81. ALDIZKARIA - 2021eko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

20E/2021 FORU AGINDUA, martxoaren 8koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako udalerriei “Artea eta Kultura 2021” programako arte eta kultur jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 552622.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatzen da Nafarroako udalerriei, “Artea eta kultura” programaren barruko kultur jarduerak egiteko, dirulaguntzak emateko deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 547.702 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako udalerriei “Artea eta Kultura 2021” programako arte eta kultur jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4609-334100: (E) Udaletako kultur ekintzetarako laguntzak

2021

547.702,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2021eko martxoaren 8an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO UDALERRIEI “ARTEA ETA KULTURA 2021” PROGRAMAKO ARTE ETA KULTUR JARDUERAK EGITEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzen xedea eta helburua.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako udalerrietan arte eta kultur jarduerak sustatzeko laguntzak arautzea. Jarduera horiek 1.2 puntuan deskribatutako arloetakoak izan beharko dira, eta 2020ko azaroaren 16tik 2021eko azaroaren 7a bitarte eginak, bi egun horiek barne.

1.2. Deialdi honen ondorioetarako, arte eta kultur jarduerak dira Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekintza Zerbitzuak egin ohi dituen jarduerekin lotutako ikuskizunak eta ikusmen-arteen proiektuak (arte plastikoak, instalazioa, esku-hartzea, bideoartea, ekologia artea, arte efimeroa, besteak beste), sektore hauetakoak: musika, lirika, literatura, antzerkia, dantza, ikusmen arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, eta jarduerak gauzatzeko eta hedatzeko gastuak.

1.3. Jardueren programazioaren asmoa da eragin positiboa izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean.

1.4. Jardueren programazioaren asmoa da eragin positiboa sortzea Nafarroako kulturgintzako eragileetan, eta haiei laguntzea Covid-19aren pandemiaren ondorioen aurrean.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2.2. 40.000 biztanle arteko populazioa duten Nafarroako udalerriak izatea.

2.3. Udalerriek zein erakunde edo entitaterekin kudeatzen dituzten zuzenean beren kultur jarduerak, haiexek ere onuradunak izaten ahalko dira, bai eta entitateek osatutako fundazioak ere.

3. Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (547.702 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. IV. eranskinarekin bat, dirulaguntzaren oinarrizko zenbateko bat ezartzen da, udalerriko biztanle kopuruaren araberakoa (2020ko urtarrilaren 1ean Nafarroako udalerriek zuten populazioaren datu ofizialak, Nafarroako Estatistika Institutuak emandakoak). Deialdian baimendutako zenbatekoa populazioaren arabera herriei dagozkien zenbatekoen batura baino txikiagoa izanez gero, zenbatekoa proportzioan gutxituko da.

3.3. Behin eskaerak azterturik eta aurreko apartatuaren arabera laguntzak kalkulaturik, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortu ez bada, 7 puntu edo gehiago dituzten udalerrien artean banatuko da (deialdi honen oinarri arautzaileetako 7. atalean ezarritako irizpideen arabera).

Irizpide hau aplikatuz eginen da banaketa: 7 puntu edo gehiago lortu dituzten udalerri eta entitateen puntuazio guztiak batuko dira eta gerakina zati puntuazio hori eginen da, puntu bakoitzaren balioa kalkulatzeko.

Puntua bider lortutako puntuazioa eginen da, eta horrela lortuko da herri bakoitzari dagokion diru kopurua.

3.4. Laguntzak onartutako aurrekontuaren %50ekoak izanen dira gehienez ere.

4. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.navarra.es).

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea modu elektronikoan. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

4.3. Laguntza eskabideak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduarekin bat aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

4.4. Eskabide eredua eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak

4.5. Dirulaguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5. Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueren ezaugarriak biltzen dituztenak, eta, ondorio horietarako, hauek dira diruz lagungarriak:

a) Talde profesionalen nahiz amateurren ikuskizunak kontratatzearen ondoriozko gastuak, BEZa barne.

b) Ikusmen-arteen proiektuak programatu eta kontratatzeak eragindako gastuak (arte plastikoak, instalazioa, esku-hartzea, bideoartea, ekologia artea, arte efimeroa), BEZa barne.

c) Egile eskubideen kudeaketarako entitateek sortutako gastuak, BEZa barne.

d) Programatutako jarduerak gauzatzeak eragindako gastuak, BEZa barne.

e) Programatutako jardueren zabalkunde gastuak, BEZa barne.

5.2. Dirulaguntzen deialdi honen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:

a) Bidai, otordu, dieta eta ostatu gastuak.

b) Ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, sariak eta lehiaketetako epaimahaikideei egindako ordainketak.

c) Toki entitateek herriko festak edo herriko zaindariaren festak direla-eta antolatu edo babesten dituzten kultur jarduerak.

d) Eguberrietako festen inguruan antolatzen diren jarduerak.

e) Herriko arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.

f) Kultur jarduerak egiteko antzokiak edo lokalak alokatzea.

g) Udalak diruz laguntzen dituen beste entitate batzuen jarduerek sortutako gastuak.

h) Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

6. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atala izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

6.2. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.3. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Lorenzo García Echegoyen jauna, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria. Batzordeko burua izanen da. Ordezkoa: Joaquín Llanso San Juan jauna, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Patrick Ullate García jauna, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: Jesús Arana Palacios jauna.

–Amalia Jiménez Atienza andrea, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: María José Redín Armañanzas andrea.

–Estefanía Munárriz Nuin andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua. Batzordeko idazkaria izanen da, hitza eta botoa dituela. Ordezkoa: María Soledad Martínez Caspe andrea, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua.

a) Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da.

Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

b) Kultur Ekintza Zerbitzuak eskatuta, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7. Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak (10 puntu).

7.1. Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa finkatzeko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Jardueren programazioa (6 puntu gehienez).

a.1) Jarduera kopurua, arloz arlo (musika, lirika, literatura, antzerkia, dantza, zinema, ikus-entzunezkoak eta ikusmen-arteen proiektuak). (gehienez ere puntu 1).

  • 1 arlo eta 3 arlo bitarte hartzen dituzten jarduerak: 0,5 puntu.
  • 4 arlo eta 7 arlo bitarte hartzen dituzten jarduerak: puntu 1.

a.2) Jardueren kopurua: (gehienez ere puntu 1).

  • 4 jardueratik 9 jarduerara bitarte: 0,25 puntu.
  • 10 jardueratik 16 jarduerara bitarte: 0,50 puntu.
  • 17 jardueratik 24 jarduerara bitarte: 0,75 puntu.
  • 24 jarduera baino gehiago: puntu 1.

a.3) Nafar sortzaileekin programatutako jarduerak (profesionalak eta amateur) (gehienez ere 2 puntu).

  • 1etik 3ra (baldin eta haien %50 sortzaile profesionalak badira): 0,50 puntu.
  • 4tik 6ra (baldin eta haien %50 sortzaile profesionalak badira): puntu 1.
  • 6 baino gehiago (baldin eta haien %50 sortzaile profesionalak badira): 2 puntu.

a.4) 2020ko deialdian onetsitako gastuaren guztizkoaren justifikazioa (puntu 1).

(Barne egiaztapen bat eginen da, eskatzaileek 2020ko deialdian emandako eta Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalera igorritako datuak aztertuz).

a.5) Euskaraz programatutako jarduerak (puntu 1 gehienez).

  • Jarduera 1etik 3 jarduerara bitarte: 0.25 puntu.
  • 4 jardueratik 5 jarduerara bitarte: 0.50 puntu.
  • 6 jardueratik 10 jarduerara bitarte: 0.75 puntu.
  • 10 jarduera baino gehiago: puntu 1.

b) Aurrekontu-eginahala, populazioarekin alderatuta (3 puntu gehienez).

(Hau ulertzen da aurrekontu-eginahaltzat: Artea eta Kultura 2021eko deialdi honetan onartutako aurrekontua zati herriko biztanle kopurua).

  • 0,00 eurotik 2,00 eurora: 0 puntu.
  • 2,01 eurotik 4,00 eurora: 0,50 puntu.
  • 4,01 eurotik 6,00 eurora: puntu 1,00.
  • 6,01 eurotik 8,00 eurora: 1,50 puntu.
  • 8,01 eurotik 10,00 eurora: 2,00 puntu.
  • 10,01 eurotik 12,00 eurora: 2,25 puntu.
  • 12,01 eurotik 14,00 eurora: 2,50 puntu.
  • 14 eurotik gora: 3,00 puntu.

c) Udalerrian kultur kudeaketako teknikari bat egotea, funtzionarioa nahiz kontratuduna, edo kulturako zerbitzuak kontratatzea enpresa baten bidez (gehienez ere puntu 1).

  • Puntu 1, A edo B mailarekin parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna badago edo enpresa pribatu baten zerbitzuak kontratatzen badira.
  • 0,5 puntu, C mailara parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna badago.

8. Dirulaguntzak emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak

Gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio eskabidean adierazitako helbide elektronikoaren bidez.

Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita; presuntziozko ezespenaren aurka, berriz, epea sei hilabetekoa izanen da laguntza eskaera ezetsitzat jo eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aurretik errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

9. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharrak bete beharko dituzte, baita Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritakoak ere, foru agindu horren bidez onetsi baitzen kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua.

10. Onuradunek bete beharrekoak.

10.1. Kultur jardueren kudeaketa ez badu zuzenean egiten toki entitateak berak, kudeaketa egiten duten erakunde autonomoek, patronatuek, fundazioek, enpresa entitate publikoek edo merkataritza sozietateek, dirulaguntza eman dela posta elektronikoaz jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak

Onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du, horrek galarazi gabe zehapenak.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jardueretarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Diruz lagundutako jarduerak egin direla eta egindako gastuak justifikatu beharko dira Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinarazi beharko zaio jarduerak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako jardueretan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak diruz lagundutako jarduerak funtsean aldatzen ez baditu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.5. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da (publicaciones@navarra.es), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

10.6. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak jarduerak bete direla ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

10.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari.

Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.8. Ez erabiltzea inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da (horretarako, honako lan hau kontsulta dezakete onuradunek: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena:

http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf

11. Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin ondoren ordainduko dira emandako laguntzak, ordainaldi bakar batean, baldin eta hurrengo dokumentazioa aurkezten bada 2021eko azaroaren 17a bitarte, egun hori barne:

a) Laguntza jaso duen programaren datu orri bat, V. eranskin gisa atxikirik dagoen ereduaren araberakoa (datuak SICNAn sartu behar dituzten udalek ez dute aurkeztu beharko).

b) Gastuak justifikatzeko taula (VI. eranskina), Excel formatuan, eremu guztiak beteta.

–Jarduera.

–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.

–Lana.

–Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren data.

–Faktura zenbakia (toki entitateei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira. Dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).

–Fakturaren data.

–Zenbatekoa (BEZa barne).

c) Kontu-hartzailearen edo idazkari-kontu-hartzailearen ziurtagiria, alkateak ontzat emana (III. eranskina) edo, bestela, entitateko idazkariarena, kudeatzaileak edo buruak ontzat emana; ziurtatu behar du entitateak emandako informazioan ageri diren datuak egiazkoak direla.

d) Mezenasgo eta babesletzarako dauden modalitateen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da.

11.2. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko guztirako gastua justifikatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatzen ez bada, proportzioan murriztuko da laguntza.

12. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Udalerriak Kultura eta Kirol Departamentuaren edozein deialditara aurkezten ahalko dira. Dena dela, bateraezina izanen da kultur jarduera edo proiektu/programa bera Kultura eta Kirol Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, onuradunak jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntza bat baino gehiago hartzen dituenean, dirulaguntza horren zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. Laguntza itzultzea.

Onuradunak behar bezala justifikatu ezean onartutako programa gauzatu dela, ordaindutako laguntza osorik edo zati batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.

15. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Oinarri hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

ERANSKINAK

Aurkeztu beharreko agirien ereduak

I. eranskina.–Eskabide eredua.

II. eranskina.–Programatu beharreko jardueren taula.

III. eranskina.–Ziurtagiri eredua.

V. eranskina.–Artea eta Kultura 2021 Programan sartutako jarduerei buruzko datuak.

VI. eranskina.–Gastuak justifikatzeko taula.

Bete beharreko eredu guztiak deskargatu (PDFa).

IV. ERANSKINA

Dirulaguntzaren oinarrizko zenbatekoa udalerriko biztanle kopuruaren arabera

a) 1.000 biztanletik beherako udalerriak: 2.000 euro.

(kultur jardueretarako gastua 4.000 eurokoa bada).

b) 1.000 eta 1.999 biztanle arteko udalerriak: 2.300 euro.

(kultur jardueretarako gastua 4.600 eurokoa bada).

c) 2.000 eta 2.999 biztanle arteko udalerriak: 2.500 euro.

(kultur jardueretarako gastua 5.000 eurokoa bada).

d) 3.000 eta 3.999 biztanle arteko udalerriak: 2.900 euro.

(kultur jardueretarako gastua 5.800 eurokoa bada).

e) 4.000 eta 4.999 biztanle arteko udalerriak: 3.500 euro.

(kultur jardueretarako gastua 7.000 eurokoa bada).

f) 5.000 eta 7.999 biztanle arteko udalerriak: 4.300 euro.

(kultur jardueretarako gastua 8.600 eurokoa bada).

g) 8.000 eta 9.999 biztanle arteko udalerriak: 5.100 euro.

(kultur jardueretarako gastua 10.200 eurokoa bada).

h) 10.000 eta 14.999 biztanle arteko udalerriak: 6.000 euro.

(kultur jardueretarako gastua 12.000 eurokoa bada).

i) 15.000 eta 24.999 biztanle arteko udalerriak: 6.800 euro.

(kultur jardueretarako gastua 13.600 eurokoa bada).

j) 25.000 eta 40.000 biztanle arteko udalerriak: 11.700 euro.

(kultur jardueretarako gastua 23.400 eurokoa bada).

Iragarkiaren kodea: F2104056