84. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

18E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 4koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena, “Ideia 2021. Kultur entitateentzako dirulaguntza, kultur hedapenerako proiektuak egiteko”. DDBN identifikazioa: 552771.

Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak, eta ikusirik espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak proposatu du onets daitezela “Ideia 2021. Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko” izeneko deialdia eta haren oinarri arautzaileak, 140.000 euroko gastua baimendu dadila 2021eko gastu-aurrekontuko “IDEIA: Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kulturaren zabalkunderako eta dibulgaziorako” izeneko A20002 A2530 4816 334104 partidaren kargura, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela foru agindua, oinarriak eta eranskinak.

Horrenbestez, erabiliz Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: “Ideia 2021. Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4816-334104: IDEIA: Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kulturaren zabalkunderako eta dibulgaziorako

2021

140.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko martxoaren 4an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, “Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko, Ideia 2021” deialdiarenak

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da kultur proiektuak egiteko kultur entitate eta elkarteei emanen zaizkien laguntzak arautzea; entitate eta elkarte horiek modu iraunkorrean gauzatu beharko dituzte hedapeneko jarduerak (hitzaldiak, mintzaldiak, erakusketak, lehiaketak, biltzarrak, zinema zikloak eta antzekoak) Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiari dagozkion eskumenen esparruaren barnean.

Hori guztia, Nafarroa Suspertu 2020-2023 Planaren esparruan, zeina COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari Foru Komunitateak ematen dion erantzuna baita, aurrerapenean, kohesioan eta berrikuntzan oinarritutako eredu ekonomiko sozial berri baterantz aurrera egiteko.

1.2. Irismen soziala eta inklusiboa duten elkarteen esparruak gauzatuko ditu proiektu horiek. Gizarte ehuna eta Nafarroako kultura sortzen, mantentzen eta sustatzen lagundu behar dute, eta populazio osoari zuzenduak egon.

1.3. Proiektuak 2020ko azaroaren 2tik 2021eko azaroaren 1era bitarte egin behar dira.

Jarduera hauek deialditik kanpo gelditzen dira:

a) Liburuak eta aldizkariak argitaratzea, bai ohiko euskarrian bai euskarri magnetiko edo informatikoan, edo argitalpen diskografikoak, artearen, kulturaren edo zientziaren gainekoak direnak.

b) Arte eszenikoetako eta musikako jarduketak.

1.4. Deialdiaren helburua da Nafarroako kultur jarduera biziagotzea, kultur entitateei laguntza emanez bereziki interesgarritzat jotzen diren eta aurreko apartatuan aipatzen den xedea betetzen duten berariazko jarduerak egiteko.

1.5. Entitate bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

2. Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntza hauen entitate eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko elkartea edo fundazioa izatea, estatutuetan daukana, bere xede eta helburuen artean, deialdi honen xedeari lotutako jarduerak egitea.

b) Legez 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Kanpoan gelditzen dira:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako 2021eko aurrekontu orokorretan laguntzaren eskaeraren xede den proiektua finantzatzeko partida izenduna duten entitateak.

c) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrak, aldi baterako baimenduta daudenak barne.

d) Sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Entitate onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak. Ezin izanen dira onuradun izan aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsonak eta entitateak.

3. Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (140.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko gastu-aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Entitate eskatzaile bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

3.4. Aipatutako muga horiek betetzen badira, laguntzaren zenbatekoa eskatutako bera izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.5. Behin proiektuak eginda aurrekontu onartuekin, unitate kudeatzaileak banatuko du dirulaguntza proiektuen artean, lehentasun hurrenkerari jarraikiz, dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte.

3.6. Gerakinik badago, baina hurrengo proiekturako eskatutako dirulaguntza baino txikiagoa bada, eskatzaileari eska dakioke hasiera batez aurkeztutako proiektua berregin dezala.

Nolanahi ere, proiektua berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Ezin izanen da murriztu hasierako aurrekontuan sartuta dagoen eta entitatearen beraren baliabideekin (jarduera diruz lagungarriak sortzen ez dituztenekin) finantzatzen den kopurua.

b) Proiektua berregin ondoren banatzen den azken dirulaguntzak errespetatu beharko ditu ezarritako gehieneko ehunekoak.

Berregindako proiektuek Ebaluazio Batzordearen adostasuna beharko dute, laguntza ematea proposatu aurretik.

3.7. Entitate onuradunen batek laguntzari uko eginez gero, unitate kudeatzaileari jakinarazi beharko dio. Uko egitearen ondorioz eman gabe gelditzen den dirulaguntza puntuazio ordenaren arabera dagokionari ematen ahalko zaio. Proiektua berregiten ari baldin bada, dagokion kopurura arte eginen da, eta horren ondotik gerakinen bat baldin badago edo entitateak horri uko egiten badio, puntuazio ordenaren arabera hurrengoa den proiektuari emanen zaio. Laguntzak esleitzeko ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko 12 puntu baino gutxiago lortu dutenak 8. oinarriaren 1.a) apartatuan.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Entitate bakoitzak proiektu bat aurkez dezake. Proiektutzat hartuko da entitate batek, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin garatzen dituen jardueren multzoa.

4.2. Proiektua aurkezteko, 8. oinarrian aipatzen diren apartatuei jarraituko zaie (bertan adierazitako izenarekin eta ordenarekin), eta, nolanahi ere, alderdi hauek izanen ditu:

a) Izena.

b) Deskribapen zehatza. Apartatu honetan, proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak zehaztuko dira. II. eranskineko eredua erabiliko da.

c) Aurrekontua. Atal honetan proiektuaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da koherenteak direla, proiektuari aurre egiteko, entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak). Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa). Horrez gain, eskaerak aurkezten ahalko dira Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoan Ideia deialdiari dagokion fitxaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainerako agiriak deialdi honen eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta egonen dira eskuragarri lehen aipatutako Ideia deialdiaren fitxan, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoaren barnean (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

5.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Eskaneatuta aurkeztuko dira agiri hauek, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Legez 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

c) Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa. Proiektuaren deskribapena gehienez ere 30 foliotan egin beharko da, eta, horietatik, hedapen planaren deskribapena DIN A4 neurriko 6 orritan eginen da gehienez ere, alde batetik idatzirik, gutxienez ere 11 puntuko letra mota arruntarekin. Hortik aurrerako informazioa ez da baloratuko.

e) Aurrekontu zehaztua. Memorian proiektuari buruz jasotzen diren datu ekonomikoak bete beharko dira III. eranskineko ereduari jarraikiz, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak orekatuta egotea.

5.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten kultur entitateek ez dituzte aurreko puntuko a, b eta c ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

5.5. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun naturaleko epean akatsa zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.6. Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak, behar-beharrezkoak direnak, eta deialdi honetan ezarritako epean egiten direnak. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, orobat, behar bezala frogatzen diren eta berreskuratu ezin direnak, dirulaguntzaren xedeko proiektua edo jarduera egiteko gauzatuak, baldin eta proiektua ezin izan bada osorik edo zati batean egin, agintaritza eskudunek COVID-19aren osasun krisiari aurre egiteko harturiko neurrien ondorioz.

Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren eta entitatekoak ez diren langile eta artista edo hizlari kontratatuen soldaten eta gizarte segurantzaren kostuak.

–Entitate onuraduneko langileen nominaren soldata eta gizarte segurantzaren kostuak, proiektuaren kostu osoaren %15eko mugarekin.

Talde artistikoko kideek, beren behar bereziak (dibertsitate funtzionala) kontuan hartuta, entitateko langileen berariazko laguntza eta arreta edo dedikazioa behar dutenean, aipatutako laguntza, arreta edo berariazkoa dedikazioaren funtzioak betetzen dituzten entitate onuraduneko langileen nominaren soldata eta gizarte segurantzako kostuak kostu zuzentzat hartuko dira, dirulaguntzaren xedea den proiektuan sartuta dauden neurrian. Kasu horretan, ez da aplikatuko aurreko paragrafoan aipatutako %15eko muga.

–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola artistak edo hizlariak, toki, ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako, digitalizaziorako eta merkaturatzeko gastuak.

–Artisten edo hizlarien ostatu gastuak, mantenu gastuak (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietakoak. Gastu horiek jarraian azaltzen diren mugak izanen dituzte, eta zerbitzua egiten duen enpresak emandako faktura aurkeztu beharko da, salbu eta norberaren ibilgailua erabiltzen bada, kasu horretan behean azaltzen den irizpidea aplikatuko baita:

a) Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroaz kanpotik etortzen badira; gau bakoitzeko, 60 euro ordainduko dira gehienez.

b) Mantenu gastuak: otordu bakoitzeko (bazkaria eta afaria) 20 euro ordainduko dira.

c) Joan-etorriak. Norberaren autoa erabiliz gero, 0,30 euro ordainduko dira kilometroko, gehi autobideko, bidesariko eta aparkalekuko gastuak. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

Proiektua osorik edo partez gauzatzeko kontratatutako eta entitateari lotutako pertsonen kontratazioaren kostuek baldintza hauek bete behar dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7.d) artikuluan aipatutako inguruabarren bat gertatuz gero:

–Ez dute gaindituko proiektuaren kostu osoaren %15.

–Kontzeptu honengatik batzen den zenbatekoa berariaz agertuko da II. eta III. eranskinetako eskabidearekin batera aurkeztu beharreko memorian.

Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (114/2017 Foru Dekretua, abenduaren 20koa).

b) Zeharkako kostuak.

–Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

–Proiektu bakoitzerako zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira izanen proiektuaren kostu osoaren %15 baino gehiago.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1 puntuan ezarri dena dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskura edo konpentsa dezakeena, bai eta antzeko zergak eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Proiektua gauzatzeko kontratatzen diren artista edo hizlariak alde batera utzita, beste pertsona batzuen ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak.

f) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak.

6.3. Antolaketako lankidetza proiektuei buruzko eskaeren kasuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ageri den moduan, onuradun izaten ahalko dira entitateen elkarteak, baldin 2. oinarriko baldintzak betetzen badituzte.

Kasu horietan, espresuki adierazi beharko dira, bai eskabidean, bai dirulaguntza emateko ebazpenean, honako hauek:

a) Elkarteko kide bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen.

b) Zenbateko dirulaguntza aplikatuko den kide bakoitzeko, horiek ere onuraduntzat joko baitira.

c) Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu beharko da, elkarteari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Antolaketako lankidetza proiektuen kasuan, eskatzaile bakar batek bere izenean eskatzen badu proiektu baterako laguntza eta proiektu horretan entitate batek baino gehiagok jartzen baditu baliabideak, ez nahitaez proportzio berean, proiektu bakar bat egiteko, orduan laguntza eskatzaileak espresuki agerrarazi beharko ditu alderdi hauek:

a) Antolaketako lankide bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen, alderdien arteko hitzarmen baten edo kontratu baten bidez.

b) Antolaketako lankide bakoitzak zenbateko ekarpena egin duen proiekturako eta bakoitzak zer gastu hartzen dituen bere gain.

c) Edonola ere, eskatzaileak frogatu egin beharko du diruz lagundutako gastu guztia, eta, orobat, proiektua oso-osorik gauzatu dela.

Antolaketako lankidetzaren kasuan, dirulaguntzaren onuradunak egiaz egiten eta justifikatzen dituen gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.

Informazio hori guztia eskabideari eransten zaion memorian xehakatu beharko da.

7. Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Ideia deialdiaren fitxan argitaratuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoaren barnean (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat. Bestela, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko teknikari bat. Hitza izanen du, baina botorik ez.

c) Batzordekideak: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, edo, hori izan ezean, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko atalburu bat, eta kultura edo ekonomia arloetako bi aditu. Aditu horietako bat, gutxienez, izaten ahalko da Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kide bat.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. Ebaluazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko.

2. Balorazio prozesu osoan, batzordeak informazioa eska diezaieke entitateei edozein bide erabiliz, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

Eskatzaileek zilegi dute proiektua azaltzen duen bideo artxibo bat eranstea dokumentazioarekin batera, 15 minututik beherakoa betiere.

3. Behin onartutako aurrekontuak ezarririk, ebaluazio batzordeak proiektuen balorazioa eginen du, eta zehaztuko du zer zenbateko dagokien 8. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

4. Proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako mugak:

–Organo kudeatzaileak dirulaguntza banatuko du proiektuen artean lehentasun hurrenkerari jarraikiz, lortzen den puntuazioaren arabera, dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte.

–Gerakinik badago, baina puntuazio hurrenkeran hurrengoa den proiektuarentzat eskatutako aurrekontua baino txikiagoa bada, eskatzaileari eska dakioke hasiera batez aurkeztutako proiektua berregin dezala, 3.6 oinarrian aurreikusitakoarekin bat. Proiektua berregitean, errespetatu beharko dira 3. oinarrian dirulaguntzarako zehazten diren xedea, baldintzak eta helburuak, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Edonola ere, proiektu berreginaren aurrekontua ezin izanen da izan, inola ere, hasieran aurkeztutakoa baino %20 txikiagoa.

5. Batzordeak irizpen lotesle bat emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

6. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako irizpena ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8. Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

Oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Dirulaguntza lortu ahal izateko, eskaerak gutxienez 12 puntu lortu beharko ditu 8.1.a) apartatuan (“Proposamenaren interesa eta kalitatea, deialdi honen oinarriei eta Kultur Ekintza Zerbitzuaren helburuei dagokienez”).

Oker betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak, batzordeak horretarako oinarritzat harturik memoriaren apartatuetan eta III. eranskinean adierazitako datuak:

1. Proposamenaren kalitate artistikoa. 50 puntu gehienez.

a) Proposamenaren interesa eta kalitatea, deialdi honen oinarriei eta Kultur Ekintza Zerbitzuaren helburuei dagokienezhttps://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2019/220/14 (20 puntu gehienez). Irizpide honetan, proposatutako programazioa baloratuko da (urteko programazioa edo proiektu zehatzak; jarduera finkatuak edo jarduera berritzaileak), interes eta kalitate artistikoaren arabera.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

20 arte

Ongi

15 arte

Nahikoa

12 arte

Hala-holakoa

9 arte

Eskasa

3 arte

Urria

0

b) Proposamenak nolako ekarpena egiten dion Nafarroako kultur eskaintzari. Baloratuko da nolako ekarpena egiten den Nafarroako kultur eskaintza orekatzeari begira (5 puntu gehienez). Horretarako, kontuan hartuko da antzeko proposamenik dagoen Nafarroan, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Ez dago antzeko proposamenik

5 arte

Antzeko proposamenak, 5 baino gutxiago

3 arte

Antzeko proposamenak, 5etik 10era

1 arte

Antzeko proposamenak, 10 baino gehiago

0

c) Proiektuaren lurralde-eremua. Baloratuko da nolako irismena duen programak Nafarroako maparen gainean, kultur eskaintza orekatua izan dadin lurralde osoan (5 puntu gehienez). Horretarako, honako honen arabera baloratuko dira kultur programak edo jarduerak: proiekzioa, hedapen eremua eta beste udalerri batzuetan, eskualdean edo Nafarroan duten eragina.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Eskasa

2,5 arte

Urria

1,0

d) Proposamenaren esperimentazio eta berrikuntza maila (teknologiaz kanpo), Nafarroan lehendik zegoen kultur eskaintzaren aldean (5 puntu gehienez). Baloratuko da noraino den berritzailea Nafarroako oraingo panoramaren aldean, kontuan izanik ikuspegi berriak eta originalak dituen (gaiak, formatuak, metodologiak, jardueraren eragina gisa horretako ekimenak ohikoak ez diren eremu batean, etab.).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Eskasa

2,5 arte

Urria

1,0 arte

e) Entitate eskatzailearen ibilbidea eta esperientzia (5 puntu gehienez). Irizpide honetan, entitatearen ibilbidea baloratuko da, baita haren jarraitutasuna eta egonkortasuna ere, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

20 urtetik gorako ibilbidea

5,0

10 eta 20 artean

4,5

5 edo gehiago eta 10 baino gutxiago

3,5

3 edo gehiago eta 5 baino gutxiago

2,5

3 baino gutxiago

1,0

f) Gaitasuna partaidetzarako bideak irekitzeko eta mantentzeko eta lankidetza sareak osatzeko beste eragile batzuekin (5 puntu gehienez). Irizpide honetan baloratuko dira beste eragile batzuekin parte hartzeari edo lankidetzan aritzeari lotuta dauden ekimenak, proposatutako jardueran jasota daudenak, proposatutako programa diseinatu, kudeatu eta egiteko orduan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Eskasa

2,5 arte

Urria

1,0

g) Marketina eta komunikazioa (5 puntu gehienez). Irizpide honetan baloratuko da nolako koherentzia duen proposamenaren komunikazio planak.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Eskasa

2,5 arte

Urria

1,0

2. Proposamenaren kudeaketa (bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa). 25 puntu gehienez.

a) Bideragarritasun ekonomikoa (15 puntu gehienez). Proposamen batek bideragarritasun ekonomiko handiagoa du baldin behar adinako finantzaketa badu; eskatutako diru kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta puntu gehiago emanen zaizkio, horrek frogatzen duelako behar adinako finantzaketa duela proposatutako kultur jarduera egiteko.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

%0tik %20ra arte

15

%20 baino gehiago, %30 arte

10

%30 baino gehiago, %40 arte

8

%40 baino gehiago, %50 arte

6

%50 baino gehiago, %55 arte

4

%55 baino gehiago, %60 arte

2

%60 baino gehiago, %70 arte

1

b) Aurrekontu-zorroztasuna (10 puntu gehienez). Aurrekontuetan jasotako partidak egokiak eta zehatzak izatea baloratuko da, eta aurrekontua prestatua izatea ekonomia eta efizientzia irizpideei jarraikiz; horrez gainera, baloratuko da jarduera gauzatzeko behar diren partida guztiak ekonomikoki ongi mugatuak izatea.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

10 arte

Ongi

7 arte

Nahikoa

5 arte

Eskasa

2 arte

Urria

0

3. Proposamenaren eragina (zeharkako irizpideak). 25 puntu gehienez.

a) Proposamenean euskara erabiltzea (5 puntu gehienez). Irizpide honetan baloratuko da ea euskara erabili den proposatutako programazioan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5,0 arte

Ertaina

2,5 arte

Urria

0

b) Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea programaren helburuetan eta ekintzetan eta/edo emakumeen ekarpen eta parte-hartze profesionala (5 puntu gehienez).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Garrantzitsua

5,0 arte

Esanguratsua

2,5 arte

Ez oso esanguratsua

0,0

c) Neurririk hartu den bermatzearren proposamena iristen zaiela bazterketa arriskuan daudenei eta/edo dibertsitate funtzionala dutenei (5 puntu gehienez). Irizpide hau baloratzeko, oinarri hartuko dira eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuak. Baloratuko da aurkeztutako programazioan neurriak txertatzea dibertsitate funtzionala dutenengana iristeko eta haien parte-hartzea bultzatzeko.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Eskasa

1,5 arte

Urria

0

d) Entitateak egindako ahaleginak publiko berriak erakartzeko bitartekaritza eta hezkuntza ekintzen bidez, batez ere 0-11 urte bitarteko haurrak, 12-35 bitarteko gazteak eta talde eta pertsonarik kalteberenak (5 puntu gehienez). Baloratuko da aurkeztutako programazioa publiko berriei zuzenduta egotea eta haiek parte hartzea, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ongi

5,0 arte

Ongi

4,5 arte

Nahikoa

3,5 arte

Eskasa

1,5 arte

Urria

0

e) Adierazleak erabiltzea proposatutako programaren interes soziala eta kulturala baloratzeko (5 puntu gehienez). Erabilitako adierazleak baloratuko dira, haien inpaktuarekin batera (kulturan eta tokiko kultur eragileengan, lurraldean eta herritarrengan, ingurumen jasangarritasunean, desberdintasunean...), haztapen taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Handia

5,0 arte

Nahikoa

2,5 arte

Urria

0

9. Dirulaguntza ebaztea.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko. Epe hori iragaten bada berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaerak ezetsitzat joko dira.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Ideia deialdiaren fitxan argitaratuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoaren barnean (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Horretaz gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez. Deialdiaren ebazpena Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da (Navarrería kalea 39, Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legerian xedatuari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, interesdunek hura kudeatzen duen organora jo dezakete, helbide elektroniko honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira. Horren ondorioetarako, eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek bete egin beharko dituzte maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 13.1 oinarrian aipaturiko azken memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

11. Onuradunek bete beharrekoak.

Dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa kontsultatzen ahalko dira Ideia deialdiaren fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoan: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/; edo deialdi hau kudeatzen duen Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalaren bidez.

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

11.3. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Onuradunek laguntza jasotzen duten proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko dute proiektuak Kultura eta Kirol Departamentuaren dirulaguntza jaso duela.

11.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu.

Proiektuan edozein aldaketa egiteko, Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik; baimen hori emanen da baldin eta aldaketak onetsitako proiektua funtsean aldatzen ez badu, ebaluazio batzordearen ustean.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, karteletan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta honako hau deskribatzen duen testu bat ezarri: “Diruz lagundua”, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialarekin batera.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Zerbitzuaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko apartatuko baldintzei jarraikiz.

11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

11.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

11.11. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan honako hauek adieraziko dira:

–Proiektuaren alderdiak noraino bete diren, eskabidearekin batera aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta, berariaz zehaztuta proposatutako adierazleak.

–Masa soziala osatzen duten pertsonen banaketa sexuen arabera (emakumezko eta gizonezko bazkideen kopurua); orobat, entitateko zuzendaritza taldearena, talde artistikoarena eta kudeaketa taldearena.

11.12. Ez erabiltzea inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da; horretarako, onuradunek kontsulta dezakete “Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad” gida, helbide honetan eskuragarri: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

12. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har.

Oro har, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo, bestela, partzialki, proiektuaren %25, %50 eta %75 gauzatu ondoren.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean:

a) Eskabidea, adierazita zer ordainketa mota den (justifikazio partziala) eta zer diru kopuru eskatzen den.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

d) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste agiri batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

e) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

f) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

g) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

Dokumentazio hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Konturako ordainketa bat eskatzeko epea bukatuko da justifikazioa aurkezteko epea bukatu baino bi hilabete lehenago.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioan:

a) Eskabidea, adierazita zer ordainketa mota den (konturako ordainketa) eta zer diru kopuru eskatzen den.

b) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

f) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko da, eskabidearekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Salbuespenez.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak eskaera egin beharko dio Kultur Ekintza Zerbitzuari, adierazita zer ordainketa mota den (aurrerakina) eta zer diru kopuru eskatzen den, eta orobat frogatu beharko du ordainketa hori jaso behar duela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez dokumentazio egokia aurkeztuz (egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, eta egiteko dauden kobrantzen eta ordainketen zerrenda, hilabeteka banakatua).

Dena den, dirulaguntzen ordainketa aurreratua egiten ahalko da, behar diren baliabideen falta frogatu behar izan gabe, baldin emandako diru kopurua ez bada 15.000 euro baino handiagoa, ez eta ordainketa aurreratua onarturiko dirulaguntzaren %60 baino gehiagokoa ere.

13. Justifikatzeko epea eta modua.

13.1. Aurreko apartatuan aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte epe hauen barnean:

–Dirulaguntza eman zenean bukaturik zeuden proiektuak, barne harturik dirulaguntza ematen duen ebazpenaren eguna: bi hilabete, dirulaguntza ematen den egunetik hasita.

–Dirulaguntza ematen duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera eta irailaren 4 baino lehenago bukatzen diren proiektuak (bi egun horiek barne): bi hilabete, proiektua bukatzen den egunetik hasita.

–2021eko irailaren 5etik aurrera bukatzen diren proiektuak (egun hori barne): 2021eko azaroaren 5a, egun hori barne.

Hona hemen aurkeztu beharreko agiriak, bereizita eta behar bezala identifikatuta, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez:

a) Eskabidea, adierazita zer ordainketa mota den (azken justifikazioa) eta zer diru kopuru eskatzen den.

b) 12.1 oinarriko b), c), d) eta e) letretan eskatutako dokumentazioa.

c) Proiektuaren amaierako memoria.

d) Proiektuan egindako jardueren ebaluazio txostena, 11.11 oinarrian zehaztutakoaren arabera.

e) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, aurrekontua orekatua dela egiaztatzeko. Aurrekontuaren aurreikuspenerako III. eranskinean eskatzen diren apartatuak eta kontzeptuak kontuan hartuta aurkeztu beharko dira, baina kasu honetan, gauzatutako zenbatekoekin.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

13.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak justifikazioko kontu horien gaineko berrikuspen txostenak egiten ahalko ditu, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez.

Txosten horiek honako hauek betez eginen dira:

a) Txostenen kontratazioa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eginen du.

b) Txostena maiatzaren 17ko EHA/1413/2007 Aginduan ezarritakoarekin bat eginen da. Agindu horren bidez, kontu-auditoreek dirulaguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko lanetan bete beharreko jarduketa-araua onetsi zen.

14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Dena dela, bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioak eta foru-sektore publiko instituzionalak proiektu bererako ematen duten beste edozein dirulaguntzarekin.

14.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

16. Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea hautatu duela efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz.

Baldintza hori betetzat joko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu bada, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik ez badago merkatuan hornidura hori egiten edo zerbitzu hori ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

17. Arau-hausteak eta zehapenak.

17.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

17.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

18. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

ERANSKINAK

Aurkeztu beharreko agirien ereduak

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. eranskina.–Informazio ekonomikoa.

IV. eranskina.–Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2104199