90. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako ordenantza. Behin betiko onespena

Berriozarko Udalak, 2020ko azaroaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako ordenantza. Erabakia 2021eko 298. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abenduaren 24an.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, erregelamendu hori behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkezten ahal direla:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

Berriozarren, 2021eko martxoaren 15ean.–Alkatea, Raúl Maiza González.

GIZONEN ETA EMAKUMEEN ARTEKO BERDINTASUNERAKO ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

Berriozarko Udalean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako ordenantza bat onetsi beharra dator emakumeek jasaten duten diskriminazioaren aurka borroka egiteko premiatik. Diskriminazio hori fenomeno menderatzailea, egiturazkoa eta sistemikoa da, oztopo handia dakarrena udalerriaren nahiz herritarren, oro har, garapen ekonomiko eta sozialerako, bai eta giza garapenerako ere. Toki erakundeek funtsezko rola dute, bai desberdinkeriak, bai emakumeek pairatzen duten indarkeria desagerrarazteko garaian; izan ere, erakunde horiek hurbilago daude herritarrengandik eta errealitate sozialetik, eta horri esker askoz eragin handiagoa izan dezakete aipatu egoera aldatzeko.

Emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa, bai eta sexu diskriminazio ororen berariazko debekua ere, azken hamarkadetan sortu eta garatu da nazioartean, eta emakumeen bizi kalitatea hobetzeaz gain, batez ere berdintasun egoera erreal bat lortu da, eskubideen eta betebeharren aldetik, emakumeen eta gizonen artean, bizitzaren arlo guztietan. Aldaketa horiengatik ere, zenbait emakume eta emakume taldek duten egoera ikusirik, Berriozarko Udalak lan egiten segitzeko bulkada sentitzen du, berdintasun errealean maila handiagoak lortzeko, aipatu berri den berdintasun formal horrek ez baitu islarik gizartean.

Gizarteari aukera berdintasun erreala lortzea eragozten dioten egoerak, aurreiritziak eta jokabide edo praktika kultural eta sozialak ezabatzeko mekanismoen artean, genero-ikuspegia, zeharkakotasuna edo mainstreaming-a txertatzea dago. Zeharkakotasuna jarduteko metodologia bat da, lehentasunezko helburutzat duena emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea, hain zuzen ere, politika guztietan eta erabakitzeko maila orotan txertatu beharreko helburu bat, baliabide guztiak baldintza beretan eskuratzeko aukera izanez, politika publikoak planifikatuz egun dauden desberdinkeriei begira, eta politika horiei esker berdintasun errealerako bidean lortu diren emaitzak eta inpaktuak identifikatuz eta ebaluatuz. Nazio Batuek 1995. urtean Beijingen antolatutako Emakumeei buruzko Munduko IV. Biltzarrean sortu zen mainstreaming terminoa. Orduz geroztik, administrazio publikoen lehentasunezko estrategia bilakatu da emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala lortzeko. Ikuspegi horrek ez dakar berekin berariazko politikak (ekintza positiboak) egiteari uztea, zeharkakotasunaren estrategia bikoitz bati ekitea baizik; hala, politika orokorretan genero-ikuspegia txertatzea, batetik, uztartzen da emakumeentzat benetako berdintasuna lortzera bideratutako ekintza positiboekin.

Europar Batasunaren esparruari dagokionez, zeharkakotasuna Amsterdamgo Tratatuak sartu zuen 1999. urtean. Tratatu horrek emakumeen eta gizonen arteko tratu berdintasuna ezartzen du Europako Erkidegoaren helburuen artean; hala, ekintza guztien xede nagusitzat ezartzen da emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriak ezabatzea eta berdintasuna sustatzea. Era berean, aipatu arauaren 13. artikuluak Europar Batasuneko erakundeak hertsatzen ditu neurriak har ditzaten beren eskumen esparruan, sexuan edo sexu orientazioan oinarrituriko bazterkeria ororen kontra borroka egiteko. Horrela, Amsterdamgo Itunaren aurreikuspenekin bat, Nazio Batuek antolatutako Emakumeei buruzko Munduko IV. Biltzarraren Deklarazioak eta Ekintzarako Plataformak eman gomendioak txertatu ziren Batasuneko zuzenbidean, eta, ondoren, Europar Batasuneko estatuen ordenamendu juridikoan.

Estatuari dagokionez, Espainiako 1978ko Konstituzioa da aipatutakoaren bermatzaile gorena. Izan ere, haren artikuluetan, 14.ean zehazki, oinarrizko eskubideen artean jasotzen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, eta debekatzen du sexuarengatik edota bestelako egoera pertsonal zein sozialengatik diskriminatzea. Era berean, legezko testu horren 9.2 artikuluak ezartzen du botere publikoek baldintza egokiak sustatu behar dituztela norbanakoaren eta berak osaturiko taldeen berdintasuna erreala eta eraginkorra izatea ahalbidetzeko.

Bestalde, genero zeharkakotasuna gure araubide juridikoan sartu zen Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren bitartez. Arau horrek nazioarteko arauak biltzen ditu eta Europako bi zuzentarau txertatzen ditu Espainiako ordenamendu juridikoan. Ezarritako arau-esparru horri esker, bermatzen da administrazio publikoek emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunaren alde esku-hartzea. Legearen zioen azalpenean mainstreaminga jasota dator, diskriminazioaren kontrako zuzenbide modernoaren nortasun-ikur gisa, eta botere publikoen jarduteko gidalerro orokor bilakatzen du. Nolanahi ere, 15. artikuluan definitzen da modu zehatzago batean zeharkakotasun printzipioa: “Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa kontuan hartuko da botere publiko guztien jardunean, zeharkakotasun-izaerarekin. Administrazio publikoek printzipio hori modu aktiboan barneratuko dute, euren arau-xedapenak ematean nahiz betetzean, esparru guztietako politika publikoak zehaztu eta horien inguruko aurrekontuak egitean”.

Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, erreferentziazko araua 17/2019 Foru Legea da, 2019ko apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Lege aitzindaria da, eta bulkada berri bat dakar nabarmentzeko lanean segitzeko beharra emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren alde, eta, beraz, emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerraraztearen alde. Era berean, eta emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez, ez dugu ahaztu behar Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea. Erreferente bat da estatuan, emakumeek emakume izate soilagatik jasaten dituzten indarkeria guztiak kontuan hartzen dituelako eta haientzako babes instituzionala bermatzen duelako; gainera, aipatu indarkeriak saihesteko prebentzio eta sentsibilizazio mekanismoa ere bada.

Berriozarko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako udal ordenantzaren diseinuak oinarri izan du, egiturari dagokionez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak egindako “Udalen berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean” izeneko dokumentua. Dokumentu horrek berak Berriozarko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Planaren egitura gisa ere balio izan du; horrela, ildo estrategiko eta helburu beretan kokatutako ikuspegi bat ematen digu. Ildo estrategiko horiek lan programen norabidea eta orientazioa ezartzen dituzte honako gai hauen gainean: toki gobernamendua eta genero zeharkakotasuna; emakumeen kontrako indarkeria; zaintza, erantzunkidetasuna eta eginkizunak bateratzea; eta emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

Horrenbestez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ezinbestekoa da administrazio publiko guztiak koordinatzea, helburu berak eta lan estrategia bateratua ezarriz, eta beharrezkoa da horiek guztiak inplika daitezen. Horregatik, hain zuzen, Berriozarko Udalak zuzeneko konpromisoaren alde egiten du berdintasun erreal hori lortzeko, duela 25 urtetik baino gehiagotik hona egin izan duen bezalaxe. Izan ere, Berriozar 1991. urtean lotu zitzaion aukera berdintasuneranzko bideari, Emakumeei Arreta emateko Udal Gunea (ALBA) abian jarririk, eta 1996an Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunerako I. Plana onetsirik. Berdintasunerako II. plana 2003an onetsi zen, eta hura aplikatzen ari zela, 2006an, Emakumearen Alorrak Berdintasun Alorra izena hartu zuen, horretan gizonak ere barne harturik, haiek parte- hartzaile egiteko eta berdintasun erreala lortzeko. 2009. urtean, Emakumeei Arreta emateko Udal Gunearen eginkizunak Udalari eskualdatu zitzaizkion, Berdintasun Alorrari, zehazki. Horrez gain, Berriozarko Udalaren Berdintasun Alorrak 2004az geroztik badu aholkularitza juridikoko zerbitzu bat, eta 2009az geroztik, aholkularitza psikologikoko zerbitzu bat. Zerbitzu horiek emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioan eta arretan dihardute batik bat. 2016ko urtarrilean, Berriozarko Udalaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana onetsi zen, 2016-2023 aldirako. Azken urteetan, nabarmendu behar da Berdintasunerako III. Plana aurrera eramateko eginiko lana, hala nola politikari eta teknikarientzako prestakuntza programak, tokiko jardun protokoloaren onespena, jai eremuetako eraso sexisten prebentziorako eta arretarako, “Berriozar zaintza ardatz” proiektua abian jartzea, dirulaguntza eta hitzarmenetan genero-klausulak sartu izana, eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko eskaintza zabala, ahalduntze eskolaren bidez.

Gaur egun, aplikatzen segitzen da Berriozarko Udalaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana. Lan tresna horren bidez, hain zuzen, sistematizatu dira genero zeharkakotasunaren estrategiaren txertaketa eta ekintza positiboen ezarpena. Horretarako, berdintasun arloko udal politika publikoak garatu dira, gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeria eragiten duten egiturak aldatzeko eta herri zuzenagoa eta demokratikoagoa egiteko, non emakumeak eta gizonak, beren bizialdi osoan eta berezkoa duten aniztasuna kontuan izanik, bizitza sozial, ekonomiko, kultural eta politikoan berdintasun errealeko posizioetan egonen baitira. Horregatik, ordenantza honen helburua, egindako lan horri guztiari jarraipena ematea ez ezik, hura sendotzea eta ikusaraztea ere bada, planteatutako ildoetan aurrera egiten segitzeko.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta arau-esparrua.

1. Ordenantza honen xedea da araubide juridikoa ezartzea udal mailan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko, nazioarteko, Europako, estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko araudien esparruan. Horretarako, abiapuntutzat du aitortzea emakumeen aurkako diskriminazioa dela fenomeno unibertsala, menderatzailea, egiturazkoa eta sistemikoa.

2. Ordenantza honek Berriozarko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren jokabidean goiburu izan behar duten printzipio orokorrak zehazten ditu emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan; halaber, neurri sorta bat jasotzen du bizitzako eremu guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko, emakumeen kontrako diskriminazio era guztiak baztertuz eta haien eskubideak eraginkorki eta benetan erabiltzea eragozten duten oztopoak ezabatuz.

3. Aurreko apartatuan adierazitakoarekin bat, ordenantza honek indarrean dagoen araudian ezarritakoa beteko du. Erregulazioaren xedeko gaia kontuan izanik, nabarmentzekoak dira honako arau hauek:

a) Emakumeen kontrako diskriminazio era guztiak ezabatzeko konbentzioa (CEDAW).

b) Nazio Batuek antolatutako Emakumeei buruzko Munduko IV. Biltzarra (Beijing, 1995).

c) 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa.

d) 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa.

e) 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

f) 9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero indarkeriaren aurkako Estatu Hitzarmena garatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

g) 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

h) 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

i) 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

2. artikulua. Helburua.

Ordenantza honen helburu orokorra da emakumeen eta gizonen arteko berdintasun lortzea udal mailan, emakumeen aurkako diskriminazio era guztiak ezabaturik. Horretarako, berdintasunaren aldeko konpromisoa agertzeaz gain, udal gobernuak gainerako erakunde publiko eta politikoak inplikatuko ditu, bai eta erakunde pribatuak eta gizarte zibilekoak ere.

3. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Ordenantza hau Berriozarko Udaleko Administrazioan eta haren sektore publiko instituzionalean aplikatuko da.

2. Enpresa-erakunde publikoak, merkataritza- eta lan-sozietateak, fundazioak edo Berriozarko Udalari loturik edo haren mendean diharduten beste entitate batzuk edo horietako edozeinen elkarteak, nortasun juridikoa badute, publikoa nahiz pribatua, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Beren jardueraren bidez, neurri batean bederen, interes publikoko helburuak betetzea, industria edo merkataritza izaerarik ez dutenak.

b) Berriozarko Udalak, zuzenean edo zeharka, haien jardueraren erdia baino gehiago finantzatzea edo haien jardueren gain eragin nagusia izatea, kudeaketa kontrolatzeko mekanismoen bitartez edo administrazio, zuzendaritza nahiz zaintza organoetako kideen erdiak baino gehiago izendatzea ahalbidetzen duten mekanismoen bitartez.

4. artikulua. Printzipio orokor eta instrumentalak.

1. Berriozarko Udalaren jarduna ordenantza honetan arautzen eta gidatzen duten printzipio orokorrak bat datoz emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan botere publiko guztien jarduna arautu eta gidatu behar dutenekin: tratu berdintasuna, aukera berdintasuna, zeharkakotasuna, ekintza positiboak, erantzunkidetasuna, ordezkaritza orekatua, emakumeen ahalduntzea, diskriminazio anizkoitzari arreta ematea, administrazioen arteko harremanak sustatzea, komunikazio inklusiboa eta gardentasuna.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako printzipioak interpretatu eta gauzatuko dira bat etorriz une bakoitzean indarrean dagoen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Legean jasotako definizioekin.

3. Aipatu printzipioen definizioan gizonen eta emakumeen erreferentzia simetrikoa eginik ere, ordenantza honetan printzipio horien arabera garatzen den udal politikak aintzat hartuko du emakumeek jasaten dutela estrukturalki emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeriaren arazoa, bi sexuei eragiten badie ere.

II. TITULUA

Toki gobernamendua eta genero zeharkakotasuna

I. KAPITULUA

Egiturak eta koordinazioa

I. ATALA

Berdintasunerako udal egiturak

5. artikulua. Berdintasun Alorra.

1. Berdintasun Alorrak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen du, eta ekitatea lortzea. Alor hori arduratzen da berdintasunaren inguruko eta genero indarkeriaren aurkako politikak sustatzeaz eta koordinatzeaz. Politika horiek, betiere, zeharkakotasunez aplikatu beharko dira Udalaren ekintza esparru guztietan.

2. Berdintasun Alorra egokituko da Udalaren berdintasun politikak gauzatzeko, eta Berriozarko Udalak horretarako behar diren baliabide teknikoez, ekonomikoez eta langileez hornituko du.

3. Berdintasun Alorrean diharduten kide politikoen eginkizunak honako hauek izanen dira:

a) Berdintasun Alorraren izenean jardutea eta haren helburuak zein lana ikusaraztea.

b) Plangintza eta kudeaketa ongi ezagutzea, eta toki erakundearen barneko urteko zehaztapena.

c) Plangintzari buruzko erabakiak hartzea lan programen ebaluazioaren emaitzen arabera.

4. Berdintasuna Alorrean diharduten teknikarien eginkizunak honako hauek izanen dira:

a) Nafarroako toki erakundeetako berdintasun alorrek duten ibilbidea ezagutzea, eta marko gisa erabiltzea Udaleko Berdintasun Alorraren urteko plangintza diseinatzeko.

b) Berdintasun Alorraren urteko lan plana diseinatzea, koordinatzea eta kudeatzea, bai eta horretatik eratorritako ekintza zehatzak ere.

c) Berdintasun Alorraren urteko plangintza ebaluatzea, hobekuntza arloak identifikatzea eta haietarako konponbideak sortzea.

d) Dagokien erantzukizun esparrutik, aholkuak eta prestakuntza ematea beste interes talde batzuei (udal alorretako teknikariak, politikariak, emakumeen elkarte eta/edo elkarte feministak, erakundeak eta abar) berdintasun gaien inguruan, ordenantza honetan ezarritakoa betez.

e) Berdintasun Alorrean egiten den lanaren berri ematea eta hura ikusaraztea.

f) Koordinaziorako bideak zabaltzea Berdintasun Alorrean beste erakunde eta instituzio batzuekin, eta beste toki erakunde batzuekin.

g) Koordinazio eta bideratze lana egitea Berriozarko Udalak parte har dezan udalez gaindiko nahiz Europako berdintasun programetan, aurrekontuak eta baliabideak hobetzeko eta optimizatzeko helburuarekin.

5. Berriozarko Udalak bermatuko du Berdintasun Alorraz arduratzen diren teknikariek berariazko prestakuntza izan dezaten berdintasunari buruz; hortaz, gai horri buruzko ezagutza-eskakizunak ezarriko ditu alorrean aritzeko.

6. artikulua. Berdintasun Alorreko zerbitzuak:

1. Aholkularitza Psikologikoko Zerbitzua:

Aholkularitza Psikologikoko Zerbitzuak helburu hauek ditu:

a) Berriozartarrei arreta, aholkua eta orientabidea ematea, behar psikologikoak direla medio hala eskatzen dutenean. Aholkularitza arduratuko da, oro har, genero diskriminazioaren inguruko informazio eskaerez, bereziki honako hau jasan duten edo jasaten ari diren emakumeen kasuan: diskriminazioa, tratu txar fisiko eta/edo psikikoak, sexu erasoak, sexu jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena, laneko jazarpena, banaketa gatazkatsuak; bai eta gai hauei buruzko eskaerez: sexu orientazioari eta genero identitateari buruzko gaiak, sexualitatearen alorrarekin loturiko zailtasunak, zaintzaile diren emakumeak...

b) Emakumeen garapen pertsonal eta soziala sustatzea, haiek berak gai izan daitezen planteatzen zaizkien egoerak eta arazoak konpontzeko.

2. Aholkularitza Juridikoko Zerbitzua:

Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuak helburu hauek ditu:

a) Berriozartarrei arreta, aholkua eta orientabidea ematea hala eskatzen dutenean, behar juridikoak direla medio. Aholkularitza arduratuko da, oro har, emakumeen diskriminazioaren inguruko informazio eskaerez, barne harturik esparru soziala, lanekoa, ekonomikoa, zigor arloa, arlo zibila nahiz administratiboa, bereziki tratu txarrak eta/edo sexu erasoak gertatu diren egoeretan.

3. Berriozarko Udalak bere gain hartzen du aipatu zerbitzuak garatzeko eta mantentzeko behar diren langileez eta baliabide tekniko eta ekonomikoez hornitzeko konpromisoa, herrian dagoen eskariaren arabera.

II. ATALA

Udalaren berdintasun politika sustatzeko, kudeatzeko eta koordinatzeko egiturak

7. artikulua. Batzorde Politikoa.

1. Ordenantza hau betetzen dela Berriozarko Udalak bermatuko du.

2. Batzorde Politikoa eratzen da Berdintasunerako Ordenantzaren zuzendaritza eta jarraipenerako goi organo gisa, eta haren betekizuna da bermatzea aplikatzen dela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako estrategia, eta haren eraginkortasuna sustatzea, adostasun politikoa eta konpromiso instituzionala bermatuz. Batzordearen lana bideratzen da beharrezko konpromisoak sustatzera, erabakiak hartzeko mailetan, genero berdintasunak lehentasun politikoa izan dezan, eta gobernatzeko moduaren erdigunean egon dadin. Hala, behar den bulkada politikoa emanen du behar adina baliabide tekniko, baliabide ekonomiko eta langile egon daitezen, ordenantza hau aplikatu eta garatzeko.

3. Batzordearen osaera bat etorriko da Udalean ordezkariak dituzten talde politikoen arteko proportzionaltasunarekin, eta hala dagokiona izanen da batzordeburu. Era berean, bilkuretara gonbidatzen ahalko dira herriko kolektibo eta elkarteak, bai eta dena delako gaiaren araberako teknikariak ere; alabaina, ez dute botorik izanen erabakiak hartzeko garaian.

4. Batzordean egonen da Udalean ordezkariak dituzten talde politikoetako zinegotzi bana, Berdintasun Alorrak koordinaturik.

5. Urtean bi aldiz bilduko dira, gutxienez, urteko berdintasun plana onesteko eta haren ezarpena eta jarraipena egiaztatzeko.

6. Bestelako bilerak ere egiten ahalko dira, ezohiko gaiak aztertzeko, Batzordeko kide gehienek hala eskatzen badute.

8. artikulua. Informazio Batzordea:

Berdintasuneko Informazio Batzordeak bere gain izanen du Berriozarko Udalak gauzatzen dituen berdintasun politika publikoen jarraipena, eta hilean behin bilduko da.

9. artikulua. Berdintasuna sustatzea.

Berdintasun Alorraren eginkizunak gorabehera, Berriozarko Udaleko eta haren sektore publikoko alor guztiek bultzatu beharko dute, zeinek bere jarduera esparruan, diskriminazioa desagerraraztea eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea.

10. artikulua. Alor arteko Batzordea.

1. Berriozarko Udalak konpromisoa hartzen du Alor arteko Batzordea sortzeko.

2. Alor arteko Batzordeak bere gain izanen du ordenantza honen bideragarritasun teknikoa eta garapena bermatzea.

3. Alor arteko Batzordearen konpromisoa izanen da ordenantza hau garatzeko urteko estrategia bat diseinatu, koordinatu eta bultzatzea. Estrategia horrek barne hartuko ditu Berriozarko Udalaren udal alor guztiak eta sektore publiko instituzionala.

4. Alor arteko Batzordean egonen dira udal alor guztietako arduradunak edo erreferente diren teknikariak, haien ardura baita genero zeharkakotasunaren estrategia sustatu eta aplikatzea Udaleko beren lan alorretan.

5. Udal alorretako arduradun horiek erreferentzia teknikoa izanen dira genero zeharkakotasunaren estrategia haietako bakoitzari dagokion lan alorrean sustatu eta aplikatzeko.

11. artikulua. Erakunde arteko parte-hartzea.

Berdintasunerako udal politika beste udalerriekin eta gainerako erakunde publiko zein pribatuekin modu koordinatuan sustatze aldera, udal gobernuak behar diren ahaleginak eginen ditu harreman horiei eta jadanik dauden sareetan duen presentziari eusteko, bai eta gerora sortzen diren beste sare zein beste koordinazio formula batzuetan parte hartzeko ere.

12. artikulua. Sareko lana Nafarroako toki erakundeetako berdintasun teknikariekin.

Zehazki, Nafarroako toki erakundeetako berdintasun teknikarien arteko lankidetza eta elkartruke profesionala sustatuko du Berriozarko Udaleko Berdintasun Alorrak.

II. KAPITULUA

Ordezkaritza politikoa eta osaera udal organoetan

13. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak ordezkaritza eta osaera orekatua izanen dute organo guztietan.

2. Ordezkaritza eta osaera orekatutzat joko da kasuan kasuko taldean sexu bakoitzeko pertsonak ez izatea ehuneko hirurogei baino gehiago edo ehuneko berrogei baino gutxiago.

14. artikulua. Eragindako organoak.

1. Ordezkaritza eta osaera orekatuak eragina izanen du hauteskunde ondorengo udal gobernuaren eraketan, eta oreka hori mantendu beharko da, orobat, batzorde eta patronatuen osaeran, izendapen askeko edo udal gobernuaren konfiantzako karguetan, parte-hartzerako kontseilu eta organoetan, eta Udaleko gainerako administrazio organoetan.

2. Horren ondorioetarako, eta Berdintasun Alorraren aldeko txostenarekin, justifikatzen ahalko da ordezkaritza orekatuaren irizpidea ez aplikatzea honako kasu hauetan:

a) Udal organo horren sektorean edo jarduera esparruan bi sexuetako baten presentzia %40tik beherakoa denean. Kasu horretan, bermatu beharko da presentzia txikiagoko sexuak izan dezan, gutxienez, sektore edo jarduera esparru horretan duenaren pareko presentzia bat, salbu eta hurrengo apartatuetan deskribaturiko egoeraren bat gertatzen denean.

b) Emakumeen presentzia %60tik gorakoa denean, baina gehiegizko presentzia hori aurretik, erabakiak hartzeko eremuetan gutxietsita egon izanaren ondorioz, jasan duten desoreka historikoa zuzentzeko baliagarritzat jotzen denean.

c) Organo horretako kide izateko ahalmen, gaitasun eta prestakuntza egokia ez duten gizon edo emakume nahikorik ez dagoenean, edo, daudenean ere, ez dutenean kide izan nahi, edo gainkargari aurre egin ezin diotenean.

d) Kideak karguaren arabera izendatzen dituzten administrazio organoen kasuan, eta/edo izendapen hori hainbat erakundek batera egiten dutenean. Kasu horretan, erakunde edo instituzio berak izendatutako kideen artean mantendu beharko da emakumeen eta gizonen arteko oreka, salbu eta aplikagarria denean aurreko apartatuetan deskribatzen diren kasuetako bat.

III. KAPITULUA

Prestakuntza eta trebakuntza teknikoa zein politikoa zeharkakotasunaren estrategia txertatzeko

15. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Administrazioaren jardunean genero-ikuspegia modu eraginkorrean txertatzeko, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak bermatuko dute beren langileek oinarrizko prestakuntza progresibo eta iraunkorra jasotzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren inguruan. Era berean, berariazko prestakuntza eta gaikuntza bermatuko dute Alor arteko Batzordea osatzen duten postuetarako eta/edo edo erreferente diren teknikarientzat, haien ardura baita genero zeharkakotasunaren estrategia sustatu eta aplikatzea Udaleko beren lan alorretan.

2. Halaber, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak oinarrizko prestakuntza progresibo eta iraunkorra bermatuko du politikarientzat.

16. artikulua. Neurriak.

Aurreko artikulua betetze aldera, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak gutxienez honako neurri hauek hartuko ditu, Berdintasun Alorraren aholkularitzarekin:

1. Diagnostikoak egitea, langileek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruz duten prestakuntza mailaz, bai eta erantzukizun politikoa duten pertsonen sentsibilizazio mailaz ere. Diagnostiko horiek legegintzaldi bakoitzeko lehen urtean eginen dira.

2. Diagnostikoaren arabera, langileentzako prestakuntza planak prestatzea eta gauzatzea, bai eta erantzukizun politikoa duten pertsonentzako sentsibilizazio planak ere.

3. Langileen ordutegiak egokitzea, eta berdintasunaren esparruko prestakuntzarako erabili duten denbora aintzat hartzea.

IV. KAPITULUA

Berdintasun printzipioari lotutako lan- eta administrazio-prozedurak

I. ATALA

Berriozarko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana

17. artikulua. Xedapen orokorra.

Berdintasunerako Plana deritzon dokumentuak udal politikaren bilakaera eta zehaztapena islatzen ditu aldian behin emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren esparruan, eta ordenantza hau du oinarri. Genero sistemaren eraldaketa lortzeko marko bat da, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortze aldera.

18. artikulua. Esku hartze eremuak.

1. Berdintasunerako Planak jarduketa neurriak garatuko ditu ordenantza honetan aurreikusitako esku hartze eremuetako edozeinetan jarduteko, bai eta intereseko beste eremu batzuetan ere.

2. Betiere, Berdintasunerako Planean berariaz kontuan hartzekoak izanen dira honako jarduketa eremu hauetan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko xedea duten neurriak (eremuok “Udalen berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidean” izeneko dokumentuan bilduta daude), edo beste eremu batzuetan, beharrezkotzat joz gero:

a) Toki gobernamendua eta genero zeharkakotasuna.

b) Emakumeen kontrako indarkeria.

c) Zainketa, erantzunkidetasuna, eta eginkizunak bateratzea.

d) Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa eta balioen aldaketa.

II. ATALA

Berdintasunaren txertaketa Udalaren barne kudeaketan

19. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa bermatuko dute lanpostuen definizioan, sarbidean, sailkapen profesionalean, igoeran, prestakuntzan, laneko osasunean, ordainsarietan eta lan eskubideetan, inor diskriminatzen ez duten baldintza duinak segurtaturik horrela.

2. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak ordenantza honetan jasotako neurriak hartuko dituzte, eta, oro har, honako hau eginen dute:

a) Langileei buruzko politika aztertuko dute genero-ikuspegitik.

b) Beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte langileen kudeaketan berdintasun printzipioa betetzen dela bermatzeko.

c) Lan eskubideen hobekuntza eta erabilera sustatuko dituzte, beren plantillen gainean berdintasunezko ikuspegi bat aplikatuz.

d) Gurasokidetasuna eta kontziliazioa sustatuko dituzte, denboraz berdinak eta besterenezinak diren aitatasun eta amatasun baimen batzuk ezarriz, bai eta kontziliaziora bideraturiko ordutegi malgutasun bat ere.

20. artikulua. Sarbidea eta langileen hautaketa.

Bermatzeko hautapen prozesuetan berdintasun printzipioa betetzen dela eta kontratatzen diren langile berriek prestakuntza egokia dutela emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruz, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak honako neurri hauek hartuko dituzte:

1. Berdintasunari buruzko edukiak txertatzea gai zerrenda guztietan, bai eduki orokorren aldetik, bai lanpostuaren esparruarekin lotura duten eduki zehatzen aldetik.

2. Emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa betetzea epaimahai guztien eraketan, salbu eta behar bezala oinarrituriko arrazoi objektiboak daudenean, eta Berdintasun Alorraren aldeko txostena izanik betiere.

3. Baloratu eginen da idatzizko hautaprobak hizkera inklusiboa erabiliz egitea, %0,5eko balorazioarekin gaztelaniaz, eta %0,25ekoarekin euskaraz.

4. Aktiboki sustatzea emakumeek sarbidea izatea lanpostu guztietan eta sailkapen maila guztietan, aurrerapausoak emate aldera segregazio horizontala nahiz bertikala errotik kentzeko.

21. artikulua. Barne-igoera.

Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak lanbide karreran zeharkako diskriminazioa saihesteko mekanismoak aplikatuko dituzte igoera prozesuetan, bai segregazio bertikalari bai horizontalari dagokienez.

22. artikulua. Ordainsariak.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak langileen artean dauden soldata arrakalak identifikatuko ditu, eta genero-lerratzeak ezabatuko; hala, berdintasunezko politika bat aplikatuko du, bai lanpostuen balorazioan, bai ordainsarien politikan.

2. Horretarako, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak diagnostiko bat egiteko konpromisoa hartzen dute, uneko egoera zehazteko eta behar diren neurriak hartzeko, genero-lerratzeak ezabatze aldera. Legegintzaldi bakoitzaren hasieran eginen da diagnostiko hori.

23. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa benetan bete dadin laneko segurtasun eta osasunari dagokionez, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak honako neurri hauek hartuko dituzte:

1. Zer genero desberdinkeria dauden aztertzea lan-baldintzetan, laneko arrisku psikosozial, ergonomiko eta higienikoekiko esposizioan eta osasunean, eta horiek prebenitzeko mekanismoak ezartzea.

2. Langileen osotasun fisiko zein psikikoa arriskuan jartzen ez duen lan giroa sortu eta mantentzea.

3. Plantillako langileek hartutako laneko bajen intzidentzia aztertzea lanpostuaren arabera, zenbait egoera prebenitzeko, non lanaren ondoriozko kalteak pertsonen sexuarekin lotuta egon bailitezke.

4. Laneko gaixotasunei buruzko ikerketak bultzatzea, genero-ikuspegia aintzat hartuta.

5. Prebentzioa bermatzea langileen ugalketa-osasunari, haurduntzari eta eradoskitzeari dagokienez.

6. Gizonen erantzunkidetasuna sustatzea zaintzan eta familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiten.

24. artikulua. Diskriminaziorik, sexu jazarpenik eta sexuan oinarritutako jazarpenik gabeko lan giroa.

1. Berriozarko Udalak, haren sektore publiko instituzionalak, eta bertan lan egiten duten guztiek, barne direla haien ordezkariak, konpromisoa hartzen dute diskriminaziorik, sexu jazarpenik eta sexuan oinarritutako jazarpenik gabeko lan giroa sustatzeko. Zehazki, udal organoek eta zuzendariek beren esku dauden bitarteko guztiak jarriko dituzte eskura, diskriminazio, sexu jazarpen edo sexuan oinarritutako jazarpeneko egoera oro prebenitu eta eragozteko nahiz atzeman eta ezabatzeko, bai eta horrelako egoerak sortzen dituen jokabide oro zehatzeko ere. Betiere bermatuko da biktimentzako laguntza eta babesa isiltasunez, errespetuz, profesionaltasunez, objektibotasunez, inpartzialtasunez eta azkartasunez ematea.

2. Konpromiso hori bete dadin bermatzeko, laneko jazarpen moral eta sexualaren kontrako prebentzio neurrien eta jarduketa prozeduren protokoloa onetsi zen, Berriozarko Udalaren esparrurako. Protokolo hori bi urteren buruan eguneratuko da, ordenantza hau indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita.

25. artikulua. Berriozarko Udaleko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Barne Plana.

1. Atal honetan jasotako neurriak gauzatzeko, diagnostiko instituzional bat eginen da, berdintasunaren esparruko helburuak udal antolaketan zein neurritan txertatu diren ikusteko. Diagnostiko horretan aztertuko dira pertsonen kudeaketa, sexu jazarpenaren prebentzioa, sexuan oinarritutako jazarpenarena, eta ordezkaritza orekatua.

2. Berdintasunerako Barne Plan bat diseinatu eta ezarriko da, udaleko langileei zuzendua, diagnostikoan atzemaniko beharrei erantzuteko.

3. Plan hori urtero ebaluatuko da.

III. ATALA

Genero inpaktuari buruzko txostenak

26. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Genero inpaktuari buruzko azterlanaren helburua da identifikatzea eta baloratzea arauzko xedapenek edo politika publikoek zer ondorio eragin ote ditzaketen emakumeen eta gizonen bizitzan –modu bereizian–, genero desberdinkeriak sortzea, areagotzea edo mantentzea identifikatu, prebenitu eta saihesteko asmoz.

2. Genero inpaktuari buruzko txostenak egiteko, Berriozarko Udalak bere gain hartzen du prestakuntza plan bat osatzeko konpromisoa, halako txostenak egiteaz arduratzen diren teknikariek hurrengo artikuluei jarraikiz prestatu ahal izateko txostenok.

27. artikulua. Genero inpaktuari buruzko txostenak egitearen egokitasuna.

1. Nahitaez egin beharko dira genero inpaktuari buruzko txostenak Berriozarko Udalak edo haren sektore publiko instituzionalak prestatutako arau, plan eta programa proiektuetan, baldin eta horiek garrantzizkoak badira dena delako udal alorrean. Txosten horietan, datuak emanez, objektiboki eta behar bezala arrazoituta jaso beharko da zer ondorio izanen dituen, onetsiz gero, arau, plan eta programa horien edukiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean.

2. Betiere egin beharko da genero inpaktuari buruzko txostena Udalaren urteko aurrekontuetan.

3. Udal alor bakoitzak ezarriko du arau, plan eta programen garrantzia, Berdintasun Alorrarekin koordinaturik.

28. artikulua. Genero inpaktuari buruzko txostenak prestatzeko prozedura.

Hona hemen genero inpaktuari buruzko txostena prestatzeko faseak:

1. Araua, programa edo plana sustatu duen alorrak prestatuko du genero inpaktuari buruzko txostena.

2. Araua, programa edo plana eta genero inpaktuari buruzko txostena Berdintasun Alorrari bidaliko zaizkio, txostenaren zuzentasuna egiaztatzeko.

Arau proiektua, programa edo plana eta txostena aztertu ondoren, Berdintasun Alorrak uste badu azken hori zuzendu behar dela, oharrak bidaliko dizkio udal alor sustatzaileari, egin beharreko aldaketak adierazirik, arau proiektuaren, programaren edo planaren edukia egokitzeko indarrean dagoen berdintasunari buruzko legediak ezarritakora.

Berdintasun Alorrak zuzen irizten badio genero inpaktuari buruzko txostenari, aldeko egiaztapen txostena emanen du, eta bukatu eginen da genero inpaktuari buruzko txostena egiteko prozesua.

29. artikulua. Inpaktu motak.

Arau, plan edo programaren edukiaren arabera, txostenean ondoriozta daiteke generoan oinarritutako inpakturik duen ala ez.

1. Iritziko zaio badagoela generoan oinarritutako inpaktua, baldin eta araututako gaiak eragina badu emakume eta gizonen posizio pertsonal eta sozialean. Kasu horretan, txostenak erakutsi beharko du nolako eragina duen honako hauetan:

a) Eragin positiboa berdintasunean. Halakoa izanen da emakume eta gizonen arteko desberdinkeriak –aurrez identifikatuak– murrizten baditu. Araua, plana edo programa egokitzen zaio emakumeen eta gizonen arteko aukera eta tratu berdintasunaren printzipioari.

b) Eragin negatiboa berdintasunean. Halakoa izanen da desberdinkeriak murrizten ez baditu edo areagotzen baditu. Araua, plana edo programa berrikusi beharko da, eta behar diren zuzenketak sartu inpaktu positiboa izan dezan.

2. Iritziko zaio ez dagoela generoan oinarritutako inpakturik, baldin eta araututako gaiak ez badu inolako eraginik emakume eta gizonen posizio pertsonal eta sozialean, eta, horrenbestez, inolako eraginik ez badu benetako berdintasuna lortzeko.

30. artikulua. Generoan oinarritutako inpaktuaren edukia eta hura identifikatzeko prozesua.

1. Aurreikusten bada arauak, planak edo programak baduela generoan oinarritutako inpaktua, txostenak honako hauek jaso beharko ditu:

a) Datu estatistiko ofizialak, erakusten dutenak emakumeak eta gizonak zein egoeratan eta posiziotan dauden, arau, plan edo programaren edukiari eta helburuari dagokienez. Deskribatu eginen dira, bada, arautzen ari den gaiaren arloan emakumeek eta gizonek zer presentzia eta posizio hierarkiko dituzten, benetako kopuruak edo genero adierazle arruntak erabiliz, hala nola “genero-arrakala”. Pertsona juridiko edo kide anitzeko organoei dagokienez, horiek osatzen dituzten emakume eta gizonen ehunekoei buruzko datuak emanen dira, bai eta batzuen eta besteen ardura mailari eta jarduera eremuari buruzkoak ere.

b) Aipatutako datuen genero azterketaren emaitza, dagoen berdintasun edo desberdinkeria maila adierazita, hala alderdi kuantitatiboei nola kualitatiboei dagokienez.

c) Aurreikusitakoaren arabera, arau, plan edo programak berdintasunaren gainean izanen duen inpaktua. Aurreko azterketako emaitzak eta arau, plan edo programaren edukiak alderatuta, aurreikusiko da nolako eragina izanen duen hura aplikatzeak identifikatu diren desberdinkeria egoeretan, eta balizko emaitza erakutsiko da: onetsia izanez gero, xedapenak, planak edo programak eragina izanen ote duen egun dauden desberdinkeriak betikotu edo areagotzeko ala, kontrara, horiek zuzendu eta murrizten lagundu eta genero berdintasuna bultzatuko ote duen.

–Aurreko azterketatik ondorioztatzen bada inpaktua negatiboa dela, txostenak modu arrazoituan iradokiko ditu araua, plana edo programa zuzentzeko neurriak, inpaktu positiboa izate aldera.

–Arauaren, planaren edo programaren azterketa eginda, ondorioztatzen bada inpaktua positiboa dela, txostenean adieraziko da arau proiektuaren zein artikulutan edo planaren edo programaren zein edukitan zehazki dauden jasota emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunean aurrera egiteko eragina izanen luketen neurri, ekintza edo alderdiak.

2. Aurreikusten bada arauak, planak edo programak ez duela genero inpakturik, ez da nahikoa izanen txostenak adieraztea edukia neutroa dela, eta, horrenbestez, ez duela aldeko edo kontrako inpakturik berdintasunari dagokionez; alabaina, justifikatu beharko du zergatik ez duen inolako eraginik emakume eta gizonen posizio pertsonal eta sozialean eta, horrenbestez, ez dion inola ere eragiten benetako berdintasuna erdiesteari. Halaber, erabiltzen den hizkerak berdintasunaren printzipioa bete beharko du beti, hau da, erabili gabe hizkera baztertzailerik eta emakumeak edo gizonak diskriminatzen dituen hitzik.

3. Berdintasun Alorrak jarraibideak emanen dizkie Udaleko alorrei –zehazki, txosten horiek egiteko ardura duten langileei– egiaztatze aldera arau, plan edo programa zein mailatan egokitzen zaion emakume eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzeari.

IV. ATALA

Genero-ikuspegia kontratazioan

31. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta eskatuko dute kontratazio publikoetan.

2. Berriozarko Udaleko Berdintasun Alorrak konpromisoa hartzen du gomendioak emateko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko irizpideak txertatze aldera kontratuaren baldintza partikularretan, Berriozarko Udalean kontratazio prozedurak sustatzen dituzten eta/edo haietan esku hartzen duten guztiei zuzenduak, hala gobernu erantzukizunak dituztenei, nola zuzendari zein teknikariei.

3. Orobat, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute prestakuntza emateko lizitazio publikoak prestatzen dituzten langileei.

32. artikulua. Neurriak.

Aurreko artikuluko konpromiso, aitormen eta bermeen markoan, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak honako neurri hau aplikatuko dute:

1. Aintzat hartu beharko ditu kontratu bakoitzak berdintasuna sustatzeko eskaintzen dituen genero ondorioak eta aukerak, kontratuen inguruko foru araudia aplikaturik, berdintasuneko irizpide sozialei dagokienez.

2. Administrazio klausula partikularren agirian berariaz bide ematen bada aldaerak edo alternatibak aurkezteko, onartu eginen dira emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunari era positiboan eragiten dioten aldaera eta hobekuntza guztiak.

3. Administrazio klausula partikularren agirian emaniko adjudikazio irizpideak aplikatu, eta berdinketa gertatzen bada bi lizitatzaileren edo gehiagoren artean, berdinketa ebatziko da genero berdintasunaren arloan jardunbide egokiak izatea frogatzen duen enpresaren alde.

33. artikulua. Betebeharrak.

Berriozarko Udalarekin edo haren sektore publiko instituzionalarekin kontratua sinatzen duten pertsona edo entitateen betebeharra izanen da neurriak hartzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko.

1. Ordenantza honetan jasotakoa betetzea.

2. Hizkera eta irudi sexistarik ez erabiltzea kontratatutako programak, proiektuak edo jarduerak sustatzeko prestatzen diren kartel, testu eta dokumentuetan.

3. Genero-ikuspegia txertatzea kontratatutako programa, proiektu eta jardueretan.

4. Ez prestatzea programa, proiektu edo jarduerarik, sexuan oinarritutako diskriminazioa, zuzenekoa zein zeharkakoa, eragiten duenik.

5. Sexuaren arabera desagregatutako estatistikak prestatzea.

V. ATALA

Genero-ikuspegia dirulaguntza eta hitzarmenetan

34. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak bermatuko du dirulaguntzak adjudikatzeko eta baloratzeko irizpideetako bat izatea genero-ikuspegia txerta dadin aurkezturiko eskaintzan eta diruz lagunduriko proiektu edo jardueran.

2. Berriozarko Udaleko Berdintasun Alorrak konpromisoa hartzen du gomendioak emateko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko irizpideak txertatze aldera dirulaguntzen oinarrietan, Berriozarko Udalean dirulaguntzak emateko prozedurak sustatzen dituzten eta/edo haietan esku hartzen duten guztiei zuzenduak, hala gobernu erantzukizunak dituztenei, nola zuzendari zein teknikariei.

35. artikulua. Neurriak.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak ez diete inolako laguntza edo dirulaguntzarik emanen sexu arrazoiak direla medio diskriminatzen duten jarduerei –salbu eta sexuen arteko desberdinkeriak zuzentzea xede duten kasuetan–, ez eta sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik zehapen administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoei ere, dagokien zehapenak ezarritako epean.

2. Elkarte, erakunde edo kolektibo eskatzaileei dirulaguntzak adjudikatzeko garaian, balorazio irizpide gisa txertatzen ahalko da horien konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko, hala beren zuzendaritza organoen osaerari nola aurrera eraman nahi dituzten jarduerei dagokienez.

36. artikulua. Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntzaren baten onuradun diren pertsona eta entitate guztiek, edozein izanik ere dirulaguntza-lerroa eta emateko prozedura, honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Ordenantza honetan jasotakoa betetzea.

2. Hizkera eta irudi sexistarik ez erabiltzea diruz lagunduriko programak, proiektuak edo jarduerak sustatzeko prestatzen diren kartel, testu eta dokumentuetan.

3. Generoaren ikuspegia txertatzea diruz lagunduriko programa, proiektu, memoria, jarduera eta gogobetetasun inkestetan.

4. Ez prestatzea programa, proiektu edo jarduerarik, sexuan oinarritutako diskriminazioa, zuzenekoa zein zeharkakoa, eragiten duenik.

5. Sexuaren arabera desagregatutako estatistikak prestatzea.

VI. ATALA

Aurrekontuaren plangintza eta ebaluazioa

37. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko Udalak urtero kontsignatu eta zehaztuko ditu bere aurrekontuetan ordenantza honetan jasotako eginkizunak betetzera eta neurriak gauzatzera zuzendutako baliabide ekonomikoak, bai eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, oro har, sustatzera bideratutakoak ere.

2. Berdintasun Alorrak, betiere, partida egoki eta nahikoa izanen du aurrekontuan, bere eginkizun guztiak betetzeko.

3. Halaber, sustatuko du Udalaren berdintasun politikek urtero partida bat izatea, udal aurrekontuaren %1ekoa gutxienez.

4. Sarreren eta gastuen politiken diseinuan, exekuzioan eta ebaluazioan, kontuan izanen ditu emakumeen eta gizonen baldintzen, egoeren eta beharren arteko desberdintasunak. Horretarako, sustatuko du genero-ikuspegia duten aurrekontuak egitera bideratutako ekimenak abiatzea edo finkatzea eta horien inguruko hausnarketa eta analisia egitea.

VII. ATALA

Informazioaren kudeaketa eta komunikazio-politika

38. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Deusetan galarazi gabe Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoaren 28. artikuluan jasotako betebeharrak betetzea, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak erabilera ez-sexista baliatuko dute informazio, komunikazio eta hizkuntza mota oro ekoitzi eta kudeatzean, zuzenean edo hirugarren pertsona fisiko edo juridiko batzuen bidez sortutako idatzizko agiri, ikonografia eta euskarrietan (irudiak, webguneak, txatak...).

2. Halaber, aurreiritziak saihestu eta prebenituko ditu, bai eta sexu baten zein bestearen gehiagotasuna edo gutxiagotasuna edo estereotipatutako rol maskulino eta femeninoak islatzen dituzten esamoldeen eta irudien erabilera ere.

3. Emakumeei eta gizonei pareko tratamendua, protagonismoa eta balorazioa emango zaizkie idatziz zein ahoz emandako informazioan, ikonografian, publizitatean eta barneko zein kanpoko komunikazioetan.

4. Kendu eginen da bide publikoan esamolde matxistak dauzkan edo ekintza matxisten publizitatea egiten duen zabalkunde material oro.

39. artikulua. Aholkularitza.

1. Informazioari, komunikazioari eta ikonografiari dagokionez, Berriozarko Udalean eta haren sektore publiko instituzionalean erabilera ez-sexistatzat edo estereotipo sexisten erabileratzat zer hartuko den mugatzeko, Berdintasun Alorrak tresnak sortuko ditu teknikari zein politikariek dituzten dudak argitzeko, halakorik izanez gero.

2. Berdintasun Alorrak aholkularitza emanen die teknikari eta politikariei kasu puntualetan, eskura jarritako tresnak aski ez direnean; alabaina, zeinahi dokumentu, euskarri eta abar gainbegiratzeko eta berrikusteko erantzukizuna hura egin duen udal zerbitzuaren gain egonen da betiere.

40. artikulua. Neurriak.

1. Informazio, komunikazio eta ikonografia ez-sexistak sustatzeko eta estereotipoetan oinarritutako jarrera eta jokabideak saihesteko, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, Berdintasun Alorraren ekimenez, kontzientziazio kanpainak eginen dituzte, prestakuntza-ikastaroak sustatuko dituzte, eta aholkularitza emanen diete halakoa eskatzen duten udalerriko elkarte, erakunde eta entitateei.

2. Udalaren alor batetik bestera edo beste administrazio publikoren bati bidalitako informazio, komunikazio, ikonografia nahiz bestelako idazkietan komunikazio ez-sexista erabiliko da.

3. Hizkera sexista saihestuko da udalaren jabetzakoak diren elementu guztietan.

VIII. ATALA

Udalaren azterlanak eta estatistikak

41. artikulua. Xedapen orokorra.

Ordenantza honetako arauak benetan gauzatzeko eta genero-ikuspegia ohiko jardueran eraginkortasunez txertatzeko, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, beren eskumenen esparruan, honako hauek egin beharko dituzte:

1. Sexu-aldagaia sistematikoki sartzea estatistika, inkesta eta datu-bilketa orotan, eta betiere genero ez-bitarraren aldagaia ezartzea aukeren artean.

2. Estatistika-eragiketetan adierazle berriak erabiltzea, ahalbidetuko dutenak hobeki ezagutzea zer desberdintasun dauden emakumeen eta gizonen artean balioen, rolen, egoeren, baldintzen, helburuen eta beharren aldetik.

3. Beharrezko adierazleak eta mekanismoak diseinatzea eta sartzea, haien bidez ezagutzeko beste aldagai batzuen eragina, zeinek, batera gertatzean, diskriminazio anizkoitzeko egoerak sortzen baitituzte esku-hartze esparruetan.

4. Behar besteko edukia duten laginak egitea, sartutako aldagaiak sexu-aldagaiaren arabera ustiatu eta aztertu ahal izateko.

5. Eskuragarri dauden datuak ustiatzea, ezagutzeko emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, helburu eta behar desberdinak esku-hartze esparru batzuetan eta besteetan.

6. Lehendik dauden definizio estatistikoak aztertu eta, hala behar denean, egokitzea, hori lagungarri izan dadin emakumeen lana aitortu eta baloratzeko, eta zenbait emakume-kolektiboren gaineko estereotipo negatiboak saihesteko.

III. TITULUA

Emakumeen kontrako indarkeria

I. KAPITULUA

Esparru orokorra

42. artikulua. Xedapen orokorra.

Ordenantza honen ondorioetarako, emakumeen kontrako indarkeria da emakume izateagatik emakumeen kontra bideratzen dena edo haiengan proportziorik gabeko eragina duena, genero diskriminazioaren agerpen gisa eta emakumeentzako kalte edo oinaze fisikoa, psikologikoa, sexuala edo ekonomikoa dakarrena edo ekar dezakeena, mehatxuak, beldurrarazteak eta hertsatzeak edo askatasun-gabetze arbitrarioak barne hartuta, bizitza publikoan nahiz pribatuan gertatzen direnak. Betiere emakumeen kontrako indarkeriatzat jotzen da Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean jasotakoa.

43. artikulua. Jarduera esparru orokorra.

Indarkeria jasaten duten emakumeei eta haien seme-alabei begira, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute, beren eskumenen esparruan, betetzeko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean (Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa) zein abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan (Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa) ezartzen diren betebeharrak, bai eta erakunde arteko protokolo edo prozeduretan jasotako jarduketak gauzatzeko ere.

44. artikulua. Arreta oso eta koordinatua izateko eskubidea.

1. Indarkeria jasan duten emakumeek arreta oso eta pertsonalizatua izateko eskubidea dute; hala, indarkeria egoeraren ondoriozko behar guztiak aztertu eta, biktimaren egoera pertsonal eta sozialaren arabera, baliabide egokiak eskainiko zaizkio.

2. Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko udal jardunak, bereziki biktimei arreta ematera zuzendutakoak, honako hauek bete beharko ditu:

a) Berdintasuna bermatzea, honako zio hauetako batek eragindako bereizkeriari aukerarik eman gabe: egoera zibila, sexu orientazioa, adina, sinesmena edo ideologia, gutxiengo etniko, nazional edo linguistiko bateko kidea izatea, maila ekonomikoa, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial oro edo beste zenbait inguruabar pertsonal edo sozial. Beharrezko neurriak hartuko dira beren eskubideak benetan gauzatzeko bermea izan dezaten, inguruabar pertsonalak eta sozialak direla medio, laguntza modu integralean jasotzeko zailtasun handiena duten biktimek, bereziki dibertsitate funtzionala duten emakumeek eta emakume migranteek, haien egoera administratiboa edozein delarik ere.

b) Indarkeriaren biktima izan diren emakumeei laguntzea autonomia pertsonala izan dezaten, bizimodu normalizatua bultzatuz.

c) Adingabekoen interesen defentsa bermatzea.

d) Modu eraginkor eta arinez antolatzea, honelako egoeren larriak eskatzen duen bezain azkar erantzuteko.

e) Biktimizazio sekundarioa ahalik eta gehiena saihestea, profesionalek eta erakundeek esku hartzen dutenean biktimei eraginiko eragozpenak behar den gutxienekora murriztuz.

f) Koordinazio eta indarkeria jasaten duten emakumeen arreta eraginkorrak bermatzeko, Berriozarko Udalak jarduketa protokolo bat prestatzeko konpromisoa hartzen du, oinarri hartuz Emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarduna koordinatzeko Tokiko Protokoloak Lantzeko Gida, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko14/2015 Foru Legean jasotako indarkeriei dagokienez. Protokolo hori prestatu aurretik, diagnostiko bat eginen da, eta prestakuntza espezializatuko plan bat edukiko du, protokoloan parte hartzen duten erakundeentzat, haien mendeko langileentzat, edo emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko programak lantzean zuzeneko eragina dutenentzat.

II. KAPITULUA

Prebentzioa eta sentsibilizazioa

45. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, beren kabuz edo beste erakunde batzuekin elkarlanean, kanpainak eginen dituzte herritarrak errealitate honetaz sentsibilizatzeko, bai eta emakumeei zuzendutako ekintzak ere, emakumeen kontrako indarkeria aitortua izateko eta agerian uzteko xedez, hori baita lehen pausoa arazoari aurre egiteko.

2. Kanpaina guztietan, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute emakumeen kontrako indarkeria giza eskubideen urraketa gisa kontzeptualizatzeko, bai eta emakumeen eta gizonen arteko desberdinkeria indarkeria horren eragile gisa identifikatzeko ere.

3. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute aholkularitza psikologikoko eta aholkularitza juridikoko zerbitzuak mantendu eta garatzeko, emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta udalerriko emakumeak hartaz sentsibilizatzeko xedez.

46. artikulua. Ikerketa.

Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak aktiboki lagunduko dute ikerlanetan eta halakoak egitea bultzatuko dute, jakiteko udalerrian emakumeen kontrako indarkeria nola gauzatzen den, zer kausak eragiten duten, zenbat emakumek jasaten duten eta zer bide har daitezkeen egoera hobetzeko. Jokabide matxistak nola indartzen diren ere aztertuko da, haiek zuzendu eta errotik ezabatzeko politikak abiatze aldera.

47. artikulua. Arreta eta babesa.

Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak honako hauek gauzatzeko konpromisoa hartzen dute:

1. Aztertzea, sexua kontuan izanik, emakumeen eta gizonen segurtasunean eragiten duten gertakarien kopuruari eta motei buruzko estatistikak (pertsonen aurkako delituak barne), eta, horrez gain eta egoki denean, kriminalitatearen aurreko edo segurtasunik eza sortzen duten beste iturri batzuen aurreko beldurraren maila eta izaera neurtzea.

2. Estrategiak, politikak eta ekintzak garatzea eta aplikatzea, ingurunearen egoeran edo konfigurazioan berariazko hobekuntzak egitea barne. Hori guztia, herritarren segurtasuna praktikan hobetzeko helburuz eta segurtasunik ezaren pertzepzioa murrizten saiatzeko. Helburu horretarako, Berdintasun Alorrak bere gain hartzen du udalerriaren mapa bat osatzeko konpromisoa, emakumeei segurtasunik eza sortzen dieten bertako guneak konpontze aldera. Mapa hori legegintzaldi bakoitzean berrikusten ahalko da.

3. Alternatibak eskaintzea pertsonen trafikoaren biktima diren emakumeei, Udaleko alor guztien bidez, behar diren baliabide publikoak jarriz haien eskura jasandako indarkeriaren inpaktua minimizatzeko, haien segurtasuna bermatzeko, eta ahalduntzea eta suspertzea sustatzeko.

48. artikulua. Genero indarkeriaren memoria historikoa.

Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute sustatzeko genero indarkeriaren memoria historikoaren kontzeptua; horretarako, tresnak sortuko dituzte birpentsatzeko, berreraikitzeko eta birformulatzeko historian zehar emakumeek, emakume izate soilagatik, jasan dituzten indarkeriazko egoera guztiak.

III. KAPITULUA

Koordinazioa, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko

I. ATALA

Udal baliabideen arteko koordinazioa

48. artikulua. Xedapen orokorra.

Titulu honetan jasotako arreta modu koordinatuan emanen da, horretan engaiaturik dauden udal zerbitzu guztiekin batera, bai eta emakumeak modu egokian suspertzen laguntzen duten gainerako erakundeekin ere. Horretarako, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak lankidetza-hitzarmenak eta protokoloak sustatuko ditu tokiko esparruan, Foru Komunitatearen mailan sinatutako akordioak eta protokoloak udalaren errealitatearen arabera garatu, zehaztu eta egokitzeko.

49. artikulua. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren aurrean Koordinatzeko Nafarroako Erakunde arteko Akordioa eta Jarduketa Bateraturako Protokoloa.

1. Berriozarko Udalak bat egiten du Emakumeen Kontrako Indarkeriaren aurrean Koordinatzeko Nafarroako Erakunde arteko Akordioan jasotakoarekin.

2. Berriozarko Udalak beteko du Erakunde arteko Akordioaren barnean sortutako Jarduketa Bateraturako Protokoloan jasotakoa.

II. ATALA

Udal langileen prestakuntza

50. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak prestakuntza emanen die beren langileei emakumeen kontrako indarkeriaren arloan. Batez ere indarkeriaren biktimak diren emakumeei arreta emateaz arduratzen diren langileei, baina ez bakarrik, hainbat sektoreri (gazteak, adineko pertsonak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta abar) zuzendutako politikak aplikatzen dihardutenei ere bai, emakumeen kontrako indarkeriari buruz informatzeko eta arazo hori prebenitzeko politikak zeharkakoak izan daitezen.

2. Berriozarko Udaleko Berdintasun Alorrak udalerriko emakumeentzat antolatzen dituen jardueretan, prestakuntza jarduerak jasoko dira emakumeen kontrako indarkeria ikusarazteko, indarkeria hori atzemateko mekanismoak emateko, eta hari aurre egiteko zer modu dauden ezagutarazteko, prestakuntzek horretarako bidea ematen dutenean.

IV. TITULUA

Bizitzaren jasangarritasuna lurraldean

I. KAPITULUA

Herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea, zaintzaren etika, erantzunkidetasunezko kontziliazioa eta zaintzaren balioberritzea garatuz

51. artikulua. Xedapen orokorra.

Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak beharrezko mekanismoak ezarriko ditu honako neurri hauek aurrera eramateko:

1. Beren langileei laguntzea familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiten, betiere emakumeak ahalduntzeko ikuspegi batetik abiatuta, zeinak, horrez gain, gizonen erantzunkidetasuna bultzatuko baitu zaintza lanetan.

2. Aldaketa prozesuak sustatzea antolaketan, erdigunean jartze aldera emakumeen eta gizonen berdintasuna eta bizitzaren zaintza.

3. Hausnartzeko eta lan egiteko guneak sustatu eta dinamizatzea, zaintzaren etika eta erantzunkidetasunezko kontziliazioa oinarri harturik.

4. Langileen ordutegi- eta espazio-malgutasuna bultzatzea, emakumeak ahalduntzeko ikuspegi batetik abiatuta, zeinak, horrez gain, gizonen erantzunkidetasuna bultzatuko baitu zaintza lanetan.

5. Sustatzea Udala hornitzen duten enpresek aldaketa prozesuak gara ditzaten beren antolaketan, kontuan harturik kontziliazioa, erantzunkidetasuna eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.

6. Sustatzea Berriozarko udalerrian egoitza duten enpresek aldaketa prozesuak gara ditzaten beren antolaketan, kontuan harturik kontziliazioa, erantzunkidetasuna eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna.

52. artikulua. Berriozar, zaintza ardatz.

Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak “Berriozar, zaintza ardatz” proiektua bultzatuko dute, beraren markoan lan eginen dute, eta sustatuko dute parte har dezaten bertako entitate, zerbitzu eta kolektibo guztiek.

II. KAPITULUA

Ingurune bizigarri, jasangarri eta segurua

53. artikulua. Hirigintzako plangintza.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak aitortzen dute hirigintza ez dela neutroa genero-ikuspegitik, hobetu edota okertu egin dezakeelako emakumeek beren askotariko ardurak esparru publikoan zein pribatuan gauzatzeko modua.

2. Horregatik, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute, bai espazioa eta bai lurzoruak erabiltzeko politika eta planak garatzean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako baldintzak sortzeko udalerrian.

3. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak berdintasun politikek eskatzen dituzten erantzunkidetasuna eta kontziliazioa sustatuko dituzte, lurralde antolamenduaren eta hiri-planeamenduaren bidez; horretarako, funtzio anitzeko hirigintza sustatuko du (hirigintza zonifikatuaren eta funtzio bakarreko hirigintzaren ordez), irisgarritasuna eta oztopo arkitektonikoen ezabapena sustatuz, kontziliazioa errazten duten zerbitzuen eta ekipamenduen kokapen estrategikoa bermatuz, edo ekipamenduen eta zerbitzuen ordutegiak kontziliazioaren beharretara egokituz.

54. artikulua. Etxebizitza.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak aitortzen dute etxebizitza duina eta kalitatezkoa eskuratzea eskubide bat dela, norbanakoaren eta haren familiaren ongizaterako funtsezko beharretan oinarritutako eskubidea.

2. Aitortzen dute, halaber, gizonak eta emakumeak eskubide horretaz berdintasunean baliatzeko, kontuan hartu behar dela emakumeek zailtasun handiagoak eta behar bereziak dituztela. Eta horrela hartuko da kontuan Berriozarko Udalak etxebizitzaren arloan gauzatzen duen neurri edo politika orotan.

3. Larrialdi sozialeko etxebizitza partekatuak adjudikatzeko, bereziki hartuko dira kontuan indarkeria jasaten edo jasan duten emakumeak, edozein izanik ere indarkeria mota, oinarrituz etxebizitza horien adjudikazioa arautzen duen araudian.

55. artikulua. Mugikortasuna eta garraioa.

1. Mugikortasuna funtsezko baldintzatzat hartzen da, emakumeek eta gizonek beren eskubideetako asko herrian gauzatu ahal izateko eta horietatik eratorritako zerbitzuak erabili ahal izateko.

2. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak beren gain hartzen dute genero-ikuspegia txertatzeko konpromisoa mugikortasuna hobetzea helburu duen diagnostiko, ekintza, programa edo plangintza orotan.

3. Berriozarko Udalak, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Orokorra osatzen duten pertsonen bidez, garraioko egoitzan, genero-ikuspegia haren funtzionamenduan, araudian eta kudeaketan txertatzeko konpromisoa hartuko du. Konpromiso horrek berekin ekarriko luke, besteak beste, ibilbideak, ordutegiak eta maiztasunak aldatzeko neurriak hartzea, erabiltzen diren ibilgailuak aldatzea edo ordu eta ibilbideei buruzko informazioaren zabalkundea hobetzea, bai eta sentsibilizazio kanpainak diseinatzea ere; horretan guztian, gehienbat emakumeek parte hartu beharko lukete, haiek baitira zerbitzu horien erabiltzaile nagusiak.

Zehazki, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak begiratuko dute garraio publikoak erantzuten diela pertsonen ongizatea bermatzeko ezinbestekoak diren eguneroko lanetatik eratorritako beharrei, garraio publikoak funtziona dezan, ekoizpen lanaren (lan ordaindua) ondoriozko beharrei ez ezik, etxeetako beharrei ere (zaintza eta hornidura) erantzuteko.

56. artikulua. Ingurumena.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak beren erantzukizuna aitortzen dute dagokien lurraldean ingurumenaren kalitatea hobetzeko, barne harturik udal eskumenei lotutako tokiko politikak. Horregatik, hain zuzen, Udalak Aalborgeko Gutuna sinatu zuen 1992. urtean. Horrek Europako eremura dakar Agenda 21, hau da, XXI. menderako Nazio Batuek prestatutako programa, NBE-en Ingurumen eta Garapenari buruzko Konferentzian onetsia (Rio de Janeiro, 1992).

2. Aurrekoaren ondorioz, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, ingurumen politikak eta zerbitzuak garatzeari dagokionez, neurri berean hartuko ditu aintzat emakumeen eta gizonen bizimoduei eta belaunaldi arteko elkartasunaren printzipioari lotutako berariazko beharrak.

3. Horrez gain, herritarrak sentsibilizatuko ditu kontsumo eredu jasangarriak izatearen garrantziaz, kontuan hartuta emakumeen eta gizonen errealitatea desberdina dela eta, hortaz, kasuan-kasuan egokiak diren mezuak, formatuak eta hedatzeko kanalak erabili behar direla.

4. Uraren eta energiaren kontsumoari eta etxeetako hondakinen sorrera eta kudeaketari buruzko sentsibilizazio ekintzen kasuan, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak erantzunkidetasuna sustatuko dute kontsumo mota horiei lotutako etxeko lanei dagokienez.

V. TITULUA

Emakumeen ahalduntzea, parte-hartze soziopolitikoa
eta balioen aldaketa

I. KAPITULUA

Emakumeen autonomia ekonomikoa

57. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute emakumeek, egun ez ezik, udalerriaren historian zehar ere tokiko garapenean izan duten rola ezagutzera eman, ikusarazi, nabarmendu eta hedatzeko. Horretarako, hala Berdintasun Alorraren ekimenez nola Berriozarko Udalari eta haren sektore publiko instituzionalari lotutako beste zerbitzu, entitate eta erakunde batzuek sustatuta, dela beren kabuz, dela beste entitate batzuekin elkarlanean, ekintzak sustatuko dira emakumeek herriaren garapen sozioekonomikoan bete duten rola ikertu eta ezagutzeko.

2. Harreman iraunkor eta arinak ezarriko dira jarduera ekonomiko eta enpresarialaren garapena sustatzen duten tokiko eragile guztiekin, emakumeek arlo horretan dituzten baldintzak hobetze aldera.

3. Halaber, emakumeei kalitatezko lanpostuak emateko konpromisoa hartzen duten enpresei laguntza eta/edo aitormena emanen diete, eta, bestalde, modu autonomoan laneratzea erabakitzen duten emakumeak babestu eta sustatuko dituzte.

4. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, ikastetxeekin zein tokiko prestakuntza zentroekin dituzten harremanetan, lagundu eginen dute egungo genero estereotipoak hausteko bokazio eta lanbide orientazio baten aldeko jarduketa edo programetan; izan ere, estereotipo horien arabera, mutilek zein neskek tradizioz esleitzen zaizkien ikasketak hautatzen dituzte, gizarteak gizonengandik eta emakumeengandik espero daitekeena behin eta berriz gauzatuz eta, hortaz, desberdinkeriak sortuz.

II. KAPITULUA

Parte-hartzea eta eragin politikoa

58. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko emakumeek eta gizonek eskubidea dute tokiko gobernuan eta bizitza publikoan parte hartzeko, baldintza beretan.

2. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute emakumeen tokiko parte-hartzearen gaineko diagnostikoa egiteko eta gaian sakontzeko, haien parte-hartzea mugatu ohi duten kausak eta motibazioak ezagutze aldera.

3. Orobat, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, Berdintasun Alorraren bidez, formulak bilatuko dituzte emakumeen parte-hartzea zailtzen duten oztopoak kentzeko, haien parte-hartzea sustatze aldera, dela banaka dela taldeka, barne harturik, egokia balitz, parte-hartzerako prestakuntzari edo neurriak abiarazteari lotutako alderdiak, parte hartzeko prozesuak egokitu daitezen emakumeen behar praktikoetara eta interes estrategikoetara.

III. KAPITULUA

Hezkuntza eta hezkidetza

59. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, Berdintasun Alorraren bidez, harremanak ezarriko dituzte hezkuntzan, prestakuntzan eta pertsonen sozializazioan diharduten erakundeekin, halakoei garrantzi berezia ematen baitzaie berdintasun handiagoko balio, eredu eta erreferenteak sustatu eta bultzatzeko. Honako hauek hartuko dira bereziki kontuan: Urtxintxa udal haur-eskola, Francisco Casanova musika eskola, Txolin ludoteka eta Gaztegunea.

2. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, beren eskumenen esparruan, hezkidetzazko eredu bat bermatuko dute beren ardurapeko hezkuntza formal eta ez-formal guztian, eta konpromisoa hartzen dute hezkidetzazko eredu bat diseinatu, sustatu eta aplikatzeko.

3. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak lehentasunezko helburutzat izanen dute –Berdintasun Alorrak zein horren burutzan ari diren politikari eta teknikariek, zehazki– harreman iraunkorrak eta arinak edukitzea tokiko eskola komunitatearen ordezkariekin (irakasleak, gurasoak, ikasleak, etab.) eta prestakuntzaren alorreko beste organo edo entitate batzuekin, dauden beharrei antzemateko.

4. Halaber, Berdintasun Alorrak aztertuko du ea komenigarri den eskaera egitea udalerrian lanean ari diren era askotako eskola-foroetan sartu eta parte hartzeko.

5. Berdintasunaren aldeko sentsibilizazio kanpaina edo proiektu guztiek berariazko trataera eta hedapena izanen dituzte tokiko ikastetxeetan eta/edo prestakuntzaren arloko entitateetan.

IV. KAPITULUA

Sexu-eskubideak eta sexu zein genero identitate aniztasuna

60. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak aitortzen dute pertsona orok baduela oinarrizko eskubide guztiak eta giza eskubide unibertsal guztiak bete-betean baliatzeko eskubidea, edozein delarik ere haren sexu orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea.

2. Hori dela eta, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak diskriminaziorik ez izateko eskubidea babestuko dute, edozein izanik ere pertsonaren, haren familiaren edo talde sozialaren sexu orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea.

3. Halaber, konpromisoa hartzen dute berdintasun eta diskriminaziorik ezeko printzipioak benetan betetzen direla sustatu eta bermatzeko, beharrezko ekimen positibo guztiak gauzatuz diskriminazio egoera oro ezabatzeko, dela sexu orientazioan, genero adierazpenean eta sexu edo genero identitatean oinarriturik sortua, dela familia edo talde sozial batekoa izateagatik sortua.

4. Halaber, Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak babesa emanen dute ekitaldiak eta antzekoak ospatzeko oroitzapenerako egunetan, gai hau ikusgarri bihurtzeko moduak diren neurrian, LGTBI+ pertsonen bizitzan berdintasun sozial bete-betea eta benetakoa lortzeko tresnak baitira. Bereziki, LGTBI+ mugimendu sozial ekintzaileak ekainaren 28an, sexu eta genero aniztasunaren aldeko nazioarteko egunean, alegia, egiten dituen ekintzak babestu eta lagunduko dira.

5. Berriozarko Udaleko Berdintasun Alorrak kanpainak sustatuko ditu ezabatzen laguntzeko emakume lesbianek, bisexualek, transexualek eta transgeneroek jasaten duten diskriminazioa, sexu orientazioa, genero adierazpena eta sexu edo genero identitatea direla bide.

V. KAPITULUA

Ohitura osasungarriak, jarduera fisikoa eta kirolean parte hartzea

61. artikulua. Jarduera fisikoa eta kirolean parte hartzea.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak lankidetza sustatuko dute, udalerri mailan, kirolaren arloko eragileekin, kirolean esku hartzeko (aisialdikoa zein lehiaketak), baldin eta objektiboki emakumeen aurkako diskriminazioa atzematen bada, honako hauek direla medio, besteak beste: egungo eskaintza haien interesekoa ez izatea; neskato zein emakume kirolarien inguruneko kultur edo hezkuntza arrazoiak; komunikabideetan erreferentziazko emakume kirolari gutxi aipatzea; edo kirola egiteko denbora libre gutxiago izatea.

2. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatuko du kirol eginkizunetan (kirolariak, zuzendariak, arbitroak, boluntarioak eta abar), horietan objektiboki emakumearen kontrako diskriminaziorik atzemanez gero.

3. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak baliabide publikoen bidez bultzatuko dute udalerrian zenbait kirol eskaintza egitea, baldin eta, aurrez diagnostiko objektiboa eginda, ahalbidetzen badute edozein sexutako biztanleria sektore ororen aukera aniztasuna areagotzea, eta hezkuntza eta kultura arloko oztopoak gutxiagotzen badituzte pertsona jakin batzuk beste kirol batean ari daitezen, kirol praktika mota zenbaiti lotarazita egon beharrean.

4. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak ariketa fisikoa eta kirola sustatuko dituzte adin guztietako emakumeen artean, baina bereziki eskola-adinean eta hirugarren adinean, betiere kirol eta osasun arloetako erakunde ofizialek aholkatzen duten ariketa fisiko zein kirol motarekin eta kantitatearekin bat.

5. Berriozarko Udalak edo haren sektore publiko instituzionalak antolatutako edo haiek emandako dirulaguntzarekin antolatutako torneo, lehiaketa eta txapelketetan emakumeen eta gizonen parte-hartze ahalik eta ekitatiboena sustatuko da. Halaber, kirol jarduera mistoak sustatuko dira, hezkidetzazkoak, berdintasuna txertatua dutenak beren balio erantsien artean modu planifikatu batez.

6. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak ematen dituzten sari, ohore eta dirulaguntzen onuradunen artean ordezkaritza eta ikusgaitasun ahalik eta orekatuena izatea bermatuko da, sexuei dagokienez.

62. artikulua. Osasunaren eta bizi ohitura osasungarrien sustapena.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute osasuna eta ohitura osasungarriak sustatzeko beren udalerrian Haur eta gazteen artean osasuna eta bizimodu osasungarriak sustatzeko programa komunitarioaren bidez.

2. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak osasuna sustatzeko egiten dituzten jarduketetan, emakumeek beren buruen gaineko kontrol handiagoa hartuz osasun maila hobetzen duten prozesua bultzatuko dute. Horien artean, hezkuntzako, prebentzioko eta osasuna sustatzeko ekintzak sartzen dira, zeinetan herritarrek politika eta bizimodu osasuntsuen alde jokatzen baitute, ahalduntzearen eta babes sozialeko sistema baten bidez osasuntsuago bizi izateko.

3. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute emakumeei eragiten dieten osasun-determinatzaileak ikertu eta ikusarazteko, bereziki azpimarratuta genero sistemak esleitzen dizkien zeregin eta betebeharretatik eratorritakoak.

4. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, beren eskumenak erabiliz –Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren osasunaren arloko plan eta gidalerroen esparruan–, konpromisoa hartzen dute Oinarrizko Osasun Laguntzako eta Pediatria zerbitzuekin harremanetan egoteko eta elkarlanean aritzeko, bai eta emakumeen osasun afektibo-sexuala eta ugalketa-osasuna hobetzen laguntzen duten osasun zerbitzuekin ere; horretarako, arreta berezia emanen die zaurgarritasun egoeran dauden emakumeei.

5. Udaleko Gazteria eta Berdintasun Alorrek modu bateratuan eginen dute lan Berriozarko gazteei hezkuntza afektibo-sexuala eta ugalketakoa emateko planen diseinuan eta garapenean, sexualitatea modu askean eta gogobetegarrian bizi behar dela transmititzeko, aurreiritzirik eta estereotiporik gabe, norberak erabakitzen duenaren arabera, bere gorputzaren eta sexualitatearen arduradun den aldetik.

6. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute herritarrak, oro har, eta osasuneko langileak bereziki sentsibilizatzeko, ohartu daitezen emakumeen kontrako indarkeriak kalte egiten diela emakumeen nahiz haien familien osasunari (seme-alabenari, bereziki).

7. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak jarduketak diseinatu eta gauzatuko dituzte, saihesteko generoan oinarrituriko estereotipoek kalte egin diezaioten udalerriko emakumeen eta gizonen osasunari.

VI. KAPITULUA

Kultura eta kultur sorkuntza

63. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak begiratuko dute benetan gauzatzen dela emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa sorkuntza eta ekoizpen artistiko nahiz intelektualari eta horren zabalkundeari lotutako orotan.

2. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak tokiko politika kulturala berrikusiko dute generoaren ikuspegitik, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte progresiboki zuzentzeko emakumeek kulturan duten parte-hartzeari lotuta atzematen diren gabeziak (sorkuntzan, emanaldietan edo hedapenean zein kontsumoan).

3. Halaber, egungo joera orekatzeko, bitarteko egoki eta irisgarriak emanen dizkiete emakumeei arte- eta sorkuntza-produkzioan duten inplikazioa sustatzeko. Gizonen kasuan, berriz, kultura-jardueren kontsumoan parte har dezaten sustatuko du.

4. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak, halaber, begiratuko dute politika kulturalari lotutako edukietan mezu eta/edo ikonografia sexistarik ez dagoela, eta beren programazioak generoari loturik daudela.

5. Horretarako, Kultura Alorrak diseinatu eta aurrera eramanen ditu planteaturiko gai guztiak, Berdintasun Alorraren aholkularitza puntualarekin.

64. artikulua. Tokiko memoria.

Tokiko memoria udalerriari identitatea ematen dion funtsezko osagarria da. Hori dela eta, Berdintasun Alorraren bidez, ekimenak sustatuko dira emakumeek udalerriaren historian eta garapenean izan duten garrantzia azpimarratzeko, eta pixkanaka haien presentzia areagotuko da udalerriaren imajinarioan, adibidez, plaza, parke, eraikin, monumentu eta bestelako elementu sinbolikoei beren izena jarriz.

65. artikulua. Memoria historikoa.

Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak genero-ikuspegia txertatuko dute memoria historikoaren esparruko jarduketa guztietan, eta lankidetzan arituko dira emakumeen protagonismoa eta ekarpenak orobat aintzat hartzen dituzten beste entitate eta elkarte batzuekin.

VII. KAPITULUA

Jaiak

66. artikulua. Xedapen orokorra.

1. Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak aitortu egiten dute jai eremuaren eta jai denboraren balio sinbolikoa tokiko esparruan, eta, hori horrela, konpromisoa hartzen dute bertan egon daitezkeen emakumeekiko bereizkeriak diagnostikatu, ezagutu eta aitortzeko. Halaber, begiratuko dute jai eremua eta jai denbora osatzen dituzten elementu guztiak bat etortzen direla, bete-betean etorri ere, berdintasun eta ekitate irizpideekin.

2. Berriozarko Udala eta haren sektore publiko instituzionala arduratuko dira jai jarduerek eta horiek sortzen duten giroak udalerriko pertsona guztien gozamena areagotu dezaten, jai ekitaldietan parte hartzeko eskubidea ezein kasutan mugatu gabe, sexua, adina, jatorria, hezkuntza maila, egoera ekonomikoa edo sexu aukera direla medio.

67. artikulua. Eraso sexisten aurka jarduteko protokoloa:

1. Eraso sexisten aurka jarduteko protokoloak lan-esparru bat ematen du, espazio publikoetako eraso sexistei ematen zaizkien erantzuna eta gaitzespena bateratzeko eta, ondorioz, haien eraginkortasuna bermatzeko.

2. Hauek dira protokoloaren helburu zehatzak:

a) Jai eremuetako eraso sexistak prebenitzea.

b) Herritarrak sentsibilizatzea, jaietako eraso sexistak ikus ditzaten emakumeen aurkako indarkeriaren agerpen gisa, eta guztion erantzukizun gisa.

c) Eraso egoera bakoitzaren aurrean, jakitea nola jokatu behar den eta zein den eman beharreko erantzun egokia.

d) Nola koordinatu jakitea, erasoa jasan duen emakumeari ahalik eta arretarik hoberena emateko.

e) Komunikazio arloko urratsak eta eginkizunak ezartzea, erasoari erantzuteko.

68. artikulua. Emakumeek jaietan parte har dezaten sustatzea.

Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute sustatzeko emakumeek jaietan parte har dezaten. Horretarako, Kultura eta Euskara Alorrak eta Berdintasun Alorrak elkarrekin koordinatuko dira, emakumeek ikusgaitasuna izan dezaten, bai jai programan, bai herriko jaiak ospatu bitartean.

69. artikulua. Diskriminaziorik gabeko jai ekintzak:

Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute, jai ekintzekin lotutako kontratazioez arduratzen diren alorren bidez, jai ekintzetarako kontratazioen baldintza-agiri guztietan debekutzat sartzeko emakumeen estereotipazioa edo kosifikazioa berariaz edo inplizituki dakarren jarduera oro gauzatzea, eta hizkera sexista erabiltzea hala irudietan nola edukietan. Kontratuetan bertan behar diren zigorrak ezarriko dira hori ez betetzeagatik.

VIII. KAPITULUA

Maskulinitate berriak

70. artikulua. Xedapen orokorra.

Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak konpromisoa hartzen dute maskulinitate hegemonikoa deiturikoari eusten diote balioak ezabatzea bultzatzeko, eta sistema patriarkal batean emandako pribilegioak kolokan jartzen dituzten maskulinitate-erreferente berriak sustatzeko, ezinbesteko eragile bilaka daitezen emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko.

IX. KAPITULUA

Garapenerako lankidetza

71. artikulua. Xedapen orokorra.

Berriozarko Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak begiratuko dute berak parte diren lankidetza proiektu guztietan kontuan har daitezen genero-ikuspegia eta jasangarritasuna, modu koherente, integral eta zeharkakoan, proiektuen fase guztietan.

Xedapen gehigarri bakarra.–Genero inpaktuari buruzko txostenak.

Ordenantza honetan genero inpaktuari buruzko txostenen inguruan xedaturikoa (26.-30. artikuluak) nahitaez bete beharko da behar duten langileek nahitaezko prestakuntza jaso ondoren, bi urteko epean gehienez, ordenantza honek indarra hartzen duenetik hasita.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenean indarrik gabe geldituko dira harekin bat ez datozen udal xedapen guztiak.

Azken xedapena.–Behin betiko onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan ondoren hartuko du indarra ordenantza honek.

Iragarkiaren kodea: L2104467