84. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 29koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira 2021eko Vianako Printzea Kulturaren Sariaren oinarriak.

Martxoaren 24ko 22/2021 Foru Dekretuak Vianako Printzea Kulturaren Saria arautu zuen. Haren helburua da aintzat hartzea kulturaren edozein arlotan pertsona edo erakunde nabarmenek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kultura hedatu eta sustatzeko lanetan.

Foru dekretu horren 4. xedapena betetzeko, bidezkoa da Vianako Printzea Kulturaren Sariaren 2021eko edizioaren deialdia arautuko duten oinarriak onestea eta argitaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa onartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Vianako Printzea Kulturaren Sariaren 2021eko edizioaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean ageri direnak.

2. 20.000 euroko gastua baimentzea, “Vianako Printzea Saria” izeneko A20000 A2000 2268 334100 partidaren kargura, 2021eko gastu-aurrekontutik.

3. Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Foru agindu hau igortzea Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko martxoaren 29an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

2021eko Vianako Printzea Kulturaren Sariaren oinarriak

1.–Sariaren xedea eta zuzkidura.

1.1. Vianako Printzea Kulturaren Sariaren helburua da aintzat hartzea kulturaren edozein arlotan pertsona edo erakunde nabarmenek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kultura hedatu eta sustatzeko lanetan.

1.2. Saria 20.000 eurokoa da, eskudirutan.

2.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.

2.1. Proposamenak Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira igorriko dira (Navarrería kalea 39, 1.; 31001 Iruña, Espainia), posta ziurtatuaren bidez, gutun-azalean 2021eko Vianako Printzea Kulturaren Sarirako dela adierazita. Mezularitza zerbitzuaren bidez igorriz gero, posta elektroniko bat bidali beharko da premioprincipedeviana@navarra.es helbidera, eta igorpenaren berri eman beharko da, proposamenak aurkezteko epearen barnean.

Proposamenak, orobat, posta elektronikoz ere aurkezten ahalko dira, premioprincipedeviana@navarra.es helbidean.

2.2. Hautagaitzak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2021eko maiatzaren 3an bukatuko.

3.–Entitate proposatzaileak.

3.1. Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kideek eta edozein herrialdetako erakunde publikoek (gobernuak, ministerioak, udalak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa zentroak, enbaxadak, kontsulatuak eta abar) aurkezten ahalko dituzte hautagaiak, baita legez eratuta dauden edozein herrialdetako hezkuntza, kultur, gizarte entitateek zein GKEek ere; orobat, erakundeak gonbidatutako pertsonalitateek.

3.2. Saria norberarentzat edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat eskatuz aurkezten diren hautagaitzak baztertu eginen dira.

3.3. Sarirako hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

4.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

3. oinarrian aipatutako entitate edo pertsonek, hautagaitza aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten datuak, edo kasua bada, proposamena egiten duten pertsonenak, honako hauek adierazita: izena, helbidea, telefonoa, web-orria (baldin badu), IFZ edo antzekoa, eta epaimahaiak gehiago jakin dezan egokitzat jotzen diren beste dokumentu batzuk.

b) Merezimenduen eta ibilbide pertsonalaren eta/edo profesionalaren laburpena (600 hitz gehienez), hautagaitza aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena.

c) Beste edozein dokumentazio osagarri, alegatutako merezimenduak indartu eta egiaztatzeko.

5.–Tramitazioa.

5.1. Sari honi buruzko beste edozein informaziotarako, Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikora jotzen ahal da, telefono bidez (848 424 644) edo posta elektronikoaren helbidea baliatuz: premioprincipedeviana@navarra.es

5.2. Deialdia egiten duen entitatearen eskumena da, ez beste inorena, sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren arazo guztiak ebaztea.

6.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

6.1. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideek osatuko dute sariaren epaimahaia. Idazkariak, hizpidea duela baina botorik ez, epaimahaiari lagunduko dio bere zereginetan.

6.2. Aurkezten diren hautagaitzak aztertuko ditu epaimahaiak, eta, bakoitzaren merezimendu aipagarriez gainera, hautagaiek Nafarroarekin duten lotura berezia ere baloratuko du.

6.3. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak eginen duen bilkuran, sarirako hautagaitzarik aurkeztu duten kontseiluko entitate eta kideek hitza hartzen ahalko dute beren hautagaitzak defendatzeko, egoki ikusten badute.

6.4. Bozketa. Lehen bozketa bat eginen da hautagaitza guztien artean, eta boto gehien lortzen duten bi hautagaitzekin bigarren bozketa-txanda bat eginen da, non boto gehien eskuratzen duena izanen den irabazle.

Kasua bada, berdinketak hausteko bozketak eginen dira lehenbiziko eta bigarren txandetan.

Hautagaitzetako batek botoen erdia gehi bat eskuratzen badu lehen bozketan, hura izanen da irabazle.

6.5. Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen saria, edo, kasua bada, eman gabe gelditu dela.

6.6. Nafarroako Gobernuak emanen du saria, foru dekretu baten bidez, epaimahaiak egindako proposamena ikusita.

6.7. Saria jendaurrean emanen da, ekitaldi bat horretarako antolatuta, behar bezala iragarriko den egunean.

7.–Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2105362