86. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

70/2021 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-kaboen 15 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko.

Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onetsi zuen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuak ezartzen duenez, lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez beteko dira.

Aipatu araudiari jarraituz, bidezkoa da onestea lekualdatze lehiaketa bidez betetzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-kaboen 15 lanpostu huts (C mailakoak), eta bidezkoa da, halaber, deialdiaren oinarriak onestea.

Horrenbestez, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-kaboen 15 lanpostu huts (C mailakoak) betetzea lekualdatze lehiaketa bidez.

Lanpostu hutsen zerrenda:

a) Suhiltzaile-kaboen 15 lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, C mailakoak:

–Altsasu: 10656.

–Lizarra 4774-10675.

–Nabaskoze: 8461.

–Azkoien: 6066-10654.

–Zangoza: 5738-10393.

–Tafalla: 6511-10359.

–Iruña: 3640-10155.

–Cordovilla: 4766-6058.

–Prestakuntza Atala: 4758.

2. Deialdiaren oinarriak onestea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

3. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 17an.–Barneko zuzendari nagusia, Amparo López Antelo.

SUHILTZAILE-KABOEN LANPOSTUAK LEKUALDATZE LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO DEIALDIA. OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da lekualdatze lehiaketa bidez betetzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile-kaboen 15 lanpostu huts, C mailakoak.

1.2. Lekualdatze lehiaketa honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–Lanpostuak betetzeko Erregelamendua, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

–130/1998 Foru Agindua, abuztuaren 12koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, merezimenduen baremoei buruzkoa.

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

–Gainerako arau aplikagarriak, eta oinarri hauek.

2.–Lanpostu hutsak.

2.1. Lanpostuak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdi honetan, hasiera batean, suhiltzaile-kaboen 15 lanpostu huts sartzen dira, ebazpen honen II. eranskinean zehazten direnak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzukoak.

2.2. Deialdi honetan hasiera batean egindako lanpostu eskaintza aurrerago osatzen ahalko da; izan ere, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– igortzen dion egunean hutsik daudenak gehitzen ahalko dira.

2.3. Halaber, aipatutako lanpostuak deialditik kanpo uzten ahalko dira honako arrazoi hauengatik: birkokatze prozesuetan sartzeagatik, jarduneko zerbitzura itzultzen direnei edo burutza uzten duten langile finkoei esleituak izateagatik, edo antolamenduan ezarritako beste edozein arrazoirengatik.

2.4. Gainera, lehiaketa honetan beste lanpostu bat eskuratzen duten lehiakideek hutsik utzitako lanpostuak ere sartuko dira.

2.5. Aurrekoa gorabehera, lehiakideek lekualdatze lehiaketan lanpostua lortuta hutsik uzten dituzten lanpostuak ez dira eskainiko baldin eta “iraungitzeko” lanpostuak direlako bete behar ez badira edo antolaketa arrazoiak direla-eta bete behar ez badira.

2.6. Lehiakideren batek lehiaketa honetan lanpostua lortu, eta bere lanpostuaren izena deialdiko lanpostuarena ez bezalakoa baldin bada, eskuratzen duen lanpostuaren izena hartuko du lanpostu berriaz jabetzen den unetik. Era berean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta berriz lehiakideei eskaintzen zaizkien lanpostuen izena aldatu eginen da, bidezkoa denean.

2.7. Deialdiaren 8. oinarrian aipatzen den lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldian, deitutako lanpostuen ordez beste batzuk eskaintzen ahalko dira; hain zuzen ere, organo eskudunek zerbitzuaren beharren arabera sartzen dituzten aldaketen ondorioz hutsik gelditzen direnak.

3.–Betebeharrak.

3.1. Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotan funtzionario izatea, egoera administratiboa edozein dela ere.

b) Suhiltzaile-kaboen lanpostu baterako izendatu izana.

3.2. Betebehar horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean bete beharko dira, lanpostuaren jabetza hartu arte.

3.3. Behar diren hautapen probak gainditu eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoan euskara edo Europar Batasuneko beste hizkuntza bat jakin beharra duten lanpostuetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu diren lehiakideek hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak bakarrik aukera ditzakete.

Hala ere, aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

3.4. Zerbitzu, atal, bulego edo unitate parekaturen bateko burutzaren bat betetzen ari direnek zilegi izanen dute lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzea, baldin eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte. Prozedura honetan esleitutako lanpostuaz jabetzeak berekin ekarriko du zerbitzuko zuzendari izateari edo ataleko nahiz bulegoko buru edo horiekin parekatutako unitateko buru izateari utzi beharra.

3.5. Borondatezko eszedentzian edo nahitaezko eszedentzian urtebete daramaten funtzionarioek zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta deialdiak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte; horrela, berriz sartuko dira jarduneko zerbitzuan eta lanpostu bat behin betiko esleituko zaie.

3.6. Lanpostu huts bati behin-behinekoz atxikita jarduneko zerbitzu aktibora itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze lehiaketa honetara, behin betiko destinoa eslei dakien.

3.7. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, deialdiko betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute lekualdatze lehiaketan.

4.–Eskabidea, aurkezteko epea eta aurkezteko modua.

4.1. Izena ematea eta merezimenduak aurkeztea.

Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute izena emateko eskabidea, Internet bidez, helbide hau erabiliz: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioko langileentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean.

Eskabideari erantsi beharreko merezimenduak ere telematika bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako helbidearen bidez, deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz antolatuak.

Lehiakideek honako merezimendu hauek ez dituzte aurkeztu beharko, lehiakide bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarriko, baremazioa egin dezan:

–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitortuak.

–Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emandako ikastaroak, salbu hizkuntzen ikastaroak eta hizkuntzen ezagutza frogatzen duten agiriak, izangaiek aurkeztu beharko baitituzte.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.2. Epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta ezin izanen da luzatu.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dira, eta lekualdatze lehiaketa honetan izena emateko eskabidea aurkezteko epearen barruan igorri, telematika bidez.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, Barneko zuzendari nagusiak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

5.2. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Barneko zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe utzi dela deklaratzeko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.3. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

5.4. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Barneko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

6.–Epaimahaiaren osaera.

6.1. Honako hauek osatuko dute lehiaketako kalifikazio epaimahaia:

–Epaimahaiburua: Mikel Huarte Garciandía jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko ofizialordea.

Ordezkoa: Ángel Oses Pérez de Muniain jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-sarjentua.

–Epaimahaikidea: Langileria Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

–Ordezkoa: Langileria Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

–Idazkaria: Puy Armañanzas Pagola andrea, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoko burua.

Ordezkoa: Begoña Martínez Barrado andrea, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.

6.2. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

6.3. Administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko diote. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

7.–Merezimenduak.

7.1. Aurreko 4. oinarrian ezartzen den bezala, merezimendu guztiak telematika bidez aurkeztu behar dira, eskabideak aurkezteko epean. Administrazio publikoetan emandako zerbitzuen frogagiriak ez dira aurkeztu beharko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitortuak badira, ezta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emandako ikastaroei buruzkoak ere, salbu hizkuntza ikastaroak eta hizkuntza maila egiaztatzekoak, horiek organo deitzaileak zuzenean igorriko baitizkio deialdia egin duen kalifikazio epaimahaiari.

7.2. Aurkeztutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.

7.3. Epaimahaiak ezin izanen du inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta atal bakoitzerako baremoan aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

7.4. Lehiatzaileek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, administrazio publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiakide adinez zaharrenari emanen zaio lehentasuna.

7.5. Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu parte-hartzaileek lortutako puntuazioak Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta Interneteko helbide honetan: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioarentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean. Era berean, bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten.

7.7. Aurkeztutako erreklamazioak ebatzitakoan, epaimahaiak parte hartzen duten pertsona guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta Interneteko helbide honetan: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioarentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean. Era berean, lehiakideen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik, Barneko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera.

8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

8.1. Behin epaimahaiaren espedientea jasotakoan, Barneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du lekualdatze lehiaketan azkenean sartzen diren lanpostu hutsak zehazteko, deialdi honen bigarren oinarrian xedatutakoarekin bat.

8.2. Lanpostu hutsak aukeratzeko epea Barneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ezarriko da; Nafarroako Gobernuko iragarki-taulan argitaratuko da, bai eta Interneten bidez ere, helbide honetan: www.nafarroa.eus, “Menua”, “Tramiteak”, “Administrazioarentzako zerbitzuak”, “Enplegu publikoa eta sustapena”, deialdiaren aipamenean.

Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epea izanen dute eskaera telematika bidez aurkezteko, lehen aipatutako helbideko esteka erabiliz, eta nahi lituzketen lanpostu hutsak aukeratzeko.

Eskaera ezarritako epean bidaltzen ez dutenek lehiaketaren xede diren lanpostu hutsak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

Lanpostu hutsak aukeratzeko epea amaituta, lehiakideek ezin izanen diote uko egin aukeratutako lanpostuari.

8.3. Lanpostuak betetzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, izangaiek ezin dute orain atxikita dauden zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomo bereko lanpostu hutsik hautatu (zuzendaritza nagusi baten mende ez dagoen maila beheragoko unitate organiko bati atxikita badaude, debeku bera izanen dute), salbu eta lanpostu aldaketarekin udalerria, zentroa edo lanaldi arrunt edo partzialaren araubidea ere aldatzen bada.

9.–Esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Lehiaketan lortutako puntuazioen hurrenkerari jarraikiz esleituko dira lanpostu hutsak. Birkokatutako lehiakideen kasuan, ezintasunagatik birkokatzeko prozedura arautzen duen ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretuaren 11. artikulua aplikatuko da.

Lanpostu huts bat hautatzeak berekin dakar lehiakideak eskaeran adierazitako lanpostuen artean esleitzen zaiona espresuki onartzea, eta ezin izanen dio uko egin.

Barneko zuzendari nagusiak, ebazpen bidez, dagokien lanpostua esleituko die lehiakideei, eta hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

9.2. Lehiakideek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta organo deitzaileak, ebazpen horretan, ez duen beste egun bat ezartzen jabetza hartzeko.

9.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek lanaldi osoko lanpostu bat hartzearekin batera funtzionario izaera eskuratuko dute.

10.–Ordainsariak.

Lekuz aldatzen direnek indarreko xedapenek esleitzen dizkieten ordainsariak jasoko dituzte.

11.–Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik.

Deialdiaren, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.

Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak baloratzeko, puntu bat emanen da deialdia argitaratzen den egunean Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aitortua duen antzinatasun urte bakoitzeko.

Oharrak:

1.–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio.

2.–Gehienez ere 30 puntu emanen dira a) atal honetan.

3.–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4.–Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari begira, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1.–Baloratu beharreko ikastaroetan, eskola-orduen zatikiak hainbanatuko dira.

2.–Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3.–Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4.–Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartu izana puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek Administrazio Publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barrenean antolatuak.

5.–Titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak, hala unibertsitatekoak nola unibertsitatez kanpokoak, ez dira atal honetan baloratuko.

2. Txostenak edo komunikazioak biltzarretan edo jardunaldietan aurkeztea, lan zientifiko edo ikerlan bekadunak edo sarituak egitea eta haiek aldizkari espezializatuetan argitaratzea: 2 puntu gehienez ere, kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak, kontuan izanik lana edo jarduera norbanakoak edo taldeka egina den, bai eta biltzarra edo argitalpena tokikoa, eskualdekoa, nazionala edo nazioartekoa den ere.

3. Sektore publikoaren esparruan prestakuntza jardueretan irakasle gisa parte hartzea eta/edo horrelakoak antolatzea: puntu bat gehienez ere; kalifikazio epaimahaiak baloratu beharrekoak haien iraupenaren arabera.

Oharrak b) atal osorako:

1.–Atal honetan aipatutako merezimenduak lanpostuarekin zerikusia dutenean baizik ez dira baloratuko.

2.–Gehienez ere 10 puntu emanen dira b) atal honetan.

c) Puntuazio erantsia hizkuntzak jakiteagatik.

–Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, hizkuntza horiek jakitea beharrezkoa ez den lanpostuetan, 2 puntu gehienez haietako bakoitzagatik.

–Euskaraz jakiteagatik: plantilla organikoaren arabera lanpostu horietan aritzeko euskaraz jakitea nahitaezkoa ez bada, 4,6 puntu bitarte emanen dira destinoa eremu euskaldunean duten lanpostuetan sartu nahi denean.

Oharrak c) atal osorako:

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

–Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 maila izanez gero, 2/5; B1 maila izanez gero, 3/5; eta, B2 maila izanez gero, 4/5.

–Euskara merezimendu gisa baloratzerakoan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

–Izangai bakoitzak lau hizkuntza horietan zenbat dakien baloratzeko, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak edo Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak espresuki antolatutako azterketen emaitzak ere erabiltzen ahalko dira; azterketa horiek bost zailtasun maila dituzte, eta hizkuntza bakoitzari ematen ahal zaion gehieneko balorazioaren bostena emanen zaio maila bakoitzari.

II. ERANSKINA

Suhiltzaile-kaboen lanpostu hutsak

LANPOSTU ZK.

DESTINOA

10656

ALTSASU

4774

LIZARRA

10675

LIZARRA

8461

NABASKOZE

6066

AZKOIEN

10654

AZKOIEN

5738

ZANGOZA

10393

ZANGOZA

6511

TAFALLA

10359

TAFALLA

3640

IRUÑA

10155

IRUÑA

4766

CORDOVILLA

6058

CORDOVILLA

4758

PRESTAKUNTZA ATALA

Iragarkiaren kodea: F2104674