87. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2E/2021 EBAZPENA, martxoaren 10ekoa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendari Nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki entitateetan administrazio elektronikoa ezartzeko eta/edo hobetzeko 2021eko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 552888.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ez dute izapidetze elektronikoa prozedurak kudeatzeko era berezitzat hartzen, baizik eta administrazioen ohiko jarduketatzat. Hori dela eta, administrazioei beharrezko bitarteko eta sistemak eskuratzeko betebeharra ezartzen diete, elkarren arteko harremanak bitarteko elektronikoen bidez egiteko betebeharra bete dezaten eta herritarrek administrazio publikoekiko harremanak elektronikoki gauzatzeko duten eskubidea baliatu ahal izan dezaten. Horretarako, araudiaren ikuspegi integral batekin, administrazio publikoek nahitaez bete beharreko honako alderdi hauek arautu dituzte: nortasun digitala, sinadura elektronikoa, zigilu elektronikoa, erregistro elektronikoa, ahalordetzeen erregistro elektronikoa, gaitutako administrazio publikoko langileen erregistroa, sarbide elektroniko orokorra, bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpenak, artxibo elektroniko bakarra, egoitza elektronikoa eta formatu elektronikoko izapidetzea eta espedientea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen azken xedapenetako zazpigarrenaren aldaketak, nahiz eta xedatzen duen araua indarrean jarriko dela hura argitaratu eta urtebetera, 2021eko apirilaren 2tik aurrera ezartzen du honako gai hauei buruzko xedapenak indarrean jartzea, irailaren 22ko 28/2020 Errege lege dekretuak emaniko idazketaren arabera: ahalordetzeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, gaitutako administrazio publikoko langileen erregistroa, administrazioaren sarbide elektroniko orokorra eta artxibo elektroniko bakarra.

Epea betetzear dela ikusirik, eta Nafarroako toki entitateei administrazio elektronikoa ezartzen eta/edo hobertzen laguntzeko, 2021eko ekitaldiko Nafarroako Gobernuaren gastu-aurrekontuan dirulaguntza partida bat aurreikusi da administrazio elektronikoaren ezarpena eta/edo hobekuntza sustatzeko toki entitateen inbertsioetarako, 200.000 euroko zenbatekoarekin.

Toki entitateei laguntza hauek jaso ahal izateko erraztasunak ematearren, beharrezkoa da ebazpen bat ematea, administrazio elektronikoa ezartzeko eta/edo hobetzeko dirulaguntzen deialdia onesteko, eta, halaber, dirulaguntzen banaketa arautuko duten oinarriak ezartzeko.

Aurreko guztiagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 8.n) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2021. urtean administrazio elektronikoa ezartzeko eta/edo hobetzeko Nafarroako toki entitateentzako laguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betez, deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 200.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2021eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Suspertu Plana. Administrazio elektronikoaren ezarpena sustatzeko toki entitateen inbertsioetarako dirulaguntzak” izeneko 210001 21100 7609 942302 partidaren kargura, deialdi honen ondoriozko beharrei aurre egiteko.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzura, Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Atalera, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzura, eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatura.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko martxoaren 10ean.–Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús M. Rodríguez Gómez.

ERANSKINA

2021. urtean Nafarroako toki entitateetan administrazio elektronikoa ezartzeko eta/edo hobetzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak

1.–Deialdiaren xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea administrazio elektronikoa ezartzeko eta/edo hobetzeko gastuetarako dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko. Deialdia Nafarroako toki entitate hauentzat da: Udalak, mankomunitateak eta ohiturazko elkarteak, 2021. urtean.

Deialdiaren xedea da sustatzea toki entitateek, modu mailakatuan, administrazio elektronikoa ezartzea haien jarduketa eremuetan, herritar guztien mesederako. Modu horretan sustatuko da administrazio elektronikoaren arloan dagozkien lege betebeharrak betetzea, Administrazio Prozedurari eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 2015eko 39. eta 40. legeetan, hurrenez hurren, ezarritakoari jarraikiz.

Halaber, bereziki udal konposatuen kasuan, sustatu nahi da udal horiek bere mugarteko kontzejuei dagozkien betebeharrak betetzen laguntzea administrazio elektronikoaren arloan, lehen aipatutako arauak betetzera behartuta dauden tokiko entitateak eta administrazio publikoak baitira.

2.–Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak 200.000 euroko mugara arte finantzatuko dira, Nafarroako Gobernuaren 2021eko ekitaldirako gastu-aurrekontuaren partida honen kargura: 210001 21100 7609 942302 “Suspertu Plana. Administrazio elektronikoaren ezarpena sustatzeko toki entitateen inbertsioetarako dirulaguntzak”.

3.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusia da dirulaguntzak emateko prozedura deitzeko eta ebazteko eskumena duen organoa.

Urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat, Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuak eta aipatutako zerbitzura atxikitako Toki Informazioaren eta Despopulazioaren aurkako Borrokarako Estrategiaren Atalak toki entitateei aholkua emateko eskumena dute sistema informatiko berriak eta kudeaketa administratiborako teknika berriak ezartzeko prozesuetan, bai eta prozedura eta izapide administratiboak errazteko eta sinplifikatzeko ere.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, ulertzen da zerbitzu hori aipatzen dela.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, 8. oinarri arautzailean ezarritako irizpideak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, zeinean adieraziko baitu erakunde onuradunek dirulaguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Instrukzio organoak beharrezko laguntza tekniko eta juridikoa eskatuko dio Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuari prozedura izapidetzeko, dagokionean.

4.–Onuradunak eta betebeharrak.

Nafarroako toki entitate hauek izaten ahalko dira onuradunak:

–A. Udalak

–B. Mankomunitateak

–C. Ohiturazko elkarteak

Baldintzak:

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea.

2. Aipatutako toki entitateek bidali behar diote Nafarroako Gobernuari eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bidali beharreko kontu orokorra, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 242. artikuluan ezarritakoarekin.

Beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoko zerbitzuak ematea beren gain hartzen duten udal konposatuen kasuan, kontzeju horiek ere bidali behar diote Nafarroako Gobernuari eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bidali beharreko kontu orokorra, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 242. artikuluan ezarritakoarekin.

5.–Gauzatzeko epeak.

Gauzatzeko epea deialdi hau argitaratu eta biharamunetik 2021eko irailaren 15era bitartekoa izanen da, egun hori barne.

6.–Gastu diruz lagungarriak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira honako hauei dagozkien gastuak: administrazio elektronikoaren softwarea ezarri, integratu eta hobetzeko inbertsioak, langileei software plataforma horiei buruzko prestakuntza ematea, eta udal konposatuek beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak emateko softwarearen moldaketak eta hobekuntzak.. Erreferentzia gisa, honako hauek izaten ahal dira dirulaguntzaren xede:

1. Administrazio elektronikoaren software plataformak ezartzea, integratzea eta hobetzea.

–Egoitza elektronikoa.

–Sarbide elektroniko orokor bakarra eta leihatila bakarra.

–Identifikatzeko eta sinatzeko sistemak: Cl@ve, ziurtagiri elektronikoak, sinadura elektronikoa, etab.

–Erregistro Orokor Elektronikoa.

–Iragarki-taula elektronikoa.

–Herritar karpeta.

–Kopia elektroniko fede-emaileak emateko sistema. Konpultsa elektronikoa.

–Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa: Apodera-REA, etab.

–Identifikazio eta sinadura elektronikoa erabiltzeko nahikoa bitarteko elektronikorik ez duten herritarrei laguntzeko gaitutako administrazio publikoko langileen erregistroa.

–Digitalizazio eta izapidetze elektronikoa.

–Administrazio prozeduren katalogoa. Prozeduren sinplifikazioa.

–Espedienteak izapidetzeko sistema / Espedienteen kudeatzailea. Udal izapideak egiteko prozedurak ezartzea.

–Dokumentu elektronikoak.

–Artxibo elektronikoa.

–Jakinarazpenak: Notific@, helbide elektroniko gaitua, etab.

–Erregistroen interkonexioa (SIR), administrazio publikoen arteko datu bitartekotza, erregistroen trukerako osagaia (CIR), unitate organikoen eta bulegoen direktorio bateratua (DIR 3), etab.

–Datuak egiaztatu eta kontsultatzeko zerbitzua: Bitartekotza plataforma.

–Udal erregistroen eta EEBBren erregistro birtualaren arteko elkarreragingarritasuna.

–Datu truke elektronikoa.

–Ordainketa elektronikoetarako plataforma.

2. Prestakuntza:

–Administrazio elektronikoaren software plataformak ezarri eta integratzeko berezko dirulaguntza honen onuraduna den toki entitateko langileen prestakuntza.

3. Udal konposatuek beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak emateko softwarea moldatzea eta hobetzea, honako helburu hauekin:

–Kontzejuen eskumenen erabilera ahalbidetzea udalaren administrazio elektronikoaren plataformatik.

–Kontzejuko ordezkariei udalaren administrazio elektronikoaren software plataforman sartzeko aukera ematea, kontzejuaren eskumeneko espedienteak izapidetzeko eta horien jarraipena egiteko, bai eta informazioa partekatzeko ere.

6.2. Berariaz kanpo gelditzen dira kontzeptu hauek:

a) Plataformak eta softwarea ezarri osteko zerbitzu hauek: mantentze lana, sostenguaeta laguntza teknikoa.

b) Ekipamendu informatikoak eta hardwarea erostea, horiek ez baitira, bere horretan, deialdi honen xede den administrazio elektronikoaren ezarpen mota bat.

c) Honako gastu hauek: garraioa, joan-etorriak, ziurtagiriak egitea eta antzeko izaera dutenak.

d) Aurrekontuaren eta kontabilitatearen ikuspegitik inbertsioak ez diren kontzeptuak.

6.3. Eskatzaile bakoitzeko emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa honako irizpide hauetatik aterako da:

Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatuko da egindako inbertsio diruz lagungarriari honako portzentaje hauek ezarriz:

–Udal konposatuen kasuan, egindako inbertsio diruz lagungarriaren %100 bitarte, baldin eta beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak ematea beren gain hartzen badute. Honela kalkulatuko da:

KONTZEJU KOPURUA

DIRULAGUNTZAREN PORTZENTAJEA

1

%70 gehienez

2

%75 gehienez

3

%80 gehienez

4

%85 gehienez

5

%90 gehienez

6-7

%95 gehienez

8 edo gehiago

%100 bitarte

–Diruz lagunduko den zenbatekoa kalkulatzeko gehieneko kopurua 8.000 eurokoa izanen da.

–Gainerako toki entitateentzat, egindako inbertsio diruz lagungarriaren %50, 4.000 euro gehienez.

–Entitate eskatzaileak beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu eta/edo jaso badu deialdi honen dirulaguntzaren xede den ezarpen eta/edo hobekuntzetarako, eman beharreko zenbatekoa doituko da, aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ezarpenaren guztizko kostua gaindi ez dezan.

7.–Eskaeren aurkezpena, eskatzen diren agiriak eta betebeharrak betetzeari buruzko ziurtagiriak.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. eta 16. artikuluekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautua).

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Eskaera egiteko I. eranskinean agertzen den eredua erabiliko da.

7.3. Eskabidearekin batera, deialdian parte hartu nahi duten toki entitateek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) 6.1 oinarrian aipatutako jarduketa diruz lagungarriak zehazten dituen aurrekontua edo agiri baliokidea, bai eta ezarpenaren eta/edo hobekuntzaren kostua ere.

b) Toki entitateko idazkaritzaaren ziurtagiria (II. eranskineko ereduaren araberakoa), non jasoko baita aipatutako toki entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluan adierazitako betekizunak betetzen dituela.

c) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria (III. eranskineko ereduaren araberakoa), non jasoko baita deialdi honen xedeko ezarpenekekin eta/edo hobekuntzekin lotutako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik eskatu edo/eta jaso ote den; horren bitartez ziurta dadin aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen ezarpenaren eta/edo hobekuntzaren kostu osoa.

d) Beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak ematea beren gain hartzen duten udal konposatuen kasuan, toki entitate horien artean adostasuna dagoelafrogatzen duen ziurtagiria, aplikatu beharreko araudiarekin bat. Ziurtagiri horretan (IV. eranskineko ereduaren araberakoa) kontzeju horien kopurua eta izenak zehaztuko dira.

e) Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria (V. eranskineko ereduaren araberakoa), non egiaztatuko baita zein den dirulaguntzaren xedeko administrazio elektronikoaren ezarpenaren tipologia.

4. oinarrian aipatzen diren betebeharrak bete ezean edo eskaera epean aurkeztu ezean, eskaera ezetsi eginen da.

8.–Dirulaguntza emateko prozedura eta irizpide objektiboak.

8.1. Dirulaguntza hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, aurkezten diren eskaerak konparatuz, guztiekin lehentasun zerrenda bat prestatzeko asmoz, hurrengo 8.2 puntuan ezarritako balorazio irizpideen arabera. Prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

8.2. Baremo hauei jarraikiz baloratuko dira eskaerak:

1.–Toki entitatearen biztanle kopuru ofiziala 2020. urteko urtarrilaren 1ean: 35 puntu gehienez. 35 puntu emanen zaizkio eskatzaileen artean biztanle gutxien dituen toki entitateari, eta 0 puntu gehien dituenari. Gainerako toki entitateen puntuazioa kalkulatzeko, formula hau aplikatuko da:

biztanle gehien dituen entitatearen biztanle kopurua - puntuatu behar den entitatearen biztanle kopurua

x 35

biztanle gehien dituen entitatearen biztanle kopurua - biztanle gutxien dituen entitatearen biztanle kopurua

2020ko urtarrilaren 1eko biztanleria zifra Nafarroako Estatistika Institutuak 2019rako argitaratutako zifra ofiziala izanen da.

Udalez gaindiko toki entitateen biztanleriaren kalkulua egiteko, entitatea osatzen duten toki entitate guztien biztanle kopuruen batuketa eginen da.

2.–45 puntu banatuko dira gaitasun ekonomikoaren arabera: 45 puntu emanen zaizkio eskatzaileen artean biztanleko diru-sarrera arruntik txikienak dituen toki entitateari, eta 0 puntu biztanleko diru-sarrera arruntik handienak dituenari. Gainerako toki entitateen puntuazioa kalkulatzeko, formula hau aplikatuko da:

Biztanleko diru-sarrera arruntik handienak dituen entitatearen biztanleko diru-sarrera arruntak - baloratu behar den entitatearen biztanleko diru-sarrera arruntak

Biztanleko diru-sarrera arruntik handienak dituen entitatearen biztanleko diru-sarrera arruntak - Biztanleko diru-sarrera arruntik txikienak dituen entitatearen biztanleko diru-sarrera arruntak

3.–Toki entitatearen tipologia:

–5 puntu emanen dira eskatzaileak beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak ematea beren gain hartzen duten udal konposatuak badira.

–4 puntu emanen dira eskatzaileak udal sinpleak edo aurreko apartatuan aipatzen ez diren udal konposatuak badira.

–2 puntu emanen dira eskatzaileak mankomunitateak eta ohiturazko elkarteak badira.

4.–Inbertsioaren tipologia: 100 puntu emanen dira baldin eta toki entitate eskatzaileak administrazio elektronikoaren modulu hauetako baten lehen ezarpena egiten badu: Egoitza elektronikoa, Erregistro Orokor Elektronikoa edo espedienteak modu elektronikoan izapidetzeko sistema, bai banaka bai administrazio elektronikoaren pakete baten parte direnean. Ez da lehen ezarpentzat hartuko toki entitate eskatzaileak aipatutako hiru moduluak dagoeneko baditu, eta horien gaurkotzeak eta hobekuntzak egitea eskatzen badu.

5.–Eskatzaile bakoitzaren guztizko puntuazioa 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan lortutako puntuen batura izanen da. Berdinketarik balego, biztanle gutxien dituen eskatzailea lehenetsiko da. Hori eginik ere berdinketa hausten ez bada, K letratik hasita hurrenkera alfabetikoan lehenengo dena lehenetsiko da.

9.–Laguntzak emateko prozeduraren ebazpena.

9.1. Deialdia norgehiagokako araubidearen bidez ebatziko da, 8. oinarrian ezarritako baremoak erabiliz lortutako puntuazioaren arabera.

9.2. Eskaerak baloratu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntzak emateari buruz. Ebazpenak eduki hau izanen du:

I. eranskina: Dirulaguntza jasoko duten toki entitateen zerrenda, puntuaziotik altuenetik txikienera zorrozki ordenaturik, 8.2 oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Aurrekontu edo zenbateko diruz lagungarria adieraziko da, bai eta horren arabera emandako dirulaguntza ere, 6.3 oinarrian ezarritako irizpideen arabera.

II. eranskina: Deialdiko betebeharrak ez betetzeagatik edo kreditu nahikorik ez izateagatik dirulaguntza ukatzen zaien toki entitateen zerrenda.

9.3. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Aurrekoa ukatu gabe, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, www.nafarroa.eus helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.

9.4. Berariazko edo ustezko ezespenari aurka egiteko, administrazio publikoek egintzak aurkaratzearen gainean xedatutakoari jarraituko zaio.

10.–Ordaintzeko prozedura. Epea, justifikatzeko modua eta ordainketa.

10.1. Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira. Aldez aurretik, 2021eko urriaren 15a baino lehen, egun hori barne, honako agiri hauek bidali behar zaizkio instrukzio organoari erregistro elektronikoaren bidez:

1.–Fakturak edo horien kopia konpultsatuak, egin diren jarduketa diruz lagungarriaketa dagokien gastua zehazten dituztenak.

2.–Faktura horiek ordaindu izanaren frogagiriak.

3.–Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena 6.1 oinarrian ezarritako gastuak egiteko bestelako laguntza publiko edo pribaturik jaso ote den.

4.–Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena kontratazioa Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritako moduan egin dela eta kostu osoa hartzen duela.

10.2. Toki entitateren bati esleitu bazaizkio 100 puntu administrazio elektronikoaren moduluetako baten lehen ezarpena egiteagatik (Egoitza elektronikoa, Erregistro Orokor Elektronikoa edo espedienteak modu elektronikoan izapidetzeko sistema dira modulu horiek), bai banaka bai administrazio elektronikoaren pakete batean, eta jarduketa horietako bat bera ere egin ez badu, ordainketaren momentuan automatikoki baztertuta geldituko da eta esleitutako guztia galduko du.

10.3. Udal konposatu batek eskaera egiteko momentuan adierazten badu bere mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak emateko softwarea moldatzeko eta hobetzeko ezarpenak egin behar dituela, eta justifikazioan ez badu zerbitzu hori bere gain hartu eskaeran adierazitako mugarteko inongo kontzejutarako, ordainketaren momentuan automatikoki baztertuta geldituko da eta esleitutako guztia galduko du.

Udal konposatu batek eskaera egiteko momentuan adierazten badu bere mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak emateko softwarea moldatzeko eta hobetzeko ezarpenak egin behar dituela, eta justifikazioan ez badu zerbitzu hori bere gain hartu kontzeju horietako edozeinentzako, dirulaguntzaren portzentajea deialdi honen 6.3 oinarrian aipatutakora doituko da.

10.4. Toki entitate bat 6.1 oinarrian jasotako motetako jarduketa bat edo batzuk egiteko onuraduna izan bada, eta ez baditu horiek osorik justifikatzen, honela jokatuko da:

–Jarduketaren baten justifikazioa falta bada edo eskabidean ez dagoen jarduketa bat justifikatzen badu, ez zaio horren ordainketa eginen eta justifikatutako gainerako jarduketak ordainduko zaizkio, ezertan galarazi gabe aurreko puntuetan ezarritakoa.

–Jarduketa guztien justifikazioa falta bada edo justifikatutako jarduketa guztiak eskatutako jarduketekiko desberdinak badira, ordainketaren momentuan automatikoki baztertuta geldituko da eta esleitutako guztia galduko du.

10.5. Justifikatutako gastu diruz lagungarria, benetan egin dena, diruz lagundutako zenbatekoa baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa benetan eginiko gastura doituko da, 6.3 oinarrian ezarritako mugekin.

10.6. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueraren kostua baino handiagoa.

11.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

11.1. Dirulaguntzaren xederako bakarrik erabiltzea laguntza.

11.2. Frogatzea, instrukzio organoaren aitzinean, baldintzak betetzen direla.

11.3. Diruz lagundutako jarduera bera finantzatzen duten beste laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu izanaren berri ematea Toki Administrazioko eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari. Egoera hori jakin bezain laster emanen da haren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ez bada, horren gaineko ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

11.4. Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuari ematea dirulaguntzaren xede den jarduerari buruz behar duen informazio guztia.

11.5. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jarduketa nola betetzen ari den egiaztatzeko lanak onartzea uneoro.

11.6. Toki entitateek, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan aurreikusitako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

11.7. Dirulaguntzen onuradun diren toki entitateek, baldin eta gardentasun betebeharra bete behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeari jarraikiz, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

Horretarako, dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, aurkeztu beharko dute dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena (VI. eranskineko ereduaren araberakoa), lehenago aipatutako foru legearen 2. eta 3. artikuluek ezarritakoari jarraikiz. Aitorpen hori telematika bidez aurkeztu behar da, Nafarroako Gobernuko erregistro elektronikoaren bitartez, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Kudeaketa eta Lankidetza Ekonomikorako Zerbitzuko Aurrekontuari eta Kontabilitateari buruzko Aholkularitzarako Atalari zuzenduta.

12.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek edo atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa gorabehera, emandako laguntza guztien baturak ezin du inola ere gainditu diruz lagundutako ezarpenaren gastu lagungarria.

13.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzaren itzulketa.

13.1. Dirulaguntzaren xedeko ezarpen eta/edo hobekuntzarik egiten ez bada edo dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, 11. oinarrian arautzen den kasua eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako zergatiak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea.

Diruaren itzulpena eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta irekitzen denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

13.2. Laguntza emateko ebazpenean ezarritako gastua justifikatu ezean, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

13.3. Dirulaguntza erabiltzen bada eman zen helburuetarako ez beste batzuetarako, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du dirulaguntza osorik itzuli behar dela erabakitzeko, berandutze interesak barne.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak).

14.2. Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa izanen da.

15.–Administrazio-errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

16.-Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

17.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus webgune ofizialean eta Nafarroako Gobernuko Dirulaguntzen Datu-basean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Dirulaguntza eskaera, Nafarroako toki entitateetan 2021. urtean administrazio elektronikoa ezartzeko eta/edo hobetzeko.

II. eranskina.–Ziurtagiri eredua, frogatzen duena Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 artikuluko betebeharrak betetzen direla.

III. eranskina.–Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiri eredua, adierazten duena eskatu eta/edo jaso ote den deialdi honen dirulaguntzaren xedeko ezarpenekin eta/edo hobekuntzekin lotutako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik.

IV. eranskina.–Ziurtagiri eredua, beren mugarteko kontzejuei administrazio elektronikoaren zerbitzuak ematea beren gain hartzen duten udal konposatuen kasuan toki entitate horien artean adostasuna dagoela frogatzen duena, aplikatu beharreko araudiarekin bat.

V. eranskina.–Toki entitateko idazkaritzaren ziurtagiri eredua, non egiaztatzen baita zein den dirulaguntzaren xedeko administrazio elektronikoaren ezarpenaren tipologia.

VI. eranskina.–Adierazpen eredua, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018ko Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzkoa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2104455