91. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARBARIN

Ordenantza, eguzki energia biltzeko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Barbaringo Udalak, 2020ko urriaren 20an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena eguzki energia jasotzeko Barbaringo udal-mugartean paratutako instalazioak.

Onespenaren erabakia 2020ko 291. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Barbarinen, 2021eko martxoaren 30ean.–Alkatea, María Carmen Puerta Extremera.

BARBARINGO UDAL MUGARTEAN EGUZKI ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

HITZAURREA

Azken urteotan administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilpena bultzatzen ari dira. Eta duela gutxitik, etxebizitzetan norberaren kontsumorako energia sortzeko instalazioak bultzatzen ari dira bereziki.

Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: bermatzea egoki ezartzen dela lurraldean, eta bermatzea zaintzen direla natura- eta hiri-balio garrantzitsuenak.

Bestalde, eguzki energia biltzearen arloa berri samarra da eta teknologia horrek izandako bilakaerari esker, eguzki energia biltzeko elementu berriak bideragarriak izan daitezke bai teknikoki eta bai ekonomikoki, eraikitako eremu tradizionaletan errazago integratzeko. Esate baterako, “eguzki teilak” gure herrietako balio formal eta estetikoak galzorian jarri gabe erabil daitezke.

Hori dela eta, eguzki energia biltzeko instalazioak ingurumenerako onuragarriak badira ere, zenbait mugapen jarri behar direla uste da.

Barbaringo hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko estalkietan eguzki panelak ezartzeko aukera aurreikusten da berariaz Barbaringo Udal Planeko Araudi Partikular Xehatuko 38. artikuluko 1. puntuan. Aipaturiko artikuluan xedatutako araubideak eraikinen estalkiaren azaleraren gehieneko portzentaje baten okupazioa soilik ahalbidetzen du, eta ez ditu bestelako inguruabar batzuk aintzat hartzen, hala nola zein den eraikinaren egoera Planak zehazten dituen eremu homogeneoetan, edo haien forma, kokalekua, kokatzeko alternatibak eta abar.

Barbaringo Udalak udal-mugartean eguzki energia biltzeko instalazioen inguruko erregulazioa berrikusi nahi du, norberaren kontsumorako diren eta ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak diren instalazio termikoak zein fotovoltaikoak paratzeko baldintzak finkatuz.

Ordenantza idatzi da halako moduz non koherentzia gordetzen baita udal plangintzarekiko eta lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko; betebehar hori jasota dago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Barbaringo udal mugartean eguzki energia zelula fotovoltaikodun panelen bidez eta panel kolektore termikoen bidez biltzeko instalazioak ezartzeko.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Barbaringo udal-mugarte guztia hartzen da aplikazio eremutzat.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki-plaka edo panel esan ohi zaien gailuek biltzen dute eguzki erradiazioen energia, zertarako eta energia termikoa edo energia elektrikoa sortzeko:

–Eguzki-instalazio termikoek eguzkitik jasotzen dugun energia erabiltzen dute zuzenean fluido bat berotzeko. Instalazio horiek erabiltzen dira eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko batez ere.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoek edo termoelektrikoek baliatzen dituzte zenbait material erdieroaleen ezaugarri fisikoak argindarra sortzeko, eguzki erradiaziotik abiatuta.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko zein termikoez osatutako eguzki instalazioak, haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena kontuan hartuta.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian ezarritako instalazioak

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko (eguzki instalazio termikoak), dela norberaren kontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo teknikoak eta ekonomikoak arautzen dituenak, ezarritakoa betez.

5. artikulua. Eraikinetan dauden instalazioak.

1. Eguzki-panelak instalatu daitezke eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurialdeetan integratu behar dira plakak, isurialdeen makurdura berarekin eta haien planoa mantenduz, “velux” erako leihoak bezalaxe. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–Ezin izanen dute estalkiaren azaleraren %25 baino gehiago hartu, eta gutxienez metro bat bereiziko da fatxadako planotik, mehelinetatik eta isurialdeek bat egiten duten ertzetatik.

–Laguntza elementuak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar, ezin izanen dira eraikinaren estalkian edo fatxadetan agerian geratu.

2. Estalki lauetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

–Karel opakuen gehienezko garaieraren azpitik gelditu behar dira.

–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten karelen garaiera gainditzen.

3. Eguzki panelen, “velux” motako leihoen eta estalki lauen azaleren batura ezin izanen du estalkiaren azaleraren %30 baino handiagoa izan.

4. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan ezarri.

5. Udal Planeko etxebizitzetarako area homogeneoetan (handitze zona eta zabalgunea berria), salbuespen gisa, salbuespenez, bertako eraikinetan eguzki-panelak konfigurazio edo kokapen bereziekin instalatzeko aukerak proposatzen ahalko dira, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udalaren osoko bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

6. Udal Planeko eraikinen katalogoan sartuta dauden eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan dauden instalazioak.

Baimentzen da eguzki-panelak jartzea lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak betez gero:

–Instalazioa jartzea baimenduko da soilik eraikin kontsumitzailea aurretik existitzen denean, edo hartan obrak egiteko baimena aldiberean ematen den kasuetan.

–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko.

–Lurzoruan bermatuta paratuko dira. Instalazioak, barnean direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin dira izan 1,50 metro baino altuagoak, lurretik neurtuta.

7. artikulua. Industria erabilerako lokaletako instalazioak.

Industria-Tailerretarako (IT) eremu homogeneoa da Barbaringo Udal Plan Orokorrak industrialtzat kalifikatua duen lurzorua, eta bat dator industriarako SI-1 sektorearekin eta lurzoru urbanizagarriko AR-3 banaketa eremuarekin. Eremu horretan eguzki panelak ezartzeko baldintzak hura garatzeko tramitatuko den Plan Partzialean ezarritakoak izanen dira.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

8. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eguzki energiarekin argindarra sortzeko instalazioak ezartzea lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 64/2006 Foru Agindua.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa da ezarriko den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden eraikinei loturiko instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa aldez aurreko baimenik tramitatzea.

9. artikulua. Eraikinetan dauden instalazioak.

1. Eguzki-panelak jartzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan.

Haren planoen gainean paratuko dira. Panelen orientazioak aldatzea baimenduko da eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten 0,60 metroko garaiera gainditzen, isurkiaren planotik zuzenean gora neurtuta. Hartutako gainazala gutxienez metro bat bereiziko da isurki triangeluarraren perimetrotik.

2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, azaleran edo orientazioan mugarik jarri gabe.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan ezarri.

4. Salbuespenez, proposatzen ahal da eraikinetan eguzki-panelak ezartzea konfigurazio edo kokapen bereziekin, ongi integraturik eraikin multzoaren arkitekturan. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udalaren osoko bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

5. Udal Planeko eraikinen katalogoan sartuta dauden eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

10. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, linearen ingurumen ukipenetarako baimenaren espedientea tramitatzea beharrezkoa izanen da (93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duena). Hura baimendu arte ezin izanen da panel fotovoltaikoak paratzeko lizentzia eman.

IV. KAPITULUA

Tramitazioa

11. artikulua. Lizentzia eskaera.

Ordenantza honetan arautzen den instalazioren bat paratu, handitu edo legeztatzeko, Barbaringo Udalari eskatuko zaio dagokion udal-lizentzia obretarako. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, teknikari eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua.

Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak tramitatuko dira, kontuan harturik Barbaringo Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian aurreikusitako betebehar partikularrak.

Lizentziak, betiere, emanen dira kalterik egin gabe jabetza eskubideari eta hirugarrenei. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.

Iragarkiaren kodea: L2105277