharturik, haiek ordaindu gabe izatea.

h) Dirulaguntza eta laguntza publikoen arloan edo zerga kontuan arau-haustea egin eta administrazio prozedura batek emandako epai irmo bat dela bide, dirulaguntzarik hartzeko aukera galdu izatea zehapen gisa.

4. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun.

5. 1/2002 Lege Organikoaren 40.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz zigor legearen kontrako aztarnak agertu direlako, erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik daukaten elkarteak ere ezin dira onuradun bilakatu, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

6. Oteitzako Udalarekin zorrak izan eta premiamendu bidez kobratzeko prozeduran dauden partikular edo entitateei ere ez zaie laguntza edo dirulaguntzarik emanen, ezta toki entitatearekin zerga arloko eginbeharrak bete gabe dituztenei ere, harik eta zor horiek ordaindu edo zerga arloko eginbeharrak betetzen ez diren arte. Ofizioz egiaztatuko dira inguruabar horiek.

5. artikulua. Onuradunek bete beharrekoak.

a) Helburua bete, proiektua gauzatu, jarduera egin edo laguntzak emateko arrazoia den portaera izan eta haien zenbateko osoa laguntzaren xederako erabiltzea, ordenantza honetan araututako laguntzak nolakoak diren, haien arabera.

b) Organo emaileari erakustea beharkizunak eta baldintzak betetzen direla; orobat, hari frogatzea dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua egin eta bete direla.

c) Organo emailearen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egin dezaketen beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, beti, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

f) Hartutako dirua itzultzea, ordenantza honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean aurreikusitako kasuetan.

6. artikulua. Laguntzen xedea.

Zer xedetarako ematen den dirulaguntza, laguntzok hartan erabiltzera daude behartuta onuradunak. Hori egin ezean, laguntza itzuli beharko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako moduan. Edonola ere, lege bereko 31.5 artikuluan aipatutako kasuetan ez da betegabetzat joko xedearen betebeharra.

7. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantzaketa eta beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Ordenantza honetan laguntza mota bakoitzerako aurreikusitako irizpideen aplikazioak ezarriko du Udalaren laguntza ekonomikoen muga.

2. Udalaren laguntzak Nafarroako Gobernuak ezarrita dituenen osagarri izanen dira.

3. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inoiz diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa izanen, ez bakarrik ez beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik datozela ere. Kasu horretan, eskuratutako soberakina itzuliko da eta dagokion berandutze-interesa eskatuko.

4. Proiektu edo jardueraren kostuaren aldean, entitate publikoetatik hartutako dirulaguntza bateragarriak gehiegizkoak direnean, onuradunak gehiegizko zenbatekoa eta berandutze-interesak itzuli beharko ditu, ordainketa-gutunak gehituta justifikazioari. Laguntza ematen duten entitateei itzuliko zaie gehiegizko zenbatekoa; zenbat eman duen bakoitzak, haren proportzioan.

5. Hala ere, Administrazioa ohartzen bada gehiegizko finantzazio horretaz, gehiegizko zenbatekoa osorik itzultzeko exijituko du, hark emandako dirulaguntzaren mugaraino.

8. artikulua. Azpikontratazioa.

1. Onuradunak azpikontratua egiten duela ulertuko da, hirugarrenekin ituna egiten badu dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egin dezaten. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da dirulaguntzaren xede den jarduera berez egin ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa.

2. Ordenantza honen 1. artikuluko a) eta b) letretan jasotako jarduketetan onartuko da azpikontratazioa, deialdiak edo hitzarmenak espresuki debekatzen duenean salbu. Onuradunak diruz lagundutako jardueraren %100 azpikontratatzen ahal du hirugarrenekin. Ezin da azpikontrataziorik egin, diruz lagundutako jardueraren kostua gehituta, hari baliorik eransten ez bazaio.

3. Hirugarrenekin azpikontratatutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik goitikoa bada, kontratua idatziz egiteko galdatuko da, eta, halakorik egiteko, Etxebizitzak Birgaitzeko Bulegoak berariaz eta aitzinetik ontzat eman beharko du, eta horretarako baimena eman.

9. artikulua. Dirulaguntzen ordainketa.

1. Dirulaguntzen onuradunak frogatu beharko du lagundu den jarduketa egin egin dela, hura ordaindu aitzin, horretarako baldintza izanen baita. Horretarako, deialdi bakoitzean eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu; esaterako, honako hauek:

a) Obra amaierako ziurtagiria, dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia.

b) Izandako gastuen zerrenda, eta horiek frogatzeko fakturak eta faktura horiek ordaindu izanaren ziurtagiriak.

Dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da behar bezala justifikatzen ez bada edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikuluan aurreikusitako arrazoietako bat gertatzen bada.

2. Laguntza ordainduko da dirulaguntzaren xede izan den jarduketa amaitutakoan. Ez da ordainketa zatikaturik edo aurreraturik egongo, salbu eta halakorik jasota badago unean uneko deialdiaren oinarrietan.

3. Ezin izanen da dirulaguntza ordaindu, onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak eguneratuak ez baditu.

10. artikulua. Laguntzak itzuli beharra.

Hartutako dirua itzultzeari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hura garatzen duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikaturiko egiteak eta ez egiteak, eta horiek zehatuko dira aipatu legean eta hori garatzeko araudian ezarritako prozedurari jarraikiz.

II. KAPITULUA

Dirulaguntzak emateko prozedurak

1. ATALA

Xedapen orokorrak

12. artikulua. Banakako norgehiagokako araubidea eta zuzeneko kontzesioa.

1. Dirulaguntzak tramitatzeko ohiko prozedura izango da norgehiagokako araubideari jarraitzea. Ordenantza hau den bezainbatean, norgehiagokako lehiatzat hartuko da dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arauemaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe.

Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, eskumena duen organoak dirulaguntzetarako jarritako gehieneko zenbateko osoa hainbanatuko du dirulaguntzaren onuradunen artean.

2. Laguntza edo dirulaguntza hauek zuzenean eman ahal izango dira:

a) Oteitzako Udalaren aurrekontu orokorrean beren izenekin datozenak.

b) Salbuespen gisa eta Etxebizitzak Birgaitzeko Bulegoak proposatuta, laguntzak hartzeko hirigintzako interesa nahiz interes publikoa edo soziala edo behar bezala justifikatutako besteren bat frogatzen dutenak, hartzailea dela-eta, konkurrentzia publikorako aukera baztertua dutenak onuradun edo onuradun talde bakar bat dagoelako dirulaguntzaren xedea beteko duena.

2. ATALA

Norgehiagokako araubidea

13. artikulua. Prozedurari hasiera ematea.

1. Ofizioz hasiko da laguntzak edo dirulaguntzak emateko prozedura. Horretarako, organo eskudunak deialdia onetsi eta dagokion gastua baimenduko du, eta, ondoren, deialdia argitaratuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean.

2. Deialdiak eduki hau izanen du, gutxienez ere:

a) Zein osoko bilkuratan hartu zen ordenantza hau behin betiko onesteko erabakia eta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zein egunetan eta zein zenbakitan argitaratu zen.

b) b) Dirulaguntzak zein aurrekontu-kredituri egozten zaizkion eta, eskuragarri diren kredituen zenbatekoa kontuan harturik, dirulaguntzek guztira zenbat jotzen duten.

c) Dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua.

d) Dirulaguntzak norgehiagoka bidez emanen direla adieraztea.

e) Dirulaguntza eskatzeko betebeharrak eta horiek frogatzeko modua.

f) Zein den organo eskuduna prozedura instruitu eta ebazteko.

g) Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

h) Ebatzi eta jakinarazteko epea.

i) Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta argibideak.

j) Ebazpenak administrazio bideari amaiera ematen diola adieraztea.

k) Eskaerak baloratzeko irizpideak.

l) Jakinarazteko edo argitaratzeko bidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoaren arabera.

m) Ezespen espresaren edo ustezkoaren aurka jartzen ahal diren errekurtsoak.

3. Deialdi bakoitzeko testuak ikus-onetsi juridikoa izan beharko du eta zuzenbidearen araberakoa dela dioen txosten juridikoa, Udalaren idazkaritzak emana, eraman beharko du.

14. artikulua. Aldez aurreko jarduketak.

Munta handiko obren proiektua aurkezteko, aldez aurretik, obren sustatzaileek aholkua eskatu beharko diote Etxebizitzak Birgaitzeko Bulegoari, txostena eta espedientearen aldez aurreko kalifikazioa egin ditzan, ordenantza honetan aipatu baldintzak betetzen baditu.

Obra egiterakoan, kalifikaziorako bide eta oinarri izateko aurkeztu den proiektu teknikoa oso-osorik errespetatu beharko da. Esan nahi baita ez dela aldaketarik egiten ahal (bereziki kalitate arkitektonikoan, materialetan edo egin beharreko tratamenduetan) aldez aurretik Etxebizitzak Birgaitzeko Bulegoak baimentzen ez baditu. Bestela, espedientea deskalifikatu eginen da.

15. artikulua. Eskabideak.

1. Interesdunek Oteitzako Udalaren eskabide-eredu orokorra erabiliko dute dirulaguntzak eskatzeko. Sinatu egin beharko dute, eta hari erantsiko dizkiote ordenantza honetan eta deialdi bakoitzean aurreikusitako laguntza-moterako eskatzen diren agiriak.

2. Deialdia argitaratu eta hurrengo lehen egun baliodunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea eta haren indarraldia bukatu arte iraunen du. Dena den, gerta liteke deialdian beste epe bat zehaztea, dirulaguntzaren ezaugarriak edo unean uneko inguruabarrak direla-eta.

16. artikulua. Eskatzaileak aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eskatzaile bakoitzaren NANaren fotokopia, edo IFKrena, jabeen elkarteak izanez gero.

b) Laguntzetarako eskubidearen titulartasunaren ziurtagiria:

–Etxebizitzaren edo eraikinaren jabea: lurzati zedula, etxebizitzaren edo eraikinaren titularrak zein diren zehaztuta.

–Etxebizitzaren maizterrak edo erabiltzaileak: errentamenduaren kontratua edo agiri publiko nahiz pribatua, maizterra edo erabiltzea dela frogatzeko, eta errentatzailearen baimena aurkeztutako jarduketa gauzatzeko.

–Jabeen elkarteak: akordioa, non adieraziko baita obrak egitea erabaki dutela, laguntzen espedientea kudeatzeko ordezkari bat izendatu dutela eta jabe bakoitzak obran duen portzentajea.

c) Nahitaezkoa izanez gero, Etxebizitzak Birgaitzeko Bulegoaren aldez aurreko txostena, zaharberritze eta berritze arlokoa.

d) Teknikari eskudun baten proiektua eta zuzendaritza.

e) Obrak egin baino lehenago, eraikinaren erreportaje fotografikoa, gutxienez ere fatxada erakutsiz.

f) Obren aurrekontua, neurriak, kalitateak eta prezio unitarioak zehaztuta, eta eskatzaileak eta obrak egiteko ardura duenak sinatua. Babespeko aurrekontua 30.000,00 eurotik gorakoa denean, beste bi aurrekontu gehiago beharko dira aurkeztu. Onartzen den aurrekontua diru aldetik onuragarriena ez denean, hori justifikatzen duen txostena aurkeztu beharko da.

g) Obra egileekin eta/edo hornitzaileekin sinatu beharreko kontratua, ordenantzaren 8. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

h) Udalaren obra lizentziaren eskabidea eta Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren (EIOZ) likidazioarena.

i) Erantzukizunpeko aitorpena, dioena eskatzaileak ez duela ordenantza honetako 4. artikuluak debekurako ezarritako arrazoietarik batere.

j) Dirulaguntza zein kontutan jaso nahi duen, bankuak kontu horren titulartasunari buruz egindako ziurtagiria.

k) Eskatzaileak Nafarroako Gobernuarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria edo eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena horren gainean.

l) Jarduketa benetan egin dela frogatzeko, obrari buruzko azken dokumentazioa, egindako gastua ziurtatzen duena edo gastua ziurtatzen duten fakturak (ordainagiriekin batera); hori guztia, ordenantza honen 9.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta deialdi bakoitzaren oinarri arautzaileeekin bat etorriz.

17. artikulua. Instrukzioa eta ebazpena.

1. Onuradunen beharkizun pertsonalak eta proiektuen baldintza teknikoak betetzen direla egiaztaturik, espedientea behin betiko kalifikatuko da.

2. Jarduketa egiteko, akatsen txostena jakinarazi eta 15 egun naturalean, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen ez bada, eskaera ezetsi eginen da.

3. Espedienteak kalifikatu eta gero, laguntzak eman eta ordainketa onetsiko da hamar egun naturalean, emakida jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

4. Laguntzak eman eta ordainketa onesteko, dirulaguntzak emateko espedientea instruitzeko ardura duen organoaren aldeko txostena beharko da.

5. Ebazpenean, berariaz adieraziko dira eskatzailea eta zenbateko dirulaguntza ematen zaion.

6. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea sei hilabete da, gehienez ere. Prozedura ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpenik eman gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

18. artikulua. Jakinarazpena eta publizitatea.

1. Ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, eta amaiera emanen dio administrazio bideari. Haren kontra zein errekurtso diren bidezko, zein organo administratibori eta judiziali aurkeztu eta zein duten epea adierazi beharko da; haatik, interesdunek bertze bat egokitzat joz gero, hura erabiltzen ahalko dute.

2. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, deialdia, aurrekontuko kreditua eta programa, entitate onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren xedea adierazita. Dena dela, ez da argitaratu beharko kasu hauetan:

a) Emandako dirulaguntzen zenbatekoak, banan-banan hartuta, 3.000 eurotik beheitikoak direnean. Kasu horretan, Nafarroako Aldizkari Ofizilean argitaratu beharrean, Oteitzako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da.

b) Dirulaguntzaren xedea dela eta, onuradunaren datuak argitaratzean kalte egiten bazaio ohorearekiko errespetu eta babesari, pertsona fisikoen intimitateari edo familiakoei edo norberaren irudiari, hala xedatzen baita Ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Foru Legean.

3. ATALA

Zuzeneko kontzesioa

19. artikulua. Zuzeneko kontzesioa.

Ordenantza honetako 12.2 artikuluan adierazitako laguntzak edo dirulaguntzak emateko bide ohikoena hitzarmenak izango dira. Hitzarmen horietan ezarriko da zein baldintza eta konpromiso aplikatu, ordenantza honetan eta gainerako araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraituz.

II. TITULUA

Oteitzako herriguneko eraikinetan birgaitze eta zaharberritze lanak sustatzeko laguntzak

20. artikulua. Babespeko obrak.

Ondotik ematen diren babespeko obrak izaten ahal dira Udalaren laguntzen xede:

a) Egitura aldetik egokitzeko obrak, eraikinaren segurtasuna handitu eta haren egonkortasuna, erresistentzia, tinkotasuna eta sendotasuna bermatzearren.

b) Eraikinaren egokitzapen funtzional egokia lortzeko obrak, eraikinak behar adinako baldintzak bete ditzan: sarbideak, estankotasuna euriaren eta hezetasunaren aitzinean, isolamendu termikoa, sare orokorrak –ura, gasa, argindarra, telefonia eta saneamendua–, akabera orokorrak eta segurtasuna istripu eta ezbeharretan.

c) Hobekuntza-obrak, bide emango dutenak eraikin eta etxebizitzetan energiaren kontsumoa aurrezten eta hornikuntza- eta saneamendu-sareen arloan indarrean dagoen araudira egokitzen.

d) Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko obrak, mugikortasun murriztua duten minusbaliatuei sarbidea eta erabilera errazteko, eta, zehazki, igogailuak instalatzea eta horretarako beharrezkoak diren obra osagarriak.

e) Eraikin eta etxebizitzetako fatxadak hobetzeko obrak, hala nola margotzea, fatxadetako jatorrizko harri naturalari distira ematea eta abar.

21. artikulua. Eraikinen betebeharrak.

Oteitzako herriguneko eraikinetarako jarduketetarako soilik emango ditu Udalak laguntzak, edozein delarik ere haien antzinatasuna.

“Antolamendutik kanpoko” eraikinetan egin beharreko obrek ezin izanen dituzte jaso laguntza hauek.

22. artikulua. Babespeko aurrekontuaren kontzeptua.

1. Birgaitze eta zaharberritze jarduketetan, haien kostu erreala da babespeko aurrekontua, hau da, egin behar diren obren guztirako prezioa. Zenbateko horri obra bakoitzaren proiektu eta/edo zuzendaritza teknikoaren arduradunen ordainsarien kostua gehituko zaio.

2. Tokian tokiko zergak ez dira inoiz dirulaguntza hartzeko moduko gastuan sartuko, legean aurreikusi gabeko salbuespen fiskalak, konpentsazioak edo toki ogasunarekiko zor murrizketak diren heinean.

3. Tokiko zergak ez bestelakoak dirulaguntza hartzeko moduko gastuak dira, onuradunak ordaindu egiten baditu. Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, onuradunarentzako kostu erreala diruz laguntzen ahalko da, kengarria ez bada.

4. Dirulaguntza hartzeko moduko gastuaren zenbatekoa –obra exekutatzeko kostu gisa– 30.000,00 eurotik gorakoa denean, edo 12.000,00 eurokoa, aholkularitza edo laguntza teknikoko enpresek ekipoko ondasunez hornitzen dutenean edo zerbitzuak ematen dituztenean, onuradunak hiru eskaintza bederen eskatu beharko dizkie beste horrenbeste hornitzaileri konpromisoa kontratatu aurretik.

Aurkezten diren eskaintzen arteko hautapena eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz eginen da, eta memoria batean justifikatuko da, espresuki, proposamen ekonomiko onuragarriena hautatu ez bada. Aurkeztutako enpresen zerrenda dirulaguntzaren justifikazioarekin batera, edo, bestela, eskaerarekin batera aurkeztu beharko da.

23. artikulua. Udalaren laguntza motak.

a) Eraikinak birgaitu edo zaharberritzako obretarako laguntzak.

b) Fatxadak txukuntzeko laguntzak.

24. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzen deialdiko oinarrietan zehaztuta egongo da eskaera bakoitzak jaso ditzakeen laguntzen edo dirulaguntzen zenbatekoa. Edonola ere, zenbateko hori ezin da izan deialdi bakoitzerako ezarritako guztizko zenbatekoa baino handiagoa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hurrengo ekitaldietako aurrekontuetan eragina duten dirulaguntzen gastuak onesteko aukerari dagokionez, aurrekontuetako araudi aplikagarrian ezarritakoa hartuko da kontuan.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENA

Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua aplikatuko da, baita Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.

Iragarkiaren kodea: L2105091