88. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 19a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 21/2021 FORU DEKRETUA, apirilaren 19koa, zeinaren bidez luzatzen baitira Arguedasko udalerrirako aparteko prebentzio neurriak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartutakoak.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren apirilaren 4ko 12/2021 Foru Dekretuaren bidez prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Arguedasko udalerrirako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek indarrean daude apirilaren 19ra arte, egun hori barne.

Bada, hartutako neurrien indarraldia bukatzear dagoenez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak proposatu du haiei eustea, kontuan hartuta intzidentziak altuak direla oraindik Arguedasko udalerrian, bilakaera ona izan eta kasuen kopuruak behera egin badu ere.

Horrenbestez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena aintzat hartuta eta azaldutako arrazoiak direla eta, bidezkoa da hartutako neurriak astebetez luzatzea, eta jarraipen berezia egitea udalerri horretan kutsatzeek izanen duten bilakaerari.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.-Luzatzea Arguedasko udalerrirako aparteko prebentzio neurriak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartutakoak.

Apirilaren 26ra arte luzatzen dira, egun hori barne, Arguedasko udalerrirako aparteko prebentzio neurriak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz hartutakoak Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren apirilaren 4ko 12/2021 Foru Dekretuaz baliatuz. Neurri horiek luzatu, aldatu edo indarrik gabe uzten ahalko dira, uneko egoera epidemiologikoaren arabera.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek 2021eko apirilaren 20an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2021eko apirilaren 19an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2106248