91. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

FALTZES

Deialdia, udaltzain lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

Faltzesko alkateak, 2021eko otsailaren 19an, erabaki zuen deialdi hau onestea, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Faltzesko Udaltzaingoko udaltzain lanpostu bat (1) oposizio bidez betetzea. Honelako lanpostua izanen da, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat (LFD horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):

a) Lanpostu bat, plantilla organikoan 2-01 zenbakia daramana, txanda irekian.

1.2. Deialdi honen bidez udaltzain izendatzen diren izangaiek Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian ezarritako polizia-agenteen eginkizunak beteko dituzte, eta haietan aipatu eskubide eta betebeharrak izanen dituzte; gainera, C mailan sailkatuko dira, foru lege horretan ezarritako mailetatik.

1.3. Deialdi honen ondorioz izendatzen direnak Faltzesko Udaleko funtzionario publiko bilakatuko dira, eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horren babespean. Deialdiko lanpostuak betetzeko izendatzen diren funtzionarioek, baldin jadanik afiliatuta badaude Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek jasotzen duten eskubide pasiboen eta osasun zein gizarte laguntzaren sisteman, aukeran izanen dute horretan segitzeko edo Gizarte Segurantzakoan afiliatzeko.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizio honetan txanda irekian onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide den titulu bat izatea, edo izateko moduan egotea (titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina).

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta ez sartzea deialdiaren IV. eranskinean ageri diren baztertzeko arrazoi medikoetan.

e) Administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko gidabaimenak izatea, indarrean.

g) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

3.2. Baldintza horiek guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, 3.1.f) oinarrikoa izan ezik; hari dagokionez, aski izanen da betetzen hastea oinarrizko prestakuntza ikastaroa egiteko (deialdiaren 7.3.5 apartatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

b) Deialdian parte hartzeko, eskabideak aurkeztu beharko dira Faltzesko Udalaren Erregistro Orokorrean, (udal bulegoetan –Foru plaza 11, 31370 - Faltzes– edo egoitza elektronikoaren bidez), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz.

c) Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik eta Faltzesko Udalaren Erregistro Orokorrera igorri aurretik. Eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute deialdi honetan parte hartzeko baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

d) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren I. eranskinean ageri da, eta eskuratuko da Erregistro Orokorrean, www.falces.org helbidean, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean, deialdia argitaratzen denean.

4.2. Izangaiek parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

1. Faltzesko Udalari 30,00 euro ordaindu izanaren frogagiria, inskripzio eskubideen tasagatik. Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeko, ordainketa edo banku transferentzia egiten ahalko da Nafarroako Rural Kutxako kontu honetan: ES13 3008 0055 6807 0224 5028. Kasu horretan, ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–NANa.

–Kontzeptua: udaltzain lanposturako oposizioa (2021).

2. Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta aginduko da argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean eta iragarki-taulan.

5.2. Bost egun balioduneko epean, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik hasita, baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, hala behar bada, egindako akatsak zuzendu.

5.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, alkateak ebazpena emanen du deialdiko lanpostua bete gabe uzten dela deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.4. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta, halakorik aurkeztuz gero, horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da alkatearen ebazpen baten bidez, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitaratuko da. Ebazpenak zehaztuko ditu hautapenaldia osatzen duten ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua. Hautapenaldi hori eginen da, 718/2003 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoarekin bat, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik gutxienez bi hilabete iragan direnean.

Era berean, deialdi honi dagokion izangai onartu eta baztertuen zerrenda, bai behin-behinekoa, bai behin betikoa, interesdunen eskura egonen da Faltzesko Udalaren ediktu-taulan eta webgunean.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera:

Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Sara Fernández Allo, udalerriko alkatea.

–Ordezkoa: Gloria Olcoz Luis, Faltzesko Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikidea: Oscar Goya Espronceda, Faltzesko udaltzain-agentea.

–Ordezkoa: Marcos García Martínez, Azkoiengo Udaltzaingoko burua.

–Epaimahaikidea: Sandra Olite García, Faltzesko Udaleko langilea.

–Ordezkoa: Paola Armendáriz Gómez, Faltzesko Udaleko langilea.

–Epaimahaikidea: Roberto Martínez Pueyo, Faltzesko Udaleko langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: Andoni Vergara Martínez, Faltzesko Udaleko langilea.

–Idazkaria: Alvaro Marcén Echandi, Faltzesko Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Silvia Estevez Abeytua, Faltzesko Udaleko langilea.

6.2. Eraketa eta jarduna:

–Buruak deituta, probak hasi baino lehenago eratuko da epaimahaia.

–Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez badago.

–Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek egon beharko dute bertan.

–Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

–Kalifikazio epaimahaiko kideak parte hartzetik abstenituko dira, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan jasotzen diren abstenitzeko arrazoietako bat badute.

–Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (aipatutako urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

–Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Oposizioa nola eginen den.

Oposizioaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautaproba bakoitza egin ondotik, epaimahaiak kalifikazioak jendaurrean jarriko ditu eta bost eguneko epea emanen du izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten. Behin horiek ebatzita, behin betiko zerrendak emanen ditu argitara.

7.1. Oposizioaldiko probak honako hauek izanen dira:

a) Lehenbizikoa: Proba teorikoa: test motako ariketa bat egin beharko da, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoa (100 puntu gehienez). Bazterturik geldituko dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

b) Bigarrena: proba fisikoa. Deialdi honen III. eranskinean ageri diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitza baztertzailea izanen da, lortzen den markaren arabera. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, proba fisikoak egin bitartean edo beste egun batean. Kontrola ariketaren batean lortutako sailkapenari jarraikiz egin daiteke, edo ausaz aukeratzen direnei bakarrik.

Deia idatziz eginen da, horretarako erabiliz dopinaren kontrol ofizialerako inprimakia, Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren arauetan ezarria. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen-prozesutik baztertu eginen da berehala. Baztertzeko arrazoi izanen da, orobat, trabak jartzea dopin kontrola legeak aurreikusi bezala egiteko, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta ezkutatzea, bai eta, egitez edo ez-egitez, kontrola egitea baztertzen, eragozten, nahasten, edo oztopatzen duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita saihestea hartu beharreko laginak biltzea, egitez edo ez-egitez.

Horren ondorioetarako, debekatuta egonen dira Kiroletako Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2016ko abenduaren 30eko Ebazpenaren eranskinean jasoriko substantziak, gai farmakologikoak, dopin-metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuta dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2017ko 6. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 7an).

“Ez gai” kalifikazioa emanen zaie deialdiaren III. eranskinean ezartzen diren gutxienekoak gainditzen ez dituzten izangaiei, bai eta dopinaren kontrako kontrolen batean positiboa ematen dutenei ere.

c) Hirugarrena: proba psikoteknikoa. Proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako (40 puntu, gehienez ere).

d) Buruz buruko elkarrizketa: Kalifikazio epaimahaiak eginen du elkarrizketa, lanpostuarekin ikusteko duten gaien inguruan, gehienez ere ordu erdiz (10 puntu, gehienez ere).

Aurreko a), b), c) eta d) apartatuetako hautaproba bakoitza kalifikatzen bukatu, eta epaimahaiak kalifikazioak jendaurrean jarriko ditu Udalaren ediktu-taulan, txanden eta guztira lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran, handienetik txikienera. Halaber, bost eguneko epea emanen du izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten. Behin horiek ebatzita, behin betiko zerrendak emanen ditu argitara, bai eta hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua ere, betiere berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez.

e) Laugarrena: proba medikoak. Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinean onartutako izangaiek beharrezko diren proba medikoak eginen dituzte beren gaitasun psikofisikoa egiaztatzeko, deialdi honen 3. oinarriaren d) letran ezarritakoaren arabera.

Osasun-azterketa hori eginen du Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak edo, behar izanez gero, behar bezala akreditaturiko kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

7.2. Lanpostuen esleipena.

a) Prestakuntza ikastaroaren aurretik eginen da esleipenaren egintza, zehazteko nork duen sarbidea bete beharreko lanpostuan.

b) Egintza horren helburua da lanpostua betetzea hautaprobetan lortutako puntuazio handienaren arabera.

c) Epaimahaiak xede horretarako zerrenda eginik, guztira lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran, handienetik txikienera, izangaiei dei egiten hasiko da, hurrenkera horri jarraikiz, lanpostua esleitzeko.

d) Egintza honetan lanpostua lortzen duten izangaien zerrenda behin-behineko proposamena izanen da oinarrizko prestakuntza ikastarorako. Epaimahaiak jendaurrean jarriko du zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, bakoitzaren kalifikazio orokorrak zehaztuta.

7.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena:

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, behin-behinean onartutakoek frogatu beharko dute, hamar egun naturaleko epean, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratzen denetik hasita, deialdiaren 3.1 apartatuko e), f), g) eta h) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Faltzesko Udalaren Erregistro Orokorrean (udal bulegoak edo egoitza elektronikoa):

–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

–Armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Hala behar denean, deialdiaren 9.2 apartatuaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatzeko agiria.

Aurreko izapideak eginik, epaimahaiak behin betiko zerrenda argitaratuko du, puntuazio handienetik txikienera, oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartutako izangaia zein den adierazita. Pertsona horrek ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, probak gainditu dituztenen artean puntuazio handiena duen izangaiarekin ordeztuko da behin betiko zerrendan, eskatzen diren baldintzak betetzen baldin baditu.

7.4. Praktiketako funtzionario izendatzea:

Udaltzain izateko oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartzen duen izangaia Faltzesko Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko da alkatearen ebazpen baten bidez, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioa bada.

7.5. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa:

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du eta baztertzailea izanen da. Ikastaroa jarraikiko zaio Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan eta aplikagarriak diren gainerako xedapenetan ezarrita dagoenari.

–Azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Behin ikastaroaren edukia berdina edo baliokidea dela egiaztatuta, proportzio bat kalkulatuko da, bai haren puntuazio orokorrarena, bai hura osatzen duten arloetako bakoitzarena.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren eginkizunetako bat izanen da eginkizun berberak edo antzekoak dituzten erakunde publikoek emandako ikastaro eta diplomak osorik edo partez baliozkotzea, bai eta eskolak berak lehenago emandakoak ere, baldin eta eduki-baliokidetasuna badago. Horrelakoetan, behar den puntuazioa esleituko du.

–Izangaiek, prestakuntza ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion ordainsaria jasoko dute, bai eta, bidezko badira, gradua eta familia laguntza ere.

–Oinarrizko prestakuntza ikastarora sartzen diren Faltzesko Udaleko langile finkoek jatorrizko lanpostuaren ordainsaria jasoko dute, hori handiagoa baldin bada praktiketako funtzionarioari dagokiona baino.

–Halaber, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliaturik badaude, horrexetan segituko baitute.

–Praktiketako funtzionario izateak ez ditu ematen eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion eskubideak.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak emanen dio baja horren berri Udalari.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiak agintzen zaizkion proba mediko guztiak pasatu beharko ditu, deialdiaren 3.1.d) apartatuan aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela egiaztatzeko. Proba horien bidez egiaztatzen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja ematea hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, eta hautapen-prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja ematen ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroan, izangaiak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak aipatu ikastaroan ematen dituen kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarendako.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak deialditik bazterturik geldituko dira.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditutzat jotzeko, ikastaroko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutxienez, arlo bakoitzean.

7.6. Azken kalifikazioa. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira hautapen-prozesu osoko puntuazioak –hautapenaldian eskuraturiko puntuazioak, alegia– eta oinarrizko prestakuntza ikastaroko puntuazioa.

8.–Proben eta prestakuntza ikastaroaren balorazioa.

8.1. Lehen probak 100 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Probak test motako ariketa bat izanen du, II. eranskineko gaiei buruzkoa; bertan, lau erantzun eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Ongi erantzundako galdera bakoitzagatik puntu bat lortuko da. Gaizki erantzundako galdera bakoitzak heren bateko balorazio negatiboa izanen du. Bazterturik geldituko dira lehen ariketa honetan 50 puntura iristen ez diren izangaiak.

8.2. Gaitasun fisikoaren probetako ariketetan, emaitzaren arabera, “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira izangaiak.

8.3. Proba psikoteknikoa 0tik 40 puntura bitarte kalifikatuko da.

8.4. Oposizioko kalifikazio epaimahaiak eginen duen buruz buruko elkarrizketan, gehienez ere 10 puntu emanen dira, aurretik eginiko probetan lortutakoei gehituko zaizkienak. Proba hori ez da baztertzailea izanen.

8.5. Proba medikoetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

8.6. Oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik. Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarendako.

8.7. Oinarrizko prestakuntza ikastaroan, izangaiak·”gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira.

9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Izendapena.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta gainditu dutenak izendatzeko proposamena igorriko du.

–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa bukatu, eta izangaiek zin egin edo hitzeman beharko dute Nafarroako Foru Eraentza errespetatu eta defendatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta karguari dagozkion betebeharrak zintzo beteko dituztela.

–Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, alkatearen ebazpen baten bidez, Faltzesko Udaleko udaltzain eta funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditu duten izangaiak, txanden eta lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera, aurreko apartatuan ezarritakoa bete badute.

–Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Lanpostuaz jabetzea.

–Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

–Lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

–Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez dutenek Faltzesko Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko dituzte, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

–Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu eta lehendik afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzaren beste araubide batean; orduan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko dute babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

11.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), izangaiei honako hau jakinarazten zaie:

Faltzesko Udala da datuen tratamenduaren arduraduna, enplegu deialdiak kudeatzeko helburuz eta botere publikoak baliatuz erabiliko diren datu pertsonalei dagokienez.

Oinarri juridikoa: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginari buruzko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta interesdunak eskabidea aurkeztean emaniko adostasuna.

Datuak gordeko diren denbora: Datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

Datuen lagapen-hartzaileak: datuak organo judizialei eta ordezkari sindikalei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren webgunean eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: izangaiek badute datuetara irispidea izateko eskubidea, datu horiek zuzentzeko eskubidea, zuzenak ez badira, eta datuak ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere. Horretarako, jo beharko dute Faltzesko Udalaren Erregistro Orokorrera (udal bulegoak edo egoitza elektronikoa).

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.

Faltzesen, 2021eko otsailaren 23an.–Alkatea, Sara Fernández Allo.

I. ERANSKINA

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/PNA/020_PNA_solicitud_oposic_C.pdf

II. ERANSKINA

Lehen probarako gai-zerrenda

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2.–Apirilaren 2ko 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. III. titulua, I. kapitulua, II. atala: udalen funtzionamendua.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa.

5.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: II. titulua: datuak babesteko printzipioak. III. titulua: pertsonen eskubideak.

6.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

7.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua. Administrazio karrera. V. kapitulua. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. VI. kapitulua. Egoera administratiboak.

8.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa. Atariko titulua: zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: arau-hauste penala. II. titulua: delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua. Zigorrak.

9.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

10.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, Prozedura Kriminalaren Legea onesten duena: II. liburua: I. titulua: salaketa. III. titulua: polizia judiziala. VI. titulua: zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. VIII. titulua: I. kapitulua: toki itxian sartu eta hori miatzea. IV. liburua: prozedura bereziak, II. titulua: prozedura laburtua, II. kapitulua: polizia judizialaren eta Fiskaltzaren jarduketak. III. titulua: delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.

11.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, “Habeas Corpus” prozedura arautzen duena.

12.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

13.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

14.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Atarikoa: I. kapitulua: xedapen orokorrak, II. kapitulua: dokumentazio eta identifikazio pertsonala, eta III. kapitulua: herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak, V. kapitulua: zehapenen araubidea.

15.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –onetsi zena martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–.

16.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, arautzen duena Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

17.–202/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, onesten duena Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa eta arautzen dituena enpresen eta lokalen erregistroak.

18.–Etika eta deontologia poliziala:

–Jokabide kodea legea betearazi behar duten funtzionarioendako (34/169 Ebazpena, 1979ko abenduaren 17koa, Nazio Batuen Batzar Nagusiak emana).

–690/1979 Ebazpena, Europako Kontseiluaren Parlamentu Biltzarrak emana, poliziaren gaineko deklarazioa egiten duena.

–Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Europar Batasuneko estatuei emandako 2001/10 Gomendioa, Poliziaren Etikaren Europako Kodeari buruzkoa. (Ministroen Kontseiluak emana 2001eko irailaren 19an, Ministroen Delegatuen 765. bilkuran).

19.–Faltzesko Udalaren udal ordenantza ez-fiskalak.

20.–Faltzesko geografia eta historia.

21.–Faltzesko kale-izendegia.

22.–Faltzesko udal-mugarteko toponimia eta kartografia.

23.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

III. ERANSKINA

Proba fisikoari dagozkion ariketak

1.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba, 35 kg gizonendako eta 20 kg emakumeendako.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak zoruan dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 35 kilokoa izanen da gizonezkoendako, eta 20 kilokoa emakumeendako. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea neurtuta). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek. Ezin da erabili ez eskularrurik, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ez eta jantzia kendu ere, bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrelaxe mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

Gizonak

30 baino gutxiago

Emakumeak

25 baino gutxiago

2.–Uretako trebetasun proba (50 metro estilo librean).

Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerileku ertzetik atera behar da, irteera-plataformara igo gabe.

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 45 segundo gizonendako eta 50 segundo emakumeendako.

Ezin izanen da erabili ez neoprenozko jantzirik, ez urpeko betaurrekorik, ez eta urpekaritzako beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Ezin izanen da proba igerileku barnetik hasi.

Gauzatzeko modua: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretan murgildu eta 50 metro eginen ditu igerian (25 metroko tarte bat joateko eta 25 metroko beste tarte bat itzultzeko). Igerilekuaren ertzetik irten beharko da, zutik jarrita (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Irteteko, ez da igoko inolako irteera-plataformatara edo euskarritara.

Saio bakarra eginen da. Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak edo ertza euskarritzat edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-hamarrenak ez baitira kontuan hartuko).

PUNTUAZIOAK DENBORAK

EZ GAI

Gizonak

45” edo gehiago

Emakumeak

50” edo gehiago

3.–Erresistentzia-proba (Cooperren testa).

Deskribapena: lasterka, 12 minutuan ahalik eta tarterik luzeena egin beharko da.

Abiatzeko jarrera: zutik, irteera-marraren atzean.

–Gizonezkoak: 2.400 metro baino gutxiago (hamabi aldiz zirkuitua), ez gai; 2.400 metro baino gehiago (hamabi aldiz zirkuitua), gai.

–Emakumezkoak: 2.000 metro baino gutxiago (hamar aldiz zirkuitua), ez gai; 2.000 metro baino gehiago (hamar aldiz zirkuitua), gai.

PUNTUAZIOAK DISTANTZIA

EZ GAI

Gizonak

2.400 metro baino gutxiago

Emakumeak

2.000 metro baino gutxiago

4.–Behe-atalaren indar- eta potentzia-proba (luzera-jauzia).

Deskribapena: ariketa honen helburua da gorputzaren behe-atalaren indarra eta potentzia baloratzea.

Adierazitako marran geldirik jarrita eta oinak elkarturik (gehienez, 10 cm bananduak), izangaiak jauzi bat eginen du aurrerantz, ahalik eta distantziarik luzeena egitea lortzeko.

Zilegi da orpoak apur bat goratzea, eta erortzean tokiaren gainean gelditu beharko da, orekari eutsiz eta oinak mugitu gabe, haiek bermatutakoan.

Gehienez ere hiru saio egiten ahalko dira, hurren azaltzen den moduan. Aurreneko bi saioak libreak izanen dira, eta egiten ahalko dira lehenbizikoa ez baliogabetu arren; horietatik, distantzia luzeena zeinetan lortu den, horixe hartuko da kontuan. Hirugarrena ez da horien jarraian eginen, eta lehenbiziko biak baliogabetu baldin badira soilik eginen da.

Baliogabetzeari dagokionez, hauek hartuko dira aintzat:

–Ez da abiada hartzeko urratsik eginen jauzi aurretik.

–Behin oinak lurretik bereizirik, ezin izanen dira berriz bermatu azken bulkada hartzeko.

–Debeku da marra zanpatzea bulkada hartzeko unean.

–Erori ondoko lehen bermakuntzan, bi oinak aldi berean bermatu beharko dira.

–Jauzia baliogabetu eginen da, izangaiak oinak mugitzen baditu erori ondoren.

–Jauzia baliogabea izanen da, izangaiak eskuak lurrean bermatzen baditu erori ondoren.

Ariketa baloratzeko, lurrean markatutako marratik eginiko distantzia hartuko da kontuan.

Puntuazioa: ariketa baloratzeko, lurrean markatutako marratik eginiko distantzia hartuko da kontuan:

PUNTUAZIOAK DISTANTZIA

EZ GAI

Gizonak

1,80 metro baino gutxiago

Emakumeak

1,60 metro baino gutxiago

IV. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema:

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikuseremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikuseremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzumen sistema:

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Mintzamena:

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Hezur eta muskulu-sistema:

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua:

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.

6.–Sistema kardiobaskularra:

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta bihotzeko erritmoaren edo eroapenaren nahasmendu guztiak, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarraren blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua:

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema:

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak:

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Aparatu genitourinarioa:

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa:

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak:

–Orbainak eta larruazaleko prozesu kronikoak, baldin eta, haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena dela kausa, polizia lanetan aritzea eragozten badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mielougalkorrak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Beste batzuk:

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak:

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten bestelako gaitzak, zeinahi aparatu edo sistematakoak, ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

Iragarkiaren kodea: L2105783