91. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERRIOBEITI

Deialdia, kultura-teknikari koordinatzailearen lanpostu bat betetzeko oposizio-lehiaketa bidez, B mailakoa eta euskarako derrigorrezko hizkuntza eskakizunarekin, aldi baterako lan-kontratuarekin ari dadin

Berriobeitiko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2021eko martxoaren 26an, deialdi bat onetsi zuen, betetzeko, oposizio-lehiaketa bidez, kultura-teknikari koordinatzailearen lanpostu bat, aldi baterako lan-kontratuarekin ari dadin; B mailakoa izanen da, eta euskarako derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna izanen du. Hala, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da haren iragarkia.

Berriobeitin, 2021eko martxoaren 29an.–Alkate udalburua, Raúl Julio Bator Pérez.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Berriobeitiko Udalaren zerbitzuko kultura-teknikari koordinatzailearen lanpostu bat, B mailakoa, aldi baterako lan-kontratuarekin ari dadin, harik eta lanpostuaren titularra, Marta Guruziaga Reparaz, lanpostura itzuli arte, orain zerbitzu berezietako egoeran baitago. Titularra lanpostura itzulitakoan, bukatu eginen da deialdi honen xede den aldi baterako kontratazioa. Lanpostuak 42. zenbakia dauka plantilla organikoan.

1.2. Hautapen probak gainditurik, deialdiko lanpostua aldi baterako betetzeko izendatua gertatzen den pertsona B mailan sartuko da, plantilla organikoan ezarrita dauden lansariak eta osagarriak hartuko ditu, eta Berriobeitiko Udaleko Kultura Departamentuari atxikirik egonen da.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean eta izendapena egin arte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, haien kontura biziz gero.

Orobat, aurreko paragrafoetan jaso gabeko herrialdeetakoak, Espainian legez bizi badira, izan daitezke Administrazio Publikoen zerbitzuko langile lan-kontratudunak. Espainian bizi ez diren atzerritarrek parte har dezakete baldin parte hartzeko baldintzak betetzen badituzte. Kasu horretan, kontratazeko, beharrezkoa izanen da lortzea atzerritartasunari buruzko legerian eskatzen diren baimenak.

b) 18 urtetik gorakoa izatea eta nahitaezko erretiroko adina ez izatea.

c) Diplomako, ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko unibertsitate-titulu akademikoak edukitzea, edo aurreko horiei dagozkien graduko tituluak edo baliokideak direnak, edo titulu horietako bat eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioaren ziurtagiria edo, hala behar denean, baliokidetzaren frogagiria. Baldintza hori ez zaie izangaiei aplikatuko baldin lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean, lanbide arautuen esparruan.

d) Ez izatea eritasunik edo muga fisiko edo psikikorik eragozten duenik deialdiko lanpostuaren eginkizunak betetzea.

e) Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko euskarako C1 maila izatea (2020ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 10ekoa). Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiri baten bidez frogatuko da, edo ofizialki baliokidetzat jotako beste titulazio baten bidez, zeinak frogatuko baitu izangaiak baduela deialdian eskatzen den hizkuntza maila.

f) Ez egotea diziplina espediente baten bidez edozein administrazio publikotatik bereizia, eta ez egotea funtzio publikoan aritzeko ezgaitua epai irmo baten bidez.

g) B1 motako gidabaimena izatea.

Baldintza horiek frogatu beharko dira eskabideak aurkezterakoan eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta hautapen prozesu osoan horien jabe beharko du izan izangaiak, kontratatzeko unera arte.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira, bertara joanda edo telematikoki, udalaren erregistro elektronikoaren bitartez, edo Administrazioen Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, hogeita hamar egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko arratsaldeko ordu biak arte, egun hori balioduna bada; bestela, hurrengo egun baliodunean bukatuko da epea.

Betiere, eskabideak epe barnean aurkeztu beharko dira, eta ez da onartuko epez kanpo aurkeztutakorik.

Baldin eskabidea aurkezten bada posta bulego batean, aurkeztu beharko da gutun-azal ireki batean, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduaren arabera aurkeztu beharko dira eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Deialdi honetako 3.1. oinarrian aipatzen diren eskabideekin batera, lehiaketaldian baloratu behar diren merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dira, halakorik baldin badago. Merezimenduak egiaztatuko dira fotokopien bidez.

a) Deialdian eskatzen den titulua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

b) Nortasun agiri nazionala.

c) B1 motako gidabaimena.

d) Lehiaketaldian izangaiak baliatu nahi dituen merezimenduen egiaztagiriak, frogagiriak edo baliarazi nahi dituen beste batzuk.

3.3. Curriculum vitaea eta baremoaren arabera alegatu nahi dituzten merezimendu guztien frogagiriak erantsiko dituzte izangaiek.

3.4. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, eskabidean bertan eska ditzakete ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak, horren beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko Gobernu Batzarrak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangairik baztertzen bada, zergatia adieraziko da. Izangai bazterturik ez badago, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Hirugarren oinarrian adierazitako agiriak ez aurkezteak berekin ekarriko du behin-behineko bazterketa, baina, horretaz gain, izangaiak behin betiko baztertuko dira, zuzenketarik egiteko aukerarik gabe, baldin eskabidea epez kanpo aurkezten badute edo behar diren baldintzak betetzen ez badituzte deialdiaren xede den lanpostua betetzeko.

4.3. Izangai baztertuek bost egun balioduneko epea izanen dute, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, eskabidean edo dokumentazioan akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Bazterketaren arrazoiak epe barnean zuzentzen ez dituzten izangaiak behin betiko baztertuko dira probak egitetik.

4.4. Erreklamazioetarako epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, Udaleko Gobernu Batzarrak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta probak hasteko egunarekin batera Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.5. Izangaiak hautapen-prozesu honen onartuen zerrendan sartzeak, edo hautapen-prozesua gainditu dutenen zerrendan sartzeak, ez dakar berekin Udalak onartzea izangaiek betetzen dituztela deialdiaren oinarrietan eskatutako baldintza orokorrak edo partikularrak. Izangaiei kontratatzeko deitzen zaienean frogatuko eta egiaztatuko dira horiek. Hala, kontratua sinatzeko unean jatorrizko agiriak aurkeztu beharko dituzte.

4.6. Ikusten bada jatorrizko agirietan badirela zehatzak ez diren datuak, edo faltsuak direnak, edo zerbait falta dela, alderaturik eskabidearekin batera aurkeztutako agiriekin, ezin izanen da kontratua sinatu, eta izangaia kontratazio zerrendatik baztertuko da, izangaiak berak sinatutako erantzukizunpeko adierazpenarekin bat.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiko kideak hauek izanen dira:

Epaimahaiburua: Raúl Julio Bator Pérez, Berriobeitiko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Manuel Moreno Torres, Berriobeitiko Udaleko alkateordea.

Epaimahaikidea: Ainara Santaquiteria Etxarri, Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkartekoa (KUNA), Antsoaingo Udaleko kultura kudeatzailea.

Ordezkoa: José Javier Paz Jiménez, Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkartekoa (KUNA), Azagrako Udaleko kultura kudeatzailea.

Epaimahaikidea: Mario Zapata Solano, Berriobeitiko Udaleko euskara teknikaria.

Ordezkoa: Larraitz Osés Ripalda, Berriobeitiko Udaleko kirol eta gazteria arloetako teknikaria.

Epaimahaikidea: Vanesa García Oneca, Udaleko Langileen Batzordeak proposatuta izendatua.

Ordezkoa: David Azcona Ruiz de Galarreta, Udaleko Langileen Batzordeak proposatuta izendatua.

Epaimahaikide eta idazkaria: Idoia Suárez Urrutia, Berriobeitiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Ainara Armendariz Castién, Antsoaingo Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da, eta gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da eraketak eta jardunak balioa izan dezaten.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari, baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren araudi orokorrean esku ez hartzeko ezarritako arrazoiren bat.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketak bi aldi izanen ditu, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala justifikatuak, aurkeztutako agirien arabera, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak. Izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortzen direnak ez dira zenbatuko. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

7.2. Merezimenduen baremoa:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetan kultura koordinatzaile lanpostuetan emandako zerbitzuengatik, 4 puntu urte bakoitzeko (eremu pribatuan kultura koordinatzaile lanpostuan emandako urte bakoitzeko, 2 puntu). Bi kasuetan ere, 20 puntu gehienez.

b) Administrazio publikoetako langileendako antolatutako prestakuntza eta hobekuntza ikastaroetara joateagatik lortutako titulu edo ziurtagiri bakoitzagatik:

–10 ordu baino gehiagoko eta 20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,25 puntu.

–20 ordu baino gehiagoko eta 50 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,50 puntu.

–50 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,75 puntu.

–Kultura kudeaketari buruzko graduatu ondoko ikastaroengatik, 30 eta 60 kreditu bitartekoak: 4 puntu.

–Master programengatik, 60 eta 120 kreditu bitartekoak: 6 puntu.

Gehienez ere 10 puntu emanen dira, guztira, ikastaroengatik.

7.3. Lehiaketaldiko puntuazioa, gehienez ere, 30 puntukoa izanen da.

7.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan argitara emanen du izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

Lehenbizikoa.–Baztertzailea. Test moduko 20 galdera ebatzi beharko dira, deialdiko II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa hau egiteko 60 minutu emanen dira gehienez.

Puntuazioa, gehienez ere: 35 puntu; gutxieneko puntuazioa: 17 puntu.

Bigarrena.–Lehen ariketa gainditu duten izangaientzat bakarrik. Egin beharko da gai zerrendako gaiei buruzko proba praktiko bat eta/edo memoria-proiektu formatuko proba bat.

Puntuazioa, gehienez ere: 35 puntu; gutxieneko puntuazioa: 17 puntu.

8.2. Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.

8.3. Oposizioaldiko ariketetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

9.1. Ariketaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak ikusgai jarriko du, Berriobeitiko Udaleko iragarki-taulan, probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, eta horretarako, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratzen dituen kalifikazioen batuketa eginen du. Berdinketarik gertatuz gero, lehiaketaldian administrazio publikoetan emaniko zerbitzuei buruzko atalean puntu gehien lortu dituen izangaiaren alde joko da.

9.2. Epaimahaiak deialdia egin duen organoari igorriko dio eskatutako gutxieneko puntuazioa gaindituta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamena. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar eguneko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

a) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena. Hasierako eskabidea faltsutzeagatik izan dezakeen erantzukizuna.

9.4. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna galarazi gabe.

9.5. 9.4 apartatuan aurreikusitako kasuan, puntuazioen zerrendan, 9.1. apartatuan aipatu den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea, eta harekin aurreko apartatuetan adierazi moduan jokatuko da.

9.6. Deialdi honetatik sortzen den izangaien zerrenda arautuko du Berriobeitiko Udalean aldi baterako langileak kontratatzeko zerrendak kudeatzeko erregelamenduak (2017ko 13. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 19koa).

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Hautapen-prozesua bukaturik, alkateak, ebazpen baten bidez, Berriobeitiko Udaleko B mailako kultura-teknikari koordinatzaile izendatuko du, aldi baterako, hautapen-prozesua gainditurik puntu gehien lortu dituen izangaia.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik hasita. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu Berriobeitiko Udaleko aldi baterako kultura-teknikari koordinatzaile (B mailakoa) bilakatzeko, eta aurreko oinarrian ezarri bezala jokatuko da.

11.–Datu pertsonalen babesa.

Interesdunek Berriobeitiko Udalaren hautapen-prozesuan parte hartzeak berekin ekarriko du haien datuak tratatzea. Datu horien tratamenduaren arduraduna Berriobeitiko Udala da.

Aplikatzekoa den araudiaren arabera tratatuko dira, hots, arau honen arabera: Datuak Babesteari buruzko 2016/79 (EB) Erregelamendu Orokorra eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa. Tratamenduaren deskripzioa eskura dago www.berrioplano.es/eu web-orrian.

Datuen tratamenduak ukitutako interesdunak dira, batez ere, Berriobeitiko Udalaren hautapen-prozesuan aurkeztutako izangaiak. Tratamenduaren xedeko datuak dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak. eta, behar izanez gero, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren azaltzen den helbururako behar direnak.

Helburu hauek justifikatzen dute datuen tratamendua: hautapen-prozesua tramitatzea, mugikortasuna, egoera administratiboak, ziurtapenak egitea, edo Berriobeitiko Udalak giza baliabideen arloan dituen eskumenekin lotutako beste batzuk.

Helburu horiek dira interes publikoko edo ahal publikoko legitimazioa, hala ezartzen baitu Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak. Besteak beste, honako hauek dira horren oinarri juridikoak, langileei buruzko araudiari dagokionez: urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Enplegatu Publikoari buruzko Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina, eta, behar izanez gero, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

Datuen tratamendu jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, eta eskubide horiek gauzatu ditzakete dpd@berrioplano.es helbidera joaz, bat etorriz Datuak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoekin. Egindako eskaerari emandako erantzunarekin konforme ez badaude, jo dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegora: https://www.aepd.es.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien kontra eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, ondoko errekurtsoetako bat paratzen ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Tokiko Gobernu Batzarrari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian dagokion salari zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Horretaz gain, epaimahaiaren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, alkateari zuzenduta, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi ondoko hilabetearen barrenean.

Berriobeitin, 2021eko martxoaren 22an.–Alkate udalburua, Raúl Julio Bator Pérez.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Probetarako gaiak

1.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Nafarroako toki-erakundeak. Toki-erakunde motak. Udalen funtzionamenduaren araubidea. Udal egintzak eta erabakiak aurkaratzeko araubidea.

2.–Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea. Kontratu motak eta kontratazio prozedurak.

3.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa

4.–Kultura kudeatzailea. Lanbide heziketa. Enpatia, lanbide trebetasun gisa. Harremana beste kultura eragileekin eta artistekin. Hartzaileekiko harremana.

5.–Kultura ekintzaren komunikazio eta hedapen estrategiak. Hartzaileen fidelizazioa eta heziketa.

6.–Kulturaren finantzaketa. Administrazio publikoen aurrekontuak. Autofinantzaketa. Mezenasgoa. Babesa eta publizitatea.

7.–Kultura proiektuen diseinua. Egitura, faseak eta edukia. Helburuak eta ekintzak. Proiektua garatzeko baliabideak. Aurrekontua. Jarraipena eta kontrola. Ebaluazioa.

8.–Kultura ekipamenduaren kontzeptua. Bilakaera historian zehar eta egungo egoera. Kultura ekipamenduen motak eta horiek esku-hartze kulturalean duten berariazko balioa.

9.–Publiko berrien kudeaketa eta bitartekotza.

Iragarkiaren kodea: L2105180